Estraneta: BonusWEB

Apirilaren 25etik, Mutualiaren Estranetak funtzio berria izango du.

Modulu berri horri esker erabiltzaileek, alde batetik, Enpresetako Ezbehar-indizea egiaztatu, eta Gehienezko Balioetatik behera dauden egiaztatu ahalko dute, Lan eta Immigrazio Ministerioaren Aginduak ezartzen duen eran, eta, bestetik, baldintza hori eta martxoaren 31ko 404/2010 Errege Dekretuak jasotzen dituen gainerakoak betetzen badira, Bonusak eskatu ahalko dituzte.

Bonus sistemaren bitartez kontingentzia profesionalengatiko kotizazioak murrizten zaizkie laneko istripuak gutxitu eta prebenitzearen alde modu berezian lan egin duten enpresei.

Sistema horren helburua da istripu-kopurua modu eraginkorrean gutxitzea ahalbidetu duten enpresei pizgarri bat eskaintzea. Halaber, laneko arriskuak prebenitzeko inbertsio zehatzak egin, eta lan-istripuak nahiz gaixotasun profesionalak prebenitzeko jarduera eraginkorrak gauzatu dituztenei aplikatuko zaie pizgarri hori.

Edozein enpresak eskatu ahalko du Bonusa, baldin eta kontingentzia profesionalengatik Gizarte Segurantzan kotizatzen badute, jarraian adierazitako baldintzak betetzen badituzte, eta eskabidea epe barruan eta dagokion forma errespetatuz aurkezten badute. Hurrengo hauek izan daitezke:

  • 5.000 eurotik gora kotizatzen duten enpresak: dagokion epealdian kontingentzia profesionalengatik, guztira, 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresak.
  • Enpresa txiki onuradunak: Dagokion epealdian (lau ekitaldi gehienez) kontingentzia profesionalengatik 250 eta 5.000 euro artean kotizatu duten enpresak.

 

Pizgarria eskuratu nahi duten enpresek ondorengo baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

  • Dagokion epealdian arriskuak gutxitzera bideraturiko instalazio, prozesu edota ekipoetan inbertsioak egin izana.  Inbertsio horiek behar bezala dokumentatuta eta kuantitatiboki zehaztuta egon beharko dira.
  • Dagokion epealdian ezbehar orokorren eta muturreko ezbeharren indizeak ez gainditzea.
  • Gizarte Segurantzan kotizatzearen inguruko betebeharrak egunean edukitzea. Egoera hori bere horretan mantendu beharko da eskaera egiteko epealdi guztian zehar.
  • Dagokion epealdian administrazio-bidean irmoa den ebazpen bidez zehapenik jaso ez izana. Zehapen horiek laneko arriskuen prebentzio arloan edota Gizarte Segurantzaren alorrean arau-hauste larri bi baino gehiago edota arau-hauste oso larri bat egitearen ondoriozkoak lirateke.
  • Prebentzio-jarduerei dagokienez enpresa bakoitzak egiten duen adierazpen-ereduan jasota dauden laneko arriskuak prebenitzeari buruzko oinarrizko baldintzak betetzea.

 

Dagokion epealdian kontingentzia profesionalengatik 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresek, aurreko guztiaz gain, beheko ekintzetatik gutxienez bi egiaztatu beharko dituzte:

  • Lantaldean prebentziorako baliabide propioak txertatzea (prebentzio-arduradunak izendatzea edo prebentzio-zerbitzu propioa sortzea).
  • Prebentzio-sistemaren kanpo-auditoriak egitea, horretara behartuta egon ez arren.
  • Enpresan mugikortasun-planak egotea, enpresatik kanpo egin beharreko eginkizunetan lan-istripuak prebenitzeko eta “in itinere” istripuak prebenitzeko.
  • Dagokion epealdian gaixotasun profesionalen bat edukitzeko arriskua duen enpresako nahiz lan-zentroko langileen portzentajea gutxitu dela egiaztatzea.
  • Kalitate-ziurtagiria edukitzea edota ENACek akreditaturiko erakunderen batek enpresan laneko arriskuen prebentzio-sistemek funtzionatzen dutela egiaztatzea.

 

Dagokion epealdian kontingentzia profesionalengatik, guztira, 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresen kasuan, epealdi jakin horretan kontingentzia profesionalengatik ordaindu diren kuoten zenbatekoaren %5 artekoa izan ahalko da pizgarria; eta %10 artekoa, baldin eta aztertu diren epealdiak jarraikakoak badira, eta justu aurreko epealdian pizgarria jaso bada. Pizgarriak ezingo du gainditu inbertsioak gauzatzeko bideratu den, eta egiaztatuta dagoen zenbatekoa.

Dagokion epealdian (lau ekitaldi gehienez) kontingentzia profesionalengatik 250 eta 5.000 euro artean kotizatu duten enpresa txikien kasuan, pizgarria 250 artekoa izan ahalko da lehendabiziko epealdian, eta 500 eurokoa, berriz, bigarren epealdian nahiz hurrengoetan, justu aurreko epealdian pizgarria jaso denean, betiere.

 

Pizgarria jaso nahi duten enpresek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute mutuan (edo kontingentzia profesionalen babesaz arduratzen den erakundean), urtero-urtero, apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitartean.

 

Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitez harremanetan Mutualiako zure Kudeatzailearekin.

 

Araba: 945 00 90 92
Bizkaia: 944 25 25 56
Gipuzkoa: 943 44 05 45

Madrid: 91 567 03 71

 

Mutualiak haurdunaldiko arriskuen eta edoskitze naturalaren prestazioak % 9,24 handitu ditu 2015ean, aurreko urtearekin alderatuta

2015eko ekitaldian, Mutualiak orotara 10.388.511 euro ordaindu dizkie emakume langileei, haurdunaldiko arriskuengatik eta edoskitze naturalagatik; hala, % 9,24 handitu da zenbatekoa 2014. urtearekin alderatuta. Era berean, prozesuen kopurua ere % 6,48 handitu da: 2014aren amaieran 1.512 ziren, eta 2015eko ekitaldiko denbora-tarte berean, berriz, 1.610.

Gizarte Segurantzaren kudeaketan lankidetzan jarduten duten mutualitateak haurdunaldiko arriskuez kargu egin zirenetik, 2007ko martxotik 2015eko abendura bitartean Mutualiarekin kidetutako enpresetako ia 10.000 emakume langilek baliatu zuten, eta urtetik urtera langile onuradunak ugaritu egiten dira. Honako grafiko honetan dago jasota eboluzioa:

Prestazioon helburua haurdun dagoen langilea eta umekia babestea da (haurdunen kasuan) edota emakumea eta haurra babestea (edoskitze naturalaren kasuan), baldin eta enpresan ez badago haurdunaldiarekin edota edoskitze naturalarekin bateragarria den lanposturik. Hori dela eta, lanpostuz aldatzea teknikoki edo objektiboki posible ez denean edota justifikatutako arrazoiekin arrazoiz exijitzerik ez dagoenean, lan-kontratua eten egiten da; etenaldi horretan, langileak Mutualiaren kontura subsidio bat jasotzeko eskubidea izango du.

Prestazioon zenbatekoa kontingentzia profesionalek eragindako aldi baterako ezintasuneko oinarri arautzailearen % 100 izango da; gertakari horiek laneko istripuek eta gaixotasunek sorrarazitako enpresa-kuoten bidez finantzatzen dira.

Prestazioari eta eskatzeko izapideei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure webgunea: www.mutualia.eus

 

SONIA GUTIERREZ GARCÍA. KONTINGENTZIA PROFESIONALETAKO PRESTAZIOEN ARDURADUNA

Lineako hockeyaren hedapena

Aldizkari honen aurreko zenbakietan, patin-hockeyak eta belar-hockeyak gure lurraldean duten harrerari buruz mintzatu gara. Zer talde dauden aipatu eta kirol horiek egitearen abantailak azaldu ditugu.

Azken zenbakian, patin-hockeyko Euskadiko selekzioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzari esker, Macaon nazioarteko txapelketa bat jokatu zuela aipatu genuen, eta bikain aritu zen, txapelketa irabazi baitzuen! Oraingoan, lineako hockeyaz arituko gara. Euskadin badaude kirol honetaz gozatzeko aukera ematen duten hainbat talde, besteak beste, Bilboko Metropolitano Hockey Club (herrialdeko indartsuenetako bat), Street Hockey Gasteiz, Sumendi eta Bergarako Hanka Labanka. Izotz-hockeyaren antzeko kirola da, baina zurezko, asfaltozko, zementuzko edo material sintetikozko pista baten gainean jokatzen da. Pistak 20 x 40 metro eta 30 x 60 metro bitartekoak izaten dira. Jokalariek gurpil-lerroko irristailuak erabiltzen dituzte, lau gurpilekoak, abiadura handiak lor ditzaketenak, baita disko edo puckari jotzeko sticka ere. Hockeyaz hitz egitea askotariko abantaila fisikoak eta psikologikoak dituen kirol batez hitz egitea da. Patin-hockeya kontaktu-kirola da, eta ohiko patinajearen onura asko dakartza berekin, baina hura praktikatzean izaten den bizitasunaren faktore biderkatzailearekin. Irristaketa-kirola denez, kaloria ugari erretzeko aukera ematen du, beste modalitate batzuekin konparatuta.

Gainera, arnasketa-gaitasuna eta erresistentzia azkarren handitzen dituen espezialitateetako bat da. Izan ere, energia handia behar da lineako hockeyan aritzeko. Bizitasun handiko kirola denez, abiarazte oso azkarrak behar dituena, energia handia behar da. Jokaldi bakoitzaren ondoren, hurrengoa hasi arte, tarte labur batean arnasa sakon hartzeko aukera eman dezake. Ondorioz, gorputza bere onera etortzen da. Horregatik da hain eraginkorra errendimendu fisikoa areagotzeko orduan.

Gihar-talde ugari erabili behar dira, indarrez jokatzeko eta patinen gainean abiadura handian gelditzeko edo biratzeko inertzia konpentsatzeko. Lineako hockeyak hankak, izterrak, ipurmasailak, gerria, sabelaldea, lunbarrak eta besoak bizkortzen eta indartzen ditu. Irristaketa beste kirol batzuk baino ariketa arinagoa da, artikulazioetako kalteak kontuan hartuta. Izan ere, hainbat ikerketak ondorioztatu dute behe-artikulazioek jasotzen duten inpaktua % 50 txikiagoa izan daitekeela irristaketan korrikan baino.

Mugimenduak abiaduran egitean, gainera, lineako hockeyak oreka eta koordinazioa lantzen ditu, burmuinak mugimenduak automatizatzen baititu, eta horiek egiteko gero eta arreta gutxiago jarri eta esfortzu txikiagoa egin beharko baita.

Hasieran baliteke baldar sentitzea, baina entretenimendu handia izango da hockeyan jokatzea. Oreka galtzeko beldurrez ibiltzen ez bagara, mugimenduak gero eta arinagoak izango dira eta azkarrago hobetuko da gure teknika. Gainera, lineako hockeyan jokatu bitartean, egoera dibertigarri ugari sortzen dira.

Alergiak

Alergiak, hipersentiberatasun erreakzio ere deituak, immunologia sistemak (gure organismoaren defentsek) substantzia jakin batzuekin –alergenoak– kontaktuan jartzean ematen dituen neurriz gaindiko erantzunak dira. Udaberrian gertatu ohi dira maizen; izan ere, alergeno nagusietakoak polenak dira, landareen ugalketa zelulak, eta ugari izaten dira urte sasoi horretan. Agente alergeno aipagarriak dira, orobat, inguruneko onddoak, hautsaren akaroak eta animalia batzuen epitelioak, besteak beste, txakur, katu, zaldi eta karraskarienak; era berean, elikagai edo botika batzuek eta intsektuen ziztadek –erlearenak edo liztorrarenak, esate baterako– ere eragin dezakete alergia.

Estimazioen arabera, biztanleriaren %20 inguruk du erreakzio alergikoren bat, eta, dirudienez, igotzen ari da kopuru hori. Espezialisten arabera, hurrengo 20 urteetan, europarren erdiek izango dute alergiaren bat; Espainiari dagokionez, biztanleriaren %30ek.

Alergiak oso gogaikarriak izaten dira, oro har, baina ez dira larriak. Dena dela, koadro konplexuagoak ondoriozta daitezke alergietatik, adibidez, asma.

Erreakzio alergikoen artean, erreakzio arinak eta larriak bereizten dira. Gehienek ondoez txikiren bat besterik ez dute eragiten: malko isuria edo begietako hazkura, doministiku batzuez gainera. Aitzitik, erreakzio alergiko larrienek heriotza arriskua ere ekar dezakete, baldin eta bat-bateko arnasketa ezintasuna, bihotzaren funtzionamendu okerra eta presio arterialaren jaitsiera nabarmena badakarte, shocka gerta baitaiteke halakoetan. Era horretako erreakzioei anafilaxia deritze, eta egoera jakinetan jasan ditzakete pertsona sentiberek, adibidez, elikagai jakin batzuk jan ondoren, botika jakin batzuk hartzean edo erle batek ziztatuz gero.

Alergenoa bera saihestea errazagoa da erreakzio alergikoa tratatzen saiatzea baino. Badira lanbide jakin batekin loturiko substantziek eragindako alergia batzuk (adibidez, irinak, egurrak eta abarrek eraginak); halakoetan, alergia duen pertsonak lanbidea aldatu behar izaten du. Sasoiko alergia handia izaten dutenentzat, berriz, alergeno horren eraginpean ez dagoen lurralderen batera aldatzea izan daiteke alergia saihesteko irtenbidea.

Alergenoarekiko kontaktua erabat saihesterik ez dagoen kasuetan, harekin ahalik eta kontakturik txikiena izatea gomendatzen da. Adibidez, etxeko hautsari alergia dion pertsonak akaroak dituzten etxeko altzari, alfonbra eta errezelak kendu beharko lituzke; lastaira eta burukoak babesgarri plastikoez babestu; eta hautsa eta gelak zapi heze batekin maiz garbitu.

Tratamendua:

  • Asma erasorik ez izateko, saihestu agente alergenoekiko kontaktua: saihestu polenarekiko, inguruneko onddoekiko, hautsaren akaroekiko edo animalia jakinen epitelioekiko kontaktua.
  • Ez egin intentsitate handiko ariketa polinizazio garaian, arnasketa eragotzi eta asma krisia eragin lezake eta.
  • Errinitisa izanez gero, komeni da asmari loturiko zantzuei arreta ematea (txistuak, arnasteko zailtasunak, etab.) –era horretako alergiak maiz sortzen baitu asma–, eta, zantzuren bati antzemanez gero, sendagileari galdetzea.
  • ANTIHISTAMINIKOEK histaminaren jarduna blokeatzen dute; histamina organismoak alergenoei aurre egiteko sortzen duen gai kimiko bat da. Histaminak doministikuak, mukia, begietako hazkura, azaleko hazkura eta urtikaria eragin ditzake. Erregulartasunez hartu behar dira antihistaminikoak. Logura eragin dezakete.
  • Immunoterapia: “desentsibilizazioan” edo “alergiarako txertoak hartzean” oinarritzen da, eta alergia eragiten duten gaien aurrean organismoak erreakzionatzen duen modua pixkanaka aldatzean datza, haien ondoriozko sintomarik jasan ez dezan. Botikak hartuta ere hobekuntzarik ez duten pertsonekin edo botika konbinazio garestia behar duten pertsonekin, urtean hilabete askotan sintomak dituztenekin eta sintoma horiek eragiten dizkieten faktoreak (alergenoak) saihestu ezin dituztenekin erabili ohi da, batik bat.

Gorka Moreno, Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioa

Joan den martxoaren 17an, osteguna, Mutualiak «Droga-menpekotasunak lan-munduan» izeneko mintegi teknikoa aurkeztu zuen Pakea klinikan, eta Gorka Moreno Arnedillok «Adikzioak: zer dira, zergatik gertatzen dira, nola tratatu adikzioa duen pertsona bat» izeneko hitzaldia eman zuen.

Gorka Psikologian lizentziatua da, eta gaur egun Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioaren zuzendari alboko gisa dihardu lanean. Hain justu, 1997an hasi zen erakunde honetan, nerabeekin esku-hartze programa bat abian ipintzeko egitasmoarekin. Ondoren, gizarte-gatazkak bizi dituzten gazteekin hamar urte eman ostean, Nafarroako Gizakia Helburu erakundera bueltatu zen 2009an, erakundearekin eta zuzendaritzarekin lotutako lanetara.

 

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, laneko istripuen % 15 eta 33 artean daude lotuta droga-kontsumoarekin. Zer iruditzen zaizu?

Enpresak gizartearen isla dira. Kalean % 1 edo 2 inguruk baldin badituzte droga-arazoak, probabilitate kontuak direla eta, ez litzateke batere arraroa izango erakunderen batean tankera horretako arazoak dituzten langile kopuru jakin bat edukitzea. Hainbat ikerketak erakusten dutenez, arazo honek lan-absentismoa areagotu egiten du, baita bajak, kostuak eta tankerakoak ere.

Istripuak izateko arriskua ugaritzeaz gain, lan-giroa ere zapuztu egiten da; izan ere, hainbat langilek baliteke esfortzu handiagoa egin behar izatea edo arrisku handiagoa edukitzea lantokian, droga-mendetasuna duen pertsonak produktibitate txikiagoa duelako.

Nola egiten diote aurre enpresek kasu horiei?

Normalean ezkutatu egiten dira tankera honetako kasuak enpresetan. Akatsa da hori, egoerak okerrera egingo baitu. Oso erakunde gutxitako zuzendariek ekiten diote diziplina-prozedura bati tankera honetako kasuak agertzen direnean; oro har, mendetasuna duenari laguntzeko borondatea izaten dute. Arazoa zera izaten da, batzuetan sentimendu paternalista agertzen dela: lagundu nahi bai, baina nola jakin gabe eta kanpoko laguntza eskatu gabe. Eta horrek arazoa handitu egin dezake. Tankera honetako egoerak arinago konpontzeko helburuarekin, komeni da zuzendaritzak eta langileek elkarrekin adostutako ekintza-plan bat edukitzea, tratamendu-programak eskura ipinita.

Zer egin behar da prebenitzeko?

Kontua ez da droga-menpekotasunak saihestea, droga-kontsumoa saihestea baizik. Drogaren batekin arazoak izateak ez du zertan esan nahi droga-menpekotasuna daukagunik; droga-abusua hainbat testuingurutan oso arriskutsua izan liteke. Inguru horietako bat lan-mundua da; ez da gauza bera lanaren ostean garagardo bat hartzea, edota aldamio batera igo aurretik hartzea. Prebentzioak sentsibilizazio-lana egin behar du: laneko ordutegian arriskua sor dezaketen drogak behar ez bezala erabiltzea ekiditeko. Gaur egun, lantokian drogak eskura ez izateko ere lan egiten da; esate baterako, edari-makinetan alkoholdun edariak ez saltzea.

Nola egiten du lan Gizakia Helburuk kasu horietan?

Enpresak animatzen eta aholkatzen ditugu barne-hitzarmenak ezar ditzaten inplikatutako eragile guztiekin, hala nola zuzendaritzarekin edota giza baliabideetako, zerbitzu medikoetako, laneko arriskuen prebentzioko eta langileen ordezkaritzako kideekin. Beti hiru irizpide nagusi hartuko dira ardatz gisa: inplikatutako pertsonen konfidentzialtasuna, tratamendua nork bere borondatez hartzea eta lanpostua gordetzeko bermeak edukitzea. Finean, droga-menpekotasuna beste osasun-arazo bat izango balitz bezala hartu behar da kontuan. Hortik aurrera, enpresek laguntzak eman ditzakete tratamendua eskuratzeko eta harekin jarraitzeko, eta menpekotasuna duten pertsonek konpromisoa har dezakete tratamendu horiek modu egokian jarraitzeko. Emaitza onuragarria da alde guztientzat. Gure kasuan, gainera, lankidetza ezarrita daukagu enpresekin menpekotasuna daukaten langileok tratamenduari berehala eta modu intentsiboan heltzeko, bi modalitatetako edozeinetan: anbulatorioa eta egoiliarra.

Gizakia Helburuk erakunde bakar gisa funtzionatzen du Estatu osoan?

Probintzia gehienek beren zentroak dauzkate, erakunde independenteek sustatuta; haietatik gehienak Estatuko Proyecto Hombre Elkarteko kide dira.  Gipuzkoan, Izan Fundazioak sustatzen du Gizakia Helburu. Erakunde horrek errekonozimendu handia du, eta 30 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan droga-menpekotasuna daukaten pertsonen alde lanean.

SILCON ziurtagiriaren desagerpena

Irailaren 16ko 15/2014 Legeak, Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzkoak (irailaren 17ko BOE), aitorpen ofiziala duten ziurtagiriak baino ez onartzeko betebeharra ezartzen du 24. artikuluan: «Herri-administrazioek Espainian kokatutako “Ziurtapenerako zerbitzu-emaileen konfiantzazko zerrenda” (TSL) delakoan jasotako ziurtagiri aitortu guztiak onartu beharko dituzte; zerrenda hori Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren egoitza elektronikoan argitaratu da».

Era berean, zortzigarren xedapen gehigarrian trantsizio-aldi bat ezartzen du:

Bi urteko epe iragankorrean, lege hau indarrean jartzean Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden ziurtagiriak erabiltzen jarraitzeko aukera egongo da (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileen zein zerbitzu komunen prozeduretan eta zerbitzuetan aitortzen ez diren ziurtagiriak), eta, aipatutako epe horretan, ez zaie aplikatzekoa izango ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 13.2 artikuluan konfiantzazko zerbitzuen zerrendan jasotako ziurtagiri aitortuei buruz xedatutakoa.

Gaur egun, RED sistema erabiltzeko (RED Internet / RED Directo / SLD) beharrezkoa da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak baimena ematea, eta zerbitzura sartzeko ezinbestekoa da SILCON ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izatea. Horrek bermatzen du komunikaziorako sare irekien bitartez herritarren, enpresen edo beste erakunde publiko batzuen artean egiten diren komunikazioen konfidentzialtasuna, horrela informazioa herritarrak bakarrik ikusiko duela bermatuz eta ordezteak saihestuz.

Hala ere, kudeaketa telematikoan aurrera egiteko erabiltzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzuen erabilera indartzeko helburuarekin, SILCON ziurtagiria 2016ko irailetik aurrera desagertzea aurreikusi da (15/2014 Legearen 8. xedapen gehigarriak aitorpenik ez duten ziurtagirientzat ezartzen duen trantsizio-aldia amaitzen denean, hain zuzen ere), ziurtagiri hori ez baitago ziurtapenerako zerbitzu-emaileen zerrendan. Horretarako bada beste arrazoi bat ere, hain zuzen, Administrazioekiko harremanetan erabiltzen diren ziurtagiri guztiak sinplifikatzeko asmoa.

Ondorioz, une horretatik aurrera, RED sisteman, Red Directon eta egoitza elektronikoan eskuragarri dauden beste zerbitzuetan sartzeko (tartean, NOTES zerbitzuan), baimenduek ezin izango dute SILCON ziurtagiria erabili. Horren ordez, ziurtapen-agintaritzek emandako ziurtagiri digitaletako bat erabili beharko dute beren burua identifikatzeko (Gizarte Segurantzaren webgunean daude horiek).

Horregatik, SILCON erabiltzen dutenei gomendatzen diegu ahalik eta azkarren egin ditzatela egin beharreko aldaketak, azken orduko arazoak saiheste aldera.

Arrazoi hori dela medio, eta SILCON ziurtagiria poliki-poliki ordezkatzen joateko, SILTRA eta WINSUITE programen bertsio berriak garatuko dira laster, aitorpen ofiziala duen edozein ziurtagiri digitalekin egiaztatzeko aukerarekin. Behar bezalako aurrerapenarekin emango zaizue horien berri.

 

Osasunaren Mundu Eguna 2016: Zer da diabetesa?

Espainian 5 milioi pertsonatik gora dira diabetesa pairatzen dutenak

Diabetesa metabolismo-nahasmendua da. Odoleko glukosa-maila (azukrea) behar denetik gora igotzea sortzen du. Egoera hori, pankreasak intsulina gutxi sortzen duelako da, eta intsulina da odoleko azukrearen maila kontrolatzen duena. Intsulina gutxiegi dagoela eta, zelulek ezin dute glukosa xurgatu, eta odol-ibilian gehiegizko kantitatea gelditzen da (hipergluzemia).

Diabetesaren ondorio dira osasun-arazo larriak. Adibidez: kardiobaskularrak, begikoak, giltzurrunekoak, nerbioetakoak eta azalekoak. Tratamendu egokia jarraituz gero, eta bizitza osasuntsua edukita aurreko arazoak prebenitu daitezke edo agerrera atzeratu daiteke.

Diabetes-motak

Batez ere, bi diabetes mota bereizi daitezke:

Mota 1: haurtzaroan edo gaztaroan agertzen da, batez ere. Dena den, heldu eta zaharretan ere aurkitu daiteke. Ez dakigu zein den patologiaren jatorria; ez dakigu zergatik sortzen den erreakzio autoimmunea eta gorputzeko defentsek pankreaseko zelulak (intsulina sortzen dutenak) erasotzen dituzten. Diabetes-mota hau duten gaixoek, bizi ahal izateko, egunero jaso behar dute intsulina. Ez dira zehatz ezagutzen gaixotasuna sortzen duten arrisku-faktoreak, baina badakigu genetikak, sistema-immunologiak eta ingurugiroak pisu handia izan dezaketela bere garapenean.

Mota 2: kasu honetan, gorputzak intsulina kantitate desegokia sortzen du edo ez du bere funtzioa era egokian egiten. Diabetes kasuen %80 baina gehiago mota honetakoak dira, eta askotan pazienteak intsulina-tratamendua behar izaten du, aurreko motan gertatzen de moduan. Helduetan ematen da normalean, askotan loditasuna edo hipertentsioa izaten dutenetan; sintomarik ez dagoelako diagnostikoa egiteko zailtasunak egoten dira. Geroz eta gazte gehiago dago diabetes mota 2 daukatenak. Trastornoa azaltzen eragina izan dezaketen faktoreak: adina, elikadura txarra, jarduera fisiko eza edo familiaren aurrekariak. Haurdunaldiko diabetesa izan zutenentzat arrisku-faktore gehigarria izan daiteke.

Gaixotasunaren sintomak

Diabetes-motaren arabera sintomak desberdinak izango dira. Dena den, eta orokorrean, bi sintoma mota izango ditugu:

Mota 1: gaixoa nekatuta sentituko da, eta denbora guztian izango du gernu egiteko gogoa, gose handia eta egarria. Pisua ere galdu dezake aurrekoa dela eta.

Glukosa-maila oso altua denean, arnasketa-erritmoan eragina izan dezake, goragalea eta oka ager daitezke, estomakako mina eta abar. Kontrakoa ere gertatu daiteke:  intsulina-tratamenduaren ondorio odolean dagoen azukrea baxuegia izatea. Horrela ondoregoa sintomak izango ditugu: dardara, ahultasuna,  pilpirak, izerdia eta gosea.

Diabetes mota 2 duten pertsonak sintomarik gabe egon daitezke lehenengo hilabeteetan, baita urteetan ere. Gaixotasuna zein den jakin ahal izateko odol-analisiaren bitartez egin daiteke. Dena den, gaixo batzuk kontuan hartu beharko diren ondorengo sintomak izan ditzakete: ikusmen lausoa, erekzioaren disfuntzioa, eta oin eta eskuen gogordura.

 

Diabetesa baldin badut, zer egin dezaket nire osasun hobetze aldera?

  1. Kirola egin: konplikazioak izateko arriskua gutxitzen du, gure ongizate metala ekartzen du eta abar.
  2. Elikadura orekatua: askotarikoa, zuntzetan eta proteinetan aberatsa, gantzak alde batera utzi.
  3. Saihestu azukre finduen ohiko kontsumoa.
  4. Alkohola neurrian kontsumitu.
  5. Ezagutu ezazu zein den jarraitu beharreko tratamendu farmakologikoa, eta zorroztasunez bete.
  6. Egin jatorduen ordutegi zehatza, egunero jarraitzeko modukoa.
  7. Zaindu zure pisua, lodi bazaude batez ere.
  8. Kontrolatu zure osasuna, eta, aldian-aldian, egin osasun azterketak.
  9. Egin odoleko glukosa-maila jakiteko analisiak zeure buruari, eta, behar izanez gero, zuzendu zure dieta, jarduera fisikoa edota intsulina-dosia.

Sare sozialak eta sentimenduak: ikuskera desberdin bat

Berriki Mutualia sare sozialetara iritsi da, eta sareetan agertzen diren sentimenduen arloko bestelako bertsio bat aukera ona izan daiteke horiek nola funtzionatzen duten ezagutzeko. Horretarako Jonathan Ortigosa Hernández elkarrizketatu dugu. Jonathan informatika-ingeniaria da eta gaur egun «Data Scientist» gisa egiten du lan Loire Gestamp enpresan, EHUko Informatika Fakultateko «Intelligent Systems» taldean doktore-tesia prestatzen aritzeaz gain, ikaskuntza automatikoari eta hizkera naturalaren prozesamenduari buruz. Bere denboraren zati handi bat eskaini dio sare sozialetan agertzen diren sentimenduen arloko ikerketari, eta gaia gero eta garrantzi handiagoa bereganatzen ari da sarean beraiei buruz esaten dena ezagutu nahi duten erakundeen artean.

Nola neurtzen da sare sozialen bitartezko mezu bateko sentimendu baten balioa?

Ordenagailua ez da gai testua ulertzeko, eta, hortaz, mezuetako sentimendua neurtzeko algoritmoak eta formula estatistikoak erabiltzen ditugu, gure jarraipenean gako-hitzei (positiboak, negatiboak nahiz neutroak), «atsegin dut» delakoei eta abarri arreta emanik. Sare motaren arabera errazagoa ala zailagoa izango da neurketa hori. Adibidez, foro batean beti izango da askoz errazagoa. Twitterren kasuan, baina, 140 karaktere baino gehiago idazteko ezintasunak asko mugatzen gaitu, eta hainbat aldiz pentsatu behar dugu esan behar duguna, motz geratzeko arriskuarekin gainera.

Eta ironia?

Egoera batzuetan ez da hain zaila. Produktu bati buruz modu positiboan jarduten den iruzkin bat ikusten badugu eta gero 5 izarretik 1eko puntuazioa ematen badio, zerbait bat ez datorrela hautematen dugu. Era berean, kontuan eduki behar da askotan pertsonak beraiek ez direla gai ironia ulertzeko, zaila baita. Hitz-zerrendez gain, adierazpen erregularrekin ere egiten dugu lan, esaterako «nik fruta atsegin dut» esaldiaren moduko osaerarekin: subjektua (nik), objektua (fruta) eta aditza (atsegin dut). Horren guztiaren funtsa hizkuntza zenbakietara ahalik eta gehien itzultzea da, ordenagailua hura ulertzeko gai izan dadin.

 Kontratatzen zaituzten enpresek zer eskatu ohi dute?

Sarritan ezagutu nahi dutena da zer nolako emozioak diren nagusi sarean haien inguruan diharduten mezuetan. Kasu horietan portzentajeekin egiten dut lan, eta argitalpen horiek sailkatu egiten ditut adierazten dituzten emozioen arabera.

Une honetan ari zara sare sozialei eta sentimenduei lotutako proiekturen batean?

Bai, aisialdian ikerketa bat egiten ari naiz lankide batekin batera, erabiltzaileek telefono mugikorrentzako aplikazioei buruz argitaratzen dituzten iruzkinen inguruan. Zer mezu mota diren aztertzen ari gara, produktuaz kexu badiren, hobekuntza jakinak eskatzen badituzten, e.a. Gure asmoa da etorkizunean enpresek informazio hori eskuratu ahal izatea, zer alderdi indartu behar dituzten ezagutze aldera. Egungo joera da produktu edo zerbitzu bati buruzko iritzia argitaratzea izugarri gustuko izan badugu edo gure aurreikuspenak betetzetik urrun geratu bada.

 

Sare sozialek enpresa-mailan zer garrantzi dutela uste duzu?

Erabiltzaileekin etengabeko harremanetan egoteko modurik onena da, izan ere, lehen ez zen hain erraza zure iritzia inguru hurbiletik kanpo partekatzea. Orain Interneten argitaratu duenaren esperientzia osoa ikus dezakezu, ona izan nahiz txarra izan. Erakunde askok sare sozialetan beraiei buruz esaten denaren ondorioak ateratzea bilatzen dute, datu kuantifikatiboen beharrean. Kritikatzea oso modan dago: mezu gehienek alderdi negatiboak nabarmentzeko joera dute, eta anonimotasunak lagundu egiten du kritikak ugari izaten.  Konpainientzat dirua da hori, izan ere, orain jende guztiak haien produktuei buruzko iritzia ematen du, eta esperientzia horietan oinarrituta norabidea alda dezaketen erabakiak har daitezke.

 

Nondik atera zenuen sare sozialak eta sentimenduak lotzeko ekimena?

Enpresa bat harremanetan jarri zen nirekin Interneten hari buruz hitz egiten zenaren jarraipena gauzatzeko, eta, horren ondoren sarean argitaratutako mezuetako sentimenduak aztertzea ideia ona izan zitekeela pentsatzen hasi nintzen. Gero Maluuban egin nuen lan, hizkera naturalaren prozesamenduan eta ikaskuntza automatikoak espezializatutako Kanadako enpresa batean, eta haren proiektu nagusia Siriren moduko laguntzaile birtual bat garatzea izan zen. Bertan mezuen asmoa hautematen egin behar izan nuen lan, ordenagailuak haiek antzeman zitzala saiatzen.

Campaña bonus 2016

Datorren 2016ko apirilaren 1ean, 2016ko kanpainari dagozkion Bonus pizgarriak eskatzeko epea hasiko da. Jarraian gogoraraziko dugu zer egoeratan dauden ordura arte gauzatutako kanpaina guztiak.

Arauetan aldaketarik izan da?

Ez. Duela urtebete inguru aurreratu genizkizuen Bonus Sisteman egiteko asmoa zegoen araudi-aldaketa posibleak, pizgarri horren eskaera-, aintzatespen- eta ordainketa-prozesua arintzeko eta sinpletzeko xedez. Aldaketa horiek 2016ko kanpaina honetan indarrean jarriko zirela aurreikusi zen, baina badirudi azkenean beste urte bat itxaron beharko dugula, izan ere, Estatu Kontseiluak 2016ko otsailaren 4an jorratu zuen gai hori eta kontrako txosten bat igorri du gaur egun pizgarri-sistema hori arautzen duen Errege Dekretua aldatzeko proiektuari dagokionez.

 

Ezbehar-indizeen mugako balioei dagokienez, enpresak ezin ditu horiek gainditu pizgarria eskuratzeko, eta 2016ko Kotizazio Aginduak ez duenez aldaketarik ekarri, balio horiek 2015eko kanpainako berberak izaten jarraitzen dute.

 

Zein da ebatzitako azken kanpaina?

Bonus Pizgarriaren Sistemaren konplexutasunak eta aurkeztutako eskaerak ebazteko luzatzeak zalantza ugari sortzen dute enpresetan ebatzitako azken kanpaina zein den edo ordaintzeke dauden kanpainak noiz ordainduko diren jakiteari dagokionez; hortaz, jarraian saiatuko gara zer egoeratan gauden argitzen.

 

2015eko abenduan, Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Orokorrak (GSAZO) 2014ko kanpaina ebatzi du, hau da, 2013, 2013-2012, 2013-2011 eta 2013-2010 behaketa-aldiei dagozkien kanpaina.

Azken kanpaina horretan Mutualiarekin elkartutako 120 enpresari onartu zaio pizgarrirako eskubidea, 1.309.067 euroan. Horrek 10.909 euroko batez besteko pizgarria ematen du enpresa bakoitzeko, eta % 7,16ko berreskurapena aipatutako behaketa-aldian enpresek ordaindutako Gertakuzun Profesionalen kuotei dagokienez (% 5 gutxienez eta % 10 gehienez, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko inbertsioen mugarekin).

Bestalde, 2016ko otsailean GSAZOk jakinarazi du 8 enpresarentzako kontrako Ezarpen bat igorriko duela 2014ko kanpainako Bonusa eskuratzeko baldintzak betetzen zituztela ez egiaztatzeagatik, eta haietatik 4k baino ez dute entzunaldi-izapide bidezko alegaziorik aurkeztu. Hortaz, aurreikus daiteke GSAZOk ez dituela gutxi gorabehera uda erdialdera arte ebatziko, aurreko ekitaldietako esperientziak oinarritzat hartuta.

 

Gainerako kanpainei dagokienez, ondoko laburpen-taulan argitu da egoera:

Kanpaina

2010

2011

2012

2013

2014

2015*

Behaketa-aldia

2009

2010
2009-2010

2011
2010-2011
2009-2011

2012
2011-2012
2010-2012
2009-2012

2013
2012-2013
2011-2013
2010-2013

2014
2013-2014
2012-2014
2011-2014

Egoera

Amaituta

Amaituta

Ebatzi bidean
Ebatzi gabe Gorako errekurtsoen
ebazpena

Ebatzi bidean
Ebatzi gabe Gorako errekurtsoen
ebazpena

Ebatzi bidean
Ebatzi gabe Entzunaldi-izapidearen ebazpena

Ebatzi gabe.

Aurreikusia

2016ko abenduan

Pizgarri aitortua

759.815 €

1.194.029 €

1.273.175 €

1.129.984 €

1.309.067 €

Zain dagoen pizgarri zenbatetsia

90.581 €

302.888 €

132.114 €

1.900.000 €

Pizgarrien % / Onartutako GPengatiko kuotak

4,92%

7,73%

7,78%

7,56%

7,16%

8,72%

Aldeko eskaerak

164

96

103

122

120

143

Kontrako eskaerak

21

7

9

11

4

0

*Gutxi gorabeherako datuak

 

Bonus kanpaina 2016

2016ko apirilaren 1etik maiatzaren 15era 2016ko kanpainako eskaerak aurkezteko epea zabalduko da, hau da, 2015, 2014-2015, 2013-2015 eta 2012-2015 behaketa-aldiei dagozkien eskaerak.

Bonus Sistema ezarri zenetik aurreko kanpainetan gertatu den bezala, pentsatzekoa da eskaerak aurkezteko epea 2016ko ekinaren 30a arte luzatuko dela. Kasu horretan Mutualiaren webgunearen eta hedabide honen bidez jakinaraziko dizuegu.

 

Eskatu beharreko behaketa-aldiari dagokionez, zure enpresak 5.000 euroko gertakizun profesionalengatiko kotizazio-bolumena gainditu behar du 4 urteko epean gehienez, 2012 eta 2015 bitartean, kontuan hartuta urte horiek ez direla aurreko behaketa-aldi batekoak –alegia, aurretik pizgarrira jotzeko aukera eman duenekoak–.

Era berean, gutxienez 250 euro kotizatzen duten eta 2012 eta 2015 bitarteko behaketa-aldian (kotizazioen batuketa) 5.000 euro gainditzen ez dituzten enpresa «txikiek» ere pizgarria eska dezakete, betiere, urte horiek ez badira aurreko eskaera bateko zati.

 

Gogora ekarri nahi dizuegu www.mutualia.es helbidean lor dezakezuela Bonus pizgarriari buruzko informazio gehiago, baita on-line egin ere pizgarriaren eskaera.

Jakin nahi baduzue zuen enpresak pizgarria eskatu ahal izateko gertakizun profesionalengatiko kuota-bolumena lortu duen, zer behaketa aldi eskatu behar duzuen, edota zuen ezbehar-indizeek aldi horretarako muga-balioak gainditzen dituzten, nahiz Bonus pizgarriari loturiko bestelako edozein informazio lortzeko, zuen ohiko kudeatzailearekin harremanetan jar zaitezkete Mutualiaren Kudeaketa Sailean.

 

Lan Ikuskaritzaren jarduketa.

Bonus Pizgarriaren Sistemaren ezarpena arautzen duen 404/2010 Errege Dekretuaren 10. artikuluak zehazten du GSAZOk Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzaren (GSLI) esku jarriko duela enpresek egiaztatzeko eta dagozkion xedeetarako emandako informazioa. GSLIk eskabidean jasotako datuak egiazkoak ez direla hautematekotan, jasotako pizgarria itzuli behar izango da eta hura eskuratzeko aukera galduko da azken behaketa-aldiari dagokion denbora tarterako, bestelako administrazio-erantzukizun posible batzuez gain, hala badagokio.