PREPARA planaren luzapena argitaratu da BOEn

Honi atxikita, Estatuko Aldizkari Ofiziala eskaintzen dizuegu, zeinean langabeziagatiko babesa agortzen duten pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko PREPARA programaren indarraldia 2017ko otsailaren 15era arte luzatuko dela argitaratu baita. Orain arte, 11 aldiz luzatu da.

Programa honen helburua iraupen luzeko langabeen edo familia-zamak dituzten langabeen enplegagarritasuna hobetzea da. Ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa edo sorospenen bat agortzen duten pertsonei zuzenduta dago. Haientzat, Enplegu Zerbitzu Publikoek onuradun bakoitzaren ezaugarrien araberako laneratze-ibilbide pertsonalizatuak egiten dituzte, 6 hilabeterako.

Gainera, laguntza ekonomiko osagarri bat ere kontuan hartzen da, hilean 400 eurokoa. Programa aldatu zenetik, 2012ko abuztuan, kopuru hori 450 eurokoa da familia-zama duten onuradunentzat.

PREPARA jasotzen duten pertsonek honako honetarako eskubideak dituzte:

  • Banakako laneratze-ibilbide pertsonalizatua egitea, enplegagarritasunaren diagnostikoa eta berau hobetzera bideratutako enplegu-politika aktiboko neurriak barne hartuko dituena.
  • Lanpostu berrietara sartu ahal izateko beharrezkoak diren laneratzea eta/edo lanbide-prestakuntza eguneratzera bideratutako enplegu-politika aktiboko neurrietan parte hartzea; batez ere, enplegu egonkorra lortzeko gaitasun profesional beharrezkoenak eskuratzera zuzendutakoetan.
  • Hileko eragin askotarako errenta-adierazle publikoaren (IPREM) % 75eko laguntza ekonomiko osagarria jasotzea, gehienez sei hilabetez.

Horrekin, helburu bikoitza betetzen da:

  • Benetako beharrizan-egoera bat arintzea
  • Pertsona onuradunek enplegua berreskuratzea.

PREPARA Plana 646.790 pertsonarentzat izan da onuragarria 2011ko abendutik.

77.565 langabe baino gehiagok atera dio onura familia-zama dutenentzat 400 eurotik 450 eurorako igoerari (2012an onartua).

PREPARA 2012ko abuztuan aldatu zen, ordura arte indarrean egon zen programa ebaluatu ondoren. Ebaluazio horrek muga batzuk agerian jarri zituen. Muga horiek haren eraginkortasuna indartzea eta laguntzak beharrizan handieneko egoerekin ahalik eta gehien lotzea eskatzen zuten.

Hori dela eta, 2012ko abuztuko programa-aldaketa, onuradunentzako enplegu-zerbitzu pertsonalizatuak indartzeaz gain, laguntzak lan-merkatura itzultzeko zailtasun handien duten horietan ardazteko aukera ematen ari da.

PREPARAk, automatikoki, 6 hilero luzatzen jarraituko du, langabezia % 18ra jaisten den arte. Hala onartu zuen Gobernuak joan den apirilean, Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak bermatutako erabaki batean.

PREPARA ONURADUNAK 2011KO ABENDUTIK 2016KO UZTAILERA

AUTONOMIA ERKIDEGOA

ONURADUNAK

ANDALUZIA

160.757

ARAGOI

13.735

ASTURIAS

12.192

KATALUNIA

80.636

CEUTA

2.349

GAZTELA ETA LEON

29.017

GAZTELA MANTXA

44.049

VALENTZIAKO ERKIDEGOA

78.227

EXTREMADURA

24.755

GALIZIA

34.310

BALEAR UHARTEAK

8.590

KANARIAR UHARTEAK

47.320

ERRIOXA

3.378

MADRIL

53.732

MELILLA

1.384

MURTZIA

27.062

NAFARROA

5.952

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA

12.162

KANTABRIA

7.183

ORO HAR GUZTIRA

646.790

 

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren izapide-ereduaren, bisita-liburua ordezten duenaren, erregulazioa. 2016-9-12ko BOE

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza

 

2015eko uztailaren 10eko Ministroen Kontseiluaren Erabakiaren arabera, 2017az geroztik ez da nahitaezkoa izango bisita-liburu elektronikoa. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako Sistema Arautzen duen uztailaren 21eko 23/2015 legearen 21.6 artikuluaren arabera, lan-zentroetako bisitetan egiten dituzten jardueren edo ikuskatutako subjektua bulego publikoetara joanda egindako egiaztapenen idatzizko izapideak egingo dituzte funtzionarioek. Hala, kendu egingo dira bisita-liburuak; izan ere, aipatu artikuluak zehazten duenez, interesdunek ez dute izapide horiek egiteko liburu edo formulariorik eskuratu edo izapidetu beharrik izango.

 

Agindu horrek onartzen du aipatu izapidearen eredua, eta horren edukia 2. artikuluan arautzen da. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, lan-ikuskariordeek edo enpresetako segurtasuna eta osasuna egiaztatzeko funtzioak garatzeko berariazko gaitasuna (LAPL) duten Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz autonomia-erkidegoetako funtzionario publikoek egingo dute izapidea, eta zuzenbidean onartutako edozer bitartekoren bidez igorri ahalko zaio ikuskatutako subjektuari, edo, bestela, ikuskaritza egiten duen funtzionarioa artatu duen pertsonari eman.

 

Enpresari eman edo igorritako izapide-ale bakoitza gorde eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren esku jarri beharko da bost urtez, bakoitza eman den egunetik kontatzen hasita. Agindua indarrean jarri aurretik egindako bisita-liburuak eta izapide-ereduak ere gorde eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren esku jarri beharko da bost urtez, egindako azken izapidearen egunetik kontatzen hasita.

Prebentzio-hezkuntza Mutualiaren campus birtualaren bidez.

Ezagutzen al duzu Mutualiaren campus birtuala?

Campus birtuala laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako hainbat gairi buruzko hezkuntza-jarduerak egiteko plataforma bat da. Guztiak ere kostu osagarrik gabe.

Helburua laneko arriskuen prebentzioari buruzko ezagutzak eta sentsibilizazioa zabaltzea da. Horretarako, enpresa kidetuetako langileei eta autonomoei jarduerak egiteko aukera eman nahi zaie. Lana errazteko, ez dute aurrez aurreko saioetara joan beharko, online gauzatu baititzakete. Zalantzak sortzen bazaizkie, gainera, tutore batek argituko dizkie.

 

Zer hezkuntza-jarduera aurki ditzaket campus birtualean?

Campusak askotariko jarduerez osatutako katalogo bat eskaintzen du, zure beharretara ondoen egokitzen dena hauta dezazun. Oro har, oinarrizko ikastaroak (ostalaritzarako, bulegoetarako, ile-apaindegietarako, eta abarrerako), prebentzioaren kudeaketarekin lotutakoak (jardueren koordinazioa, istripuen ikerketa, etab.) edo arrisku zehatzei buruzko ikastaroak aurki daitezke. Azken horien artean daukagu, adibidez, arrisku psikosozialei buruzkoa.

 

Nola sar naiteke campus birtualera?

 

Oso erraza da: gure webguneko prebentzioaren sailean sartu besterik ez duzu egin behar.  Campusari eta sartzeko moduari buruzko informazioa aurkituko duzu. Begiratu eskaintzen ditugun jarduerak, hautatu zuretzat interesgarrienak direnak eta eman izena.

 

Anima zaitez!

Osasunean irabaziz

Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak (LSHIN) infografia eta bideo batzuk eman ditu argitara bizitza osasuntsuari dagozkion ohiturak sustatzeko.

Azken urteotan, laneko osasunaren ikuspegi orokorrago bat joan da zabalduz; ondorio batera iritsi da: ez da posible edo oso zaila da lanean bizitza osasuntsu bat izatea, esparru horretatik kanpora izan gabe, eta alderantziz.  Hori dela eta, gero eta enpresa eta instituzio gehiago ari da haien langileek osasuna eta ongizatea sustatzera bideratutako denetariko jarduerak egiten.  Zeregin horretan laguntzeko, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak haien eskura uzten du hainbat infografia eta bideo dibulgatzaile elikadura osasungarriari buruz, laneko jarrera desegokiei buruz, loaren higieneari eta egoneko bizitzari buruz.

Hurrengo estekan dituzu eskura material horiek.

Langileen osasuna eta ongizatea sustatzeko erabilgarri izatea espero dugu.

Jarri balazta in itinere eta misioan gertatzen diren istripuei

Mutualiak eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ahaleginak batu ditugu enpresei mota horretako istripuak prebenitzen lagunduko dien trebakuntza eskaintzeko; izan ere, mota horretako istripuak, ekitaldiz ekitaldi, portzentaje handi bat dira laneko ezbehar-tasen baitan.

Azken hamarkadan trafiko-istripuak gutxituz joan badira ere, azken bi urteetan beheranzko dinamika hori aldatu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Hemen, istripu-kopurua igo egin da nabarmen, bai lan-istripuetan, bai lan-istripu ez direnetan; bi kasu horietan, % 7 baino gehiago egin du gora istripu-kopuruak 2015ean, 2014arekin konparatuta.   

Igoera hori dela eta, Mutualiak eta Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak, bere bide-segurtasun eta mugikortasun seguru eta jasangarrirako Plan Estrategikoan, bideko laneko arriskuen prebentzioa sustatzea erabaki dute, hildakoen eta lesionatuen kopurua murriztu eta in itinere eta misioan gertatzen diren istripuak gutxitzeko metodologia gisa.

Istripu gehienak gehiegizko abiadurak eta arreta-galtzeek sorrarazi ohi dituzte, eta horiek guztiak pertsonari eta mugikortasun seguruarekiko bere sentsibilizazioari lotutako kausak dira. Programaren helburua enpresa bakoitzeko hezitzaileak prestatzea da, enpresa barruan ahalik eta sentsibilizazio eta hedapenik handiena egiten saiatzeko.

Programak 20 ordu irauten du eta honela egituraturik dago:

  • AURREZ AURREKO FASEA:

Aurrez aurreko bi saio, hasierakoa eta bukaerakoa, 5 ordukoa bakoitza. Saio horietan, parte-hartzailearen sentsibilizazioa landuko da, esperimentazioaren, ariketa analogikoen, rol-playing-aren eta banakako ariketen bitartez.

  • FASE BIRTUALA:

Aplikazio interaktiboak ikusiz; iruzkinak, zalantzak eta iritziak foroetan partekatuz; bideoak ikusiz; ariketak eginez; testuak irakurriz eta abar.

 

Aurrez aurreko saioak Bilboko gure instalazioetan izango dira, urriaren 13an eta azaroaren 3an, 9:00etatik 14:00etara.

Fase birtuala aurrez aurreko bi saio horien bitartean egingo da, ordutegi librean.

Programa

Izena emateko fitxa

Berdintasuna Mutualian

Joan da uda eta buru-belarri ari gara lanean BERDINTASUNA, ANIZTASUNA eta KONTZILIAZIOAREN esparruan erritmoari eusteko jardueretan parte hartuz.

  • Irailaren 19an, LIDERA proiektua aurkeztu zuen Bilbon BIZKAIKO EMAKUMEZKO ENPRESARI eta ZUZENDARIEN ELKARTEAK (AED).

 

Cristina Mendia MUTUALIAko Berdintasun zuzendaria Lidera proiektuaren aurkezpenean izan zen. Ekimen horren helburua Bizkaiko emakumezko enpresari eta zuzendarien hobekuntza eta lidergoaren posizionamendua lortzeko lan-prozesua ikusarazi eta sustatzea da, emakumeengan ardaztutako planteamendu baten bidez.

 

Carolina Pérez Toledo AEDko zuzendariak ongi etorria eman zien bertaratutakoei eta segidan Begoña Murguialday Martínez proiektuko zuzendariak LIDERA aurkeztu zuen. Ondoren, hainbat sektore profesionaleko emakumezko lau zuzendarik hitz egin zuten, lidergoaren eta lehiakortasunaren inguruko beren esperientzia eta hausnarketak azalduz.

Bertan izan ziren Rosa García, SIEMENSeko zuzendaria; Begoña Marañón, SER irratiaren Euskadiko zuzendaria eta Radio Bilbao irratiaren zuzendaria; eta Mercedes Aguirre, ikertzailea, biologiako doktorea eta NUA BIOLOGICAL INNOVATIONS SL enpresaren zuzendaria. Moderatzaile-lanetan Ana Armesto izan zen. Abokatua, arbitroa eta enpresa-bitartekaritzako aditua da Armesto, bai eta gatazkak konpontzeko sistema alternatiboen (ADR) dibulgatzailea eta babeslea ere.

  • DenBBora Sareak, MUTUALIAk eta beste erakunde batzuek osatzen duten enpresa-sareak, bere jarduerei ekin die berriz uda amaituta.

 

Irailaren 20an, ARTEZ, EROSKI, MUTUALIA, TORREZURI, VIRTUAL WARE eta ZUBIETXE enpresek osatzen duten talde eragilea bildu zen, 2016ko lan-planaren jarraipenari berriz heltzeko eta datorren urriaren 21ean ospatzekoa den Sarearen Bilkura Orokorraren programa zehazteko.

Jarduera bezala, Sareko lau enpresak KUDEAKETA AURRERATUAREN EUROPAKO ASTEAN parte hartzea proposatu zen, «LEHIAKORTASUNerako BALIOAK eta KUDEAKETA AURRERATUA» lelopean. Jardunaldi hori datorren azaroaren 9an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian.

 

  • MUTUALIA familia-erantzukizuneko enpresa (FEE) da

 

Irailaren 27an, Másfamilia fundazioak FEE enpresen XXXII. foroa egin zuen. Gaia KONPROMISOA eta KONTZILIAZIOA izan zen, eta Másfamilia fundazioko zuzendari Roberto Martínezek eman zituen azalpenak.

MUTUALIA, EFR ziurtagiria duen enpresa denez, Madrilen izan zen REALE SEGUROS enpresaren egoitzan egin zen foroan, gainerako enpresekin batera, kontziliazioaren kudeaketan aurrera egiteko esperientzia eta hausnarketak partekatuz.

Karatea:

Euskal karateak –2.500 federatu– maila handiko kirolariak ditu eta oso emaitza onak lortzen dituzte abantaila fisiko ugari eskaintzen dituen diziplina horretan

Euskal Herrian asko praktikatzen da karate modalitatea, urtero kategoria guztietako hainbat txapelketa egiten dira eta goraka doazen kirolariak ditu. Japonian sortutako borroka-artea da karatea, eta norbere defentsa du helburu. Hainbat faktore bateratzen ditu diziplina honek: hala nola, oreka, indarra, arnasketa, giharrak eta gorputz-adarrak. Munduko borroka-arterik ezagunenetako bat da, eta edozein adinatako jendeak egin dezake, praktikatzeko intentsitate maila asko baitaude. Diziplina honek abantaila ugari eskaintzen ditu, norbere buruarekiko eta besteekiko errespetuaren inguruko arauak dituelako bereizgarri, eta kidea lesionatzea ekiditen saiatzen direlako uneoro. Arau horiek guztiek, bai eta ariketa fisikoak ere, karatea praktikatzen duten pertsonen autokontrola areagotzen dute. Halaber, karateak odolaren zirkulazioa hobetzen du. Alde batetik, urteek aurrera egin ahala odol-hodien malgutasun naturala gutxitu egiten da, baina karatea praktikatuz gero sintoma hori atzeratu egiten da: bihotza sendotu eta odol-bolumen handiagoak ponpatzeko gai izan dadin lortzen du. Koordinazioa ere areagotu egiten da, karatean hankak eta besoak erabiltzen direlako. Gorputz-adarren eta garunaren arteko koordinazioa ere askoz handiagoa da. Karatea praktikatuz mugimendu guztiak harmonizatzea lortzen da. Malgutasunean ere badu eraginik; izan ere, karatean egiten diren mugimendu eta luzapenek gorputzeko artikulazioak malguagoak izatea eragiten du. Hanketako giharrek elastikotasun handiagoa lortzen dute eta artikulazioen mugimendu maila dezente handiagoa da. Gainera, bizkar, beso eta hanketako giharrak indartu egiten dira, eta giharren pisua handitu egiten da. Bestalde, Euskal Kirol Federazioen Batasuna-Unión de Federaciones Deportivas Vascasen atalean lantzen ari garen modalitate honen modukoak praktikatzea jendearekin sozializatzeko modu bikaina da. Karatea ezin da bakarka praktikatu, beraz, lantaldean lagun berriak egiteko aukera dago. Karateak kontzentrazioa hobetzeko balio du, hainbat mugimendu ikasi eta praktikatu behar direlako. Aurrean beste pertsona bat dutenez, karatekek kontzentratu egin behar dute, zein maniobra egin behar duten jakiteko. Beraz, malgutasuna eta gorputzaren koordinazioa handitzen ditu, egoera kardiobaskularra hobetzen da, kontzentrazioa areagotzen da, giharrak indartzen dira, konfiantza eta segurtasuna areagotzen dira eta egoera mentala hobetzen da. Gainera, haurrei edozein beldur gainditzen laguntzen die, eta pertsona lotsatientzako terapia gisa erabili ohi da kirol hau.

Manuel Colás Euskal Federazioko lehendakari berriak honakoa adierazi du: «Euskal karateak oso maila ona du. Espainiako txapeldun batzuk, estatuko txapelketetan dominak lortu dituzten kirolariak, Espainiako selekzioko kideak eta nazioartean emaitza bikainak lortzen dituzten gazteak ditugu. Hori azken urteotan gertatu da, klubek egindako lanaren emaitza gisa. Federazioak kirolariei babesa eman behar die. Gutxi gorabehera 2.500 federatu ditugu eta eskoletako lizentzia kopurua 1.500 eta 1.700 artean dago. Horrez gain, federatuta egon ez arren karatea praktikatu ohi duten zale asko daude. Klub askok historikoki garrantzi handia izan dute eta 40 urtetik 50era arteko pertsona multzo batek, nahiz eta kirola praktikatu, ez du federatzeko beharrik ikusten. Federazioa beraiei zerbitzuak ematen saiatu behar da, gure erakundearen barruan gustura senti daitezen. Karatea euskal gizartean presentzia duen jarduera fisiko bat da. Eta lehiaz kanpoko karateari garrantzi handiagoa eman nahi diogu, karatea borroka-artetzat hartuta, gizarte-balio eta hezkuntza-balio batzuk biltzen dituen kiroltzat hartuta.

Gizarte-laguntzako prestazio berri bat istripua izan duten langile autonomoentzat

Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak zenbait laguntza ekonomiko eta/edo gizarte-zerbitzu eman diezazkieke Mutualiarekin lan-istripu edo laneko gaixotasuna estalita duten langile autonomoei.

Duela gutxi, kolektibo horrentzako laguntza espezifiko berri bat onartu da. Laguntza horren bitartez, kontingentzia profesionalengatik baja medikoan (lan-istripua edo lanbide-gaixotasuna) dauden langile autonomoen familia-unitatearen beharrizan ekonomiko bereziei erantzun nahi zaie, halako egoeretan denboraldi batez martxan egongo ez den negozio baten gastuei aurre egin behar izaten baitiete edo jarduerari eusteko handitu ere egin behar izaten baitituzte gastuok, eta bi egoera horiek arriskutsuak gerta daitezke negozioaren bideragarritasunari eta jarraitutasunari begira, diru-sarrera faltaren eta gastuak handitzearen ondorioz.

Zer baldintza bete behar dira prestazioa eskuratzeko??

  • Kontingentzia profesionalen estaldura Mutualiarekin kontratatua izatea.
  • Baja medikoan egotea, lan-istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik, eta Mutualiak aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa aitortua izatea.

 

  • Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea, baja medikoak irauten duen denbora osoan.
  • Gizarte Segurantzako autonomoen kuotak ordainduta izatea.

 

Zer zenbateko onartu daiteke?:

Prestazio Berezien Batzordeak zehaztuko du, lan-istripuaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko baja medikoak berekin ekarri dituen diru-sarreren murrizketa edo gastuen handitze egiaztatuak aintzat hartuta.

Zer iraupen du laguntza honek?:

Prestazio Berezien Batzordeak, behin egoera eta eskuratutako dokumentazio ekonomikoa aztertuta, erabakiko du zer denboraldiz dagoen negozioari eusteko laguntzaren beharra. Onartutako zenbatekoa hilero ordainduko da.

Nola izapidetzen da?:

www.mutualia.eus webgunean eskura dagoen eskabidea aurkeztu behar da Prestazio Ekonomikoen Sailean, beharrizan-egoera egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioarekin batera (adibidez, istripua edo gaixotasuna izan baino lehenagoko fakturazioa eta gaur egungo fakturazioa, ordezko langile bat kontratatzeagatiko gastuak, itxita dagoen negozioaren lokalaren gastuak, eta abar).

Prestazio Berezien Batzordeak aztertu eta ebatziko ditu kasuak, banan-banan, hiru hilean behin bilduta.

 

Gogoan hartu behar da, gainera, langile autonomo horiek badutela beste gizarte-prestazio batzuetarako eskubidea ere; baldintza ekonomiko batzuk betetzen badituzte, honelako beharrizanei, adibidez, erantzun ahal zaie:

  • Laguntzailearen gastuak, istripua izan duen langilearen osasun-laguntzagatik edo ospitaleratzeagatik.
  • Langile ezgaituaren prestakuntza edo lanbide-berregokitzapena.
  • Istripu edo gaixotasunagatik iraupen luzeko bajan (6 hilabetetik gora) dagoen pertsonaren edo ezintasun iraunkorra aitortua zaien pentsiodunen seme-alaben edo haren mendeko beste senideen ikasketak.
  • Etxeko laguntza, ospitalean alta hartutakoan.
  • Ibilgailu eta altzari bereziak (gurpildun aulki elektrikoa, norberaren automobilaren eta osagarrien egokitzapena, ohe artikulatua…).
  • Etxebizitza egokitzea (sukaldea, komuna, sarbideak, garajea, eskailerak igotzeko aulkia…).
  • Protesi bereziak (mikroelektrikoak, estetikoak, kirol-protesiak eta abar).
  • Heriotza kasuetarako laguntzak: heriotzagatiko laguntza, senideentzako tratamendu psikologikoa, eta abar.

Laguntza horiek guztiak gure gizarte-laguntzako prestazioen katalogoan jasorik daude; katalogoa, gainera, zabalduz doa gure mutuari atxikitako kolektiboak aurkezten dituen beharrizan berrien arabera.

Informazio hau kontsultatu eta zabaltzeko, www.mutualia.eus, gure web orriko Autonomoentzako Gizarte Laguntzako Estaldurak atalera jo dezakezu, baita zure kudeatzailearengana zuzenean edo prestazio ekonomikoen sailera ere.
Mutualiaren prestazio berri hau 2016 osorako atzerako eraginekin onartu da. Horrenbestez, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera kontingentzia profesionalengatik baja-prozesuak izan dituzten eta azaldutako baldintzak betetzen dituzten pertsonak izan daitezke onuradunak.

Hurrengo egunetan aholkularitza-enpresa kolaboratzaileekin harremanetan jarriko gara, 2016/01/01etik istripu bajak izan dituzten autonomoen eskaerak egiteko prozeduraz informatzeko.

Auzitegi gorenak berri onak dakarzkie autonomoei

Auzitegi Gorenak (Lan-arloko Sala), 2016ko ekainaren 22an doktrina bateratzeko emandako epaiarekin, epai judizial baten bitartez ezintasun iraunkor osoa edo erabatekoa onartuta duten Langile Autonomoen Araubide Bereziko (LAAB) kide diren langileei eta Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko (NUE) kide diren nekazariei honako eskubidea aitortu die: prestazioa Ezintasunak Baloratzeko Taldearen irizpenaren datatik aurrera jaso ahalko dute, eta ez ebazpen judiziala ematen den datatik. Horrela, irizpenaren datatik aurrerako atzerapenak jaso ahalko dituzte langileek, LAAB/NUEn altan egon arren jarduerarik egin ez dutela frogatzeko beharrik gabe.

Auzitegi Gorenak aztertutako balizko gertaera etxez etxeko salmenta ohiko lanbide izanik LAABeko kide den langile baten kasutik dator. Epai batek erabateko ezintasun iraunkorra aitortu zion 2013ko urriaren 9an. EBTk azterketa 2012ko ekainaren 25ean egin zion arren, epaiaren datara arte LAABen altan jarraitzen zuen, baina ez dago egiaztatuta data horretatik aurrera inolako lanik egin zuenik, ez eta aldi baterako ezintasun egoeran zegoenik ere.

Egiazki, kontraste-epaia (egoitza Sevillan duen Andaluziako Justiziako Auzitegi Gorenaren Epaia, 2013ko urriaren 17koa, 3163/2012 errekurtsoa) eta bateratze-errekurtsoa eragin duen epaia (egoitza Granadan duen Andaluziako Justiziako Auzitegi Gorenaren Epaia, 2014ko azaroaren 5ekoa, 1689/14 errekurtsoa) aztertu ostean –hemen analizatutako erabaki judiziala bultzatu du–, Auzitegiak honakoa adierazten du:

«LAAB/NUEko kidea aipatutako epean (EBT-Ezintasunak Balioesteko Taldearen irizpen-proposamenaren datatik, langileari ezgaitasun iraunkorra eta pentsio-eskubidea aitortzen dizkion ebazpen judizialaren data arte) aldi baterako ezgaitasun egoeran egon dela egiaztatuta ez dagoen kasuetan, honakoa egingo da: GSIN arduratuko da frogatzeaz pertsona horrek benetan lanean jarraitzen zuela eta, gainera, xedatutako prestazioarekin bateraezinak izateko moduko errentak jaso zituela lan horren truke, nahiz eta EBTren txostenak ia objektiboki aurrez onartzen duen pertsona horrek bere ohiko jarduera egiten jarraitzeko ezgaitasuna.»

Kontrakoa ebatzi balitz, erabateko ezintasun iraunkorreko egoera aitortua zuen langile horrek ez zituen onartutako prestazioaren atzerapenak jasoko (11.699 euro).

Susana Castaños del Molino. Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria.