Loa eta hark lanarekin duen zerikusia

Ekainaren 8an eskaini du Estivill doktoreak “Loa eta hark lanarekin duen zerikusia” jardunaldia, Mutualiak antolatua Somorrostro Irakas-Gunearekin lankidetzan.

Hitzaldiaren hasieran, Estivill doktoreak azaldu du loaren espezialitatea oso berria dela, 100 urte baino ez baitira igaro lo gaudela zer gertatzen den jakiten hasi garenetik.

Hiru ardatz izan ditu hitzaldiak: zer den loa, zertarako balio duen eta zenbat lo egin behar den (eta horrek lanarekin duen zerikusia).

Loaren kontzeptua

Estivill doktoreak azaldu duenez, egunean zehar gastatu duguna konpontzeko eta leheneratzeko lantegia da loa. Konponketa intelektuala da. Garunak ezin du ezer ikasi lo gaudela, baina ikasi duguna finka dezake. Izan ere, lo gaudela konfiguratzen da memoria. Hortik dator gaztelaniazko esaera ezaguna: “lección dormida, lección sabida”

Zenbat orduz egin behar dugu lo?

Lo indarberritzaile baterako beharrezko ordu-kopuruak aldatu egiten da adinaren arabera:

  • 10 urtera bitarteko haurrak, 11 ordu egunean. Egunez energia asko gastatzen dute, etengabe ikasten ari baitira. Gauez atseden hartu behar dute fisikoki, eta memoria antolatu. Frogatu da ordu horiek lo ematen dituen haurra hurrengo egunean zoriontsu dela eta eskolan errendimendu ona duela. Loak baldintzatzen ditu jarduera guztiak.
  • 18 urtera bitarteko nerabeak, 9 ordu egunean. Asko ikasten dute sasoi honetan. Nerabeek, oro har, ez dute behar adina lo egiten. Sare sozialek ez dute laguntzen; nerabeak berandu lotaratzen dira, eta loaren gabezia kronikoa izaten dute. Lo falta horrek jokabide-arazoak, ingurunera egokitzeko arazoak, gatazkak, eskola-errendimendu baxua, familia-gatazkak… eragiten ditu. Estivill doktoreak azpimarratu du ez dugula jakin nerabeei azaltzen lo-ordu horiek zenbaterainoko garrantzia duten errendimendu ona izateko.
  • Helduak (18-65 urte). Helduen % 90ek 8 ordu lo egiteko beharra dute. Hala ere, helduen % 5-10ek nahikoa dute 6 ordu lo eginda, eta beste % 5-10ek egunean 10 ordu lo egiteko beharra dute. Garrantzitsua da lo erregular eta egunerokoa izatea. Hau da, bizitzako egun guztietan egin behar da behar adina orduz lo. Nola jakin dezakegu kasu bakoitzean zenbat ordu behar diren? Pertsona bakoitzaren araberakoa da lo egin beharreko ordu-kopurua; 8, 6 edo 10 orduz lo egin eta egunean zehar nola gauden ikusi behar da.
  • 65 urtetik gorako helduak. Gauez 6 ordu eta egunez bi siesta egin behar dira. Siesta laburrak izan behar dute, eta bazkaldu edo afaldu aurretik nahiz ondoren egin daitezke. Adin-tarte honetan ohikoa izaten da lo egiteko pilulak hartzea, eta tratamendu horiek loguratuta uzten dituzte nagusiak. Horren ondorioz, ahulago sentitzen dira, eta horrek erorikoak, hausturak… eragiten ditu. Adierazi dugun ordu-banaketa kontuan hartuz gero, ordea, ez litzateke beharko halako medikamenturik.

Loaren etapak

Loaren estadioa ziklotan banatzen da, eta ziklo horiek 3 fasetan gertatzen dira.

Eskailera bat irudikatuko dugu, eta goitik behera hasiko gara:

  • Lehenengo fasea. Lehenengo maila honetan, begiak ixten ditugu, logura sentitzen dugu, gure gorputza erlaxatu egiten da eta arnasketa uniforme bihurtzen da. Fase honetan, ohikoa izaten da, besteak beste, hankak astintzea, loa azalekoa baita artean.
  • Bigarren fasea. Loak aurrera jarraitzen du, eta garuneko uhinak moteldu egiten dira.
  • Hirugarren fasea. Eskailerako hirugarren maila honetan sartzen gara lo sakonean. REM fase (rapid eye movement) izenez da ezaguna, hori gertatzen baitzaigu garunean jarduera onirikoa egiten den artean. Hala, REM fase honetan esnatzen bagara, amesten ari ginena gogoratu dezakegu, beste bi faseetan ez bezala.

Gauean zehar fase horiek errepikatzen ditugu; guztira, 90-120 minutu irauten dute. Gau batean 4 edo 5 lo-ziklo oso egin ditzakegu.

Erritmo zirkadianoen garrantzia

Erritmo zirkadianoa erritmo biologiko bat da, zeinean aldaketa fisiko, mental eta jarrerazkoak gertatzen baitira. 24 orduan behin errepikatzen da.

Argiaren arabera funtzionatzen du. Egunez loa fabrikatzen dugu, eta gauez eguna fabrikatzen dugu. Bi zelula-multzo txiki dira; gure erlojuak, nolabait esateko: noiz egin behar dugun lo eta noiz egon behar dugun esna esaten digute. Eta edozein erlojuri bezala, giltza eman behar zaie; hau da, behar bezala funtzionatzeko informazioa behar dute. Hala, gaua iristen denean, argia joaten ari dela sumatu behar dugu, melatonina fabrikatzen hasteko. Iluntasuna behar da ondo lo egiteko. Bestalde, eguna argitzen duenean, garunak argia jaso behar du, eta melatonina fabrikatzeari utzi eta kortisola sortuko du, melatonina indargabetzeko.

Horregatik, garrantzitsua da erritmo eta ordutegi jakin batzuk mantentzea eguneroko jardueretan: ariketa fisikoa goizean, bazkaria eguerdian, lotara joateko eta altxatzeko ordua… Horrekin guztiarekin, gure bizi-kalitatea hobetuko da, erlojuak ondo funtzionatuko baitu.

Gogoeta orokorrak

  • Loaren murrizketa 1 eta 4 ordu bitartekoa izaten da, eta gauaren bigarren erdian gertatzen da batez ere.
  • Asteburuetan eta opor-garaian ordutegi normala berreskuratzen da.
  • Lo falta dugula eta ez gaituela indarberritu sumatzen dugu subjektiboki.
  • Ondorioak ditu laneko segurtasunean.

Gaueko lana eta txandakakoa

Sektore batzuetan, gauez eta txandaka lan egiten da: suhiltzaileak, polizia, osasun-profesionalak, aire-kontrolatzaileak eta abar.

Zer dira “gaueko aldia” eta “gaueko langilea”?

Gaueko aldia da gutxienez 7 ordu hartzen dituen denbora-tarte bat, 00:00etatik 05:00etarako aldia barne hartzen duena.

Gaueko langilea da gutxienez 3 orduz gaueko aldian lan egiten duena.

Gaueko langileek eta txandaka aritzen direnek egunez lan egiten dutenek baino lo gutxiago egiten dute, eta loa asaldatua izaten dute. Lo falta hori konpentsatzen saiatzeko, egun libreetan lo gehiago egiten dute askok, eta horrek bizi-ohiturak aldatzen dizkie. Hauek dira ondorio nagusiak: loaren gabezia kronikoa, dieta desorekatuagoa, sedentarismo handiagoa eta nahasmendu kardiobaskularrak eta digestiokoak.

Txandakako langileen loa hobetzeko, kontuan hartu behar dira alderdi hauek:

  • Txandatzearen abiadura
  • Txanda zer ordutan hasten den
  • Loaren iraupena
  • Txandatzearen noranzkoa
  • Loa hobetzeko soluzioak
  • Lo-orduak babestea. Loa errespetatzea eta langilearen eguna haren gaua dela pentsatzea; beraz, ez da atseden hori eten behar. Kontzientziazio orokorra behar da: ez da telefonoz deitu behar, ez mezurik idatzi… Gauez ez genuke halakorik egingo, ez “molestatzearren”.
  • Lo-ordutegi erregularra izatea.
  • Jatordu arinak egitea eta kafeina eta bestelako estimulatzaileak saihestea ohera joan baino 5 ordu lehenagotik.
  • Betaurreko ilunak erabiltzea lanetik ateratzean.
  • Erabateko isiltasuna egunez lo egiten denean.

ELKAR, 50 urte euskara eta euskal kultura bultzatzen

Nola eta non sortu zen Elkar eta zein dira bere jarduera nagusiak?

Elkar-en sorreran bi abiapuntu daude. Batetik 1960ko hamarkada amaieran Joseba Jaka etxez etxe liburuak saltzen hasi zen, eta horrekin batera handik eta hemendik bildutako materiala ikastoletara zabaltzen. Bestetik, 1972an, Baiona, Ipar Euskal Herriko 20 kulturzalek ELKAR argitaletxea sortu zuten; handik bi urtera talde hura Hego Euskal herriko beste 20 lagunekin osatu zen eta handik gutxira Zabal liburu-denda zabaldu zuten.

1976an, Donostian Bilintx liburu-denda zabaldu zen eta Zabaltzen liburu eta diskoen banaketarako enpresa sortu zituzten Jaka anaien artean (Joseba, Goio, Jon) eta gerora Joxemari Sors, Iñaki Sors eta Xanti Jaka gehitu zitzaizkien. Une horretatik aurrera, euskal kulturari ikusgarritasuna emateko helburuarekin argitaletxea Donostian ere kokatu zen eta liburu-dendak zein banaketa Euskal Herri osora zabaldu ziren.

Gaur egun elkar Fundazioaren baitan antolatutako enpresa taldea dugu elkar, zeinaren barruan dauden argitaletxea (Elkar, Ttarttalo, Txertoa eta Sua zigiluak hartzen ditu), inpresio zentroa (Leitzaran Grafikak), banaketa enpresak (elkar Bakaneta, ACL, Dispe) liburu-dendak euskal lurralde guztietan (18 elkar liburu-denda eta online denda).

Elkar Fundazioak bere enpresa taldean bidez gartzeko duen xedea da euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea da, enpresa eta ekonomia euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz.

Zenbat pertsonak osatzen dute Elkar eta zeintzuk dira bere profil profesionalak?

Elkar talde osoan 400 langiletik gora ari gara gaur egun, era oso diferentetako lanetan, edizio lanetatik hasi, liburu-denda, inpresio eta biltegi lanetaraino. Era berean, eginkizun horiei guztiei zerbitzua ematen dieten administrazio, informatika, marketin eta beste hainbat sail.

Era oso diferentetako lana egite dituzten pertsonak, beraz, beti ere euskal liburuarekin eta euskal kulturarekin dugun konpromisoak lotuta, modu profesional eta konprometituan lan eginez egunez egun enpresan beharrei eta euskal kultuaren beharrei erantzuteko.

2022.urtean 50 urte bete ditu Elkarrek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aintzat hartu du mende erdian euskara eta euskal kultura sustatzeko eta garatzeko egindako lanagatik. Zer suposatu du aitortza horrek?

Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman izana berri ona eta handia izan da elkar-entzat, urte luzez ondo egindako lanaren ordain gisa hartu baitugu. 50 urtetik gora daramatza elkar-ek euskal kultuarekin konprometituta, euskal kulturari ahalik eta ikusgarritasunik handiena emateko lanean, Euskal Herriko beste kultur eragile askorekin batera hainbat ekimen martxan jartzen, eta horren errekonozimendua ikusi dugu sariarekin.

«OBE DA aldez AURÉTIK GALERAZI GEROZ ZUZENDU BAÑO», 1935ean, lelo horrekin PAKEAk, gaur egun Mutualiak, Espainiako lan-arriskuen prebentziorako lehen egutegia argitaratu zuen, euskaraz zein gaztelaniaz. Argitaletxea Gráficas Laborde eta Labayen zen. Zer bilakaera izan du euskarazko kulturaren kontsumoak?

1935etik hona gauzak asko aldatu dira. 1936an Espainian izan zen estatu golpeak, ondoko gerrak eta 40 urteko frankismoak euskal kultura erabat ezkutatzea ekarri zuten.

1960ko hamarkadan hasi zen berriro euskara eta euskal kulturaren aldeko mugimendua eta militantzia eta garai horretan abiatutakoa da gaur egun ezagutzen dugun elkar bera. Euskaraz ia ezer ez izatetik loratze bat etorri zen euskal kulturarentzat, jende askoren ekarpenari esker: liburuak, euskaraz ikasteko materiala, antzerkia, musika… kultur arloko eremu guztietan euskal ekoizpen gero eta oparoagoa dugu, nahi genukeen adinakoa ez bada ere.

Kontsumoari dagokionez hura ere ekoizpenarekin haziz joan izan da urteetan, baina gaur egun geldialdian gaudela esan dezakegu. Globalizazio garaiotan, hizkuntza nagusietan garatzen den kultura denon eskua dago eta horrek bete betean eragiten du euskaraz egindako kulturaren irisgarritasunean eta kontsumoan. Ez da samurra munduko plazan euskal ekoizpena kokatzea eta ezagutzera ematea. Ondorioz, euskal kulturaren jarraipena ez da nahi bezain indartsua. Sortzen dira, tantaka, arrakasta handiko liburu, musika talde edo filmak, baina, oro har, behar eta merezi baino harrera eskasagoa izaten dute euskal kultur sortzaileen emaitzek, haien kalitatea gero eta handiagoa bada ere.

Zein da sektorearen eta Elkarren etorkizuna?

Liburuaren sektoreak garai zaila eta aldakorra bizi du.

Alde batetik, kultur kontsumora bideratutako elementu berriak ditugu, bereziki ikus-entzunezkoetako plataformak, eta horietan sartzen dugun denbora bestelako kultur adierazpenerako eskaini izan dugunetik kentzen dugu batez ere; beraz, liburu irakurzaletasunak eta irakurketara dedikatzen dugun denborak behera egin du.

Bestetik, lehen aipatutako globalizazioa dugu, non kultura txikiek, are gutxituek, gero eta eremu zabalagoan lehiatzen dute, baliabide askoz ere gehiagorekin eta tamaina askoz ere handiagoan ekoizten duten kulturen ondoan egin behar dute tokia eta hori zaila da.

Alegia, egoera ez da samurra, eta horrek eskatuko digu guztioi ere lan egiteko moduak berritzea, bide berriak topatzea lekua egin eta jendearengana iristeko, jendeak ezagutu eta balora dezan euskal kulturak eskaintzeko duena. Ez da samurra izango, baina euskal kulturak ez du inoiz erraza izan eta duela 50 urteko kemen bertsuarekin egiten badugu lan uste dugu ezagutuko ditugula garai oparoagoak. Optimistak izan behar dugu eta ez etsi gure lanean, konpromisoak ekarri gaitu hona eta horrek eraman gaitzake eszenario berrietara.

Elkar

Mutualex epaia 2023ko Ekaina

sentencia

Auzitegi Gorenaren epaia, 2023ko otsailaren 2koa, 4748/2019 Doktrina Bateratzeko Errekurtsoari dagokiona, zeinaren txostengile Mara Luz García Paredes andrea izan baita.

mazoa

Kasazio-errekurtsoan doktrina bateratzearen inguruan sortutako auziaren koska da zehaztea ea zurztasun-pentsio bat aitortu daitekeen onuraduna enplegu-zentro berezi batean zerbitzuak ematen ari denean, lanaldi osoko kontratu mugagabe batekin; kasu honetan, ONCErentzat, kupoi-saltzaile gisa.

Eskatzailea 1969an jaio zen eta 0,1etik beherako alde biko ikusmen-zolitasuna du haurtzarotik; hala, Kataluniako Generalitateak % 86,5eko desgaitasuna aitortu zion, 1985eko urriaren 14ko ebazpen baten bidez.

1998ko urtarrilaren 7tik, ONCEko saltzaile gisa egiten du lan.

Aita 2015eko abenduaren 1ean hil zitzaionez, zurztasun-pentsioa eskatu zuen baina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ukatu egin zion. Demanda jarri zuen eta Lan Arloko Epaitegiak ezetsi egin zuen, ulertzen baitzuen ONCErentzat lanean ari zela. Erregutze-errekurtsoa jarri zuen eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen, 2019ko irailaren 26an, erregutze-errekurtsoa onartzeko, instantzia-epaia errebokatzeko eta auzi-jartzaileari zurztasun-pentsio bat jasotzeko eskubidea aitortzeko, 2016ko uztailaren 6an aurkezturiko eskaera baino 3 hilabete lehenagoko ondorio ekonomikoekin, eta 1.193,53 euroko oinarri arautzailearen % 20ko ehunekoarekin.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kasazio-errekurtsoa jarri zuen, uste baitzuen ez zegokiola pentsio hori aitortzea, aita hil zenean eskatzailea zerbitzu profesionalak ematen ari baitzen, enplegu-zentro berezi batean izan arren.

Beraz, eztabaidaren muina izango da zer irismen eman behar zaion enplegu-zentro berezi batean lan egiten duen umezurtz batek duen lan-harreman bereziari, zurztasun-pentsioa jasotzeko eskubidea aitortze aldera.

Auzitegi Gorenak urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 224.1 eta 225. artikuluetan xedatutakoa aztertu du, baita prestazio hori 1967ko otsailaren 13ko aginduak arauturiko zurztasun-pentsioaren araubide juridikotik arautzearekin loturiko lege-aurrekariak ere. Adierazitako agindu horrek zurztasun-pentsioaren onuradun gisa aitortzen zituen adin jakin bateko adingabeak edo edozein lan egiteko desgaituta daudenak, 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 175. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakora arte, 1647/1997 Errege Dekretutik eta Neurri fiskal, administratibo eta lan-arlokoei buruzko 66/1997 Legetik aurrera eginiko aldaketekin.

Eskabidea egiteko unean indarrean den zuzenbidea aztertuta ondorioztatzen da zurztasun-pentsioa jasotzeko eskubidea dutela, berdintasun-erregimenean, hildako kausatzailearen seme-alaba guztiek, haien filiazioa edozein dela ere, baldin eta heriotzaren unean 21 urtetik beherakoak badira edo lanerako ezgaituta badaude, eta kausatzailea altan edo altaren pareko egoera batean bazegoen edo pentsioduna bazen 217.1-c) artikuluaren arabera.


Adierazitako legearen 225.2 artikuluak, zurztasun-pentsioaren eta zurztasun-prestazioaren bateragarritasunari dagokionez, dio zurztasun-pentsioa bateragarria dela umezurtzaren lan-errentarekin, eta, zurztasun-pentsioa jasotzeko eskubidea duten lanerako ezgaitutako umezurtzei dagokienez, Gizarte Segurantzaren beste pentsio bat jasotzen dutenean ezintasun beragatik, bata edo bestea aukeratu ahal izango dutela ezartzen du.

Auzitegi Gorenak, araubide juridiko arauemailea interpretatuta, nabarmentzen du zurztasun-pentsioaren araubideak ez duela eskubidea aitortzeko baldintza gisa jartzen onuraduna (izaera hori izateko aukera ematen duen kasuetan) ez dadila egon inoren konturako zerbitzurik ematen, ez egoera horren hasieran, ez egoera horri eusten zaion bitartean; izan ere, salak zurztasun-pentsioari buruz duen doktrinak ezarri izan du pentsio horrek ordeztu egiten dituela kausatzailearen heriotzagatik onuradunek jasotzeari uzten dioten errentak (jasotzeari uztean kaltea jasaten dute, haien sarrera-iturrietako bat desagertzen baita).

Horrenbestez, Auzitegi Gorenak dio ezen, zalantzan jartzen duena enplegu-zentro berezi batean zerbitzuak emateak izan dezakeen eragina bada, bat datorrela Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpidearekin; hark enplegu-zentro berezitzat jo zuen eta hortaz, hondar-lan gisa har daiteke, eta ez du esan nahi lanerako gaitasuna duenik, ez baitu lan-merkatuan lanbide bat osoki betetzeko behar adinako hondar-gaitasunik (are gehiago epaiaren oinarri faktikotik aintzat hartzen badugu langileak zuen minusbaliotasun-maila handia, zeinak, bestalde, erabat justifikatzen baitu gure ordenamendu juridikoak eskatzen duen lanerako ezintasuna).

Beraz, kasu bakoitza eta haren inguruabarrak aztertu beharko dira, baina enplegu-zentro berezi batean zerbitzuak ematea ez da eskubidea ukatzeko arrazoia.

Raquel Martínez Balbás 


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

Kontsulta juridiko 2023ko Ekaina

consulta

Ezintasun iraunkor oso kualifikatuaren % 20ko gehikuntza

Aitortzearen atzera-eragina iritsi al liteke eskatu aurreko hiru hilabeteetara edo 55 urte betetzen diren unera, une horretan igoera lortzeko baldintza guztiak betetzen badira?

kontsulta

Ekainaren 21eko 24/1972 Legearen 11.4 artikuluak sartu zuen % 20ko gehikuntza, eta, gaur egun, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 196.2 artikuluan txertatuta dago (8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa). Lege horren manuek, ezintasun iraunkor osoaren gehikuntza hori lortzeko adin jakin bat izateko baldintza ezartzeaz gain, interesdunak ezintasun iraunkor osoa aitortu zitzaionaz bestelako jarduera batean beste enplegu bat lortzeko zailtasunak dituela uste izatera eramaten duten beste inguruabar batzuk egotekoa ere ezartzen du.

Argi dago gehikuntza horrek ez duela prestazio berri bat eratzen, ezintasun iraunkor osoaren osagarri bat besterik ez baita; horregatik, ez du bizitza propiorik, mendekoa da, baina lege-testuak badu nolabaiteko autonomia dagokion lege-tratamenduan; izan ere, baliaezintasun-maila bat ez bada ere, ezta prestazio independente bat ere, kontua da hura eskuratzeko baldintzetan eta haren dinamikan izaera espezifikoa duela eta horrek hurbildu egiten duela haren araubide juridikoa prestazio bati dagokion araubidera, eta, horregatik, alderdi batzuetan Gizarte Segurantzaren benetako prestazio baten arauak aplikatu ahal zaizkio.

Beraz, % 20ko gehikuntza prestazio-izaerako osagarria izanik, nahiz eta prestazio bat ez izan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 53.1 artikuluan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatu behar zaio. Izan ere, aitortzearen atzera-eragina hedatzen da eskaera egin zen dataren aurreko 3 hilabeteetara, eta, beraz, beti izango da beharrezkoa igoera hori eskatzea, eta ez da automatikoki aplikatuko adina betetzearekin, Auzitegi Gorenaren 2020ko martxoaren 22ko epaiak, 279/2020 Doktrina Bateratzeko Kasazio Errekurtsoan emandakoak, gogorarazten duen bezala.

Raquel Martínez Balbás 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Bero-kolpea. Araudi berria

Udarekin batera, tenperatura altuak iristen dira, eta gehiegizko beroak langileengan eragina izan dezake. Gorputzak berora egokitzeko berezko mekanismoak ditu, baina, tenperatura oso altua denean, bero-kolpe bat gerta daiteke, eta ondorio larri edo oso larriak eragin osasunerako.

Oraintsu argitaratu da 4/2023 ERREGE LEGE-DEKRETUA, maiatzaren 11koa, zeinak apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen baitu, lantokietako segurtasun eta osasunari buruzko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, eta aire zabaleko lanetako lan-baldintzei buruzko xedapen gehigarri berri bat jasotzen duena.

Hori dela eta, Enpresako zuzendaritzak arriskuen ebaluazioan jaso beharko du fenomeno meteorologiko gogorren eraginpean egoteari dagokion guztia, zenbait jarduera-sektoretan, hala nola eraikuntzan, nekazaritzan, abeltzaintzan, ostalaritzan, lorezaintzan, garbiketan eta hondakinen bilketan, baita aire zabalean egiten den edozein lan-motatan ere. Halaber, langileen esku jarri beharko ditu prebentzio-neurri egokiak, baita neurri horiek abian jartzearen inguruan sentsibilizatu ere.

Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) edo, hala badagokio, erkidegoko organoak (EUSKALMET Euskal Autonomia Erkidegoan, METEOGALICIA Galizian edo METEOCAT Katalunian), maila laranja edo gorriko fenomeno meteorologiko gogorren abisua ematen badu eta ezin bada bestela bermatu langileen babes egoki bat, neurri horien artean jasotzen da ordu horietan zenbait lan egiteko debekua, baita lan-baldintzak egokitu beharra ere, aurreikusitako lanaldiaren jardun-orduak murriztea edo aldatzea barne. 

Mutualiatik, arlo honetako betebeharrei eta gomendioei buruzko informazio-fitxa bat jarri dugu enpresen eskura.

Langileei zuzendutako informazio-fitxa bat ere egin dugu, sintomak eta prebentzio-neurriak ezagutzen laguntzeko.

Bestalde, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak NAPOko klip bat argitaratu du, estres termikoa nola saihestu jakiteko.

Praktikaldiko kotizazioa 2023ko urriaren 1etik aurrera

Pentsioen erreformari buruzko martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuan, zeina 2023ko urriaren 1etik aurrera aplikatuko baita, Gizarte Segurantzaren sisteman sartu dira prestakuntza-programen barruko prestakuntza-praktikak eta praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak.

Hala, praktikaldian dauden bekadun guztiek kotizatuko dute 2023ko urritik aurrera, praktika ordainduak nahiz ordaindu gabeak egiten dituztela ere.

Zer ikasleri eragingo die?

Unibertsitateko ikasleek egiten dituztenak, bai graduko, masterreko eta doktoretzako titulu ofizialak lortzekoak, bai unibertsitatearen beraren titulu bat lortzekoak, dela etengabeko prestakuntzako master bat, espezializazio-diploma bat edo aditu-diploma bat.

Lanbide-heziketako ikasleek egiten dituztenak, betiere ez badira egiten lanbide-heziketa trinkoaren erregimenean.

Praktikak egiten dituzten pertsonak besteren konturako langileen pareko gisa jasoko dira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, sistema bereziak kontuan hartu gabe, salbu eta praktika edo prestakuntza ontzietan egiten bada; halakoetan, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian sartuko dira.

Atzeraeraginezko izaera du?

Arauan ezartzen denez, xedapena indarrean sartu aurretik (2023ko urriaren 1a) hartan adierazten diren egoeran zeuden eta xedapenean erreferentzia egiten zaien pertsonek hitzarmen berezi bat sinatu ahalko dute, behin bakarrik eta Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak zehazten dituen epean eta baldintzetan, xedapena indarrean sartu aurretik, gehienez ere bi urtez, egindako praktika ez-laboralak eta praktika akademikoak kotizazioko zenbaketan sartu ahal izateko.

MUTUALIA TOPAKETAK: Nola kudeatu laneko absentziak

Maiatzaren 31n, “Laneko absentzien kudeaketa, funtzionatzen duten esperientziak” izeneko jardunaldia egin zen Bilbon, Mutualiak antolatuta, “Enpresa elkartuen Mutualia Topaketen” barruan.

Mutualia topaketak jardunaldi-formatu berri bat dira, eta Mutualiak gaurkotasuneko gaiak lantzen ditu haietan. Halaber, zenbait enpresari gonbita egiten zaie enpresa-kudeaketan eta zenbait arlotan funtzionatu duten esperientziak azaltzeko, ideia berriak eta/edo ikuspuntu desberdinak eskaintzeko.

Jardunaldiaren hasieran, Mutualiaren egungo egoera aztertu da, eta, ondoren, bi enpresa mutualistak (URGATZI eta MUBEA) beren esperientzia azaldu dute, SOLUTIA GLOBAL HEALTHekin batera.

Katalin del Campo mendekotasunari eta gizarte-bazterketari arreta emateko laguntza-baliabideen prestazio eta kudeaketa integralean espezializatuta dagoen URGATZI enpresaren Garapen, Enplegu eta Talentuko arduraduna da. Zenbait gairi buruz aritu da, hala nola entzuteko guneak ezartzeaz, pertsonen beharrak ezagutzeko, pertsonen inplikazioa lantzeko inkestak prestatzeaz eta erdi-mailako arduradunak absentziak jakinarazteko protokoloetan prestatzeaz, laneko absentzien murrizketan plantillaren aintzatespen eta inplikazio handiagoa ekarri duten elementuak izateagatik.

Javier Alcubillak, automobilaren industria hornitzen duen MUBEA enpresako Giza Baliabideen zuzendariak, MUBEA enpresak absentziengatik galdutako egunak kontrolatzeko egin dituen aurrerapenen berri eman digu. Horretarako, zenbait ekintza jarri ditu abian, hala nola absentziak kudeatzeko protokolo berriak garatzea, absentziaren aurreabisurako prozedura ezartzea, komunikaziorako espazio berriak sortzea eta absentismoari buruzko adierazleak doitzea eta birdefinitzea, hori guztia Plan Estrategikotik sustatutako Ekintza Plan baten esparruan.

SOLUTIA GLOBAL HEALTHen aldetik, César Castelek Absentzien Kudeaketako oinarrizko printzipioak azaldu ditu, hala nola enpresaren zuzendaritza inplikatzearen garrantzia, langileen esku dagoen erabaki-balantza edo etengabeko komunikazioari eusteko interesa, kudeaketa-moduetan izaten diren aldaketak enpresan pixkanaka errotzeko, laneko arriskuen prebentzioaren arloan arrakastaz egin dugun moduan.

Azkenik, Mutualiak Absentzien Prebentzio eta Kudeaketarako Planaren eredu bat aurkeztu du, Gidan (2019) oinarritua. Horretan, beste berritasun batzuen artean, barne hartzen da lau protokolo-eredu ezartzea, enpresei metodologia hori beren erakundeetan txertatzen laguntzeko. Plan horren bertsio informatikoaren aurrerapen bat ere ikusi ahal izan dugu, laster eskuragarri izango dena enpresa elkartuentzat.

MutuaLex 251 zk.

mutualex

Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.), 2023ko maiatzaren 27tik ekainaren 02rako astea.

INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA: “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe”

plastico 2023

2023ko Ingurumenaren Munduko Eguneko “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe” kanpainak dei egiten du soluzioak ezartzeko plastikoaren erabilerak eragindako kutsadurari amaiera emateko.

Mutualiak, ingurumenean duen eragina murrizteko beste urrats batean eta plastikoa murrizteko helburuaren barruan, hainbat ekintza egin ditu, hala nola:

  • Plastikozko poltsak paperezko, oihalezko eta konposta egiteko materialezko poltsekin ordeztea
  • Plastikozko botilatxoak eta ur-botilatxoak kentzea
  • Bezeroei ematen zaizkien kudeaketa-karpetetan material birziklagarria erabiltzea

Baina ez da nahikoa materialak ordezkatzea. Lehenengo jarraibidea plastikoaren alferrikako erabilera murriztea da, batez ere erabilera bakarrekoa, ekonomia zirkular baterantz aurrera egiteko, hiru jarraibide hauek konbinatuz: berrerabiltzea, birziklatzea eta plastikoarekiko alternatiba iraunkorretarantz birbideratzea eta dibertsifikatzea.

Funtsezkoena kontsumo arduratsuari eustea da, inpaktu negatiborik ez sortzeko, eta gogoraztea hondakinik onena sortzen ez dena dela.

Campana-ONU-para-el-medio-ambiente

ONU ingurumen kanpaina

Kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezgaitasun-egoera berezi berriak

Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa aldatzen duen otsailaren 28ko 1/2023 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenak aldaketak ekarri ditu Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren (GSLO) testu bateginera, kontingentzia arruntengatiko aldi baterako honako ezintasun-egoera berezi hauek sortzeari dagokionez:

  • Bigarren mailako menstruazio ezgaitzaileagatiko ABEa
  • Haurdunaldia borondatez eteteagatiko ABEa
  • Emakume langilearen haurdunaldiagatiko ABEa, hogeita hemeretzigarren asteko lehen egunetik hasita.

Eskubidearen sorrera eta iraupena
Bigarren mailako menstruazio ezgaitzaileagatiko aldi baterako ezintasun-egoera berezian, subsidioa Gizarte Segurantzaren kargura ordainduko da, laneko bajaren egunetik.
Beste bi kasuetan, subsidioa Gizarte Segurantzaren kargura ordainduko da, laneko bajaren hurrengo egunetik, eta enpresaburuaren kontura izango da bajaren egunari dagokion soldata osoa.