Sozietate-autonomo batek bateragarri egin al dezake lana erretiro-pentsioaren % 100 jasotzearekin?
ERRETIRO AKTIBOA: sozietate-autonomo batek (4 langileko merkataritza-sozietate baten administratzailea, gerentzia-eginkizunak ere betetzen dituena) planteatu digu lanean jarraitzea eta erretiro-pentsioaren % 100 jasotzea bateragarri egiteko aukera.
Erretiro-pentsioaren % 100eko bateragarritasun osoa norberaren konturako jarduerarekin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (aurrerantzean, GSLO) 214.2 artikuluan arautzen da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 213.1 artikuluak erretiro-pentsioaren eta lanaren arteko bateraezintasunari buruz ezartzen duen arau orokorraren salbuespen gisa. Salbuespena denez, ezin da modu hedagarrian interpretatu. Zahartze aktiboa sustatzeko eta besteren konturako enplegua mantentzeko bi helburu argi ditu erregulazioak.
Haren erregulazioa eta Auzitegi Gorenak 2021eko uztailaren 23an eman berri duen epaia (2956/2019 DBKE) kontuan hartuta, erantzuna da sozietate-autonomoak ezin diola erabateko bateragarritasun horri heldu, halakotzat ulertuta “kontseilari edo administratzaile kargua betetzeak berekin dakartzan zuzendaritza- eta kudeaketa-eginkizunak betetzen dituztenak, edo kapital-sozietate batentzat irabazizko zerbitzuak ematen dituztenak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietatearen kontrol efektiboa –zuzenekoa edo zeharkakoa– baldin badute.” (GSLOren 305.2 b) artikulua).
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 214.2 artikuluaren arabera, “Lanarekin bateragarria den erretiro-pentsioaren zenbatekoa hasierako onarpenean ateratako zenbatekoaren ehuneko 50 izango da, egoki bada pentsio publikoaren gehieneko muga aplikatu ondoren, edo lanarekiko bateragarritasuna hasten denean jasotzen ari denarena, gutxienekorako osagarria, edonola ere, kontuan hartu gabe, pentsiodunak egiten duen lanaldia edo jarduera edozein dela ere. Hala ere, jarduera norberaren kontura egiten bada eta egiaztatzen bada besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuta duela, lanarekin bateragarria den pentsioaren zenbatekoa ehuneko 100era iritsiko da”.
Bi dira transkribatutako aginduak lana pentsioaren % 100arekin bateragarri egiteko ezartzen dituen baldintzak, eta sozietate-autonomoak ezin ditu eskuratu:
1.- jarduera norberaren kontura egitea.
2.- jarduera horretan oinarrituta besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuta edukitzea.
Sozietate-autonomoak ez du ezarritako bi baldintzetako bat ere betetzen.
Alde batetik, sozietate-autonomoak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean garatzen du bere jarduera ordaindua, baina ez bere kontura, kapital-sozietatearentzat baizik; kapital-sozietateak jasotzen ditu emaitzak eta bere gain hartzen ditu negozioaren arriskuak; sozietate-autonomoak sozietate-erantzukizunaren mugaren onura jasotzen du, eta ez du bere ondare pertsonalarekin erantzuten negozioaren bilakaeragatik.
Bestalde, sozietate-autonomoak ez du langilerik, enpresarenak edo sozietatearenak dira langileak; enpresak kontratatzen ditu besteren kontura eta langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzen ditu, eta ez sozietate-autonomoak, sozietatearen benetako kontrola izan arren. Hortaz, sozietate-autonomoaren erretiroa ez da langileen kontratuak azkentzeko arrazoia (langile autonomo klasikoarekin ez bezala, langile autonomo klasikoaren erretiroa bere kargura dauden langileen kontratuak azkentzeko kausa baita).
Auzitegi Gorenak 2021eko uztailaren 23ko epaian ondorioztatu zuenez, erretiro-pentsioaren % 100 eta norberaren konturako jarduera profesional edo ekonomikoen diru-sarrerak bateragarri egiteko, langile autonomo klasikoak besteren konturako gutxienez langile bat kontratatu behar du, edo kontratu horri eutsi behar dio. Kasu horretan, ezarritako baldintzak betetzen dira; langile autonomo klasikoak bere kontura egiten du lan, bere negozioaren arriskua eta mentura bere gain hartuz eta bere langileen soldatak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzako kotizazioak bere gain hartuz.
Horrela, epaiak arrazoitzen du nazioarteko araudiak bultzatutako zahartze aktiboaren sustapenaren eta enpleguari eustearen bi helburuak lortzen direla, eta ziurtatzen dela besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuko dela edo, bestela, dauden kontratuetako bati gutxienez eutsiko zaiola. Eta horrek orekatu egiten du sozietatearen ahalegina jarduera erretiro-pentsioaren %100 jasotzearekin bateragarri egiteko; izan ere, besteren konturako enplegua mantentzea edo sortzea erretiratu aktiboaren kontu da, eta bere kargura dituen langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak bere gain hartzen ditu.
Aitzitik, erretiro-pentsioaren % 100 eta norberaren konturako jarduera profesional edo ekonomikoen diru-sarrerak bateragarri egitea ezin zaio aplikatu sozietate-autonomoari, haren jarduera ez delako norberaren kontura egiten, sozietatearen kontura baizik, eta ez delako konpentsatzen enpleguari eusteagatik, enpresako administratzailearen edo kudeatzailearen erretiroak ez dakarrelako berekin enpresako langileen kontratuak azkentzea.
Cristina Cearra
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua