Segurtasun-neurriak falta izateagatik prestazio ekonomikoak gainordaintzearen erantzukizun solidarioa 

trabajos forestales

Auzitegi Gorenak 2025eko urtarrilaren 23an emandako epai interesgarrian (2396/2022 errekurtsoan oinarritua) lantzen da prestazio ekonomikoak segurtasun-neurriak falta izateagatik gainordaintzearen erantzukizun solidarioaren irismena; ez du doktrina aldatzen, baina elementu interesgarriak sartzen ditu enpresa-azpikontratatzeen kasuan erantzukizunaren irismena baloratzeari dagokionez. 


Beti bezala, erantzun juridikoa eman zaien gertaerak aztertu behar ditugu lehenik eta behin: enpresa batek partikular baten hiru lurzatitako zura ustiatzeko eskubidea erosi zuen, eta enplegatzaile batekin azpikontratatu zituen zura mozteko lanak; enplegatzaile hori pertsona indibidual bat zen, eta arduradunak eta hiru langilek osatutako talde batekin mozte-lan horiei ekin zieten. 

Mendian ustiaketa-lanak egiten ari zirela, langile batek lesio larriak jasan zituen, eta erabateko ezintasun iraunkorra aitortu zitzaion. Enpresa kontratatzaileak egin zuen arriskuen ebaluazioan jasotzen da lanpostuan objektuak goitik erortzeko arriskua. 

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak % 30eko gainordaina aitortu zion mozketa-lanak egiten ari zen langilearen enpresari. Langileak errekurritu egin zuen, eta % 40ko gainordaina eskatu zuen, bai eta bi enpresen solidaritatea ezartzeko ere: zura ustiatzeko eskubidea erosi zuena eta lana azpikontratatuta hartu zuen enpresa —istripua izan zuen langilearen enpresaburua—. 

Lan Arloko Auzitegiak % 40ko gainordaina aitortu zuen eta solidarioki ezarri zien bi enpresei. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2022ko martxoaren 24ko epaian, langilearen enpresa enplegatzaileari esklusiboki aitortu zion gainordaina. Langileak kasazio bidez errekurritu zuen epaia, eta bi enpresen solidaritatea eskatu zuen, jotzen baitzuen istripua lehenbiziko enpresaren erantzukizunaren eremuan gertatu zela eta horrek solidaritatea aitortzea justifikatzen duela. 

Auzitegi Gorenak langilearen errekurtsoa ezetsi zuen. Aplikatu beharreko araudia eta bestelako erabaki jurisdikzional batzuk aztertuta, iritzi zion, indarrean den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 164.2 artikuluarekin bat etorriz, segurtasun-neurriak falta izateagatiko prestazioen gainordaina zuzenean egokitzen zaiola enpresaburu arau-hausleari; enpresaburu bat baino gehiago badira, erantzukizun solidario desegokia izango da, eta, horrenbestez, kasu bakoitzean zehaztu beharko dugu nor den enpresaburu arau-hauslea. 

Adierazi zuen, halaber, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 24.3 artikuluaren arabera enpresa nagusiari dagokiola zaintzaren betebeharra, haren lantokiren batean egiten bada jarduera; baina horrek ez du esan nahi enpresa nagusiaren lantokian eta haren jarduera azpikontratatua egikaritzean gertatutako lan-istripu oro enpresa nagusiaren erantzukizuna denik. Prestazioen gainordainari dagokionez, beharrezkoa izango da istripua eragin duen lanean enpresaburu arau-hausleak laneko segurtasunari buruzko arau bat urratzea. 

Kasuaren inguruabarrak baloratuz, Auzitegi Gorenak erantzukizunaren interpretazio murriztailea izan zuen. Istripua gertatu zen basoan, ez zegoen enpresa nagusiko langilerik; enpresa kontratatzaileak kontratatutako taldeko langileak bakarrik ari ziren lanean. Zuhaitzak mozteko, ez zen eskatzen enpresa-koordinaziorik. Enpresa nagusiak baliabide pertsonalik ez zuen toki batean gertatu zen istripua; beraz, enpresa nagusiari ezin zaio ezarri laneko segurtasuneko arauak zaintzeko betebeharretik eratorritako prestazio-gainordainik. 

Jurisprudentzia-doktrinak dio erabakigarria dela egiaztatzea istripua enpresa nagusiari egotz dakiokeen arau-hauste baten ondorioz sortu den eta haren erantzukizunaren testuinguruan. Horregatik, zehaztu behar da enpresa nagusia enpresa arau-hauslea den. Eta kasu honetako gertaerak ikusita, Auzitegi Gorenak irizten dio enpresa nagusiak ez dituela urratu laneko segurtasuneko arauak eta beraz ez zuela arau-hauste batek eragin istripua; enpresa ez da enpresa arau-hauslea, eta horregatik enpresa nagusiak ez dauka erantzukizunik epaitutako kasutik eratorritako Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoei dagokienez. 

Horrenbestez, epai honen arabera, jarduera bera ez da enpresa nagusiaren erantzukizun solidarioa zehazteko faktore bat kontratistaren lan-istripuetan, baina kontuan hartuko da; izan ere, erantzukizuna egoteko, lotura zuzenagoa behar da enpresa nagusiaren jardueraren eta istripua gertatzen den tokiaren artean. 

Cristina Cearra Guezuraga 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Iradokizun Onenaren XIII. Saria eman dugu

entrega-ipad-mejor-sugerencia-2024

Joan den martxoaren 4an, “XIII. Iradokizun Onenaren Saria” banatu zen. Ekimen horren bidez, hobetzen laguntzen digun kanpo-ekarpenak aitortu eta saritu nahi dira.

XIII. edizio honetan, TPI Ingenieria S.L. enpresako langile Kira Villamizarrek eskuratu du saria, IPAD bat, aurkeztutako iradokizunagatik.

sariduna 2024

“Nire iradokizuna da auto ebaluatzeko edo prestatzeko aukera ematen duen plataforma moduko bat egotea. Formatu digitaleko plataforma bat, langileek beren ongizatearen autoebaluazioa egin ahal izateko (mentala, fisikoa…). Eta autoebaluazio hori egin ondoren, behar izanez gero, hobetzeko gomendioren bat ematea. Ildo horretatik, langilearen sektoreko arriskuetan oinarritutako trebakuntza barne hartzen duen gomendioa izan daiteke (bizkarreko edo eskumuturreko mina baduzu, zer ariketa egin lanaldian, adibide bat aipatzearren). “

Iradokizun asko eta kalitatekoak jaso ditugu, eta eskerrak eman nahi ditugu, lagungarri izango baitira, zalantzarik gabe, gure zerbitzuak hobeto ezagutzeko eta erabiltzaileen espektatibetara hobeto egokitzeko.

Erakundeak euskaraz komunikatzeko gida

jendaurrean aurkezpena

Azaroaren 22an erakundeak euskaraz komunikatzeko gida aurkeztu zen Donostiako Tabakaleran. Erakundeek komunikazio publikoa euskaraz (ere) egitea erraztu nahi duen gida da. Kontsultarako tresna bat da, erabiltzailearen behar eta baldintza desberdinetara egokitzeko bokazioz sortu dena. Gaiaren inguruko eduki ugari biltzen dira modu irekian eta doakoan. 

Gidaren helburua da komunikazio publikoak euskaraz egiterakoan sor daitezkeen erronka eta zalantzei erantzun ahal izatea; zer egin sare sozialetan? Nola prestatu bozeramaileak? Nola kudeatu hizkuntzak ekitaldi handietan? Zer irizpide erabili komunikabideekin? 

Online aurkezpen laburra antolatu da datorren otsailaren 20an Gidaren filosofia eta ezaugarri nagusiak azaltzeko. Aurkezpen mota honen bidez, tresna modu eroso eta ari batean ezagutzeko aukera eskaini nahi zaio interesa izan dezakeen ahalik eta pertsona gehienei. Saioak 45 minutu iraungo ditu, otsailaren 18 baino lehen izena ematea beharrezkoa da, eta inskribatutakoek posta elektroniko bidez jasoko dute parte hartzeko esteka. 

Izena emateko bete ondorengo galdetegia: http://labur.eus/jendaurreangida 

Mutualiak bat egin du Eskuara proiektuarekin 

eskuara

“Eskuara” egitasmoarekin bat egin du Mutualiak beste 23 enpresekin batera. Hitzarmen honen bidez, Mutualiak euskararen erabilera areagotzeko neurriak sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartzen du, baita enpresan garatutako jardunbide egokiak partekatzekoa ere. 

Abenduaren 11an, Arabako Enpresen Foroaren XI. edizioa izan da eta “Eskuara” egitasmoarekin bat egin du Mutualiak beste 23 enpresekin batera. Jardunaldian Iza igogailu enpresak eta Mutualiak praktika onak aurkeztu dituzte. Honako enpresa hauek sinatu dute hitzarmena eta foroan egon dira: Adigrafik, Aenkomer, Aiaraldeko Faktoria, Angostoko Kanpinga, Asafes, Ciudad Jardin, Ediren, Egibide LH, Eraiken LH, Eska Hiunday, Galemys, Gamarra LH, Grafik Sarea, Idarte LH, Irsearaba, Iza, Laudioalde LH, Mendizabala LH, Metaposta, Mutualia, Sartu Araba, Sirimiri, Tartekamedia eta Uriarte. 

foto Jon (1)

Ekitaldiari harrera egin diote Sonia Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, eta Saray Zarate, Arabako Foru Aldundiko Landa, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatuak. Eskuara zerbitzuarekin bat egin duten enpresei aitortza egin die, bestalde, Zarate Fernandezek eta Iñaki Gurtubai, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak. 

Lanbide Heziketak eta praktikek ezinbesteko zeregina dute euskalduntze-bidean lan-eremuan. Lanabes egitasmoak Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sariak banatzen ditu, eta Arabako Enpresen XI. Foroan izan da aurtengo saridunetako bat: Ane Sesmilo Cruzek nabarmendu du praktikaldia euskaraz egiteak ekarri dizkion onurak, eta horrek enpresari ematen dion balio erantsia. Izan ere, enpresetan hizkuntza aniztasuna kudeatzen denean besteengandik bereizteko balio dutela esan du, eta horrez gain, baita enpresa kokatzen den errealitatearekin egokitzea ere. Praktiketako ikasle sarituarekin batera igo dira taula gainera Joseba Koldo Gartzia Hontz Extremeko enpresaria, bertan praktikak egin zituen Mikel Nevado eta Xabier Mendiguren Ciudad Jardin ikastetxeko kidea. 

“Eskuara” proiektuaren helburua da 50 langile baino gehiago dituzten Arabako enpresetan euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza berdintasuna bultzatzea. Lanabes programaren barruan sortutako egitasmoa da.  

Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra dago: enpresak bere behar eta neurrira egokitutako konpromisoak hartzea eta betetzea. Horretarako, Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatuko dute. Proiektuan parte hartzen duten enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntza dute. Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen du. 

“Eskuara” komunitatearekin bat egiteko eta zerbitzuak jaso ahal izateko eskuara@lanabes.eus helbidera mezua bidali eta aholkulariek harremanetan jarriko dira. 

Gure Esperientzia Partekatuak laneko prebentzioaren alorrean

mutualia-sariak

Laneko arriskuen prebentzioaren alorreko esperientzia partekatuen fitxa berriak dakarzkizuegu: #LapEsperientziak.

Oraingo honetan, aurreko edizioetan Mutualia Sarietara ENPRESAKO ANIZTASUNA kategorian aurkeztu izan diren proiektuak partekatuko ditugu gure enpresekin.

2022an, zenbait erakunde aurkeztu ziren, eta pertsona guztiak berdintasunean integratzeko eta gizarteratzeko duten esperientziaren berri eman ziguten.

EmteSPORT, “Aniztasuna hazkunde-faktore gisa

GUREAK LANEAN SA, “LAN-TEA. Espezializazioa inklusioarekin bateratuz

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA, “Desgaitasun intelektuala duten pertsonen Bizkaiko Foru Aldundiaren antolamendurako sarbidea eta inklusioa

mutualia saria

Mutualia Sarien X. Edizioan , nahi duten enpresa guztiek aurkeztu ahal izango dute beren proiektua kategoria honetan:

ENPRESAKO ANIZTASUNAREN SARIA

Aurkeztutako proiektuek edozein esku-hartze prebentibo, prozedurazko, metodologiko eta abar garatu dezakete, lan-ingurunean aniztasunaren kudeaketa hobetzen laguntzeko. Proiektu horien helburua izango da lan-baldintzak egokitzea erakundea osatzen duten pertsonen ezaugarrietara, eta laguntzea ez dadin pertsonen arteko diskriminaziorik izan generoagatik, adinagatik, arrazagatik, hizkuntzagatik edo dibertsitate funtzionalagatik, besteak beste.

Aurkezpen-data

Aurkeztuko diren enpresek 2025eko otsailaren 15a baino lehen bidali beharko dituzte proiektuak.

Proiektuaren formularioa

Mutualia Sarietan finalista diren enpresa eta/edo langile autonomoek Mutualia Sarien banaketa-ekitaldian aurkeztuko dituzte jendaurrean beren proiektuak, 2025eko martxoaren 25ean, Mutualiak 125 urte betetzen dituen egunean. Ekitaldi horretan, proiektuak baloratuko dira, proiektu irabazleak aukeratuko dira eta sariak banatuko dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Mutualiako Prebentzio Aholkularitzarekin.

Gustatuko litzaiguke Gure Esperientzia Partekatua ez izatea argitalpen hauek bakarrik. Horregatik, Mutualiako Prebentzio Zerbitzuak dei egiten die enpresa elkartuei laneko arriskuen prebentzioan dituzten esperientziak eta bizipenak ezagutzera eman ditzaten, Prebentzioko gure taldearekin. harremanetan jarriz.

Mutualia, Gizartearen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria

mutualia-euskalit-2024 -web

Aitorpen hori role model praktika honek ekarri du: “Gizartearen kudeaketan ikuspegi etikoa kontuan hartzea, jasangarritasunerako funtsezko elementu estrategiko gisa”

Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek Kudeaketa Aurreratuaren aitorpenak emateko urteroko gala egin dute Bilboko Euskalduna Jauregian.

Edizio honetan, Mutualiak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso du Gizartea elementuan, eta sari-emaileek role model hau nabarmendu dute: “Gizartearen kudeaketan ikuspegi etikoa kontuan hartzea, jasangarritasunerako funtsezko elementu estrategiko gisa”. Praktika horren funtsa da etika ere oinarri estrategiko gisa hartzea Mutualia bihurtzeko balio etikoak, memoria eta erantzukizuna dituen hiri-enpresa, kontuak ematen dituena eta bere jarduera-ingurunea hobetzeko xedea duena.

Arantxa de la Ayak, Mutualiako Egokitzapen Etikoaren Batzordeko kideak, jaso du saria, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren eskutik.

Gizartea elementuaren aitorpenarekin, Mutualiak bere laugarren elementua eskuratu du, aurretik Pertsonak, Bezeroak eta Estrategia ataletan lortuak baitzituen. Hala, Euskalitek kudeaketa aurreratuagatik gehien saritu dituen Euskadiko bi erakundeetako bat bihurtu da.

EUSKARAZKO KOMUNIKATZEKO GIDA 

jendaurreaneus

Azaroaren 22an JENDAURREAN.EUS erakundeen euskaraz komunikatzeko gidaren aurkezpen-ekitaldia izan zen, Donostiako Tabakaleran. 

Proiektua 2015 urtean hasi zen. Izaera eta alor desberdinetako erakundeak bildu ziren, euskarazko komunikazioaren arloan esperientziak eta praktika onak elkarbanatzeko eta horrela Praktika komunitatea sortu zen; bertan egon dira, besteak beste, kultur eragile handiak, instituzio publikoak, unibertsitateak eta euskalgintzako erakundeak eta baita dozenaka entitate ere. Horien artean Mutualia esperientziak partekatuz, bisitak eginez eta lan egoitza gisa. Komunitatea ekinbidearen muina izan da. 

Soziolinguistika Klusterrak gidatuta, bederatzi urte hauetan Jendaurrean Erabili dinamika egon da martxan, eta horren fruitua da gida. «Praktika komunitate bat» izan du ardatz ekimenak, eta esperientziak, zalantzak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera eman du. «Hori aberasgarria izan da. Batzuetan kosta egiten da bestearen lekuan jartzea, baina beste batzuetan lortu egiten dugu, eta hori oso onuragarria da”, azaldu du Asier Basurtok, “Jendaurrean Erabili” egitasmoaren koordinatzaileak. Donostiako ekitaldian gida aurkeztu eta amaitutzat eman da proiektua. 

Proiektuaren helburua, “jendaurreko komunikazioan euskararen erabilera erraztu, sustatu edo eraginkorrago egiteko nahia duten erakunde eta eragileei laguntzeko eta jardun hura errazteko bitarteko eta bideak erraztea eta antolatzea da”. 

Proiektuaren sustatzaileak EHU/UPV eta Soziolinguistika Klusterra izan dira, ikerketa-talde bat sortu zuten Praktika komunitatea koordinatzeko eta elikatzeko ardurarekin. 

Praktika Komunitateko kide izan dira: Adegi, AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Athletic Club, Bai Euskarari, CAF, Festival Internacional de Cine de San Sebastián, Ayuntamiento de Donostia, EITB, ELA, Elhuyar, Emun, Universidad del País Vasco, Parlamento Vasco, Ayuntamiento de Getxo, Diputación Foral de Gipuzkoa, Guggenheim Bilbao Museoa, IMH, LAB, Mancomunidad de Malerreka, Corporación Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Real Sociedad y la Mancomunidad de Sakana. 

Eta babesleak: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 

Gida edozein erakunderentzat erabilgarri eta praktikoa bat izan nahi du, komunikazio publikoa hizkuntzak egoki kudeatzen egin nahi duenarentzat. Helburua da euskarari ahalik eta toki txukunena eta handiena ematea bai eremu digitalean, bai sare sozialetan, baita ere presentzialki ekitaldi, batzar, bilera zabal eta horrelakoetan, baita ere prentsarekin harremanean. 

Gidan hiru eremu nagusi ageri dira: zer egin, non eta nola eragin eta azkenik, baliabide eta tresnak. Horietan gomendioak, gakoak, erreferentziak… horrelakoak biltzen dira. Ez du  esaten gauzak nola egin behar diren nahitaez, eta are gutxiago, “horrela eginda beti ondo ateratzen dela”. Testuinguru eta behar desberdinetara egokitzeko aukerak eskaintzen ditu gidak, izan ere, ezaugarrietako bat malgutasuna da. 

Gida ondorengo estekan aurkitu daiteke: https://jendaurrean.eus/ 

Laguntza-zerbitzuaren kalitatearekin duen konpromisoa berretsi du Mutualiak SETLA Biltzar Nazionalean 

setla 2024

Mutualiak modu aktiboan parte hartu du azaroaren 28an eta 29an Sevillan egin den 23. SETLA Biltzar Nazionalean (Sociedad Española de Traumatología Laboral – Lan Traumatologiako Espainiako Elkartea). 

Espainia mailan erreferente gisa finkatu da biltzarra medikuntzako, erizaintzako, fisioterapiako eta terapia okupazionaleko profesionalentzat, bereziki Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuen esparruan. Aurten, kongresuan parte hartu du Oinaren eta Orkatilaren Espainiako Medikuntza eta Kirurgia Elkarteak. Aurtengo egitarauaren barruan, mahai-inguruak, komunikazioak, tailerrak eta posterren aurkezpenak egin dira, besteak beste, eta ezagutzak eta esperientziak partekatu dira.   

 

Mutualiaren parte-hartzea SETLA Kongresuan 

Arlo batean baino gehiagotan hartu du parte Mutualiak: 

  • Erizaintzako taldea. Aingeru Urretak, Andone Larreak, Ane Telleriak, Igone Larrondok eta Nerea Alberdik bi poster aurkeztu dituzte: “Actuación antes cortes y amputaciones” (Nola jokatu ebakietan eta anputazioetan) eta “Houston, tenemos un problema” (Houston, arazo bat daukagu). Mutualitateetako profil ezberdinei buruzko erizaintzako mahai ofizialetan parte hartu dute, eta hizpide izan dituzte, besteak beste, kontingentzia arruntak, kontingentzia profesionalak eta lesio askotarikoen maneiua. Gainera, elektrokardiogramari eta oinarrizko bizi-euskarriari buruzko prestakuntza-tailerretan parte hartu dute.  
  • Errehabilitazioko taldea. Cristina Peruchok eta Idoia Ibáñez de Aspuruk “Amputación bifemoral a propósito de un caso” (Anputazio bifemorala: kasu bat) posterra aurkeztu dute. 
  • Erradiologiako taldea. Ana Capelasteguik “Mejorando la detección de fracturas con IA” (AA bidez hausturen detekzioa hobetzen) komunikazioa aurkeztu du. 
  • Traumatologiako taldea. José Maria Usandizagak, Nerea Álvarezek eta Francisco Javier García Bernalek osteomielitisari buruzko mahai ofizialean parte hartu dute, aurkezpen honekin: “Qué hacemos bien y qué hacemos mal” (Zer egiten dugun ondo eta zer gaizki). 

 

SETLA Biltzarrean parte hartuz, Mutualiak bere lanaren kalitatearekin eta bezeroaren segurtasunarekin duen konpromisoa berresten du. Prestakuntzaren, ikerketaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko etengabeko lan honek bermatzen du profesionalek abangoardiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egitea beti osasun-laguntzaren eremuan. 

 

 

2024ko A17: Zirkulazio-istripuen biktimak oroitzeko mundu-eguna 

carretera seguridad vial

Azaroko hirugarren igandean, mundua gelditu egiten da zirkulazio-istripuek —edo, gaur egun esaten den bezala, errepide-ezbeharrek— eragindako biktimak oroitzeko. 

2005eko urriaren 26an aldarrikatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak egun hori, errepide-istripuek eragiten dituzten ondorio ekonomikoen eta giza sufrimenduaren gainean kontzientzia pizteko. 

 Bestalde, larrialdi- eta laguntza-zerbitzuek egiten duten lan garrantzitsua aitortu nahi da, eta ekintzak sustatu nahi dira, etorkizunean errepideetako tragediak prebenitzeko. Egun horrek bizitzaren hauskortasuna eta bide-segurtasunaren garrantzia gogorarazteko balio izan du ezarri zenetik. 

Aurten, 2024ko azaroaren 17an, Errepide Ezbeharren Biktimak Oroitzeko Mundu Eguna ospatuko da. Hausnarketa, elkartasuna eta ekintza bultzatuko ditu egun horrek. 

STOP ACCIDENTES eta beste zenbait erakunde eta laguntza-taldek bat egin dute mundu osoan jarduerak antolatzeko. Ildo horretan, omenaldi-ekitaldiak eta kontzientziazio-kanpainak antolatu dituzte, besteak beste. Helburua argia da: halako istripuetan bizitza galdu dutenak gogoratzea eta errepidean etorkizun seguruagoa lortzearen alde egitea. 

Aurtengo gaiak prebentzioa eta hezkuntza ditu ardatz. Bide-segurtasuneko adituek nabarmentzen dutenez, neurri zorrotzagoak eta eraginkorragoak ezarri behar dira ezbehar-kopurua murrizteko. Horren barruan sartzen dira segurtasun-uhalaren erabilera sustatzea, kontzientzia piztea alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak dituen arriskuei buruz, eta abiadura-mugak errespetatzearen garrantzia zabaltzea. Horretaz gainera, azpiegitura seguru eta irisgarrietan inbertitzeko deia egiten zaie gobernuei, bai eta biztanleriaren sektore guztietara iristen diren hezkuntza-kanpainak bultzatzekoa ere. Teknologiak ere garrantzi handia du; gidariari laguntzeko sistemetan izaniko aurrerapenei esker, badirudi errepideak seguruagoak izango direla etorkizunean. 

Oroitzapen-egun honetan, funtsezkoa da gutako bakoitzak geure gidatzeko moduari eta ohiturei buruz hausnartzea. Bide-segurtasuna guztion erantzukizuna da, eta gure jokabidean egiten dugun aldaketa txiki orok alde handia eragin dezake. Gogora dezagun giza faktoreak eragiten dituela errepide-ezbeharren % 70 eta % 90 bitarte. 

Espainian ere egoera kezkagarria da. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emaniko datuen arabera, 2023an 1.100 pertsona hil ziren Espainiako errepideetan. Aurreko urteekin alderatuta beherakada txiki bat izan bada ere, onartezina izaten jarraitzen du. 

2024an, 850 pertsona hil dira zirkulazio-istripuetan orain arte. Horrek esan nahi du asko dagoela oraindik ere egiteko, bide-segurtasuna hobetzeko ahaleginak egiten ari diren arren.