Aholkuak eskola-itzulera segurua izan dadin

vuelta al cole

Ikasgeletara itzultzearekin batera, gora egiten dute eguneroko joan-etorriek eta, horrekin batera, presak, estresak eta eskola-atarietako ohiko aglomerazioek.

Horiek jokabide arriskutsuak eta gogaikarriak dira bidearen gainerako erabiltzaileentzat, eta txikienentzat ere hala izan daitezke, imitazioz ikasten baitute.

Gurasoek eta helduek hezkuntzarekin konprometituta egon behar dute, eta ulertu behar dute garrantzitsua dela haurrak ibilbide guztietan babestea, edozein dela ere ibilbidearen iraupena edo distantzia.

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak honako segurtasun-jarraibide hauek ematen ditu:

Auto-bidaietarako

Haurraren tamainara edo pisura egokitutako lotzeko sistema erabili behar da, ibilbidea laburra izan arren, eta haurra beti alde seguruenetik atera behar da autotik, hots, espaloiaren aldetik.

Egiaztatu behar da haurra ondo lotuta dagoela eta ez duela lasaierarik arnesetan, eta ez dagoela aulkira behar bezala egokitzea eragozten duen jantzi edo elementurik; eta haurrak inola ere ez du motxila jarrita eduki behar. Haurra lotzeko sistema autoaren atzeko eserlekuetan instalatu behar da eta, posible bada, atzeko eta erdiko eserlekuan.

Jarri aulkia fabrikatzailearen erabilera-eskuliburuan eta etiketan adierazten diren jarraibideak kontuz jarraituz, eta ainguralekua egiaztatuz. Derrigortasuna haurrak 135 cm-ko garaiera izan artekoa den arren, haur nagusien kasuan ere bizkarraldea duen aulki bat erabiltzea gomendatzen da 150 cm-ko garaiera izan arte, babesa eskaintzen baitu albo-talkekiko.

Ikastetxera garaiz joatea komeni da, bigarren edo hirugarren ilaran aparkatzea saihesteko, eta horrela haurra autoen artetik pasatzera ez behartzeko, horrek istripu arriskua areagotzen baitu. Beraz, behar bezala aparkatu behar dugu eta oso gomendagarria da “motxilaren trikimailua erabiltzea, hau da, motxila maletategian sartzea, haurrak autotik eskolako aterantz korrika atera ez daitezen.

Autoaren atea ireki eta jaitsi aurretik beti kanpora begiratzeko keinua barneratzen badugu —eta haurrei azaltzen badiegu—, “motxilaren trikimailua” are eraginkorragoa izango da harrapaketak saihesteko edo oinezkoak edo bideko beste erabiltzaile batzuk ez jotzeko. Gainera, gogoan izan behar da autoan objektu solteak eramatea oso arriskutsua dela, desazelerazio handi batean objektuen pisua biderkatu egiten baita.

Eskola-garraioko desplazamenduetan.

Eskola-garraioan, unerik arriskutsuena autobusera igotzean edo autobusetik jaistean gertatzen da. Haurrak ez du inoiz pasatu behar ibilgailuaren aurretik edo atzetik, egoera arriskutsuak saihesteko.

Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, eskola-garraioan gertatzen diren istripuen % 90 ibilgailura igotzeko edo hartatik jaisteko unean gertatzen dira, edo une horietatik gertu.

Gelditzeko eremuak errespetatu behar dira, garaiz joan behar da, eta haurrari irakatsi behar zaio behar bezala igotzen eta jaisten, inori bultza egin gabe. Saihestu arriskuak, eta ez itxaron haurrari errepidearen beste aldean. Izan ere, gerta liteke haurrak errepidea arduragabekeriaz gurutzatzea.

Automobilismoko Euskal Selekzioak Europako txapelketa irabazi du

logo-ekfb

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (UFDV-EKFB) atal honetan, euskal kirolean eta haren espezialitateetan izandako gertaera garrantzitsuenen berri ematen dugu hilero.

Eta podium historiko batekin hasiko gara, beste behin: bederatzitik bederatzi. Izan ere, Joseba Iraola eta haren taldea, Euskal Selekzioa, Europako txapeldun izan ziren E2SC kategorian, Kroazian egindako proban. Denboraldi bikaina egin du Europan, eta euskal kirolean historikoak diren lorpenak egin ditu. Kroaziako (Buzetski Dani) proban puntu bakarra behar zuen Europako Mendi Lasterketetan txapeldun izateko, eta 197 punturekin amaitu zuen; Trnka txekiarrak, berriz, 179 puntu eskuratu zituen. Hala, Europako txapeldun bihurtu zen lehen aldiz, eta figura ahaztezin egin da jada espezialitate horretan. Bigarren mailan (absolutua), Iraola, Euskal Selekzioarekin, Europako txapeldunorde izan zen, aurretik Christian Merli italiarra baino ez zuela. Bere taldearekin bederatzi probatan parte hartu eta podiumera bederatzi aldiz igo ondoren (bost garaipen) lortu zuen mugarri hori.

Joseba Iraolaren Euskal Selekzioa honako hauetan igo zen podiumera: Buzetski Dani, Kroazia; GHD Ilirska Bistrika proba, Eslovenia; St. Ursanne, Suitza; Coppa Paolino Teodori, Ascoli; Ecce Homo Sternberk, Txekiar Errepublika; Rampa da Falperra, Portugal; Fitoko igoera, Asturias; Rechberg, Austria; eta Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre, Frantzia. Balmasedarrak eta bere taldeak denboraldi bikaina egin dute NOVA NP01 Turbo Honda Emap ibilgailuarekin. Petr Trnka txekiarrarekin duelu izugarria izan ondoren, pilotu bizkaitarra erreferentziazko pilotu batekin, Christian Merli italiarrarekin, parez pare lehiatu da. Polonian izan ezik (proba horri uko egin behar izan zion, egutegiko gainerako probak egin ahal izateko), Joseba Iraolak argi utzi du bere kategoria eta Europako txapeldun berri bihurtu da.

Automobilismo-taldeak Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eta Euskadiko Automobilismo Federazioaren babesa izan du, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.

Gainera, xakeko Euskal Selekzioak Donostian jokatutako xake-selekzioen nazioarteko Matchean parte hartu zuen. FIDE konbinatu bati 7-3 irabazi zion, maila handiko ekitaldi

batean. Xakeko Euskal Selekzioaren presidenteak, Miguel Ángel Muelak, ekimen arrakastatsu horretako sariak eman zituen.

Bestalde, Euskal Selekzioak beste agerraldi bat ere izan zuen beste kirol-diziplina batean: tenis inklusiboko nazioarteko txapelketan, Irunen. Euskal Selekzioak eta Frantziako, Belgikako, Irlandako eta Galesko selekzioek parte hartu zuten. Torneo inklusiboak ligaxka-formatua izan zuen. Basque Country International Cup izendapenarekin, Irungo Sonia Etxezarreta mahai-teniseko Teknifikazio Zentroan egin zen. Euskal Selekzioak antolatu zuen, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin.

Gainera, gogorarazten dizugu EuskalkirolaKlubak eskaintzen dizkizun abantailez gozatzeko aukera duzula hilabete honetan ere. Egin zaitez kide, eta deskontuak izango dituzu era guztietako kategorietako milaka produktu eta esperientziatan: bidaiak, saltokiak, jatetxeak, aisialdia, prestakuntza, teknologia, elikadura, osasuna… Erosiz gero, itsulapiko birtual batean gordetzen diren diru-itzultzeak lortzen dira. Informazio gehiago nahi baduzu, sartu www.euskalkirolakluba.contigomas.com estekan.

Kontsulta juridiko 2023ko Iraila

consulta

Zer erakunderen ardura da aldizkako langile finkoei dagokien kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea jarduerarik gabeko aldietan eta aseguru-erakundea aldatzen denean?

kontsulta

Aldizkako langile finko bati dagokion balizko kasu bat aztertuko dugu; langile hori, jarduerako aldian dagoela, kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran sartu da, mutua jakin baten estaldurarekin. Eta jarduerako aldia amaitu du oraindik ere kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran, eta, horrenbestez, prestazioa kobratzen jarraitu du, zuzenean mutuak ordainduta. Langilea egoera horretan dagoela, enpresak erakunde aseguratzailea aldatu du, eta estaldura beste mutua bati edo erakunde kudeatzaileari eskualdatu zaio. Kasu horretan, planteatzen da ea zer erakundek arduratu behar duen prestazioa ordaintzeaz.

Ondorio horietarako, bi soluzio posible egongo lirateke: prestazioa hasi zuen erakundearen kontura jarraitzea ordainketak, deialdi berria egin arte; une horretan, enpresak arduratu beharko luke ordainketa eskuordetuaz. Edo, bestela, erakunde berria arduratzea ordainketaz.

Duela gutxi planteatu eta ebatzi da kasu hori Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaitan (946/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 28koa, eta 880/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 22koa), zeinek auzitegi horretako lehenagoko epai bati (3107/2022 zk.-ko epaia, urriaren 18koa) egiten baitiete erreferentzia. Epai horretan, hau argudiatzen da:

“Aldizkako prestazioa eta harreman mugagabea dituen kontratu honen izaera bereziak (finko aldizkakoa) erakunde kudeatzailearen zentsura juridikoa atzera botatzera eraman gaitu, areto honen iritzian IV. aretoaren doktrina judiziala (aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa) aplika baitakieke mota horretako langileei, estaldura-aldaketa jarduerarik gabeko aldian gertatzen den ala ez alde batera utzita.

Aldizkako langile finko bat da, mutuarengandik jasotzen zuena aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa, hura baitzen erakunde aseguratzailea baja eragin zuen gertaeraren unean. Lan-harremana ez da iraungi; eten egin da, jarduera bera eten delako, aldizkako langile finkoa baita. Kasu hori ez da bateragarria lan-kontratua iraungitzen den kasuekin. Dagokigun kasuan, kontuan hartu behar da aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa, zeinaren helburua baita laguntza zenbait mutuaren artean banatu dadin saihestea, eta ez ditu kanpoan uzten estaldura-aldaketaren unean aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden baina enpresako plantillan jarraitzen duten langileak… eta dagokigun kasuan enpresak mutua aldatu zuen unean auzi-jartzailearen kontratua ez zegoenez iraungita (etenda zegoen kanpaina amaitzearen ondorioz, harik eta hurrengo denboraldia hasi bitartean), aseguramenduaren ardura hartu duen mutua berriak (aztertutako epaietan, GSIN) hartu behar du langile guztien ardura, eta hari dagokio auzi-jartzailearen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa ordaintzea, langile guztien aseguramendua hasi duen unetik“.

Beraz, hau da planteatutako galderaren soluzioa: lan-kontratua etenda duten eta kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa kobratzen ari diren aldizkako langile finkoen kontingentziaren erakunde aseguratzailea aldatzen denean, erakunde aseguratzaile berrian sartzen dira langile horiek, eta erakunde horrek ordaindu behar du prestazioa, zuzeneko ordainketa bidez.

 Jesus M. Vicente Cuadrado   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Nola eragiten digu beroak gidatzen dugunean? 

Nola eragiten digu beroak gidatzen dugunean 

Meteorologiako Estatu Agentziak (AEMET) azken txostenean iragarri duenez, aurtengo uda —zehazki, aurtengo uztaila— mende honetako beroen eta lehorrenetan bosgarrena izan da, eta seigarrena erregistroak daudenetik. Bi bero-bolada izan dira jada penintsula osoan.  

Abuztua hasi orduko, beste olatu bat iragarri zuten. Nola eragiten digu beroak errepidean joan-etorri gehien gertatzen diren garaian? Zer neurri har dezakegu gidatzean beroaren ondorioak arintzeko? 

Egun hauetan errepidera irtetean, gogoan izan behar dugu beroa arriskutsua dela, eragin kaltegarria egiten baitie gidariei, bidaiariei eta ibilgailuei. Beroak, oso handia denean, kalte egiten dio gidariari, agresibitatea eragin baitiezaioke eta nekea areagotu. Bestalde, erreflexuak moteltzen ditu: denbora gehiago behar izaten dugu erreakzionatzeko, eta, ondorioz, akats gehiago egiten ditugu. Gainera, 35 °C-an gidatzen dugunean, ez ditugu ikusten trafiko-seinaleen % 10 eta % 20 artean.  

Zenbait azterlanen arabera, istripu-arriskua % 20 ere igotzen da tenperatura altuetan.  

Ez dugu ahaztu behar ibilgailuari ere eragiten diotela tenperatura altuek. Horregatik, bidaia hasi aurretik, ibilgailuaren zati guztiak berrikusi behar ditugu, eta, kasu honetan, arreta jarri behar diegu bereziki bero handia egiten duenean gehien sufritzen dutenei:  

  • Pneumatikoak: beroarekin, asfaltoak tenperatura altua hartzen du, eta higadura handiagoa eragiten du.  
  • Alternadorea: aire girotua, motorra hozteko sistema eta beste pieza elektriko batzuk gehiegi erabiltzean, ohi baino lan handiagoa egiten du alternadoreak udan. Egiaztatu ez daudela hondatuta alternadorea eta haren uhala. Saihestu gehiegizko esfortzuak eragindako matxurak.   
  • Bateria: egiaztatu beti erabiltzeko baldintza onetan dagoela.  
  • Hozte-sistema: motorraren hozte-sistemak huts egiten badu, motor osoa honda daiteke. Horregatik, funtsezkoa da sistema hori baldintzarik onenetan dagoela kontrolatzea. Autoa geldirik dagoenean motorra hozten duen haizagailu elektrikoa da udan gehien hondatzen den piezetako bat.  

Ikusi dugunez, beroa erronka da ibilgailuarentzat zein gure organismoarentzat. Hori dela eta, neurri batzuk hartu behar ditugu geure ongizatea handitzeko. DGTk gomendatzen du udan neurri osagarri hauek hartzea:  

–    Gidatzen hasi aurretik, jaitsi autoko leihatilak, bidaiari-lekua aireztatzeko eta barruko eta kanpoko tenperaturak berdintzeko.  

–    Aire girotua pizten baduzu, eduki jaitsita leihatilak lehenengo segundoetan, aire beroa kanpora botatzeko.  

–    Klimatizagailuaren tenperatura 22-24 °C-an eduki, hoztu ez zaitezten auto-kanpotik barrura dagoen bat-bateko tenperatura-aldaketa dela eta. Ez orientatu haizebideak aurpegira edo bularraldera.  

–    Aireztatu bidaiari-lekua bidaian zehar, leihatilak jaitsiz. Kontuz bidaiariek atera ez ditzaten besoak edo burua.  

–    Programatu irteerak, bero handien egiten duen orduak saihesteko.  

–    Erabili arropa erosoa eta zabala, eta oinari behar bezala eusten dioten oinetakoak.  

–    Eraman alkoholik gabeko edari freskoak.  

–    Egin geldialdia 200 km-an behin edo 2 orduan behin, hidratatzeko, ibilgailua aireztatzeko eta erlaxatzeko.  

–    Edozein unetan neke- edo logura-sintomarik nabaritzen baduzu, gelditu berehala atseden hartzeko edo lo egiteko.  

–    Geldialdiak egitean, saiatu autoa itzaletan uzten. Autoa eguzkitan badago, ez utzi adineko pertsonarik, haurrik edo animaliarik ibilgailuaren barruan.  

Gogoan izan uda bakoitzak duela bere istorioa eta beste asko kontatu behar ditugula.  

Gurpil gaineko patinaje artistikoaren onurak eta sentsazioak

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB) atal honetan, euskal kirolari eta haren modalitateei buruzko albiste esanguratsuenen berri ematen dizuegu hilero. Oraingo honetan, espezialitate eder batean zentratuko gara. Patin-hockeyko Euskal Selekzioak Macaoko Nazioarteko Txapelketa irabazi zuela jaso genuen aurreko batean. Finalean India 12-0 garaituta lortu zuen hori, Txinako hegoaldeko kostaldean jokatu zen txapelketan. Horren aurretik, David Carrascalek eta Román Garcíak entrenatzen duten taldeak Zeelanda Berriari (13-0), Txina Taipeiri (3-0) eta Macaoko anfitrioiei (9-0) irabazi zien.

Hala, 2016ko arrakasta errepikatu zuen Euskal Selekzioak. Inork ez zion euskal taldeari golik sartu. Euskal federazio berean sartzen kirol horrekin lotura duen beste bat ere: gurpil gaineko patinaje artistikoa, irristatze-diziplina eder bat, patinen gainean jokatzen eta lehiatzen dena, hockeya bezala. Elementu teknikoak alderdi artistikoekin bateratzen ditu. Patinatzea aukera bikaina da oreka, kontzentrazioa eta koordinazioa hobetu nahi dituztenentzat. Mugimendu nagusiak hankekin egiten dira. Hala, hankak indartu egiten dira, bereziki gorputzaren beheko aldeko muskuluak.

Oso jarduera konpletoa da, mugimendu batzuk egiteko (adibidez, biratu, frenatu eta norabidea aldatu), gorputzaren goialdea ere erabili behar baita; hau da, aldakatik sorbaldetara. Modalitate honek —patin tradizionalekin eta gurpil-lerrokoekin— pisua galtzen eta mantentzen laguntzen du, eta prestakuntza fisikoa eta kontzentrazioa eskatzen ditu, beharrezkoak baitira musikarako belarri ona eta mugimenduak musikaren doinura egokitzeko gaitasuna ere.

Modalitatearen onura ugarien artetik, hauek nabarmenduko ditugu: iraupen fisikoa hobetzen eta areagotzen du, malgutasuna areagotzen du, gorputz guztia indartzen du, 300 kaloria bitarte erretzeko aukera ematen du, batez ere hanketako muskuluak, birikak, bihotza, gerria, abdomena eta gluteoak moldatu eta indartzen ditu, odol-zirkulazioa aktibatzen du eta sistema motorra garatzen laguntzen du. Gainera, dibertsioa, ihesbidea, energia eta ongizate-sentsazio bikaina ekartzen dizkie kirol hori egiten duten neska-mutikoei.

Bestalde, jarduera horren bitartez, patin-hockeya eta beste kirol batzuk egitera igaro daiteke, baita izotz-hockeya ere. Burua eta gorputza modu perfektuan konbinatzeko aukera ematen du patinaje artistikoak eta, aldi berean, zentzumenak eta mugimendua oso ongi koordinatu behar dira; espezialitate honek, gainera, oreka eta espazioaren erabilera garatzen eta areagotzen ditu. Oso sentsazio berezia eragiten du gainazal erregular baten gainean patinekin irristatzeak. Halaber, kirol aerobikotzat jotzen da, oxigeno-emari konstantea eta indarra behar baitira eta gaitasuna eta iraupena konbinatzea; muskulu eta artikulazioen ekintza oso garrantzitsuak dira flexio- eta estentsio-mugimenduak egiteko. Euskal Federazioak zenbait txapelketa antolatzen ditu (fvpatinaje.eus).


Gainera, gogorarazten dizugu EuskalkirolaKlubak eskaintzen dizkizun abantailez gozatzeko aukera duzula hilabete honetan ere. Egin zaitez kide, eta deskontuak izango dituzu era guztietako kategorietako milaka produktu eta esperientziatan: bidaiak, saltokiak, jatetxeak, aisialdia, prestakuntza, teknologia, elikadura, osasuna… Erosketak egitean, itzulketak lortuko dituzu, eta zure itsulapiko birtualean metatzen joango zara. Informazio gehiago nahi baduzu, sartu www.euskalkirolakluba.contigomas.com estekan.

COVID-19tik eratorritako neurriak bertan behera uztea

fin medidas COVID

Uztailaren 5ean, Estatuko Aldizkari Ofizialak uztailaren 4ko SND/726/2023 agindua argitaratu zuen, zeinaren bidez COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren amaiera adierazten duen Ministroen Kontseiluaren erabakia argitaratu baitzen.

SND/726/2023 agindua argitaratu ondoren indarraldia galdu zuten neurriak argitzeko, GSINeko Zuzendaritza Nagusiak administrazio-irizpide argigarri bat prestatu du, non ezartzen baita 2023ko uztailaren 26tik aurrera egongo direla indarrean COVID-19arekin zerikusia duten honako neurri hauek:

  • Uztailaren 9ko 10/2021 Legearen laugarren xedapen gehigarria.
  • Otsailaren 2ko 3/2021 Errege Lege Dekretuaren 6. artikulua eta hirugarren xedapen gehigarria.
  • Martxoaren 10eko 6/2020 Errege Lege Dekretuaren bosgarren artikulua.

Aurrekoaren ondorioz, hau gertatuko da:

  1. 2023ko uztailaren 26a baino lehenagoko Aldi Baterako Ezintasuneko (ABE) prozesu guztiek, baldin eta aurretik adierazitako salbuespenezko neurrien arabera tratatu badira, hasierako egoera mantenduko dute, harik eta legez ezarritako arrazoiren batengatik amaitzen diren arte. Prozesu informatiko horietako agiri medikoetan dagoen informazioa aurrerantzean GSIN Enpresak (FIE) fitxategiaren bidez helaraziko da.
  2. Baja-data 2023/07/26tik aurrera duten ABE-prozesu guztiak, baldin eta COVID-19 infekzioaren diagnostikoa badute, ez dira lan-istripuaren pareko egoeratzat hartuko aldi baterako ezintasuneko prestazio ekonomikorako. ABE-prozesuen agiri medikoetan jasotzen den informazioa FIEren bidez jakinaraziko da.
  3. 2023/07/26tik aurrera COVID-19agatiko infekzioaren diagnostikoa duten eta aurreko data bateko COVID prozesu baten ‘S’ birgaixotze-adierazlea duten aldi baterako ezintasuneko prozesuek lan-istripuaren pareko egoerari atxikita jarraituko dute, aldi baterako ezintasuneko prestazio ekonomikorako bakarrik.
  4. Azkenik, osasun-zentroetan edo zentro soziosanitarioetan lan egiten duten langileen kasuan, jada ez da lan-istripuaren ondoriozkotzat hartuko COVID-19agatiko infekzioaren diagnostikoa duen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa, salbu eta heriotza-kasuetan, zeinak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 217.2 artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko baitira.

Iturriak:

Euskal selekzioek ekitaldi ugari egin dituzte EKFBrekin

logo-ekfb

Euskal Kirol Federazioen Batasunari (EKFB) buruzko atal honetan, euskal kirolaren inguruko albiste esanguratsuenen berri ematen dugu hilero. Aurtengo udan, euskal selekzioek jokatzen dituzten lehiaketetan jarriko dugu arreta.

Esate baterako, hockeyko Euskal Selekzioak lehiaketa-asteburu eder bat izan zuen uztailean, garaipena lortu baitzuen Basque International Country Cup kopan, Portugali irabazita (hiru garaipen eta berdinketa bat izan ziren guztira). Larunbatean, hilak 8, Bera Beraren instalazioetan (Donostia) jokatu zen partidan, emakumezkoen Euskal Selekzioak 3-0 irabazi zion Portugali. Gizonezkoen kategorian, berdinketarekin amaitu zen partida. Igandeko partidan, hilak 9, Euskal Selekzioak garaipen bikoitza lortu zuen Jolasetan (Getxo). Neskek garaipen irmoa lortu zuten portugaldarren aurka (6-0). Gizonezkoen selekzioen arteko lehia askoz orekatuagoa izan zen, bana berdindu baitzuten. Berdinketa hausteko shoot outean, Euskadik hiru tanto egin zituen, eta Portugalek bi. Beraz, Euskal Selekzioa izan zen garaile. Hockeyko Euskal Federazioaren eta Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin antolatu ziren partida horiek.

Bestalde, eskubaloiko gizonezkoen Euskal Selekzioa, senior kategorian, Basque Country International Cup txapelketara itzuli zen. Taldeak lagunarteko hiru partida jokatu zituen Finlandiaren aurka: bi irabazi zituen, eta bat galdu. Lehenengoa Gasteizen jokatu zuten, Corazonistasen pistan (garaipena lortu zuten: 33-29); bigarrena, Zumarragako Ispilla kiroldegian (beste garaipen bat: 38-30); eta hirugarrena ,Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian (finlandiarrek irabazi zuten: 33-37). Gainera, waterpoloko Euskal Selekzioak, emakumezkoen haur-kategorian, Habawaba Nazioarteko Torneoa irabazi zuen, Atenasen (Grezia). 50 taldek hartu zuten parte tradizio handiko txapelketa horretan: Greziakoak, Bulgariakoak, Ziprekoak, Italiakoak, etab. Euskal Selekzioak, bere kategorian, garaipena lortu zuen finalean, NC Chania (Grezia) taldearen aurka. Lehen fasea biribila izan zen Euskal Selekzioarentzat —4 partidak irabazi zituen—; finalaurrekoa oso gogorra izan zen, baina aurrera egitea lortu zuen. Finala zirraragarria izan zen: zortzina berdindu ondoren, penaltietan lortu zuen garaipena.

Eta patin-hockeyko Euskal Selekzioa berriro izan da Macauen (Asia), non titulua eskuratu baitzuen duela urte batzuk. Talde hauek parte hartzen dute nazioarteko txapelketa horretan: Macau, India, Txina Taipei, Zeelanda Berria eta Euskal Selekzioa (Basque Country izenarekin jokatzen du). Macauko Patinaje Federazioaren 40. Urteurreneko ospakizunetan parte hartzera joan da Euskal Selekzioa; Txinako hegoaldeko kostan dago Macau eskualdea.

Bestalde, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, Euskal Selekzioa automobilismo-eskuderiaren bigarren denboraldia aurkeztu zuten: Joseba Iraola pilotua da burua, eta bigarren urtez ordezkatuko du Euskadi. Arrakasta handia izan du mendiko lasterketen Europako Txapelketako nazioarteko proba batzuetan.

Aurkezpen-ekitaldia Bilboko Itsasmuseumeko zelaigunean egin zen, eta han izan ziren Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako kirol-zuzendaria eta Ángel Gurrutxaga EKFBko presidentea, pilotuarekin berarekin batera. Iraolak adierazi zuenez, pozik dago ekimenarekin: “Ohore handia da proiektu eder honekin jarraitzea eta, gainera, emaitza bikainak lortzea Europako zenbait tokitan. Sei podiumetan izan gara, onenekin batera, eta erakutsi dugu egon gaitezkeela goiko postuetan. Egia bilakatu den amets bat da”. Jende asko izan zen aurkezpenean.

Bestalde, EuskalkirolaKlubak eskaintzen dizkizun abantaila guztiez goza dezakezu aurtengo udan. Egin zaitez kide, eta era guztietako kategorietako milaka produktu eta esperientziatan deskontuak izango dituzu: bidaiak, saltokiak, jatetxeak, aisialdia, prestakuntza, teknologia, elikadura, osasuna… Erosketak egitean, itzulketak lortuko dituzu, eta zure itsulapiko birtualean metatzen joango zara… Gehiago jakin nahi duzu? Sartu www.euskalkirolakluba.contigomas.com estekan.

Geldialdi aktiboa ostalaritzarako

hosteleria

Ostalaritzaren sektorean, lana areagotu egiten da udan, ordutegiak luzatu egiten dira, eta barruan eta kanpoan lan egiten da— eta kanpoan, batzuetan, tenperatura alderdi negatiboa izan daiteke—. Nekea hobeto jasaten eta egoera fisiko ona izaten lagundu diezazuketen iradokizun batzuk emango dizkizugu.

Langile guztiek hartu beharko lituzkete kontuan:

  • Atseden egokia: Gauero behar adina lo egin, gorputza bere onera etor dadin. Lo egokia funtsezkoa da energia handia izateko eta errendimendu ona izateko.
  • Elikadura egokia: Saiatu dieta osasungarri eta orekatua izaten. Jan elikagai nutrientetan aberatsak, hala nola frutak, barazkiak, gantz gutxiko proteinak eta osoko aleak. Saihestu janari lasterrak eta elikagai prozesatuak, ondorio txarrak izan baititzakete zure energia-mailan.
  • Hidratatu: Egunean zehar behar adina ur edatea ezinbestekoa da jarduera-maila mantentzeko eta ez deshidratatzeko. Gomendagarria da ur-botila bat izatea beti eskura, lanaldian ondo hidratatzeko.
  • Jarduera positiboa izatea eta arreta alderdi atseginetan jartzea. Garaipenak ospatzea.

Lanaldian mugimendu fisikoa egiten da, baina gomendagarria da lanalditik kanpo bestelako jarduera batzuk ere egitea: paseo bat izan daiteke, edo atsegina eta suspergarria egiten zaizun beste edozein jarduera. Horrekin, gorputza sendotzen eta energia-mailak areagotzen laguntzen diogu gorputzari.

Malgutasuna ez galtzeko eta lesioak saihesteko, luzaketak egin ditzakegu lanaldiaren hasieran, amaieran edo lanaldian zehar. Hau da, zure lanaldiko atsedenaldiak aprobetxatuz, etenaldi erregularrak egin ditzakezu erlaxatzeko eta energia berreskuratzeko. Luzaketak lagungarriak dira, halaber, tentsioan dauden muskuluak erlaxatzen laguntzeko eta neke-sentsazioa arintzeko. Nahikoa da etenaldi labur batekin; 2 ariketa egiten badituzu, energia-maila konstantea edukitzen lagunduko dizu.

Geldialdi aktibo batzuk emango ditugu jarduera hauetarako:

  • Barrako zerbitzariak
  • Jangelako zerbitzariak
  • Sukaldeko langileak

Zure jarduerarako errutina oso bat nahi baduzu, zure arriskuak kontuan hartzen dituena, jarri harremanetan prebentzio-aholkularitzarekin.

Exoeskeletoen inpaktua ebaluatzeko Tecnaliaren zerbitzua

intex

Zer exoeskeleto behar dute nire langileek? InteX zerbitzua TECNALIAren ekimen berritzaile bat da, exoeskeletoak modu egokian eskuratzeko sortua.

“Exoeskeletoen teknologia lagungarri izan daitekeen lanpostuetan nahasmendu muskuloeskeletikoengatiko bajak izaten dituzten enpresa eta langileei lagundu nahi diegu”, azaldu du Leire Martínez TECNALIAko ikertzaileak. Hori da zerbitzu berriaren helburua. Zerbitzuari esker, lanpostua azter daiteke, eta lanpostu horretan funtziona dezaketen exoeskeletoak identifika eta ebalua daitezke, bai lantegian, bai laborategian, ingurune erreala zehaztasunez simulatzen duten lan-mahai sentsorizatuen bidez.

“Emaitza gisa lortuko dugun azterketak aukera emango digu exoeskeletoak lanpostuan duen eragina neurtzeko, muskuluei, efizientziari, mugimendu-tarteari eta beste faktore batzuei dagokienez. Lanpostuan exoeskeleto bat erabiltzeak duen inpaktuaren ebaluazio oso bat” izango dela adierazi du adituak.

Nola jakin dezakezu zerbitzua zure enpresarako baliagarria den?

Funtsezko hiru alderdi daude. Baldin eta gaur egun:

  • Nahasmendu muskuloeskeletikoak eta haiei lotutako bajak kezka-iturri badira zuen enpresan.
  • Berritzaile izan nahi baduzue laneko arriskuen prebentzioan.
  • Zuen langileen bizi-kalitatea hobetu nahi baduzue.

Enpresa asko daude egoera horretan, eta beren ekoizpen-prozesuan exoeskeletoak txertatzea planteatu dute; batzuek dagoeneko probatu dituzte. Hala ere, batzuetan ez da izaten lanpostuetan duten efikaziaren berri izateko edo hura konparatzeko aukera ematen duen datu objektiborik.

Enpresei lanpostuak aztertzen laguntzen die TECNALIAren ekimenak. Langilearen datuak jasotzen dira, exoeskeletoarekin eta hura gabe aritzen den artean. Hala, exoeskeletoak lanean duen edo izan dezakeen eraginari buruzko datu objektiboak lortzen dira, muskulu-inpaktuari, funtzionaltasunari eta efizientziari dagokienez.

Onurak eta zailtasunak kuantifikatzen dira azterketa horretan; zerbitzu osatu bat da, eta gainera barne hartuko da hurrengo BDIH Konexio laguntzetan (2022an, zerbitzuaren % 80 ordaindu zuen finantziazio-programa horrek).

Zalantzarik gabe, exoeskeletoak gero eta gehiago erabiltzen dira industriaren munduan, eta eskaintzak gora egin du azken urteetan. Horregatik, gero eta zailagoa da langileen beharretara ondoen egokitzen dena hautatzea. Behin edo behin zure buruari galdetu badiozu zure enpresak zer exoeskeleto behar duen eta zer onura eta eragozpen edo zailtasun izan ditzakeen, ekimen berri hau baliagarria izan dakizuke.

Informazio gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan Leire Martinezekin