Ikertze

–       Zer da Ikertze?

 

Ikertze kultura-elkarte bat da, irabazteko asmorik gabekoa; hezkuntza-proiektuak eta -programak asmatu eta egiten ditu, artea eta elkarrizketa tresnatzat hartuta.

 (Irudia gaztelaniaz dago)

–       Nola eta noiz sortu zen enpresa

Elkartea 1991n sortu zen; artearen munduarekin lotutako pertsona-talde baten ekimena izan zen, ikastetxeetan hezkuntza artistiko bat sustatzeko eta eskaintzeko helburuarekin, haurrek hizkuntza konparatuak aurkitzeko eta erabiltzeko aukera izan dezaten. Ibilbide horren adierazgarri izan zen «Jolastu leihoan» erakusketa; bertan, Oteiza, Txillida, Basterretxea, Ugarte, Julia Otxoa, Marta Cárdenas, Txopitea artistak eta haurrak elkarrekin lanean aritu ziren. Lanak San Telmo Museoan eta Madrilgo BBVA Fundazioan erakutsi ziren.

 

–       Zein zerbitzu eskaintzen duzue? Zein sektoreri ematen diozue zerbitzua?

Argazkian deskribatzen den bezala, guk asmatzen ditugun proiektuak egiten ditugu, neurrira egindako proiektuak, eskatzen digutenaren arabera. Ikastetxeei, kultura-zentroei, fundazioei, enpresei ematen diegu zerbitzua.

–       Zein dira sustatzen dituzuen helburuak eta balioak?

Elkarte honen helburuak LAU ildo estrategiko nagusitan biltzen dira:  ARTEA ETA PENTSAMENDUA

 

Sormena lantzea, arteekin esperimentatzeko proposamenetan parte hartuz.

Pentsamendu kritikoa, sortzailea eta arduratsua lantzea sustatzea, pentsamendu-gaitasunak indartuz.

Gure kultura-ondasuna ezagutzea eta estimatzea, bizipen ludiko eta atseginekin.

Artea, barrea, emozioa, hausnarketa hartzen dituen denbora eta espazio bat sortzen laguntzea, sormenak pertsona egiten lagunduko duen denbora eta espazioa.

 Honelako pertsonak bihur daitezen:

Haien ideiak eta emozioak adierazteko hizketan aritzeko ohituak.

Haien ikasteko eta ebaluatzeko gaitasunaren jakitun direnak (baita barne-begirada batekin ere).

Haien eskubideak babestearen eta haien erantzukizunak betetzearen alde egiteko prest daudenak, besteekiko adeitasunezko begirada batekin.

Emakumeen eta gizonen errespetuzko eta berdintasunezko balioak indartzen laguntzea

Maitasuna indartzen laguntzea, bizitza ohoratzeko eta babesteko.

 

ELKARTASUNA

 

Talde ahulenen inklusioa eta autonomia errazten laguntzea, geure programekin eta beste elkarte batzuekin lankidetzan.

 

 

PARTE-HARTZEA

 

Eskolan, museoetan eta hirian, hausnartzeko, hizketan aritzeko, sormen artistikorako eta bizikidetza eta bakearen kultura indartzeko parte hartzeko espazioak sortzea.

Emakumeek udaleko bizitza sozialean eta kulturalean parte har dezaten laguntzea.

 

 

 

–       Zuen leloa «Artearekin eta elkarrizketarekin hezi» da.

 

– Hezkuntza gure bizitzaren oinarria da.

Bai. Eta hezkuntza jasotzea eskubide bat, eta aldarrikapen etengabe bat ere bai, ezjakintasunaren kontrako borrokan.

 

Nola sustatzen da hezkuntza artearen bidez?

Hezkuntza artistikoak matematikak edo atzerriko hizkuntzak ikastea bezain garrantzitsua izan behar luke. Funtsezkotzat hartu beharko litzateke pertsonaren ikasketa-gaitasunak bere osotasunean garatzeko. Egun, irakasleen eskoletan eskaintzen den trebakuntza artistikoa oso pobrea da. Lehen Hezkuntzako gure irakasleak eskulanak egiteko trebatuta bakarrik ateratzen dira, eta horrek haurrari sormenaren esparruan proiektatzen zaiona mugatzen du. Bigarren Hezkuntzan, hezkuntza artistikoa erabat zokoratu dute diziplina logiko-matematikoek, eta sustatzen den ikasteko moduak, hau da, buruz ikasteak, eta horrela ikasten denaren zentzua eta horrekiko interesa galtzen dira.

Hezkuntza artistikoa ez da ongi edo gaizki marraztea, baizik eta ideiak izatea eta horiek burutzea, horiek zalantzan jartzea, miatzea, probatzea, esperimentatzea, egiaztatzea, taldean lan egitea, kritikatzen jakitea eta kritikak onartzea, norberarekin eta besteekin eztabaidan aritzen ikastea.

 

Azpimarra dezagun balio emozionala,

nola hezi behar ditugu gure emozioak? Haurrak eta helduak

Emozioak garenaren parte dira. Horregatik uste dut lehen pauso bat litzatekeela emozioak badaudela jakitea, aitortzea eta izen bat jartzea. Hurrengo pausoa hitzez adierazten ikastea litzateke, gugan zer eragiten duten eta zer sentiarazten diguten behatuz joatea. Hirugarren pausoa, sentiarazten digutenarekin zer egin ikastea, arduratsu izaten ikastea. Badago esaldi bat oso gustuko dudana:  «Ez naiz sentitzen dudanaren erantzule, baina bai sentitzen dudanarekin egiten dudanaren erantzule». Uste dut elkarrizketak, eztabaidatzen ikasteak, argudiatzen, bestearen iritzia errespetatzen, enpatia izaten ikasteak, bizitza honetan, gurekin, besteekin eta planetarekin, modu arduratsu eta gizabidetsu batean egoten laguntzen digutela.

 

–       Duela gutxi, aurreiritzien kontrako film labur inklusibo bat grabatu duzue

 

–       (Informazio guztia jasotzen duen prentsa-txostenan dago)

 

Zu eta zure autoa negurako prest al zaudete?

Neguan gidatzeak gure autoarekin arreta handiagoa jartzea eskatzen du. Elurra, izotza, haizea, ura, edo lainoa… baldintza klimatologiko txarrak bidelagun deserosoak dira, eta neguan segurtasunez gidatzeko hainbat neurri hartzera behartzen gaituzte.

  1. Autoa prest negurako:

Autoak beti egon behar du prest, baina bereziki neguari begira, baldintza klimatologikoak gogorragoak izan daitezkeenean. Zure autoa lantegi batera eraman dezakezu, puntu garrantzitsuak azter ditzaten, edo zuk behar den denbora har dezakezu dena bere lekuan dagoela egiaztatzeko, egoera desatseginak gerta ez daitezen edo zure segurtasuna arriskuan jar ez dezaten.

  • Pneumatikoak: Haien presioa egiaztatu eta haien sakonera aztertu (legearen araberako gutxienekoa 1,6 mm-koa da; baina, batez ere baldintza txarretan, 3 mm-koa izatea komeni da).
  • Motelgailuak: Haien egoera txarrak balaztatzeko tartea handiagotzen du.
  • Frenoak: Komeni da 60.000 km egindakoan edo bi urtean behin aldatzea
  • Bateria: egoera txarrean, ibilgailua abiarazteko arazoak izan ditzake, besteak beste.
  • Argiak: Oso garrantzitsuak dira ikusteko eta ikusia izateko.
  • Likidoak: Berrikusi eta/edo aldatu freno-likidoa, olioa, izotz-kontrako likidoa zein beira-garbigailuko likidoa.
  • Gomak, beira-garbigailuaren funtzionamendua eta atzeko beira termikoa.

Kilometro asko egiten badugu mendi-errepideetatik edo eremu oso hotzetako ibilbideetatik, elurra eta izotza arraroa ez den horietatik, Europako herrialde askotan nahitaezkoak diren neguko pneumatikoak zinez komenigarriak dira, urteko aldi horretan ziurrago gidatzeko.

  1. Informa zaitez errepideen egoeraz, eta aurretiaz planifikatu:

Bidaia bat egitea pentsatu baduzu, informa zaitez aurretiaz bideen egoeraz; hainbat web-orri kontsultatu dezakezu, hala nola Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarena edo RACCena edo trafikoa.net. 
Eguraldiaren iragarpena oso txarra bada, agian hobe izango da bidaia bertan behera uztea edo beste noizbait egitea. Hala ere, elurrak harrapatzen bazaitu, gogoan izan babes zibilaren gomendioak:

  •    Egon auto barruan.
  •    Izan ibilgailuko motorra piztuta, eta berogailua jarrita, eta ireki, noizean behin, leihatilak airea berriztatzeko.
  •   Ez zaitez lo gelditu.
  •    Egiaztatu ihes-hodiaren irteera libre dagoela, kea bidaiari-lekuan sar ez dadin.
  •    Sintonizatu irratia, horrela eguraldiaren iragarpenen, errepideen egoeraren eta ematen ari diren argibide ofizialen berri izango baituzu.

Neguan, gure geografian, elurretako kateek beti egon behar dute maletategian. Porturik igo behar ez badugu ere, bidaia batean ekaitz batek ustekabean harrapa gaitzake, eta blokeatuta utz gaitzake elurretako katerik ez badugu. Garrantzitsua da jartzen jakitea.

  1. Neguan ikusteak eta ikusia izateak duen garrantzia:

Urteko aldi honen arazo handienetako bat ikuspena da. Neguan argi-ordu gutxiago dago, eta horri euria, lainoa, izotza, lurruna eta antzeko fenomenoak gehitu behar zaizkio. Horregatik, honako aholkuak kontuan har ditzazun komeni da:

  •  Autoa abiarazi aurretik, kendu zure autoak sabaian, beiretan… izan ditzakeen elur-, izotz- edo lokatz-arrastoak. Gainera, garbitu, aldian-aldian, auto-garbiketako tunel batean.
  •  Garbitu faroak, zikinkeriak ez baitu argia igarotzen uzten. Eta ez ahaztu atzeko argiez edo eltxoez eta beste intsektuez.
  •   Aldatu faroetako lanparak. Bat bakarrik erretzen bada ere, aldatu biak. Kontuan izan modu simetrikoan lan egiten dutela.
  •  Desizoztu haizetakoa autoa abiarazi aurretik. Beharrezkoa bada, piztu atzeko beira termikoa.
  •  Saihestu hezetasuna: autoan ura sartzen bada, beirak azkar lurruntzen dira.
  •  Gogoan izan euriteekin edo elurteekin nahitaezkoa dela lainotako argiak erabiltzea.
  • Eta azkenik, arraroa gerta badaiteke ere, ez ahaztu zure eguzkitako betaurrekoak.  Neguan ere eguzkiak dirdira egin dezake -hotza egiten badu ere-, eta beherago egotean, udan baino gehiago itsutzen gaitu, eta ikuspena okertzen du.
  1. Gidatzeko aholkuak neguko baldintzetan:

Euria, haizea, lainoa, izotza, elurra. Askotarikoak dira neguan gidatzean aurki ditzakegun baldintzak. Nolanahi ere, baldintza zailak dira, eta gure aldetik arreta berezia eskatzen dute, gure gidatzeko modua errepidearen egoerari egokituz.

Bidaia luzeetan, geldialdi-kopurua handitzea komeni da, eta luzatzeak egiteko eta hidratatzeko baliatzea. Neguan gidatzeak tentsio handiagoa eragiten du, eta beraz, neke handiagoa; horrek gidariaren gaitasuna murrizten du.

Errepidea oso labainkorra bada, leuntasunez jardun bolantean, azeleragailuan eta frenoa erabiltzean. Errepidearen itsaspena txikitzen bada, abiadura moteldu behar da, eta martxa luzeagoetan gidatu, trakzionatzean galtzen den itsaspena txikiagoa baita. Errepidean elurra pilatzen denean, jarraitu beste ibilgailuek utzitako arrastoei itsaspen handiagoa ziurtatzeko. Autoak, elurraren gainean abiarazten denean, irrist egin ez dezan, funtsezkoa da poliki-poliki azeleratzea. Gurpilek irrist egiten badute, aldagailuan abiadura handiago bat aukeratu behar da, gurpiletan aplikatutako indarra txikitzeko.

Errepideak dirdira egiten badu, izotza egon daiteke! Toki laiotzetan arreta handia izan behar da -errepide-aldeetako tarte arboladunak-, horrelakoetan hezetasunak irauten baitu, baita izotzak ere. Eguneko lehen orduetan eta gauez, aukera handiagoa dago gure errepidean itsaspen txikiko tarteak aurkitzeko. Izotz-plaka batetik igarotzean, jaso leunki oina azeleragailutik, ez balaztatu, eta zuzendu bolantea autoko atzealdea doan alderantz. Ibilgailuak ABS badu, sistemak kontrolaren galera txikiagoa izan dadin jardungo du. Aurreko ardatzaren kontrola galtzen duzunean, itsaspena berreskuratzeko, moteldu abiadura oina azeleragailutik jasoz. Beharrezkoa bada, zapaldu frenoa arinki, gurpilak blokeatu gabe.

Elurte gogor baten ondorioz, geldirik geratuz gero, elurra kentzeko makinei bidea libre uzten saiatu behar da. Ez utzi ibilgailua, ziurtasunez aterpe baten berri ez badugu. Komeni da beti nahikoa erregai izatea, larrialdietan, berogailua piztuta izateko.

Azkenik, kontziente izan zure mugez, eta beste gidari batzuenez.

Neguko gidatzeari buruzko informazio gehiago:

Mutualiak % 50,66 handitu du 2016. urtean aitortutako Gizarte Laguntzari emandako diru-laguntzen zenbatekoa

Prestazio Berezien Batzordeak, enpresen eta sindikatuen ordezkaritza duen erakunde paritarioa da, eta Gizarte Laguntzako Erreserba kudeatzen du. Azken ekitaldian, gizarte-laguntzako 485 prestazio eman ditu, guztira 899.987 euroko zenbatekoarekin; % 47,87 handitu da aitortutako laguntzen kopurua, aurreko ekitaldikoen ondoan (328), eta 302.618 euro gehiago behar izan dira (% 50,66 gehiago).

Onuradunak Mutualiarekin elkartutako enpresetan zerbitzua ematen duten langileak izan dira, hala nola Mutualiarekin bat egin duten langile autonomoak, lanbide-kontingentziak estalita dituztenak, lan-istripuagatik edo laneko gaixotasunagatik egoera berezian edo beharrean zeudenak. Prestazio horien onuradun dira, halaber, haien senideak eta eskubidedunak.

Beraz, Erakundean desgaitasunagatiko laguntzak eta behar gehiago dituen taldearentzako laguntza ekonomikoak hobetzeko Mutualiak duen konpromisoa eta inplikazioa berresten dira, hala nola bizitza-baldintzak, haien osasuna, ongizatea eta haien senideena eta zaintzaileena arindu eta hobetuko dituzten behar eta gizarte-prestazio berriak antzemateko konpromisoa.

Ikus ditzagun 2016an aitortutako gizarte-laguntzari emandako prestazio motak eta zenbatekoak (irudia gaztelaniaz):

Zenbait gizarte-laguntza berri:

Aurten aitortutako laguntza berrien artean, honako hauek azpimarratuko ditugu:

a)    Programa Termala desgaitasun handia dutenentzat, haien harrera bereziagatik eta agertutako gogobetetze handiagatik. Asteburua bereziki egokitutako bainuetxean, desgaitasuna duten pertsona horientzat eta haien zaintzaileentzat, uraren sendatzeko propietateei esker eta haien egoera berean dauden pertsonekin jarduera ludikoak eginez, haien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

a)    Osakirol proiektua. Osasun- eta gizarteratze-programa bat da desgaitasun fisikoa, sentsoriala, fisiologikoa edo mentala duten pertsonentzat; programa horretan, taldean partekatutako jarduera fisiko egokituaren eta esfortzuaren fisiologiaren bitartez, berregokitze funtzionalari eta gizarteratzeari laguntzen zaio, osasunaren kontzeptu orokor batetik (errekuperazio fisikoa, psikikoa eta gizarte-harremanei dagokiena).

b)    Gizarte-prestazioa hildakoen seme-alabei, lan-istripuagatik edo laneko gaixotasunagatik zurztasun-pentsioen onuradun direnei aitortu zaiena, baldin eta bizi den gurasoa alarguntza-pentsioaren onuradun ezin izan denean, eta araudiak hori haiengan gehiagotzea utzi gabe. Behar bereziko egoera horietan, Prestazio Berezien Batzordeak urteko 5.000 euroko laguntza bat aitortzea onartu du, umezurtz bakoitzaren alde.

c)    Laguntzak langile autonomoentzat. Lan-istripuagatik edo laneko gaixotasunagatik baja medikoa hartzen dutenean, eta ondorioz, gastuak handitzen eta beren jarduerak ekarritako sarrerak txikitzen direnenean behar berezia duen talde hori ere arreta-gune izan da. Laguntza ekonomikoek behar horiei erantzuten diete, zenbait kasutan, aldi baterako ezintasunagatik, beren sarrerak txikitzen zaizkien besteren konturako langileen kasuan bezala.

Berehalako laguntzak larritasun bereziko laneko istripu/gaixotasunaren aurrean

Gizarte Laguntzaren eskaerak tramitatzen eta kudeatzen dituen Prestazio Ekonomikoen Arloko eta Osasun Arloko profesionalen arteko koordinazio handiagoak, batik bat kanpoko baliabideen aldetik eta sortu berri den Loturako Osasun Unitatearen ospitaleratzeen berehalako jakinarazpenei dagokienez, aukera eman digu behar ekonomikoak antzemateko, eta ezbehar larrietan sortzen diren berehalako gastuei kasu egiteko. Honako hauei buruz ari gara:

  • ospitaleratuta dauden pazienteen senideen joan-etorrien eta mantenuaren kostuak ordaintzea.
  • ospitaleko alta jaso ondoren, hasierako errekuperazioan, ibiltzeko, janzteko, jateko eta antzeko eguneroko bizitzako jarduerak egiteko behin-behineko ezintasunagatik agindutako etxeko laguntzarako diru-laguntzak.
  • senideen eta eskubidedunen tratamendu psikologikorako laguntzak.
  • arkitektura-oztopoak kentzea, ondorio iraunkorren eraginez mugimendu mugatua duten pertsonen mugikortasuna errazteko; horretarako, bainugelak eta ibilgailuak egokitzen dira, haietara errazago hel daitezen, haien bizi-kalitatea hobetuko duten altzari bereziak eta ibilgailu egokituak emanez.
  • prestakuntza handitzeko eta haiek berriz laneratzeko laguntzak.
 HONAKO URTEOTAN AITORTUTAKO PRESTAZIOEN XEHETASUNAK:

2015

2016

Kop.

Zenbatekoa

Kop.

Zenbatekoa

Arkitektura-oztopoak kentzea (etxebizitzan, atarian, bainugelan…)

10

18.514

7

25.253

Ibilgailuaren egokitzapena

1

3.105

3

10.632

Etxebizitzaren alokairua eta beste gastu batzuk (lesio larriagatiko aldi baterako ezintasunean)

1

5.042

4

16.463

Etxeko laguntza

10

13.559

20

37.403

Kirol-laguntzak (eskiatzeko aulkia, kirol-oina…)

6

17.895

7

20.018

Ibilgailu bereziak ( Scooterra, gurpil-aulkiak, konponketak eta osagarriak…)

13

20.783

8

5.761

Istripua izan eta ospitaleratutako pertsonen laguntzaileen joan-etorrietarako eta mantenurako gastuak

44

23.755

145

57.828

Altzari egokituak (Ohe artikulatua, erlaxazio-besaulkia…).

11

20.442

12

32.031

Protesi bereziak (kiroletakoak, estetikoak…)

3

9.263

Pentsiodunei zuzendutako laguntza ekonomikoak

51

125.433

43

103.353

Laguntzak heriotzagatik (ehorzketa-gastuak, umezurtzak eta beste egoera batzuk)

36

83.278

38

121.050

Laguntzak ikasteko (berriz laneratzea eta pertsona desgaituen edo pentsiodunen seme-alabentzat)

75

147.187

95

284.557

Beste familia-laguntza batzuk (trataera psikologikoa, gidatzeko ikastaroa…)

3

3.852

6

9.985

Laguntza programa termalerako, baliaezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handi duten pentsiodunentzat

28

30.506

Langabeentzako ABE laguntza

59

100.250

47

79.000

Laguntza ekonomikoa aldi beterako ezintasunean (behar bereziko egoera)

8

14.274

19

56.885

GUZTIRA

328

597.369

485

899.987

 

Mutualiaren web-orrian Gizarte Laguntzen Prestazioen katalogoari buruzko informazio gehiago dugu, eta Prestazio ekonomikoen Ataleko gizarte-langileak, laguntzak antzematen eta kudeatzen adituak, onuradunen lekuan jarriko dira, beharrezko diren eskaerak errazteko.

Autonomo sozietarioak tarifa lauaren onuradun izatearen aldeko epaiak.

Duela gutxi hainbat epai judizial atera da argitara, jurisprudentzia ezartzen ari litezkeenak, azkenean, autonomo sozietarioek 50 euroko tarifa lauaren onuradun izateko aukera izan dezaten; eta ez hori bakarrik, baita Gizarte Segurantzari auzia jartzeko aukera ematen diete ere, 2013ko otsailaren 24aren ondorengo altatik atzeraeraginezko ondorioekin, urte horietan sobera ordaindu dituzten kuotak itzultzeko eskatuz.

Albistea Galiziako Justizia Auzitegiko 327/2015 eta 211/2015 epaien ondoren etorri da; epai horiek, Lugoko Enpresaburuen Konfederazioaren (CEL) alde erakunde hark aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren alde egin zuten eta enpresa berri bateko kideek Gizarte Segurantzako hobariak izateko duten eskubidea dutela defendatzen dute; hobari horiek ekintzailetza bultzatzen dute eta ekintzaileei laguntzeko eta enpleguaren sorrera eta hazkundea suspertzeko neurriei buruzko uztailaren 26ko 11/2013 Legean jasota daude.

Auzitegiak, CELen alde epaitzean, «arauaren espiritua eta xedea»ren alde egiten du, «helburutzat, autoenpleguaren bitartez, gazteen langabezia murriztea» duena.

Aldeko erabaki horri Madrilgo Justizia Auzitegiarena gehitu behar zaio; 52/2015ko ebazpena izan zuen beste epai batean, errekurtso-jartzaileak ekintzaileari laguntzeko neurri gisa aurreikusitako onurak jasotzeko zuen eskubidea aitortzen zuen, aipatu dugun Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren araudiaren arabera.

Aldeko bi epaien ondorioz auzi-jartzaileei Gizarte Segurantzaren araudia aplikatu beharko zaie, eta 2013ko otsailaren 24aren ondoren alta emandako autonomo sozietarioei 3.700 eurora bitarteko erreklamazioa egiteko bidea ematen die. Ildo horretan, Lugoko Enpresa Konfederazioak ulertzen du epaiak interpretatzeko irizpidea «baliozkoa dela 11/2013 Legearen 29. eta 30. artikuluetan 30 urtetik gorako autonomoei ezarritako murriztapenentzat».

Oraindik goiz da autonomo sozietarioek tarifa lauaren onuradun izaterik izango duten ziurtatzeko, epai horiek, CELek jakinarazten duen bezala, eraginkortasun zuzena erreklamatzaileengan bakarrik baitute, nahiz eta beste ekintzaile batzuentzat oinarri izan.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak jakinarazi du ez dagoela indarrean inongo araudi berririk, eta beraz, autonomo sozietarioek, hasiera batean, ezingo diotela tarifa lauaren murriztapenari heldu.

Epai horiek argitara ateratzea ez da nahikoa legea aldatzeko, eta Administrazioak ez ditu bere egiten, autonomo sozietarioari, sistematikoki, enplegua sortzeko eta ekintzailetza sustatzeko sortutako tarifa lauaren hobariak ukatzen jarraitzen baitu.

Nahiz eta Gizarte Segurantzaren gaiari buruzko jarrera irmoa den, Justiziak erabaki du Estatuko Administrazioak hobariak eta murriztapenak autonomo sozietarioari ere aplikatu behar dizkiola; izan ere, gaur egun, ez baitago agerian legean eta Administrazioan inongo baztertzerik dagoenik, autonomo sozietarioa hobari horiek behar dituzten enpresa txikietan ohiko forma juridikotzat hartzeko.

Autonomo sozietarioak tarifa laua eduki ahal izatea interes kolektiboko gai bat da, eta enpresa-talde desberdinek ekintzaileak animatzen dituzte hobariari heltzeko eskubidea eska dezaten.

Laguntza Termal irisgarriko programako 2. taldea

Astelehenean, ASTURIAS aldera abiatu zen LAGUNTZA TERMAL IRISGARRIKO PROGRAMAKO 2. taldea. Programan, lan-istripu edo gaixotasun profesional baten ondorioz ezintasun handiko edo ezintasun iraunkor eta erabatekoa aitortuta daukaten 15 pertsonak hartuko dute parte, bai eta beraien zaintzaile eta laguntzaileek ere.

26 pertsonak osatutako lehenengo taldeak Mutualiako Prestazio Berezien Batzordearen ekimen honetaz gozatzeko aukera izan zuten, Asturiasko Hotel-Bainuetxe egokitu batera joateko asteburuko programa batean. Orain, 31 pertsonak osatutako bigarren taldearekin, egonaldia zazpi egunera luzatu dugu, eta leku berean egingo da.

Programaren xedea gaitasun fisikoa mantentzea da, ur termalek desgaitasunen tratamendurako dituzten onurak aprobetxatuz, baita osasunerako beste hainbat onura lortzeko ere. Halaber, giro lasaian, jarduera hau gizarteratze eta normalizaziorako prozesua ahalbidetzeko aprobetxatzen da, inguru irisgarrietan taldeko jarduerak eginez: bisita gidatu antzeztuak Oviedon, ibilbide irisgarriak Gijónen, Avilésen eta meatzaritza museo batean, paseoak bide berdeetan, taldeko jolasak eta blog baten argitalpenean parte hartzea, besteak beste.

Gogorarazten dugu Mutualiako Gizarte Laguntzak bertako babesa duten pertsonei zuzenduta daudela, betiere, lan-istripua edo gaixotasun profesionala jasan badute, eta, horren ondorioz, Gizarte Segurantzako prestazioek artatu ezin duten behar bereziko egoeran badaude.

Gizarte-laguntzen katalogoari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, gure webgunea kontsultatu dezakezu.

Kotizazio-oinarria aldatzeko zerbitzu berria norberaren konturako langileentzako edo autonomoentzako

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak RED sistemak eskaintzen dituen funtzionaltasunak areagotu ditu; hots, on line transakzio berri bat diseinatu du Langile Autonomoen Araubide Berezian (aurrerantzean LAAB) kotizazio-oinarria aldatzea eskatu ahal izateko, Gizarte Segurantzaren administrazioetara joan beharrik izan gabe. Funtzionaltasun berri hori langileok sar daitezkeen RED zerbitzuen barruan jasoko da, Gizarte Segurantzaren webgunean. Funtzionaltasun berrira sartu ahal izateko, RED sistemak behar bezala baimenduta egoteaz gain, baimendunak LAABen kotizazio-oinarria aldatu nahi zaion langilearen afiliazio-zenbakia esleituta izan beharko du. Hemendik sartu beharko da zerbitzu berrira: «RED zerbitzuak / Benetako Online Inskripzioa eta Afiliazioa / Langile Autonomoen Araubide Berezia». Honako izapide hauek egin ahal izango dira:

– Kotizazio-oinarria aldatzea eskatzea.

– Kotizazio-oinarria automatikoki errebalorizatzea eskatzea.

– Kotizazio-oinarria aldatzeko eskaera deuseztatzea.

– Kotizazio-basea automatikoki errebalorizatzea deuseztatzea.

Gainera, eskuliburu bat egongo da erabiltzaile guztien esku, labur eta erraz azalduta zer pauso eman behar dituzten RED sistemako erabiltzaileek LAABen transakzio berri hau erabiltzeko.

Judoa Sentsazio-sorta handia

Judoak gihar-multzo guztiak lantzen laguntzen du

Judoa Euskal Autonomia Erkidegoan oso errotuta dagoen kirol bat da, eta Euskal Federazioak hainbat lehiaketa antolatzen du, eta hura praktikatzea bultzatzen du, onura asko baitakartza. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, oraingoan, Euskal Autonomia Erkidegoan joan den mendearen erdian sartu zen modalitate baten abantailez arituko gara. Nola Bizkaian hala Gipuzkoan, 1960 inguruan jadanik, Nazioko Txapelketak egiten ziren, eta 1971n, egungo Donostiako Josean Gasca kiroldegian, Espainiako Txapelketa Absolutua jokatu zen. Judoan aitzindari izan zirenen lan didaktiko handiak gimnasioak praktikatzailez bete zituen. Judoak, batez ere, koordinazioa, oreka eta malgutasuna lantzen ditu. Frogatuta dago kirol hori praktikatzeak gure organismoko muskulu-talde guztiak lantzen laguntzen duela. Eta hezurrak gehiago haztea eta artikulazioak sendotzea ahalbidetzen du, eta aldi berean, gorputzaren erresistentzia ematen die, neke posiblearen aurrean. Gainera, judoak sentsazio- eta pertzepzio-sorta itzela eskaintzen dizkie haurrei, eta horrek haien egokitzapena hobetzen du. Era berean, kidearekin sortzen den harremanaren bitartez, hura errespetatzen, harengan fidatzen ikasten da, hala nola egokitzen, elkarlanean aritzen, amore ematen eta eusten, beren ekintzen erantzukizuna hartzen eta aurkakoaren lekuan jartzen. Hortik sentsazio-mukuru hori.

Gazteenek, judoa praktikatzean, ukitze fisikoarekiko beldurra galtzen dute, beren gorputza ezagutzen dute, eta haien gorputz-gaitasunek gora egiten dute. Hau da, gorputza darabilte adierazpide, mugimenezko behar instintiboa gogobetetzen du, konfiantza hartzen dute berengan, antsietatea murrizten dute entrenamenduaren bidez, arauetara egokitzen dira, kontzentrazioak gora egiten du, sormena pizten dute, tolerantzia eta frustrazioa hobetzen dute, esfortzua baliotzat hartzen dute eta autokontrola handitzen dute. Horregatik guztiagatik, judoa, ikuspegi psikiko batetik, sekulako eskola da arretarako, kontzentraziorako eta gogoetarako; norberarekiko aipatutako errespetua lantzen da, eta hedaduraz, besteekikoa. Psikikoki, jarduera ezin hobea da pertsona lotsatienentzat, harreman estua baitakar berekin, eta ausartenentzat, ihesbide oso garrantzitsua baita.

Atal honetatik, nabarmendu behar dugu judoa praktikatzea egokia dela diren bezalakoak onartzeko ezintasunak eragindako gatazka emozionalak dituzten pertsona horientzat. Judoak ez du bakarrik norberarengan konfiantza handitzen, segurtasun handiagoa eta umore hobea izaten ere laguntzen du. Giza adierazpenari laguntzen dio, eta horregatik, beren barneko sentimenduak kanporatzeko arazoak izan dituztenek, judoan, goian aipatutako ihesbidea aurki dezakete, eta judoaren bitartez beren emozioak modu konstruktiboan proiekta ditzakete; gainera, ukitze fisikoak ere onurak dakartza, berebizikoa barnekoienentzat eta lotsatienentzat. Judoak autokontrola eta kontzentrazioa irakasten ditu, pertsona bat modu egonkorrean gara dadin oso garrantzitsuak diren bi bertute. Kirol horren teknikak bere eginez, praktikatzen duenak malguago izaten ikasten du, eta aldi berean, egoera zailetan bere burua kontrolatzeko gaitasuna lortzen du. Judoak gaitasun psikomotorra optimizatzen du. Bere gorputzaren gaitasunen jabe dena oreka bat izateko gai da, ez bakarrik maila fisikoan, baizik eta maila espiritualean eta mentalean ere. Hori aparteko eragingarria da nork bere buruarengan konfiantza hobetzeko. Gainera, judoan, lurrera erortzen ohitzen da. Kirol horretan, jardueraren izaeragatik, erorketak etengabeak dira, eta beraz, haurrek modu egokian nola erori ikasten dute; horrek ustekabeko lesio asko saihesten lagunduko die, bai orainean bai etorkizunean. Borroka-arteak, adibidez judoa, diziplina eta laguntasuna oso presente duten kirolak dira, eta pertsona bakoitza hobetzen laguntzen dute.

Aitatasun-baimenaren iraupena bikoiztu egin da

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera aita izan ziren langileek 4 asteko baimenaz gozatu ahal izango dute aitatasunagatik. Urtero, 240.000 langile baino gehiagoko batez besteko batek heldu dio prestazio horri.

Orain artean, aitek 15 eguneko atsedenaz gozatu ahal izan dute (13 egun gehi 2 Langileen Estatutuagatik). Gaurtik baimena 28 egunera handituko da.

Aitatasun-prestazioa amarenarekiko independentea, da eta amatasunaren gozamen partekatuarekin bateragarria, baldin eta amak utzitakoa baita.

Sorospenaren zenbatekoa gertakari arruntek eragindako aldi baterako ezintasunaren prestazioaren oinarri arautzailearen % 100 da, amatasun-prestazioa bezala.

Cooperación Verdades, mentiras y vivencias de una ¿utopía?

Urtean zehar entzun dugun bezala, bertan lan egiten dugun langileok kudeatzen dugu Mutualia, eta gure nortasuna da gure eguneroko lana markatzen duena.

Gutako asko lan-esparrutik kanpo ere aritzen gara laguntzen, eskuzabaltasunez, eta hori bai dela aipagarria, helburu bakarra gehien behar duten pertsonei laguntzea baita.

Abenduan zehar, pixka bat gertuagotik ezagutu ahal izan dugu boluntariotza eta/edo elkarlana zer den. Zehazki, Jose Luis Paulin lankidearen eskutik. Izan ere, Paulinek urteak daramatza gobernuz kanpoko Mundubat erakundearekin elkarlanean, eta bere bizipenak kontatu zizkigun, Pakea Klinikan emandako hitzaldian.

Esperientzia horietako batzuk argitaratu berri duen liburuan daude, eta irakurtzea gomendatzen dizuegu: Cooperación. Verdades, mentiras y vivencias de una ¿utopía?. Bertan, kooperazioaren esparruan nola sartu zen kontatzen digu, eta lankidetzaren abantailak eta desabantailak zein diren azaltzen.

Salmenten bidez lortutako irabazien % 100 gobernuz kanpoko Mundubat erakundeak Saharan daukan osasun-proiektura zuzenduko dute.

 

Gure erakundean eta zuenetan, Gabonek tripakadak izaten dituzte lagun: enpresa-afariak, afariak lagunekin, afariak senideekin,…, erosketak. Baina, hori horrela izanda ere, garai horrek beti izan du elkartasun-kutsua.

Gure erakundetik, joan den hilabete honetan, gure gizarte-jarduerak egoera ahulenean dauden kolektiboei begira egin ditugu, egun hauetan aukerarik ez duten haurrei begira, hain zuzen. Hainbat kanpainarekin elkarlanean aritu gara, adibidez, Gurutze Gorriak egindako «Beren eskubideak jokoan» kanpaina, eta gure hiru lurraldeetan egindako Gabonetako haur-jaiak; azken horien etekinak osorik izan dira minbizia duten haurren familien euskal elkarteentzat: ASPANOVAS, ASPANOGI eta ASPANAFOHA; hiru urte daramatzagu haiekin elkarlanean.

Parte hartu nahiko zenukete gure kanpainetakoren batean? Izango genuke zuek antolatutakoren batean parte hartzerik? Hala bada, ez izan zalantzarik, eta jar zaitez harremanetan Mutualia EIASen Gizarte Ekimenen eta Jardueren Taldearekin: Equipo-EIAS@mutualia.es

Gripea

Azken asteotan, negua eta hotza iristearekin batera, gripearen (edo influentzaren birusa) kasuak biderkatu egin dira Estatu osoan, ospitaleetako larrialdietako gelak kolapsatzeraino. Une honetan, epidemia-zifretara heldu da, 175 kasu baino gehiagorekin 100.000 biztanleko. Aurten, gripea iaz baino 6 aste lehenago heldu da. Gaixotasun biriko honek dozenaka heriotza eragiten ditu urtero, pertsona nagusiei, umeei eta gaixotasun kronikoak dituztenei (diabetesa, kardiopatiak, bronkitis kronikoa edota asma) sorrarazten dizkieten konplikazioen ondorioz.

Aurten, A Gripearen anduiak direla nabarmendu behar da; zehazki, bi andui: H3 eta H3N2. Bietako bat ere ez da duela zenbait urtetako A Gripe hura, denok hainbeste beldurtu gintuena; kasu hartan, gobernuak dosiak erosi zituen populazioaren zati handi batentzat, eta, azkenean, ez zen izan uste bezain hilgarria. Anduiaren izena gogoratzen ez dutenentzat, orduko hura H1N1 zen.

 

PREBENTZIOA

Urtero, influentzaren birusaren kontrako txertaketa-kanpainak egiten dira, batez ere, kutsatuz gero, konplikazioak izateko arriskua duten kolektiboei zuzenduta. Garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren hotzeria arruntaren eta gripearen arteko desberdintasunak, gaixotasun honen sintomak eta konplikazioak eraginkortasunez tratatzeko.

HOTZERIAREN ETA GRIPEAREN ARTEKO DESBERDINTASUNAK

Hotzeria arrunta ere gaixotasun birikoa da, baina bere sintomek gutxiago irauten dute, 3 eta 5 egun artean. Sintomek gutxitan ekartzen dute ondoez orokorrik eta sukarrik; soilik arnasaren arloko sintoma arinak, eztula eta mukiak.

Gripearen birusa oldarkorragoa da, eta, hotzeriaren sintomak areagotzeaz eta denboran luzatzeaz gain, sukarra, min muskularra eta zefalea ere agertzen dira.

AHOLKUAK

Kutsatu eta gaixotuz gero, zenbait aholku bete behar dira, beste pertsona batzuk ez kutsatzeko eta gure sintomak arintzeko:

–       Osasun arloko profesional batengana jo, medikamentuak erabili aurretik. Era berean, inoiz ez kontsumitu antibiotikorik, errezetarik gabe.

–       Ohean atseden hartu, sintomak arinduz joan arte.

–       Ur asko edan, organismoa garbitzeko eta deshidratazioa saihesteko.

–       Doministiku edo eztul egitean, sudurra eta ahoa estali, ez kutsatzeko; gainera, zorrotz jokatu behar da higienearekin.