Mutualiak Azkoitiko laguntza zentro berria inauguratu du

Mutualiak Azkoitiko laguntza zentro berriaren eraikuntza eta lekualdatze proiektua amaitu du. Hemendik aurrera, Gipuzkoako udalerri honetako Anaitasuna Plazako 3. zenbakian egongo da.

Inaugurazio ekitaldia joan den ostiralean, martxoaren 15ean, izan zen, eta Javier Zubizarreta herriko alkate jauna egon zen bertan.

Kokapen berri honetan, Azkoitiko eta inguruko enpresa mutualistei osasun eta administrazio asistentzia ematen jarraituko du Mutualiak, inguruetako 6.000 langileri zerbitzua emanez, gutxi gorabehera. Egokitzeko eta hornitzeko, 340.000 € inguruko inbertsioa egin da, eta Mutualiako eraikin guztietan aitortutako jasangarritasun eta irisgarritasun baldintzak betez diseinatu da. Zentroak 200 metro karratuko azalera du. Bertan, bi mediku kontsulta, sendaketa gela bat eta azken teknologiako ekipamendua duen erradiodiagnostikoko gela bat daude.

Zentro honek astelehenetik ostegunera emango du zerbitzua, 08:30etik 13:00era eta 14:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan, 08:30etik 15:30era. Mutualiak 6 osasun zentro ditu Gipuzkoan, eta Donostiako Pakea Klinika da erreferentea.

Inaugurazio ekitaldian Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta jauna egon zen, baita Urtsa Errazti Mutualiako presidentea, José Mº Echarri presidenteordea eta Ignacio Lekunberri zuzendari kudeatzailea ere.

Azkoitiko laguntza zentroko ekipamenduetako bat

Loaldi osasungarriaren onurak

Gaur, martxoak 15, Loaren Nazioarteko Egunaren 12. edizioa ospatzen da, Loaren Medikuntzaren Munduko Elkarteak (WASM) bultzatuta. Ekimen horretan, 72 herrialdek hartuko dute parte, eta herritarrak sentsibilizatu eta informatu nahi ditu, loaren nahasmenduei eta kalitatezko loak osasunean duen garrantziari buruz.

Aurten “Lo osasungarria, zahartze osasuntsua” lelopean antolatu da, eta beste behin ere loaren inguruko kontzientzia eragitea izango du xede: “loa gizakion pribilegioa da, eta, batzuetan, bizimodu modernoaren ohiturek baldintzatzen dute”.

Lo egitea oinarrizko funtzio biologikoa da gure organismoarentzat, modu osasungarrian elikatzea edo ohikotasunez ariketa fisikoa egitea bezain beharrezkoa. Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gauero 8 orduz, gutxi gorabehera, lo egitea gomendatzen du, loaren ziklo osoa betetzeko.

LOALDI INDARBERRITZAILEAREN ONURAK

Behar beste ordu lo egiten badugu eta loaldia indarberritzailea bada, osasunerako onura ugari ekarriko ditu:

– Gure sormena handituko da; izan ere, burmuina atseden hartzen ari denean, hormonen ekoizpena orekatuta dago, eta memoriak ezin hobeto funtzionatzen du.

Informazioa hobeto gogoratuko dugu, eta gaitasun nemoteknikoa handituko dugu; lo egiten ari garen bitartean, gure burmuinak egunean zehar ikasitakoa landu eta ordenatzen du.

Depresioari aurre egiten laguntzen du, lo egiten dugun bitartean, melatonina eta serotonina ekoizten ditugulako. Hormona horiek estresaren hormonen (adrenalina eta kortisola) eragina txikitzen dute.

Sistema immunologikoa indartzen du; hori ere melatoninari esker gertatzen da, gure zelulen gaineko eragina baitu.

Argaltzen laguntzen du; izan ere, behar bezala atseden hartuta, gure metabolismoa bizkortu egiten da, eta, ondorioz, gorputzak erraztasun handiagoarekin erre dezake koipea.

– Kalitatezko loari esker, gorputza motelago zahartzen da, atsedenaldiak gure defentsak areagotzea dakarrelako. 

Pazientearen segurtasuneko eta lan-segurtasuneko prozesuetako transformazio digitalean izandako esperientziak hizpide

Apirilaren 2an Health 2.0 Basquek eta Mutualiak antolatu duten doako jardunaldian, pazientearen segurtasuneko eta lan-segurtasuneko prozesuetako transformazio digitalean izandako arrakastak azalduko dituzte adituek

Apirilaren 2an, Health 2.0 Basquek eta Mutualiak, Tecnalia eta Inithealth-ekin (Grupo Init) elkarlanean, antolatu duten “Transformazio digitala pazientearen segurtasuneko eta lan-segurtasuneko prozesuetan” doako jardunaldia izango da Bilbon, Bizkaiko Medikuen Elkargoan.

Aspaldi honetan, garrantzi handia hartu du pazientearen segurtasunak. Izan ere, funtsezko alderdia da laguntzaren kalitatean, jasotzen duten osasun-zaintzan seguru sentitu nahi duten pazienteentzat eta haien senideentzat, eta, orobat, osasun-laguntza segurua, eraginkorra eta efektiboa eskaini nahi duten kudeatzaile eta profesionalentzat.

Azken urteetan, estrategiak garatu dira, praktika klinikoan saihestu daitezkeen edo kaltegarriak diren gertaerak kontrolatzeko aukera eman dezaketen planak, ekintzak eta lege-neurriak proposatzeko. Jardunaldiaren helburua da arlo horretan egin diren proiektu desberdinen berri ematea.

Health 2.0 Basque-ren sortzailekide Gonzalo Lópezek eta Juan Carlos Santamaríak ongietorria egin ondoren, Mutualiako Laguntza Zerbitzuen eta Prestazio Ekonomikoen zuzendari Victor Echenagusiak hasiera emango dio jardunaldiari, eta Pazientearen Segurtasunari buruzko multzoa aurkeztuko du. Jarraian, Aseguramenduko zuzendari eta Osasun Kudeaketako Unitateko arduradun Miguel Ulibarrenak aditzera emango digu nola bilakatu den Pazientearen Segurtasuna funtsezko osagai, ospitaleko prozesuetako laguntzaren kalitaterako.

Ekitaldira joandako lagunek lehen eskutik jakin ahal izango dute zein diren Osakidetzan arlo horretan egin diren proiektuak eta izan diren arrakastak: besteak beste, farmakoaren trazabilitatea, kirurgiako prozesuak eta nazioarteko historia klinikoaren interoperatbilitatea.

Jardunaldiaren bigarren multzoa lan-segurtasunari buruzkoa izango da, eta, besteak, Mercedes, Petronor eta Mutualia egongo dira. Prozesu larri batzuetan egin dituzten transformazio digitaleko proiektuak azalduko dituzte, esaterako, itxitako lekuetan sartzean, atmosfera leherkorrak hautematean, eta osasun-kontsultako izuaren kudeaketan izandakoak.

Bukatzeko, Tecnaliako Oscar Lagek azalduko du nola gauzatu transformazio digitaleko proiektuak arlo honetan, teknologia disruptiboak erabiliz, adibidez, Blockchain.

Health 2.0 Basque komunitatea sortu da, Euskal Herriko osasunaren etorkizunean lidergoa eduki dezan, teknologiaren eta berrikuntzaren bidez. Hauek dira Health 2.0 Basque komunitatearen sortzaileak: Juan Carlos Santamaría, Inithealth-eko Negozio Garapeneko zuzendaria (Grupo Init); Blanca Usoz, Eroski taldeko Lan Osasuneko koordinatzailea; eta Gonzalo López, Inithealth-eko zuzendari tekniko komertziala. Health 2.0 Basque-ren sorburuan Health 2.0 dago, hau da, osasunean teknologia berriak sustatzen, agerian jartzen eta bultzatzen dituen mugimendu globala.

Mutualiak Berdintasuna sustatzen du

Mutualiak lanean jarraitzen du egunez egun, berdintasunaren esparruko praktika onak sustatu eta hedatzeko, eta daukan konpromiso irmoa agertzen du, zenbait ekimenen bitartez. Hain zuzen, Mutualia sarien azken edizioan, joan den azaroan, lehenengo aldiz saritu dira, modu esklusibo eta independentean, zenbait enpresak genero berdintasuna sustatzeko lanean egindako esfortzua eta praktika onak.

Polymat enpresa izan zen Berdintasun sariaren irabazlea Mutualia sarien 8. edizioan, Polimeroen alorreko emakume zientzialarientzako EMAKIKER beka proiektuari esker; deialdia esperientzia duten emakumezko zientzialariei bakarrik dago zuzenduta. Bekaren xedea da ikertzaile-ibilbidean gertatzen den “guraize efektua” leuntzea: izan ere, aintzatespen akademiko eta profesionalaren eskalan zenbat eta gorago egin, emakumezko gutxiago egoten dira. Horrenbestez, bekaren xedea da emakumeen lidergoa sustatzea emakumezko zientzialarien artean.

Bestalde, Berdintasunaren kategorian finalista izan ziren, era berean, Eusko Trenbideak eta Unilever Foods Industrial enpresak.

“Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren kudeaketa Euskotrenen” izenburupean, tren-enpresaren proiektuak barne hartzen du 2006. urtetik gaur arte Berdintasunaren esparruan egindako kudeaketaren ibilbidea. Betidanik gizonezkoek hartutako sektorean emakumezkoek nabarmen gora egin izana azpimarratzen du, baita berdintasun-irizpideetan oinarritutako kudeaketako praktika sistematizatuak (hautaketa, prestakuntza, komunikazioa…) garatu izana ere; horietako batzuk praktika on izendatu dituzte zenbait erakunde publiko nahiz pribatuk.

Unilever Foods Industrial enpresak, bestalde, “Martxoa-Berdintasunaren hila” proiektua aurkeztu zuen. Proiektuaren ardatza da urte guztietako martxoan pertsonak kontzientziatzeko ekintzak egitea, gure ingurune hurbilean sortzen diren desberdintasunekiko; izan ere, ez gara horien jakitun. Xede nagusia: plantilla kontzientziatzea enpresaren barruan nahiz kanpoan sor daitezkeen desberdintasunen inguruan eta eztabaida-tailerretan modu aktiboan parte hartzea sustatzea.

Enpresa horien eta beste batzuen praktika onak partekatzen jarraitu dugu laster, #LAPesperientziak gure egitasmoa bitarteko.

Osasunaren kudeaketarako adierazleei buruzko txosten berria Mutualiaren estranetean

Mutualiaren estranetean funtzionalitate berria dago erabilgarri: Osasunaren kudeaketarako adierazleei buruzko txostena, zenbait formatutan.

Txostena eguneko 24 orduetan eskatu ahalko da, urteko 365 egunetan, eta modu sinple eta arinean sortuko da hemen.

Txostena gure enpresa mutualisten beharrizanen analisi sakonean oinarrituta dago, eta, hori egiteko, Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikarien aholkularitza jaso dugu. Bertan jasotzen da Laneko Istripu, Gaixotasun Profesional, Gaixotasun Arrunt eta lanekoak ez diren Istripuengatiko patologiek eragiten dituzten lanera ez-etortzeari buruzko urtebeteko (gehienez) informazioa.

Lankidetzan aritzen diren enpresek eta aholkularitza-enpresek, osasuneko adierazleen (denboran zehar) gaineko txosten honen bitartez, datu garrantzitsuak biltzen dituzte: ezbeharrak, maiztasuna, larritasuna, azken urteetako bajen iraupena, bai eta sektoreko datuen alderaketa ere.

Txostenaren eskema honako hau da:

  1. Enpresaren datu orokorrak
  2. Kontingentzia profesionalari buruzko datuak.
    1. Hileko ebolutibo alderatuaren grafikoak
    1. Ezbehar kopuruaren analisia – kontingentzia profesionala
    1. Ezbehar/maiztasun/larritasun/ez-etortze/iraupen-indizeak
    1. Osasun-jarduera
  • Kontingentzia arrunta (kontingentzia arrunta bakarrik Mutualiarekin izango balu)
    • Hileko ebolutibo alderatuaren grafikoak
    • Ezbehar arruntaren analisia
    • Ezbehar/ez-etortze/iraupen-indizeak
    • Kontrol-, jarraipen- eta osasun-jarduera

Txostenak pertsonalizatzea

Pertsona orok pertsonalizatu ahalko du behar duen informazioa, bere beharrizanen arabera. Aldi berean, informazioa esportatu ahalko du, PDFn nahiz Excel formatuan, informazioa azkar ikusi eta atera ahal izateko; izan ere, horrek aukera ematen du informazio honekin lan egiteko.

Funtzionalitate hau estraneteko erabiltzaile guztientzat egongo da erabilgarri. Zure erakundeko pertsonaren batek atal horretara sartzerik ez izatea komeniko litzatekeela uste baduzu, jakinarazi iezaguzu.

Informazio gehiago behar baduzu, jar zaitez harremanetan Mutualiako zure kudeatzailearekin edo telefono-zenbaki hauen bitartez:

Araba: 945 00 90 92
Bizkaia: 944 25 25 56
Gipuzkoa: 943 44 05 45

Madril: 91 567 03 71

Prebentziozko Begiradak, Euskal Herriko Unibertsitatean ikusgai

Prebentziozko Begiradak, Mutualiaren argazki erakusketa, gaurtik hasi eta heldu den martxoaren 20ra arte izango da ikusgai Leioako campuseko liburutegi nagusian (EHU). Hala, Leioako campusera bertaratzen diren 10.000tik gora ikasleek erakusketa horretako 20 argazki ikusi ahal izango dituzte.

Lan-arriskuen prebentzioaren garrantzia azaleratzen du erakusketak, ikuspegi anitz eta iradokitzailearekin. Argazki bakoitzak azalpen testu bat darama, gai horren inguruan hausnartzeko gonbite gisa. Unibertsitateko ikasleak etorkizuneko langile eta enpresariak dira, hortaz, Mutualiak, egitasmo honen bitartez, ezbeharrik gabeko etorkizun baten oinarriak finkatu nahi ditu eta guztion artean lan esparru seguruagoak eta osasuntsuagoak lortzeko helburuarekin lanean darrai.