Zer data arte jasotzen da prestazio ekonomikoa baja batean?

Alta adierazpena onartzen duen ebazpenaren data arte? Ebazpena jakinarazten den arte?

– Lehen une batean, jarraibide argirik ez izatearen ondorioz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren zuzendaritza probintzialetan irizpide ezberdinak jarraitzen ziren aplikatu beharreko epeei dagokienez. Hala, zuzendaritza batzuetan alta adierazten duen ebazpena igaro eta hamar egun arte kobratzen zen prestazio ekonomikoa, eta, beste batzuetan, bost egun arte. Bestelako epeak ezartzen zituzten zuzendaritza probintzialak ere bazeuden.

 

– Gerora, jakinarazpenetan sortutako atzerapenak eta berauek gauzatzeko izaten ziren zailtasunak tarteko, auzitegiek irtenbide hertsi baten alde egin zuten aipatu subsidioaren araudian oinarrituta. Irtenbide horretan oinarrituta, prestazio ekonomikoa ezintasun iraunkorra kalifikatzen zen unera arte kobratzen zen (1994eko ekainaren 20ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikulua, 3. zenbakia).

 

Eta kalifikazioaren unea zehazteko, uztailaren 21eko 1300/1995 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 3. zenbakiko 1. paragrafoan ezarritakoa hartzen zen kontuan: «Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikuluaren testu bategineko 3. zenbakian aurreikusitako xedeetarako, ezintasun iraunkorraren kalifikazioa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko zuzendari probintzialaren ebazpenaren datan joko da gauzatutzat».

 

Horrenbestez, data bat ezarrita zegoela ulertzen zen: alta adierazten zuen ebazpenaren data.

 

– Aldiz, irizpide hori jarraituta, onuradunen kalteko egoera bat ematen zen, ebazpenaren jakinarazpena jaso arte lanera itzultzen ez zirenez, ez baitzuten ez bajaren prestazio ekonomikoa ez egun horiei zegokion soldata jasotzen.

 

Egoera horri erantzunez eta abenduaren 4ko 40/2007 Legeak altak aurkaratzeko ezarritako lau eguneko epea kontuan izanik, Auzitegi Gorenak honakoa ezarri du (2012-01-18ko epaia, 715/2011 errekurtsoa eta 2014-12-02 epaia, 573/2014 errekurtsoa): aipatu lau egunetan alta aurkaratzeko aukera badago, prestazioa kobratzeko azken eguna ezin da ebazpenaren datakoa izan, baizik eta prestazioa ebazpena jakinarazten den egunera arte jaso behar da.

 

Horrenbestez, hori da jarraitu beharreko irizpidea dagokion ebazpenaren bitartez alta modu zuzenean adierazten den ohiko kasuetan.

 

– Hala eta guztiz ere, aldi baterako ezintasunaren (baja) prestazioa kobratzeko azken data gisa alta adierazten duen ebazpenekoa eta ez jakinarazpenekoa mantendu da honako kasu honetan: aldi baterako ezintasuna luzatuz ebazpen bat izan denean, eta, horrekin batera, bigarren ebazpen batek lan egitea galarazten duen ezintasunik ez dagoela adierazi eta alta medikoa ezarri duenean ezintasun iraunkorrik ez izateagatik.

 

Horrenbestez, behin langilearen egoera kalifikatzen duen ebazpena dagoenean, data horretan bertan ematen da aldi baterako ezintasuneko subsidioaren luzapenaren iraungitzea eta ez ebazpen horren jakinarazpen-egunean.

 

Arrazoia egoera horretan onuradunaren egoera kalifikatzeko xedez luzapen edo atzerapen bat eman izana da (1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikuluaren 2. zenbakia; egun, 2015eko urriaren 30eko Legearen 170.2 eta 174.2 artikuluak), behin kalifikazio hori ematen denean, aldi baterako ezintasun egoera hori desagertu egiten baita.

 

Egoera ezberdin bat da, egoeraren kalifikazioak berak zehazten duena, une horretan bertan iraungitzen baita bajaren prestazioa.

 

Azaldutako kasuan, uztailaren 21eko 1300/1995 Errege Dekretuaren 1. artikulua aplikatzen da, honako hau ezartzen duena: «Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eskumena da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikuluaren 3. zenbakiak aipatutako aldi baterako ezintasun egoeraren ondorio ekonomikoen luzapenaren iraungitzea ebaztea… baliaezintasun-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu edo ukatzen den ebazpena ematen den unean». Horrenbestez, aipatutako ebazpenaren data izango da aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoen luzapena indargabetuko den unea, eta, ondorioz, berau ordaintzeari utziko zaio.

 

Egoera horren aurrean, abenduaren 4ko 40/2007 Legeak ohiko alta kasuak aurkaratzeko aurreikusitako aukera dagoeneko existitzen ez denez, Administrazio-ebazpenak ematen diren unean bertan berehalakotasunez gauzatzeko printzipio orokorra da aplikagarria (2015eko urriaren 1eko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. eta 39.1 artikuluak); horrenbestez, ebazpena ematen den unean sartzen da indarrean eta ez jakinarazten denean.

 

Azkenik, Gizarte Segurantzaren Lege Orokor berriak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak arautzen duena, honakoa ezartzen du 174 artikuluko 4. zenbakian: «Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aldi baterako ezintasun egoera espresuki luzatzea erabakiko balu, eta luzapen hori indarrean den bitartean ezintasun iraunkorreko espediente bat abian jarriko balitz, aldi baterako ezintasun egoera izapide hori abian jartzen duen ebazpenaren datan indargabetuko da».

 

Era berean, 174. artikuluko 5. zenbakian, honako hau ezartzen da: «Ezintasun iraunkorreko proposamendun alta mediko kasuetan… langilea aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoen luzamendu-egoeran egongo da ezintasun iraunkorra kalifikatzen den arte». Jarraian, honakoa ere gaineratzen da: «Aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, ezintasun iraunkorreko prestazio ekonomikoaren ondorioek ezintasuna aitortzen duen erakunde kudeatzailearen ebazpenaren datarekin bat egingo dute, prestazioa langilea aldi baterako ezintasunaren ondorioen luzapenagatik jasotzen ari zena baino handiagoa denean salbu, kasu horretan ezintasun iraunkorraren indargabetzearen hurrengo egunera atzeratuko baitira».

 

Horrenbestez, egoera aurrerago kalifika dadin luzatu den kasuetan, aldi baterako ezintasuna eta dagokion subsidio ekonomikoa egoera kalifikatzen duen ebazpena ematen den unean geratuko dira bertan behera; hori horrela, prestazioa egoera kalifikatzen duen ebazpenaren data arte ordainduko da.

 

– Azaldutako bi jurisprudentzia-irizpideok dagozkion kasuetan aplikatuz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jarraibideak eman ditu irizpideok estatu-mailan bateratuz eta aurrerantzean aplikatu beharreko irizpideak direla zehaztuz.

Pedro Fraile. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Europako Batzordeak neurriak hartu ditu EBn laneko osasuna eta segurtasuna sustatzeko.

Urtarrilaren 10ean Europako Batzordeak komunikazio bat aurkeztu zuen. Bertan, ekintza-plan bat ezartzen da datozen urteotan laneko segurtasun eta osasunaren alorreko legeria eta politikak modernizatzeko.

Batzordeak lehentasunezko hiru ekintza definitzen ditu laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean ex postebaluazioan oinarrituta. Ondorioen artean aipatzen denez, laneko segurtasun eta osasunaren egitura orokorra eraginkorra da, baina halere badaude zaharkituta geratu diren legeriaren atal batzuk, eta beharrezkoa da arrisku berriei aurre egiteko modu eraginkorragoak bilatzea. Ex post ebaluazioak eta 2014-2020 aldirako laneko segurtasun eta osasunari buruzko esparru estrategikoari buruzko Europako Parlamentuak 2015ean egin zuen txostenak nabarmentzen dute beharrezkoa dela langile guztiak berdin babestea, enpresaren tamaina, lan-mota edo kontratu-mota edozein izanik ere.

Hori guztia kontuan hartuta, Batzordeak datozen urteetarako proposatzen duen ekintza-planak lehentasunezko hiru ildo ditu:

  1. Lanaren ondoriozko minbizien kontrako borroka indartzea, lege-arloko proposamenen bidez eta orientazioa eta sentsibilizazioa handituz;
  2. Enpresei (batik bat ETEei eta mikroenpresei) laneko osasun eta segurtasunari buruzko lege-araudia betetzen laguntzea;
  3. Estatu kideekin eta eragile sozialekin lankidetzan aritzea zaharkitutako arauak kendu edo eguneratzeko eta esfortzuak bideratzeko babes hobe eta zabalago bat ematera, legeak betetzera eta lantokian bertan egindako aplikazioa indartzera.

 

Laneko osasun eta segurtasunean egindako inbertsioak pertsonen bizitza hobetzen du, laneko istripuak eta gaixotasunak prebenitzen laguntzen duelako. Ekimen berri honek iraganeko esfortzuak ditu oinarri, eta asmo argiak ditu: langileak laneko minbizien kontra hobeto babestea, enpresei (batik bat ETEei eta mikroenpresei) indarreko lege-esparrua betetzen laguntzea eta enfasia tramite eta paperetan baino emaitzetan ipintzea.

Agiri osoa kontsultatu daiteke hemen(gaztelaniaz).

Horretaz gain, ex post ebaluazioaren dokumentua eta enpresarientzako gida praktikoa hemen kontsultatu daitezke (ingelesez).

 

Iturria: http://europa.eu/rapid/press-release_IP-17-2_es.htm

Jardunaldi teknikoa, gihar eta hezurretako asaldurak. Balorazio ergonomikoaz harago.

Jardunaldia datorren otsailaren 22an izango da, Gasteizen, eta aurkezpenean OSALANeko zuzendari nagusia den Alberto Alonso jaunak parte hartuko du.

OHARRA, KOKAPEN BERRIA Artium Museoa. Francia, 24, 01002 VITORIA-GASTEIZ

“ISTAS”, “Athlon Koop. E”, “Azti Gune Teknologokoa”, “Innovalia” eta “Mercedes Benz España S.A.U.” enpresek beraien esperientzia praktikoak ezagutaraziko dizkigute.

Nahasmendu muskulu-eskeletikoak lanak eragindako gaixotasun ohikoenetako bat dira; milioika langileri eragiten diete Europan, eta enpresaburuei milaka milioi euroko kostuak eragiten dizkiete. Nahasmendu muskulu-eskeletikoei aurre egiteak langileen bizitza hobetzen laguntzen du, nahiz eta enpresaren ikuspegitik ere zentzua izan.

Estatistikako Institutu Nazionalak egindako Espainiako azken Osasun Inkestaren arabera, muskuluetako minak laneko bajen arrazoi ohikoenetako bat dira. Era berean, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak nabarmendu du 2013. urtean gehiegizko esfortzuak eragindako 197.381 lan-istripuren berri eman zela, hau da, lan-istripuen % 38,5, eta CEPROSS sistemaren bidez, 12.891 nahasmendu muskulu-eskeletiko jakinarazi zirela, hau da, urte horretan jakinarazitako gaixotasun profesionalen % 71,1. Aldi berean, GSINen datuen arabera, gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasunaren lehen kausa lunbalgia da.

Azaldutako datuak izugarrizkoak dira, lan-munduko baja gehienak nahasmendu-mota horiei dagozkiela adierazten baitute. Esparru horretan, prebentzioa min horiek saihesteko jarrera egokiak eta ariketak ikastean eta mantentzean datza.

Prebenitzeko, zehazki zer prebenitu nahi dugun jakin behar dugu. Nahasmenduak eragiten dituzten faktoreak identifikatzea eta egoera bakoitzean balorazio ergonomikoa egiteko metodo egokiak erabiltzea da lehen urratsa. Jardunaldian, Mutualiak «Gaixotasun profesional muskulu-eskeletikoak» pendrivea aurkeztuko du. Aplikazio horrek hainbat argibide ematen ditu, bai arriskuak prebenitzeko ardura dutenen arduradunentzat, bai lanbide-gaixotasuna duten langileentzat, galdera horien eta beste batzuen erantzuna jakiteko, hala nola enpresaren betebeharrak; gaixotasunak analizatzeko ebaluazio-metodo ergonomikoak, bai eta patologia bakoitzaren inguruko informazioa, kausak eta saihesteko modua.

Baina ezin gaitezke baloraziora mugatu; aitzitik, neurri egokiak hartu behar ditugu eta horien eraginkortasuna neurtzeko jarraipena egin behar dugu. Beste pauso bat ere eman behar dugu: sentsibilizazioa handitzeko eta irtenbide eraginkorrak aktiboki bilatzeko ekintzak bultzatzea.

Azken urteotan, ikertzaileek, teknikoek eta enpresa-arduradunek ergonomia parte-hartzailea aldarrikatzen dute laneko gaixotasunak murrizteko metodologia eraginkor eta berritzailetzat. Prebentziorako tresna horrek, Estatu Batuetan eta Kanadan goraldian, emaitza onak ematen dituela frogatu du, dela langileen osasuna hobetzen dela enpresen produktibitatean.

Beste hitzaldi batzuetan, ergonomiako esku-hartzeen ikuspegi orokorra nola zabaltzen den ikusiko dugu, eta hor faktore asko dagoela: Fisikoak eta biomekanikoak, antolamendu-faktoreak, psikosozialak, banakako faktoreak eta faktore pertsonalak. Azkenik, teknologia berriek esku-hartze zuzenagoak eta eraginkorragoak lortzeko tresna berriak eman ditzaketela ikusiko dugu.

Ergonomia Parte Hartzailea bideragarria eta eraginkorra da

Maria José Sevilla elkarrizketatu dugu, Lan, Ingurumen eta Osasun Institutu Sindikaleko (ISTAS) ergonomoa. Mutualiak otsailaren 22rako antolatutako «Nahasmendu muskulu-eskeletikoak. Balorazio ergonomikoaz harago» jardunaldian parte hartuko du.

Ikertzaileek, teknikoek eta enpresa-arduradunek ergonomia parte-hartzailea aldarrikatzen dute laneko nahasmendu muskulu-eskeletikoak murrizteko aukera eraginkor eta berritzailetzat. Prebentziorako estrategia horrek, Estatu Batuetan eta Kanadan goraldian, frogatu du emaitza onak ematen dituela, dela langileen osasuna hobetzen dela enpresen produktibitatean. Azken urteotan, ISTAS, Valentziako Biomekanikako Institutuarekin (IBV), Laneko segurtasun eta osasunaren Valentziako institutuarekin (INVASSAT), UNIMAT prebentzio-zerbitzuarekin eta Langile Komisioetako (CCOO) prebentzioko profesionalekin batera, laneko arrisku ergonomikoa prebenitzeko ergonomia parte-hartzaile baten prozedura lantzen aritu da, ERGOPAR metodoa, hain zuzen.

1-      Zera da ergonomia parte-hartzailea?

Literaturan ez dago ergonomia parte-hartzailearen definizio bakar bat. Asko dira haien ulertzeko modua eta ikuspegia aldizkari zientifikoetan eta espezializatuetan argitaratu duten egileak. Honako hauek dira definizio desberdinetan errepikatzen diren terminoak: parte-hartzea, langileak, ezagutza, prozedurak, laguntza, hobekuntza, aktoreak, konponbideak, inplikatzea eta eragitea. Gako-hitz horiek ergonomia parte-hartzaileak helburu duen ikuspegia eta egiteko modua bateratzea ahalbidetzen digute. Horrela, ISTASetik ergonomia parte-hartzailetzat ulertzen dugu laneko baldintzak maila ergonomikoan hobetzeko estrategia, inplikatutako agenteen parte-hartze aktiboa barne hartzen duen prozedura baten bidez egituratua eta antolatua.

2-      Nolakoa izan da ERGOPAR bezalako prozedura baten garapena?

Oso lan nekeza eta zorrotza izan da, eta parte-hartzea funtsezkoa izan da. 2008an, ISTASen ergonomia parte-hartzaileari buruzko bibliografia begiratzen hasi ginen, eta ordutik, erakunde publiko, pribatu eta sindikalen parte-hartze zuzena izan dugu. Metodoaren eskuliburuaren lehen zirriborroa 2009an idatzi genuen, eta urte horretan bertan, Alacanteko Unibertsitatearekin batera, arrisku ergonomikoen faktoreak eta eragiten dituen kalteak identifikatzeko galdetegia baliozkotu genuen. 2010 eta 2011 artean, ERGOPAR metodoa baliozkotu genuen, Valentziako Erkidegoko 5 enpresatan egindako proiektu pilotu baten bidez. Baliozkotze-prozesu hori oso sakona izan zen, eta enpresa bakoitzean sortutako Ergo Taldeen, eta ISTASeko, IBVeko, INVASSATeko, UNIMATeko eta Valentziako Erkidegoko CCOOko Laneko Osasunaren Kabineteko profesionalez osatutako taldearen ardura eta ahalegin handia eskatu zuen.

ERGOPAR metodoaren eskuliburuaren lehen bertsioa 2011. urtearen bukaeran argitaratu genuen, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalaren (LSHIN) finantziazioarekin. Egun, 2.0 bertsioa dugu; aldaketak parte hartu duten erakundeek ere adostu eta baliozkotu dituzte. Azken finean, taldeko lan handia eta oso emaitza onak.

3-      Nola laguntzen du testatutako metodologia bat izateak emaitza eraginkorrak lortzen?

ERGOPAR metodoak modu argian eta antolatuan eskaintzen ditu esperientzia parte-hartzaile batean jarraitu beharreko pausoak, parte-hartzearen bidez, maila ergonomikoan, lan-baldintzak hobetzea helburu duen esperientzian. Hala ere, ez du hagaxka magikorik. Esperientziaren arrakasta faktore askoren baitan dago.  Enpresan testuinguru egoki bat badago, eta metodoaren arrakastarako baldintzak esperientzian betetzen badira, enpresak nahikoa faktore lagungarri izango du maila ergonomikoan hobekuntzak lortzeko. Dena dela, ERGOPAR ezartzen saiatzea, adibidez, parte-hartzaileei zereginak egiteko denborarik eman gabe, erabakitzeko gaitasunik eta autonomiarik eman gabe, neurriak hartzeko baliabide ekonomikorik eman gabe… begien bistako oztopoa da ergonomia parte-hartzaileaz ari garenean, eta emaitzak ez dira onak izango.

 

4-      Zein enpresa motari zuzendu dakioke?

Enpresa guztiei, lanpostu guztiei eta jarduera-sektore guztiei. ERGOPAR metodo malgu bat da, eta edozein testuingurutara egokitzen da. Hala ere, esperientziak arrakasta izan dezan, eta parte-hartzea bermatzeko baldintza bezala nabarmentzen dugu enpresan langileen ordezkariak egotea.

5-      Nola neur daitezke ezarritako neurrien emaitzak, dela langileen osasuna hobetzeko ikuspegitik dela produktibitatearen ikuspegitik?

ERGOPAR metodoak emaitzak bi ikuspegietatik balioesteko aukera ematen du. Alde batetik, lanpostuan ezarritako neurriak eragindako langileei zuzendutako tresna eta teknika parte-hartzaileak eransten ditu, eta horiek arrisku ergonomikoaren aurrean duen eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematen dute. Gainera, gehiegizko esfortzuek eragindako lan-istripuen eta laneko gaixotasun muskulu-eskeletikoen erregistroa bezalako adierazleek iragana eta geroa konparatzeko aukera ematen dute. Metodoak, denbora bat igarotakoan, arrisku ergonomikoen eta kalteen eragileak identifikatzeko galdeketa bat banatzea ere proposatzen du, aldizka langileen esposizioa balioesteko. Bestalde, beharrezkoa izango da enpresak bertako esperientzia parte-hartzailearen errentagarritasuna balioztatzea (ekintzaren kostua), eta horretarako, ERGOPAR metodoak, zentzuzko tarte bat igarotakoan, ezarritako neurrien eraginkortasuna eta haien ondorioak eta errentagarritasuna ekonomikoki zenbatzea proposatzen du.

6-      Zer ondorio atera daitezke enpresa ezberdinetako esperientzia aztertuta?

ERGOPAR metodoarekin izandako esperientzietan ISTASek zuzenean parte hartu du; esperientzia horietatik ondorio komunak atera ahal izan ditugu, lortutako onurei dagokienez. Honako hauek azpimarratuko genituzke:

–          Enpresan parte-hartze, komunikazio- eta informazio-prozesuak hobetzea.

–          Lan-baldintzak hobetzea maila ergonomikoan.

–          Lanarekin lotutako min fisikoak gutxitzea.

–          Langileen eta zuzendaritzaren laneko arriskuen prebentzioarekiko interesa handitzea, dela haien ezagutzan dela ergonomian.

–          Laneko harremanak hobetzea, eta prebentzio-jarduera sartzean sustatzea. Prebentzio-kultura sortzea.

–          Aldi baterako ezintasunezko kasuek eragindako kostu ekonomikoak txikitzea.

–          Aztertutako lanpostuetako langileen motibazio eta gogobetetze handiagoa.

–          Produktibitatea hobetzea.

–          Irabazi ekonomikoak esperientziaren kostuen gainetik.

 

7-      Zer erronka dituzue etorkizunerako?

Gure erronka da enpresek, segurtasun- eta osasun-batzordeek eta laneko arriskuen prebentzioetan profesionalak direnek ergonomia parte-hartzailearen eta ERGOPAR metodoaren alde gero eta gehiago egin dezaten. Metodoa erabiltzeak, zalantzarik gabe, langileen osasuna hobetuko du, eta enpresan, komunikatzeko eta parte-hartzeko bideak erraztuko ditu. Egun, ERGOPAR metodoari buruzko LSHINen prebentzio-ohar teknikoaren zain gaude; zalantzarik gabe, onarpena ekarriko du maila teknikoan, eta metodoa enpresetan zabaltzea eta ezartzea bultzatuko du. Emaitzak argitalpenetan eta artikuluetan, jardunaldietan, ikastaroetan, mintegietan, gure web-orrian… zabaltzen jarraituko dugu, eta esperientzia parte-hartzaile bakoitzak eskaintzen dizkigun ikuspuntu desberdinetatik ikasten.

Gai interesgarri honi buruzko informazioa handitu dezakezue, datorren otsailaren 22an izango den «Nahasmendu muskulu-eskeletikoak. Balorazio ergonomikoaz harago»jardunaldian izena emanda.

Efr

Joan den urtarrilaren 19an, Madrilen, efr foroa egin zen; ENAGAS izan zen enpresa anfitrioia, eta «KONTZILIAZIOAREN ERRENTAGARRITASUNA» izan zuen gai.

Roberto Martinez Mas Familia Fundazioaren zuzendariaren, hitzaldiaren ondoren, galdetzeko tartea ireki zen; bertara agertu ginenon arteko pertsona askok parte hartu zuten, gai oso garrantzitsua baita enpresentzat.

Cristina Mendia izan zen Mutualiaren ordezkaria. Esan zuenez, erakundeko pertsonak sustatzea eta haiei balioa ematea da Mutualiaren jardunaren oinarria eta hori, zalantzarik gabe, onuragarria da erakundearentzat. Balio horri emaitzen kontuak bakarrik begiratze hutsari baino garrantzi handiagoa ematen zaio, azken horrekin batera emaitza onak lortzeko egunero pertsonek egiten duten lana eta horren balorazioa kontuan hartzen ez denean. Duela gutxi jasotako Pertsonen Kudeaketa Aurreratuaren Saria izan genuen hizpide, eta kontziliazioa kudeaketa-tresna gisa hartuko duen kudeaketa-eredu bat definitzeko beharra azpimarratu genuen, pertsonak kontuan hartuko dituena, tartean sar daitezen eta erakundearen proiektuarekin bat datozela senti dezaten.

 

Nahikoa eztabaida sortu zuen beste gai bat Laneko Ikuskaritzak egiten dituen jarduketei buruzkoa izan zen, enpresei langileen presentzia-kontrola egiaztatzeko eskatzen ari baitzaie.

Mutualiak duela asko desagerrarazi zuen presentzia-kontrolerako fitxaketa, argi egin baitzuen eredu parte-hartzaile baten alde, helburuei begira lan egiten duten pertsonei ardurak emanez. Horrela, desagerrarazi egin genuen ordura arte erakundeek neurtzen zuten presentismoa, eta atzera pausorik ezin eman daitekeela defendatu genuen, gure estrategian ANTOLAMENDU-MALGUTASUNA ezartzeko politika bat diseinatu baitugu, eta horrek Mutualian lan egiten dugunon laneko beharrak eta pertsonalak (familiakoak barne) uztartzeko orekari laguntzen baitio.

Bertaratutako enpresa guztion artean idatzi bat landu dugu, dela Enplegu Ministerioari dela Laneko Ikuskaritzari aurkezteko. Bertan adierazten diegunez, kontziliazioa kudeatzearen alde egin dugun enpresek, eta horretarako ziurtagiriak jaso ditugunok, ezin dugu galdu beste enpresa batzuetatik bereizten gaituen ezaugarria, gure langileon bizitza errazteagatik irabazi duguna, hori BERRIKUNTZA izaten ari baita Lan Harremanetan.

Proyecto PROMOCIONA-ren IV. edizioa

Joan den urtarrilaren 20an, Cristina Mendia, Mutualiaren izenean, Proyecto PROMOCIONA-ren IV. edizioa dela-etaCEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak deitutako jardunaldian izan zen

 

Proyecto Promociona Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren babesarekin eta haren ekimenez sortu zen, «Berdintasuna eta Kontziliazioa» programaren baitan; Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritzak sortu zuen, Europar Batasuneko funtsekin (proiektuaren % 85 finantzatzen da haiekin), Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin eta CEOErekin elkarlanean; azkenen horiek ere parte hartzen dute proiektua elkarrekin finantzatzen (% 15); proiektua CEOEk sustatzen eta koordinatzen du, eta helburua enpresetan emakumezko talentua identifikatzea, hari eustea eta sustatzea da, emakumeak erantzukizun handiagoko postuetara, zuzendari-postuetara eta administrazio-kontseiluetara hel daitezen bultzatzeko

Massachusettseko Teknologia Institutuan katedradun eta Literatura eta Emakumeen Ikasketen sailen zuzendari den Margery Resnickek hitzaldi bat eman zuen laneko bizitzaren eta bizitza pertsonalaren (familia barne) arteko orekari buruz sakontzeko.

Mutualiak, beste behin ere, EHUren Enplegu eta giza baliabideen masterrean parte hartuko du

Ohikoa denez, joan den urtarrilaren 12an, Cristina MENDIAk Mutualiaren ekitate-, aniztasun- eta kontziliazio-alorreko jardunbide egokiak azaldu zituen Enplegu, Lan Harreman eta Giza Baliabideen Masterraren saio batean, EHUk gonbidatuta.

Jardunaldiaren lehen zatian, Isabel Abella abokatuak gaiari buruzko legeria interesgarriaren laburpen bat egin zien ikasleei, eta dokumentu horiek lortzeko modua ere azaldu zien. Gida eta eskuliburu espezifikoak jasotzen dituzten web-orri batzuk ere aurkeztu zizkien, bai eta berdintasunari, aniztasunari eta kontziliazioari buruz dauden ziurtagiri desberdinak ere.

Jarraian, Mutualiaren berdintasun-alorreko jardunbide egokiak, Cristina Mendiak azaldutakoak, aztertu zituzten klasean. Aurkezpenaren ondoren, solasaldi bat egin zuten, eta masterra ematen duen irakasleak eta lehen hizlariak hausnarketa batzuk egin zituzten, ikasturtean zehar ikasitako teoriak enpresa bateko esperientzia praktikora hurbiltzeko asmoz.

Ikasleek arreta handiz jarraitu zuten hitzaldia; amaieran, gaiari buruzko interesa azaldu zuten, eta pozik agertu ziren aurkezpena praktikoa eta bisuala iruditu zitzaielako.

Horrela, MUTUALIAk gizarte-erantzukizunarekin jarduteari laguntzen dio, bere aurrerapenak, oraingo honetan, unibertsitateko munduarekin partekatuz, enpresetan hasten direnek eta are noizbait pertsonen sailak zuzenduko dituztenek jarduteko modu egokien adibide bat izan dezaten gutxienez, eta ikus dezaten posible direla kudeatzeko beste eredu batzuk, lan-harremanetan berrikuntzak txertatzen dituztenak.

Emakumeak eta teknologia

Urtarrilaren 10ean, 2017ko Ada Byron Sariaren aurkezpena zela-eta, Cristina Mendia Deustuko Unibertsitatean izan zen Mutualiaren ordezkari bezala.

Bertan, «Zientzia eta teknologia emakumeekin birpentsatuz: demokrazia paritarioa» izeneko konferentzia batean izan zen. Hizlaria Irune Aguirrezabal izan zen, Nazio Batuen emakumeen programaren Amerika, Karibe eta Panamako Parte-hartze Politikoko Eskualdeko Bulegoko aholkularia.

 

Ada Byron Sariaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta horren bidez egungo emakumezko teknologoen ibilbide bikainak saritu eta ikusarazi nahi dira. Pertsona horien erreferente dira mendeetan zientziaren hainbat diziplinari ekarpenak egin dizkieten emakume zientzialariak, esate baterako, sariari izena ematen diona: Ada Byron.

ADA BYRON ….

Konferentziaren ondoren mahai-inguru bat antolatu zen. Parte-hartzaileak izan ziren Izaskun LandaidaEmakundeko zuzendaria; María GuijarroBizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saileko Berdintasuneko zuzendaria; eta Julen Iturbe-Ormaetxe, Consultoría Artesana en Red aholkularitza-etxeko aholkularia.

Saria jaso dezakete teknologian, ingeniaritzan eta teknologiarekin harreman estua duten zientziaren beste alor batzuetan titulazioa edo ibilbide profesionala duten emakumeek eta helburuak honako hauek dira:

Teknologiaren munduan emakumeek duten papera ezagutzera ematea, egiten duten lan garrantzitsua sarituz, gizartean oro har ez baita lan hori behar adina ezagutzen.

Gizartea aberastea teknologia hedatzeko ekitaldien bidez, belaunaldi gazteei emakumezko ereduak eskainiz.

Bokazio teknologikoak sustatzea, teknologiaren alorreko lana nerabeengana hurbilduz eta alderdi positiboak nabarmenduz, batik bat emakumezkoen kasuan.

Gizartean teknologiak duen garrantzia ikusaraztea, ekonomiaren hazkunderako eta gizartearen etorkizuneko baliorako ezinbestekoa baita.

Ekitaldian izan ziren, halaber, unibertsitate-munduko pertsonak eta emakume teknologo eta zientzialaria sustatzeko estrategia babesten duten erakundeen ordezkariak, hala nola, J.M. Villate jauna, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Ekimen hau 2017ko urtarriletik martxora garatuko da. Saria Forotech 2017ren inaugurazioan emango da, apirilaren 5ean.