Pizgarri berriak eta lan-kotizazioaren berezitasunak 2025ean 

poligono industrial

2025eko urtarrilaren 1etik, kontrataziorako pizgarri eta enpresentzako kotizazioen doikuntza berriak sartu dira indarrean. 

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak honekin batera bidaltzen dizuegun dokumentu ofiziala argitaratu du. Hartan, aurten aplikatu beharreko hobariak, murrizketak eta errekarguak arautzen ditu. Hona hemen puntu garrantzitsuenak, kontratu-motaren arabera: 

 

 Kontratu mugagabeak 

 

  • Hileko hobariak: 128 €-tik 525 €-ra kolektibo zaurgarrientzat. 

 

  • Aldi baterako kontratuak aldatzea: 147 €/hil arte (edo % 100eko hobaria EZBetan ezgaitasunen bat izanez gero). 

 

  • Murrizketa gehigarriak hauetan: 

 

  • Ceuta eta Melilla: – Enpresa-kuotaren% 50. 

 

  • Cuenca, Soria eta Teruel: % 5etik % 20ra, udalerriko biztanleriaren arabera. 

 

 

Aldi baterako kontratuak 

 

  • Kolektibo jakin batzuetako jendea kontratatzeagatik: gehienez 441,56 €/hil. 

 

  • Ordezkapen-kontratuak (haurdunaldia, adingabeen zaintza, ezintasuna): 366 €/hil (4.392 €/urte). 

 

  • Prestakuntza-kontratuak: 28-91 €/hil arteko hobariak, edo enpresa-kuotaren % 50, baldin eta minusbaliotasuna % 33koa edo handiagoa bada. 

 

Beste kontratu eta sektore batzuk 

 

  • Aldizkako kontratu finkoak turismoan eta turismoari lotutako ostalaritza- eta merkataritzan: hilean 262 €-ko hobaria. 

 

  • Ikertzaileak: 

 

  • Orokorra: % 40ko murrizketa kontingentzia arruntetan. 

 

  • Doktoratu aurrekoak: hilean 115 €-ko hobaria. 

 

Kotizazioaren berezitasunak 

 

Iraupen mugatuko kontratuak: 

➤ Langabeziagatiko kotizazioa % 8,30 (% 6,70 enpresak/ % 1,60 langileak). 

 

Aldi baterako kontratuak: 30 egun baino gehiago 

➤ Errekargu bakarra, 32,60 €-koa, bukatutakoan. 

 

Desgaitasuna aitortzea kontratuak irauten duen bitartean: 

➤ Langabeziagatiko kotizazio berria: % 7,05. 

Zurekin gaude ospitaleratze-prozesuan eta ebakuntza-gelan 

Te acompañamos en tu proceso de hospitalización y quirófano

Mutualian badakigu ospitalizazio batek edo ebakuntza kirurgiko batek ziurgabetasuna sor dezakeela, bai zuretzat, bai zure familiarentzat. Egoera horietan, informazio argia eta eskugarria izatea funtsezkoa da prozesu osoa ulertzen laguntzeko: aurretiko prestaketetatik hasi eta ondorengo zaintzaraino. 

Helburu horrekin prestatu ditugu “Zure egonaldia Ospitaleratze gunean” eta “Ebakuntza-gelara joan behar duzunerako” gidak. Gida horietan, informazio praktikoa eta erabilgarria aurkituko duzu zuretzat eta zure familiarentzat. 

Gure talde profesionala konprometituta dago arretarik eta asistentzia-kalitaterik onena eskaintzearekin, urrats bakoitzean lagunduz, betiere zure ongizatea eta segurtasuna zainduz. Zu zaintzeko gaude. 

ERCILLA- BILBAO

PAKEA- DONOSTIA

EHO-GASTEIZ

OSPITALIZAZIOA ETA EBAKUNTZA – GELA

Etxeko lanetan arriskuak prebenitzeko doako tresna berria 

Nueva-herramienta-gratuita-para-la-prevencion-de-riesgos-en-el-empleo-del-hogar

Lan Ministerioak, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalarekin (LSOIN) batera, tresna digital berri bat argitaratu du, etxeko lanetako arriskuen prebentzioa errazteko. Joan den maiatzaren 14an aurkeztutako ekimen hau etxeko langileak kontratatzen dituztenei zuzenduta dago bereziki. 

Doan eskura daiteke Prevencion10.es atariaren bidez, eta dokumentu bat sortzeko aukera ematen du. Dokumentu horretan, etxeko arriskuen ebaluazioa, aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta langileari eman beharreko informazio-materialak jasotzen dira. Halaber, aukera ematen du data garrantzitsuak erregistratzeko eta hartutako neurrien betetze-mailaren segimendua egiteko. 

Ekintza honekin 893/2024 Errege Dekretua betetzen da, zeinak familia-etxeko zerbitzuaren eremuan segurtasunaren eta osasunaren babesa arautzen baitu. Neurri horren bidez, lan-baldintza seguruak bermatu nahi dira, enplegatzaileei karga ekonomikorik eta burokratikorik eragin gabe. 

2024ko urrian argitaratutako beste artikulu batean aipatu bezala, arau-esparru berrian honako puntu hauek nabarmentzen dira: 

Etxeko lan-arriskuen ebaluazioa 

  • Enplegatzaileek langileek jardungo duten etxeen arriskuak ebaluatu beharko dituzte. 
  • Prozesu hori errazteko, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) web-tresna bat jarriko du eskura, enplegatzaileek ebaluazio hori erraz egin ahal izan dezaten. 
  • Maiatzaren 14tik azaroaren 14rako epea emango da, etxeko langileak dituzten etxeek langile horien laneko arriskuak ebalua ditzaten. Bete ezean, zigorrak egongo direla ohartarazi dute. 

Lan-arriskuen prebentzioaren inguruko trebakuntza 

  • Etxeko langileek eskubidea izango dute laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza espezifikoa jasotzeko. 
  • Prestakuntza hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (EEZP) emango du, eta aukera emango die langileei beren arriskuak eta babes-neurri egokiak ezagutzeko. 

Aldizkako azterketa medikoak doan 

  • Etxeko langileek hiru urtean behin azterketa medikoak doan egiteko eskubidea izango dute. 
  • Osasun azterketa horiek Estatuko Osasun Sistemak kudeatuko ditu, eta lanaren ondorioz sor daitezkeen osasun-arazoak garaiz detektatzeko aukera emango dute. 

Norbera babesteko ekipamenduak (NBE) 

  • Enplegatzaileek babes-ekipamendu egokiak eman beharko dizkiete etxeko langileei, segurtasuna bermatzeko. 
  • NBE horiek (norbera babesteko ekipamenduak) etxe bakoitzean egin beharreko lanaren baldintza espezifikoen araberakoak izango dira. 

Laneko jazarpenaren aurkako protokoloak 

  • Etxeko lan-ingurunean jazarpen- eta indarkeria-egoerak prebenitzeko eta egoera horien aurrean jarduteko mekanismo espezifikoak ezarriko dira. 

Ordutegi-erregistro digitalak eta Laneko Ikuskaritzaren kontrola 

  • Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza (LGSI) etxeetara askatasunez sartu ezin bada ere Konstituzioan aitortzen den etxearen bortxaezintasuna dela-eta, kontrolerako tresna alternatiboak erabili ahal izango ditu. 
  • Ordutegi-erregistro digitalak inplementatzea aurreikusten da, Ikuskaritza urrutitik sartu ahal izateko eta, hala, araudia betetzen dela egiaztatzeko. 

Lehen puntua dagoeneko bete liteke, eta gainerako puntu eta jarduerak garatzen ari da Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa. 

Elikaduraren Nazioarteko Eguna

Elikaduraren Nazioarteko Eguna

Elikaduraren Nazioarteko Egunaren helburua da elikadura osasungarria sustatzea; izan ere, gaixotasunak prebenitzeko funtsezkoa da gure dieta hobetzea eta elikadura-ohitura onak hartzea. Maiatzaren 28a nutrizioaren eguna izendatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak, eta horren helburua da elikadura orekatu eta osasungarriaren garrantziaz jabetzea herritarrak. 

OMEren arabera, elikadura hau da: organismoaren beharren arabera elikatzea. Gaizki elikatzeak immunitatea txikitzen du, gaixotasunekiko sentikortasuna handitzen du, garapen fisikoari eta mentalari eragiten dio eta produktibitatea gutxitzen du. 

Dieta osasungarria egitea ezinbestekoa da kutsakorrak ez diren zenbait gaixotasun prebenitzeko, hala nola diabetesa, kardiopatiak eta istripu baskularrak, eta murriztu egiten ditu gehiegizko pisua eta obesitatea. Oinarri horren gainean eraikitzen ditugu gure osasuna eta ongizatea bizitza guztian. 

Dieta orekatua izateak zenbaterainoko garrantzia duen azpimarratu nahi du Mutualiak. Izan ere, fisikoki eta mentalki sasoian egoteko funtsezkoa izateaz gainera, lan-ingurune osasungarriagoa eta produktiboagoa bermatzen du. 

Horregatik da hain garrantzitsua elikadurak gure bizitzan duen eraginaz jabetzea. Elikadura orekatua eta jasangarria izanez gero, gure bizi-kalitatea eta osasuna hobetuko ditugu, eta zahartzaro aktiboa eta osasungarria izango dugu. Ildo horretan,  Elikadura osasungarriari buruzko eskuliburua osatu du Mutualiak. Gai hauek hartzen ditu barnean: 

  • Elikadura-ohiturak 
  • Nutriente bakoitzaren garrantzia 
  • Nutrizio-estrategiak 
  • Menuak planifikatzea 
  • Jasangarritasuna eta km0 produktuak. 

Gai horiekin lotuta, Elikadura Osasungarriaren Eskola  bat ere badauka, eta beste bi gai ere landu dira aurten: 

  • Ongizatea 50 urtetik aurrera 
  • Ez egin dietarik, ikasi jaten 
  • Plangintza 
  • Kirol-nutrizioa 
  • Elikadura funtsezko faktorea da patologia kardiobaskularrak eta hanturazkoak hobetzeko 
  • Nola iraun bizirik udan (berria) 
  • Psikonutrizioa (berria) 

Eskola horiek praktikoak, partizipatiboak eta doakoak dira Mutualiaren enpresa elkartuetako langileentzat.  

Eta, azkenik, jakinarazten dizuegu infografiak argitaratzen ari dela hilero Mutualia, elikadura osasungarriari buruzko informazioa emateko. Gai hauei buruzkoak dira infografiak: (argitaratutakoetara sar zaitezke) 

  • E. Nutrizio-estrategiak I 
  • F. Nutrizio-estrategiak II 
  • G. Plangintza-eredua I 
  • H. Plangintza-eredua II 
  • I. Psikonutrizioa 

Elkarrizketa: Arantza Uliarte -Begisare

Retina Euskadi Begisare Euskal Herriko hiru elkarte biltzen dituen erakundea da: Retina Araba, Retina Bizkaia eta Retina Gipuzkoa. Hauek Erretinako distrofia hereditarioak eta ikusmen murriztua dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egiten dute lan.  

Arantza Uliarte, Retina Bizkaia Begisare elkarteko presidentea, elkarrizketatu dugu. 

Laguntzak, sentsibilizazioak eta ikerketak bat egiten dute ikusmen murriztuagatik

 

Zer dira erretinako distrofia hereditarioak? 

Erretina kaltetzen duten gaixotasun degeneratiboen multzo bat dira EDHak; argia atzitzeaz arduratzen den begiaren parte garrantzitsu bat da erretina. Genetikoak eta progresiboak dira, eta, kasu askotan, ikusmen-galera gogorrak edo itsutasuna eragin ditzakete. Erretinosi pigmentarioa, Stargardten gaixotasuna eta koroideremia dira ezagunenetariko batzuk. Gaur egun ez dute sendabiderik, baina ikerketa esperantzagarriak egiten ari dira.  

“Ikusmenari eragiten diote EDHek, bai eta eguneroko bizitzari eta autonomia pertsonalari ere. Eragin handia dute osasun emozionalean; bereziki, adin goiztiarretan agertzen direlako eta isilean etortzen direlako”. 

 

Zer da ikusmen murriztua? 

Ikusteko gaitasunaren galera esanguratsu bat eragiten duen kondizio bisual bat da, eta betaurrekoak, ukipen-lenteak, tratamendu medikoak eta kirurgia erabilita ere gerta daitezke. Muga hori dela eta, pertsonak ezin ditu normaltasunez egin eguneroko bizitzako jarduera batzuk; adibidez, irakurri, orientatu, jendearen aurpegiak ezagutu eta segurtasunez mugitu. 

Pertsona batek ikusmen murriztua duela jotzen da zuzenketa optiko posible onenarekin haren ikus-zolitasuna 0,3tik beherakoa bada begirik onenean edo haren ikus-eremua 20 gradutik beherakoa bada. Gaixotasun batzuen ondoriozkoa izan daiteke; haietako batzuk ez dira ohikoak (adibidez, erretinako distrofia hereditarioak), eta beste batzuk arruntagoak dira, hala nola miopia nagusia, glaukoma eta adinari lotutako makulako degenerazioa. 

 

Nolakoa da ikusmen murriztua dutenen bizimodua? 

“Ikusten ez diren oztopoak daude: gaizki-ulertuak, mesfidantzaz betetako begiradak eta ulermenik eza”. 

Sarri, ikusmen murriztua esajeraziotzat edo kontraesantzat jotzen da, baina uste okerrak dira horiek. Horregatik azpimarratzen dugu hainbeste sentsibilizazioa: gizarte informatua gizarte atseginagoa da. Urrats handia da ulertzea, batetik, ez direla gauza bera partzialki ikustea eta batere ez ikustea, eta, bestetik, ikusmen murriztua mota askotakoa izan daitekeela eta zailtasun-maila desberdinak dituela. 

 

Nola sortu zen elkartea?  

2016an eratu zen Retina Bizkaia Begisare, erretinako distrofia hereditarioak dituzten pertsonen eta haien familien bultzadari esker, laguntza-sare bat sortzeko eta orientazioa eta informazioa eskaintzeko. Denborarekin, ikusi genuen elkar babesteaz gainera beharrezkoa zela gizartea informatzea, sentsibilizatzea eta kolektibo gisa ditugun eskubideak aldarrikatzea. Modu horretan sortu zen Retina Bizkaia Begisare, eta ordudanik zabaltzen joan gara, bai komunitate gisa, bai lantalde gisa, bai mugimendu sozial gisa. Retina Euskadi Begisare elkartea osatzen dugu Gipuzkoako eta Arabako elkarteekin batera, eta sarean lan egiten dugu, irudia eta proiektuak partekatuz. 

 

Zein dira Retina Bizkaia Begisare elkartearen jarduketa-ildo nagusiak? 

Lau eremu handi lantzen ditugu: EDHa eta ikusmen murriztua duten pertsonen zuzeneko arreta, sentsibilizazio soziala, ikerketa bultzatzea eta gure eskubideen babesa. 

Diagnostikoa jaso dutenei eta haien familiei laguntzen diegu, babes emozionala eta funtzionala emateko jarduerak antolatzen ditugu, ikerketa-zentroekin lankidetzan aritzen gara eta jende gutxik ezagutzen duen errealitate hau ikusgai egiteko kanpainak sustatzen ditugu. Erakundeekin ere aritzen gara, ikusmen murriztuko pertsonen irisgarritasunari lotutako politikak hobetze aldera. 

 

Zenbait lantegi dituzue Emosasuna eta Ikusmen Aktiboa proiektuetan. Zertan oinarritzen dira proiektu horiek? 

EDHa eta ikusmen murriztua dituzten pertsonen arreta integralean zentratutako gure jarduketa-ildoko bi proiektu dira Emosasuna eta Ikusmen Aktiboa. 

Ongizate emozionala, fisikoa eta bisuala lantzeko espazio bat da Emosasuna. Arreta psikologiko profesionala eskaintzen da eta elkarri laguntzeko taldeak daude; haietan, konfiantza eta zaintza nagusi diren giroa sortzen da. Irisgarritasunaren alderdia kontuan hartzen duten lantegiak ere baditugu; besteak beste, yoga-saioak, dantza inklusiboa eta osasun bisualaren zaintza. 

   

Ikusmen Aktiboan, alderdi praktikoak du garrantzi handiagoa. Autonomia, gaikuntza eta partaidetza soziala bultzatzeko prestakuntza-saioak ematen dira. Laguntza teknikoei eta aisialdi inklusiboko espazioei buruzko laguntza ere ematen da. Gure helburua da ikusmen murriztuko pertsonak ahalik eta independentzia-maila handienarekin eta bizi-kalitate onenarekin bizi ahal izatea.  

 

EDHari eta ikusmen murriztuari buruzko sentsibilizazio-kanpainak abiarazi dituzue. Zertan oinarritzen dira “Ikusmen murriztua dut” eta “Nik kontuan dut” proiektuak? 

Lanaren parte honen muina da herritarrak sentsibilizatzea eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonekiko enpatia bultzatzea, haien eguneroko interakzioa hobetzeko eta gizarte inklusiboago eta errespetuzkoago bat lortzeko bidean. 

 

“Ikusmen murriztua dut”  

Euskadin jaio zen proiektua, eta gaur egun nazioartean ere zabaldu da. Ikusmen murriztuko pertsonak identifikatzeko bereizgarri bat behar zela pentsatu genuen, gaizki-ulertuak saihesteko eta interakzio ulerkorragoa bideratzeko. Askotan, ikusmen murriztua dugunok itxura “normala” dugu kanpotik, eta horrek nahastea sor dezake. Izan ere, egiteko batzuk modu autonomoan egiten ditugu, baina laguntza behar dugu beste zeregin batzuetarako. Ulertu ezina eta sinesgogortasuna eragiten ditu horrek. Bereizgarriaren bidez adierazten da ikusmen murriztua ez dela erabateko itsutasunaren sinonimoa, ezta bastoi zuria erabiltzen dugunean ere; hala, komunikazioa eta enpatia hobetzen dira. 

 

“Nik kontuan dut”  

Proiektu honen helburua da funtsezko kolektiboak prestatzea (besteak beste, osasunaren eta hezkuntzaren alorretako profesionalak eta jendeari harrera egiten diotenak), zerbitzu egoki eta inklusiboagoa eskain dezaten. Ikusmen murriztuko pertsonek lantegi teoriko-praktikoak ematen dituzte, eta azaltzen dute ikusmen murriztua zer den eta zer modutan agertzen den eta zer zailtasun ditugun ikusmen murriztua dugunok. Halaber, errespetuzko eta enpatiazko traturako jarraibideak ere ematen dituzte. Errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz, lantegiko parte-hartzaileak gure lekuan jar daitezke, eta, hala, gure errealitatea hobeto ulertzeko aukera izaten dute. Gainera, Ikusmen Murriztua Dut izeneko doako aplikazioa garatu dugu; iOS eta Android sistema eragileetarako dago eskuragai, eta mugikorretik bertatik ikusmen murriztuko simulazioak egiteko aukera ematen du. 

Zer aurrerapen egin dira ikerketan eta nola jarraitzen dituzue Begisaren?  

Hau da gure hirugarren lan-ildoa. Harreman jarraitua dugu BioGipuzkoarekin eta beste ikerketa-zentro batzuekin; zentro horretan, zehazki, erretinako gaixotasun batzuetarako terapiak garatzen dihardu lantalde batek. Elkarteak topagune zientifikoak antolatzen ditu, eta, gainera, laguntza ekonomikoa biltzen dugu ikerketarako, ekitaldi solidarioen bidez. Bestalde, lankidetzan dihardugu Begietako Gaixotasun Arraroen Espainiako Behatokiarekin (ONERO), zeinak begietako gaixotasun arraroen kasuen erregistroa sustatzen baitu estatuan. 

 

Boluntarioen laguntza jasotzen duzue proiektu horietan guztietan. Boluntarioen laguntzari esker, martxan jar ditzakezue jarduera eta kanpaina horiek guztiak. Nola lagundu dezakegu, dela erakundeetatik, dela pertsonalki? 

“Boluntarioak dira gure elkartearen eta gure proiektu guztien arima”. 

Ikusmen murriztuko pertsonak berak, haien senideak eta lagunak dira boluntarioak, eta alderdi askotan laguntzen digute: erakundea kudeatzen, jarduerak antolatzen, komunikazioan, gure kanpainen berri zabaltzen, ekitaldi eta lantegietan laguntzen eta abarretan. Beren jakintza modu solidarioan eskaintzen diguten profesionalen lankidetza ere asko eskertzen dugu. Gainera, osasunaren, hezkuntzaren, kulturaren eta gizartearen alorretako erakundeekin lan egiten dugu; hala, hitzarmenak ditugu haiekin eta proiektuak garatzen ditugu elkarrekin. 

Pertsona orok lagundu dezake: bazkide eginez, gure kanpainen berri zabalduz edo ikusmen murriztuaren bereizgarria errespetatuz, keinu handia baita hori. Erakundeei dagokienez, askotariko lankidetzak ditugu: erantzukizun sozialeko proiektuak, babesletzak, barne-sentsibilizazioko jarduerak eta zerbitzu eta produktuen irisgarritasuna. 

 

Zer mezu emango zenioke diagnostikoa jaso berri duen pertsona bati?  

“Ez dagoela bakarrik esango nioke. Hasiera-hasieratik gurekin harremanetan jartzera animatzen dugu. Laguntzeko, entzuteko eta tresnak partekatzeko prest dago gure komunitatea. EDH batekin edo ikusmen murriztuarekin bizitzea erronka handia da, baina ez da bidearen amaiera.”  

Ikusteko modu berri bat da —literalki eta metaforikoki—, eta Begisarek egunero egiten du lan laguntza, duintasuna eta aukerak izan daitezen nagusi bide horretan. 

 

Zer mezu emango zenieke herritarrei? 

“Funtsezkoa da gizarte gisa enpatia eta inklusioa bultzatzea. Ikusmen murriztua dugunok ikusten diren eta ikusten ez diren oztopoei egiten diegu aurre egunero. Ulermena behar dugu, bai eta irisgarritasuna ere espazio publikoetan eta pribatuetan; eta, batez ere, gure autonomia errespetatuko duen ingurune bat”. 

Informatzera, errespetuz galdetzera eta ikusmen-desgaitasunen bat duten pertsonentzako ingurune justuago bat sustatzen duten ekimenak babestera animatzen ditugu guztiak. Izan ere, ulertzen dugunean, ez dugu baztertzen. Eta ez dugunean baztertzen, aurrera egiten dugu. 

 

 

Informazio gehiago: 

www.begisare.org 

www.tengobajavision.com 

Harremanetarako 

📩 bizkaia@begisare.org 

️ +34 646 787 112 

 

Kontsulta juridikoa 2025ko Maiatza

consulta

ENPRESAK BEHARTU AL DITZAKE LANGILEAK JAIEGUNEAN LAN EGITERA?

kontsulta

Jaiegunetan lan egitea araututa dago gure lan-ordenamenduan, eta argi eta garbi ezarrita dago zer kasutan eska diezaiokeen enpresak langile bati jaiegunetan lan egitea. 

Langileen Estatutuaren (LE) 37. artikuluak adierazten du langileek eskubidea dutela jaiegunetan atseden hartzeko. Eskubide hori salbuetsita dago Langileen Estatutuaren 34. artikuluan, zeinak jaiegunetako atsedena salbuesteko aukera ezartzen baitu, funtsezko zerbitzuak bezalako kasuetan, besteak beste. 

Hala, jasotako salbuespenen artean daude funtsezko sektoreak, hala nola osasun- eta garraio-sektorea, besteak beste, eta bereziki saltokien eta ostalaritzaren aurreikuspen sektoriala, baita azken aukera bat ere, enpresa-akordioen bidez finka daitekeena edo hitzarmen kolektiboetan finkatuta egon daitekeena. 

Beraz, aurrez ezarritako salbuespenetako batean ez badago, langileak jaiegunetan lan egiteari uko egin diezaioke, salbu eta jaiegunetan lan egitea justifikatzen duen arrazoi argi bat badago. Langileak jaiegunetan lan egiteari uko egin ahal izango dio aldez aurretik adostasunik ez badago, larrialdi-egoerarik edo zerbitzuaren premia-egoerarik ez badago eta, era berean, enpresak eskaini behar duen konpentsazio-betebeharra betetzen ez bada, dela ordainsari-izaerakoa, dela atseden-egunekin konpentsatzekoa. 

Enpresak jaiegunean lan egitea eskatzen duenean bete behar dituen baldintzen artean dago konpentsazio egokia eskaintzea, aldez aurretik behar besteko aurrerapenarekin abisatzea, salbu eta larrialdietan edo aurrez abisatzea ezinezkoa denean, eta, funtsean, zerbitzua emateko beharraren justifikazio argia eta nahikoa egotea. Enpresak eskakizun horiek ez errespetatzeak ondorioak ekarri ahalko ditu; izan ere, diruzko isunak jarri ahalko dizkiote langileen eskubideen aurka jarduteagatik eta, ondorioz, haien atsedenari eta ongizateari kalte egiteagatik. 

Bestalde, ikusi behar dugu badirela enpresek jaiegunetan lan egiteko kontratatzen dituzten langileak, eta haiei ez zaiela aplikagarri adierazitakoa, ez justifikatzeko beharra, ez eta konpentsatzekoa ere.  

Horri buruzko azken gogoeta bat da zer gertatzen den asteko atsedenaldia jaiegun batekin bat badator, salbu eta aplikatu beharreko hitzarmenak jaiegun hori beste egun batera aldatzea ezartzen badu. Ildo horretan, jurisprudentziak ezarrita dauka ez dagoela egun hori aldatzeko betebeharrik; halaber, jurisprudentziak behin eta berriz adierazia du ezen langileak ez duenean atsedena astero egun finko batean hartzen, ohitura gisa, enpresak asteko atsedena jaiegun batekin bat etorrarazten duela. Epai berriek ebatzi dutenez, egun horiek ezin dira beti asteko atseden-egunekin bat etorrarazi ohiko praktika gisa, are gehiago kontuan hartuta atsedenaldiak hitzarmen kolektibo aplikagarrian ezarritakoaren arabera aurreikusi behar direla eta litekeena dela langile hori aparteko orduak egiten aritzea; izan ere, urteko benetako lanaldiaren guztizkoak, ziurrenik, gainditu egingo du aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako gehienekoa, eta, beraz, langileak aparteko orduak ordaintzeko eskatu ahal izango du, bai eta atsedena hartzeko bere eskubidea ustez urratzen ari direla salatu ere.  

Jesús María Vicente Cuadrado 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Mutualex epaia 2025ko Maiatza

sentencia

AUZITEGI GORENEKO LAN ARLOKO SALAK 2025EKO MARTXOAREN 11N EMANDAKO 182/2025 EPAIA (2115/2023 ERREKURTSOA) 

mazoa

Epai horretan planteatzen den eztabaida da ea posible den alargun-pentsioa aitortzea banantze-kasu batean, non ezkontideak banantze judizialaren ondoren adiskidetu egin baitziren, baina Epaitegiari adiskidetze horren berri eman gabe

Auzitegi Gorenaren epaiak ebazten duena aztertu aurretik, komeni da prozeduran zehar eman ziren ebazpen judizialak aipatzea: 

  1. Madrilgo Lan Arloko 11 zenbakiko Epaitegiak 2022ko uztailaren 28an emandako epaiaren bidez, ezetsi egin zen alargun-prestazioa erreklamatzeko aurkeztu zen demanda. Hona hemen frogatutako egitate aipagarriak:   
  • Demandatzailea 1998an ezkondu zen. 
  • Navalcarneroko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegiaren 2012ko urriaren 15eko epaiaren bidez, ezkontideen arteko banantzea deklaratu zen. 
  • Madrilgo Udalak emandako errolda-agiri kolektiboan jasota dago demandatzailea eta haren senarra etxebizitza berean daudela inskribatuta. 
  • 2020ko martxoaren 8an, hil egin zen demandatzailearen senarra zena. 
  • Demandatzaileak alargun-prestazioa eskatu zuen, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu zion. Alabaina, aitortutako prestazioaren berrikuspenaren ondorioz, GSINek banantze judizialaren epaiaren berri izan zuen, eta ondorioztatu zuen ezen demandatzaileak ez zituela betetzen prestaziorako eskubidea izateko baldintzak. Hala, 2020ko urriaren 14an kasuan kasuko ebazpena eman zuen, eta, haren bidez, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra ezarri zion demandatzaileari.   
  1. Madrilgo Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak 2023ko martxoaren 9an emandako epaiaren bidez, erabaki zen Lan Arloko Epaitegiaren epaia baliogabetzea, eta demandatzaileari alargun-pentsioa aitortzea. Horretarako, Auzitegiak oinarri hartu zuen demandatzailearen eta kausatzailearen arteko banantze judizialaren ondoren berriro ekin zitzaiola ezkontideen arteko izatezko bizikidetzari. 

Auzitegiaren arabera, izatezko bikoteen alargun-pentsioa arautzen duen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 221.1 artikuluko eskakizun guztiak betetzen ziren, eta kausatzaileari eta onuradunari ezin zitzaien galdegin izatezko bikoteen erregistro autonomikoan inskribatzeko; izan ere, senar-emazte gisa erregistratuta zeuden jada, eta ezin ziren berriro erregistratu, izatezko bikoteen erregistroak ezin baitira formalizatu senar-emazteentzat . 

  1. Madrilgo Auzitegi Gorenaren epai horren aurka kasazio-errekurtsoa jarri zen. Errekurtso hori Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak ebatzi zuen, aztergai dugun 2025eko martxoaren 11ko epaiaren bidez. 

Auzitegi Gorenak kasu honetan adierazi du kontuan hartu behar dela ezkontideen adiskidetzea Kode Zibilaren 84. artikuluan dagoela araututa. Artikulu horrek xedatutakoari jarraikiz, “adiskidetzeak amaiera ematen dio banantze-prozedurari, eta gerogarreneko ondorerik gabe uzten du prozedura horretan erabakitakoa; baina bi ezkontideek, bakoitzak bere aldetik, adiskidetze horren berri eman beharko diote auzia erabakitzen ari den edo erabaki duen epaileari“.   

Aipatutako auzi hori ebazteko, Auzitegiak hizpidera ekarri du jurisprudentzia-doktrinak behin eta berriz xedatutakoa. Doktrina horren arabera, ezkontideen arteko banantzeak, hura agindu duen erabaki judizialak bere horretan dirauen bitartean, ondorio jakin batzuk sortzen ditu legez, eta ondorio horien artean hau da funtsezkoena: eten egiten dela ezkontideen arteko elkarbizitza. Hori dela eta, ezkontideen arteko banantze-egoerak bere horretan irauten duen bitartean eta ebazpen judizial berri baten bidez egoera hori aldatzen ez den bitartean, legez ez dago ezkontideen arteko elkarbizitzarik, egitatez gauzatzen bada ere. 

Auzitegi Gorenak xedatzen duenez, judizialki banandutako ezkontideen adiskidetzeak ondoreak izan ditzan alargun-pentsioaren aitorpenean, beharrezkoa da Kode Zibilaren 84. artikuluak galdegiten duen jakinarazpen judiziala egitea; izan ere, jakinarazpen hori egin ezean, elkarbizitzaren egitatezko berrekite batean aurrean geundeke, eta horrek, ezkontideen artean ondoreak izan ditzakeen arren, ez du zertan ondore horiek izan hirugarrenen aurrean, —eta Gizarte Segurantzaren Erakunde Kudeatzailea, jakina, hirugarren bat da kasu honetan—. 

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak xedatzen du lau kasu desberdinek ahalbidetzen dutela alargun-pentsioaren sortzapenakasu bakoitzak bere baldintzak ditu—, eta hauek dira horietako bi:   

  • Banantze judiziala edo dibortzioa. Konpentsazio-pentsioaren jasotzailea izatea edo genero-indarkeriaren biktima izatea eskatzen da (GSLOren 220. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak).   
  • Egungo izatezko bikotea edo izatezko bikote historikoa. Besteak beste, berariazko erregistroren batean inskribatu izatea eskatzen da (GSLOren 221. art.). 

Kasu honetan, Auzitegi Gorenak nabarmendu du agintaritza judizialari ez zitzaiola jakinarazi kausatzailearen eta demandatzailearen adiskidetzea, eta legez banandutako ezkontideak zirela; beraz, demandatzaileak alargun-pentsioa jasotzeko eskubidea izan dezan, GSLOren 220. artikuluko baldintzak bete behar dira, (artikulu horrek arautzen du banantze-, dibortzio- edo ezkontzaren deuseztasun-kasuetako alargun-pentsioa), eta ez GSLOren 221.1 artikuluko betekizunak. Izan ere, 221.1 artikuluak izatezko bikoteen alargun-pentsioa arautzen du, eta, pentsio hori jaso ahal izateko, bikoteak berariazko erregistroren batean inskribatua egon behar duela xedatzen du. Hizpide dugun kasu honetan, demandatzaileak ez du baldintza hori betetzen. 

Beraz, aplikatu beharreko araua GSLOren 220. artikulua denez, Auzitegi Gorenak xedatu du ezen, arau horri jarraikiz, judizialki banandutako pertsonak Kode Zibilaren 97. artikuluko konpentsazio-pentsioaren hartzekodun izan behar dutela edo onuradunak genero-indarkeriaren biktima izan behar duela, baina aztergai dugun kasu zehatz honetan ez direla betetzen baldintza horiek, eta, horrenbestez, demandatzaileak ez duela alargun-pentsioa jasotzeko eskubiderik. 

Jesús María Vicente Cuadrado 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua