KONTSULTA JURIDIKOA 2020KO URTARRILA

KONTSULTA: AUTONOMO KOLABORATZAILEA

KASUA: Pertsona bakarreko Sozietate Mugatu baten kide bakarraren semea bere aitaren sozietatean hasiko da lanean. Aitarekin bizi denez, sozietate kolaboratzaile gisa sartuko litzateke autonomoen erregimenean? 

ERANTZUNA: Planteatutako kasuan, kontratatzen duen entitatea pertsona bakarreko merkataritza sozietate bat denez, langilearen aitak sozietatearen kontrol zuzen eta eraginkorra dauka. Hortik abiatuta, beharrezkoa da gogoraraztea Langileen Estatutuaren -LE- 1.3.e) artikuluak ezarpen eremutik salbuesten dituela familia lanak, halakoak egiten dituztenak soldatapean daudela egiaztatzen ez bada. Era berean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren -GSLO- 12. artikuluak dioenez, “ez dira besteren konturako langiletzat joko, kontrako frogarik ez badago: ezkontidea, ondorengoak, arbasoak eta enpresariaren gainerako senideak, odolkidetasunagatik edo bigarren mailara arteko afinitateagatik, hori barne, eta, hala badagokio, adopzioagatik, euren lan zentroan edo zentroetan okupatuta badaude, bere etxean bizi eta haren kargupean daudenean”

Beraz, bi dira besterentzako lan harreman bat ez dela uste izateko exijitzen diren irizpideak: 

  • Zerbitzua ezkontideen, ondorengoen, arbasoen eta gainerako senideen artean ematea, odolkidetasunagatik, afinitateagatik edo adopzioagatik, bigarren mailara arte, hori barne. Irizpide hau kasu honetan zalantzarik gabe ematen da; izan ere, lehen mailako odolkidetasun harremana existitzen da, eta kontratatzaileak sozietatearen kontrol zuzena eta eraginkorra dauka. 
  • Kontratatutako senidea enpresariarekin bizitzea. Hau ere ematen da. 

Kontratatzen duen autonomoak bere jarduera besterentzako egiten duenez Merkataritza Sozietate baten bidez, ezin du Langile Autonomoaren Estatutuaren -LETA- 20/2007 Legearen 10. xedapen gehigarrian ezarritako aukera baliatu, 30 urtetik beherako seme-alabak besteren kontura kontratatzeko aukera ematen duen ezarpen hori banakako autonomoentzat bakarrik ezartzen baita, ez sozietarioentzat

Hamargarren xedapen gehigarria. Langile autonomoaren seme-alabak Gizarte Segurantzan sartzea. 

Langile autonomoek kontratatu ahalko dituzte, besteren konturako bezala, beraiekin bizi diren 30 urtetik beherako seme-alabak. Kasu honetan, kontratatutako senideei emandako babes ekintzaren eremuari dagokionez, langabeziagatiko estaldura salbuetsita egongo da. 

Tratamendu bera emango zaie 30 urtetik gorakoak diren eta lanean sartzeko zailtasun bereziak dituzten seme-alabei. Ondorio horietarako, zailtasun berezi horiek daudela uste izango da langilea ondorengo taldeetako batean sartzen denean: 

a) Garuneko paralisia duten pertsonak, buru-gaixotasuna dutenak edo desgaitasun intelektuala dutenak, aitortutako desgaitasun gradua ehuneko 33 edo handiagoa dutenak. 

b) Desgaitasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonak, aitortutako desgaitasun gradua ehuneko 33 edo handiagoa eta ehuneko 65 baino txikiagoa dutenak, Gizarte Segurantzako sisteman egiten duten alta lehenengoa bada, betiere. 

c) Desgaitasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonak, aitortutako desgaitasun maila ehuneko 65 edo altuagoa denean. 

Beraz, zerbitzuak emateko harremana da, besteren konturako lan kontratu baten bidez artikulatu ezin dena, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanez bideratzeko aukerarik ez duena. 

Horrek behartzen du langileak bere aitaren Pertsona bakarreko Sozietatearen zerbitzuak autonomo kolaboratzailearen irudiaren bidez ematera, GSLOren 305.2.k) artikuluaren arabera. Langile Autonomoen Erregimen Berezian senide kolaboratzaile bezala alta emateko izapidea oso sinplea da. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean TA0521/2 eredua aurkeztu behar da bakarrik (Autonomoen erregimen berezirako alta eskaria – ustiategiaren titularraren senide kolaboratzailea), Familia Liburua, NANa eta Sozietatearen Ogasuneko altaren eta RETAn sozietatearen titularraren autonomo sozietario gisa alta emanda egotearen agiriaren kopiarekin batera. 

Autonomo kolaboratzaileek euren “enplegatzailearekin” duten harremana nahiko berezia da, langile autonomoaren/besteren konturakoaren arteko irudi mistoa baita. Horren ondorioz, euren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak ez dira ohiko autonomo baten berdinak, eta, aldi berean, kontratatzen duen “autonomoarenak” ere ezberdinak dira, ohiko autonomoen zerbitzuak kontratatzen dituztenekin alderatuta. 

Ez denez besteren konturako lan kontratu bat, ez dago lan harremanak ezartzeko kontratu ofizialaren eredu bat. Hala ere, negozioaren titularrak autonomo kolaboratzaileari soldata bat ordaintzeko eta soldata-orri bat entregatzeko betebeharra dauka, non bere kategoria profesionala zehazten den hitzarmen kolektiboaren edo kontratatzen duen merkataritza sozietatean ezar daitekeen erabakiaren arabera. Hasiera batean, soldata-orriak harremana egiaztatzeko balio beharko luke, baina harreman hori dokumentatzeko nahikoa da “autonomo kolaboratzaile” erako kontratu bat izatea. Bertan, ezar daitekeen hitzarmen kolektiboa edo erabakia, esleitutako talde edo kategoria profesionala, ordainsaria eta lanaldia zehaztuko lirateke. Kontratu horren frogagarritasuna notario eskrituraren bidez edo Lanbideren zigilu baten bidez egin daiteke (hala ere, erakunde horrek ez du onartuko erregistratu ezin daitekeen kontratua delako). 

Gogorarazi beharra dago negozioaren titularraren ardura dela: 

  • Besteren kontura lan egiten duten beste langileekiko dituen betebehar berdinak betetzea (soldata, lanaldia, lan arriskuen prebentzioa, oporrak, etab.). 
  • Autonomo kolaboratzailearen Gizarte Segurantzako kotizazioak subsidiarioki ordaintzea, hau da, kotizazioa ordaintzearen lehendabiziko arduraduna autonomo kolaboratzailea da, baina azken kasuan autonomo titularrari eskatu ahal zaio erantzukizuna. Gainera, autonomo kolaboratzailearen kuotaren ordainketa autonomo titularraren kontuan helbideratu daiteke. 
  • Haren soldata ordaintzea eta dagokion soldata-orria ematea, haren kategoria profesionalaren eta ezar daitekeen hitzarmenaren edo erabakiaren arabera. PFEZren atxikipenak agertu beharko dira, eta titularrak kolaboratzailearen RETA kuotak bere gain hartzen baditu, soldata-orrian gauzaz ordainduta bezala agertu beharko dira. 
  • Partida hauek bere negozioaren gastu kengarri bezala zenbatzea, bere zerga aitorpen propioetan, errendimenduaren kalkuluaren ondorioetarako.  

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

MUTUALEX EPAIA 2020KO URTARRILA

EPAI
EPAI

AUZITEGI GORENAREN 2019KO EKAINAREN 11KO EPAIA. EZAR DAITEKEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA EZ APLIKATZEA, SOLDATEN ORDAINKETA ATZERATZEKO PROPOSAMENAREKIN. LEren 82.3 ARTIKULUAREN INTERPRETAZIOA

LEren 82.3 artikuluak hitzarmen kolektiboa ez ezartzeko prozedura arautzen du, ez aplikatzea bezala ezagutzen dena, aplikatu gabe utzi daitezkeen materien tasatutako zerrendan sartuz “ordainketa eta soldata kopuruaren sistema”.

Xedapen horren arabera, enpresa batek erabakitzen du ez aplikatzeko prozedura abiaraztea, arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatuz, kontsulta aldian dagoeneko sortutako Gabonetako aparteko ordainsaria kobratzea atzeratzea proposatuz, baita soldataren % 50 kobratzea hamabost egun atzeratzea ere, hileroko guztietan, hurrengo ekitaldiko data zehatz batera arte. Kontsulta aldian akordiorik lortu ez denez, enpresak Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren esku utzi du erabakia; Batzordeak uste badu ere argudiatutako arrazoiak ematen direla, ez dago ados enpresak proposatutako neurriekin. Enpresak Audientzia Nazionalaren aurrean aurkaratu du erabakia, eta horrek gaitzetsi egin du; horrenbestez, kasazioan, Auzitegi Gorenera jo du.

Azkenean, Auzitegi Gorenak ebatzi du kontua 2019ko ekainaren 11n; enpresak emandako arrazoiak zati batean behintzat ematen direla alde batera utzi gabe, ukatu egin du soldatak ordaintzea atzeratzeko neurriak balioztatzea; izan ere, uste du neurri hori ez dagoela LEren 82.3 artikuluan aurreikusitakoen artean eta ez dela sartzen “ordainketa eta soldata kopuruaren sistema” kontzeptuan.

Auzitegi Gorenak, LEren 82.3 artikuluaren materia zerrenda “numerus clausus” dela errepikatu ondoren, modu hedagarrian interpretatu badaiteke ere, uste du soldata eta aparteko ordainsariak ordaintzeko datari dagokionez ez dagoela ez aplikatzeko aukerarik, “ordainketa eta soldata kopuruaren sistema” ordainketa kontzeptu edo soldata egitura ezberdinak ezartzen dituzten irizpide edo arauei buruz ari baita, eta horiek jasotzeko moduari buruz, baina inoiz ez lanaren ordainez emandako ordainketa datari buruz.

Argudiatu du hitzartutako edo legeak ezarritako ordainsaria puntualki jasotzea ezin dela sartu agindu horretan, LEren 4.2 f) artikuluak langileei aitortzen dien lan harremanaren oinarrizko eskubideen barruan baitago, eta horren likidazio eta ordainketa ezingo da hilabetetik gorakoa izan (LEren 29. art.). Dagoeneko sortutako Gabonetako aparteko ordainsariari dagokionez, Auzitegi Gorenak gogorarazi du LEren 31. artikuluak zehazten duela langileak jasotzeko eskubidea duen bi aparteko sarietako bat Gabonetakoa dela, eta ordainsari hori 12 hilerokotan banatu daitekeela. Era berean, aitortzen du aplikatu beharreko hitzarmenak kopurua eta, hala badagokio, hainbanatzea zehazteko baimena duela, eta materia horiek bai sartuko liratekeela LEren 82.3 artikuluaren “ordainketa eta soldata kopurua sistema” kontzeptuan. Dena dela, ez da gauza bera gertatzen ordainketa datarekin; izan ere, ohiko terminoek ordainketa “Gabonetako jaiak direla-eta” zehazten dute, hau da, dagokion urteko abendua amaitzean.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

📆 2020KO PRESTAZIOAK ORDAINTZEKO EGUTEGIA 💰

ordainketa egutegia

PRESTAZIOAK ORDAINTZEKO EGUTEGIA

Jarraian, Mutualiak kudeatzen dituen prestazioak ordaintzeko egutegia azalduko dizuegu:

  • Haurdunaldiko eta edoskitze naturalaren garaiko arriskuengatiko prestazioak
  • Minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat daukaten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa
  • Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa (Kontingentzia Profesionala / Kontingentzia Arrunta)
  • Langile autonomoen jarduera eteteagatiko prestazioa

Ordainketak hilaren 2tik 7ra artean egingo dira

Transferentziak zein egunetan egitea aurreikusten den jakin nahi baduzue, egutegia  ikus dezakezue:

Jakinarazten dizuegu beharrezkoa dela prestazioen eskaera egitea. Eskaerak erraz egiteko, gure zentroetara etorri nahi ez baduzu, aukera duzu agiri guztiak eskaneatuta bidaltzeko, helbide elektroniko hauen bidez:

PrestacionesBI@mutualia.es

PrestacionesSS@mutualia.es

PrestacionesVi@mutualia.es