ENPRESEN ZIGOR ARRISKUEN MAPAK BERRIKUSTEKO PREMIA

Zigor Kodearen erreforma berriak, otsailaren 20ko 1/2019 Lege Organikoaren bitartez onetsi eta martxoaren 13an indarrean jarri denak, zabaldu egin du pertsona juridikoen erantzukizun izan litezkeen delituen zerrenda; europar zuzentarauen transposizioaren ondorio da hori, izan ere, horien bitartez behartzen da Espainia, pertsona juridikoek delitu berrietan duten zigor erantzukizuna onartzera.

Berritasun nagusiak delitu hauei buruzkoak dira:

Organoen trafikoa (ZK 156 bis art.). Ohiko jokabideen mugaketa argiagoa da, larritu egin dira zigorrak gaitzespen bereziko hipotesietan, eta esplizitatu egin dira erakundearen edo talde kriminalen jardunaren hipotesiak, gizakien salerosketaren delituei egiten zaien tratamenduaren antzera; gainera, nazioartean berriro erortzearen astungarria ere sartzen da.

Merkatuari eta kontsumitzaileei buruzko delituen atalaren barruan, 284. eta 284. artikuluetan dagoenekozigortzen ziren informazio pribilegiatuaren eta merkatuaren manipulazioaren jokabide zehatzak, baina oraingoan hiru manamendu berri txertatu dira:

  • ZK 285 bis artikuluan delitu gisa tipifikatuta dago informazio pribilegiatua duenak hura ezagutaraztea eta bere lanaren, lanbidearen edo funtzioen jardun normaletik kanpo agertzea, arriskuan jarriz merkatuaren integritatea edo inbertitzaileen konfiantza. Era berean, merkatu azterketa batean informazio pribilegiatua ezagutaraztea ere txertatzen da, baldin eta merkatuen eta finantza tresnen alorrean europar araudiak aurreikusten dituen betebeharrei erreparatu gabe egiten bada.
  • ZK 285 ter artikuluak kontzeptuzko edukiak (finantza tresnak, kontratuak, jokabideak, eragiketak eta aurreikusitako aginduak) merkatuaren eta finantza tresnen alorreko europar eta espainiar araudira igortzen ditu.
  • ZK 285 quater artikuluak berariaz adierazten du aurreko delituen proposamen, konspirazio eta probokazio ekintzen zigorra.

Korrupzioa negozioetan (286 bis art. 1. atal.)

Mota horren barruan sartzen da etekin edo abantaila justifikatu gabea “lortzeko eskaintza edo promesa”, salgaiak modu bidegabean erosteko edo saltzeko edo zerbitzuak kontratatzeko beste baten alde egitearen ordainetan.

Herri Ogasunaren kontrako delituak (ZK 305. eta 308. art.) 

Aldatu egiten da Europar Batasuneko Ogasunaren kontrako zigor haustetzat hartzeko iruzur egindako kuota, eta egokitu egin dira dagozkion artikuluak; hala, delitutzat hartzeko iruzur egindako kuotaren zenbatekoa 50.000 €-koa izatetik 100.000 €-koa izatera aldatu da (zerga delituen ohiko kasuetarako, 120.000 €-an utzi da atalasea).

Indarrean den dirulaguntzen iruzur delituaren helburua zabaldu egin da, eta Europar Batasunak ematen dituen laguntzak edozein Herri Administrazioren laguntzekin parekatu dira; era berean, araudi bateratua ezarri da laguntza publikoen iruzurren esparruan, 120.000 eurotik 100.000 eurora murriztuz delitu atalasea.

Diruaren faltsifikazioa (ZK 386. eta 387. art.)

Zabaldu egin da pertsona juridikoei ezar dakiekeen zigorren aukera, pertsona horiek delitu mota horien erantzule penalak direnean.

Hobetu egin da ZK 387. artikuluaren erredakzioa diruaren zigor babesa dirua ofizialki zirkulazioan jarri aurreko faseetara aurreratzen den kasuetarako.

Zabaldu egin da euroaren eta atzerriko edozein diruren zigor babesa, faltsifikazioak Europar Batasuneko mugei eragiten dienean oro har –aurretik, lurralde nazionalari baino ez zion eragiten babes horrek–.

Eroskeria eta bidegabeko eralgitzea (ZK 423. eta 427. art.)

Zabaldu egin da eroskeria eta bidegabeko eralgitze delituetan kontuan hartu beharreko funtzionario publikoaren kontzeptua. ZK 427. artikuluan d) atal berria erantsi da, zeinean adierazten den funtzionario publikoa dela Europar Batasunaren edo hirugarren herrialdeen finantza interesen kudeaketan diharduena edo interes horiei buruzko erabakiak hartzen dituena.

Berariaz ezarri da pertsona juridikoen erantzukizuna eralgitze delitu guztietarako (ZK 425.5. art.), eta, ondorioz, zabaldu egin da pertsona juridikoa erantzule izan litekeen delituen katalogoa. Hemendik aurrera zigortu ahalko dira administrazio desleialagatik edo ondare publikoaren bidegabeko jabetzeagatik, agintaritzak edo funtzionarioak erakunde publikoen kontularitza faltsutzeagatik edo bidegabeko eralgitzeagatik.

Terrorismoaren kontrako borroka (ZK 572. art. eta hurrengoak)

Pertsona juridikoen zigor erantzukizuna terrorismoko edozein delitu motatara zabaldu da (ZK 580 bis artikulu berria), zeina orain arte terrorismoaren finantzaketa delituetarako baino ez zen aurreikusten. Horren ondorioz, pertsona juridikoak erantzule izan litezke beren baitan delitu hauek egiten badituzte: terrorismoa, ekitaldi terroristekin bat egitea, doktrinatzea, terrorismoa goratzea, gorestea edo horretara bultzatzea. Horren ondorioz, berrikusi egin behar dira delitu hori egiteko aurreikusten diren gaur egungo arriskuen ebaluazioak.

Goreneko zigorrak jaso egin dira eta gaitasungabetzea berezia izatetik erabatekoa izatera igaro da zigorrak irauten duen denbora guztian (ZK 572. art.). Era berean, terrorismoko delituen artean sartu da agirien faltsutasuna, orain arte aurreikusi gabea, eta terrorismo helburuekin egiten den bidaiari dagokionez, ezabatu egin da bidaiaren helburua terroristek kontrolatutako lurralde bat izan beharraren eskakizuna (ZK 575.3. art.).

Lege erreformak agerian jartzen du zabaldu egin dela legez pertsona juridikoen zigor erantzukizun esparrua eta gogortu egin direla zigorrak; beraz, ezinbestekoa da enpresek zigor compliancekoprogramak ezartzea, bai erakundeen bai bertako administratzaileen, zuzendaritza organoen edo langileen erantzukizunen prebentzioari, karga arintzeari edo ahultzeari begira.

Susana Castaños del Molino

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze korporatiboko Zuzendaria

ELKARRIZKETA, BARTOLOMÉ ARISTEGUI MAIRAL BIZKAIKO GRADUATU SOZIALEN ELKARGO OFIZIALAREN LEHENDAKARIARI

Zer funtzio betetzen du Bizkaiko Graduatu Sozialen Elkargoak?

Bizkaiko Graduatu Sozialen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, izaera profesionalekoa. Elkargoaren helburua da Graduatu Sozialen ordezkaritza egitea eta lanbidea babestea, eta orobat babestea elkargoko bazkideen interes profesionalak, gizartearen interesekin eta premia orokorrekin bat eginez.

Graduatu sozial gisa jarduteko derrigorrezkoa da elkargoko kide izatea.

Bizkaian, 250 elkargokide daude; enpresetan eskaintzen dituzte beren zerbitzuak, eta probintziako hainbat udalerritako bulegoetan ere aritzen dira, libreki.

Zer gai kudeatzen dituzte? Zein dira bezeroek gehien eskatzen dituztenak?

Graduatu Sozialak unibertsitate mailako prestakuntza duten profesionalak dira. Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean oinarritzen dira beren ikasketak, eta beraiek dira, hain zuzen, gai horretan espezialista diren unibertsitario bakarrak.

Kudeaketari dagokionez, labur-labur, enpresen eta bertako langileen arteko harremanekin zerikusia duen oro kudeatzen dugu: lan kontratuak egiten ditugu, lan harremanari eragiten dioten gertaera orori erantzuten diogu, hala nola nominak, kitapenak eta gizarte kotizazioak, Gizarte Segurantzari era guztietako prestazioak eskatzen dizkiogu (amatasuna, aitatasuna, ezintasun iraunkorra, alarguntasuna, zurztasuna, erretiroa…), eta kudeatzen dugu, halaber, beren kontura diharduten langileen edo Langile Autonomoen Erregimen Bereziarekin zerikusia duen oro, Gizarte Segurantzako beste erregimen bereziekin zerikusia duen oro (artistak, nekazariak…) eta langabeziagatik ordaindutako kontribuzio-prestazioekin edo dirulaguntzekin zerikusia duen oro.

Aholkularitzari edo kontsultoretzari dagokionez, gure espezialitatearekin zerikusia duten kontsulta guztiei erantzuten diegu, hau da, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidearekin zerikusia duen orori; esate baterako, lan kontratu batek edo nomina batek indarrean den legedia betetzen ote duen aztertzen dugu, eta bitartekaritza lana ere egiten dugu enpresen edo sektore baten hitzarmen kolektiboen negoziazioan.

Jurisdikzio sozialari dagokionez, operadore juridiko garen aldetik, gure bezeroen ordezkari gisa jarduten dugu; kaleratzeen kontrako erreklamazioetan demandak aurkezten ditugu; funtsezko eskubideak urratu direnean, erretiroak, etengabeko ezintasunak, alarguntasunak eskatzen ditugu, edo enpresa defendatzen dugu gizarte jurisdikzioaren aurrean, auzitara eramaten den prozedura guztietan.

Gure bezeroek erabateko zerbitzua eskatzen dute gure bulego eta aholkularitzetan, eta horren baitan sartzen da kudeaketa, aholkularitza eta interesen defentsa erakunde publikoen eta gizarte jurisdikzioaren aurrean, hala behar balitz.

Zer prestakuntza eta zerbitzu eskaintzen die elkargoko kideei?

Gure espezialitatearen esparrua, hau da, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea, zuzenbidearen eremu aldakorrena da; izan ere, etengabeko aldaketak egoten dira gizartearen eskaeren eta Gobernuaren kolore politikoaren arabera, eta horren ondorioz, etengabeko birziklatze profesionala egin behar dugu. Hortaz, prestakuntza funtsezkoa da, zerbitzu profesional egokia eman nahi izanez gero.

Horretarako, Elkargoak hitzaldiak, jardunaldiak eta prestakuntza ikastaroak antolatzen ditu aldaketa horien inguruan, eta baita aldaketa horiek gure lanbidearen jardunean duten ondorioen inguruan ere; era horretara, hobetu egiten da bezeroenganako gure zerbitzua.

Horren erakusgarri dira Errege Lege-dekretu bidez 2019ko martxoaren 7an eta 12an esparru soziolaboralean abian jarritako aldaketak.

Lanaren alorreko aholkularitzaren eta kudeaketaren barruan, nola heltzen diozue laneko arriskuen prebentzioaren gaiari?

Gure eskumeneko esparruan, hau da, gizarte jurisdikzioaren esparruan, ikuspegi globaletik heltzen diogu arriskuen prebentzioaren alorrari.

Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean espezializatuak garen profesionalak izanik, eta gure bezero diren enpresen interesen aholkularitzan, kudeaketan eta defentsan dugun prestakuntza eta esperientzia profesionala dela-eta, geu gara egokienak enpresa horiek gai horrekin zerikusia duten lege arau guztiak betetzen dituzten edo ez zehazten duten txostenak idazteko. Era berean, enpresarekin batera jardun dezakegu elkarlanean berdintasun planak osatzeko, sexu edo lan arrazoien ondoriozko jazarpenari buruzko enpresa protokoloak betetzeko eta arrisku psikosozialen prebentzio planak aplikatzeko.

Enpresak lege betebeharrak betetzen dituen aztertuko duten eta horiei buruzko txostenak egingo dituzten profesionalak edukitzea oso lasaigarria da enpresa horiek zuzentzen dituzten pertsonentzat, zigor eta gizarte mailako erantzukizun oro saihesten baitute horrela.

Kontuan hartu behar ditugu, halaber, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea indarrean sartzearen ondoriozko betebeharrak. Legearen arabera derrigorrezkoa da lizitaziora aurkezten diren enpresentzat, esleipendun izan ondoren, lan ikuskaritzak egitea, legea betetzen ote duten ikusteko. Halaber, enpresa jakin batzuk derrigortuta daude, kudeaketa txostenarekin batera, “informazio ez-finantzarioaren egoera” aurkeztera –aurten lehen aldiz–. Hor sartu behar da langileen bilakaera, emaitzak eta egoera ulertzeko beharrezkoa den informazio guztia, bai eta emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasunaren printzipioari laguntzeko hartutako neurriak ere, eta, orobat, ezintasunak dituzten pertsonak ez baztertzeko eta lan munduan sartzeko printzipioari laguntzeko hartutakoak. Halaber, emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasuna lanean eta okupazioan bermatzeko premiazko neurriak ere egon beharko dira; horrek finkatzen du, besteak beste, soldaten ikuskaritzak egiteko betebeharra.

Gure Elkargoa, gizarteak eskatzen duen zerbitzu profesionalen espezializazio hori aurreikusirik, orain dela zenbait urte unibertsitate mailako graduondoko ikastaroak bultzatzen hasi zen, eta horietan laguntzen du, bai Euskal Herriko Unibertsitatearekin bai Deustuko Unibertsitatearekin batera. Ikuskaritza soziolaboralari eta genero berdintasunari buruzkoak eta lan arloko aholkularitzari eta compliance soziolaboralari buruzkoak izaten dira ikastaro horiek.

Zer zeregin betetzen du Elkargoak operadore juridiko gisa?

Profesional gisa, langileen eta enpresen Ordezkaritza Teknikoa da gure zeregina, eta horien interesak babesten ditugu jurisdikzio sozialaren aurrean. Gure esku-hartzeak haien interesak babesten ditu, bai lehen auzialdian, Lan arloko epaitegietan, bai bigarren auzialdian, errekurtsoa jarriz gero, dagokion Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Zentzu horretan, jurisdikzio sozialaren esparruan doako justiziaren barruan gure esku-hartzea legez antolatzea, ez zaigu besterik gelditzen.

Osasuntsu al daude lan harremanak Bizkaian?

Oro har, baietz uste dut. Kontuan hartu behar dugu ekonomia-krisi larria pasa genuela eta horrek eragin sakona izan zuela enpleguan; lan harremanetan neurri malgutzaileak hartu ziren, eta horiek langileei egin zieten kalte. Krisi horretatik errekuperatu ondoren, logikoa da sindikatuek langileei kendutako eskubideak erreibindikatzea eta sektoreko edo enpresako hitzarmen kolektiboetan lan baldintzen hobekuntzak eta soldaten igoera negoziatzea.

Zein dira Elkargoaren etorkizuneko erronkak?

Bat baino gehiago ditugu, baina has gaitezen guretzat garrantzi gehien duenarekin: Graduatu Sozialak Lanaren eta Gizarte Segurantzaren alorrean aditu diren profesional juridiko gisa identifikatzea.

Graduatu Soziala ikuskatzaile soziolaboral gisa ezagutzera ematea; jarduera hori oso garrantzizkoa eta beharrezkoa da, enpresetan Lanaren eta Gizarte Segurantzaren alorreko legeak betetzen ote diren jakiteko.

Doako orientazio juridikoko zerbitzua eskaintzen jarraitzea lanaren eta gizarte segurantzaren alorrean, oso harrera ona izan baitu eta gero eta gehiago eskatzen baitute herritarrek.

Mintegi teknikoa: berri txarrak nola komunikatu

Datozen apirilaren 9an eta 10ean berri txarrak komunikatzeko mintegi teknikoa antolatu du Mutualiak. Hilaren 9an Gasteizen (Erabakimen Handiko Ospitalea) izango da eta 10ean Donostian (Pakea Klinika), 9:30etik 13:30era.

Berri txarrak jakinarazten direnean hartzen dituen pertsonaren ikuspuntua nabarmen eta negatiboki aldarazten dutenak dira.

Ez da erraza berri txarrak ematea. Nola eta noiz egin jakin behar da.

Arazo hori ezagututa, Mutualiak helburu argiekin antolatu du mintegi hau:

  • Komunikatzeko giro egokia sortzearen garrantzia ezagutzea.
  • Berri txarren sailkapena ezagutzea, baita horiek komunikatzeko mugak eta baldintzak ere.
  • Gure komunikazio-estiloa eta gainerako pertsonena ezagutzea.
  • Funtsezko teknikak bereiztea eta aplikatzen jakitea: enpatia, normalizazioa, legitimazioa, zalantzaren erabilera, ukazioari aurre egitea, etab.
  • Berri txarrek eragiten dituzten erreakzioak ezagutzea.
  • Hitzik gabeko komunikazioaren inpaktuaz hitz egitea.
  • Emozioak kudeatzen ikastea, norberarenak eta besteenak.

Josune Fernández Gómez psikologo eta Psikologiako doktorearen eskutik, hainbat gauza ikasiko ditugu: berri txar motak, eragiten dituzten erreakzio ohikoenak, informazioa ematearen ala ez ematearen eztabaida, noiz eman, familia eta pazientearen egoera funtsezkoak direla bitartekaritza eta dialogorako, aurkitzen diren egoera bereziak, eta abar.

Jardunaldia osatzeko, Juan Ramón Barrenak eta Xabier Manzanok, Gipuzkoa eta Arabako Gurutze Gorriko Erantzun Azkarreko Larrialdi taldeko kideek, beren esperientzia helaraziko digute.

Autonomoen aldi baterako ezintasuna: 61. egunetik aurrerako kotizazioa

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko den 28/2018 Errege Lege-dekretuak berritasun bat dakar, langile autonomoak bajan emandako 61. egunetik aurrera mutualitateek kontingentzia guztiengatik Gizarte Segurantzari kotizatu beharreko kopuruari dagokionez.

Auzi hori dela-eta kontsulta ugari jaso dira, berritasun horrek afiliazio-, kotizazio- eta bilketa-arloan dakartzan berritasunez jakiteko. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) aztertu egin ditu, eta jarraian agertzen dira zehatz-mehatz azalduta.

60 egunetik gora ABE egoeran (aldi baterako ezintasunean) ematen duten autonomoen kuotak mutualitateari eransteko prozedura honakoa izango da:

GSDNk mutualitateak kotizatu beharreko aldiak identifikatuko ditu, eta Kontu-hartzailetzak mutualitateari erantsiko dio kopuru hori.

Hortaz, autonomoari ez zaio Gizarte Segurantzan baja eman behar, eta ez da inolako eskaerarik egin behar. Diruzaintzak eta mutualitateak istripuaren edo gaixotasun arruntaren ondoriozko 61. egunetik gorako baja-aldiak identifikatuko dituzte, eta Diruzaintzak guri –mutualitateei– kargatuko dizkigu aldi horri dagozkion kotizazioak.

 Autonomoen bi kasu hauetan joango litzateke kotizazioa mutualitateen kontura:

1- 2018an, jarduera eteteagatiko babesa estalita zutenek, baldin eta abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege-dekretua indarrean sartu zen egunean aldi baterako ezintasun egoeran bazeuden, 60 egun igaro badira egoera horretan sartu zirenetik, urtarrilaren 1etik aurrera, kuoten ordainketak jaso ahal izango dituzte, kontingentzia guztiengatik. Horiek Gizarte Segurantzarekin kolaboratzen duen mutualitateak, erakunde kudeatzaileak edo, hala badagokio, Estatuko enpleguaren zerbitzu publikoak abonatuko ditu, jarduera eteteagatiko kuoten kargura.

2. 2018an, jarduera eteteagatiko babesa estali gabe zutenek, baldin eta abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege-dekretua indarrean sartu zen egunean aldi baterako ezintasun egoeran bazeuden, 60 egun igaro beharko dituzte egoera horretan, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, kuoten ordainketak jaso ahal izateko, kontingentzia guztiengatik. Horiek Gizarte Segurantzarekin kolaboratzen duen mutualitateak, erakunde kudeatzaileak edo, hala badagokio, Estatuko enpleguaren zerbitzu publikoak abonatuko ditu, jarduera eteteagatiko kuoten kargura.

GSDNk kasu horiek hauteman beharko ditu, dagokiona kendu beharko die autonomoei hileko kotizaziotik, eta aldea mutualitateari kargatu beharko dio.

Autonomoaren kotizazioa tarifa laukoa bada edo hobari-motaren bat badu, eta mutualitateak onura hori hartzen duen autonomo batengatik kotizatu behar badu, mutualitateak ez du onurarik jasoko egoera hori dela-eta, eta kotizazio-oinarriaren   kotizatu beharko du.

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO MARTXOA: OINARRIZKO SOLDATA ETA SOLDATA-OSAGARRIA

ESTATUKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN BIDEZ (OINARRIZKO SOLDATA GEHI SOLDATA-OSAGARRIA), URTERO JASOTZEN DEN ORDAINSARI GORDINAK LANBIDE ARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA (LGS) GAINDITZEN BADU, APARTEKO BI ORDAINSARIAK BARNEAN HARTUTA, BIDEZKOA AL DA OINARRIZKO SOLDATAREN ZENBATEKOA HANDITZEA, 2019KO LGSREN KOPURURAINO?

Egindako galderari erantzun ahal izateko, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren edukia eta lanbide arteko gutxieneko soldata 2019rako arautzen duen xedapenak dioena hartu behar ditugu aintzat.

Abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuak 1. artikuluan xedatzen duenez, “gutxieneko soldataren urteko kopuruan aplikatzeko, kontuan hartu beharko dira konpentsazioari eta xurgapenari buruzko arauak…”. Horrek 3. artikulura eramaten gaitu, hau xedatzen baitu konpentsazioari eta xurgapenari buruz: “lanbide arteko gutxieneko soldataren gehikuntza dela-eta, soldata profesionalen urteko kopuruko konpentsazioari eta xurgapenari dagokienez, honela jokatuko da:

  1. Errege-dekretu honetan ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren berrikuspenak ez du eraginik izango langile horiek jasotako soldata profesionalen egituran, ez eta zenbatekoan ere, soldata horiek osotara eta urteko kopuruan hartuta gutxieneko soldata hori gainditzen badute.

Horretarako, konparaziorako aintzat hartuko den urteko kopuruko gutxieneko soldata izango da errege-dekretu honetan finkatutako gutxieneko soldata gehi 2. artikuluan aipatutako sortzapenak. Dena dela, urteko zenbatekoa inoiz ez da izango 12.600 €-tik beherakoa.

  • Jasotako kopuru horiek konpentsatu ahal dira, errege-dekretu hau atera den egunean indarrean dauden legezko edo konbentziozko arauak, arbitraje-laudoak eta lan-kontratu indibidualak betez, langileek urteko kopuruan eta jardunaldi osoan kontzeptu guztiengatik jaso dituzten sarrerekin.”

Kontsulta-egileari dagokion hitzarmen kolektibora joz, soldata-taulen arabera, administrari laguntzailearen urteko soldata 12.203,06 € dira, 14 ordainketatan, eta horri polibalentziako gehigarria gaineratu behar zaio, hain zuzen, 678,02 € urtean. Horren sortzapena lehen aipatutako hitzarmen kolektiboaren 22. artikuluan dago araututa, honela xedatzen baita: “Administrarien IV. taldeko langileek, urteko polibalentziako gehigarria jasoko dute, oinarrizko soldatarekin erabiltzen diren irizpide berberekin berrikusiko dena… Gehigarri hori ordainduko da taldea osatzen dutenak ez diren eginkizunak eta kategoriak egiten direnean”.

Aplikatu ahal den hitzarmenaren 22. artikulua bat dator abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuaren 1. eta 3. artikuluekin, eta, beraz, esan daiteke konpentsazioa eta xurgapena aipatutako lege-xedapenetan jasotako eran egin behar dela, eta, hortaz, oinarrizko soldata ez dela igo behar 2019ko lanbide arteko gutxieneko soldataren kopururaino.

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

Martxoa 2019

MUTUALEX EPAIA 2019KO MARTXOA: KALERATZE OBJEKTIBOA

epaia

KALERATZE OBJEKTIBOA. JUSTIFIKATUTAKO ALDIZKAKO HUTSEGITEAK 4 HILABETEKO ALDIAN. DATA ZEHATZ BATETIK BESTE BATERA ZENBATZEA.

epaia

Auzitegi Gorenak (AG) doktrina bateratzeko 2019ko otsailaren 4an eman duen oraintsuko epaian (Errekurtso zk.: 1113/2017), zehatz lantzen du denbora aldetik nola hartu behar diren kontuan gaixotasunaren ondorioz lanean aldizka egindako hutsegite justifikatuak, etendako 4 hilabetez eta 12 hileko aldian eginak, Langileen Estatutuak (LE) 52. d) artikuluan finkatutako aplikazio-esparruan, manu horretan finkatutako arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze batean. Bestalde, erabaki beharko da hutsegite horien ehunekoa arauak finkatutako 4 hilabetetik beherako aldian inputatu behar den. Ondorioz, LEk 52. d) artikuluan aipatzen dituen aldizkako 4 hilabeteen zenbaketa data batetik bestera egin behar da, eta ez hilabete naturalak hartuta.

Instantziako epaiko frogatutako egitateen arabera, 2015eko egun hauetan (urtarril-abendua) demandatzailea ez zen lanera joan, ondo justifikatu ondoren, aldi baterako ezintasuna (ABE) zela-eta:

  • 2015eko otsailaren 3tik 11ra
  • 2015eko maiatzaren 21etik 22ra
  • 2015eko urriaren 21etik 26ra
  • 2015eko urriaren 28tik azaroaren 6ra

Hau da, egun baliodunen %25 baino gehiago, enpresak konputatutako aldian.

Enpresak kalera bota zuen, arrazoi objektiboak zirela-eta; horrek 2016ko urtarrilaren 29tik aurrera izan zuen eragina, eta legeak ezarritako kalte-ordaina jarri zuen enplegatuaren esku.

Auzialdiko epaitegiak atzera bota zuen kaleratzeko demanda, eta adierazi zuen enpresaren erabakia zuzenbidearen araberakoa zela, Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenaren (JAG) aurreko erabakiei jarraituz, kontuan hartuta –hor adierazten denez–, hilabeteak data batetik bestera zenbatuta ere, 2010-12-09ko AGEk finkatutako eran (842/2010 dbke.), urte baten barruan hutsegiteen kopurua %25etik gorakoa bada –kasu honetan %25,92 da–-, berdin diola 4 hilabete horietatik –kasu honetan 3– beherako denboraldi batean izatea.

2017-01-19an, Kataluniako JAGk berretsi egin zuen kasazio-errekurtsoa jarritako instantziako erabakia, doktrina bateratzeko.

Azkenean doktrina zuzena betetzen zuen 2015-10-23ko Gaztela-Mantxako JAGren kontrasteko epaian, hutsegiteak etendako 4 hilabete naturaletan proiektatu ziren, banaketa kronologiko honekin:

  • 2012-02-27tik 2012-03-02ra
  • 2012-06-10etik 2012-06-25era
  • 2012-06-15etik 2012-06-25era
  • 2012-06-27tik 2012-06-30era
  • 2012-09-20tik 2012-10-01era

Hala, 92 egun baliodun osatzen zituzten guztira, eta horien %25 baino gehiago.

Epaiak adierazi zuenez, kaleratzea bidegabea izan zen, zenbatzeko sisteman oinarrituta:“…ez da egokia data batetik bestera bitartean etenak diren 4 hilabete oso barnean sartutzat jotzea, enpresak kontuan hartzen duen ABEk eragindako lehen baja eguna 2012-02-27a baldin bada, data batetik bestera lehenengo hilabeteko zenbaketa 2012-03-26ra arte zabalduko litzateke; era berean, zenbatzeko bigarren hilabeteari dagokionez, ABEk eragindako hurrengo egoera 2012-06-10ekoa izanda, data batetik bestera bigarren hilabeteko zenbaketa 2012-07-09ra arte zabalduko litzateke. Horren ondoren, ABEk eragindako hurrengo egoera 2012-09-20koa izango litzateke, eta data batetik bestera zenbatzeko hilabetea 2012-10-19koa. Hala, enplegatzaileak kontuan hartutako hilabete etenak ez lirateke 4 izango, 3 baizik, eta ez litzateke beteko kaleratze objektiborako oinarria den lege-aurreikuspena, hau da, laneko hutsegiteak, justifikatuak baina aldizkakoak, 12 hilabeteren barruan, aldizka 4 hilabetez egun baliodunen %25 osatuz.”

AGk adierazi duenez, azaldu zaigun arazoa konpontzeko, nahitaez abiatu behar dugu haren 5/10/2005 epaitik (3648/2004 dbke.), hor oro har garatuta baitaude LEk 52 d) artikuluan aurreikusitako kaleratze objektiboetako oinarrizko elementuak. Artikulu horretan, absentziak mugatzeko bi epe edo sistema daude jasota:

 “…edo hutsegiteak egun baliodunen %20ra iristen dira etenik gabeko 2 hilabetetan, edo %25era 4 hilabete etenetan. Bi kasuetan, guztira osatzen diren epealdiak hartzen dira aintzat. 2 edo 4 hilabete dira orduan. Hori da araurako ezaugarri esanguratsua, eta hilabete bat bakarrik ez kontuan hartzea, eta epea bi hilabetetik laura luzatzeak hutsegite ugariak erregistratzeko helburua izatea, ehunekoa dagokion heinean gutxituta edo handituta. Banaketa desberdinak bi parametrori begiratzen die… 4 hilabeteei dagokienez, horiek aldizkakoak izango dira, 12ko aldian eta hutsegiteen bolumena %25era igoko da. Hain luzea izan gabe trinkoa den aldi bati ehuneko txikiagoa dagokio; luzeagoa eta, aldizkakoa izateagatik, zabalagoa den aldiari, berriz, %25ekoa dagokio.

Nabarmena da Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluak 2 edo 4 hilabeteko aldiak hartzen dituela aintzat, eta ehunekoak horiei egiten diela erreferentzia…”.

Errekurtsoa jarri zaion epaian aipatutako doktrina orokor horretan, Auzitegi Gorenak ohartarazten du inolaz ere ez dela egokia egun baliodunen %25a osatzen duten hutsegite justifikatuen zenbaketen kasuan ondoriotzat ateratzea hutsegite horiek arauan aurreikusitako 4 hilabeteak baino denbora laburragoan gerta daitezkeenik, alderantziz baizik.

Beste alde batetik, AGk errepikatu du aldizkako 4 hilabete horiek ez direla egutegiko hilabete gisa zenbatu behar, baizik eta kontrasteko epaiaren oinarri juridikoa den 2010/12/9ko AGEn (842/2010 dbke.) adierazi zen bezala, horren inguruko inolako aurreikuspenik ez izateak arazoa konpontzeko LEko 52 d) artikuluan jasotako xedetik eratorri daitekeen irizpidera jo beharrera mugatzen du. “… Hain zuzen, lanera ez joateak eragindako kaleratzeek, justifikatuak izanda ere, absentismoaren aurka borrokatzea dute helburu, absentismoak lan-harreman arruntean eragin negatibo nabarmena baitu, are gehiago enpresan oro har %5 baino handiagoa baldin bada; egoera hori zuzentzeko, neurriak hartu behar dira, traumatikoak izanda ere. Horregatik, hartu beharreko erabakia xede horrekiko adostasunik handiena duena izango da. Horrela, bada, egutegiko hilabeteen irizpidea onartuta… laneko hutsegite-egun jakin batzuk zenbaketatik kanpo geldi daitezke… baldin eta laneko hutsegiteak hilabete baten bukaerako eta hurrengoaren lehenengo egunetan gertatu badira; kasu horretan, azken horiek ez lirateke zenbatuko. Ondorio hori arauaren xedearen kontrakoa da zuzen-zuzenean. Horrenbestez, errekurtsoa jarritako epaiko irizpidea onartu beharko da –hilabeteak data batetik bestera zenbatzea, Kode Zibilaren 5. artikuluan agindutakoari jarraiki, eta arauaren xedearekin bat eginda–”.

Ondorio gisa, argi dago arauaren xedea denboraldi jakin batzuen barruan lortu behar dela, eta 4 hilabetean hedatutako hutsegite justifikatuei dagokienez, egun baliodunen %25 edo gehiago osatuz gero, data batetik bestera zenbatu behar dira, eta, gainera, beharrezkoa izango da 4 hilabete horiek zenbatu beharreko aldian sartzea, bestela ez bailitzateke beteko aldizkako bajek, ezaugarri horiek izan ditzaten, legegileak aurreikusitako berariazko denbora tartean aztertzeko baldintza; denbora-tarte hori ez da txikiagoa izango, bestela aldizkako 4 hilabete zenbatze hori indargabetu egingo litzateke, hemen errekurtsoa jarritako epaiarekin gertatu zen bezala. Hain zuzen ere, epai horretan, enpresak gauzatutako kaleratze objektiborako arrazoi baliozkotzat jotzen da bajak aldizkako 3 hilabetetan gertatu izana, eta ez data batetik bestera zenbatutako 4 hilabetetan.

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa 

Martxoa 2019 

Mutualiak Gardentasunari eta egiaztapen soziolaboralari buruzko jardunaldian parte hartuko du

EGUNA: Apirilak 3, asteazkena

ORDUTEGIA: 09:15etik 13:00etara

LEKUA: CámaraBilbao (Recalde zumarkalea 50)

Datorren asteazkenean, hilak 3, Lorena Aguirregabiria Castresana Mutualiako Baliabideen kudeaketako zuzendariak jardunaldi batean hartuko du parte.

Bertan, lege-berritasunei buruzko gaiak landuko dira, kontratazioetako klausula sozialei, gardentasunari eta egiaztapen soziolaboralari dagokienez. Jardunaldia Octavio Granado Gizarte Segurantzako Estatu Idazkari jaunak irekiko du, eta Eusko Jaurlaritzako, Lan Ikuskaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Auditore Soziolaboralen Euskal Institutuko ordezkariak izango dira. Mutualiatik, interes orokorreko doako ekitaldia izango denez, hara joateko gonbita egiten dizugu.

Beisbola: erreflexuak, koordinazioa, bizkortasuna eta dibertsioa

Beisbola da, dagozkion abantaila guztiekin, Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan lantzeko gelditzen zitzaigun kiroletako bat. Eta badu erakusgarririk gure artean. Orain dela gutxi, esate baterako, Bilboko Fango Kiroldegian, Beisbol Akademien II. Txapelketa jokatu zen, eta bertan parte hartu zuten akademia aleman batek, frantses batek eta euskal akademiak.

Beisbola da Latinoamerikako hainbat herrialdetan eta Estatu Batuetan ospe handiena duen kiroletako bat. Bate batekin eta pilota batekin jokatzen da, aire zabalean. Bateaz jotzen zaio pilotari, eta horrela jartzen da jokoan. Bien bitartean, bateaz pilotari jo dion jokalariak zelaian barrena egiten du korrika, hainbat base lortzeko; zelaiari bira osoa ematen dio, eta pilotari jotako lekura itzultzen da. Lortzen bada, puntu bat lortzen du taldeak, eta lasterketa esaten zaio horri. Gure artean, beisbola ez da tradizio handiko kirola izan, baina gero eta jarraitzaile gehiago ditu, onura ugari ekartzen baititu kirol honek (San Inazio Bilbao da gure ordezkari nagusia).

Modalitate oso gogorra da erreflexuei dagokienez –oso garatuta eduki behar dira erreflexuak beisbolean–. Horrez gainera, oso bizkorra izan behar da, eta indartsu eduki behar dira besoak. Kaloria ugari erretzen dira beisbolean, eta horixe da kirol honek ekartzen dituen onuren artean ezagunena. Beisbolean jokatzen den orduko 300 kaloria inguru erretzen direla kalkulatzen da. Gantzak murriztean, halaber, hobetu egiten da gorpuzkera eta osasuna. Espezialitate hau egitea oso baliagarria da gaixotasun kardiobaskularren prebentziorako, bai eta forma fisiko ona edukitzeko ere. Muskuluei dagokienez, gorputzeko hainbat eremu garatzen dira, besteak beste, sabelaldea, hankak, besaurreak eta eskumuturrak. Gero eta jarraitzaile gehiago dituen kirol honetan egiten diren mugimendu ugariei esker gertatzen da hori guztia. Muskuluen malgutasuna lantzen da, beraz. Beisbolean jokatzen dutenek taldean lan egiten ikasten dute, adiskidetasun harremanak sendotzen dituzte, bai eta komunikatzeko gaitasuna ere; era berean, beharrezko diziplina eta errespetua barneratzen dira. Jokalariek, halaber, jokabide lehiakorra izaten dute, eta beraien buruan duten konfiantza sendotzen dute.

Erresistentzia handia lortzen da beisbolean, korrika egin behar delako, bateaz jo eta adi egon, eta, horren guztiaren ondorioz, kontzentrazioa eta lehen aipatutako erreflexuen bizkortasuna lantzen dira. Beraz, beisbolarekin motrizitate gaitasunak lantzen dira, muskuluen osaerari laguntzen zaio eta gorputz osoa erabiltzen da. Gainera, gizentasuna eta sedentarismoa saihesten dira. Laburbilduz, ezin hobea da argaltzeko, bizitza osasungarria edukitzen laguntzen du, koordinazioa eta malgutasuna hobetzen ditu, estresari aurre egiten laguntzen du, kontzentrazioa eta sistema kardiobaskularra hobetzen laguntzen du, kaloriak eta koipeak erretzen ditu, gorputza tonifikatzen du, erresistentzia fisikoa hobetzen du, ongizatea sortzen du eta oso ondo pasatzen da.

Lan arriskuen prebentzioari begirada Mutualiaren eskutik Zarauzko Photomuseumean

Prebentziozko Begiradak argazki erakusketa ikusgai izango da Zarauzko argazki-gune esanguratsuan apirilaren 14era arte

Zarauzko Photomuseumak argazkiaren arte eta teknikaren garapena aurkezten die modu kronologikoan bisitariei, bere hastapenetatik gaurdaino, eta baita zinemaren jatorria ere. Ikusgai ditu, besteen artean, argazki tresna ugari, garai askotariko tresna optikoak eta argazki artistikoak. Aldi baterako erakusketak antolatzen ditu sarritan artista zenbaiten lanekin.

Oraingoan, Mutualiaren Prebentziozko Begiradak erakusketa egongo da ikusgai heldu den apirilaren 14ra arte. 31 argazkik osatzen dute bilduma, guztiak kontzientzia hartzeko mezuekin lagunduta. Titare eta orratz baten irudi bat –laneko istripuen unibertsalitatea islatzen duena– burutik oinetara babestuta lan egiten duten langileen irudi harrigarriak, sekulako garaieretan edota fundizio batean lan egiten duten langileen argazkiak ikusi ahal izango dira, besteen artean. Irudien imajinarioa laneko ezbeharren aurkako kontzientzia sortzeko eta guztion artean lan ingurune seguruago eta osasuntsuagoak lortzeko tresna boteretsua da.

Erakusketa ikusgai izango da Zarauzko Photomuseumean (San Ignacio, 11) asteartetik igandera, 10:00etik 14:00era eta 17:00etik 20:00era. (Astearte eta ostiraletan sarrera doakoa izango da).