Foro Mutualia:2018ko BONUS Kanpaina

Bertan landuko dugun gaia “BONUS”aren Errege-dekretu berria izango da: lan-ezbehar kopurua gutxitzeari ematen zaion Pizgarri Sistemaren Errege-dekretu berria eta BONUSWEB eskaera egiteko aplikazioa berria aurkeztuko dira.

PROGRAMA:  BONUSaren azken berriak eta BONUSWEB erreminta berria

  • Bonus sistemaren azalpena
    • Zer da Bonusa?
    • Zeinek jaso dezake Bonusa?
    • Zenbatekoa da Bonusa?
  • Nola eskatu? BONUSWEB aplikazio berriaren aurkezpena.
  • Galde-eskeak

Hizlariak:

Imanol Goirigolzarri 
Mutualiako Prestazio-Diru-bilketa zuzendaria
Diego Badosa 
Mutualiako Bonus Sistemaren arduraduna

 

Datak eta Lekuak

Data Lekua Izen 
2018/04/09 (Astelehena) Donostia  (Pakea) Formularioa-ematea
2018/04/10 (Asteartea) Gasteiz (H.A.R.)
2018/04/11 (Asteazkena) Bilbo (Bizkaia Aretoa)
2018/04/13 (Ostirala) Eibar (Markeskua Jauregia)
2018/04/17 (Asteartea) Irun (FICOBA)

 

Informazio gehiago jaso nahi baldin baduzu edo zalantzaren bat argitzeko, dudasbonus@mutualia.es emailera idatzi dezakezu, gure webguneko Bonus atala kontsultatu edo Mutualiako zure kudeatzaileari zuzendu zaitezke.

Kaleratze kolektiboan, haurdun dagoen emakumea ere kaleratu daiteke

Europako Justizia Auzitegiak, 2018ko otsailaren 22ko epaian, haurdun dauden emakume langileak (haurdun geratzen direnetik amatasun-baimenaren amaierara arte) kaleratzeko aukera jasotzen du, baldin eta kaleratze kolektibo baten barruan bada.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak arazo prejudizial gisa planteatutako kasuaren bidez, gai horren inguruan Europan dauden direktiben kontra doan edo ez zalantza ebazten da; zehazki direktiba hauen kontra: 92/85, haurdun dagoen langilearen segurtasunari eta osasunari buruzkoa, eta 98/59, kaleratze kolektiboei buruzkoa. Horretarako, Bankiako langile bat, haurdun zegoelarik, kaleratze kolektibo baten barruan kaleratzearen legezkotasuna baloratzen du.

Langileen Estatutuaren 51. artikuluan, kaleratze kolektiboari buruzkoa, jasotzen da kaleratze kolektiboaren aurretik kontsulta aldi bat egin behar dela langileen ordezkariekin, enpresan jarraitzeko lehentasun-irizpideak baloratzeko. Kasu honetan, hori egin ondoren, langilearen balorazioa baxuenetarikoa zen; hortaz, bidezkoa zen kontratua azkentzea.

Planteatutako kontuak 92/85 direktibaren 10. artikulua Espainiako araudira era egokian ekartzeari buruzkoak dira; kasu berezietan izan ezik, haurdun dauden langileak kaleratzea debekatzen baitu.

Enpresak langilearen egoeraren berri bazuela kontuan izanik, eta, beraz, Auzitegiak hipotetikoa ez den kasu bat duela kontuan izanik, eztabaidatuko den direktibaren artikuluak ezartzen du estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituztela haurdun dauden langileen kaleratzea debekatzeko, haren egoerari loturik ez dauden kasu berezietan izan ezik. Hala, enpresaburuak pertsonarekin loturik ez dauden arrazoiengatik langileak kaleratzeari dagokio Espainiako kaleratze kolektiboa; beraz, salbuespen hori ezarriz, emakumearen babesa errespetatzen da, eta, hala, planteatutako lehen arazoari erantzuna ematen zaio, eta enpresaburuak kaleratzea gauzatu ahalko du, kaleratze kolektiboaren arrazoi justifikagarri eta objektiboak soilik jakinarazita.

Era berean, ez da ezartzen enpresan jarraitzeko lehentasunik, ezta beste lanpostu batean jartzeko lehentasunik ere (kaleratze horren aurretik haurdun dauden langileei aplikatu ahal zaizkien neurriak). Hori negoziazio kolektiboaren bidez araututa dago beste kolektibo batzuetarako (adin jakin bateko langileak, familia-zama zehatzak, etab.). Horiek kaleratzeko aukera dago, baina salbuespenezko arrazoiak alegatu beharko dira. Hortaz, haurdun daudenek lehentasun hori izango dute baldin eta negoziazio kolektiboan jasota badago bakarrik, eta, planteatutako kasuan, araudi hori ez dago jasota.

Beraz, kaleratze kolektiboan, haurdun dagoen langile bat kaleratzea onartzen da, baldin eta ez bada haurdunaldiarekin loturiko arrazoiengatik eta enpresaburuak erabaki hori hartzeko arrazoiak baditu (zuzenbide nazionalean onartuak).

María Urizar. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Euskal errugbiaren osasuna, balioak eta aurrerapenak

Maiatzaren 11 eta 12an, European Rugby Champions Cup eta European Rugby Challenge Cup txapelketetako finalak jokatuko dira, Bilbon. San Mames estadioa errugbiaren munduko epizentro bihurtuko da, bertan jokatuko baitira partidak. Milaka zale espero dira, oso balio positiboak transmititzen dituen kirol horren tradizioa duten herrialde askotatik. Errugbia oso errotuta dago Euskal Herrian; lau euskal talde daude elitean (Gernika, Getxo, Ordizia eta Hernani); askoz gehiago Ohorezko B Mailan, eta beheko kategorietan, klub eta harrobiko jokalari ugari dago. Azken urteotan, kirolak hazkunde handia izan du, gero eta zale gehiago baititu eta gero eta jende gehiagok praktikatzen baitu. Eta maiatzeko finalek are gehiago lagunduko dute horretan. Errugbia talde-kirol ederra da, eta mundu osoko gizon-emakumeek eta haurrek jokatzen dute. Eta, gainera, gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Izan ere, 6 eta 60 urte bitarteko hiru milioi lagunek baino gehiagok praktikatzen dute balio gero eta ezagunagoak dituen kirol hau. Errugbian jokatzeko behar diren gaitasun eta berezitasun fisikoak askotarikoak direnez, errugbiak maila guztietan parte hartzeko aukera ematen die garaiera, tamaina, pisu eta gaitasun ezberdineko pertsonei. Euskal errugbiak talde-lana, kooperazioa, ahalegina eta taldekideen errespetua bultzatzen du. Lagunekiko harremanean ere eragina du kirol honek. Topaketen aurretik eta ondoren adiskidetasun handia dagoelako gertatzen da hori, nahiz eta partidan borroka eta kontaktu handia izan. Gaur egun, pixkanaka-pixkanaka galtzen ari dira kirol-gaitasun eta jarrera tradizional asko, baina errugbia harro dago jokabide etikoari eta kiroltasunari eusten dielako. Euskal errugbiaren familiak zale suharrak ditu, kirol honek taldeko parte izatearen sentipena eta emozioak eragiten baititu. Errugbiak eskaintzen duen espirituari esker, bizitza osorako lagunak osatzen dira. Adiskidetasuna eta lagunarekiko, aurkariarekiko eta arbitroarekiko leialtasuna funtsezkoa eta ohikoa da. Zuzentasuna oinarrizkoa da errugbiaren egituran, eta hori zintzotasunaren eta joko garbiaren bidez lortzen da. Halaber, diziplina ere funtsezkoa da joko honetan, jokalekuaren barruan nahiz kanpoan, eta hori legeak eta balioak betez islatzen da. Partiden ostean, «hirugarren zatia» jokatzen da, giro ludikoan, parte-hartzaileen sozializazioa sustatzeko, adiskidetasuna bultzatzeko eta lagunak egiteko, eta familiak jardueran eta klubean sartzeko. Euskal Herriko zelai guztietan egiten den hirugarren zati ezagun horren bidez, omenaldi moduko bat egiten zaio aurkako taldeari, aurkaririk gabe ezingo bailitzateke kirol noble honen laurogei minutuak jokatu ahal izango.

Kiroltasuna da kirol berezi honen ezaugarria, eta kiroltasun hori gure ingurunera ere iristen da. Errugbia kirol inklusiboa da, parte hartzen duen oro baita garrantzitsua taldean: garaia, txikia, indartsua, hain indartsua ez dena, gizena, argala, azkarra, motelagoa… Gure inguruan, gero eta haur gehiagok jokatzen du errugbian. Eta kirol-alderdia eta alderdi soziala uztartzen dituelako dute hain gogoko. Horrela, giro noblea sortzen da talde-kirol honetan, kontaktu handikoa eta, indarrari, potentziari, erresistentziari eta abiadurari dagokienez, asko eskatzen duena. Gainera, teknika, taktika eta estrategia izatea ere eskatzen du. Euskal Herrian oso errotuta dago errugbia, eta talde hauek ditugu, besteak beste: Getxo, Gernika, Ordizia, Hernani, Uribealdea, Bilbao, Durango, Bera Bera, Eibar, Zarautz eta Gaztedi. Laster helduko da haien festa. Eta Bilbon ospatuko da.

EKFB

Zure lanean arriskurik ez dela uste duzu?

Istripuak ez dira, nahitaez, espero ditugunean gertatzen.  Segurtasun-sentipen faltsu batek jendea arriskuei jaramon ez egitera eraman dezake. 2014tik hona, baja eragin duten laneko istripuen %50 baino gehiago zerbitzu-sektorean izan dira, nahiz eta hor arriskuak beste sektore batzuetan baino txikiagoak direla suposatzen den. Espainian, bulegoetan, urtean 43.000 istripu baino gehiago gertatzen dira. Horietako ia 1.500 larriak dira, eta gutxi batzuek heriotza ere eragiten dute.

Juan Carlos Luengo Rodriguez    Ezkutularrua.

Mutuliaren campus birtualeko «Lehen laguntza» online heziketa jarduera

Istripu bat edonoiz eta edonon gerta daiteke.

Jakingo zenuke nola jardun istripua izan duen langile batekin?

Egoera horietan, azkar eta zehatz jokatzea erabakigarria izan daiteke, laguntza medikoa iritsi arteko minutuetan egiten denak garrantzi handia baitu. Hala ere, askotan, langileak ez ditu larrialdi-egoeretan era egokienean jarduteko ezagutza espezifikoak.

Mutuliaren campus birtualeko «Lehen laguntza» online heziketa jarduerak, lehen laguntzarako irizpideak berrikusi, eta istripu ohikoenen arrisku-egoerak antzematen laguntzen du. Campuseko gainerako jarduerak bezala, doan da. Informazio gehiago nahi baduzu, sakatu hemen

Jardunean jarraitzen duen autonomoak erretiro-pentsioaren % 100 jasotzeko, besteren konturako langile bat kontratatu beharra dago.

Beharrezkoa al da enplegatutako langileak lotura izatea autonomoak egindako jarduerarekin?

 

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 214. artikuluak aldaketa handiak izan ditu Lan Autonomoaren Premiazko Erreformei buruzko 6/2017 Lege berriaren ondorioz. Funtsean erreforma horri esker jarduneko langile autonomo bat, aldi berean ordaindutakoaren araberako erretiro-pentsioa jasotzen duena, pentsioaren % 50 jasotzetik % 100 jasotzera igaro daiteke besteren konturako langile bat kontratatuta badu edo kontratatzen badu.

Erreforma horrek zalantza ugari eragin ditu. Haietako bat da ea enplegatutako langileak loturarik izan behar duen autonomoak egiten duen jarduerarekin edo aski den autonomoaren eta langilearen arteko lan-loturarik egotea. Legea argitaratu zenean, itxura guztien arabera eskakizuna zen autonomoak oraindik egiten zuen jarduera ekonomiko edo profesionalari lotutako zerbitzuak eman behar zituela kontratatuak, baina horren aurkakoa adierazi du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala Antolatzeko Zuzendariordetza Nagusiak 26/2017 kudeaketa-irizpidean, etxeko langileen kolektiboa kontratatzeko kasu zehatza hizpide hartuta.

Etxeko langileei dagokienez, izaera bereziko lan-harremana dugu esku artean (LEren 2.1.b), arau espezifikoaren arabera zuzentzen dena, hau da, azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (familia-etxeko zerbitzuaren izaera bereziko lan-harremana arautzen duena). Harreman berezi horren ondorioz enpresaburua hala da «etxeko enplegatzaile» modura, eta langilea, berriz, «etxeko langile» gisa. Etxeko langilea ez dute autonomo gisa kontratatzen, etxeko titular gisa baizik, eta langileak ez dizkio zerbitzuak enplegatzaileari esparru profesionalean ematen, etxe eta familiako eremuan baizik.

Horregatik, zalantzazkoa zen autonomo aktiboak etxeko langile bat kontratatzeaz baliatu ahal izatea erretiro osoa jasotzeko, baina GSINek halako kontratuak onartzearen alde eginez argitu du zalantza hori, kontratu horiek kontratatutako langilea Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera sartzea baitakarte, Etxeko Langileen Sistema Berezian bada ere.

Horri gehitzen badiogu Legez ez dela beharrezkoa kontratatua araubide mugagabean eta lanaldi osoan egotea, ondorioztatu ahal dugu ondorio horietarako langilea araubide orokorrean besteren konturako langile gisa alta emanda egotea dela garrantzitsuena GSINrentzat, eta ez horrenbeste lan-harremanaren beraren eduki espezifikoa.

Azaldutako beste kontu bat da neurri hori autonomo sozietario deitu ohi direnei hedatzen zaien, hau da, jarduera ekonomiko edo profesionala kapital-sozietate baten erabilera instrumentalaren bidez egiten duten haiei.

Autonomoek, norberaren konturako jarduera egiten duten bitartean, ordaindutakoaren araberako erretiroa, besteren konturako langile bat eduki edo kontratatzeagatik, osorik kobratzeko duten aukera hori autonomo sozietarioei hedatuko zaienik ez dirudi, ordea. Horren zergatia agerikoa da: banako autonomoak ez du mendeko langilea kontratatzen, partaidetza edo akziodun bazkidea den merkataritza-sozietateak baizik. Lan-kontratuaren lotura enpresa sozietarioaren eta langilearen artean gertatzen da, ez banako autonomoaren eta langilearen artean, eta hori jarduera ekonomikoa edo profesionala instrumentu sozietario baten bidez egitea aukeratzeak nortasun juridikoa sozietateari transferitzea dakarrelako, besterik gabe.

 

Iñaki Esnal

Aholkularitza Juridikoa

GSIN Iritzia (PDF)