Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko uztailaren 23tik abuztuaren 04rako.
AUTONOMOEN KOTIZAZIO-SISTEMA BERRIA ETA LANGILE AUTONOMOEN JARDUERA ETETEAGATIKO BABESAREN HOBEKUNTZA, 13/2022 ERREGE LEGE-DEKRETUA, 2022KO UZTAILAREN 26KOA
Langile autonomoentzako kotizazio-sistema berri bat ezartzen duen Errege Lege-dekretua, errendimendu garbietan oinarritua. Testu hau aldizka ebaluatuko da, elkarrizketa sozialaren esparruan, hiru urtean behin.
Erreforma hau 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean, eta hurrengo hiru urteetan hamabost tarteko sistema bat garatuko da pixkanaka, kotizazio-oinarriak eta kuotak zehazteko autonomoaren errendimendu garbien arabera. 2026tik 2031ra bitartean, diru-sarrera errealen araberako kotizazio-sistema berria aplikatuko da. Horren arabera, diru-sarreren tarteen eta kotizazio-oinarrien eskala gehienez ere sei urtean hedatuko da, eta 2032an behin betiko oinarriekin egongo da ezarrita, lortutako eta dagokion zerga-administrazioak hurrengo ekitalditik aurrera jakinarazitako urteko etekinen arabera.
Dekretu honetan, errendimendu garbien kontzeptua definitzen da, funtsezkoa baita sistema berrirako. Etekin garbiak kalkulatzeko, jarduera egitean sortutako eta autonomoaren diru-sarrerak lortzeko beharrezkoak diren gastu guztiak kenduko dira diru-sarreretatik. Zenbateko horri % 7ko kenkaria aplikatuko zaio (% 3 sozietate-autonomoen kasuan) gastu generikoengatik. Emaitza etekin garbiak izango dira, eta zenbateko horrekin zehaztuko dira kotizazio-oinarria eta dagokion kuota.
Ekitaldi fiskalaren amaieran, eta urteko etekin garbiak jakin ondoren, kotizazioak erregularizatuko dira, eta kuotak itzuli edo eskatu egingo dira, baldin eta behin betiko etekin garbien tartea aurreikuspenen arabera urtean adierazitakoa baino txikiagoa edo handiagoa bada.
Gizarte Segurantzako hileko kuotak, 2023an, hilean 230 eurotik 500 eurora bitartekoak izango dira, eta, 2025ean, berriz, hilean 200 eurotik 590 eurora bitartekoak, betiere etekin garbien arabera.
Diru-sarrera txikienak dituzten autonomoek % 30etik gorako murrizketa izango dute kuotan, egungoaren aldean. LGSren azpiko errendimenduak dituzten langile autonomoek —gazte eta emakume ugarik— hilean 200 eta 260 euro arteko kuotak ordainduko dituzte 2025ean. Urte horretan, batez besteko errendimenduko tarteek 290 eta 294 euro arteko kuotak izango dituzte hilean, eta hilean 6.000 euro baino gehiago irabazten dutenek, berriz, 590 eurokoak.
Sistema horri esker, autonomoek kuota aldatu ahal izango dute diru-sarrera garbien aurreikuspenaren arabera (jarduera garatzeko kostuak kenduta), urtean sei aldiz gehienez.
Era berean, onartutako testuak 80 euroko kuota hobariduna ezartzen du autonomo berrientzat, hamabi hilabetez, zeina hamabi hilabete gehiagoz luzatu ahal izango den, diru-sarrera garbiak txikiak badira.
Jarduera eteagatiko babesa hobetzea
Jarduera eteteko modalitateak zabaldu egiten dira, kontingentzia desberdinen estaldura hobetzeko, hala nola jardueraren etete partziala soilik gertatzen denean, eta krisi zikliko edo sektorialak direnerako lan-erreforman ezarritako RED mekanismoak soldatapekoei ematen dien babesa autonomoei egokituko zaie.
Babes-eskema

13/2022 ERREGE LEGE-DEKRETUA, 2022KO UZTAILAREN 26KOA
MutuaLex 211zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko uztailaren 16tik uztailaren 22rako astea.
2021ean, MUTUALIAk 412.686 pertsonari eman zien estaldura Euskadin
- Mutualiak Euskadiko langileen % 45 inguru babesten ditu.
- 2021. urtean, 300.000 osasun asistentzia baino gehiago egin zituen, eta 277.033 prestazio ekonomiko kudeatu.
- Mutualian osasun asistentzia jaso duten pertsonen % 94,32 gogobeterik edo oso gogobeterik agertzen dira.
Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2 zk.ko Mutuak, Ohiko Batzar Orokorra egin du, eta 2021eko ekitaldiko jarduera eta ekonomia balantzea onetsi ditu. 9,7 milioi euroko emaitza izan du; 367,58 milioiko diru-sarrerak, eta 328 milioiko guztizko gastuak prestazioetan. 2021eko ekitaldian, azpimarratzekoa izan da kontingentzia profesionalen ondoriozko prestazioak nabarmen hazi direla; hori zuzenean dago lotuta pandemiaren ondoren jarduera ekonomikoa berriz ere berreskuratzearekin.
Ezohiko Batzar Orokorrean –lehenago egin da–, Urtsa Errazti Mutualiaren presidenteak bere hitzartzean azpimarratu du “zer garrantzi duen korporazioaren jomuga erakundearen Estatutuetan jasotzeak, beti izan dezagun erreferentzia gisa”. Eta aukera baliatu zuen ohartarazpena bertan zeuden guztiei gogorarazteko: “pertsonei osasuna, segurtasuna eta ongizatea edukitzeko eskubidea bermatzea, Gizarte Segurantzarekin lankidetzan”. Bestalde, Ignacio Lekunberri Mutualiaren zuzendari kudeatzaileak nabarmendu zuenez, “Mutualiak gizartean duen eragina neurtu behar du, hori kudeatzeko, positiboa areagotuz eta negatiboa minimizatuz edo konpentsatuz”. Ildo horretan, adierazi zuen Mutualiak 1,21 € ematen dizkiola euskal gizarteari jasotzen duen euro bakoitzeko”, kontabilitate sozialeko ereduaren arabera.
Beste urte batez, Batzar Orokorrak –Mutualiaren Pakea klinikako ekitaldi aretoan egin da– ingurumen-neurriak jaso ditu bere diseinu eta antolaketan, Erronka Garbia metodologiari jarraikiz; hain zuzen ere, prozedura horrek ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak minimizatzea ahalbidetzen du, ekitaldiak egiteari dagokionez.
Plastigaur, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren erreferentea
Plastigaur enpresari eman berri dizkiote Platinum Ecovadis 2022 Domina –enpresaren gizarte-erantzukizunaren eta erosketa jasangarrien alorrean ematen den aitorpen gorena– eta Garapen Jasangarriko Enpresaren Adegi Saria. Andoainen du egoitza (Gipuzkoa) enpresa berritzaile eta jasangarri honek, eta ontzi eta bilgarri malguak egiten ditu bai industriaren sektorerako bai kontsumorako.
Elkarrizketa egin diogu Plastigaur enpresaren finantza-zuzendari Nerea Garmendia Goñiri.
- Nola sortu zen Plastigaur?
Plastigaur familiarteko enpresa bat da; 4 bazkidek sortu zuten 1989an, eta Andoainen (Gipuzkoa) dago kokatuta. Sorrera berezia izan zuen, izan ere, 2 anaiak sortu zuten, Antxon (nire aita) eta Juan Mari Garmendiak, eta haiek, aldi berean, bi ahizparekin zeuden ezkonduta, Maite (nire ama) eta Mª Antonia Goñi; horrek senitarteko ukitu nabarmenagoa ematen dio enpresari. 80ko hamarkadan, lau sortzaile horiek paperezko ahozapiak eta poltsak egiteko proiektuari ekin zioten, eta, handik urte batzuetara, plastikozko bilgarri malguekin zerikusia duen proiektua abian jartzeko aukera sortu zitzaien; horixe izan zen gaur egungo Plastigaurren abiapuntua. Garai hartan oso bizkor hazten ari zen materiala zen plastikoa, eta, horren ondorioz, arreta guztia material horretan jarri, eta alde batera utzi zuten paperaren proiektua.
- Giza taldea da Plastigaurren funtsezko balioetako bat. Zenbat lagunek osatzen dute enpresa? Zein da lan metodologia?
Gaur egun 155 lagun gara guztira. Orain dela 7 urte 90 baino gutxiago ginen; beraz, guretzat harro egoteko modukoa da gure ingurunearentzat eta 155 familientzat aberastasuna sortu izana.
Jasangarritasunaren aldeko apustuak bultzatutako negozio-eredua berritzearen ondorioz, gaur egun aldaketa sakonak egiten ari gara antolamendu prozesuetan, prozesuen eraginkortasuna optimizatzeko helburuarekin, eta zalantzan jartzen ari gara gaur egun arte gidalerro izan ditugun irizpide eta ziurtasun guztiak. Horretarako, Lean metodologia dugu ardatz nagusia.
- Plastigaurrek berrikuntzaren, kalitatearen eta jasangarritasunaren aldeko apustua egin du, eta jasangarritasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa funtsezko alderdiak dira plan estrategikoan. Plastikozko ontzi eta bilgarrien sektorearentzat guztiz zaila izanik gaur egungo testuingurua, zer neurri aplikatzen ari zarete planeta babesteko ekonomia zirkularraren aldeko apustu honetan?
Plastigaur proiektu osoa dago gaur egun EKODISEINUAk gidatua, enpresak eta egiten ditugun produktuek ingurumenean uzten duten arrastoa murrizteko asmoz.
Bi helburu ditugu: alde batetik, jatorri fosileko lehengaiaren erabilera murriztea. Horretarako, dagoeneko garatuta eta merkatuan ditugu edukiaren % 70 birziklatua duten film paperak; hainbat irtenbide lortu ditugu hondakin plastikoak, landare hondakinak, sukaldeko olio erabilia… kimikoki birziklatuz. Era horretara, murriztu egiten da petroliotik eratorritako lehengaia, eta nabarmen hobetzen da ingurumenean uzten dugun arrastoa eta karbonoaren arrastoa.
Bestetik, egiten ditugun material guztiak eta batez ere lehen mailako ontziak (besteak beste, elikagaietarakoak) birziklagarriak izan daitezen lortzea, gaur egun oso zaila baita birziklagarria izatea. Horretarako, % 100 birziklagarria den material bakarreko irtenbideak garatu ditugu.
- Lortu berri dituzue Platinum Ecovadis 2022 Domina –Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren aitorpena–, karbono arrastoa murrizteko egindako lanagatik, eta orain gutxi Adegi Saria, Garapen Jasangarriko Enpresari emandakoa. Zer esanahi dute zuentzat aitorpen horiek guztiek?
Beti sentitzen da ohorea zure enpresarekin gogoratzen direnean sariak edo aitorpenak emateko, eta pozgarria da benetan, horrek esan nahi baitu iraganean hartutako erabaki estrategikoak egokiak zirela eta bide onetik goazela. Baina batez ere indar handia ematen dizu, eta energia erantsia, etorkizunean ere bide beretik jarraitzeko.
Sortzaileen ausardiari eta Plastigaur familia osatzen duen giza taldearen lanari eta ahaleginari egindako aitorpena da, inondik ere.
- Nola ikusten duzu sektorearen eta Plastigaurren etorkizuna?
Gaur egun, plastikoa bidegabe deabrututako materiala da. Material arina, isolatzailea, malgua eta ingurumen arrasto txikikoa da. Hau da, ezinbesteko materiala da gizartearentzat; beraz, plastikoak badu etorkizuna. Benetako arazoa hondakin plastikoaren kudeaketa da; erabili eta gero, lehengai bat da guretzat, eta modu egokian kudeatua izatea behar dugu, guregana irits dadin. Gai horretan, gizartea oro har eta balio katea gara irtenbidearen parte.
Plastigaurren ikuspegitik, urte asko daramatzagu gai horretan lanean, eta enpresaren negozio eredua aldatu dugu jasangarria izan dadin ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik; hori dela-eta, ondo posizionatuta gaude packaging-aren sektorean, gaur egungo erronkei eta etorkizunekoei aurre egiteko.




MutuaLex 206 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko ekainaren 11tik 17rako astea.
Babes zaitez berotik. Bero egiten duenean lan egiteko gomendioak
Udarekin batera, tenperatura altuak iristen dira, eta gehiegizko beroak langileari erasan diezaioke. Gorputzak baditu mekanismoak berora egokitzeko, baina, tenperatura oso altua denean, bero-kolpea gerta daiteke, eta ondorio larriak edo oso larriak eragin ditzake osasunerako.
Sintoma nagusiak hauek dira: gorputzeko tenperatura igotzea, buruko mina, zorabioak, gorakoak, arranpak, takikardiak… Eta horrek akidura, nahastea eta konbultsioak ekar ditzake, baita konorte-galera ere.
Langileek jakitun izan behar dute arrisku horietaz, eta prebentzio-neurri guztiak hartu behar dituzte; enpresaren zuzendaritzak aurrez eman beharko die neurri horien berri.
Bero-kolperik ez izateko gomendio nagusiak
- Ez egon eguzkitan luzaroan.
- Kontsultatu UV erradiazioa: baxua, neurrizkoa, altua, oso altua, muturrekoa.
- Hidratazioa: edan etengabe, nahiz eta egarririk izan ez.
- Babestu eguzkitik; batez ere, burua eta lepoa. UV izpiekiko babesa duten eguzkitako betaurrekoak erabili. Kolore argiko jantzi lasaiak erabili, halako moldez non gorputzaren zati handiena estaliko duen. Erabili azala babesteko kremak.
- Saiatu ez erretzen, otordu oparorik ez egiten eta edari alkoholdunik ez edaten.
- Ez egin ariketarik bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara).
Nola jokatu bero-kolpea hartu duen pertsona batekin?
- Jarri pertsona gerizpea eta giro freskoa dagoen leku batean.
- Kordea badu, eman ura.
- Kordea galdua badu, jarri etzanda, albo batera begira, eta saiatu freskatzen ura edo oihal bustiak erabilita.
- Deitu 112ra, eta jarraitu osasun zerbitzuetakoen jarraibideei.
Prebentzioa enpresan
- Langileak prestatu; beroari lotutako arriskuei aurre egiteko prebentzio-neurriak jakinarazi, baita haren eraginak eta izan ditzakeen ondorioak ere.
- Langileei azaldu nola jokatu behar duten aipatutako sintomaren bat izanez gero; egiten ari diren jarduera eten beharko dute.
- Atsedenaldiak maiz egin ditzaten ahalbidetu eta etenaldien maiztasuna areagotu; betiere, leku freskoetan.
- Laneko ordutegiak egokitu. Txandak ezarri esposizioaren denbora edo intentsitatea murritz dadin, ahal dela.
- Esposiziorik txikiena dagoen orduetarako planifikatu zereginik astunenak.
- Isolatuta lan egitea saihestu.
- Langilearen babeserako baliabide egokiak eman: hidratazioa, jantziak, eguzkitako krema…
Informazio gehiago:
Osalan: “Estrés térmico: recomendaciones para trabajar con calor”
Kataluniako Generalitatea: “El calor durante la jornada de trabajo en verano”
MUTUALIA FOROAREN XVIII. EDIZIOKO HITZALDIAK
Ekainaren 8tik 13ra bitartean, Mutualia Foroaren XVIII. edizioko jardunaldiak egin dira Gasteizen, Donostian, eta Bilbon.
Jarraian, bideo-ponentziak eta aurkezpenak eskainiko dizkizuegu.
Aurkezpen eta bideo horiek gaztelaniaz daude eta ez dira itzuli, hizlariek erabiltzen duten hizkuntza baita.
Lan-erreformaren funtsezko gaiak. 32/2021 Errege Lege Dekretua, abenduaren 28koa.
Kontratazioa (aldizkako finkoak, ordezkapenekoak eta produkzioaren inguruabarrak direla-eta)
Bideoa
Aurkezpena
Hizlaria: José Antonio Prieto, Mutualiako Pertsonen Garapeneko abokatua.
Prestakuntza-kontratuak
Bideoa
Aldi baterako enpregu-erregulazioko espedienteak (E.R.T.E.)
Bideoa
Aurkezpenak
Hizlaria: Susana Castaños, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
21/2021 Legea, abenduaren 28koa. Erretiro-pentsioaren erreforma
Bideoa
Aurkezpena
Hizlaria: Iñaki Esnal, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua.
Mutualia Foroak indarra hartu du Euskadin azken urteetan, lege-berritasun interesgarri eta konplexuenak praktikaren ikuspegitik aztertuta. Oraingoan, 400 lan-aholkulari inguru bildu ditu, proposatutako gaiek erakarrita:
MutuaLex 205 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko ekainaren 4tik 10erako astea.
MutuaLex 204 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko maiatzaren 28tik ekainaren 03rako astea.