“Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da”. Horixe da European Week for Waste Reduction (EWWR) astearen Zuzendaritza Batzordeak azaroaren 16tik 24ra bitartean egingo duen Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen leloa. Aurten, elikagai-hondakin gutxiago sortzea du ardatz Asteak.
Mundu mailan, giza kontsumorako ekoiztutako elikagai guztien herena galtzen da alferrik. Europar Batasunean, 59,2 milioi tona elikagai-hondakin baino gehiago sortzen dira, 132 kg biztanleko.
Euskadin, 111 kg elikagai-hondakin sortzen ditu pertsona batek urtean; guztira, 244.972 tona. Elikagai-hondakinen erdiak baino gehiago etxeetan sortzen dira, eta, ondoren, merkataritza-zerbitzuetan eta hotel, jatetxe eta kafetegietan. Hona hemen datuak sektorearen arabera (infografia. Iturria: ELIKA)
Zergatik da garrantzitsua elikagai-hondakinak sortzearen aurka borrokatzea?
Elikagaiak alferrik galtzeak elikagaiak botatzea dakar berekin, eta, horrez gain, eragina du ekonomian eta ingurumenean ere, elikagai horiek ekoizteko berotegi-efektuko gasak isurtzen baitira (lurrak lantzen direlako eta ura eta ongarriak erabiltzen direlako).
Zer egin daiteke elikagai-hondakin gutxiago sortzeko?
(Infografia. Iturria: ELIKA)
Mutualiak bat egin du Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin, eta askotariko ekintzak jarriko ditu abian 3R-en garrantziari buruz kontzientziatzeko: “Reducir” (murriztu) “Reutilizar” (berrerabili) eta “Reciclar” (birziklatu). Garapen Jasangarriko Batzordeak zenbait ekintza gauzatuko ditu elikagai-hondakinak sortzeari uzteak duen garrantziari buruz kontzientziatzeko, eta aholkuak emango ditu egunero alferrik galtzen den elikagai-kantitatea murrizteko.
Dagoeneko jarri dugu martxan Iradokizun Hoberenari XIII. Saria. Sariketarekin, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortu nahi dugu.
Ekimena gure enpresa elkartuetako eta lankide ditugun aholkularitzetako langileei xedaturik dago.
Nola parte hartu
Zure iradokizuna gure web-orriaren bidez ere bidal diezagukezu, inprimaki honen bidez edo sugerencias [A BILDUA] mutualia.es posta elektronikora idatziz.
Iradokizunak 2024ko abenduaren 31ra arte aukeztu ahal izango dira eta finalisten zerrenda 2025ko urtarrilean argitaratuko da. Irabazleak iPad bat eskuratuko du.
Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean.
Mutualia Araba laguntza-zentroen 2024 udako ordutegia
HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. Abuztuaren 5etik 09ra (Andre Maria Zuriaren jaien astea) ordutegia 08:00etatik 15:30era izango da.
LAUDIO: Ekainaren 15etik irailaren 15era Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2024 udako ordutegia
ERCILLA KLINIKA: 24 ordu
BASAURI, ERANDIO, GERNIKA, ZAMUDIO: Ekainaren 15etik irailaren 15era Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
IURRETA, SANTURTZI: Uztailaren 15etik irailaren 15era Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
LSOrako Europako Agentziak (2023-2025) “Lan segurua eta osasungarria aro digitalean” jardunbide egokien Europako sarien deialdia egin du, dagoeneko jardunbide horiek badituzten erakundeak aintzatesteko. Mutualiak eman zuen horren berri , eta, gainera, tresna eta gida praktikoak eskaini ditu, interesa duten lantokiek beren segurtasun- eta osasun-kanpainak egin ditzaten.
Jardunbide egokien sariak EU-OSHAk eta haren erreferentzia-zentro nazionalek antolatutako «Lan osasungarriak» kanpainaren parte dira, eta aukera ezin hobea eskaintzen dute kanpainan parte hartzeko. Horri esker, erakundeek jardunbide egokiak sustatu eta partekatu ditzakete Europa osoan.
Deialdi honek bi modalitate ditu: bata 100 langile baino gutxiagoko enpresetarako eta bestea 100 pertsona edo gehiagoko enpresetarako.
Parte hartzen duten enpresek hautagaitza aurkezteko inprimakia bete beharko dute, bertan dauden jarraibideei jarraituz, eta 2024ko urriaren 15a baino lehen bidali pfocalagenciaeuropea@insst.mites.gob.es helbidera.
Lehiaketa bi fasetan egingo da: Hautaketa-prozedura nazional baten ondoren, Europako epaimahai bat bilduko da azken irabazleak zein diren erabakitzeko.
EU-OSHAk eta haren sareko bazkideek biziki sustatzen dituzte saritutako jardunbide egokien adibide guztien lorpenak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu erantsitako dokumentazioa.
Mutualiak baditu zenbait tresna eta jarduera beharra izan dezaketen lanpostuetan horrelako arriskuak gutxitzeko. Kanpaina osatzen duten 5 gai nagusien artean, hauei buruzko dokumentazioa dago:
Andrea Vilallonga, komunikazioan eta eragin positiboan aditua giza taldeetan.
Nazioarteko esparruetan hizlari izan da eta bere esperientzia eta ezagutza publiko zabalari helarazi dio, TEDx TALKS programetan, La Vanguardia, RTVE eta La Cadena Ser bezalako komunikabide nazionaletan eta publiko gazteagoari zuzendutako beste batzuetan parte hartuz, hala nola Operación Triunfo.
Andrea Vilallongaz hitz egitea motibazioaz eta ikuspegi positiboez hitz egitea da.
Andrea, zure aurkezpenean esan duzu pertsonen komunikazio positiboa sustatzen aditua zarela. Zertan datza hori zehatz-mehatz?
Giza elkarrekintzan alderdi eraikitzaileak nabarmentzean eta indartzean datza komunikazio positiboa. Nire ikuspegiaren oinarria da pertsonei laguntza ematea modu eraginkorrean hitz egin dezaten, haien mezuetan eta komunikatzeko moduan positiboa dena azpimarratuz, harreman pertsonalak eta profesionalak hobetze aldera.
#mirate metodoa garatu duzu. Azalduko diguzu zertan datzan? Zure ustez, zein da metodo horren balio nagusia?
#mirate metodoa autobehaketa eta autoezagutza sustatzeko garatu dudan tresna bat da. Ideia hau du oinarrian: geure buruari zintzotasunez eta errukiz begiratzen badiogu, aukera izango dugu gure komunikazio-trebetasunak indartzeko eta gizabanako gisa hazteko. Metodo horren balio nagusia da gogoeta pertsonala sustatzen duela, benetakoagoa eta positiboagoa den komunikazio baten oinarri gisa. Jendea ispilura begiratzera gonbidatzen dut, baina ez orrazteko, hausnar egiteko baizik! Nork bere burua ezagutzea da giltzarria, hori baita, maiteok, benetako komunikazio positibo baten atzean dagoen superboterea.
Hitzaldiak eta prestakuntzak ematen dituzu, idatzi egiten duzu, antzerkian eta publizitatean lan egin duzu, baita OTn ere… Zerk bultzatzen zaitu askotariko diziplinetan parte hartzera?
Askotariko diziplinetan parte hartzen dut adierazteko eta ikasteko dauden bideak esploratzea interesatzen zaidalako. Esperientzia bakoitzak ikuspegi berri bat ematen dit; horrela, aberastu egiten da komunikazio positiboan dudan ikuspegia.
Ezin naiz geldirik egon! Diziplina bakoitzak zerbait berria eta zirraragarria ekartzen dit. “Dena egin nahi dut, eta orain” sindromea dudalakoan nago.
Nola deskribatuko zenuke enpresetako komunikazioaren mundua?
Enpresetan, komunikazioaren mundua funtsezkoa da antolakuntzak arrakasta izan dezan. Komunikazioak berekin dakar mezuak modu eraginkorrean transmititzea, bai enpresa barruan, bai enpresatik kanpora. Horrela, enpresa-kultura sendo bat eraikitzen da, eta bezeroen eta kolaboratzaileen aurrean irudi positiboa mantentzen. Horrez gain, negozio-azeleragailu bat da komunikazioa. Komunikazioa gakoa da, hura gabe ez dago negoziorik.
Zerk blokeatzen du enpresa baten potentziala? Nola desblokeatzen da?
Hainbat faktorek blokeatu dezakete enpresa baten potentziala, hala nola komunikazio eraginkorrik ezak, aldaketarekiko erresistentziak eta taldeko kideen arteko lerrokatzerik ezak. Komunikazioaren hobekuntza, lidergoaren garapena eta lankidetza-kulturaren sustapena barne hartzen dituen ikuspegi integral baten bidez desblokeatzen da. Komunikazioa hobetzea, estatus quoari aurre egitea eta lankidetza sustatzea dira potentzialaren akuiluak.
XXI. mendeko erakunde batean, zer eragozpen topatzen ditu lider batek inpaktua eta eragina izateko?
XXI. mendeko erakunde batean, liderrek askotariko erronkak izan ditzakete; esate baterako, aniztasunaren kudeaketa, teknologiarako egokitzapena eta urruneko taldeak gidatzeko beharra. Gainera. badute beste oztopo bat: boteredun askok ez dute aldaketarik egin nahi izaten; aldaketei buruz hitz egiten dute, baina ez daude prest gauzek eboluziona dezaten. Boteredunek eboluzioa besarkatzeari dioten errezeloa benetako erronka izan daiteke.
Hori gainditzeko, aldaketari buruzko diskurtso distiratsuak baino zerbait gehiago behar da. Estrategia argia, komunikazio eraginkorra, enpatia eta berrikuntzara bideratutako pentsamolde irekia behar dira, eta, batzuetan, baita diplomazia-ukitu bat ere, bidea urratzeko.
Sare sozialak komunikazioaren oraina dira. Etorkizuna ere badira?
Sare sozialak komunikazioaren orainaren zati garrantzitsu bat dira, eta litekeena da etorkizunean ere garrantzitsuak izaten jarraitzea. Hala ere, espero dut haiek erabiltzeko modua eta haien eragina aldatu egingo dela denboran zehar.
Zer aholkatuko zenieke gure gazteei hainbeste estimulu birtualen artean segurtasunez ibil daitezen?
Gazteentzako aholkua: mundu birtualean, distira egiten duen oro ez da urrea; zenbaitetan, iragazki bat baino ez da. Neska-mutilok, lehenetsi kalitatea kantitatearen aurretik. Eta gogoratu: benetako bizitza pantailatik kanpo ere existitzen da! Garrantzitsua da mugak ezartzea, pribatutasuna babestea eta eremu birtualetik kanpo harreman esanguratsuak eraikitzea.
Zure egunek ere 24 ordu dituzte?
Noski! Nireek ere 24 ordu dituzte, baina batzuetan sentitzen dut 12 ordura laburtzen direla. Gakoa denbora kudeatzea da, eta neure buruari gogoraraztea ezen, gustatuko litzaidakeen arren, ezin dudala neure burua klonatu (oraindik ez da horrelakorik asmatu!).
Andrea Vilallongari buruz gehiago jakin nahi baduzu www.andreavilallonga.com web orrian sar zaitezke.
Euskararen eta euskal gizartearen garapenean erreferente
Elhuyarren xedea da, euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea.
Jon Abril, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, elkarrizketatu dugu.
Elhuyarrek 50 urte bete zituen iaz. Hasiera-hasieratik erakunde aitzindari eta berritzailea izan da. Nola sortu zen Elhuyar, eta zer ibilbide izan du azken urteotan?
Ikasketak gaztelaniaz egin zituen ingeniari talde batek bultzatuta jaio zen Elhuyar. 1972a zen, frankismoa oraindik indarrean zen, eta euskara ez zen ofiziala, ez legezkoa. Kontestu hartan, zientzia eta teknologiaren eremuan ekarpena egin nahi izan zuten. Ordurako hasita zeuden ikastolak, gau-eskolak, irrati batzuk… eta horietarako ere materialak behar zirela, eta gauza batzuk euskaraz sortzen hasi ziren, beste batzuk itzultzen… Aldizkari forma eman zioten, egungo Elhuyar aldizkariaren aitzindari izan zena. Eta hura osatzeko bestelako behar batzuk sortzen joan ziren, batez ere hizkuntzalaritzarekin lotutakoak. Horrela etorri ziren hiztegi entziklopedikoa, Elhuyar hiztegia, eta bestelako hiztegi espezializatu batzuk. Pixkanaka, edizioen munduan sartzen joan zen, eta kultura zientifikoaren zabalkundean, Norteko Ferrokarrilla edota Teknopolis programak egiten… eta 2000. urtetik aurrera beste jauzi bat eman zen, eremu berrietara zabalduz: hizkuntzalaritzatik hizkuntzen teknologiara, euskara lan-mundura zabaltzeko, eta metodologia horietatik etorri ziren gerora partaidetza eta berdintasunean murgiltzea eta bestelako esparru batzuk irabaztea. Beti euskararentzat eremu berriak lortzeko xedearekin. Egun lau zerbitzu-eremutan ari gara: adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologiak; berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala; zientziaren gizarteratzea eta hezkuntza; eta hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak.
Zenbat pertsonek osatzen duzue Elhuyar eta zeintzuk dira zuen profil profesionalak?
105 lagunek osatzen dugu, gaur egun, Elhuyarren lantaldea. Oso profil desberdineko profesionalak gara, eta diziplina artekotasuna oso txertatuta dago gure lantaldeetan: hizkuntzalariak, zientzialariak, kazetariak, soziologoak, zuzenbide-ikasketak dituztenak, informatikariak, ingeniariak…
Eskaintzen duzuen zerbitzuetako bat hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak dira. Norentzat dira horrelako zerbitzuak?
Hizkuntza-zerbitzuak (itzulpenak, trebakuntza, hizkuntza-auditoriak…) hizkuntza lanabestzat duten profesionalentzat dira, batez ere, baina baditugu beste zerbitzu batzuk gizarte osoarentzat direnak, Elhuyar hiztegia kasurako, hiztegi erreferentea dena, urtean 50 milioi kontsulta baino gehiago jasotzen dituena. Euskara-planak, berriz, administrazio publikoan eta enpresa eta erakunde publikoetan lantzen ditugu. Administrazioarekin, gainera, barne-erabilerarako plangintzak ez ezik, herrietarako eta herritarrekin euskararen sustapenerako planak eta programak lantzen ditugu.
Elhuyarren beste zutabeetako bat zientzia-dibulgazioa da, bai gizartean, bai hezkuntza-ingurunean. Zein esparrutan egiten duzue lan?
“Kultura zientifikoaren zabalkundea da lan-ardatzetako bat.”
Gizarteari zientzia eta teknologiaren aurrerapenen berri ematen diegu Euskadi Irratiarentzat ekoizten ditugun Norteko Ferrokarrilla eta Ekosfera programen bidez, edo ETBko Teknopolis telebista saioaren bidez (aurten 25 urte beteko dituena), edota zientzia.eus ataria eta Elhuyar aldizkaria bezalako proiektu komunikatiboekin. Bestetik, STEAM-hezkuntzako proiektuak lantzen ditugu, hezkuntza arautuan Zientzia Azoka bezalako proiektuekin, edota aisialdian, Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen bidez. Eta, hirugarrenik, zientzia eta teknologiaren alorreko ikerketa-zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeentzat eta Europako proiektuetan komunikazio-zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditugu.
Elhuyarren Berdintasuna, parte-hartzea eta eraldaketa soziala sustatzeko zerbitzuak ere eskaintzen dituzue. Nola gauzatzen dira?
Bidelagun izaten gara horrelako egitasmoetan.
“Emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausoak emateko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen diegu erakunde publiko nahiz entitate pribatuei, eta genero-ikuspegia zehar-lerro gisa lantzeko egiten dugu lan.“
Bestetik, herritarren partaidetza-prozesuak eta eraldaketa sozialerako egitasmo berritzaileak lantzen ditugu, nagusiki esparru publikoan, baina baita bestelako eragile sozial eta enpresekin ere.
Urte askotako esperientzia duzue hizkuntzari aplikatutako AAren esparruko teknologia garatzen. Nolako proiektuak garatu dituzue.
Adimen artifizialaren olatua heldu denerako etxeko lan batzuk eginda genituen, eta abiapuntu ona genuen.
“20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina dugu hizkuntza-teknologien eremuan, eta orain ere adimen artifizialaren eremuan hizkuntzarekin lotutako egitasmoak lantzen ditugu (NLP teknologiak, hizkuntzaren prozesamendu naturala jorratzen dutenak).”
Itzulpen automatikoa, ahotsaren prozesamendua, edota zaintza adimendunarekin lotutako proiektuak ditugu. Elia gure itzultzaile automatikoa, testuak ahots bihurtzeko eta ahotsa testu bihurtzeko aplikazioak, azpititulazio automatikoa,edota hedabideetan erreputazioa eta joerak aztertzeko tresnak garatzen ditugu, besteren artean. Bikoizketa automatikoaren gaiarekin ere ari gara lanean, eta epe motzean emaitzak ikusi ahal izango ditugula uste dugu. Oinarrizko ikerketa, teknologien garapena eta bezeroari neurrira egindako soluzioak lantzen ditugu, balio-katearen prozesu osoan parte hartzen dugu. Gure teknologia merkatuan hobekiago txertatzeko Orai zentroa sortu dugu, industriaren lehiakortasuna, enpresa eta erakundeen eraginkortasuna eta pertsonen arteko komunikazioan eragiteko. Eta gure teknologiak badu beste bereizgarri bat: tresna etikoak eta ikuspegi sozialarekin lantzen ditugu.
“Erabiltzaileen datuen konfidentzialtasuna bermatzen dugu gure teknologietan, ez ditugu datuak ustiatzen. Eta gizarte-inpaktu bat bilatzen dugu, eta horretarako, besteren artean, genero-ikuspegia txertatzen dugu, alborapenak gutxitzeko lan egiten dugu, eta datuen entrenamenduek eskatzen duten konputazio-ahalmen handia txikitzeko eta inpaktu ekologikoa gutxitzeko ikerketa-lerroak zabalik ditugu.”
Hizkuntza gutxituei ere ekarpena egin nahi diegu alor honetan.
Euskararen Nazioarteko Egunean aurkeztu eta ezagutu genuen azken arrakastetako bat, Mycroft.eus proiektua. Proiektu horretan, bozgorailu bat garatu duzue euskaraz. Nola lortu duzue?
Guk bozgorailuetarako softwarea garatu dugu, aurrez landutako hizkuntza-teknologietatik abiatuta. Mycroft egitasmoak software librean oinarritutako bozgorailu bat (hardwarea) sortu zuen, eta hor gure teknologia txertatzeko lanean ari ginen. Baina Mycroft egitasmoak porrot egin du, eta ezin dugu bozgorailu fisikoa merkaturatu. Orain, mugikorretarako aplikazio bihurtzeko aukera aztertzen ari gara. Ahots-komandoen bidez tresnek euskara ulertzea eta erantzutea oso garrantzitsua da egungo gizarte teknologikoan. Baina, horrezaz gain, garrantzitsua ere bada laguntzaile edo morroi horiek emango dizkiguten erreferentzia kulturalak ere (zein egunkari edo webgunetatik ematen dizkigun berriak, zein musika edo irrati aukeratuko duen, zein dendatako produktuak eskainiko dizkigun, bilaketak non egingo dituen…) lokalizatuak izatea, tokikoak eta gureak.
Elhuyarren konpromiso sendoa duzue iraunkortasunarekin. Garapen Jasangarrirako Helburuen aldeko Euskal Aliantzako kide zarete. Kultura- eta Hizkuntza-aniztasunari buruzko 18. GJH-an lanketan parte hartu duzue. Duela gutxi Agendaren Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu duzue. Nola sortu zen proiektu hori?
Aurrez ere energia berriztagarriekin, kontsumo arduratsuarekin eta larrialdi klimatikoaren erantzunarekin lotutako proiektu eta egitasmoak landuak genituen, baina, berriki, trantsizio ekologikorako lehendabiziko plana onartu dugu. Eta hori ere lotu dugu Garapen Jasangarrirako Helburuekin. “2030agendahiztegia.eus egitasmoa lankidetza baten ondorio izan da. Ohituratuta gaude beste eragile batzuekin elkarlanean aritzera, eta Danobatgroup jarri zen gurekin harremanetan, GJH-en inguruko glosario bat landua zutela ingelesez eta gaztelaniaz, eta euskaraz ere eduki nahi zutela. Eusko Jaurlaritzara jo genuen proiektuarekin, eta hiru eragileek elkarlanean sortu dugu.”
Gu lan terminologikoaz arduratu gara. Paraleloan, Eusko Jaurlaritza kultur- eta hizkuntza-aniztasunerako 18. helburua lantzen hasita zegoen, hasiera-hasieratik antzeman baita gai horietan hutsune nabaria zuela agendak, eta tokiko erantzun bat behar zuela. Eta helburu horren definizioan parte hartzeko bidea eman zigun Eusko Jaurlaritzak. Euskara eta hizkuntza-aniztasunaren inguruan landu den prozesua dinamizatzen aritu gara, eta gure ikuspegia eta ekarpena egin ahal izan dugu hor ere.
Eraldaketa digitalarekin erronka berriak datoz euskararentzat ere. Zein erronkatan ari zarete lanean eta zein erronka dituzue etorkizunean?
Zuzenean hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialeko tresnen alorretik egiten ari gara ekarpena. Adibidez, euskarazko hedabideen digitalizazioan bidelagun izaten ari gara, edo gizartearen esku hainbat tresna digital jartzen ari gara, ahotsa eta testuarekin lotutakoak. Hainbat enpresarekin ere ari gara makina eta gizakien arteko interakzioan euskararen presentzia bermatzeko.
Eta zeharka bestelako foro batzuetan ere ari gara, euskararen normalizazioan teknologiak izan behar duen lekuaz eztabaidatzen, ekarpenak egiten… edota lan-mundua euskalduntzeko prozesuetan, hezkuntza arautuan… euskara eta digitalizazioaren arteko lanketak egiten ari gara.
Neguan sartuta gaude bete-betean, eta snowboarda da euskal kirolzaleek gehien egiten duten modalitateetako bat, eski alpinoarekin eta iraupen-eskiarekin batera. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak ere zenbait lehiaketa antolatzen ditu neguko hilabeteetan, espezialitate guztietan. Euskal Kirol Federazioen Batasunari buruzko atal honetan, erakundeak berak sortzen dituen albisteez gainera, euskal federazioa duten kirolen (ia 50) abantaila eta onuren berri ematen dugu.
Hilabete honetan, 2023-24 denboraldian sartuta dagoen kirol batez arituko gara. Izan ere, zale ugarik dagoeneko hartu dute ohola, eta elurretara joaten dira eguraldia lagun dutenean. Maila profesionalean, adibidez, Lucas Eguibar snowboarder gipuzkoarrak bikain hasi zuen denboraldia, aurrekoa amaitu zuen bezalaxe. Munduko zirkuituko izen handietako bat da oraingoan ere euskal kirolaria. Aurreko denboraldian ere maila gorenean aritu zen, erregulartasun bikaina izan baitzuen eta bigarren postua lortu baitzuen Munduko Kopako sailkapen orokorrean. Eta aurtengo kanpaina ere indartsu hasi du. Gipuzkoako snowboarderak Munduko Kopako podium batean (dagoeneko hemeretzigarren aldiz) hasi zuen denboraldia, Les Deux Alpes-eko proban.
Beste kirol batzuek bezala, gure iraupen fisikoa areagotzearen abantaila du snowboardak. Izan ere, mugimendu eta jauziak egiteko, ahalegina egin behar da. Nabarmentzekoa da ikasketa-prozesuan pazientzia behar dela, hasieran ez baita ikusten ia hobekuntzarik. Pixkanaka, iraupena hobetuz doala jabetuko gara. Gainera, hasi berritan, ohikoa izaten da muturra elurretan sartzea nahi baino gehiagotan. Modalitatea menderatu ahala, oreka eta bizkortasuna irabazten dira oholaren gainean ibiltzeko; izan ere, praktika eta abilezia behar dira hura erabiltzen ikasteko. Halaber, snowboardean ibiltzeko mugimendu ugari egin behar direnez, bihotzak bizkorrago ponpatzen du odola, eta, hala, iraupen kardiobaskularra eta arnasketakoa hobetzen dira. Elur-pistetan eta eski-estazioetan hain ezaguna den kirol honekin, gure gorputzak 250-630 kaloria inguru erre ditzake, zoruaren gorabeheren eta mugimenduen arabera, betiere oinak oholera ongi lotuta dauzkagula finkagailuen bidez.
Snowboarda kirolari askoren bizitzaren parte izaten da hilabete hauetan, sendagai ona baita gero eta ohikoagoa den estresaren aurka. Gainera, koordinazioa hobetzen du, eta sentsazio berri ugari sentiarazten ditu. Duela urte batzuetatik, elurretako mendizaletasunaren bidez hasten da jende asko kirol honetan, primerakoa baita horretarako.
Elurretako kirol honekin hasten denean, oinarrizko irristatzeak egiten dira toki errazetan. Snowboardak zenbait modalitate ditu, hala nola freestylea (elurretan eta airean itzulipurdiak egitean datzan modalitatea; zenbait aldaera ditu: halfpipea, big aira eta slopestylea); Freeridea, toki zailetatik eta pistaz kanpo jaistean oinarritua eta eskarmentu handiko pertsonek egitekoa; lasterketak edo boardercrossak (ahalik eta bizkorren jaitsi behar dira mendiak); muturreko snowboarda, guztietan erradikalena, ezagutza sakonak behar baitira —besteak beste, goi-mendiari buruzkoak—; eta eslaloma (sigi-saga jarritako banderatxo batzuk saihestu behar dira jaitsi ahala). Gainerako kiroletan bezala, gure gorputzak endorfinak jariatzen ditu snowboardarekin ere, zeinak lagungarriak baitira minaren pertzepzioa murrizteko eta ongi sentiarazteko. Eta, hori guztia, naturaz inguratutako toki zoragarrietan. Eski-estazioetan moda-modan diren kiroletako bat da. Snowboardean, lehenago esan dugunez, Lucas Eguibar da maila handieneko gure kirolaria. Donostiarrak Munduko Kopa irabazi zuen 2015ean, munduko txapeldunordea izan zen 2017an, eta emaitza oso onak lortu izan ditu olinpiadetan. Lucas Eguibarrek ospe handia hartu zuen 2021eko otsailean ere, Idre Fjälleko (Suedia) munduko txapelketan, fotofinisharekin erabaki zen final zirraragarri batean.
Snowboarda erronka bat da, eta, aurrera egin eta ikasiz eta hobetuz joan ahala, autoestimuan eragiten du eta onura fisiko eta psikologikoak ditu. Kirol honek baditu beste onura batzuk ere, hala nola nork bere mugak gainditzea eta konfiantza areagotzea, zeinak eremu pertsonalarekin lotzen baitira. Laburbilduz, kirol aerobikoa denez, arnasketak garrantzi handia du, eta bihotz-erritmoa areagotzen da. Eski-pistetako garaierarekin batera, odol-zirkulazioa hobetzen du, gehiegizko pisua eta kolesterola zaintzen laguntzen du, gaixotasun kardiobaskularrak saihesten ditu, eta bizitasuna, koordinazioa eta oreka hobetzen ditu. Federazioak beti ohartarazten du garrantzitsua dela federatzea, era horretan kirol bikain honetaz segurtasun osoz gozatu ahal izateko. Europa mailako estaldura duen istripu-asegurua egiteko aukera ere badago. Pistetako erreskatea eta sorospena estaltzen ditu, eta, gainera, lesioen jarraipena egiten du; nabarmentzekoa da garrantzitsua dela errehabilitazioa ere barne har dezan
Jarraian, Mutualiak kudeatzen dituen prestazioak ordaintzeko egutegia azalduko dizuegu:
Haurdunaldiko eta edoskitze naturalaren garaiko arriskuengatiko prestazioak.
Minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat daukaten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa
Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa (Kontingentzia Profesionala / Kontingentzia Arrunta.
Langile autonomoen jarduera eteteagatiko prestazioa.
Ordainketak hilaren 2tik 7ra artean egingo dira
Transferentziak zein egunetan egitea aurreikusten den jakin nahi baduzue, egutegian ikus dezakezue.
Jakinarazten dizuegu beharrezkoa dela prestazioen eskaera egitea. Eskaerak erraz egiteko, gure zentroetara etorri nahi ez baduzu, aukera duzu agiri guztiak eskaneatuta bidaltzeko, helbide elektroniko hauen bidez:
Auzitegi Gorenak emazteari konpentsazio ekonomikoa ordaintzera zigortu du senar bat, ezkonbizitzak iraun duen bitartean emazteak familia-kargak mantentzeari dagokionez izan duen erabateko arduraldiagatik
Auzitegi Gorenak, 2023ko urriaren 17ko epai batean, betebeharra ezarri du ezkontideetako batek —kasu honetan emakumeak— senar-emazteen ezkonbizitzak iraun duen denboraren erdian familiako eta etxeko kargei eusteko izan duen erabateko arduraldia konpentsatzeko.
Aurreko ataletan gai gehiago jorratzen diren arren, epaiak, azkenean, baloratzen du ea zuzenbidearekin bat datorren halako kalte-ordainak jasotzea, egiaztatzen denean aldeetako batek parte hartu duela, bere esfortzuarekin eta dedikazioarekin, eta inolako ordainsaririk jaso gabe, etxeko lan deritzen zereginetan, hartara ezkonbizitza amaitzen denean ez dadin egon bere bizitzarekin jarraitzeko egoera prekario batean, lan-merkatura sartzeko berezko zailtasunengatik eta ez duelako izango lanaren ordezko prestaziorik jasotzeko eskubiderik.
Sakon aztertzen da Kode Zibilaren 1438 artikulua; zera dio artikulu horrek: “Ezkontideek parte hartuko dute ezkontzaren kargei aurre egiten.Hitzarmenik egin ezean, bakoitzak dituen baliabide ekonomikoen arabera hartuko du parte.Etxerako egiten den lana kargetan parte hartzeko bide gisa hartuko da, eta lan horrek eskubidea emango du banantze-araubidea azkentzean konpentsazioa jasotzeko; hitzarmenik egin ezean, epaileak finkatuko du konpentsazio hori”.
Hasieran, emaztea 16 urtez etxeko lanez arduratzearen konpentsazio gisa 100.000 euroko kopurua ordaintzera zigortu zuen senarra Palentziako Arlo Zibileko 3. Epaitegiak; Palentziako Probintzia Auzitegiak 50.000 eurora jaitsi zuen kopuru hori, argudiatuz ezkonbizitzak iraun zuen urteen erdietan emakumeak besteren kontura lan egin zuela eta, beraz, ez zegoela Kode Zibilaren 1438. artikuluak aipatzen duen desoreka-egoeran. Kasu honetan, ez da baloratzen zortzi urte horietan jasotako soldataren zenbatekoa, baizik eta denbora-aldi horretan etengabeko eta ordaindu gabeko erabateko arduraldirik dagoen.
Nahiz eta hitzarmen arauemaileak ez zuen ezarri familia-unitaterako lan egindako urte guztiengatiko inolako konpentsazio ekonomikorik, omisio hori ez da interpretatu behar konpentsazioa jasotzearen uko gisa, lotuta baitago emakume eta ama legitimoki bereiz ezin daitekeen berezko egintzen izaera loteslera, akordio estrajudizial horren edukiaren funtsezko xedea ezkontideen egitatezko banaketan gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak arautzea baitzen eta une horretan ez baitzen iraungia ezkontzaren araubide ekonomikoa. Horiek horrela, Kode Zibilaren 1438. artikulua aplikatzekoa da.
Konpentsazio horren funtsa da ezin dela desoreka ekonomikorik sortu ezkontideetako bat familiaren etxea zaintzeaz arduratzen denean haien artean komunikaziorik ez dagoen ezkontza-araubide ekonomiko batean, hala nola ondasun-banaketakoan, hori baitzen auziko ezkontzaren kasua. Horrenbestez, emakumeari konpentsazio ekonomiko bat dagokio, eta zenbateko jakin bat ezarriko da, haien artean hitzartua edo epai judizial bidez finkatua.
Kasu honetan, Palentziako Arlo Zibileko 3. Epaitegiak kalkulu bat egin du, lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoa izango den kopuru bat edo familia-unitatetik kanpoko pertsona batek etxeko lanen truke kobratuko lukeen soldata; era horretan, ezkontideetako bat etxea zaintzeaz arduratu izanari esker eta zerbitzu hori kontratatu beharrik ez izateagatik ordaintzen ez denarekin edo aurrezten denarekin egiten da ekarpena.
Kasu honetan, aintzat hartu da emakumea zazpi bat urtez arduratu zela erabat familia eta senar-emazteen bi alabak zaintzeaz, eta kalkulatu da hilabetero 600 bat euro aurreztu zutela eta kopuru hori geratu zela familiaren esku; beraz, eta zuzenbidearekin bat etorriz, 50.000 euroko kopurua zuzenbidearen araberakoa dela irizten zaio, eta ezetsi egiten da senarrak jarritako kasazio-errekurtsoa.
Laburbilduz, jurisprudentziarekin eta gaiari buruzko araudiarekin nahi dena da ez kaltetuta ateratzea bere denbora familiaren alde eta etorkizuneko bere interes profesional eta pertsonalen kalterako eskaini duen pertsona, eta hari konpentsazio bat ematea.
Mutualiak Bikain oinarrizko ziurtagiria lortu du Bizkaian. Abenduaren 13ko arratsaldean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia egin da. Lourdes Gondra (Mutualiako Zerbitzu Korporatiboetako zuzendaria) arduratu da ziurtagiria jasotzeaz Mutualiaren izenean.
Lourdes Gondra ziurtagiria jasotzen
Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du esparru sozioekonomikoan. Hamabosgarren edizio honetan 37 entitatek jaso dute saria; 17 entitatek Harrobi saria eta 20k Bikain ziurtagiria.
2023an sartu da indarrean dekretu berria, ebaluazio-sistema berri batekin; batetik, erakundearen izaeraren araberako ebaluazio-sistema (publikoa edo pribatua), eta, bestetik, erakunde pribatuen kasuan, oinarrizko ziurtagiriarena baino maila baxuagoko beste aitortza bat, euskararen normalizazioan egindako lehen urratsak aitortzen dituena, Harrobi.
Oraingo honetan ekitaldiaren leloa “Konpromisotik bikaintasunera” izan da. Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, ekitaldiaren lelotik abiatuta euskararen normalizazioan eman diren urratsak azpimarratu ditu.