MUTUALIA MUJERES AVENIR 2017 SARIA

MUTUALIA MUJERES AVENIR 2017 SARIAren banaketa-ekitaldian izan da, RENAULTek gonbidatuta, Berdintasuneko Bereizgarria duten Enpresen Sarearen bidez elkarlanean dihardu eta.

Emakumeen nazioarteko egunaren harira, martxoaren 8an, MUJERES AVENIR Espainiaren eta Frantziaren arteko Adiskidetasunerako Elkarteak, Frantziako Enbaxadarekin elkarlanean, Frantzia eta Espainia Tribuna antolatu zuen. María Luisa de Contes RENAULT Espainiako ordezkari eta Mujeres Avenir elkarte espainiar-frantseseko presidentea aritu zen moderatzaile-lanetan.

 

2017Ko MUJERES AVENIR SARIAren irabazlea:

Alejandra Miller Restrepo Kolonbiako Emakumeen Bake-bideko liderra

Emakumeen Bake-bideko liderra da Caucan, indarkeria soziopolitikoak gogorren jotako eskualdeetako batean, oinarriko militante gisa hasi bazen ere. Ekonomialaria da, Azterlan Politikoetako maisutzarekin, eta Bake eta Gatazka-kudeaketako doktoregaia Granadako Unibertsitatean (Kolonbia). Gaur egun «bakerako pedagogia» izeneko agenda gidatzen du Caucan, eskualde horretako gobernu-idazkaritzan jardunez.

Irakaslea izan da 15 urtez Caucako Unibertsitateko Ekonomia Sailean eta emakumeen parte-hartze prozesuetan eta eskubideen sustapenean parte hartzen du, baita bakearen eraikuntzan ere; 17 urtetik gora daramatza emakumeen gizarte-mugimenduan lanean.

 

Lucía del Carmen Cerón Hernándezek, Emakumearen eta Aukera-berdintasunerako Institutuko zuzendari nagusi berriak –urtarrilean izendatu zuten–, eman zion saria.

Sari-banaketa zela eta, MUJERES AVENIR EKITALDI bat antolatu zen, «Nola orkestratu aniztasuna?» izenburuarekin, Claire Gibault, Paris Mozart Orkestraren sortzailea, eta Silvia Sanz, Madrilgo Orkestra Metropolitanoaren zuzendaria, orkestra-zuzendariak hizlari aritu zirena.

 

Claire Gibault, Paris Mozart Orkestraren zuzendaria

Frantziako Lyongo Opera Nazionalean hasi zuen bere ibilbidea, eta lehen emakume zuzendaria izan zen Scalako Orkestran eta Berlingo Filarmonikoan, eta, horrek, bere garaian, emakume bat zuzendari aritzearen kontrako prentsa-artikuluak eragin zituen.

Zailtasunak zailtasun, aurrera egin zuen. Musika-zuzendari lanetan aritu zen Musica per Roma fundazioan 2000tik eta 2002ra, baita Claudio Abbadoren laguntzaile-lanetan ere, Scalan, Vienako Operan eta Londresko Royal Opera Housen. 2004an, Boloniako Mozart Orkestraren sorreran parte hartu zuen eta, 2007ra arte, zuzendari aritu zen kontzertuetan.

Gaur egun prestigiozko erakunde asko zuzentzen ditu (Londresko Covent Garden, Washingtongo Opera, Parisko Théâtre du Châtelet, Salle Pleyel eta Cité de la Musique, Marseillako Opera, Edinburgoko Jaialdia, Glyndebourneko Jaialdia, etab.).

2004tik 2009ra Europar Batasuneko parlamentaria izan zen, eta Kulturako eta Hezkuntzako Batzordeko eta Emakumeen eskubideen eta Genero-berdintasunaren aldeko Batzordeko kide. 2010az geroztik, Ekonomia, Gizarte eta Ingurumen Kontseiluko Kultura, Hezkuntza eta Komunikazio Saileko kidea da.

SILVIA SANZ Madrilgo Orkestra Metropolitanoaren zuzendaria

Konposizioko eta orkestra-zuzendaritzako irakasle izan zuen Enrique García Asensio maisua, eta, gerora, Helmuth Rilling eta Aldo Ceccato, besteak beste.

1996an Grupo Concertante Talía (GCT) sortu zuen; orkestra- eta abesbatza-musika sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea. Proiektu horrek, egun, hiru orkestra barne hartzen ditu, horietako bat haurrez osatua, 100 ahots baino gehiagoko abesbatza bat eta 2.000 ikasletik gora Madrilgo Sanchinarroko Kultur Zentroko eta Joaquín Turina Musika Zentroko musika-ikastaroetan.

Bereziki nabarmentzekoa da orkestra-prestakuntzan egiten duen lana, Salvadorreko edota Etiopiako orkestra-gazteekin egindako lankidetzak edo trukeak, adibidez.

AED mujeres empresa behatokiaren aurkezpena

Iragan martxoaren 2an Cristina Mendia Bilboko Iberdrola dorrean izan zen, Mutualia ordezkatuz, AED MUJERES EMPRESA BEHATOKIAREN AURKEZPENEAN.

Carolina Pérez Toledo AEDko presidenteak eman zuen ongietorria. Eva Armesto Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Behatokiaren aurkezpenaren sarrera egin zuen, eta aurkezpena bera Isabel Iturbe proiektuaren zuzendariaren esku geratu zen.

Jarraian hitzaldi bat antolatu zen, elkarrizketa formatuan, «BIZKAIKO EMAKUMEZKO ENPRESABURUEN ERAGIN SOZIOEKONOMIKOA» izenarekin. Honako hauek parte hartu zuten: Nerea Landa, DERMITEKen bazkide-zuzendaria; Mercedes Pescador, MEDIALUNA komunikazio-agentziako eta LOQUENOEXISTE argitaletxeko zuzendaria; Marta Aburto, SEGASER SLko zuzendaria. Aurkezpena eta moderatzaile-lanak Isabel Iturbek egin zituen.

Hitzaldia amaitu zenean, galderak egiteko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta Behatokiaren datuak aurkezterakoan izandako zalantza batzuk argitu ziren. Azterlana AEDren webgunean dago eskuragarri.

World Cafe-a

Miren Elgarresta Larrabide, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organokozuzendariak MUTUALIA gonbidatu zuen, mutua-arloko enpresa aitortua eta erreferentziazkoa den aldetik, 2017ko martxoaren 7an Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian (Donostia) egin zen World Cafean parte hartzeko.

Organoaren ildo estrategikoen barnean egin zen ekimen hura, bizitza pertsonala eta familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko gogoetarako eta ezagutza eraikitzeko eremu bat zabaltzeko asmoz.

Euskadiko eta Gipuzkoako gizarte-ordezkaritza zabala bildu zen ekitaldian eta emaitzak Aldundia osatzen ari den Kontziliazio Erantzukiderako Foru-planean txertatuko dira.

Jardunaldiko gogoeta batzuk:

  • Seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 5 bakarrik eskatu dituzte gizonezkoek.
  • Kopuru batzuk aldatzeko, zenbakiak baino zerbait gehiago aldatu behar da.

Bizitzako esparru guztietan ardura partekatua izateak emango digu aukera gure lurraldean egiazko berdintasuna lor dadin emakumeen eta gizonen artean, arlo pertsonalean eta familiako eta laneko bizitzan.

Mutualiaren izenean, Alfonso Lizarbe Kudeaketa-segimenduko Batzordeko kidea eta Ana Alargunsoro Mutualiako Berdintasunerako Batzordeko kidea izan ziren bertan.

PWN Bilbao

MUTUALIA deitu zuen pasa den asteartean (martxoak 7) Rosa Urtubi PWN Bilboko presidenteak (Professional Women’s Network Bilbo), Bilboko Yimby gunean egitekoa zen Emakume inspiratzaileak zikloko hitzaldira. Bertan, Rosa María Calaf TVEren korrespontsal izandakoak parte hartu behar zuen. Kazetariak hiru hamarkadako esperientzia profesionala pilatu du, baita makina bat sari ere: nabarmentzekoak, Women Together saria, berdintasunaren aldeko ibilbide profesionala dela-eta; Ondas saria, 2001eko lan profesional onenarengatik; eta Prentsaren Nazioarteko Klubaren saria, 2006an atzerrian egindako lan onenarengatik.

Ezin izan zen bertaratu Cristina Mendía, Galiziako Xuntak gonbidatuta, LIDER-A «Lidergoa femeninoan» kongresuan hizlari ari zelako. Alabaina, Mutualiaren izenean Mónica Carballo Berdintasunerako Batzordeko kidea bertaratu zen.

Ibilbide profesionalean lidergoa lortzeko borrokaren ikono ezaguna den emakumea entzun ahal izan genuen ekitaldian, eta gazteek talentua eskuratzeko eta profesional seniorrek helburuak betetzeko beharrezkoak diren gakoak eskaini zituen

Jardunaldiaren formatua bereziki nabarmendu behar da; izan ere, hizlaria kazetari batekin solasean jarri zuten zen, eta horrek atera zizkion aitorpen aberasgarrienak Rosa María Calafi, elkarrizketa-formatu ohikoan. Elkarrizketa laster bihurtu zen solasaldi ordea, eta elkarrizketatua bezain protagonista bihurtu zen elkarrizketatzailea.

Baiki, ekitaldia inspiratzailea eta oso aberasgarria izan zen.

Mutualiak Gasteizko bere laguntza-zentro eta egoitza berria inauguratu du

11 milioi euroko inbertsioarekin, 60.000 pertsonari eskainiko dizkio bere zerbitzuak

  • Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuen zentroa Mutualiako presidente Urtsa Erraztirekin eta zuzendari kudeatzaile Ignacio Lekunberrirekin batera. Lagun izan zituzten Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Gobernuaren ordezkari Javier de Andrés, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Osasuneko sailburu Jon Darpón eta Lan eta Justizia sailburu María Jesús San José.
  • 5 solairutan banatutako 4.500 m2-ko luze-zabalarekin, erabakimen handiko osasun-zentroaren kontzeptu berri bat da. Azken belaunaldiko ekipamendu eta teknologia du, eta lurraldeko Mutualiako 60.000 langile kideri emango dio zerbitzua.
  • Mutualiak 11 milioi euro inbertitu ditu (8 eraikuntzan eta 3 ekipamenduan).
  • Zentroan 100 pertsona inguruk lan egingo du.

Gasteizen, 2017ko martxoaren 22an

Mutualiaren Gasteizko (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko 10 bis) laguntza-zentro eta lurralde-zuzendaritzaren egoitza berriaren inaugurazioa gaur goizean izan da. Bertan izan dira Mutualiako presidente Urtsa Errazti eta zuzendari kudeatzaile Ignacio Lekunberri, eta lagun izan dituzte Iñigo Urkullu lehendakaria, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Gobernuaren ordezkari Javier de Andrés, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Osasuneko sailburu Jon Darpón eta Lan eta Justizia sailburu María Jesús San José.

Mutualiak egindako inbertsioa 11 milioi eurokoa da; horietako 8 eraikuntzara bideratu dira, eta 3 ekipamendura. Erresonantzia magnetikoan, ohiko erradiologian, ekografian… azken teknologiarekin hornitu dute. Gainera, kirurgia handi anbulatorioa egiteko ebakuntza-gela hornitua du, eta soil-soilik errehabilitaziorako solairu bat, gimnasio eta hidroterapiarekin.

Zentro hori erabakimen handiko osasun-zentroaren kontzeptu berri bat da. Haren helburua erantzuteko denbora txikitzea da, arreta espezializatuaren, goi-mailako teknologiaren, ospitaleratzerik gabeko kirurgiaren eta abarren bidez. Hori guztia ohiko ospitaleratzearen ordezko aukera bat da, eta, zalantzarik gabe, mutualitateko kide diren langileen arreta hobetuko du.

Eraikina Mutualiaren Arabako osasun-zentroa eta lurralde-zuzendaritza izango da. Erakundearen ondare historikoaren jabetzako aparkaleku batek hartzen zuen lursailen zati batean egin da. M. Carmen Gómez Puente eta Luis Gómez Puente arkitektoek diseinatu dute.

Hala, Mutualiak bere lehen mailako instalazioak ditu Araban, zerbitzu guztiak Gasteiz erdi-erdian bilduta.

Mutualiari buruz

Mutualia 2007an sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-segurantzako lan istripuen eta gaixotasunen hiru mutualitate garrantzitsuenak elkartu zirenean. Mutualitateak lan-istripuen, lanbide-gaixotasunen eta kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunen prestazio ekonomikoak estaltzen ditu, eta enpresa kideentzako laneko arriskuak prebenitzeko aholkularitza-jarduerak kudeatzen ditu.

Mutualia Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mutualitatea da % 45eko merkatu-kuotarekin. Araban 60.000 langile inguru babesten du.

Aurkezpen-bideoa:

Ekitaldia:

 

LANEKO IKUSKATZAILEAREN BISITA LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOAN. Nola jokatu?

JARDUNALDI TEKNIKOA.

Jardunaldia Bilboko Yimby aretoan izango da, 2017ko apirilaren 4an.

Kontuan hartuta prebentzioa edozein lanetan sortzen diren arriskuak aldez aurretik identifikatzeko eta horien ondorioak saihesteko egiten diren jardueren multzoa dela…

Eta oinarri bezala harturik prebentzioak enpresaren kudeaketako beste alderdi bat izan beharko lukeela, eta ez administrazioaren espediente bat bete eta zigorrik ez jasotzeko tramite bat…

Proposatzen dugun jardunaldian Laneko Ikuskaritza gurekin izango da, haien bisita baten aurrean sor dakizkigukeen zalantzak argitzen saiatzeko.

Mota guztietako galderak egiteko aukera izango dugu: nor diren, zein funtzio dituzten, zein eskumen, zein arrazoi bisitak egiteko, zer eska diezaguketen eta zer jarri behar dugun haien eskura, etab… Eta azkenik, gaur egungo laneko mugikortasunaren ondorioz indarra hartzen ari den gai bati buruzko aholkularitza emango digute: «Prebentzioaren koordinazioa atzerriko enpresekin», hain zuzen ere.

Bestalde, IMQ Prevención kanpoko prebentzio-zerbitzuak bisita horiei esker duen esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu.

 

Hipika

Onura fisiko eta psikologikoak

Hipika oso sartuta dago gure artean, eta Euskal Federazioak lehiaketa asko, eta, batez ere, garrantzitsuak antolatzen ditu. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren hileko atal honetatik, oso erakargarria den eta goraka doan modalitate baten abantailak helarazi nahi ditugu. Izan ere, zaldi baten bizkarrera igotzea eta ibilaldi batez gozatzea dibertsioa, hobetzea eta laguntza ere eskaintzen duen jarduera bat da, eta, nola ez, sasoian egotea. Zaldiketa onura fisiko asko dakartzan kirol bat da. Kirol honek beste diziplina batzuen aurrean duen ezaugarri bereizle bat zaldiarekin dagoen interakzioa da. Gainera, zaldiketak praktikatzen duten zaldizkoen gorputzean onura asko dakartza, oreka bertikala eta horizontala hobetzea ahalbidetzen baitu. Enborrak zutik dirau, eta horrek jarrera kontrolatzen eta zuzentzen laguntzen du. Muskulu-tonua ere erregulatzen du, eta, gainera, zaldiak gizakiak baino tenperatura handiagoa izateak odol-zirkulazioari laguntzen dio. Zaldiketan aritzeak muskulu uzkurtuak gutxitzen ditu; gainera, zaldiaren erritmo-aldaketen aurrean adi egon behar izaten denez, mugimenduen koordinazioa, erreflexuak eta mugimenduen plangintza hobetzen dira. Nahiz eta pertsona batzuentzat hipika ez den ahalegin fisiko handia, oso kirol osatua da; muskulatura garatzea ahalbidetzen du, batez ere zangoak eta ipurmasailak, baita bizkarra eta abdominalak ere. Gainera oreka eta orientatzeko sena hobetzen laguntzen du. Onura fisiko horiekin batera, zaldiketa garrantzitsua da haurraren sozializazioan, bereganako konfiantza eta segurtasuna bultzatzen baititu, eta kontzentrazio- eta diziplina-ahalmena hobetu. Gainera, haurrek eguneroko funtsezko balio eta jarrera asko bere egin ditzaten lortzen du, eta horrek hobeak egingo ditu eguneroko oztopoen aurrean. Hemen, erantzukizunaz, lidergoaz, animaliekiko errespetuaz hitz egiten da, eta naturaz, berdintasunaz, lankidetzaz, zuzentasunaz, konstantziaz, diziplinaz, autokontrolaz, adiskidetasunaz eta ahaleginaz. Kirolarekin, jendetasunarekin eta eguneroko ohitura onekin beren akatsak kudeatzen ikasten dutenean, txikienak egunero pixka bat hobeak izan daitezen lortzen da. Zaldiz ibiltzea jarduera ezin hobea da haurrentzat, zaldiek eta beraiek elkarren arteko harreman berezia baitute. Hala, animalia horiek ezagutzen, zaintzen eta errespetatzen ikasten dute. Eta, batez ere, kirol osasuntsu eta, aldi berean, dibertigarri batez gozatzen dute. Zaldiketak hainbat diziplina du: jauzia, heziera klasikoa, lehiaketa osoa, raid… Lerro hauetatik nabarmendu nahi dugu zaldiketaren alderdi positiboak  fisikotik haratago doazela, zaldiarekin kontaktuan egotean, konfiantzari, emozioen autokontrolari laguntzen baitzaio eta autoestimua hobetzen baita. Kontzentrazioan, arretarako gaitasunean ere eragiten du, baita oroimenean ere. Animalia gure kontrolpean egoteak arretarako gaitasuna hobetzen laguntzen du, eta errespetua, erantzukizuna eta antzeko sentimenduak proiektatzen ditu. Zaldiz ibiltzeak espazioan eta denboran kokatzen laguntzen du. Horrek guztiagatik hipika kirol oso eta ezin hobea da guztiontzat.

Euskal Hipika Federazioaren lizentzia edo kirol-txartela eskatzean, zaldizkoek hainbat abantaila lortzen dute, kirol-aseguruaz eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukeraz gain (federazioaren lehiakide-lizentziaren kasuan). Hona hemen abantailetako batzuk: doako sarbidea ikastaro eta klinik-etara, aseguruak, informazioa eta Euskal Hipika Federazioak hainbat enpresarekin edo komertziorekin egindako hainbat akordio; horietan, lizentzia edo kirol-txartela aurkeztuta beherapen handiak lor daitezke. (www.fvh.org).

2016ko iradokizun onenaren sari-ematea

Joan den Martxoaren 14ean  iradokizun onenaren saria eman zen. Ekimen horren helburua hobetzen lagunduko digun kanpoko ekarpen onena aitortu eta saritzea da.

V. sariketa honetan, guztira 76 iradokizun jaso ditugu eta saria (IPAD 2 tableta bat) Tecman Facility Services SLenpresako langile Juan Antonio Barquero Sierrakaurkeztutakoari eman diogu. Iradokizuna honakoa zen, hain zuzen:

«Osasun-arloaren eta mugikortasun murriztua daukaten pazienteen arteko kontsultetarako bideo-deiak egiteko aukera garatzea».

Jasotako iradokizunen kopurua eta kalitatea eskertu nahi ditugu. Horien laguntzaz, zalantzarik gabe, gure zerbitzuak nola hobetu ditzakegun jakingo dugu eta gure bezeroen espektatibetara egokitu ahal izango dugu.