MONDI IBERSAC, 2000 egun lan-istripurik gabe 

Mondi Ibersac enpresak (Gueñes udalerrian dago, Bizkaian) urteak daramatza paperezko zaku industrialak egiten, eta konpromiso irmoa du laneko segurtasuna eta osasuna zein elikagaien osasuna zaintzeko; horrezaz gain, ingurumen-kudeaketa sustatzen dihardu enbalajearen eta paperaren sektorean, eta, hori guztia, pertsonak erakundearen ardatz direla aintzat hartuta. 

MONDI IBERSAC

Mikel Anduaga  eta Borja Pérez elkarrizketatu ditugu, MONDI IBERSAC ARANGUREN enpresako Fabrikako zuzendaria eta Segurtasuneko eta osasuneko koordinatzailea, hurrenez hurren. 

  • MONDI IBERSAC: hasieratik gaurdaino 

Fabrika 50eko hamarkadan sortu zen, eta zenbait talderen jabetzakoa izan da, harik eta 2010. urtean MONDIk erosi zuen arte, eta hura izan zen aldaketaren abiapuntua. 

Mondi Ibersac fabrika MONDI multinazionalaren jabetzakoa da, enbalajearen eta paperaren sektorean aitzindaria mundu osoan, eta mundu hobe bat lortzen laguntzen dugu, diseinu aldetik jasangarriak diren teknika berritzaileak erabiltzen baititugu.  Mondik, dibisio guztien artean, 100 produkzio-lantegi eta 26.500 langile ditu 30 herrialdetan baino gehiagotan; nagusiki, EUROPAN, IPAR AMERIKAN eta AFRIKAN. 

Mondi multinazionalaren barruan, gu PAPEREZKO ZAKUAK (PAPER BAGS) dibisiokoak gara, zeinean 40 fabrika baikaude (23 herrialdetan). Espainiako estatuan 3 fabrika ditugu: Arinagan (Kanariak), Abreran (Bartzelona) eta Arangurenen (Gueñes – Bizkaia). 

Egun, Produktu INDUSTRIALETARAKO paperezko zakuak egiteko 2 produkzio-lerro ditugu, eta hirugarren produkzio-lerroa instalatzen ari gara. Era askotako produkzio-mixa daukagu, premiei erantzutea helburu hartuta, edozein dela ere merkatua, hala nola gizakien eta animalien elikadura, haziak, produktu kimiko eta mineralak, eta eraikuntzako materialak.  Gure barne-merkatua gure produkzioaren % 50 inguru da, eta gainerako % 50a Europara esportatzen dugu; kanpo-merkatuari dagokionez, Frantziako merkatua da gure produktuen norako nagusietako bat.  

Duela ez asko, Mailer/postako zakuak egiteko lerro bat instalatu dugu, merkatu hori suspertzen ari zela ikusita. Biltzeko formatu berri horrekin merkatuan hazi egingo garelakoan gaude. 

  • Mondi Ibersac enpresaren funtsezko balioetako bat lantaldea da. Zenbat lagunek osatzen duzue Mondi, eta nola lortzen duzue laneko arriskuen prebentzioan eta laneko osasunaren alorrean inplikatzea? 

MONDI IBERSAC ARANGURENEN 100 lagun inguru ari gara lanean. Azken urteotan asko hazi gara, merkatu-eskariak gora egin ahala. 

MONDIrekin lanean hasteak aldaketa ekarri zigun negozioaren pentsamoldean, eta, batez ere, SEGURTASUNAREN aldeko apustu irmoan.  Multinazionalean sartu ginenean, OHSAS deritzon sistema ezarri genuen, baliabideak eman zizkiguten ingeniaritza-alorreko neurriak hobetzeko (segurtasuna makinetan, orgak eta oinezkoak elkarrengandik urrundu), segurtasunaren inguruko prozedurak ezartzeko eta prestakuntza eskaintzeko, baita SEGURTASUNAREN EGUNA ospatzeko ere (aurrerago hitz egingo dugu azken horretaz). Nola ez, gerora, ISO 45001 ziurtagiria lortu genuen. Baina hasiera-hasieratik hartu genituen kontuan gure arrisku nagusiak, intentsitate handienekoak izan daitezkeenak eta errepikakorrenak; bestalde, garrantzi handia eman diogu beste fabrika batzuetan gertatzen zenetik ikasteari, geurean gerta ez zedin ahalegintzeko. 

Hau da, betidanik eman diogu garrantzia gure fabrikan eta beste batzuetan izaten ziren gorabeherak aztertzeari, arazoak non errepikatzen ziren jakiteko. 

  • Zer arrisku errepikakor detektatu dituzue?  

Bai gure fabrikan eta bai gainerakoetan uda errepikatzen zen, oporraldiak eta behin-behinekotasunak eraginda noski; horrezaz gain, udan, behin baino gehiagotan egokitu zaigu lan-txandak handitu behar izatea, hazien merkatua zakuz hornitu ahal izateko. Udan istripu-tasak gora egiten zuen, eta uda oro segurtasuneko kanpainak egiten hasi ginen. Kartelak, arazoen kasuistika gogora ekartzeko; 10 minutuko etenaldiak hilero langile guztientzat, aurreko udaldietan izandako istripuak gogora ekartzeko; ohartarazi zeinen garrantzitsua den lankideen arteko komunikazioa (batez ere ohiko lankidearekin ari ez zarenean lanean); segurtasuna lantzeko era askotako jolasak.  

Beste arrisku errepikakor bat, fabrika guztietan, gure lan-tresnak papera eta horzdun labanak baitira, EBAKIAK ziren. Horren jakitun, zenbait urratsetako kanpaina bat diseinatu genuen, oso garbi baikeneukan langileak inplikatu behar genituela, ia zeregin guztiek baitute arrisku hori; zehazki, langileei argazkiak atera genizkien zenbait zeregin nola egin behar diren eta nola EZ diren egin behar erakusten zutela, eta, gero, prozedura argazkien bidez gogorarazi genien. 

TALDEAK arriskuak sailkatuta dauzka, zein den intentsitatea kontuan hartuta. FIVE TOP RISK deritzo sailkapenari: kontratak (zoritxarrez, oro har ez dute guk bezainbesteko kontzientziarik prebentzioaren inguruan), altueran egin beharreko lanak, mugitu eta biratzen den makineria, biltegietako manipulazioak eta lantegi barruko zirkulazioa. Halakotzat hartzen dira, hain zuzen, arrisku horiek heriotza edo bizitza aldarazten duten lesioak eragin ditzaketelako. Urtero lantzen ditugu arrisku horiek, askotan ingeniaritza-alorreko neurrien bidez eta inbertsioak eginez, baina prestakuntza ere eskaintzen dugu. Segurtasun-alorreko asmo handiko prestakuntza-plan bat antolatzen dugu urtero, eta helburuetako bat da beti langileak gogoan hartzea, bai haien beharrei bai parte-hartzeari begira.  Nahiz eta guk ere aztertzen ditugun fabrikan izaten diren gorabeherak, beti galdetzen diegu langileei zer landu beharko genukeen, eta garrantzitsuena da prestakuntza-saioetan gero eta inplikatuago daudela eta parte-hartzea gero eta handiagoa dela. Zenbait prestakuntza-saio makinak aurrean direla egitekoak izan dira, eta batzuetan prestakuntza-saio horiek propio prestatu dira langileek elkarri emateko, betiere helburutzat hartuta ahalik eta parte-hartze eta inplikazio handiena lortzea, hala konpromisoa eta kultura sortzen jarraitzeko. Joan den urtetik beste tresna bat erabiltzen ari gara: ENGAGEMENT BOARD (konpromisoen taula). Lagun-talde txiki bat elkartzen gara fabrikan dugun arazo espezifikoren bat aztertzeko, eta helburua da konponbideak ezarri eta konpromisoak hartzea.  Ekimena SEGURTASUNEKO SAILAK jarri zuen abian, eta, orain, beste arlo batzuetan ere lantzen dugu; besteak beste, kalitatea, ingurumena, elikagaien segurtasuna, etab. 

Eta segurtasunaren alorrean egiten dugun beste gauza bat ere azpimarratzekoa da: SEGURTASUNAREN EGUNA. Guk MAKING A DIFFERENCE DAY esaten diogu, eta helburua da segurtasunaren eta osasunaren eguna ospatzea, horrekin zerikusia duten jarduerak eginez, baina ikastaroak izan gabe.  Dagoeneko 12 urte daramatzagu ospatzen, eta denetarik egin dugu. Esate baterako, urteren batean Mutualiak parte hartu izan du BIDE-SEGURTASUNA gaitzat hartuta hitzaldi bat emateko, baita ETXEKO SEGURTASUNA bermatze edo areagotze aldera gomendioak emateko ere. Beste urte batean mendizale bat eta sorosle bat gonbidatu genituen, mendian eta hondartzan segurtasuna zaintzearen garrantziaz hitz egiteko.  Hasieran asko lantzen genituen fabrikako berezko gaiak (altuera, orgak, makinak), eta nahiz orain ere lantzen ditugun, bestelako gaiak ere jorratzen saiatzen gara, adibidez, OSASUN MENTALA, ongizatea, talde-lana, lankideak elkar zaintzea eta elkarri irakastea; beste modu batera esanda, oso garrantzitsuak dira guretzat TALDEAK SORTZEA, KULTURA SORTZEA, KONPROMISOAK SORTZEA. 

Azkenaldian, egun hori aitzakia hartuta, ate irekien jardunaldiak antolatu ditugu senideentzat eta lagunentzat, eta beste bat erretiroa hartua zutenentzat. Azken hori izan zen ni gehien hunkitu ninduena, eta hori ez nuela inor ezagutzen. Izugarria iruditu zitzaidan haiek hainbeste harritzea makina guztiak babes-sistemekin ikustean, edo lantegi barruko korridoreak barandekin babestuta ikustean, eta galdetzea nola egiten genituen hainbeste zaku, haiek egiten zituzten baino askoz zaku gehiago. Ni, berriz, bihotz-ukitu ninduen haietako askori gutxienez hatz bat falta zitzaiola ikusteak.  

  • Urtero, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astean, Mutualiak ekitaldi bat antolatzen du, eta, besteak beste, 0Bidean sariak banatzen ditu. Sari horiek laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murrizteko, prebentzioaren alorrean jardunbide egokiak garatzeko eta kudeaketa-sistema egokia edukitzeko lan egiten duten enpresei ematen zaizkie; azken batean, ezbehar-tasa nabarmen murrizteko eta zero istripuko helburua lortzeko lan egiteagatik nabarmendu direnei, eta zuek hori agerian utzi duzue. 2023an MONDI IBERSAC izan da enpresa sarituetako bat; zer eragin izan du zuengan sariak? 

Bada, guretzat ohore izugarria izan da. Egia esan, oso “sartuta” edo inplikatuta gaude punta-puntako multinazional batean, eta zenbait egoeratan oso “aurreratuta” gaude Espainiako egoerarekiko, eta horrek eragin digu lan asko egitea TALDEARENTZAT eta haren mugarriei begira-begira egotea. Horren adierazle da, adibidez, zuek izan zareten 2000 egun istripu bajadunik gabe izeneko ospakizuna; hau da, batzuetan ez gara konturatzen zer daukagun hemen bertan. Eta horixe bera gertatu zaigu; nahiz eta aurreko urteetan gaiari buruzko e-mailen bat jaso izan dugun, ez ginen mezuaren edukiaz oso kontziente, eta zuen lankideak deitu zidanean azaltzeko zertan datzan prozesua eta esan zidanean hautagaiak ginela, izugarrizko poza eta ohorea sentitu genuen. 

  • 2022. urtean KALITATEAREN saria jaso zenuten, MONDI TALDEAK emanda; izan ere, zuen proiektua izan zen irabazlea. Zertan zetzan proiektua? 

GLUE PROIEKTUAGATIK eman ziguten iaz KALITATEAREN saria. Proiektu hura adostasun ezak zeren kausa ziren identifikatzean eta ekintza-planak ezartzean zetzan. Horretarako, sail guztietako langileek hartu zuten parte. Segurtasunaren alorrean egiten dugun moduan, proiektuaren oso oinarri garrantzitsua izan zen analisi egokia egitea eta langileak inplikatzea

MONDI IBERSAC enpresak jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du. Konpromiso hori tarteko ari zarete lanean ingurumen-kudeaketa sustatzen enbalajearen eta paperaren sektorean. Zer neurri hartzen dituzue ingurumen-jasangarritasunaren eta -babesaren alde egiteko, zuen sektorean hain zaila den testuinguruan?  

MONDIk jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du. Duela urte batzuk ISO 14001 ziurtagiria lortu genuen. Lehendik bagenituen PEFC eta FSC ziurtagiriak, zaintza-katearen ziurtagiriak; modu jasangarrian ekoiztearekin zerikusia dute, eta prozesu guztia hartzen dute barne, hasieratik amaierara arte: basoa, paperaren fabrikazioa, eta azken transformazioa paperezko zakuak lortzeko. Horrez gain, ziurtatu behar da beti basoak basoberritu egiten direla eta zura iturri jasangarrietatik datorrela. Azken urteotan ekonomia zirkularra ere ari gara sustatzen; zehazki, aztertzen ari gara zer aukera dauden gure materiaren zati bat paper birziklatua izan dadin. Mondik, World Wide Fund erakundeko kide izateaz gain, hondakindegira zabor-kantitate gutxiago botatzea edo deus ez botatzea edota berotegi-efektuko gasak murriztea helburu duten ingurumenari buruzko nazioarteko foroetan parte hartzen du. Lehen esandakoaren harira, energia-kontsumoak (elektrizitatea, gasa eta ura) neurtzen eta kontsumoa murrizteko moduak aztertzen ari gara. Duela gutxi oso inbertsio handia egin dugu plaka fotovoltaikoak instalatzen. 

Era aktiboan hartzen dugu parte ingurumena, pertsonen garapena (berdintasun-plana) eta gizarte-erantzukizuna defendatzen duten programetan. Eskualdearen garapenaren alde ere egiten dugu lan; guri dagokigunez, Enkarterrien alde. Hain zuzen, orain dela bi urte Enkarterri Hoberantz saria jaso genuen, eskualdean egindako ekarpenaren aitortza gisa.  

Mutualia ASCOM elkartearen Compliance Officer Egunean 

Mutualia elkartekide duen Compliance Elkartearen (ASCOM) 2023ko Compliance Officer Eguna dela eta, Madrilgo Arte Ederren Elkargoak antolatutako prestakuntza-jardunaldian izan dira Batzorde Betearazleko kideak. Erakundeetan delituak prebenitzearen arloko azken berritasunak eta gaurkotasunezko gai praktikoak izan dituzte aztergai. 

Mutualian, Gobernu Korporatibo Onaren Politika Orokorraren ikuspegiarekin eta Kode Etikoan eta arlo bakoitzaren jardunean gerta daitezkeen arrisku penalak identifikatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko etengabeko zereginean oinarrituta, arlo penaleko gure compliance kudeaketa-sistemak (2019tik du ziurtagiria UNE 19601 arauan) erakundearen jasangarritasunari laguntzen dio, ondorio kaltegarriak ekar litzaketen delituak edo bestelako arau-hausteak ahalik eta modurik eraginkorrenean saihesten saiatuz.  

Mutualiak hainbat printzipio, politika eta jarduteko barne-prozedura ditu —gure atari korporatiboan argitaratuta daude—, Arrisku Penalak Prebenitzeko gure eredua osatzen dutenak, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen erakunde bat garen aldetik garatzen dugun jardueran arlo penaleko araudia behar bezala bete dezagun bermatzeko eta ustelkeriaren eta iruzurraren aurkako borrokan etikaren eta zuzentasunaren kudeaketa arautzeko

Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko 2/2023 Legean eta mutuaren INFORMAZIOKO BARNE-SISTEMAREN POLITIKAN ezarritakoa betetzeko, BARNEKO INFORMAZIO-KANALA du Mutualiak, komunikazioak, informazioa eta salaketak jasotzeko. Tresna baliotsua da mutuaren jarduerari lotutako legez kontrako edozein jokabide edo legezkotasuna urra lezakeen edozein gorabehera jakitera emateko. 

Batzorde Betearazlea  

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako Kirol Autonomikoaren II. Biltzar Nazionalak arrakasta izan du

logo-ekfb

Hizlari, aditu eta mahai-inguruetako partaideek kirolaren oinarrizko gaiak landu zituzten, hiru gai-multzotan antolatutako egitarauan

Besteak beste, hauek parte hartu zuten: Pepu Hernández, Javier Clemente, Almudena Cid, Ion Iriberri eta Natalia Vi-Dufresne

Atal honetan, Kirol Autonomikoaren II. Biltzar Nazionalaren berri emango dugu hil honetan. Iaz Valladoliden egin zen, eta aurten Bilbon, Euskalduna Jauregian, hain zuzen ere, 2023ko azaroaren 11n, larunbatez. CUFADEren jardunaldi horretan, kirolari buruzko zenbait alderdi esanguratsu landu zituzten hizlari ezagunek, adituek eta mahai-inguruetako partaideek. Zenbait gai-multzotan antolatu zen egitaraua; besteak beste, hauek: kirol-kudeaketa, alderdi tekniko eta kirolekoak, eta komunikazioa eta joera berriak.

CUFADE Espainiako Kirol Federazioen Batasunen Konfederazioak bultzatu zuen ekitaldia, eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak antolatu zuen, autonomia-erkidegoetako kirolaren balioa nabarmentzeko gizartearen aurrean. Ekitaldiak, asteetako prestaketa-lanen ondoren, arrakasta handia izan zuen, eta, amaitzeko, txapelak eman zizkieten Javier Zuriarrai EKFPren sortzaileari, Basque Team fundazioko Olatz Legardari, Silvia Murieli, genero-inklusioaren alde egin duen funtsezko lanagatik, eta Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariei, besteak beste.

Biltzarraren helburua izan zen, beste behin, erakunde, kirol-federazio eta klubetako kirol-agintari, langile eta kolaboratzaileei eguneroko kudeaketa hobetzeko behar dituzten

tresnak ematea, batetik; eta oinarriko kirolaren atzean dagoen lana ezagutaraztea, oinarriko kiroletako erakundeen kudeaketa hobetzeko baliabideak eskaintzea eta ideia eta proiektuak sortzeko eztabaida-gune bihurtzea, bestetik. Gainera, parte-hartzaileen artean harreman profesional eta pertsonalak sortu ziren. Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak hitz egin zuen azkena, eta, gero, Madrilgo ordezkariak hartu zuen lekukoa, hurrengo Biltzarra han egingo baita.

Euskalduna Jauregian egindako II. Biltzarrari hauek eman zioten hasiera: Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta Ángel Gurrutxagak, Euskal Kirol Federazioen Batasuneko lehendakariak. Gero, zenbait hitzaldi mediatiko izan ziren, hala nola Javier Clemente futbol-hautatzaile ohiarena eta Pepu Hernández saskibaloi-hautatzaile ohiarena.

Kirol-kudeaketaren atalean, aseguruei buruzko hitzaldi bat eman zuten; eta ekitaldien antolaketaren arloan, Mikel Gurutzetak, Tourreko gobernu-koordinatzaile nagusiak, eta Natalia Via-Dufresne estropadalari eta Joko Olinpikoetako dominadunak (Belako Amerika Kopa) parte hartu zuten. Sergi Miquelek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek mezenasgoaren legeari eta fiskalitateari buruz hitz egin zuten, eta Dorleta Ugaldek, Silvia Murielek eta AMDP elkarteko kide Arantxa Uriak genero-inklusioari buruz. Horrez gain, kirolaren kudeaketa publikoari buruzko mahai-inguru bat ere izan zen, non Josep Monrásek, Alberto Bustosek eta Asfedebik parte hartu baitzuten. Kirolaren bidezko gizarte-inklusioari buruzko eztabaida bat ere izan zen.

Komunikazioaren eta joera berrien atalean, Carlos Pinedak, Parisko Olinpiadetako adimen artifizialaz arduratzen den ST37 enpresako zuzendari nagusiak, adimen artifizialari buruzko hitzaldi bat eman zuen; kirol-ingeniaritza eta sistemetako STT enpresak, kiroleko teknologiari buruzkoa (azterketa biomekanikoetarako sentsoreak); ADESPek (Espainiako Kirol Elkartea) eta Green Deal proiektuko (UFEC) kide Gisela Ibáñezek, kirolaren jasangarritasunari buruzkoa; José Alberto Martín Manjarresek, kirol federatuaren bilakaerari buruzkoa; eta Oviedoko Unibertsitateko kide María Fernándezek eta EUNEIZ Unibertsitateko ordezkari Rubén Jiménezek, kiroleko elikadura-nahasmenduei buruzkoa.

Kiroleko teknikari dagokionez, medikuntzari eta kirol-psikologiari buruzko hitzaldiak nabarmendu ziren. Batetik, “Kirolarien osasunari eta errendimenduari buruzko gaur egungo ikuspegia”, zeina Toni Tramullas Juanek (kirol-medikua, Barcelona FCko mediku ohia eta Qatarreko Aspire Academy-ko zuzendari medikoa) eta Adrià Tramullas Mas kirol-kardiologoak eman baitzuten. Eta bestetik, “Ebidentzia zientifikoetan

oinarritutako kirol-medikuntza: oraina eta geroa”, zeina Julen Ucin Gurrutxagak (Erronka Kirol Medikuntzako medikua eta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia saileko irakasle elkartua) eta Haritz Esnal Amundarainek (medikua eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko irakaslea) eman baitzuten.

Gainera, beste hainbat gai interesgarriz ere hitz egin zuten: Basque Team fundazioaren Laneratzea proiektuko kide Olatz Legartzak “Eliteko kirolarien biharamuna” hartu zuen hizpide; Kirolaren Euskal Eskolako ordezkariak, Ion Iriberrik, kirol-titulazioez jardun zuen; Almudena Cidek, emakumeen kirolaz; María Ruiz De Oñak, taldeak kudeatzeaz; eta Matteo Samaranchek, ekoizpen automatizaturako teknologiaren eta adimen artifizialaren arloko ATM MEDIA enpresako negozioaren garapeneko zuzendariak, kiroleko industria aplikatuaz. Biltzarra amaitu zenean, Ángel Gurrutxaga, EKFBko presidentea, pozik zegoen “kirol autonomikoa lehen mailan jarri duen jardunaldiaren arrakastarekin”.

Antibiotikoak egoki erabiltzea zure esku ere badago

uso prudente de antibioticos

Lehen antibiotikoa XX. mendearen erdi aldera sortu zuten, eta horrek medikuntza modernoaren ibilbidea aldatu zuen: gizakien eta animalien bakterio-infekzio gehienak tratatzen hasi ahal izan zuten. 

Gaur egun, osasun publikoaren mehatxu larrienetako bat bakterioak sendagai-mota horiekiko erresistente bihurtzea da. Izan ere, bakterio multirresistenteek urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan, bai eta 1.500 milioi euroko osasun-gastu gehigarria ere. 

Arazo horren sorburu nagusietako bat antibiotikoak gehiegi eta modu desegokian erabiltzea da, eta guztiok gara, neurri batean, erantzule. Konponbidea ere denon esku dago. Zuk ere zure aletxoa jar dezakezu! Lagundu antibiotikoek funtzionatzen jarrai dezaten. 

Hobe da prebenitzea 

Antibiotikoekiko erresistentzia-prozesua bi faktorek bizkortzen dute, nagusiki: batetik, botika horiek gaizki erabiltzeak; eta, bestetik, infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko dauden hutsuneak. Denok har ditzakegu gertakari horren eragina murrizteko eta hedatzea mugatzeko neurriak. Mutualiak Eskuko Higienearen Batzorde bat du, zeinak, aldian-aldian, eskuak egoki nola garbitzen diren erakusten baitu, OMEren gidalerroei jarraituz, hau da, eskuak garbitzeko bost uneak aintzat hartuz. Gainera, jarraibide oso zehatzak ditu ebakuntzen aurretik eskuak garbitzeko eta desinfektatzeko, eskularruak eta mantalak jartzeko eta abar. Jarraibide horiei esker, asistentziarekin lotutako infekzio-indizeek behera egin dute Mutualian. 

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du, batez ere: 

  • Eskuak maiz garbitzea. 
  • Elikagaiak ongi garbitzea. 
  • Gaixorik dauden pertsonekin harreman zuzenik ez izatea. 
  • Txertoen egutegia behar bezala betetzea. 

Osasun-langilea edo farmazialaria bazara, infekzioak saihesten lagundu dezakezu: 

  • Eskuak, tresnak eta ingurunea behar bezain garbi daudela ziurtatuz. 
  • Zure pazienteen txertoen egutegiak egunean izanez. 
  • Bakterio-infekzioren baten susmorik izanez gero, kultibo eta proba egokiak eginez. 
  • Antibiotikoak behar-beharrezkoak direnean bakarrik aginduz eta emanez. 
  • Antibiotiko aproposa aginduz eta emanez, posologia egokiarekin eta dagokion denborarako. 

 

Sendagaiak nork bere kabuz hartzearen arriskuak 

Neguko gaixotasun askok sintoma berberak izan ditzakete, baina agian ez dute tratamendu bera behar. Aurrekoan gaixotu zinenean agindu zizuten antibiotikoarekin sendatu bazinen, tentagarria izan daiteke antzeko sintomak edukiz gero antibiotiko bera erabiltzea. Hala ere, tratatu zaituen sendagileak bakarrik erabaki dezake neguko gaixotasun hori sendatzeko antibiotikoak behar dituzun

Hotzeriari eta gripeari aurre egiteko antibiotikoak hartzeak ez dizu mesederik egingo. Gainera, antibiotikoek ondorio kaltegarri desatseginak izan ditzakete: beherakoa, goragalea eta larruazaleko erupzioak, adibidez. Askotan, bakterio-infekzio arinak (adibidez, errinosinusitisa, bronkitisa eta eztarriko eta belarriko mina) tratatzeko ez dago zertan antibiotikoak hartu, gure immunitate-sistema gai baita, gehienetan, infekzio horiei aurre egiteko.  Neguko gaixotasun gehienek hobera egiten dute bi asteren buruan.  Sintomek irauten badute, garrantzitsua da sendagilea jakinaren gainean jartzea. 

Javier de la Fuente Ortiz de Zárate doktorea 

Javier de la Fuente Ortiz de Zárate doktorea 


Mutualiako Infekzioen Batzordeko koordinatzailea 

Kontsulta juridiko 2023ko Azaroa

kontsulta

Kaleratzearen gaia argitzen denean, planteatu daiteke sozietate-administratzaileen erantzukizuna dela Lan-arloko Jurisdikzioan gaizki kudeatzeagatik?

kontsulta

Lan-harremana eskaintzen zaion sozietate-sarea konplexua denean, eta kaleratze bat gertatzen denean, zalantza sortzen da zein jurisdikziotara jo behar den, aldi berean hainbat gai planteatzen direnean. Alegia, eska al daiteke sozietatea osatzen duten pertsona fisikoen erantzukizun pertsonala, auziaren xede den kaleratzea Lan-arloko Jurisdikzioan bidegabetzat jotzeak dakartzan ondorio juridikoengatik?

Kaleratzea bidegabea dela planteatzeaz gain, sozietate-administratzaileen erantzukizun pertsonala sortzen da enpresa-jardueraren ustezko kudeaketa okerragatik, eta horrek jarduera ekonomikoa amaitzea dakar.

Auzi hori hainbat epaitan ebatzita dago; epai horietan ezartzen da Lan-arloko Jurisdikzioak ez duela eskumenik administratzaileen erantzukizuna ezartzeko, ezarritako sozietate-betebeharrak ez betetzean edo haustean oinarrituta. Gai horrek arazo prejudizial bat ere sortu zuen Europako Justizia Auzitegian, aplikatu beharreko zuzentarauen aurka egin zezakeelako; izan ere, langileak behartzen zituen jurisdikzioko organo sozialen aurrean demanda aurkeztera, lana aintzatesteko, eta, ondoren, beste jurisdikzio batera jotzera sozietate-administratzailearen erantzukizuna ezartzeko, bereizketaren alde ebatziz.

Ondorioz, ordena sozialak ez du eskumenik sozietate-administratzaile diren pertsona fisikoen aurka aurkeztutako erantzukizun-erreklamazioaz arduratzeko, eta ezin die erantzukizunik eskatu kudeaketa txarragatik, hori izan baita jarduera ekonomikoa amaitzeko arrazoi nagusia, eta horren ondorioz langileak kaleratu baitira.

 

María Urizar Pérez 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua   

Mutualex epaia 2023ko Azaroa

epaia

Zenbateko bat erreklamatzeari dagokionez enpresan aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa zehaztea, langilearen jarduera bi hitzarmen kolektiboren esparruan sar daitekeenean.

mazoa

Auzitegi Gorenaren 729/2023 Epaia, 2023ko urriaren 10ekoa – 4202/2020 Errek.

Sententzia honek ebazten duen auzia da zein den gidari-lanbidea duen langileari aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa, baldin eta egiten duen jarduera bi hitzarmen desberdinen aplikazio-eremuaren barruan egon badaiteke: Errepideko Bidaiarien Garraioaren Sektoreko Madrilgo Erkidegoko Hitzarmena, eskatu ahalako zerbitzu eta zerbitzu turistikoen, erregular berezien, aldi baterako erregularren eta erabilera bereziko erregularrena; ala ibilgailu gidaridun zein gidaririk gabeen Alokairurako Madrilgo Erkidegoko hitzarmen kolektiboa.

Langileak, hasieratik, zenbateko bat erreklamatzea proposatzen du, hitzarmen bat edo bestea aplikatzearen arabera jasota dauden soldata-aldeak direla-eta. Eskatzen du errepideko bidaiarien garraioko hitzarmena aplikatu dadila, eta ez ibilgailuen alokairuarena, azken hori aplikatzen baitzuen kontratatzen zuen enpresak.

Langileak ematen dituen zerbitzuak, funtsean, bidaiariak hotel jakin batetik aireportura eramatean dautza. Horretarako, enpresaren ibilgailua jaso, bidaiariak eraman, maletak igo eta jaitsi, eta ibilgailua garbitzeaz eta erregaiz betetzeaz arduratzen da. Langileak sinatutako kontratuan jasota dago enpresaren jarduera “ibilgailuen alokairua” dela.

Hori ebazteko, Auzitegi Gorenak ezartzen du nagusitasunaren eta enpresa-batasunaren printzipioa aplikatu behar dela. Horrek esan nahi du, langile batzuek enpresaren eremu konbentzionaletik kanpo jarduerak egin arren, eta bederatzi plaza baino gehiagoko ibilgailuak gidatu arren (badirudi hori dela hitzarmenaren aplikazioa aldatzeko langilearen argudioa), hitzarmen bera aplikatu behar zaiela, enpresaren jarduera nagusia delako erabakigarria aplikatu beharreko hitzarmenari dagokionez.

Horrenbestez, hiru alderdi baloratzen ditu: langileak egiten duen jarduera, enpresaren helburu soziala eta enpresaren jarduera nagusia. Hala, ondorioztatzen du, enpresaren batasunaren irizpidean eta haren jarduera nagusian oinarrituta, ibilgailuen alokairuaren hitzarmena aplikatu behar dela, eta ez garraioarena, honako hau ezarrita: “Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa zein den zehazteari dagokionez, aldeek ezin dute xedatu ezta uko egin ere. Aitzitik, gai xedaezina eta ordena publikokoa da, eta, beraz, ezin da hautatu, ez atxiki, ezta aplikatu ere aplikatu behar ez den hitzarmen kolektibo bat, enpresak egiten duen jarduera haren aplikazio-eremuan dagoelako.”

Auzitegi Gorenak baieztatu egin du Salaren epaia, zeinak auzialdiko epaia berretsi baitzuen.


María Urizar Pérez 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua   

2024ko lan egutegia

2024 lan egutegia

Mutualiak lan egutegi berria prestatu du 2024. urterako. Bertan, jaiegunen zerrenda dago jasota. Mutualiaren egutegia PDF betegarriaren formatuan dago eskuragarri , eta buletinak argitaratu ostean prestatu da, bertan baitaude jasota 2024. urteko jaiegunen zerrendak.

Hauek izango dira lan-egutegiak Euskadin 2024an izango dituen hamabi jaiegunak:  

  • Urtarrilaren 1a (Urteberria)
  • Urtarrilaren 6a (Errege-eguna)
  • Martxoaren 28a (Ostegun Santua)
  • Martxoaren 29a (Ostiral Santua)
  • Apirilaren 1a (Pazko bigarrena)
  • Maiatzaren 1a (Langileen eguna)
  • Uztailaren 25a (Santiago)
  • Abuztuaren 15a (Jasokundea)
  • Urriaren 12a (Nazio-jaieguna)
  • Azaroaren 1a (Domu Santu eguna)
  • Abenduaren 6a (Konstituzio-eguna)
  • Abenduaren 25a (Eguberri-eguna)  

Lanaldi horiei beste bi jaiegun gehitu behar zaizkie, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren lurralde-ordezkaritzek horretarako irekiko duten prozesu berrian Udalei eta Aldundiei dekretatzea dagokienak.


2024KO LAN-EGUTEGIA: ALDIZKARI OFIZIALAK


Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Astea eta «Lan seguru eta osasungarriak aro digitalean» lan osasungarrien 2023-2025eko kanpaina martxan jartzea

Trabajos seguros y saludables en la era digital

Urtero bezala, egutegiko 43. astean (aurten, urriaren 23tik 29ra), Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Astea ospatzen da, Europako Agentziak Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren arloan egiten duen kanpainarekin. Kanpaina horren gaia “Lan segurua eta osasungarria aro digitalean” da, eta lantokiko segurtasuna eta osasuna aktiboki eta parte hartuz kudeatzeak duen garrantziaz kontzientziatzea du helburu. 

EU-OSHAk zenbait tresna eta gida praktiko eskaintzen ditu, interesa duten lantokiek segurtasunari eta osasunari buruzko kanpainak egin ditzaten.   

Mutualiak bat egin du kanpainarekin, eta gure enpresa elkartuekin tresnak partekatuko ditugu, eragindako lanpostuetan arrisku-mota horiek murrizten laguntzeko.  

Hasteko, eskuliburu batzuk zabalduko ditugu, LANEKO ARRISKUAK MERKATARITZA DIGITALEKO PLATAFORMETAKO LANEAN eskematikoki azaltzeko.  

Ekonomiaren ikuspegitik, plataforma digitalen bidezko merkataritzak gorakada handia izan du azken urteotan, baina horrek berekin ekar dezake haiei lotutako lanpostuetan (plataformen kudeaketa, logistika-zentroetako langileak, banatzaileak eta abar) osasunerako arriskuak areagotzea. Arrisku horiei buruz hausnartu egin behar da, eraldaketa digitalaren ondorio negatiboak aurreikusteko eta prebenitzeko. 

Plataforma digitaletako konexio- eta lan-denborekin, langileen eta bezeroen arteko harreman eta komunikazioarekin, lan-erritmoen monitorizazioarekin, lana zuzentzen duten algoritmoekin, bide-segurtasunarekin edo kargak maneiatzearekin lotutako arriskuak. 

Kanpaina honi buruzko informazio gehiago jasotzeko, jarri harremanetan Prebentzio Aholkularitzarekin. 

GJHen aldeko Euskal Aliantzan izan da Mutualia, 2030 Agenda garatzen laguntzeko

Alianza Vasca por los ODS

Joan den urriaren 2an aurkeztu zen GJHen aldeko Euskal Aliantza, 55 erakundek sinatua, gaur egun 56  Mutualiaren atxikimenduarekin, 2030 Agenda garatzen laguntzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak zuzendu zuen ekitaldia.

Mutualiak parte hartu zuen aurkezpen-ekitaldian, eta 2030 Agenda mutuan inplementatzen izan duen esperientzia azaldu zuen, beste hiru enpresarekin batera: Fagor, A&B Laboratorios eta Elhuyar.

urkullu lehendakaria GJH
Lorena Aguirregabiria Mutualia

Lorena Aguirregabiria Mutualiako Garapen Jasangarrirako Batzordeko arduradunak azaldu zuen Mutualian zer-nolako garrantzia eman zaion jasangarritasunari, eta 2004tik gaur arte lortutako alderdi batzuen berri eman zuen: Mundu Hitzarmeneko 10 printzipioetara atxikitzea, jasangarritasun-memoriak egitea, Mundu Hitzarmeneko 17 GJHetara atxikitzea Garapen Jasangarriaren aldeko Mundu Aliantza indartzeko, Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programa 2030 ekimenera atxikitzea, etab.

Lorpen nagusia izan da, zalantzarik gabe, jasangarritasuna mutuaren estrategian txertatzea eta Garapen Jasangarrirako Politika lantzea; politika hori betearazteko, Garapen Jasangarrirako Batzordea eratu zen 2019an.

Garapen Jasangarrirako Batzordeak zenbait ekintza identifikatu, aztertu eta abiarazi ditu 17 GJHei eragiten dieten jarduera eta inpaktuak identifikatzeko eta, bereziki, Mutualiarekin lotura duten GJHak lehenesteko; gure interes-talde guztiek parte hartu dute lan horretan.

Gaur egun, Euskal erakundeentzako gida praktikoan oinarrituta, Mutualiak identifikatuta dauka zer helburutan eragiten duen. Eusko Jaurlaritzak jarri du tresna hori euskal erakundeen eskura. Gida horri esker, mutuak identifikatu ahal izan du zer helbururi eragiten dien, eta, hala, hemendik eta 2030era lehenetsi diren GJHetan aurrera egiteko proiektuak definitu eta ekintzak ezarri dira, eta egindako aurrerapena neurtzeko aukera ematen duten adierazleak zehaztu dira.

365 Egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuak

proceso-de-incapacidad-temporal

ALTAK ETA HAIEK AURKARATZEAREN ERAGINAK – AURKARATZE JURISDIKZIONALAK

Pentsiodunen eskubideak hedatzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsio-sistema publikoaren jasangarritasun-esparru berri bat ezartzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 16ko 2/2023 Errege Dekretuak aldaketak egin ditu Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170. artikuluan; arau horrek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (GSIN) aitortzen dio 365egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan mediku-alta emateko eskumen esklusiboa, edozein dela ere haiek eragin dituen kontingentzia.

Arauaren aldaketaren eraginez, GSINeko ikuskaritza medikoek erabakiko dute mediku-alta eman ala ez, eta berariazko luzapen-ebazpenak emateko legezko aurreikuspena kendu da. Baldin eta 365 egunak igaro ondoren ez bada ematen mediku-altarik, aldi baterako ezintasuneko prozesua luzatu egin dela joko da, eta ez da beharko berariazko adierazpenik; aldi horretan, enpresa-kotizaziorako betebeharrak jarraituko du.

GSINeko ikuskaritza medikoak mediku-alta eman ostean, aukera dago, arauan zehazten denez, haren aurka egiteko, dagokion prozeduraren bidez. Desadostasuna formulatze hutsak aldi baterako ezintasunaren eraginak luzatzea (gehienez ere hamaika egun natural) eragiten du, GSINek mediku-altaren baliogabetzea onartzen duen edo ez alde batera utzita.

365 egunetik gorako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan GSINek igorritako mediku-alta egoitza judizialean aurkaratzeko, ez da beharrezkoa desadostasun-prozedura hastea, Lan Arloko Epaitegian eska baitaiteke zuzenean, Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen 140.1 artikuluan zehazten denez. Eskaera zuzenean eginda, aldi baterako ezintasuna ez da luzatuko desadostasun-prozedura izapidetze hutsagatik. Beraz, kasu horietan, GSINek igorritako alta berresten badu epaiak, haren eraginak alta igorri zen datari egokitu behako zaizkio.

Adierazitako errege-dekretuaren bidez Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170. artikuluan egin den aldaketaren harira, GSINek 12/2023 zk.-ko Kudeaketa Irizpidean argitu du GSINeko ikuskaritza medikoak mediku-altaren berariazko ebazpena jakinarazten duenean planteatu beharko dela desadostasuna. Hala, une horretan hasiko da zenbatzen desadostasuna Osasun Zerbitzu Publikoaren ikuskaritza medikoari (ez GSINen ikuskaritza medikoari) formalki planteatzeko lau egun naturaleko epea. Lehenago adierazi denez, prozedura hori hasteak eragiten du aldi baterako ezintasunaren eragina muga baten barruan hedatzea, baina ez da halakorik gertatuko izapide horiek hasi ordez eskaera zuzenean egiten bazaio lan-arloko jurisdikzio sozialari.

Iñaki Esnal Zalakain 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua