MutuaLex- Kontsula juridikoa 2021eko urria

kontsulta

Sozietate-autonomo batek bateragarri egin al dezake lana erretiro-pentsioaren % 100 jasotzearekin?

ERRETIRO AKTIBOA: sozietate-autonomo batek (4 langileko merkataritza-sozietate baten administratzailea, gerentzia-eginkizunak ere betetzen dituena) planteatu digu lanean jarraitzea eta erretiro-pentsioaren % 100 jasotzea bateragarri egiteko aukera.

Erretiro-pentsioaren % 100eko bateragarritasun osoa norberaren konturako jarduerarekin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (aurrerantzean, GSLO) 214.2 artikuluan arautzen da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 213.1 artikuluak erretiro-pentsioaren eta lanaren arteko bateraezintasunari buruz ezartzen duen arau orokorraren salbuespen gisa. Salbuespena denez, ezin da modu hedagarrian interpretatu. Zahartze aktiboa sustatzeko eta besteren konturako enplegua mantentzeko bi helburu argi ditu erregulazioak.

Haren erregulazioa eta Auzitegi Gorenak 2021eko uztailaren 23an eman berri duen epaia (2956/2019 DBKE) kontuan hartuta, erantzuna da sozietate-autonomoak ezin diola erabateko bateragarritasun horri heldu, halakotzat ulertuta “kontseilari edo administratzaile kargua betetzeak berekin dakartzan zuzendaritza- eta kudeaketa-eginkizunak betetzen dituztenak, edo kapital-sozietate batentzat irabazizko zerbitzuak ematen dituztenak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietatearen kontrol efektiboa –zuzenekoa edo zeharkakoa– baldin badute.(GSLOren 305.2 b) artikulua).  

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 214.2 artikuluaren arabera, “Lanarekin bateragarria den erretiro-pentsioaren zenbatekoa hasierako onarpenean ateratako zenbatekoaren ehuneko 50 izango da, egoki bada pentsio publikoaren gehieneko muga aplikatu ondoren, edo lanarekiko bateragarritasuna hasten denean jasotzen ari denarena, gutxienekorako osagarria, edonola ere, kontuan hartu gabe, pentsiodunak egiten duen lanaldia edo jarduera edozein dela ere. Hala ere, jarduera norberaren kontura egiten bada eta egiaztatzen bada besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuta duela, lanarekin bateragarria den pentsioaren zenbatekoa ehuneko 100era iritsiko da”.

Bi dira transkribatutako aginduak lana pentsioaren % 100arekin bateragarri egiteko ezartzen dituen baldintzak, eta sozietate-autonomoak ezin ditu eskuratu:

1.- jarduera norberaren kontura egitea.

2.- jarduera horretan oinarrituta besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuta edukitzea.

Sozietate-autonomoak ez du ezarritako bi baldintzetako bat ere betetzen.

Alde batetik, sozietate-autonomoak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean garatzen du bere jarduera ordaindua, baina ez bere kontura, kapital-sozietatearentzat baizik; kapital-sozietateak jasotzen ditu emaitzak eta bere gain hartzen ditu negozioaren arriskuak; sozietate-autonomoak sozietate-erantzukizunaren mugaren onura jasotzen du, eta ez du bere ondare pertsonalarekin erantzuten negozioaren bilakaeragatik.

Bestalde, sozietate-autonomoak ez du langilerik, enpresarenak edo sozietatearenak dira langileak; enpresak kontratatzen ditu besteren kontura eta langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzen ditu, eta ez sozietate-autonomoak, sozietatearen benetako kontrola izan arren. Hortaz, sozietate-autonomoaren erretiroa ez da langileen kontratuak azkentzeko arrazoia (langile autonomo klasikoarekin ez bezala, langile autonomo klasikoaren erretiroa bere kargura dauden langileen kontratuak azkentzeko kausa baita).

Auzitegi Gorenak 2021eko uztailaren 23ko epaian ondorioztatu zuenez, erretiro-pentsioaren % 100 eta norberaren konturako jarduera profesional edo ekonomikoen diru-sarrerak bateragarri egiteko, langile autonomo klasikoak besteren konturako gutxienez langile bat kontratatu behar du, edo kontratu horri eutsi behar dio. Kasu horretan, ezarritako baldintzak betetzen dira; langile autonomo klasikoak bere kontura egiten du lan, bere negozioaren arriskua eta mentura bere gain hartuz eta bere langileen soldatak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzako kotizazioak bere gain hartuz.

Horrela, epaiak arrazoitzen du nazioarteko araudiak bultzatutako zahartze aktiboaren sustapenaren eta enpleguari eustearen bi helburuak lortzen direla, eta ziurtatzen dela besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuko dela edo, bestela, dauden kontratuetako bati gutxienez eutsiko zaiola. Eta horrek orekatu egiten du sozietatearen ahalegina jarduera erretiro-pentsioaren %100 jasotzearekin bateragarri egiteko; izan ere, besteren konturako enplegua mantentzea edo sortzea erretiratu aktiboaren kontu da, eta bere kargura dituen langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak bere gain hartzen ditu.

Aitzitik, erretiro-pentsioaren % 100 eta norberaren konturako jarduera profesional edo ekonomikoen diru-sarrerak bateragarri egitea ezin zaio aplikatu sozietate-autonomoari, haren jarduera ez delako norberaren kontura egiten, sozietatearen kontura baizik, eta ez delako konpentsatzen enpleguari eusteagatik, enpresako administratzailearen edo kudeatzailearen erretiroak ez dakarrelako berekin enpresako langileen kontratuak azkentzea.

Cristina Cearra


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

MutuaLex – Epaia 2021eko urria

sentencia

KALERATZE KOLEKTIBOA. Konstituzio Auzitegiaren 140/2021 Epaia, 2021/07/12koa

Konstituzio Auzitegiak onartu egin du Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren uztailaren 2ko 699/2018 epaiaren aurka (2250-2016 DBKE) zenbait langilek jarritako 5508-2018 zenbakiko babes eskeko errekurtsoa.

Honako aurrekari hauek ditu oinarri errekurtsoak: 2013ko uztailaren 29an, babes eskatzaileek, beste hirugarren batzuekin batera, bidegabeko kaleratzeagatiko demanda aurkeztu zuten, bai eta zenbateko bat erreklamatu ere enplegatzailearen eta beste demandatu batzuen aurka. Besteak beste, demandatzaileek alegatu zuten kontratuak arrazoi objektiboengatik azkentzea enplegu-erregulazioko espediente baten (EEE) ondorio izan zela, eta, adostasunez amaitu bazen ere, haren sorburu izan ziren antolamendu- eta ekoizpen-arrazoiak «faltsuak direla eta ez direla inondik inora gertatzen».

  • Madrilgo Lan Arloko 24. Epaitegiak 2015eko martxoaren 31n emandako 120/2015 epaiak onartu egin zuen kaleratze kolektiboa eragin zuten ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiak auzipetzeko aukera, baina ebazpena eman zuen, eta atzera bota zuen demandatzaileen nahia, ez baitzen egiaztatu engainua, iruzurra, doloa, hertsapena eta eskubide-abusua egon zirenik.
  • Ebatzitakoarekin bat ez zetozela-eta, babes-eskatzaileek erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuten, eta alegatu zuten ezen, nahiz eta instantziako organo judizialak onartu kontsulta-aldian lortutako akordioak ez duela inolako presuntziorik ematen kaleratzea justifikatzen duten kausak gertatu izanari buruz, epaian negoziazioan iruzurra edo engainua egon izanari buruz baino ez dela argudiatzen, baina ez dira aztertzen EEEaren kausak, ezta benetan gertatu diren ala ez ere.

Errekurtsoa atzera bota zuen Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren Bosgarren Sekzioak 2016ko apirilaren 25ean emandako 263/2016 epaiak. Zuzenbideko hirugarren oinarrian azaltzen duenez, “EEEa akordioarekin amaitu bazen, ezin da zalantzan jarri hitzarmenaren eduki itundua; izan ere, enpresaren jarduna ez ezik, langileen ordezkarien jarduera ere zalantzan jartzea izango litzateke hori, ordezkarien egintzek ordezkatuen eremu juridikoan duten eraginaren printzipio orokorrari kontra eginez. EEEa akordiorik gabe amaitzen bada, eta aurkaratze kolektiborik ez badago, orduan du zentzua langileak prozeduraren egintza bakoitza zalantzan jartzeak Langileen Estatutuaren 51.2 artikuluaren eremuan, baina ez da hala gertatzen”.

  • Ebazpenaren aurka, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jarri zuten demandatzaileek Auzitegi Gorenaren aurrean. Lan Arloko Salak 699/2018 epaia eman zuen uztailaren 2an, eta, horren bidez, atzera bota zuen jarritako errekurtsoa, oinarri juridiko zehatz batean oinarrituta; epai horretan, ukatu egin zuen eraginpeko langileek sustatutako banakako prozesuetan zalantzan jartzeko aukera kaleratzea eragin zuten arrazoiak gertatu eta justifikatu izana, enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean aldez aurretik akordioa lortu bazen.

Epai horrek 5 magistratu disidentek batera emandako boto partikular bat du, enpresaren eta langileen ordezkarien artean lortutako itunari eman behar zaion irismenari dagokionez, enpresaren kaleratze kolektiboaren erabakia justifikatzen duen arrazoia egiaztatzeari dagokionez, baldin eta kontsulta-aldia adostasunarekin amaitu bada, eta edozein arrazoi dela medio, horretarako legitimazioa duten subjektuek ez badute aurkaratu, GJLko 124.1 eta 3 artikuluek baimentzen dutenaren arabera. Gehiengoaren iritziaren aurka, boto hori eman duten magistratuek uste dute egokia dela kaleratzeagatiko banakako prozeduretan aztertzea kaleratze kolektiboaren bidezkotasunaren oinarri diren kausak ote dauden, nahiz eta kaleratze hori akordioarekin amaitu. Hori dela eta, errekurtsoa onartu behar zela, errekurritutako epaia kasatu behar zela eta jarduketak jatorrizko Justizia Auzitegi Nagusiari itzuli behar zitzaizkiola diote, organo horrek erregutze-errekurtsoa ebaztean alderdi horri buruzko erabakia har zezan.

  • Konstituzio Auzitegian aurkeztu duten babes eskeko demandan, errekurtsogileek alegatu dute, lehenik eta behin, urratu egin dela Konstituzioaren 24.1 artikuluak aitortzen duen babesgabetasunik gabeko benetako babes judiziala izateko oinarrizko eskubidea, ezin direlako banakako prozedura batean eztabaidatu kaleratzeak eragin zituzten arrazoiak, aurkaratu gabeko erabaki bidez amaitu zen espediente kolektibo batean. Berdintasunerako eskubidea urratu izana ere alegatu zuten (EKren 14. artikulua), EKren 24. artikuluari dagokionez.

Fiskalak babesa ematea eskatu zuen babesgabetasunik gabeko benetako babes judizialerako eskubidea urratzeagatik.

Konstituzio Auzitegiak errekurtsoa onartu du, eta ikuspegi konstituzionaletik aztertu du gaia, eta, zehatzago, babesgabetasunik gabeko benetako babes judizialerako eskubideari dagokionez (EKren 24.1 artikulua); bada, Auzitegi Gorenak duen irizpidearen aurka, honako hau adierazi du: langileen ordezkariek enpresaren erabakia araudi prozesalean aurreikusitako prozedura kolektiboaren bidez aurkaratu ez duten kasuetan (GJLko 124. art.), organo judizialak kaleratzeagatiko banakako prozeduretan erabaki dezake neurri kolektiboa justifikatzeko argudiatutako kausak gertatzen diren ala ez, enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean aldez aurreko akordioa lortu bada ere.

Ondorioz, errekurtsogileen babesgabetasunik gabeko benetako babes judizialerako oinarrizko eskubidea urratzen duela adierazi du, eta haiek beren eskubidean berrezartzeko agindu du, Auzitegi Gorenak eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien deuseztasuna deklaratuz eta erregutze-errekurtsoaren jarduketak erregutze-errekurtsoari amaiera ematen dion epaia eman aurreko unera arte atzera eramatea aginduz, organo judizialak errespetuz joka dezan urratutako oinarrizko eskubidearekin, eta, ondorioz, aipatutako errekurtsoan errekurtsogileek planteatu zuten kaleratze kolektiboa justifikatzen duten arrazoiak ez egiaztatzeari buruzko arrazoiaren funtsari buruz ebatz dezan.

Cristina Cearra


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

MutuaLex 172 zk.

mutualex

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.) 2021eko urriaren 9tik 15rako astea.

Ekografia muskuloeskeletikoari buruzko nazioarteko ikastaroaren beste edizio bat

ekografia muskuloeskeletiko (convert.io)

2021ean, urriaren 6tik 8ra, Ekografia Muskuloeskeletikoari buruzko Nazioarteko Ikastaroa egin da berriro Donostian, Sonogroupek antolatuta eta Mutualiaren eta Espainiako Ekografia Elkartearen laguntza nagusiarekin. 3 egunez, hainbat espezialitatetako 150 osasun profesionalek landu dituzte, ikuspegi global eta diziplina anitzekotik, gaur egun ekografiak patologia muskuloeskeletikoaren diagnostikoan eta tratamenduan eskaintzen dituen aukerak. 

Javier de la Fuente elkarrizketatu dugu, ikastaroko zuzendaria eta Mutualiako Pakea Klinikako Traumatologia eta Ortopedia Zerbitzuko burua. 

Zein dira ikastaroaren helburu nagusiak? 

Ikastaroaren helburu nagusia ekografiak gaur egun patologia muskuloeskeletikoaren diagnostikoan eta tratamenduan eskaintzen dizkigun aukerak ezagutzea eta sakontzea da, ikuspegi global eta diziplina anitzeko baten bidez. Ikastaroak gaurkotasuneko hitzaldiak, zuzeneko erakustaldiak eta ekografiako praktika tutelatuak entzuteko aukera ematen du. Prestakuntza hori batez ere traumatologian, erradiologian, erreumatologian eta kirol-medikuntzan adituak direnentzat da, besteak beste. 

Edizio berri honetan, azken aurrerapen teknikoak azaldu dira, batez ere ekipo berriak prestatuta; horiei esker, irudiak denbora errealean ekoitz ditzakegu eta fluxu baskularra erakuts dezakegu, are oso abiadura baxuetan ere. Lokomozio-aparatuko ekografiaren teknikak eta indikazioak berrikusteaz gain, “zer ezin du ikusi ekografiak” antzinako kontzeptua aldatzea lortu dugu, beste honekin ordeztuta: “nola ikus dezaket ekografikoki”. 

Urtez urte lokomozio-aparatuaren ekografian interesa duten gero eta pertsona gehiagoren eta arlo horretako irakasle ospetsuenen eta esperientziadunen parte-hartzea duen ikastaroa 

Izan ere, ekografiak lesioen diagnostikoan eta tratamenduan eskaintzen dizkigun azken berrikuntzetan eta tekniketan interesa duten pertsona gehiagok ematen dute izena urtero ikastaroan nazioarte mailan

Hainbat espezialitatetako irakasleak eta ekografia muskuloeskeletikoan ezagutza eta esperientzia handia dutenak izan ditugu, eta beraien azterketarik eguneratuenak eta gaiari buruzko azken berrikuspenak aurkeztu dituzte. Irakasleen zerrendan honako ohiko kolaboratzaile hauek sartu dira: S. Martínez, R. Balius, J. Palau, C. Pedret, A. Bueno, E. Cerezo, F. Dávila, M. Rius, M. Bossi, A. León, M. Blasi, C. Martinoli, F. Zaottini, C. Cachán, A. Vázquez, E. Etxeverria. 

Zein izan dira ekitaldi honetako berrikuntza nagusiak? 

Orain arteko ekitaldietan oinarrizko programa bat izan dugu, ekografian esperientzia gutxi duten pertsonentzat, eta programa aurreratu bat, diziplinan egindako azken aurrerapenak berrikusteko. 

Ekitaldi berri honetan espezimenari buruzko tailer praktikoak ere egin ditugu, eta horietan infiltrazio ekogidatuak egin ditugu. Ikastaroaren aurretik, parte-hartzaileei gomendatutako irakurgaiak eman zaizkie. 

Kirurgia ekogidatuko modulu bat ere diseinatu dugu, eta, horretan, ikasleek Mutualiako kliniketan garatutako teknika batzuk entrenatu dituzte. 

Mintegi espezifiko batean “Manual de técnicas invasivas e intervencionistas en el codo, muñeca y mano” liburua (“Ukondoko, eskumuturreko eta eskuko teknika inbaditzaile eta interbentzionisten eskuliburua”) aurkeztu da, Balius doktoreak eta biok argitaratua, eta sorbalda eta aldakako aurretiazko eskuliburuen ildoari jarraitzen diona. 

Aurten hainbat ikerketa-lan argitaratu dira zientzia-dibulgazioko bi aldizkaritan 

Hain zuzen ere, azken teknikak ikertu eta aztertzeko gure zereginaren barruan, Mutualiaren taldeak atzerriko aldizkari garrantzitsuetan nazioarte mailan argitaratutako hainbat lan egin ahal izan ditu, hala nola: 

“The EFSUMB guidelines and recommendations for musculoskeletal ultrasound. Part I y II: Joint pathologies, paediatric applications and guided procedures”, European Journal of Ultrasound-en 

“MINIMALLY INVASIVE ULTRASOUND-GUIDED VERSUS OPEN RELEASE FOR CARPAL TUNNEL SYNDROME IN WORKING POPULATION: A RANDOMIZED CONTROLLED TRIAL”, The Journal of Clinical Ultrasound-en. 

2020an beste topaketa bat egiteko prest? 

Zalantzarik gabe. Ekografia muskuloeskeletikoari buruzko ikastaroaren ekitaldi guztiek aukera eman digute arlo horretan profesional onenekin ikertzen eta prestatzen jarraitzeko eta arlo horretako azken berrikuntzak eta esperientziak partekatzeko. Urteroko ikastaro hau elkargune gisa ezarri da patologia muskuloeskeletikoaren diagnostikoan eta tratamenduan ekografia erabiltzen ikasi nahi duten edo erabiltzen lan egiten duten profesional guztientzat. 

Doctor Javier de la Fuente

Javier de la Fuente Dk. 


Mutualiako Pakea Klinikako Traumatologia eta Ortopedia Zerbitzuko burua. 

Eskuen higienea Mutualian

Mutualiako Eskuen Higieneko Taldeak hainbat ekintza bereganatu eta zabaldu ditu urte hauetan, eskuen higieneari buruz sentsibilizatzeko eta jardunbide egokiak sustatzeko helburu nagusiarekin, hala langileen artean, nola pazienteen artean eta beraien ingurunean, une oro bermatuz laguntzaren kalitatea eta pazienteen segurtasuna. 

Eskuen higienea Mutualian

Azken 20 urteetan, frogatu da eskuen higienea dela neurririk eraginkorrena kontrako ondorioak murrizteko (EA %3,5-12 herrialde garatuetan eta %5,7-19 beste batzuetan). 

Mutualiak, osasun erakunde gisa duen erantzukizunarekin, une oro egin du bat OMEren gomendioekin, eta osasun erakunde aitzindarietako bat izan da bere estrategian, 2009an atxiki baitzitzaion OMEren Munduko Erronkari: “Arreta garbia arreta seguruagoa da”. Horrek gogora ekartzen digu pertsona guztiak inplikatuta gaudela eskuen higiene egokian, eta ez soilik osasun langileak.  

2005ean, Mutualiak zenbait hezkuntza-programa eta gidaliburu jarri zituen abian, zeinak Eskuen Higieneko Taldearen bidez landu eta zabaldu baitira, langileen artean sentsibilizazioa eta jardunbide egokiak sustatzeko. Horietan, bereziki azpimarratzen da zein den modu egokia eskuen higienea une zehatzetan (5 une zehatzetan) eta era eraginkorrean (teknika egokiaren bidez) egiteko, osasun laguntzarekin lotutako infekzioak murrizteko eta, orobat, mikroorganismoen hedapena prebenitzeko. 

Urte hauetan, Mutualiaren Eskuen Higieneko Taldeak inkestak eta saioak egin ditu, eguneroko jardunean higiene egokiari buruzko ezagutza eta integrazioa ebaluatzeko, bai langileen artean, bai pazienteen artean eta beraien ingurunean, haien guztien osasuna eta segurtasuna une oro zaintzeko. Era berean, hainbat osasun kongresutan parte hartu du, eta esperientziak trukatu eta jardunbide egokiak zabaldu ditu horietan.  

Mutualian urtero ospatzen dugu Eskuen Higienearen Munduko Eguna, OMEk ezarritako jarraibideen arabera, eta praktika hori txertatuta dago Mutualiaren laguntza-kalitatearen eta pazientearen segurtasunaren kulturan.  

Laneko Ingurunean Aztura Kardio-osasungarriak Sustatzeko Jardunaldien IV. zikloko 2. saioa

Urriaren 7an (osteguna), Laneko Ingurunean Aztura Kardio-osasungarriak Sustatzeko Jardunaldiak egingo dira. Bihotzaren Espainiako Fundazioak (FEC) egiten ditu, AMATekin lankidetzan. COVID-19aren ondoriozko egoera berezia dela-eta, jardunaldia streaming bidez egingo da, webinar gisa.

Bigarren online hitzaldi hau, “Ongizate emozionala garai zailetan: nola eragiten dio langileari?”, Julia Vidal doktoreak emango du. Saioan, hitzaldia eta eztabaida egongo dira; izan ere, paziente aditu batek ere parte hartuko du, eta Pere Plana doktorea izango da moderatzailea, FECeko Enpresa Osasungarrien Programaren koordinatzailea.

Webgune honen bitartez eman daiteke izena, dohainik:

https://habitoscardiosaludables.webcastlive.es/

Sokatira: Indarra eta talde-lana

Irail erdialdean, Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketa jokatu zen Getxoko Fadurako instalazioetan, eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna lankidetzan aritu zen bertan.

Deialdia arrakastatsua izan zen, kirol- nahiz antolakuntza-arloan. Hala, Faduran, lau egunez, Kluben arteko Txapelketa eta Nazioen arteko Munduko Txapelketa jokatu ziren. Parte hartu zuten euskal kluben emaitzei dagokienez, Gaztedik lau domina lortu zituen guztira: urrea eta brontzea gizonezkoen 560 kilokoan, eta urrea emakumezkoen 500ekoan; gainera, laugarren gelditu zen emakumezkoen 540koan. Goiherrik ere brontzea lortu zuen 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko kategorian. Mutrikuk eta Getxok, berriz, ez zuten zorterik izan, eta dominarik gabe amaitu zuten txapelketa.

Nazioen arteko Munduko Txapelketa ardatz hartuta, Basque Countryk momentu ahaztezinak bizi izan zituen, eta egindako lanak saria izan zuen: urrezko dominak eskuratu zituen gizonezkoen 560 kiloko kategorian eta emakumekoen 500ekoan. Selekzioko gazteenek ere lortu zuten domina bat: 23 urtez azpiko gizonezkoen 600ekoan.

Getxon ikusi zenez, sokatira historia luzeko kirola da. Soka bati tira egin eta kontrako taldekideak norbere eremuan sartzean datza; antzinatik datoz saioak. Baina oraindik ez da jakina noiz eta non sortu zen sokatira. Birmania, Korea eta Ginea Berrian, adibidez, sokatira-erritualen aztarnak topatu dira. Modalitate horren berri ematen dute, halaber, Asiako eta Afrikako beste herrialde batzuetako errituek, esaterako, Kongo eta Zairen, edo Ameriketan –eskimalak– eta Zeelanda Berrian. Eta, noski, sustrai sendoak ditu Euskal Herrian ere. Sokatira ongiaren eta gaizkiaren arteko borroken sinboloa da. Esaten da espezialitate horretan urte luzez jardun dutela euskaldunek. Daturik zaharrenek marinelen eguneroko lanarekin lotzen dute, zirgatik tira eginez atrakatzen baitzituzten ontziak. Baleen ehizarekin ere lotzen da; izan ere, behin zetazeoa mendean hartuta, lehorreratu egin behar zen zatitzeko, burutik eta buztanetik tira eginez. Halako zereginetan eskuratutako tira egiteko trebetasunari esker, lehiatzen hasi ziren. Gaztelaniazko soga hitzak euskarazko soka hitzean du jatorria.

Ahozko tradizioak eta oroitzapenek argitzen dute, iragan mendean, sokatira-probak oso ohikoak zirela euskal herrietan. Hemen sokatira beti egin izan da zoru gogorraren gainean. Gero, lur gaineko modalitatea ezagutu zen, hau da, Getxon ikusi dena. Eta lurrean tiratzetik goman tiratzera 1980 inguruan igaro ziren.

Sokatirako Munduko Txapelketa bi urtean behin egiten da. Euskadi eskubide osoko kidea da Sokatirako Nazioarteko Federazioan, eta duela zazpi urte aritu zen lehenengoz Basque Country gisa, Madison herrian; besteak beste, Kanada, Hegoafrika, Estatu Batuak, Suitza, Suedia, Ingalaterra, Irlanda, Txina, Belgika, Letonia, Alemania, Italia, Israel, Herbehereak eta Nigeriaren aurka. Horietako asko Getxon ere izan dira.

Lur gaineko sokatirak, duela gutxi ikusi dugun horrek, luze irautea eskatzen du, eta, beraz, tiraldiak luzeagoak dira, tiratzaileak hobeto kokatzen baitira gainazalean. Euskal taldeek erakutsi dute onenenetakoak direla. Gainerako kiroletan legez, entrenatzaileak, taldearen buru izateaz gainera, aurkariaren ahulguneak identifikatu behar ditu, une egokian aginduak emateko. Garrantzi berezia du azken tiratzaileak, berak egiten baitu ‘aingurarena’. Gainera, berak igartzen ditu ondoen sokaren presio-uneak, eta, bera jartzen denez lekurik altuenean, ikuspegi zabala du.

Sokatiran aritzen denak pasio bizia sentitzen du indarra eta talde-lana uztartzen dituen diziplina horrekiko. Sokatirak konfiantza eta indarra ematen ditu, eta beldurrak kendu; gainera, lehiaketei esker, leku askotara bidaia daiteke. Kirolariek sokaren lakartasuna nabaritzen dute eskuak urratuz, eta zangoetan tentsio ikaragarria, eremua irabazteko lehian. Beste sakrifizio handi batzuk ere badakartza: dieta zorrotzak eta kirol-saio ugari, dagokion kategorian lehiatzeko pisu egokia izateko. Kirolak eta tradizioak bat egiten dute espezialitate honetan; sakonago ezagut dezakezu Herri Kirolen Euskal Federazioan.