Geldialdi aktiboa ostalaritzarako

hosteleria

Ostalaritzaren sektorean, lana areagotu egiten da udan, ordutegiak luzatu egiten dira, eta barruan eta kanpoan lan egiten da— eta kanpoan, batzuetan, tenperatura alderdi negatiboa izan daiteke—. Nekea hobeto jasaten eta egoera fisiko ona izaten lagundu diezazuketen iradokizun batzuk emango dizkizugu.

Langile guztiek hartu beharko lituzkete kontuan:

  • Atseden egokia: Gauero behar adina lo egin, gorputza bere onera etor dadin. Lo egokia funtsezkoa da energia handia izateko eta errendimendu ona izateko.
  • Elikadura egokia: Saiatu dieta osasungarri eta orekatua izaten. Jan elikagai nutrientetan aberatsak, hala nola frutak, barazkiak, gantz gutxiko proteinak eta osoko aleak. Saihestu janari lasterrak eta elikagai prozesatuak, ondorio txarrak izan baititzakete zure energia-mailan.
  • Hidratatu: Egunean zehar behar adina ur edatea ezinbestekoa da jarduera-maila mantentzeko eta ez deshidratatzeko. Gomendagarria da ur-botila bat izatea beti eskura, lanaldian ondo hidratatzeko.
  • Jarduera positiboa izatea eta arreta alderdi atseginetan jartzea. Garaipenak ospatzea.

Lanaldian mugimendu fisikoa egiten da, baina gomendagarria da lanalditik kanpo bestelako jarduera batzuk ere egitea: paseo bat izan daiteke, edo atsegina eta suspergarria egiten zaizun beste edozein jarduera. Horrekin, gorputza sendotzen eta energia-mailak areagotzen laguntzen diogu gorputzari.

Malgutasuna ez galtzeko eta lesioak saihesteko, luzaketak egin ditzakegu lanaldiaren hasieran, amaieran edo lanaldian zehar. Hau da, zure lanaldiko atsedenaldiak aprobetxatuz, etenaldi erregularrak egin ditzakezu erlaxatzeko eta energia berreskuratzeko. Luzaketak lagungarriak dira, halaber, tentsioan dauden muskuluak erlaxatzen laguntzeko eta neke-sentsazioa arintzeko. Nahikoa da etenaldi labur batekin; 2 ariketa egiten badituzu, energia-maila konstantea edukitzen lagunduko dizu.

Geldialdi aktibo batzuk emango ditugu jarduera hauetarako:

  • Barrako zerbitzariak
  • Jangelako zerbitzariak
  • Sukaldeko langileak

Zure jarduerarako errutina oso bat nahi baduzu, zure arriskuak kontuan hartzen dituena, jarri harremanetan prebentzio-aholkularitzarekin.

Exoeskeletoen inpaktua ebaluatzeko Tecnaliaren zerbitzua

intex

Zer exoeskeleto behar dute nire langileek? InteX zerbitzua TECNALIAren ekimen berritzaile bat da, exoeskeletoak modu egokian eskuratzeko sortua.

“Exoeskeletoen teknologia lagungarri izan daitekeen lanpostuetan nahasmendu muskuloeskeletikoengatiko bajak izaten dituzten enpresa eta langileei lagundu nahi diegu”, azaldu du Leire Martínez TECNALIAko ikertzaileak. Hori da zerbitzu berriaren helburua. Zerbitzuari esker, lanpostua azter daiteke, eta lanpostu horretan funtziona dezaketen exoeskeletoak identifika eta ebalua daitezke, bai lantegian, bai laborategian, ingurune erreala zehaztasunez simulatzen duten lan-mahai sentsorizatuen bidez.

“Emaitza gisa lortuko dugun azterketak aukera emango digu exoeskeletoak lanpostuan duen eragina neurtzeko, muskuluei, efizientziari, mugimendu-tarteari eta beste faktore batzuei dagokienez. Lanpostuan exoeskeleto bat erabiltzeak duen inpaktuaren ebaluazio oso bat” izango dela adierazi du adituak.

Nola jakin dezakezu zerbitzua zure enpresarako baliagarria den?

Funtsezko hiru alderdi daude. Baldin eta gaur egun:

  • Nahasmendu muskuloeskeletikoak eta haiei lotutako bajak kezka-iturri badira zuen enpresan.
  • Berritzaile izan nahi baduzue laneko arriskuen prebentzioan.
  • Zuen langileen bizi-kalitatea hobetu nahi baduzue.

Enpresa asko daude egoera horretan, eta beren ekoizpen-prozesuan exoeskeletoak txertatzea planteatu dute; batzuek dagoeneko probatu dituzte. Hala ere, batzuetan ez da izaten lanpostuetan duten efikaziaren berri izateko edo hura konparatzeko aukera ematen duen datu objektiborik.

Enpresei lanpostuak aztertzen laguntzen die TECNALIAren ekimenak. Langilearen datuak jasotzen dira, exoeskeletoarekin eta hura gabe aritzen den artean. Hala, exoeskeletoak lanean duen edo izan dezakeen eraginari buruzko datu objektiboak lortzen dira, muskulu-inpaktuari, funtzionaltasunari eta efizientziari dagokienez.

Onurak eta zailtasunak kuantifikatzen dira azterketa horretan; zerbitzu osatu bat da, eta gainera barne hartuko da hurrengo BDIH Konexio laguntzetan (2022an, zerbitzuaren % 80 ordaindu zuen finantziazio-programa horrek).

Zalantzarik gabe, exoeskeletoak gero eta gehiago erabiltzen dira industriaren munduan, eta eskaintzak gora egin du azken urteetan. Horregatik, gero eta zailagoa da langileen beharretara ondoen egokitzen dena hautatzea. Behin edo behin zure buruari galdetu badiozu zure enpresak zer exoeskeleto behar duen eta zer onura eta eragozpen edo zailtasun izan ditzakeen, ekimen berri hau baliagarria izan dakizuke.

Informazio gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan Leire Martinezekin

Bizikletaren gorakada gure errepideetan.

bicicleta

Jende askok bizikleta aukeratzen du bide publikoetan ibiltzeko garraiobide gisa. Merkea, erosoa eta osasungarria da, eta, txikia denez, erraz garraia daiteke. Azken ezaugarri hori dela eta, bizikleta da gainerako erabiltzaileek gutxien ikusten dituzten eta, beraz, ahulen diren garraiobideetako bat.

Logikoa denez, uda iristean, eta Frantziako Tourra gure errepideetan arrakastaz igaro ondoren, gora egingo du egun hauetan bizikletaren erabilerak. Horregatik, egoki baino egokiagoa da mota horretako ibilgailuei buruzko zirkulazio-arauak berrikustea. Arau horiek berebiziko garrantzia dute txirrindularientzat eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileentzat.

  1. Telefono mugikorra, EZ. Erabat debekatuta dago telefono mugikorra erabiltzea bizikleta gidatzen ari garenean. Debekatuta daude, era berean, soinu-hargailu edo -erreproduzitzaileei konektatutako entzungailuak. Entzungailuek entzuteko gaitasuna mugatzen dute, eta arreta galaraz dezakete.
  2. Galgatuko dugula ohartaraztea. Txirrindulariak honela ohartaraz dezake bat-batean galgatuko duela: besoa gora eta behera mugituz, txandaka, mugimendu labur eta azkarrekin. Seinalea gomendagarria da atzetik jotzea saihesteko, baina ez da derrigorrekoa inoiz, eskulekua askatzea eskatzen baitu oso erreakzio azkar batean.
  3. Bidegorritik. Segurtasunagatik, gomendagarria da hirian eta errepidean bidegorrietatik zirkulatzea beti, seinaleren batek behartzen gaituenean izan ezik.
  4. Alkohol-tasa. Txirrindulariei ere eragiten die gidarientzako alkoholemia-tasa maximo orokorrak (0,5 g/l alkohol odolean, edo 0,25 mg/l botatako arnasan). Era berean, gainerako gidariek bezala, derrigor egin behar dute alkoholemia-testa, agenteren batek hala eskatuz gero. Izan dezagun gogoan 0,0 dela alkohol-tasa seguru bakarra.
  5. 7 urte arteko bidaiari bat. Bizikletetan, 7 urtera arteko bidaiari bat baino ezin da eraman, eserleku gehigarri homologatu batean, betiere gidaria adin nagusikoa bada.
  6. Argiak erabiltzea. Gauez ibiltzean edo azpiko pasagune edo tuneletan zirkulatzen dutenean, txirrindulariek argiak piztuta eraman behar dituzte, aurrekoak zein atzekoak, haiek berek ikusteko eta gainerakoek haiek ikus ditzaten.
  7. Lehentasuna eman oinezkoei. Txirrindulariek ere utzi behar diete pasatzen oinezkoei, bai behar bezala seinaleztatutako oinezkoentzako pasaguneetan, bai beste bide batean sartzeko biratzen ari direnean eta oinezkoak zeharkatzen ari direnean, nahiz eta haientzako pasabiderik ez egon.
  8. Pasatzeko lehentasuna. Txirrindulariek pasatzeko lehentasuna dute, ibilgailu motordunen aldean, hauetan zirkulatzean: bidegorriak, txirrindularientzako pasabideak eta behar bezala seinaleztatutako bazterbideak. Gainerako egoeretan, beste erabiltzaile batzuen lehentasunak errespetatu behar dituzte, arauek eta seinaleek ezartzen dutenari jarraituz.
  9. Taldeak biribilguneetan. Txirrindulariek, taldean doazenean, lehentasuna dute –guztiek, lehenengotik azkenekora– biribilguneetan eta gainerako bidegurutzeetan, lehenengo txirrindularia bertan sartu den unetik.
  10. Abiatzea. Abiatu aurretik, txirrindulari guztiek –gainerako gidariek bezala– begiratu egin behar diote sartzekoak diren bideari, egiaztatu ez dabilela hurbil beste ibilgailurik edo urrunegi daudela abiatzean arriskurik izateko, eta maniobra seinaleztatu behar dute.
  11. Seinaleak errespetatzea. Seinaleak, semaforoetakoak zein bertikalak (stop, pasatzen utzi, abiadura mugatua…), gidari guztientzat dira, txirrindularientzat ere bai.
  12. Maniobrak seinaleztatzea. Zirkulazioan sartzea ez ezik, beste maniobra batzuk ere seinaleztatu behar dira bizikletan, hala nola biratzea, noranzkoa aldatzea eta erreia aldatzea. Seinaleak eskuineko besoarekin egin daitezke, sorbaldaren altuerara horizontalki luzatuz, edo ezkerrekoarekin, angeluan tolestuz.

Arau orokor horietaz gain, beste arau zehatzago batzuk ere aplikatzen zaizkio ibilgailu-mota horri:

Herriguneetako bideetan:

  1. Kaskoa. Denentzat da gomendagarria, baina 16 urtetik beherakoentzat baino ez da derrigorrezkoa.
  2. Oinezkoen pasabideak eta txirrindularien pasabideak. Bizikletek txirrindularientzako pasabideetan baino ez dute lehentasuna; oinezkoentzako pasabideetan, ordea, inoiz ez, nahiz eta askok oraindik hala dela pentsatu. Errepidea oinezkoentzako pasabide batetik zeharkatzeko, bizikletatik jaitsi, eta oinez gurutzatu behar dugu.
  3. Espaloitik, EZ. Debekatuta dago espaloietatik eta oinezkoentzako edozein gunetatik zirkulatzea, salbu eta erabilera partekaturako seinaleztatuta badaude.
  4. Eskuinetik. Bidegorririk ez badago (kasu horretan, bertatik zirkulatu beharko lukete), galtzadaren eskuineko ertzetik hurbil zirkulatuko dute bizikletek, eta segurtasun-tartea utziko dute zintarritik edo aparkatutako ibilgailuetatik. Eta taldean badoaz, gehienez ere biko zutabeetan zirkulatu ahal izango dute.

Herriguneetatik kanpoko errepideetan:

  1. Islatzaileak. Argiak piztea nahitaezkoa denean, jantzi islatzaile bat ere eraman beharko dute soinean, gainerako gidariek 150 metrora bereiz ditzaten.
  2. Kaskoa. Herriguneetatik kanpoko errepideetan, nahitaezkoa da kasko homologatua erabiltzea, hiru kasutan izan ezik: igoera luzeetan, muturreko beroa egiten duenean edo arrazoi medikoengatik.
  3. Bazterbidetik. Bideak ez badu behartzen haientzako nahitaezko errei bat erabiltzera, eskuineko bazterbidetik zirkulatuko dute, halakorik badago; jaitsiera luzeetan baino ezin izango dute utzi, betiere horretarako segurtasun-baldintzak badaude.
  4. Paraleloan. Txirrindulariek ezin dute tropelean zirkulatu bide publikoetan. Bai, ordea, paraleloan edo biko lerroetan; dena den, hala badoaz, ikuspenik gabeko tarteetara iristean edo aglomerazioak sortzen direnean, ilaran jarri beharko dute.

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako 20 aholku horietan ikus dezakegunez, bizikleta baten gainean jartzean ibilgailu-gidari bihurtzen gara,eta, horregatik, eragiten diguten arauak ezagutu behar ditugu, guztiontzat seguruagoa den modu batean gidatu ahal izateko.

Zer da ekitaldi jasangarri bat? 

Kontsideratzen da ekitaldi bat jasangarria dela hura diseinatu eta antolatzeko ingurumen-neurriak barne dituzten jarraibide batzuk kontuan hartu direnean, horren helburua izanik nagusiki ingurumenaren gaineko inpaktu kaltegarriak albait gehien gutxitzea. Horretarako, IHOBEk Erronka Garbia metodologia du. Mutualiak integratua du prozedura hori bere ekitaldien antolamenduan eta garapenean. Hartara, ingurumenaren gaineko inpaktua gutxitu nahi da, eta, aldi berean, erakundeak eta bertaratzen diren pertsonak kontzientziatu nahi dira jendetza handiak biltzen dituzten ekitaldiak antolatzearen ondorio kaltegarriak arintzeko beharraz. 

Onura nagusiak 

  • Energia-efizientzia handiagoa 
  • Ur-kontsumo txikiagoa 
  • Lehengaien berrerabilera 
  • Hondakin gutxiago 
  • Ingurumen-aztarna murriztea 

Nola aplikatzen da? 

IHOBEk ezartzen duen bezala, ekitaldi bat antolatzeko fase guztiak hartu behar dira kontuan: 

  • Diseinua eta plangintza. Lehendabiziko puntu honetan, ingurumena aintzat hartzeko, ekitaldiaren oinarriak definitu behar dira, kontuan hartuz zein diren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak eta lortu beharreko ingurumen-helburuak zein -jomugak. Horretarako, ekitaldiaren kokapenaren eta motaren arabera, hura garatzeko beharrezko baliabideak kudeatuko dira. Beharrizan materialak eta kostu ekonomikoa identifikatuko dira. 
  • Ekitaldi baten antolamendua. Diseinatu eta planifikatutakoan, hurrengo fasea da finantzaketa, kontratazioak eta erosketen plangintza zehaztea, eta ekitaldiaren komunikazio-kanpaina. 
  • Ekitaldia bera eta jarraipena. Fase honetan, plangintzatik gauzatzera pasatuko gara, alegia, ekitaldia ekoiztera eta azken komunikazioa egitera. Adibidez, diseinu- eta plangintza-fasean zehaztu bada hondakinak gaika bilduko direla, ekitaldiaren egunean hori ikusaraziko da, eta bilketarako ezarri diren neurrien berri emango zaie bertaratu direnei, hala nola edukiontzi espezifikoak hondakin-mota bakoitzerako. Halaber, ekitaldiak irauten duen bitartean, zenbait neurri hartuko dira kuantifikatu beharreko datuak biltzeko, adierazle espezifiko eta neurgarriak ezarriz. Adibidez, baliabideak, materialak, erosketak, energia, ura, isuri, hondakin eta emisioen sorrera, etab. Hartara, ekitaldiaren eragina kalkulatu ahal izango da. 
  • Desmuntatzea eta itxiera. Ekitaldia bukatutakoan, ekitaldia ingurumenaren aldetik ebaluatuko da,  bildu diren datuen bitartez. Horretarako, Ingurumen Inpaktuaren Kalkulagailu bat du IHOBEk, eta ingurumen-inpaktu orokorra kalkulatzen laguntzen duena. Hiru metodologiaren arabera eskaintzen ditu emaitzak:  
    • Karbono-aztarna 
    •  Aztarna hidrikoa  
    • Ingurumen-aztarna 

Datu guztien bidez, antolakuntzak jakin ahal izango du eraginkorki jokatu duen edo ez, eta ikusi zer hobekuntza egin daitezkeen beste ekitaldi bat antolatzeko orduan. Erronka Garbia metodologia etengabeko hobekuntzaren filosofian oinarritzen da. Hartara, ikasketen integrazioa sistematizatzen du, ekitaldien inpaktua etengabe murrizteko. 

Mutualia eta ekitaldietan ingurumena aintzat hartzea 

Mutualiak urteak daramatza bere jardunaldietan ingurumena aintzat hartzen, eta, 2017. urtetik aurrera, IHOBEren Erronka Garbia metodologia aplikatu du. Metodologia horrek gerta daitezkeen ingurumen-eragin kaltegarriak albait gehien gutxitzeko ingurumen-neurriak integratzen ditu. 

Iturria: IHOBE

Mutualia da txosten medikoak euskaraz entregatuko dituen lehen osasun-erakundea

  • Uztailetik aurrera, historia klinikoan euskara lehentasunezko hizkuntza dela adierazi duten pertsona guztiek mediku-txostenak euskaraz jasoko dituzte.
  • Osasun-profesionalek zuzenean euskaraz sortu ezin dituzten txostenak, automatikoki itzuliko dira adimen artifizialaren bidez.
  • Mutualiak osasun-arreta berritzen du, pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatzeko.


Aurrerapen teknologiko garrantzitsu batean, Mutualiak, Mutualia Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2zk.ko Mutuak, irtenbide berritzaile bat ezarri du bere pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Pazienteek osasun-zentro batera joaten direnean izaten duten arazoetako bat da, ez dutela beti bermatzen beren hizkuntzaren erabilera.

Arazo horren zati bat konpontzeko, hau da, urgentziazko txosten medikoak euskaraz sortzeko, Mutualiak abangoardiako adimen artifiziala erabili du, sortzen diren unean bertan larrialdiko txostenak itzuli eta entregatzea lortuz, atzerapenik gabe, kalitate handiagoko zerbitzua eskainiz.

Adimen artifizialeko adituekin eta euskarazko itzulpenetan espezializatutako tresnekin lankidetzan, Mutualiak sistema oso eraginkorra eta zehatza garatu du gaur egun gaztelaniaz bakarrik egiten diren larrialdiko txosten medikoak automatikoki itzultzeko.


Adimen artifizialaren erabilerak itzulpen-prozesua arintzeaz gain, itzulpenen kalitatea ere nabarmen hobetu du. Erabiltzen diren algoritmo aurreratuak datu askorekin entrenatu dira eta hobetu egin dira txostenak ahalik eta zintzoen euskaratzeko.


“Mutualian gure pazienteen hizkuntza eskubideen errespetuan sinesten dugu, baina gure prozesu guztiak euskalduntzeko ahaleginak egin arren, orain arte ezin genituen larrialdietako mediku txosten guztiak euskaraz eskaini “.

“Adimen artifizialaren inplementazio honekin, ziurtatzen ari gara pazienteek nahi duten hizkuntzan eskuratu ahal izango dutela beren informazio medikoa, eta horrek kalitate handiagoko zerbitzu bat eskaintzea ahalbidetzen digu, nahiz eta gure helburua prozesu guztiak euskalduntzea izan.”

Ignacio Lekunberri Mutualiako zuzendari kudeatzaileak.

Berrikuntza horrek erakusten du Mutualiak euskararekin eta pazientearengan oinarritutako arreta medikoarekin duen konpromisoa.

2023, Mutualiako Arreta-Zentroen udako ordutegia

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean.  Abuztuaren 4,7,8eta 9an zentroaren ordutegia 8: 00etatik 15:30era izango da.

Mutualia Araba laguntza-zentroen 2023 udako ordutegia

  • HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. Abuztuaren 4,7,8an zentroaren ordutegia 8: 00etatik 15: 30era izango da.
  • LAUDIO: 

Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2023 udako ordutegia

  • ERCILLA KLINIKA: 24 ordu 
  • BASAURI:
  • ERANDIO:
  • GERNIKA:
  • IURRETA:
  • SANTURTZI:
  • ZAMUDIO:

Mutualia Gipuzkoa laguntza-zentroen 2023 udako ordutegia

  • PAKEA KLINIKA: 24 ordu. 
  • AZKOITIA: ITXITA
  • BEASAIN:  
  • BERGARA:  
  • EIBAR:  
  • IRUN:  

Beste zentroak:

Ohiko ordutegia: 8: 00etatik 15: 00etara, astelehenetik ostegunera – Ostirala 9: 00etatik 14: 30era

Euskal Kirol Federazioen Batasuna

logo-ekfb

Euskadiko kirol-federazioen % 20k bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta EKFBk kirolean euskara sustatzeko egin duten akordioarekin

Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kirolean euskara sustatzeko akordioa hitzartu zuten iaz. Oraintsu, ekitaldi bat egin da Orioko Arraun Etxean, ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kirol-federazioekin. Han izan ziren Bingen Zupiria sailburua, Ángel Gurrutxaga EKFBko presidentea eta iaz ekimenarekin bat egin zuten bost federazioetako ordezkariak (txirrindularitza, errugbia, gimnastika, surfa eta pilota). Ekitaldian bertan jakinarazi zen beste lau federaziok konpromisoa hartu dutela beren erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko: arrauna, karatea, mahai-tenisa eta xakea.


Bai Eusko Jaurlaritza, bai Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta prozesuan parte hartu duten federazioak bat etorri ziren ideia honetan: lankidetza behar-beharrezkoa da euskararen erabilera normalizatzeko. Iaz lortutako akordioa aurrerapauso handia izan zen, kirolaren arloko hainbat eragile inplikatu zituelako; besteak beste, erakundeak, kirol-federazioak, kirol-elkarteak eta klubak, zuzendaritza-batzordeak, entrenatzaileak, gurasoak, jokalariak…


Kirolean euskararen erabilera sustatzeko akordioari esker, 2022an bost federaziok diagnostikoa egin zuten euskarak beren erakundean zer egoera eta erabilera zituen aztertzeko eta, ondoren, euskara-planak abiarazi zituzten beren erakundeetan. Gainera, beren kirolari lotutako euskarazko trebakuntza espezifikoa eskaini zaie lehenengo aldiz, eta euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza-estrategiei buruzko trebakuntza ere bai. Alderdi horiei buruzko azalpenak eman zituzten ordezkariek: Iñaki Erdoiza (txirrindularitza), Meritxel Pagadigorri (surfa), Iñigo Marotias (errugbia), Jose Mari Mitxelena (euskal pilota) eta Ane Aizpurua (gimnastika).


Prozesuari esker, federazioak jabetu dira euskararen erabilerak zer-nolako garrantzia duen, eta ikusi dute eredugarriak direla eta besteengan eragiteko aukera dutela. Zuzendaritza guztiek babestu zuten euskara-plana, eta euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu zuten; horretarako, hizkuntza-irizpideak ezarriko dituzte, besteak beste.


Lana Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) osatzen duten federazio guztiei bidaliko zaie, haren berri izan dezaten, eta ekimenean parte hartzera animatu daitezen.


Akordio horren barruan, “Elkar Ekin euskaraz” kanpaina egin zen, federazioen eta kirolaren munduko eragileen parte-hartzea bultzatzeko. Kanpaina horretan, era berean, 26 kirol-jardueratako 460 kirolarik parte hartu dute, eta 66 argazki eta bideo atera dituzte, kirolean euskararen erabilera sustatzeko.


Euskal Selekzioa
Gainera, Joseba Iraolak eta Euskal Selekzioa eskuderiak albiste onak ekartzen jarraitzen dute. Oraingoan Italiatik iritsi dira berri onak, Ascoliko Coppa Paolino Teodori lehiaketatik: podiumean izan da, bere idoloetako batzuekin batera. Balmasedako pilotuak garaipena lortu zuen 2SC kategorian, lasterketa luze eta sutsua jokatuta. Bigarren postuan dago Europako txapelketako sailkapen orokorrean, eta scractheko hirugarrenean, Italiako bi pilotu handiren atzetik. Hona hemen Iraolaren hitzak: “Pozik gaude. Orain arte lortutakoa kontuan hartu beharrekoa da, aurkariak punta-puntakoak baitira. Harro nago Europako txapeldunen ondoan egoteaz, hain gertu, gainera. Taldeak hamarrekoa lortu du proba guztietan”.


Joseba Iraolaren Euskal Selekzioa eskuderiak automobilismoko mendi-lasterketetako Europako Txapelketako sei probatan parte hartu du, Ascoliko Coppa Paolino Teodori lehiaketarekin. Italiako lehiaketa horretan podiumera igo zen, eta hala egin zuen, halaber, Ecce Homo Sternberk lehiaketan (Txekiar Errepublika), Rampa da Falperran (Portugal), Subida al Fiton (Asturias), Rechbergen (Austria ) eta Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre lehiaketan (Frantzia).