MUTUALIA SARIEN 9. EDIZIOA

Dibulgazio-ekintza

Osasun agintarien protokoloari eta gomendioei jarraituz, maiatzaren 8rako aurreikusitako Segurtasun eta Osasun Eguneko ekitaldia Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Astera atzeratuko dugu, aste hori urrian izango baita.

Hori dela eta, Mutualia Sarirako hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 30era arte luzatuko dugu.

Era berean, udako hilabeteak baino lehenagoko dibulgazio-ekintza guztiak bertan behera utzi, eta/edo irail, urri eta azarorako atzeratuko dira.

Gogoan izan eskura duzuela online Campusa.

Ireki da Mutualia Sarien edizio berrirako hautagaitzak aurkezteko epea.

  • LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOKO BERRIKUNTZAREN SARIA
  • BERDINTASUNA ENPRESAN SARIA

Mutualiak MUTUALIA SARIAREN 9. Edizioa antolatu du laneko berdintasuna, segurtasuna eta osasuna sustatzeko.

Sariek bi kategoria dituzte:

  • PREBENTZIOKO BERRIKUNTZAREN SARIA.  Bertara aurkezteko proiektuetan garatu ahal izango dira edozein prebentzio esku-hartze, sistema edo tresna berritzaile, irakasteko material, baliabide teknologiko, kudeaketa metodo eta abar, edo enpresetako pertsonen eta horien ingurunearen antolakuntza, laneko baldintzak eta ongizatea hobetzen laguntzeko bestelako jarduera bat.
  • BERDINTASUN SARIA. Bertara aurkeztutako proiektuetan garatu ahal izango da enpresan eta haren inguruan sexu arrazoiek eragindako diskriminazio tratuak prebenitzen eta genero berdintasuna hobetzen laguntzeko balioko duen prebentzio, prozedura, metodologia edo bestelako edozein esku-hartze.

Enpresa hautagaiek 2020ko martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dituzte beren proiektuak.

Informazio gehiago: jar zaitezte harremanetan Mutualiaren Prebentzio-aholkularitzarekin

IRADOKIZUN ONENAREN VIII. SARIA

Mutualiak VIII. urtez antolatu du Iradokizun Hoberenari Saria. Lehiaketaren xedea da gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortzea. Azken edizioaren irabazlea Ivens Clérigo Coterón ,ren iradokizuna izan da, Rubix – BramerIbericako langilea.

Sekzio bat sortuko nuke bideo edo kontakizun idatziak jasotzeko. Bertan istripua izan duten pazienteek daukaten lesioarekin izan duten esperientzia kontatuko dute (onuragarriak zaizkien ariketak, denboran zehar izan duten bilakaera, gaur egungo egoera, eta abar). Arrakasta izan duten kasu errealak izango dira. Kontatzen duten horretan beste pertsona batzuk isladatuta sentitu daitezke, eta zalantzak argitzeko baliagarria izango litzaiekebaita animikoki indarra emateko ere.

Sari-banaketa otsailean izango da.

Jasotako iradokizunen kopurua eta kalitatea eskertu nahi ditugu. Horiei esker gure zerbitzuak hobetzeko aukera izango dugu eta gure bezeroen beharretara egokitu ahal izango gara.

MUTUALIAREN OSAKINBIDE PROGRAMA

Osakinbide Programa

Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak gizarte-laguntza berri bat onartu du Osakinbide Programaren bidez. Hain zuzen ere, programa horren helburua da laneko istripu edo gaixotasun baten ondorioz ezintasun iraunkorra aitortuta duten pertsonen osasuna, integrazioa, normalizazioa eta gizarteratzea bultzatzea, oinarriko Jarduera Fisiko Egokituaren bidez.

Bi modalitate bereizten dira programan:

  • Taldeko programa. 10 laguneko taldeetan egiten da, 4 hilabetez, astean bi orduz; Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin daiteke. Begirale espezializatuek gidatzen dituzte jarduera fisikoak, aretokoak nahiz uretakoak; programaren hasieran partaideen ahalmenen banakako azterketa egiten da, begiraleek jarduerak partaideen ahalmenetara egokitu ahal izateko.
  • Programa espresa. Banakako modalitatea da, ordutegiengatik edo bizitokiagatik taldeko programan sartzerik ez duten pertsonei begirakoa. Partaide bakoitzaren azterketa funtzionala kontuan hartzen da, ahalmen fisikoen banakako ebaluazioa barne. Hala, banakoaren profilaren neurriko jarduera fisikoak edo kirol jarduerak egiten dira, jarduera hasieratik bukaerara gidatzen duten profesionalen laguntzaz. Banakako laguntzako eta jarraipeneko 6 saio egiten dira, ingurune normalizatuan, partaidea bizi den tokiko zentro itundu batean, udalen kirol programen barruan edo antzekoetan.

Zer helburu nagusi du Programak?

Helburu nagusia da ezintasuna duten pertsonen berregokitze funtzionala eta gizarteratzea laguntzea. Jarduera fisikoen eta kirol jardueren bidez landuko da helburu hori, osasun orokorraren kontzeptuan (osasun fisikoa, lehengoratze psikikoa eta gizarte-harremanak) oinarrituriko inklusioa bermatuz eta diziplina anitzeko arreta eskainiz.

Horretarako, Gaituz Sport fundazioko profesionalekin lan egingo dugu. Gaituz Sport jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez inklusioa sustatzen espezializatutako fundazioa da.

Osakinbide Programa 2019ko urritik 2020ko ekainera gauzatuko da, eta parte hartzeko baldintza izango da dagokion familia unitatearen diru-sarrerek ez gainditzea gizarte-prestazio guztiei aplikagarri zaien arautegiak ezarritako muga jakin batzuk.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

Mutualia: Telefonoa 944 042102 -945 009070     prestacionesespeciales@mutualia.es.

Gaituzsport: Telefonoa 622.022.063 – 946.065.626        info@gaituzsport.eus

DATU PERTSONALAK BABESTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrak, Datuak Babestekoak, lanerako ildo garrantzitsu bat ireki zigun datu pertsonalekin lan egiten dugun erakunde guztioi, besteak beste, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen garen mutualitateoi, geure burua egokitu eta aipatutako erregelamendu horretan jasotzen diren arauak bete ahal izateko.

· Datu pertsonalak babestearen esparruan, legedi horretara egokitzeko betebeharra areagotu egin du 3/2018 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babestekoak eta Eskubide Digitalak Bermatzekoak.

· MUTUALIAk, bere lehentasunen artean, konpromisoa hartua du aplikagarria den legedia eta, bereziki, datu pertsonalen tratamenduarekin lotuta dagoena betetzen duela bermatzeko.

· MUTUALIAn, araudi horretara egokitu dugu geure burua, eta gure jarduketa guztiak moldatu ditugu haren arabera, lehendik hartuta genituen neurriak indartuz edota, etengabe hobetzeko eta legedia betetzeko xedearekin jarrai dezagun beharrezkoak zirenean, neurri berriak hartuz; horretarako, prestakuntza eskaini diegu langileei, erakundean egunez egunekoan bildutako eta landutako datu pertsonalen segurtasunarekin lotuta dauden alderdien inguruan.

· MUTUALIAn, erakunde honetako langileek ondo erantzun dutela nabarmendu nahi dugu, konpromiso eta profesionaltasun handia erakutsi baitute: datu pertsonalen babesean, legedia betetzen dela bermatu dute, zehazki. Langile horien parte-hartzerik gabe, ezinezkoa zatekeen segurtasun-neurriak betetzen direla bermatzea eta denboran zehar horiei eustea.

· PRIBATUTASUNARI eta DATUEN BABESARI BURUZKO POLITIKAK korporazioaren webgunean daude1.

· Garatu diren askotariko jardueren artean, garrantzi nabarmena izan dute langileen prestakuntzara eta gai horren zabalkundera zuzendutako segurtasun-neurri batzuek, hala nola erakundearen egunez egunekoan bildu eta erabilitako datu pertsonalen segurtasunerako alderdi esanguratsuenei buruzko informazio-pilulek. Informazio-pilula aipagarrienen artean, hauek nabarmendu dira:

o Erakundearen posta-kontu elektronikoaren eta baliabide informatikoetan sartzeko pasahitzen erabilera pertsonal eta unibokoa, hirugarrenei inoiz helarazi behar ez zaiena; izan ere, horien erabilerak kontu horren titularra identifikatzen du beti, eta horiek oker erabiltzeak erantzukizunak sor ditzake, kontrakorik frogatzen ez bada, behintzat.

o Erabiltzaileei beren datu pertsonalak eskatzen dizkieten inprimaki eta dokumentu guztietan, haien datu pertsonalekin zer egingo den azaltzeko aginduzkoak diren informazio-klausulak txertatzen direla zaintzea eta

gainbegiratzea; eta, halaber, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta eramateko eskubideak dituztela jasotzen dutela zaintzea eta gainbegiratzea.

o Zerrenda irekien bidez eta hartzaileak bistaratuz posta elektronikoko mezuak modu masiboan igor daitezen saihestea.

o Norberaren datu pertsonalak, hala nola argazkiak, grabazioak, fitxategi pertsonalak edo senitartekoenak, mutualitatearen informazio-sisteman biltegiratzen ez direla ziurtatzea.

o Laneguna amaitu ondoren ez uztea oharkabean dokumenturik mahai gainean edo inprimagailu edo fotokopiagailuetako erretiluetan, armairuetan, giltzaz itxitako tiradera eta langeletan, etab.

o Lanean jaso eta erabilitako datu pertsonalen inguruan sekretu profesionala gordetzeari garrantzia ematea, ez baitira inoiz zabaldu behar, are gehiago kontuan hartuta legez babestuta ez dauden jakinarazpen horiek delitu gisa tipifika daitezkeela.

o Erakundean tratatzen ari diren datu pertsonaletako informazio pertsonala edo isilpekoa ez zabaltzea sare sozialetan.

o Zuhurra izatea telefono bidezko komunikazioetan, jakin gabe graba baikaitzakete.

o Erakundetik kanpo, ez igortzea posta elektronikoz datu pertsonalak dituen fitxategirik erantsita, ez badakizu ziur araudiak horretarako baimena ematen duela; eta, zalantzarik izanez gero, ardura duen pertsonari galdetzea.

o Osasunari buruzko datuekiko fitxategiak bidaltzea legez baimenduta dagoenean edota nahitaezkoa denean, aurrez horiek enkriptatzea pasahitzen bidez.

o Dokumentuen birringailuak erabiliz, datu pertsonalak edo isilpekoak suntsitzeari garrantzia ematea; paperontzietara botatzen denak inor estutasunean jartzeko moduko informaziorik ez duela ziurtatzea.

o Datuen babesaren esparruan inpaktuaren ebaluazioa egin beharrik badagoen balioesteko esparru eta prozesuak lantzen dituzten proiektu berri guztiak Segurtasun Batzordeari jakinarazi beharra dagoela azpimarratzea. SEGURTASUN BATZORDEA (comitedeseguridad@mutualia.eus) eratua du MUTUALIAk, eta hauek osatzen dute, zehazki: Segurtasun Arloko buruak eta Informazio Sistemetako zuzendariak (Iratxe Ijalba), Antolamendu eta Arriskuen Kudeaketako zuzendariak (Verónica Huidobro) eta Datuen Babeseko ordezkariak (José Ángel Moral); izan dezakegun zalantza, gorabehera edo gertakari oro hari jakinaraz dakioke, datuen babesaren esparruko araudiak betetzerakoan lagungarri izan badaiteke.

ELKARGUNEKO Segurtasun Batzordeko TXOKOAN, askotariko dokumentu, inprimaki eta prozedura interesgarriak daude argitaratuta eta eguneratuta, datuen babesaren kudeaketari eta segurtasun-neurriei dagozkienak.

MUTUALIAKO SEGURTASUN BATZORDEA

Bilbon, 2020ko urtarrilaren 28an

Areto-futbola

ekfb

Tentsioak askatzen ditu, eta, aldi berean, sasoian egoten lagunduko dizu

Futboleko modalitateen artean, areto-futbola da gure artean gehien egiten denetako bat, aspalditik. Adin guztietako jendea aritzen da kirol honetan, eta, azkenaldian, nesken artean ere ospe handia du. Izan ere, emakumeen Bilbo Fútbol Sala taldea Lehen Mailan dago gaur egun, 2019an igo ondoren. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan klub asko daude maila eta kategoria guztietan, hala gizonezkoetan nola emakumezkoetan, amateur mailan asko jokatzen den kirol honetan; hain zuzen ere, lagunarteko partidak egiten dira astean zehar eta asteburuetan. Espezialitate honetan aritzea oso onuragarria da, dibertigarria izateaz gainera. Lehenago esan dugun moduan, edozein adinekin jokatu daiteke kirol honetan, eta txikienak 6 edo 7 urterekin hasten dira. Abantailetako bat talde-lana sustatzen duela da, arreta handia jarri behar baitzaio gure kideek egiten dutenari; halaber, kirolari eskuzabala izan behar da, saria talde osoarentzat baita. Areto-futbolean dinamismoa, erresistentzia, abiadura eta arintasuna behar dira; horregatik, modalitate benetan osoa da, ikuspegi guztietatik. Gainera, kirol honetan aritzen direnek beren kontzentrazioa, erabakiak hartzeko gaitasuna eta ekimena hobetzen dituzte.

Jokalariek adiskidetasuna, taldean jokatzearen erantzukizuna eta hobetzeko grina bizitzen dituzte, adimen emozionala eta nortasuna garatzeko eta sasoi ona lortzeko helburua betetzen ari direla, areto-futboleko zelaian oso ondo pasatzen duten bitartean. Zelaia futbolekoa baino askoz ere txikiagoa da. Intentsitatea askoz ere handiagoa da, baloia beti hurbil dagoelako, eta erasoko eta defentsako jokaldiak bata bestearen atzetik etortzen dira. Beraz, beste kirol batzuk baino azkarragoa da, toki txikiagoan jokatzen delako; gainera, kokapenak etengabe aldatzeak, jarrerek, lasterketek eta mugikortasunak jokalarien gaitasun fisiko eta mentalak hobetzea eragiten dute. Kirol honek gure

gorputzaren beheko atala sustatzen du nagusiki; horregatik, jokalarien hankek indar handiagoa hartzen dute. Areto-futbolak, modu zehatzagoan kontrolatzen eta asko aztertuta prestatzen denez, onura handiak ekartzen dizkie haurrei. Mota honetako espezialitateek sozializatzen laguntzen dute, denbora, ahalegina, eta garaipenak eta porrotak partekatzen baitira taldekideekin.

Gure lurraldeetako herrietako zelai eta kiroldegi askotan entrenamendu eta partida asko egiten dira (ofizialak zein lagunartekoak), eta sasoia mantentzeko eta hobetzeko balio dute, bai eta tentsioak askatzeko ere, baldin eta kirola behar bezala ulertzen bada, hots, partida guztietan egon behar diren jokabide onaz eta kiroltasunaz. Areto-futbolean ere teknika handia behar denez, asko laguntzen du azkar eta eraginkortasunez pentsatzen, duen dinamismoagatik, bai eta joko-eremu txiki batean tokiak sortzeko, driblatzeko eta baloia pasatzeko beharragatik ere. Azken finean, modalitate honek, gainera, gaitasun kardiobaskularra hobetzen du, hanketako giharrak indartzen ditu, odola oxigenatzen du eta erreakzio-abiadura, koordinazio motorra eta ikusmen periferikoa estimulatzen ditu. Halaber, testosterona-maila handitzen du, jauziak indartzen laguntzen du, sozializatu egiten du, eta taldean lan egiten eta aurkariak errespetatzen irakasten die jokalariei. Jarduera osoa eta gogobetegarria da, eta adin guztietako jendeak hautatzen du.

Fournierrek 150 urte bete ditu

Heraclio Fournier La Previsora –gaur egun, Mutualia– sortu zuen enpresetako bat da, eta, aurten, 150. urteurrena ospatzen du; guk ere bat egin dugu ospakizunarekin, eta beste hainbat urtez gurekin egon dadin desio diogu.

1870ean, Heraclio Fournierrek inprimaketa-tailer txiki bat sortu zuen Gasteizko Plaza Berriko etxabeetan.Bere espiritu berritzailea dela-eta, inprimaketa-teknika berrienak gehitu zituen, eta, horrez gainera, negozioa handitu zuen Manuel Iradier kaleko toki garrantzitsu batean.Etorkizuneko ikuspegia izanik, eta inprimaketa-metodo berritzaileak erabiliz hasiera oparoa izan ostean, karta-sorta bat diseinatzeko eskatu zien Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan irakasle ziharduen Emilio Soubrier jaunari eta Díaz de Olano margolariari. Une hori mugarri izan zen erakundearen historian. Izan ere, karta-sorta hori Espainiako gaur egungo karten preludioa da.

Gaur egun ere, karta-sorta hori arrakastaz fabrikatzen da, eta garai guztietako Espainiako eta Euskadiko diseinuaren ikono izendatu dute; karten munduko erreferentziatzat jotzen da. Fournier da oraindik ere etxean duzun eta Legutiotik mundu osoko 70 herrialde baino gehiagotara ailegatzen den karta-sorta horren fabrikatzailea. Karta-sortaren xehetasun guztiak zenbait artisau maisuk eta inprimaketa-tekniketan adituak ziren zenbait artistak sortu zituzten. Gaur egun, hala da oraindik ere. Zerbaitegatik dago etxe gehienetan karta-sorta bat; horietatik, % 95 Fournierrenak dira.

​Urtero, bederatzi milioi karta-sorta sortzen dira Goiaingo (Araba) fabrikan, eta hainbat tokitan saltzen dira. Gainera, xehetasun osoz kontrolatzen da karta ororen kalitatea.”Edozein akatsek karta markatu dezake, eta arriskuan jarriko luke joko garbiaren printzipioa“, dio Naipes Fournierreko marketin-zuzendari Diego Ruiz de Gaunak. Lehengaia bi geruza dituen papera da, kartak egiteko soilik erabiltzen dena. Kola beltz eta opakua du, kartak gardendu ez daitezen, eta tenperatura- eta hezetasun-baldintza kontrolatuetan kontserbatzen da. Garbiketari, koloreei eta tintei dagokienez, inprimaketak bikaina izan behar du, bernizatzeari ekin aurretik. “Horrexegatik dira kartak labainak eta iraunkorrak“. Ebaketa egiteko, ikusmen artifizialeko sistema bat erabiltzen da, karta berdin-berdinak lortzeko. Gainera, karta-sorta bakoitza zigilatu egiten da, kasinora eraman aurretik ez dela manipulatu erakusteko. Kalitatearen, zerbitzuaren, segurtasunaren eta iraunkortasunaren sinonimo da Fournier, eta, parametro horiek aintzat hartuta, jendearen bilkurei ilusioa emateko, umeei ikasketa-metodoak irakasteko, kasinoei segurtasuna emateko eta enpresei proiekzioa emateko lan egiten dute, “150 urte elkarrekin jokoan” lelopean.

ALBISTE INTERESGARRIA ERIZAINENTZAT

enfermeros

Erizainek Euskal Autonomia Erkidegoan gizakientzako sendagaiak eta osasun produktuak gomendatu, erabili eta baimentzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko prozedura

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, urtarrilaren 8koan, Osasun sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Agindua argitaratu zen. Argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean agindua, zeinaren arabera arautzen den erizainek Euskal Autonomia Erkidegoan gizakientzako sendagaiak eta osasun produktuak gomendatu, erabili eta baimentzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko prozedura, osasun zerbitzu publikoak zein osasun pribatua direlarik aplikazio eremua.

Bi prozedura mota bereizten ditu egiaztapena aitortzeko:

1.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan lan egiten dutenen edo egin dutenen egiaztapena lortzeko prozedura. Horren arabera, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ofizioz egingo du egiaztapena, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak egiaztatu ondoren 2020ko urtarrilaren 9an betetzen direla titulazioari eta lanbide esperientziaren gutxieneko denbora egiaztatzeari buruzko baldintzak, 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan eskatzen den moduan, langileen erregistroan jasotako datuen bitartez eta aipatutako Zuzendaritzari jakinarazi ondoren.

2.- Lanbide jarduera osasunaren beste esparru batzuetan egiten dutenen edo egin dutenen egiaztapena lortzeko prozedura. Horren arabera, interesdunek EGIAZTAPEN ESKAERA AURKEZTU BEHARKO DUTE izena emana duten elkargo profesionalean, edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko elkargo profesionaletako batean, eta, horrekin batera, titulazioaren ziurtagiri ofiziala, GSDOk emandako lan bizitzaren ziurtagiriaren bidez egiaztatutako lanbide esperientzia eta egokitze ikastaroa gainditu dela egiaztatzen duen ziurtagiria, hala badagokio.

Dagokion elkargo profesionalak 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, espedientea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko egiaztapen tekniko eta profesionalerako eskumena duen Zuzendaritzari igortzen zaio, eta hark egindako eskaera baiesteko edo ukatzeko ebazpenaren bidez ematen du egiaztapena, 3 hilabeteko epean lehenengo prozedura motan eta 6 hilabeteko epean bigarrenean. Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Jaurlaritzaren Osasun Sailburuordetzaren aurrean.

​Ebazpena ez bada adierazitako epeetan ematen, eskaera balioetsitzat joko da, isiltasun positiboaren bidez.

Egiaztapen ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki taulan argitaratuz jakinaraziko da, webgune honetan: https://euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/resoluciones/. Horrez gainera, Osasun Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-salud/inicio/; eta interesdunen eskura jarriko da, bitarteko elektronikoen bidez, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/micarpeta/http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/. Nolanahi ere, interesdunei egindako argitalpenen oharrak bidali ahal izango zaizkie, SMS edo posta elektroniko bidez. Ohar horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen ondoriorik izango. Era berean, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioari jakinaraziko zaio, Osasun Profesionalen Estatuko Erregistroan sar dezan.

Lanbide jardunean urtebete aitortuta ez duten pertsonak egiaztatzeko prozedura.- Egokitzapen ikastaro bat gainditu beharko dute, interesdunek aukera izan dezaten gizakientzako sendagaiak eta osasun produktuak gomendatzeko, erabiltzeko eta emateko baimena emango dien egiaztapena lortzeko baldintzak betetzeko. Ikastaroa doakoa izango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eskainiko du, etengabe.

​Lanpostuaren baldintzei ez eragitea. Egiaztapena lortzeak ez du, berez, aldaketarik ekarriko lanpostuan; hala ere, merezimendu gisa baloratu ahal izango da lanpostuak betetzeko, dagokion araudian edo deialdian hala aurreikusten denean.

INTERPRETAZIO ADMINISTRATIBOAK MARTXOAREN 1eko 6/2019 ERREGE LEGE-DEKRETUARI

dibujo-familia-articulo

INTERPRETAZIO ADMINISTRATIBOAK MARTXOAREN 1eko 6/2019 ERREGE LEGE-DEKRETUARI DAGOKIONEZ, LAN-KONTRATUAREN ETENALDIEN ETA ZAINTZA-BAIMENEN ALORREAN, JAIOTZAK, ADOPZIOAK ETA ADOPZIOA EDO HARRERA HELBURUTZAT DUTEN ZAINTZAK DIRELA-ETA.

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuak LEren 45. eta 48. artikuluek ziotena aldatu zuen funtsean, jaiotzak, adopzioak eta adopzioa edo harrera helburutzat duten zaintzen ondoriozko lan-kontratuaren etenaldien eta zaintza-baimenen alorrean, hain zuzen ere. Aldaketa nagusiena zen etenaldi edo baimen horiek langileen banakako eskubide gisa hartzen zirela; eta bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo harreragileek hartzeko aukera zutela, iraupen berarekin eta transferentziarako aukerarik gabe.

Aipaturiko lege-aldaketek eragina izan zuten, halaber, halako egoerak babesten dituen Gizarte Segurantzako prestazio-erregimenean; izan ere, aipaturiko Errege Dekretuaren 4. artikuluak, 2019ko martxoaren 8tik indarrean dagoenak, ordura arte Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean zeuden 177. artikuluaren eta ondorengoen edukia aldatu zuen.

Neurri horiek kolektibo handiari eragiten diotenez gero eta sorturiko kasuistika ezberdina dela-eta, GSINko Antolamendu eta Laguntza Juridikoaren Zuzendariordetza Orokorrak bere Kudeaketa Irizpideak argitaratu zituen 2019ko ekainaren 11n; eta, bertan, suposizio ezberdinei buruzko interpretazio administratiboa argitzen zen. Nahiz eta irizpide horiek balio juridikorik ez izan eta egoitza jurisdikzionalean berrikus edo gezurta daitezkeen, erakunde administratiboen hasierako erabakia zein izan daitekeen ezagutzeko aukera ematen dute, eta, hasiera batean, prestazioak onartzen dituzte. Hona hemen irizpide horietako batzuk, laburtuta.

  • Prestazioaz gozatzeko denboraldien beranduko aldakuntzaren aukera, eskatu eta behin betiko erabakiz eta onartu ondoren. GSINk aukera hori kanpo uzten du, aldaketa bidezkotzen duten baldintza bereziak gertatu izana egiaztatzen ez bada; esate baterako, hasieran ezarri diren denboraldien gozamena bideraezina egiten duten gertaerak, hots, aitaren edo amaren falta, gaixotasuna edo istripua, familia uztea, banaketa, genero indarkeria edo antzeko beste arrazoiren bat. Hala eta guztiz ere, GSINren irizpide horrek ez ditu zehazten suposizio tasatuak; horrenbestez, autore batzuek (BARRIOS BAUDOR) aukera hau egingarria dela uste dute, baldintza konkretuetan bertan behera gelditu ezin daitezkeen zerbitzuak ematen direnean; lanpostua uzteko ezintasuna badago, harik eta ordezko langile kualifikatuak hasi arte; eskaintzen diren zerbitzuen berezitasuna; lanaldi berezien prestazioa; zerbitzuen prestazioa atzerrian, etab.
  • Lanean berriz hasteko alta boluntarioa eskatzen bada eskatutako borondatezko denboraldia amaitu baino lehen, eta atseden-aldi osoaren iraupenaren gehienezko epea bete aurretik, gozatzeko gelditzen diren egun guztien galera dakar, edo zati batena soilik? GSINk uste du lanera borondatez eta aurrez joateak prestazioaren eskubidea iraungitzea dakarrela; ez soilik une horretan gozatzen dabilena, baizik eta osoarena.
  • Erditze ondorengo beharrezkoak diren lehen sei asteak pasatu ondoren –nahitaez, lanaldi osoan gozatzekoak–, hurrengo lan-kontratuaren etenaldia lanaldi partzial moduan har daiteke? Ba al dago etenaldi horri ezarri ahal zaion gutxieneko partzialtasun ehunekorik? GSINk aukera hori onartzen du, eta ez du gutxieneko partzialtasun portzentajerik exijitzen.
  • Ama biologikoak erditzearen data baino lehen hasten badu jaiotze eta adingabekoaren zaintzaren behar baino lehenagoko atsedena, baina ez badu 4 asteko gehienezko denbora eskatzerik nahi, aurreratze aldiak astekoa izan behar du edo egunka eska daiteke? GSINk aurrerapen hori asteko aldika soilik baimentzen du, egunkako gozamenari so egin gabe.
  • Zera planteatzen da: 6 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren haurra hilik jaiotzen bada, amak ba al du prestaziorako eskubidea? Eta aitak, orain arte, kasu honetan, aitatasunerako eskubiderik ez zuenak, 8 asteko atsedena hartzeko eskubidea izango al luke? Araudi berriaren arabera, GSINk ez du soilik amaren atseden-eskubidea babesten; baizik eta, orain arte gertatzen ez zen bezala, aitaren eskubidea ere babesten du, 8 astetan atseden hartzeko.
  • Jaioberriaren ospitaleratzeagatiko prestazioa luzatzea, erditu eta berehala hasi eta gehienez ere 13 astera arteko iraupenarekin, aitak eta amak goza dezakete? GSINk dio aitak eta amak luzatze horren eskubidea dutela.
  • Ama biologikoa ez den bikotekideak ez badu prestazioa eskatzen jaiotzatik edo adopzioa gauzatzen den erabaki judizialetik edo adopzio edo harrera helburuak dituzten zaintzaren erabaki administratibotik denboraldi bat pasatu arte, eta garai horretan lanean jarraitu izan badu, onartu al dakioke prestazioa lan egindako egunak kenduta? GSINk aukera hori baztertzen du.
  • Erditze anizkuna. Galdera hau da: Errege Lege-dekretu berriaren ondorioz, aita eta ama, biak, al dira erditze anizkunagatik sorospen bereziaren onuradunak. GSINk aitari eta amari, era berean, ematea baztertzen du; horren ordez, bietako bat aukeratu beharko dute sorospenaren onuradun izateko.
  • Posible al da jaiotza eta adingabekoaren zaintzaren prestazioarekin gozatzen jarraitzea, bitarte horretan, beste enpresaburu batekin lan-erlazio berri bat hasi bada, beste lan-erlazio bati jarraituz edo langabezia egoeratik abiatuta, eta alta ematea zerbitzuen benetako prestaziorik egoten ez denean? GSINren arabera, zerbitzuen benetako prestaziorik ez badago, hasitako atsedenarekin eta prestazio horren gozamenarekin jarrai daiteke.

Iñaki EsnalMutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua