2021eko PAZIENTEEN SEGURTASUNAREN MUNDU EGUNA

PAZIENTEEN SEGURTASUNAREN MUNDU EGUNA

2019an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aldarrikatu zuen pazienteen segurtasuna munduko osasun publikoko lehentasunetako bat dela, eta irailaren 17a Pazienteen Segurtasunaren Mundu Egun izendatu zuen.

Mutualiak konpromiso argia agertu du pazienteen segurtasunarekin, 2009an lehenbiziko Pazienteen Segurtasunerako Plana onartu genuenetik. Azken urteotan, pazienteen segurtasunaren kultura zabaltzen laguntzeko xedez, OMEren ekimenarekin bat egin dugu, Pazienteen Segurtasunaren Mundu Egun hau ospatzeko.

Zer da pazienteen segurtasuna?

  • Pazienteen segurtasuna esaten zaio jasotako osasun arretaren ondorioz istripu, lesio edo konplikazio saihesgarririk ez izateari.
  • Giza faktoreak ondorio kaltegarrien %70 baino gehiago eragiten du, eta, haietatik, %40 baino gehiago saihesteko modukoak dira.

Prestakuntza, segurtasun-kultura hobetzeko gakoa

Pandemia iristeak ohitura berriak izatera behartu gaitu, bai gure lan-ingurunean, bai hartatik kanpo ere. Aurre egin behar izan diogun erronketako bat pazienteen segurtasunaren alorreko prestakuntza jorratzen jarraitzea izan da, gakoa baita segurtasunaren kultura hobetzeko.

Horretarako, teknologia berriak baliatu eta prestakuntza hori bermatzeko bide berriak bilatu behar izan ditugu, hiru estrategia hauen bidez.

  1. Estrategia. Pazienteen Segurtasunaren alorrean kultura, prestakuntza eta ikerkuntza sustatzea.
  2. Estrategia. Jarduera asistententzialean Pazienteen Segurtasunaren integrazioan sakontzea.
  3. Estrategia. Pazienteen eta haien ingurunearen parte-hartzea sustatzea.

Zer egiten dugu

  • Barne-hedapena eta kanporako hedapena
  • Pazienteen Segurtasunerako oinarrizko barne-prestakuntza
  • Arriskua Kudeatzeko Unitatea Pazienteen Segurtasunerako pertsonen prestakuntza-eskakizunak.
  • Gomendatutako prestakuntzen zerrenda, Pazientten Segurtasunari buruzko solaskideentzat.
  • Pazienteen Segurtasunerako langile eta pazienteentzako prestakuntza orokorra.
    – Ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzeko Biltzarretan parte hartzea.
    – Ikerketa sustatuz.
    – Aldizkari zientifikoetako argitalpenak.

Aurten argitaratu da Mutualiako Pazientearen Segurtasunaren arloko kulturaren bilakaerari buruzko artikulu akademikoa. EHU/UPVko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoaren Sailarekin lankidetzan, lehen mailako nazioarteko aldizkari batean argitaratuta (Q1 eta 3.3 inpaktu faktore).

 “Evolution of culture on Patient Safety in the clinical setting of a Spanish mutual insurance company: observational study between 2009 and 2017” en el International Journal of Environmental Research and Public Health” – MDPI.

Evolution of culture on Patient Safety in the clinical setting of a Spanish mutual insurance company: observational study between 2009 and 2017
https://www.mdpi.com/1660-4601/18/18/9437

MUTUALEX EPAIA 2021EKO IRAILA

LANGILE AUTONOMOEN KUOTEK PRESKRIBATZEAK AUKERA EMATEN AL DU ERRETIRO-PRESTAZIOA JASOTZEKO, ORDAINKETAK EGUNEAN DAUDELA IRIZTEAREN ONDORIOZ?

Auzitegi Gorenaren ekainaren 2ko 594/2021 epaiaren azterketa (5036/2018 zk.ko errekurtsoa)

Epaitu beharreko egitateetan, langile autonomo batek erretiroa hartzeko duen eskubidea aztertu da, ordaindu gabeko kotizazioak izanda eta ordainketa egiteko esan zaiola, abuztuaren 20ko 2539/1970 Errege Dekretuaren 28.2 artikuluak ezartzen duen eran.

Egitatezko kasua LAABean izena emandako langile bati buruzkoa da. Langile horrek erretiroa eskatu zuen, eta erakunde kudeatzaileak ukatu egin zion, kotizazioen ordainketak egunean ez dituela iritzita. Langileak 2017ko uztailaren 10ean eskatu zuen erretiro-prestazioa; une hartan, zorra zuen ordaindu gabeko kotizazio-kuotak zirela-eta, 2008ko urritik 2013ko ekainera arteko epeari zegozkionak.

Egoera horretan, auzigai bikoitza sortu zen: batetik, ea langileak eskubidea duen prestazioa jasotzeko, kotizazioen ordainketak egunean eduki gabe, eta, bestetik, eta ordainketak egunean daudela iritziz gero, ea preskribatutako eta ordaindu gabeko kotizazioak egun kotizatutzat jo daitezkeen, langileari legokiokeen pentsio-portzentajea finkatzeko orduan.

Lan-arloko epaitegiak langileak jarritako demanda ezetsi zuen, eta erretiro-prestazioaren eskariaz absolbitu zituen GSIN eta GSDN. Langileak erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak ezetsi egin zuen.

Ezespen horri erantzunez, langileak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta kontraste-epai gisa eman zuen Kanariar Uharteetako Justizia Auzitegi Gorenak (Las Palmasko egoitza) 2014ko otsailaren 3an emandakoa (750/2012 DBKE). Kasu hartan, hemen epaitutakoan bezala, langileak ordaindu gabeko kuotak zituen erretiro-prestazioa eskatu zuen datan, eta orduko hartan epaitegiak ulertu zuen garrantzitsuena zela ea gertaera eragilearen datan ordaindu gabeko kuotak preskribatuta zeuden ala ez. Hala, kontraste-epaiaren kasuan, langileak altaren antzeko egoeran zegoela eskatu zuenez erretiro-prestazioa, gertakari eragilearen data, preskribatzeari dagokionez, prestazioaren eskariarena da; ondorioz, eta data horretan lau urte baino gehiago igaroak zirenetik ordaindu gabeko azken kuotatik, epaitegiak ulertu zuen langileak egunean zituela ordainketak.

Hori dela-eta, planteatutako lehen gaia da nola interpretatu behar den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 47.1 artikuluak ezarritakoa, abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuaren 28.2 artikuluarekin lotuta; dekretu horrek arautzen du Gizarte Segurantzako autonomoen edo bere konturako langileen Erregimen Berezia.

Auzitegi Gorenak ondorioztatu zuen LAABean prestazioa jasotzeko eskubidea izateko, langileak, ezinbestean, egunean eduki behar duela une horretan eska dakizkiokeen kuoten ordainketa, eta, hortaz, eta auzitegira eramandako kasu honetan bezala, ordaindu gabeko kuotak preskribatuta badaude gertakari eragilearen datan (GSLOren 24. artikuluarekin bat eginez), eta inguruabar horren ondorioz ez badago kuota horiek eskatzerik LAABean erretiro-prestazioa izateko eskubidearen ondorioetarako, eskatutako prestazioa eman egin behar dela.

Bigarrenik, auzitegiak iritzia eman zuen beste gai batez: kontuan hartu behar ote diren preskribatuta dauden eta, horrenbestez, eskatu ezin daitezkeen kuotak, eskatutako erretiro-pentsioaren ondorioetarako kotizatutako aldiak kalkulatzean. Eta ondorioztatu zuen kontu bat dela ezin eskatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, horiek ordaindutzat ematea; izan ere, gizarte-segurantzaren kontribuzio-betebeharrak preskribatzeak eskubidea ematen dio onuradunari kuota horiek eska ez dakizkion, baina ez dio ematen ordaindutzat jotzearen onura. Horregatik, egitatearen kasuan, gutxitu egingo da prestazioaren zenbatekoa, kotizatutako denbora laburragoa delakoan, ordaindu gabeko kuotei dagokien aldia ez baita kotizatutzat jotzen.

Jesus M. Vicente Cuadrado

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

KONTSULTA JURIDIKOA 2021EKO IRAILA

KONTSULTA JURIDIKOA

COVID-19aren ondorioz langile batek enplegu-erregulazioko espedientean ematen duen denbora kotizatutako denbora gisa zenbatzen al da etorkizuneko langabezia-prestazioetarako?

Planteatutako egitatezko kasu hori iraupen mugatuko kontratu batekin zerbitzuak ematen ari den langile bati dagokio. Kontratu hori indarrean dagoen bitartean, bere enpresak COVID19-ABEE-Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzen du. Enpresa ABEEtik irten eta zerbitzuak berriro ematen hasten denean, kontratua bukatu egiten da kontratu-epea amaitzeagatik, eta langabezia-egoerara igarotzen da. Planteatutako gaia langilea ABEE egoeran egon den epeari buruzkoa da, eta enpresak, legezko xedapen bat dela-eta, ez du kotizatu langile horrengatik, kuotak ordaintzetik salbuetsita baitago. Zehatz esanda, enpresa-salbueste horrek langilearen etorkizuneko prestazioei eragiten baldin badie, aldi hori kotizatuta ez dagoelako.

Hortaz, termino juridikoetan, planteatutako gaia 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 24. artikuluaren aplikazioaren interpretazioari buruzkoa da. Honakoa dio:

  1. Kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko espedienteetan, 22. artikuluan definitutako COVID-19ari lotutako aldi baterako ezinbesteko kasuetan baimendutakoetan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak enpresa salbuetsiko du urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 273.2 artikuluan aurreikusitako enpresa-ekarpena ordaintzetik, bai eta baterako bilketaren kontzeptuen kuotei dagokion ordainketatik ere, 2020ko martxoan eta apirilean, baldin eta 2020ko otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago (edo besteren konturako langileen antzekoak) izan balitu Gizarte Segurantzan alta emanda. Enpresak 50 langile (edo besteren konturako langileen antzekoak) edo gehiago baditu Gizarte Segurantzan alta emanda, kotizatzeko betebeharretik salbuetsiko da enpresaren ekarpenaren % 75.
  2. Salbueste horrek ez du eraginik izango langilearentzat, eta aldi hori benetan kotizatutako alditzat hartuko da ondorio guztietarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 20. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatu beharrik gabe.

8/2020 ELDaren 24. artikuluaren bigarren atalean xedatutakoa aplikatuz, honakoa ulertu beharko genuke: salbuestea ezartzeak ez du eraginik izango langilearentzat, eta aldi hori benetan kotizatutzat hartuko da. Kontsiderazio hori zabalduta, epe hori kotizatutzat jotzen denez, langileak eskubidea izango du kotizazioa egindakotzat jotzearen ondoriozko prestazioak jasotzeko. Horrek esan nahi du enpresei ezohiko egoera baten aurrean egindako salbuesteek ez dutela ondorio kaltegarririk izango, egoera hori erabateko ezohiko arauek erregulatzen baitute, kasu honetan bezala.

Xede horretarako, aipatutako ildotik, Bilboko lan-arloko 6 zenbakiko epaitegiak 203/2021 epaia eman berri du, 2021eko maiatzaren 13an.

Jesus M. Vicente Cuadrado

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Abiadura txikiagoa, segurtasun handiagoa

limite 10km

Oporraldia garai bikaina da erlaxatzeko eta hondartzaz eta mendiaz gozatzeko edo hirietan paseatzeko. Azken horri dagokionez, hiriez gozatzeko, Zirkulazio Araudia aldatu da, eta abiadura-muga berriak jaso ditu.

Hiri horietan, erabiltzaile zaurgarrienek (hala nola oinezkoek, bizikletek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek) gero eta leku gehiago irabazi dute, eta haien segurtasuna gero eta beharrezkoagoa da. Alderdi horiek ez zeuden ziurtatuta aurreko abiadura-mugekin. Beti hain garrantzitsua den pedagogia eginda azaldu daiteke arau berri horren zergatia. Erabiltzaile zaurgarri horiek auto batekin talka egitearen ondorioz hiltzeko probabilitatea bost aldiz handiagoa da 30 km/h-ko abiaduratik 50 km/h-ko abiadurara pasatzen denean. 60 km/h-ko abiaduran zirkulatuz gero, hiltzeko probabilitatea % 85ekoa da; 40 km/h-ko abiaduran arriskua % 45 ingurura jaisten da, eta 30 km/h-ko abiaduran, % 5era. Ezberdintasunak oso adierazgarriak dira eta ondorioa argia da: neurri honek heriotzak ekidingo ditu. Ba al dago bizitza baino garrantzitsuagorik?

Gainera, hiri arteko bideetako hilkortasun-datuetan ez bezala, non neurriak eraginkorrak izaten ari diren (% 4,7ko urteko beherakada azken 10 urteetan), hirietan egoerak bere horretan jarraitzen du (% 0,4 soilik urtean, aipatutako aldian). Baina alarma guztiak piztu dira azken 4 urteetako datuak ikusita, hildakoen kopuruak gora egin baitu (59 hildako urtero, batez beste).

Bi faktorek azaltzen dute datu kezkagarri hori: alde batetik, erabiltzaile zaurgarrien kopurua igotzeak, eta, bestetik, biztanleriaren zahartze progresiboak.

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, motozikletak eta bizikleten erabilera masiboa agertzearen ondorioz, erabiltzaile zaurgarrien kopuruak modu esponentzialean egin du gora azken urteotan, baita oinezko mugikortasunarekiko atxikimendua ere. Mugikortasun hori oso osasungarria da denontzat, baina zabalduagoa dago 65 urtetik gorako biztanleen artean (gaur egun biztanleen % 19 dira). Gainera, etorkizunean, litekeena da erabiltzaile zaurgarri horien kopurua nabarmen handitzea hiri-zirkulazioan; hortaz, gehieneko abiadura 30 km/h-ra mugatu beharra zegoen noranzko bakoitzeko errei bat duten bideetan, eta 20 km/h-ra plataforma bakarra duten bideetan. Horrela, automobilistak, motor-gidariak, txirrindulariak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariak eta oinezkoak segurtasunez bizi ahalko dira elkarrekin. Eztabaidaezina da istripu gutxiago egongo direla eta ez direla horren kaltegarriak izango.

Azaldutako guztia gutxi balitz, beste ohar bat: abiadura txikiagoan CO2 gutxiago isuriko dugu.

Nora garamatzate Zirkulazio Araudiaren erreforma hauek?

Bada, argi eta garbi, Europako administrazioen eta estamentuen arteko lankidetzarako apustu irmoa dira, hiri atseginagoak, seguruagoak eta, batez ere, osasungarriagoak sortzeko. Oinezkoentzako espazioak sustatuko dira, eta gozamena, merkataritza, eta, beraz, Hiri Hobeak bultzatuko dira.

MutuaLex 167 zk.

mutualex

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.). 2021eko irailaren 4tik 10erako astea.

URRUTIKO LAN EDO TELELANARI BURUZKO LEGEA

telelanari buruzko legea

28/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez egindako erreformaren ondoren, modu formalagoan iritsi da orain urrutiko lanari buruzko 10/2021 Legearen onarpena. Lege hori osorik indarrean sartu zen argitaratu eta hurrengo egunean, hau da, 2021eko uztailaren 11n, salbu eta gizarte-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko legeari eragiten dion aldaketari buruzko azken xedapenaren aldaketa, urriaren 1ean sartuko baita indarrean.

Zeintzuk dira, gure ustez, berriki onartu den legeak ekarritako aldaketa nagusiak?

Aldaketa bat honek ekarri du: telelana edo urrutiko lana egiten duten pertsonen kasuan enpresek kontuan izan behar dituzten diskriminaziorik ezeko kasuen hedapenak. Lehenago, sexuaren ziozko diskriminaziorik eza sartua zegoen, eta gaur egun beste zio hauetara hedatu da: adina, antzinatasuna, desgaitasuna eta lanbide-talde edo -kategoria.

Egindako beste aldaketa batek arriskuen prebentzioarekin lotutako alderdiari eragiten dio. Horri dagokionez, legeak esaten digu arriskuak ebaluatzeko eta prebentzio-lanaren plangintza egiteko kontuan hartu beharreko faktore bat dela “lan-ingurune efektiborako sarbidea izatea”. Hau da, enpresak aukera izan dezala, langilearekin aldez aurretik hala adostuta, bizitokira sartzeko eta zehazki lan-jarduera egiten den zatira, horrela prebentzio aldetik egokia den jarduera egin ahal izateko.

Arau berriak ekarri dituen aldaketen artean, desgaitasuna duten pertsonei buruzko bat ere aurkitzen dugu. Horrelako kasuetan, enpresak bermatu behar du baliabideak, tresnak eta ekipamenduak edonorentzat egokiak direla, era horretan arrazoi hori dela-eta diskriminazio-egoerak saihesteko helburu garbiarekin.

Antolaketaren aldetik, eta, bereziki, enpresek jarduera kontrolatzeko duten gaitasunaren aldetik, funtsezko aldaketa bat da enpresek gaitasuna izatea, beharrezkoak diren neurriak hartuta, langileek beren betebeharrak betetzen dituztelako kontrola eta zaintza egitea.

Lehenago adierazi dugun moduan, gizarte-alorreko lege-urratzeei eta zehapenei buruzko legearen 40. artikulua aplikatuz jar litezkeen zehapenen zenbatekoak igo egin dira, 2021eko urriaren 1ean indarrean sartu den aldaketaren arabera.

Lege berriak ekarri digun beste aldaketa bat helbidea zehaztearena da, eskumena duen lan-arloko agintaritza zein den finkatzeko. Hala, kontratuan dagoen helbidea hartzen du, eta, helbide hori finkaturik ez balego, enpresarena edo laneko gune edo leku fisikoarena.

Onartutako lege berriak ekarri dituen berritasunak eta aldaketak aletu ondoren, legearen analisi laburra egingo dugu.

Urrutiko lanari buruzko lege honek bereizketa egiten du urrutiko lan edo lan ez-presentzialaren eta telelanaren artean. Lehenengoa honetan datza: lanaldi osoan edo horren zati batean –betiere, erregulartasunez– lana antolatzea edo enpresak agindutako jarduera langilearen bizilekuan egitea (edo horrek erabakitzen duen lekuan). Bigarrena, berriz, honetan oinarritzen da: distantziara egindako lana, osoki edo nagusiki baliabide edo sistema informatiko edo telematikoekin gauzatua. Bereizketa hori funtsezkoa da gure ustez; izan ere, horren bidez ondoriozta dezakegu telelana era presentzialean egin daitekeela. Horren adibide da bulego-lanpostu bat, zeinean jarduera baliabide informatikoekin eta telematikoekin egiten baita; kasu horretan telelan presentziala izango genuke. Horregatik, lege berriarentzat, definitu beharreko figura, batez ere, urrutiko lana da –lan ez-presentziala–. Horregatik hartzen du legeak izen hori.

Legearen aplikazio-eremua dela eta, hots, zein langileri aplika diezaiokegun erregulazio hau, argi dago gizarte-segurantzaren erregimen orokorrari atxikitako zein inoren konturako langileei aplikatzen zaiela, eta horretatik kanpo daudela administrazio publikoetako langileak, haiei araudi espezifikoa aplikatzen baitzaie, irailaren 29ko 29/2020 Errege Lege Dekretuan ageri dena. Egindako lana lantzat hartzeko, lanaldiaren % 30eko denbora-tartea hartu behar du gutxienez, eta hiru hilean zehar, edo lan-kontratutan zehaztutako iraupenaren araberako proportzio baliokidean. Zerbitzuak emateko era horrek mugak ditu 18 urtez azpiko langileentzat eta praktikaldiko edo prestakuntzako kontratua dutenentzat; horrelakoetan, lanaldiaren % 50, gutxienez, era presentzialean egin beharko dute.

Enpresaren eta langilearen arteko akordioari dagokionez, esan behar dugu nahitaezkoa dela sinatzea. Ez dugu ahaztu behar jarduera-figura honetan ez dagoela derrigortzerik, ez enpresaren aldetik ez langilearen aldetik; hau da, beti borondatezkoa dela. Beraz, behin akordioa lortuz gero, akordio horrek sinatuta egon behar du, bai hasierako kontratuan, bai horren eranskin batean, zerbitzuak emateko modalitate hau hasi baino lehen. Akordioak jardueraren zerbitzua emateko baldintzen aldaketa guztiak jaso behar ditu, bereziki aipatuz: adostutako urrutiko lana egiteak eskatzen dituen baliabideen, ekipamenduen eta tresnen inbentarioa; urrutiko zerbitzuak emateagatik langileak izan ditzakeen gastuen zerrenda; langilearen lan-ordutegia, eta, horren barruan, hala badagokio, prestasun-arauak; lan presentzialaren eta urrutiko lanaren arteko portzentajea eta banaketa, hala badagokio; urrutiko lana egingo duen pertsona atxikita egongo den enpresaren lan-zentroa, eta, hala badagokio, non egingo duen lan presentzialaren lanaldi zatia; langileak hautatutako urrutiko lanerako lantokia; eta urrutiko lanerako akordioaren iraupena.

Alderdirik eztabaidagarrienetakoa hau da: nork ordaindu behar dituen urrutiko lanak dakartzan gastuak; eta gainera, aldez aurretik jakin behar dugu zer gastuz ari garen. Azken puntu hori dela eta, beharrezkoak diren baliabideen, ekipamenduen eta tresnen hornikuntza eta mantenua dago alde batetik; izan ere, agerikoa da zerbitzuak emateko modalitate hori egiteak ez diola inolako gasturik ekarri behar horiek ematen ari den langileari. Legea indarrean sartzen den data baino lehenagotik langilea jarduera egiten ari den kasuetan, legea aplikatuko da, baina horrek ezin du berekin ekarri ordurako gozatzen ari den edozein akordio edo onuragarriagoa zaion edozein baldintza desagertzea.

Oso kontuan hartu beharreko beste alderdi bat zera da: zerbitzuak emateko modalitate honetan langileek deskonektatzeko duten eskubidea, enpresari horrek dakarkion betebeharrarekin batera. Horrekin esan nahi da, lan- eta atseden-denborak aintzakotzat hartuz, langileak atseden hartzeko eskubidea duela, eta, horrekin batera, enpresari  deskonexio hori gauzatzeko betebeharra ezartzen zaiola atseden-uneetan baliabide teknologikoak erabiltzeko mugak bermatuz, lanaldiaren iraupen maximoa errespetatuz, etab. Gure iritziz, eskubide hori eta eskubideak dakarren betebeharra bermatze aldera, urrutiko lanaren akordioaren barnean lanaldiak guztiz mugatuta eta zehaztua egon behar du. Deskonexio teknologikoari dagozkion kontrol-mekanismoei eta jardueraren kontrolari eta zaintzari dagokienez, honako betekizun hauek dituzte: egokitasuna, beharrezkotasuna eta proportzionaltasuna, era horretan langilearen arlo pribatuan eta intimitaterako eskubidean ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten.

Lege berriaren arabera urrutiko lan-akordioa sinatu beharreko datari dagokionez, zenbait zehaztapen egin behar ditugu. Errege Lege Dekretua indarrean sartu aurretik (2020ko urrian) enpresek urrutiko lana edo telelana egiten zuten kasuan, 3 hileko epea eman zitzaien akordioaren edukia une hartan zegoen legedira egokitzeko. Telelanaren baldintzak modu konbentzionalean finkatuta bazeuden, akordio berria egiteko betebeharra orduan indarrean zen hitzarmenak indarraldia galtzearekin batera etorriko da.

Azkenik, analizatu dugu ea badagoen urrutiko lanerako lehentasunezko sarbidea duen langilerik. Erantzuna baiezkoa izan da honako kasu hauetan: lana eta familia bateragarri egiteko beharra duten pertsonak, edoskitze naturalerako eskubidea dutenak eta genero- eta terrorismo-indarkeriaren biktimak, betiere hori posible den kasuetan eragindako pertsonaren lanpostua eta jarduera kontuan hartuta.


Jesus M. Vicente Cuadrado

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letradua

Lan-eremuan nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko jardunbide egokien 2021eko saria

osalan logo

Osalanek  deialdia egin du lan-eremuan nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko jardunbide egokien sarietarako, enpresei zuzenduta, bi kategoriatan:   

  • Enpresa txikiak (50 langile baino gutxiago)  
  • Enpresa handiak (50 langile baino gehiago) 

Oinarriak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2021eko abuztuaren 25ean. Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. 

Sariketaren emaitza Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Asteko jardueren barruan jakinaraziko da, 2021eko urriaren 18tik 22ra bitartean. 

Iturria: Osalan

FISIOTERAPIA MUTUALIAN

Gaur, irailak 8, Fisioterapiaren Mundu Eguna ospatzen dugu. Honelako egun batez sortu zen Fisioterapiaren Mundu Konfederazioa (World Confederation for Physical Therapy – WCPT), 1951n. 

Fisioterapiaren helburu nagusia pazienteen bizi-kalitatea hobetzea da, sustapenaren, prebentzioaren eta tratamenduaren bidez, eta horixe dugu Mutualian errehabilitazio zerbitzuen oinarri. Bertan, gure fisioterapeutek pazienteen segurtasunari ematen diote lehentasuna, baita haren kalitateari, ongizateari eta babesari ere.   

2020an 85.487 fisioterapia-saio egin genituen gure laguntza-zentroetan eta Ercilla klinikan, Pakea klinikan eta Erabakimen Handiko Ospitalean. COVID-19aren ondoriozko pandemian, lan egiteko era egokitu eta tele-errehabilitazio zerbitzua sustatu dugu. Haren bitartez, gure fisioterapeutek aukera izan dute pazienteen tratamendurako beharrezkoak diren zerbitzuak ematen jarraitzeko, gertuko eta zuzeneko harremanaren bidez, eta ikuskapena eginez etengabe. Gure pazienteek positiboki baloratu dute hori; hala, oso lankidetza estua sortu da haien eta fisioterapeuten artean, eta konfiantzazko eta lasaitasunezko harremana izan da emaitza. 

Gure fisioterapeuta-talde bikain eta kualifikatuari esker, eta gure zentro eta kliniketako azken belaunaldiko teknologiari esker, gure errehabilitazio zerbitzuek arreta seguru eta pertsonalizaturik onena ematen diete gure pazienteei; izan ere, haien baloraziorik onenetakoa jasotzen duen gure zerbitzuetako bat da.