Mutualiak lankidetza-hitzarmena sinatu du ANDADErekin 

Hitzarmen honen helburu nagusia ANDADEko (https://www.andade.es/)) bazkide boluntarioek Lankidetza Programa bat garatzea da. Bazkide horiek Mutualiako asistentzia- eta ospitale-zentroetan arreta eta laguntza emango diete anputazioren bat izan duten edo hurrengo interbentzioan anputazio bat programatuta duten ospitaleratutako pazienteei eta haien senideei. Horren guztiaren helburua anputazio horren eragin traumatikoa gutxitzea da. 

Ignacio Lekunberri eta  Manuel Quesada hitzarmena sinatzen

Ignacio Lekunberri eta Manuel Quesada

Lan hori egiteko, kontuan hartuko dira Mutualiako mediku espezialistek tratamendu eta/edo errehabilitazioaren arduradun gisa ezarritako gaitasun funtzionalak berreskuratzeko helburuak, bai eta egoera jakin bakoitzerako behar objektiboak eta pertsonak gizarteratzeko eta funtzionamendu pertsonalerako dituen aukerei dagokienez dituen itxaropenak ere. 

Hitzarmena Mutualiaren izenean, Ignacio Lekunberri zuzendari gerenteak sinatu zuen eta, ANDADEren izenean, Manuel Quesada EAEko eta Nafarroako ordezkariak. 

GAITUZSPORT: kirola eta inklusioa

Kirola eta jarduera fisikoa interes handiko praktikak dira, baita oinarrizko eskubidea ere. Hala ere, pertsona guztiek ez dute berdintasunezko baldintzetan praktikatzeko aukerarik, beren ingurune sozialagatik edo desgaitasunagatik.

Oraingo honetan, Xabier Leizea eta Juan Jauregizar GaituzSporteko presidentea eta idazkaria elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Ariketa egiteak osasun fisiko eta emozionalerako dituen onurez arituko dira, eta azalduko dute nola garatzen dituzten metodologia berritzaileak desgaitasuna duten pertsonak kirolaren bidez gizarteratzeko.

Zer da GaituzSport, nola sortu zen eta nortzuek osatzen dute

Kirol Egokituaren Euskal Federazioan egindako hausnarketa baten ondoren sortu zen GaituzSport . Hausnarketa horretan, identifikatu egin ziren desgaitasuna duten pertsonek jarduera fisikoa egiteko dituzten beharrak, lehiaketako kirolaren ibilbidetik harago. Plataforma bat da GaituzSport, baliabideak eskaintzen dituena desgaitasuna duten pertsonei testuinguru komunitarioetan jarduera fisikoa modu normalizatuan egitea errazteko.

gaituzsport

Haren ildo estrategikoetako bat saretze-lana da, kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko baliabideak eratzeko sortua. Nola gauzatzen da hori?

GaituzSportek bi zutabe identifikatzen ditu inklusio-prozesurako: informazioaren kudeaketa eta eragileen arteko koordinazioa. Hala, saretze-lana entitatearen DNAn dago inplizituki, beharrezkoa baita edozein inklusio-prozesu ziurtatzeko. Zehazkiago, saretze-lana gauzatzeko, lehenik eta behin prozesuan eragina duten eragile guztiak identifikatu behar dira. Puntu horretan, eragile instituzionalek erantzukizun handia dute; horregatik, lotura bat ezarri nahi dugu, haiek beren betebehar publikoak bete ahal izateko eta herritarrek parte hartzeko aukera normalizatuak edukitzeko.

GaituzSportek kirola eta jarduera fisikoa sustatzen ditu, eta arreta jartzen du pertsonengan eta haien osasun globalean, osasun fisikoa ez ezik mentala eta soziala ere kontuan hartuta. Zein dira jarduera-eremu nagusiak?

Lau jarduera-eremu eta hiru zeharkako ardatz ezartzen ditugu. Horien bidez garatzen ditugu gure jarduera guztiak.

Eremu asoziatiboa: desgaitasunaren eta/edo osasunaren arloan lan egiten duten EAEko gobernuz kanpoko erakundeen ehunari proposamenak eta ekimenak eskaintzea, jarduera fisiko espezifikoaren eta/edo normalizatuaren praktika errazteko. Gure proposamena da beren eskaintzetan jarduera fisikoa eguneroko lan-tresna izatea.

Hezkuntza-eremua: Hezkuntza-komunitateari baliabideak eskaintzea, desgaitasuna duten ikasleek gorputz-hezkuntzako saioetan modu inklusiboan parte har dezaten. “Baliabide” horien artean daude sentsibilizazio-saioak, aholkularitza, prestakuntza espezializatua, material didaktikoak sortzea…

Udal-eremua: Udalerriei baliabideak eskaintzea, tokiko kirol-eskaintzei buruzko politika publikoak ikuspegi inklusibotik garatu ditzaten. “Baliabide” horien barruan daude honako hauek: udalerri bakoitzerako laguntza-programa espezifikoak diseinatzea, non biztanleria orokorraren ezaugarriak jasoko diren desgaitasunari, kirol-jarduerari eta -azpiegiturei dagokienez; sentsibilizazioa; aholkularitza; prestakuntza espezializatua; lagun egitea; aldageletako laguntza…

Osasun-eremua: Osasun-eragileei tresnak eskaintzea, ariketa fisikoa gehiago har dezaten kontuan herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeari dagokionez.

Zeharkako ardatzak:

Hedapena eta sentsibilizazioa: Inklusio-prozesuan emaitzarik onena lortzeko, ezinbestekoak dira bi premisa: desgaitasuna eta/edo osasun-asaldurak dituzten pertsonek beren aukeren artean izatea jarduera fisikoa, eta talde normalizatuak pertsona hori modu onean eta trabarik gabe hartzea. Horretarako, beharrezkoa da hedapeneko eta sentsibilizazio sozialeko lana egitea.

Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza: Jarduera fisikoari eta desgaitasunari dagokienez aipatzen diren onurak kontrastatu, neurtu eta kuantifikatu egin behar dira. Komunitate zientifikoa inplikatzeaz gain, konpromisoa hartzen dugu, ikerketa horien emaitza gisa, programa eta metodologia berritzaileak ezarri eta garatzeko.

Prestakuntza: Langile kualifikatuak behar ditugu, egiten ditugun eskaintza guztietan egongo direnak. Prestakuntza-ekintzen bidez, asmoa da langile kualifikatuak prestatzea, aniztasuna ezagutu eta hari erantzun diezaioten. Horretarako, inklusioko kirol-langileak trebatzeko ekintzen artean, ikusarazi egingo dira egokitzapena behar duten modalitateetan aritzen diren pertsonek dituzten oztopoak eta zailtasunak, eta ezagutzera emango egingo dira kirol espezifikoan integrazio eta inklusio kontzeptuen artean dauden desberdintasunak.

gaituzsport 2

Kirola egitearen onurak sustatzeko, GaituzSportek metodologia sortzaileak eta berritzaileak garatzen ditu, aniztasuna kontuan hartuz parte hartzeari laguntzen diotenak; Osakinbide programa, adibidez, Mutualiarekin elkarlanean. Zertan datza programa hori eta zein du helburu nagusia?

“Osakinbide osasun-, integrazio-, normalizazio- eta inklusio-programa bat da, oinarrizko Jarduera Fisiko Egokituaren bidezkoa, laneko istripuen edo gaixotasunen ondoriozko desgaitasuna duten pertsonei zuzendua.”

Osakinbide GaituzSportek diseinatua da, eta haren helburu nagusia da desgaitasuna duten pertsonen berregokitze funtzionalerako eta gizarteratzeko prozesua erraztea, lan fisikoaren eta ahaleginaren fisiologiaren bidez, osasun globalaren kontzeptutik abiatuta (fisikoa, errekuperazio psikikoa eta harreman sozialak).

gaitzsport 3

Nola gauzatzen da Osakinbide programa?

Mutualiak babestutako eta hari atxikitako pentsiodunei zuzendutako programa da, baldin eta laneko istripu bat edo gaixotasun profesional bat izateagatik ezintasun iraunkorra aitortuta badute. Mutualiak doan eskaintzen die OSAKINBIDE.

“Helburua da berregokitze funtzionalerako eta gizarteratzeko prozesua sustatzea, jarduera fisikoen eta ulermenaren bidez, osasun integralaren ikuspegitik (barne hartzen dituena osasun fisikoa, errekuperazio psikologikoa eta harreman sozialak). Hori guztia diziplina anitzeko ikuspegiaren bidez egiten da.”

Zehazki, astean ordubeteko bi saio egiten dira; saio bat aretoan eta beste saio bat uretan. Kolektibo honen gaitasun funtzionalak lantzea da asmoa, pixkanaka autonomoak izateko eta, horrela, partekatutako instalazioetan jarduera fisikoa egiteko trantsizioa errazteko, kirol-eskaintza komunitarioetan parte har dezaten.

gaitzsport 4

Nola ebaluatuko zenukete horrelako programen eragina laneko istripu bat edo gaixotasun profesional bat izan duten pertsonen errehabilitazioan?

“Programa honen eragina oso positiboa da; hala jaso dugu gure langile-taldearen balorazioen bidez, eta baita parte-hartzaileen iritzien bidez ere. Azken horiek oso positibotzat jotzen dute ezintasuna garatu ostean programak euren hobekuntza funtzionalean izan duen eragina, batez ere ikuspegi psikologiko eta sozialetik, gizarte-harremanetarako iturri berriak aurkitu baitituzte.”

Kirola, Aniztasuna, Inklusioa, Berrikuntza. Hitz egin dezagun etorkizunaz. Zer erronka berri ditu GaituzSportek?

Benetako erronka da ekimen horiek indartzea garatzen diren tokietan, eta ezarriko dituzten eragile berriak aurkitzea, jarduera fisikoa tresna sozializatzaile gisa normalizatzeko. Osasunaren eremuari erreparatzen badiogu, uste dut erronka handiak ditugula. Adibidez, datozen urteetarako finkatu dugun erronka bat da patologia duten pertsonentzako ariketa fisiko gainbegiratua ezartzea, ospitale barruko programa espezifikoen bidez.

Mutualiak parte-hartze aktiboa izan du IV. Prevencionar Biltzarrean

congreso prevencionar 2023 (convert.io)

Prebentzio Aholkularitzak lau poster eta komunikazio bat aurkeztu ditu. Ergonomia poltsikoan posterrak 3. saria irabazi du.  

Madrilen egin da, irailaren 27, 28 eta 29an, 2023ko IV. Prevencionar Nazioarteko Biltzarra, “Osasuna, Segurtasuna eta Jasangarritasuna #2030” lemarekin. Garapen jasangarrirako helburuak (GJH) lortzeko lanean laguntzea izan da aurtengo biltzarraren helburua.

Maria del Mar Crespo Prevencionar 2023

Mundu guztiko 1.400 profesional inguru izan dira ekitaldian, eta hitzaldi magistraletan, lantegietan, komunikazioetan eta mahai-inguruetan parte hartzeko eta prebentzioaren eta laneko osasunaren alorreko nobedadeak erakusten dituzten standak bisitatzeko aukera izan dute.

Mutualia ere izan da diziplina anitzeko topaleku horretan, pertsonen eta enpresa bazkideen osasuna bultzatzeko egin duen ibilbide luzearen parte baten berri zabaltzeko. Zehazki, lau poster aurkeztu ditu:

  • Absentzien prebentziorako eta kudeaketarako plan bat ezartzeko metodologia eta edukia.
  • Ergonomia poltsikoan
  • Ongizate psikologikoa bultzatzeko eta laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murrizteko dibulgazio-eskolak.
  • Mutualia. Exoeskeletoen mailegu-zerbitzua. GADGET vs TME.

 Eta komunikazio bat ere aurkeztu du: 

  • Enpresa osasungarriaren MutualiaOn!
Mutualia Prevencionar 2023

Mutualiak, IV. Prevencionar Nazioarteko Biltzarrean parte hartuta, prebentzioarekin duen konpromisoa berretsi du, garapen jasangarrirako helburuekin (GJH) bat egin du, eta ezagutza eta berrikuntza eskaini ditu gizarte osasuntsu, seguru eta ongizate handiagoko bat sortzeko.  

365 Egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuak

proceso-de-incapacidad-temporal

ALTAK ETA HAIEK AURKARATZEAREN ERAGINAK – AURKARATZE JURISDIKZIONALAK

Pentsiodunen eskubideak hedatzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsio-sistema publikoaren jasangarritasun-esparru berri bat ezartzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 16ko 2/2023 Errege Dekretuak aldaketak egin ditu Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170. artikuluan; arau horrek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (GSIN) aitortzen dio 365egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan mediku-alta emateko eskumen esklusiboa, edozein dela ere haiek eragin dituen kontingentzia.

Arauaren aldaketaren eraginez, GSINeko ikuskaritza medikoek erabakiko dute mediku-alta eman ala ez, eta berariazko luzapen-ebazpenak emateko legezko aurreikuspena kendu da. Baldin eta 365 egunak igaro ondoren ez bada ematen mediku-altarik, aldi baterako ezintasuneko prozesua luzatu egin dela joko da, eta ez da beharko berariazko adierazpenik; aldi horretan, enpresa-kotizaziorako betebeharrak jarraituko du.

GSINeko ikuskaritza medikoak mediku-alta eman ostean, aukera dago, arauan zehazten denez, haren aurka egiteko, dagokion prozeduraren bidez. Desadostasuna formulatze hutsak aldi baterako ezintasunaren eraginak luzatzea (gehienez ere hamaika egun natural) eragiten du, GSINek mediku-altaren baliogabetzea onartzen duen edo ez alde batera utzita.

365 egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan GSINek igorritako mediku-alta egoitza judizialean aurkaratzeko, ez da beharrezkoa desadostasun-prozedura hastea, Lan Arloko Epaitegian eska baitaiteke zuzenean, Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen 140.1 artikuluan zehazten denez. Eskaera zuzenean eginda, aldi baterako ezintasuna ez da luzatuko desadostasun-prozedura izapidetze hutsagatik. Beraz, kasu horietan, GSINek igorritako alta berresten badu epaiak, haren eraginak alta igorri zen datari egokitu behako zaizkio.

Adierazitako errege-dekretuaren bidez Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170. artikuluan egin den aldaketaren harira, GSINek 12/2023 zk.-ko Kudeaketa Irizpidean argitu du GSINeko ikuskaritza medikoak mediku-altaren berariazko ebazpena jakinarazten duenean planteatu beharko dela desadostasuna. Hala, une horretan hasiko da zenbatzen desadostasuna Osasun Zerbitzu Publikoaren ikuskaritza medikoari (ez GSINen ikuskaritza medikoari) formalki planteatzeko lau egun naturaleko epea. Lehenago adierazi denez, prozedura hori hasteak eragiten du aldi baterako ezintasunaren eragina muga baten barruan hedatzea, baina ez da halakorik gertatuko izapide horiek hasi ordez eskaera zuzenean egiten bazaio lan-arloko jurisdikzio sozialari.

Iñaki Esnal Zalakain 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

2023ko BIHOTZAREN MUNDUKO EGUNA

dia mundial corazon 2022

ZAINDU ZURE BIHOTZA

Bihotzaren Nazioarteko Eguna, irailaren 29a, bizi-ohitura osasungarriak txertatzeko beharraz kontzientziatzeko eta informatzeko ekimena da, gaixatasun kardiobaskularrei aurrea hartzeko neurririk onena baita.

2021. urtean, gaixotasun kardiobaskularrak lanaren ondoriozko heriotzen % 40 izan dira guztira, eta 70.000 bat aldi baterako ezintasun-prozesu izan dira, AMATen datuen arabera.

Mutualiak bere enpresa osasungarriaren MutualiaOn! programa ezartzeko lanean jarraitzen du, prebentzio-neurririk onena baita. Helburu nagusia bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da, baita lan-inguruneetan ere, arrisku kardiobaskularreko faktore nagusiak desagerrarazteko: obesitatea, kolesterol altua, hipertentsio arteriala, diabetesa eta tabakismoa.

Mutualiak Educator Proiektua ere badu, ezagutza sanitarioak eta higieniko-sanitarioak transmititzeko sortutako programa, pertsonak prestatzeko eta egoera jakin batzuetan nola jokatu jakiteko. Horrela, bihotz-biriketako geldialdi bat ikusiz gero, interbentzio egoki eta azkar batek pertsona baten bizitza salba dezake. Beraz, bihotz-biriketako bizkortze-teknikak ezagutzea funtsezkoa da, igarotzen den minutu bakoitzean bizirauteko probabilitatea % 10 murrizten baita.

Nola egin BBB bat?

Mutualiak material informatiboa jartzen du eskuragarri, bihotzeko larrialdi baten aurrean nola jokatu jakiteko.

Mutualex epaia 2023ko Iraila

sentencia

KONTINGENTZIA ZEHAZTEA LANGILE PLURIAKTIBOEN ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO PROZESUETAN. ZEIN DA KONTINGENTZIA NAGUSIA ERREGIMEN BAKOITZEAN?

mazoa

Auzitegi Gorenak (AG), 479/2023 zenbakiko epaian (2023ko uztailaren 5ekoa, Rec. 3841/2020), indargabetu eta errebokatu egiten du EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2020ko uztailaren 21ean emandako epai bat, zeinak Bilboko Arlo Sozialeko 6. Epaitegiak 2020ko urtarrilaren 29an emandako epai bat berretsi baitzuen. Beraz, Mutualiaren demanda onesten du, eta eraginik gabe uzten du GSINen ebazpena, zeinaren bidez laneko istripu baten ondoriozkotzat aitortu baitzen Mutualiaren kargurako (kontingentzia profesionalaren erakunde aseguratzaile gisa Langile Autonomoen Araubide Berezian —LAAB—) aldi baterako ezintasunaren aldia. 

Langileak, 2019-01-03an, ondoez bat izan zuen laneko tokian eta denboran, estomatologo-lanetan ari zela araubide orokorreko enpresa batentzat; besteren konturako laneko harremana zuen langileak enpresa horrekin. Langile horrek, bestalde, bere kontura ere egiten zuen lan estomatologo gisa, eta, beraz, altan zegoen LAABen ere.

Kontingentzia zehazteko espedientea eskatu zitzaionean erakunde kudeatzaileari, erakundeak ebazpen bat eman zuen, zeinean aitortzen baitzen 2019ko urtarrilaren 3an hasitako aldi baterako ezintasuna laneko istripu batetik eratorri zela, bai araubide orokorrean, bai LAABen, eta mutua aseguratzailearen erantzukizuntzat jotzen baitziren kontingentzia profesionalak prestazio bakoitzean, haien oinarri arautzailearen arabera.

Ebazpen horren aurrean, Mutualiak demanda bat aurkeztu zuen, eskatzeko LAABetik eratorritako aldi baterako ezintasunari zegokion prestazioan kontingentziak arrunta izan behar zuela, istripuak ez baitzituen betetzen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 316.2 artikuluan zehaztutako eskakizunak.

Errekurritutako epaiaren eta Kantabriako Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2016ko maiatzaren 19an emandako 489/2016 zk.-ko epaiaren (286/2016 errekurtsoa) arteko kontraesanean oinarritutako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan orain Auzitegi Gorenak adierazten duenez, eztabaida juridikoa honetara mugatzen da: erabakitzea ea kasu honetako aldi baterako ezintasuna laneko istripu gisa aitortu behar den, araubide orokorrean ez ezik, LAABen ere.

Hala, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtso honetan zehaztu nahi da ea langile pluriaktibo batek bere bi araubideetako batean istripua badu eta ez baditu betetzen beste araubidean laneko istripu aitortzeko eskakizunak, kontingentzia bi araubideetan berdin zehaztu behar den, ala aldi baterako ezintasunaren aldia bi kontingentzia desberdinetara atxiki daitekeen, araubide bakoitzaren arabera.

Auzitegi Gorenaren epaian, lehenengo aztertu da araubideetako bakoitzean zer jotzen den laneko istriputzat. Araubide orokorrari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.3 artikulua hartu da kontuan, zeinean laneko istripuaren ondoriozkotzat jotzen baitira langileak laneko tokian eta denboran jasaten dituen lesioak. Aldiz, LAABen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 316.2 artikuluan zehaztutakoa aplikatuz (1273/2003 EDaren 3.2 artikuluari dagokionez), laneko tokian eta denboran jasandako lesioak lanaren ondoriozkoak direla jotzen da baldin eta egiaztatzen bada lesio horiek lotura dutela norbere kontura egindako lanarekin.

Hala, Auzitegi Gorenaren epaian nabarmentzen da LAAB murriztaileagoa dela istripuak lanekotzat jotzeari dagokionez. Izan ere, araubide orokorrean, lanekotzat jotzen dira laneko tokian eta denboran jasandako lesioak, salbu eta ez bada aurkakoa frogatzen; eta, LAABen, aldiz, egiaztatu behar da istripuak jarduerarekin zuzeneko lotura duela.

Ondorioz, epaian aitortzen da ezen, ez denez egiaztatu LAABen eskatzen den zuzeneko eta berehalako lotura, aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa LAABen ezin dela jo laneko istripu baten ondoriozkotzat, eta prestazioa kontingentzia arrunt gisa sailkatuko dela. Beraz, erantzuletzat aitortu du LAABen aldi baterako ezintasunaren prestazioa estaltzen duen erakundea.

 Jesus M. Vicente Cuadrado   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Kontsulta juridiko 2023ko Iraila

consulta

Zer erakunderen ardura da aldizkako langile finkoei dagokien kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea jarduerarik gabeko aldietan eta aseguru-erakundea aldatzen denean?

kontsulta

Aldizkako langile finko bati dagokion balizko kasu bat aztertuko dugu; langile hori, jarduerako aldian dagoela, kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran sartu da, mutua jakin baten estaldurarekin. Eta jarduerako aldia amaitu du oraindik ere kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran, eta, horrenbestez, prestazioa kobratzen jarraitu du, zuzenean mutuak ordainduta. Langilea egoera horretan dagoela, enpresak erakunde aseguratzailea aldatu du, eta estaldura beste mutua bati edo erakunde kudeatzaileari eskualdatu zaio. Kasu horretan, planteatzen da ea zer erakundek arduratu behar duen prestazioa ordaintzeaz.

Ondorio horietarako, bi soluzio posible egongo lirateke: prestazioa hasi zuen erakundearen kontura jarraitzea ordainketak, deialdi berria egin arte; une horretan, enpresak arduratu beharko luke ordainketa eskuordetuaz. Edo, bestela, erakunde berria arduratzea ordainketaz.

Duela gutxi planteatu eta ebatzi da kasu hori Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaitan (946/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 28koa, eta 880/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 22koa), zeinek auzitegi horretako lehenagoko epai bati (3107/2022 zk.-ko epaia, urriaren 18koa) egiten baitiete erreferentzia. Epai horretan, hau argudiatzen da:

“Aldizkako prestazioa eta harreman mugagabea dituen kontratu honen izaera bereziak (finko aldizkakoa) erakunde kudeatzailearen zentsura juridikoa atzera botatzera eraman gaitu, areto honen iritzian IV. aretoaren doktrina judiziala (aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa) aplika baitakieke mota horretako langileei, estaldura-aldaketa jarduerarik gabeko aldian gertatzen den ala ez alde batera utzita.“

“Aldizkako langile finko bat da, mutuarengandik jasotzen zuena aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa, hura baitzen erakunde aseguratzailea baja eragin zuen gertaeraren unean. Lan-harremana ez da iraungi; eten egin da, jarduera bera eten delako, aldizkako langile finkoa baita. Kasu hori ez da bateragarria lan-kontratua iraungitzen den kasuekin. Dagokigun kasuan, kontuan hartu behar da aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa, zeinaren helburua baita laguntza zenbait mutuaren artean banatu dadin saihestea, eta ez ditu kanpoan uzten estaldura-aldaketaren unean aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden baina enpresako plantillan jarraitzen duten langileak… eta dagokigun kasuan enpresak mutua aldatu zuen unean auzi-jartzailearen kontratua ez zegoenez iraungita (etenda zegoen kanpaina amaitzearen ondorioz, harik eta hurrengo denboraldia hasi bitartean), aseguramenduaren ardura hartu duen mutua berriak (aztertutako epaietan, GSIN) hartu behar du langile guztien ardura, eta hari dagokio auzi-jartzailearen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa ordaintzea, langile guztien aseguramendua hasi duen unetik“.

Beraz, hau da planteatutako galderaren soluzioa: lan-kontratua etenda duten eta kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa kobratzen ari diren aldizkako langile finkoen kontingentziaren erakunde aseguratzailea aldatzen denean, erakunde aseguratzaile berrian sartzen dira langile horiek, eta erakunde horrek ordaindu behar du prestazioa, zuzeneko ordainketa bidez.

 Jesus M. Vicente Cuadrado   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua