Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren hilabete honetako atalean, kirol-federazioetako eta -klubetako partaide guztiei zuzendutako kanpaina parte-hartzaile baten berri emango dugu. Ekimen hori UFDV-EKFBren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta kirolean euskarazko prestakuntza, kudeaketa eta sustapena bultzatzea du helburu. Hortaz, euskal kirolak bat egiten du euskararen aldeko ‘Elkar ekin euskaraz’ kanpainarekin. Proiektu honen helburu estrategikoetako bat da kirol-jarduera eta -guneetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzea, hau da, kirol-komunitatea euskararen alde aktibatzea. Horregatik, UFDV-EKFBk kanpaina parte-hartzaile hau jarri du abian, euskararekin duen konpromisoa jendaurrean adierazteko.
‘Elkar ekin euskaraz’ kanpaina eremu digitalean garatzen da, eta sare sozialak (@euskal.kirola -Instagram) eta (www.euskal.kirola.eus) webgunea ditu ardatz. Parte-hartzea erraz-erraza da. Aski da argazki bat ateratzea edo bideo bat egitea euskaraz esaldi bat idatzita edo ahoskatuta. Kanpainaren logotipoa webgunetik deskargatu daiteke, gero sare sozialetara igotzeko, @euskal.kirola aipatuz eta #ekineuskaraz traola erabiliz.
Euskal kirolari ospetsuek parte hartzen dute kanpainan, eta horietako batzuk, euskararekiko konpromiso irmoa adierazteaz gain, parte hartzen duten klubetara hurbildu dira, kirola egiten duten gazteei entrenamendu berezia eskaintzeko. Kanpainaren amaiera oso berezia izango da, bertan parte hartutako kirolari eta erreferenteak bilduko baititu, eta mosaiko erraldoi bat eraikiko baita kanpainan jasotako argazki eta bideo guztiekin.
Duela aste batzuk ezagutzera eman zen “Kiroletik, bagoaz euskaraz” lelopean hartutako konpromisoa, eta ekitaldian Bingen Zupiria sailburua, UFDV-EKFBko ordezkariak eta Euskal Herriko Txirrindularitza, Surf, Errugbi, Gimnasia eta Pilota federazioetako ordezkariak izan ziren. Ekitaldi eta hitzarmen horien helburua izan zen kiroletik euskara sustatzea. Dokumentu estrategiko honekin, kirol-jardueretan euskararen erabilera normalizatzea guztion ardura da: instituzioak, kirol-federazioak, kirol-klubak edo kirol-elkarteak, zuzendaritza, entrenatzaileak, gurasoak edo jokalariak izan. Tresnetako bat ‘Elkar ekin euskaraz’ izeneko ekimen berria izango da, kirol-sektoreko eragile guztien lankidetza behar duena. Eta, eragile nagusietako bat izanik, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta kirol-federazioek ahalegina egingo dute helburu hori gauzatzeko. Kanpainaren webgunea: www.euskalkirola.eus/eu/elkar-ekin-euskaraz. Instagram: @euskal.kirola.
Gainera, azaroan adierazpen batzuk grabatu ziren, urte honetan euskal selekzioekin parte hartu duten kirolariek eta federazioek egindakoak.
Bestalde, Autonomia Erkidegoen Kirolaren I. Biltzar Nazionala egin zen Valladoliden, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuna bertan zela. CUFADEk, Espainiako Kirol Elkarteen Konfederazioak, sustatutako topaketa horren helburua izan zen Espainiako autonomia-erkidegoetako kirola gizartean balioestea eta haren funtzionamendua modernizatzeko finantziazio egonkor eta independentea izateak duen garrantzia azpimarratzea. Espainiako autonomia-erkidegoetako kirolaren lehen topaketa nazional honetan, funtsezko hiru alderdi jorratu ziren –kudeaketa, komunikazioa eta zuzendaritza teknikoa–, aditu handien, eztabaida-mahaien, elkarrizketen eta tailer praktikoen bidez.
Osasun Zientzien Fakultateko dekano María Carrasco Zabaletak gonbit egiten digu ibilbide bat egitera unibertsitatearen jatorria, gizartearekin duen konpromisoa, metodo pedagogikoa eta Osasun Zientzien Fakultate berria ezagutzeko.
Noiz eta nola sortu zen Deustuko Unibertsitatea?
Deustuko Unibertsitatea 1886an sortu zuen Jesusen Lagundiak. Banco de Bilbaoren eta Boluetako Santa Ana enpresaren sortzaile Tomás de Balza jauna ondorengorik gabe hil zenean, dirutza utzi zuen Casilda Iturrizar alargunaren esku, eta hark ondo jakin zuen administratzen, negozioen indarrari eutsiz eta Bilbok industria-hiri gisa abiada har zezan bultzatuz. Horrez gain, XIX. mendean, goi-mailako klaseek eta foru-instituzioek goi-mailako ikasketa-zentro bat eduki nahi zuten. Hortaz, Bilboko enpresaburu-talde batek apustua egin zuen Bilbon zentro bat sortzearen alde, konpromisoa hartu zuen hiriaren kanpoaldean eraikin bat finantzatzeko eta eraikitzeko, eta jesuiten esku utzi zituen ikasketen zuzendaritza eta edukia. Espainia, Kuba, Mexiko, Suitza eta Frantziatik etorritako ikasleek inauguratu zuten barnetegia 1886ko irailaren 25ean. 1888/1889 ikasturtean kanpoko ikasleak sartu ziren. Horrela sortu zen Deustuko Unibertsitatea.
Deustun 130 urte baino gehiago daramatzagu profesional bikainak prestatzen. Gaitasunetan ardaztutako prestakuntza da, eta ikasleen trebetasun berritzaileak, sortzaileak eta ekintzaileak indartu nahi ditu. Gaur egun, campusak ditugu Bilbon eta Donostian, eta egoitzak Gasteizen eta Madrilen.
Deustuko Unibertsitateak, goi-mailako hezkuntzako instituzioa den aldetik, konpromisoa du gizateriaren erronka berriei laguntzeko. Zein dira haren erantzukizun sozialaren lehentasunezko arloak?
1886an hasi zenetik, Deustuko Unibertsitateak konpromiso estua izan du gizartearekin, eta jesuiten hezkuntza-instituzio gisa erantzukizuna hartu du bere gain herritartasun askeagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta gizatiarragoa prestatzeko, erronka sozialez eta errealitatea eraldatzeko duen gaitasunaz jakitun dena. Unibertsitatea euskal gizartetik hurbil-hurbil sentitzen da, eta zerbitzatu egin nahi du, hala unibertsitate-instituzio gisa, nola gizarteak dituen kultura-beharretan, eta ingurunearen garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan.
Unibertsitatearen Erantzukizun Sozialeko Planaren bidez, unibertsitateak konpromiso sozial hori zehaztu, eta lehentasunezko bost arlo dinamizatzen ditu: berdintasuna, inklusioa, justizia soziala, ingurumena eta osasuna.
Ekarpen positiboa egin nahi dugu, mundu bidezkoago, solidarioago eta gizatiarrago bat eraikitzeko. Gizartea zerbitzatu nahi dugu, berariaz unibertsitatekoa den ekarpen bat eginez eta errealitatearen ikuspegi kristau batetik abiatuta. Ikerketan eta irakaskuntzan bikaintasuna bilatzen dugu, eta, aldi berean, pertsona aske arduratsuak eta profesional gaituak prestatu nahi ditugu, behar diren ezagutza, balioak eta trebetasuna dituztenak jakintza sustatzeko eta gizartea eraldatzeko konpromisoa hartzeko.
Deustuko Unibertsitatearen eredu pedagogikoaren helburua da ikaskuntzan eta irakaskuntzan berrikuntza bultzatzea. Zertan oinarritzen da?
Unibertsitatearen eredu pedagogikoak alderdi hauek sustatu eta bermatu nahi ditu: irakaskuntzaren kalitatea eta berrikuntza, gizartearen eta erakundeen eskaerari erantzuteko arintasuna eta malgutasuna, eta berdintasunera eta justizia sozialera bideratutako balioak eta printzipioak transmititzea.
Europa osoan garatu den bezala, gure prestakuntza-ereduaren oinarria da ikaskuntza- eta irakaskuntza-ereduen berrikuntza sustatzea. Eta, horretarako, bi zutabetan oinarritzen gara:
Ikasleek ikaskuntza sakona izan dezaten lortzea. Ikaskuntza horren oinarria da balioak eta gaitasunak garatzea profesional eta herritar aktibo eta arduratsu gisa gizarteratzeko.
Uste sendoa dugu prestakuntza eta irakaskuntzaren oinarria dela unibertsitateak eta haren irakasle-taldeak ikasteko eta eraldatzeko duten gaitasuna, irakasteko eta ebaluatzeko metodoetan eta euskarri diren prozesu guztietan berrikuntzak eginez.
Osasun Zientzien Fakultate berriak erantzuna ematen dio Deustu osasunaren arloan egiten ari den apustu sendo eta gero eta handiagoari
Gizarteak osasunaren arloan eskatzen dizkigun erronketan jartzen dugu arreta. Deustun faktore biologiko, fisiko, psikologiko eta sozialen konbinazio gisa ulertzen dugu osasuna. Horretarako, gaitasun bikaina duten profesionalak prestatzen ditugu, arlo horretan punta-puntakoak diren metodologia berritzaileekin, beren dimentsio zientifikoa eta ikertzailea beren gaitasun profesionalarekin eta dimentsio gizatiarragoarekin txertatzeko gai diren profesionalak, pertsona ardatz gisa duen arretarekiko konpromisotik abiatuta, zaindu ahal izatea eta zaintzen jakitea txertatuta, pazienteen edo erabiltzaileen duintasuna arriskuan jarri gabe.
Proiektua pertsonarengan ardaztutako medikuntza baten orientazio argiarekin sortu da, ikuspegi humanistarekin eta AOI metodologian oinarrituta. Zer da hori eta nola garatzen da?
Deustuko Unibertsitatean, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (AOI) aldeko apustua egiten dugu, funtsezko metodologia gisa, eta ikaskuntza aktibo eta esperimentalean oinarritutako beste metodologia batzuekin osatzen dugu. Horietan, ikaslea da irakatsi eta ikasteko duen prozesuaren protagonista, eta garrantzi berezia hartzen dute hausnarketarako, lankidetzarako, autonomiarako eta simulazioaren bidez ikasteko guneek. AOIren bidez, ikasleek beren ezagutza eraikitzen dute bizitza errealeko arazoetan oinarrituta. Helburua ez da arazoa ebaztea, baizik eta arazoa erabiltzea ikaskuntza-gaiak identifikatzeko oinarri gisa, modu independentean eta taldean ikasteko.
Zein da Osasun Fakultateak duen eskaintza akademikoa?
Gure ikasketa guztiak sortu dira gure gizarteari zerbitzua egiteko, eta gaur egun honako hauek dira gure eskaintza akademikoaren ardatzak:
4 gradu
Erizaintza. Bilboko eta Donostiako campusak.
Fisioterapia. Donostiako campusa.
Medikuntza. Bilboko campusa.
Psikologia. Bilboko campusa.
Gradu bikoitz 1. Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua. Donostiako campusa.
12 master
2 espezializazio
Nazioarteko mugikortasuna sustatzen dugu, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean ikasteko aukera emanez, Estatuko eta Europako unibertsitate ospetsuekin egindako truke-programei esker. Bermatutako praktikak ditugu, eta, hala, ikasleak errealitate profesionalera hurbiltzen dira banakako plan pertsonalizatu eta tutorizatu baten bidez. Halaber, etengabeko prestakuntza eskaintzen dugu, gradua amaitzean aukera ematen baitugu prestakuntza zabaltzeko osasun arloko graduondoko eta doktoregoekin.
Gainera, ikasteko hainbat espazio ditugu:
Deustubio eraikina. 900 m2 baino gehiago Bilboko campusean, osasun zientziei eskainiak. Honako hauek ditu:
3 «Rosalind Franklin» laborategi, Biologia, Biokimika eta Genetika eremuekin eta Histologia eremuarekin.
Biomekanikako eta Fisiologiako 3 laborategi.
3 Aita Arrupe ospitale birtual, kontrol, debriefing eta trebetasun kliniko eta simulazioko gelekin (kontsultak, solairuko gela, zainketa intentsiboetako unitatea, ZIU, ebakuntza-gela).
Deusto Psych. Psikologia eta Osasuneko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Unitatea (I+G+B). 700 m2 baino gehiago ditu Bilboko campusean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentziakoak diren laborategi espezializatuak dauzka, baita ikerketa eta prestakuntza aurreratuko baliabideak ere.
Larramendieraikina. Instalazio berriak Donostiako campusean, osasun arloko irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerarako. Honako hauek dituzte:
3 laborategi, Biomekanika eta Neurozientzia, Fisiologia, eta Anatomia eta Natur Zientziena.
3 ikasgela teoriko-praktiko, tresna espezializatuekin hornituak.
3 gimnasio, mota eta dimentsio desberdinetakoak: jarduera fisikorako, gimnasio-tatamirako eta fitness-espazioa.
3 kiroldegi: kirol-kantxa zabala, harmailak eta zerbitzu osagarriak dituena.
Mutualia da ikasleen irakaskuntza eta praktiketarako lankidetza-hitzarmena sinatua duen erakundeetako bat. Zure ustez, funtsezkoa al da osasun arloko profesionalek ikasleei laguntzea etorkizuneko garapen profesionalerako?
Jakina. Fakultateko irakasle-klaustroan sartu diren osasun profesionalak funtsezkoak dira, eta osatu eta aberastu egiten dute.
Bestalde, osasunaren arlo profesionaletako praktikak aukera bikaina dira gure ikasleentzat, eta fakultatearekin hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak dituzten erakundeen konpromisoari eta lan onari esker dira posible.
Praktika-zentro horietan, gure ikasleak jakintza handiko profesionalekin egoten dira hasiera-hasieratik, eta horiek laguntzen diete lanbidearen konplexutasuna ezagutzeko, lantaldeetan integratzeko edo ikasi dituzten teknikak eta estrategiak praktikan jartzeko prozesuan; gainera, aukera ematen diete haien autonomia, jakin-mina eta erantzukizun-zentzua garatzeko.
Zalantzarik gabe, laguntza hori funtsezko baliabidea da etorkizuneko profesional horien prestakuntzari begira.
Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioareko Egunean, Mutualiak bat egiten du Berdintasun Ministerioak abiarazitako kanpainarekin. Kanpaina hori gizonei zuzentzen zaie, galdera baten bidez: Orduan, nor?.
Baita Emakunderen kanpainarekin ere: “Zer ez duzu ulertu nahi? Solik bai da baietz”.
Mutualiak prozedura bat du laneko sexu-jazarpenari, sexuagatiko jazarpenari eta sexu-indarkeriei aurre egiteko. Prozedura hori berrikusi egin da, arlo horretako legeria berriari erantzuteko eta komunikazio- eta ikerketa-bideak zehaztu eta hobetzeko.
Nahasmendu muskuloeskeletikoek (NME) hezur, lotailu eta artikulazioei zein muskuluei, tendoiei eta pertsonen sistema baskularrari eragiten diete.
Egitura horien edozein gaitzek osasunari kalte egin diezaioke, molestia txikietatik sintoma mediko larriagoetaraino, eta azken horiek laneko baja bat eragin dezakete, baita ezintasun bat ere.
Lan-absentismoaren kausa nagusia dira. Laneko bajen % 25, gutxi gorabehera, NME-engatik gertatzen dira, eta haiek dira, halaber, laneko gaixotasun guztien % 80ren baino gehiagoren arrazoia.
Lan-esparruan, nahasmendu ohikoenak kontrakturak, tendinitisak, burtsitisa, eta abar izaten dira. Gehienak bizkarrean eta goiko gorputz-adarretan agertzen dira (sorbaldan, ukondoan, eskumuturrean), baina beheko gorputz-adarrei ere eragin diezaiekete.
NOLA PREBENITU DITZAKEGU NME-AK ENPRESAN
Neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzeaz gainera, azken hamarkadan, lantokian Osasuna Sustatzeko estrategiak ezartzearen ondorioz, langileen egoera fisikoa hobetzeko neurriak hartu dira. Horien artean, oso interesgarriak dira muskuluak berotzeko eta luzatzeko programak. Gorputza prestatzen dute egin beharreko jarduerarako, gorputzaren tenperatura, odol-fluxua eta muskuluen elastikotasuna handituz. Modu horretan, zurruntasuna gutxitzen da, muskuluen malgutasuna hobetzen da, metatutako karga fisikoa kentzen da eta atxikidurak sortzea saihesten da.
MUTUALIA ON! programaren bidez, lantokian muskuluak berotu eta luzatzeko errutina erraz bat irakasten dugu: ETENALDI AKTIBOA, gutxi gorabehera 7 minutu irauten duena.
Interesa duten enpresei 4 jarduketa-mota proposatzen dizkiegu:
SAIO BAKARRA, orokorra eta praktikoa.
ZEREGIN espezifiko baterako ATSEDENALDI AKTIBOKO TAILERRA.
LANPOSTU baterako ETENALDI AKTIBOKO TAILERRA.
Enpresaren ekimenen batentzako LAGUNTZA TAILERRA.
Sistema antzekoa da guztietan:
Enpresaren instalazioak bisitatzen ditugu, egongo garen pertsonen lan-jarduerak eragindako karga fisikoa baloratzeko.
Errutina espezifiko bat sortzen dugu, MUTUALIA ON! programan jasotako 56 ariketako sail batetik abiatuta.
Egingo den jarduketaren arabera, hura gauzatzeko modua adosten dugu, eta tailerrak edo etenaldi aktiboaren ezarpena antolatzen da eguneroko errutinan, xede diren txanda eta taldeetan, enpresak izendatutako laguntzaileekin batera eta une oro ikuskapena eginez.
Aurretiazko egoera jasotzen dugu, baita tailerra amaitu ondokoa ere, parte-hartzaileen asebetetzea eta sumatu duten hobekuntza baloratzeko.
Gure webgunean eskura duzue MUTUALIA ON! programaren laguntza-materiala.
Azaroaren 15etik 18ra bitartean, Eibarren, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Mutualia Foroaren XIX. Edizioaren jardunaldiak egin ditugu. Gai konplexua eta gaurkotasun handikoa izan da:
Langile Autonomoen Kotizazio Sistema Berria (uztailaren 26ko 13/2022 Legea)
Jardunaldiak arrakastatsuak izan dira; izan ere, Euskadiko lan-aholkularitzetako 500 pertsona inguru bildu dira, eta interes handia agertu dute proposatutako gaiarekiko, bai eta oso pozik agertu ere Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Letradu den gure lankide Iñaki Esnalek aurkeztutako ponentziarekin. Hainbesteraino, non jasotako inkesten batez besteko nota 9,47koa den 10etik.
Mutualia Foroa erreferentzia-esparru gisa finkatu da Euskadin azken urteotan, Gizarte Segurantzaren arloko lege-berritasun interesgarrienak eta konplexuenak aztertzeko, ikuspegi praktiko batetik.
Jardunaldi hauen edukiari edo aurreko edo etorkizuneko edizioei buruzko informazioa behar baduzu,
Beste urte batez, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin (EWWR) bat egingo du Mutualiak, bere kudeaketan jasangarritasuna aintzat hartzen duen erakundea izaki. Azaroaren 19tik 27ra egingo da astea, aurten, eta haren sorrerako helburua da sentsibilizazio ekintzak sustatzea eta gauzatzea baliabideen kudeaketa jasangarriari eta hondakinen prebentzioari buruz.
Hauek dira EWWR asteko ekimen nagusiak:
Hondakinen Prebentziorako Europako Astena. Azaroa.
Sentsibilizazio ekintzak koordinatzea, urtean astebetez.
Let’s Clean Up Europe. Udaberria.
Espazio publikoak garbitzeko jardunaldiak antolatzea Europa osoan.
EWWR sariak. Maiatza.
EWWRren edizio bakoitzeko ekintza egokienak saritzeko eta nabarmentzeko.
EWWR astearen baitan antolatu diren ekintzek M-B-B eredua dute oinarri:
Hondakinak murriztu
Produktuak berrerabili
Materialak birziklatu
Hala, Mutualian, zenbait jarduera martxan jarriko ditugu astean zehar, M-B-B ereduaren garrantziari buruz ohartarazteko. Hain zuzen ere, mezuak hedatuko ditugu, azalduz zer egin dezakegun gure eguneroko bizitzan hondakinak murrizteko, gauzak berrerabiltzeko eta birziklapena bultzatzeko; halaber, jakintza pilulak ere zabalduko ditugu, ohitura jasangarrien adibideekin.
Azaroaren 19an amaituko da Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretua aplikagarri zaizkien sektore publikoko eta pribatuko enpresetan mugikortasun planak egiteko epea
Zehazki, 4/2019 Legearen III. tituluan zehaztuta daude sektore publikoaz gainera lege hau aplikagarri zaien sektore pribatuko enpresak zein diren, besteak beste:
Industria sektorea, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak, B, C, D, E edo F taldeetako EJSN jardueren barruan daudenak.
Zerbitzu pribatuak eta merkataritza, G, I, J, K, L, M P, Q, R S taldeetako EJSN jardueren barruan sartzen diren enpresak.
Bizitegi sektorea.
Eta garraio pribatuak
Enpresa horietako batzuek mugikortasun planak garatzeko betebeharra dute, 254/2020 Dekretuak 34. artikuluan zehazten duenaren arabera. Hain zuzen ere, honako hau ezartzen du artikulu horrek:
Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartzen dituen lantokiek lantokietarako garraio plan bat eduki beharko dute gehienez ere 2 urteko epean, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera zenbatuta.
Mugikortasun planen helburu nagusia lantokirako joan-etorrien eragin txarra gutxitzea da, horretarako garraiobidearen aldaketa eraginkor eta arrazionalagoa eginez. Lantokirako joan-etorriak arrazionalizatzera bideratutako garraio neurri guztiak jasoko dira, eta, batez ere, ibilgailu pribatuaren erabilera ez-eraginkorra amaitzera zuzenduta daudenak, hala langileei, nola hornitzaile, bisitari eta bezeroei dagokienez.
Txandetako batean gutxienez 100 langile baino gehiago dituzten lantokiak behartuta egongo dira.
Behartuta dauden subjektu horiei dekretu honen 28. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa ere izango zaie aplikagarri.
Lantokiaren karakterizazioa, gutxienez, datu hauekin: lantokiaren konfigurazioaren deskribapen laburra, jardueraren datu nagusien kuantifikazioa, langile kopurua, bisitari kopurua, jarduera zein zerbitzuen deskribapena, eta garrantzizkotzat jotzen den beste edozein datu.
Lantokiaren mugikortasun diagnostikoa, gutxienez azterketa honetan oinarritua:
Lantokietara joateko mugikortasunaren karakterizazioa.
Mugikortasun eskaeraren azterketa.
Mugikortasun eskaintzaren azterketa.
Aparkalekuen kudeaketaren azterketa.
Helburu eta adierazleen definizioa. Planaren helburu nagusiarekin lerrokatutako helburu espezifikoak ezarriko dira. Helburuak zenbatzeko eta neurtzeko modukoak izango dira, eta denbora eremu zehaztua izango dute. Helburuek adierazle bana izango dute lotuta, horien betetze maila anbiguotasunik gabe ezagutu ahal izateko. Adierazle guztiek abiatze datuak izango dituzte.
Ekintza plana. Adierazitako helburu espezifikoak lortzeko gauzatu beharreko ekintzak deskribatuko dira, eta horiek egiteko epeak eta arduradunak identifikatuko dira. Ekintzak honako eremu hauen barruan sartuko dira:
Mugikortasunaren eskaria gutxitzeko ekintzak, hala nola telelanaren aukera eta bideokonferentziak edo bideodeiak egitea sustatzea.
Ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak eta gas bidezko ibilgailuak kargatzeko instalazioak sustatzeko ekintzak.
Garraio publiko kolektiboaren alorreko ekintzak, ibilgailu pribatuaren aldean lehiakorragoa izatea lortzen dutenak.
Garraio konbinatua, garraio moduak koordinatzea eta abar sustatzen duten ekintzak.
Sentsibilizazio, dinamizazio eta hedapenerako ekintzak.
Mutualiak badu Mugikortasun Planaren eredu bat, eta eskuragarri duzue. Eredu horri jarraituz azter daiteke langileek beren eginkizunak betetzean egiten dituzten joan-etorriak, bai eta ohiko etxebizitzatik lanera eta lanetik etxebizitzara egiten dituzten joan-etorriak ere; eta aukera ematen du, halaber, enpresak langileen joan-etorrietan haien segurtasuna eta osasuna bermatzeari begira egiten dituen ekintzak jasotzeko.
Antimikrobianoen erabilerari buruzko Kontzientziazioaren Munduko Astea azaroaren 18tik 24ra izango da, “Aurre har diezaiogun batera antimikrobianoekiko erresistentziari” lelopean.
Javier de la Fuente doktoreak, Mutualiako Infekzio Batzordearen arduradunak, botikak behar ez bezala erabiltzearen eraginak eta horren ondorio nagusiak azalduko dizkigu.
Nola sortzen da antibiotikoekiko erresistentzia, eta zer ondorio ditu?
Antibiotikoak bakterio-infekzioak prebenitzeko eta tratatzeko erabiltzen diren botikak dira. Bakterioak gai aktibo horien erabileraren ondorioz mutazioa izaten direnean sortzen da antibiotikoekiko erresistentzia. Bakterioak dira antibiotikoekiko erresistente egiten direnak, ez gizakiak eta ez animaliak. Bakterio farmakoerresistente horiek infekzioak eragin ditzakete gizakiarengan eta animaliengan, eta infekzio horiek zailagoak dira sendatzen erresistente ez direnenak baino.
Zertaz ari gara “medikamentuen erabilera desegokiaz” ari garenean?
Medikamentuen erdiak baino gehiago modu desegokian preskribatzen, ematen edo saltzen dira, eta pazienteen erdiek ez dituzte behar bezala hartzen, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez. Okerreko erabilera hori errezetarekin edo errezetarik gabe saldutako sendagaiak neurriz gain, gutxiegi edo behar ez bezala erabiltzea izan daiteke.
Gero eta handiagoa da antibiotikoekiko erresistentzia, eta eraginkortasunik gabe gera daitezke?
2020an, OMEk “Antibiotikoak: kontuz erabili” eslogana aldatu, eta “Antimikrobianoak: kontuz erabili” eslogana jarri zuen, beste mikroorganismo batzuek, hala nola birusek, onddoek edo protozooek, sortzen dituzten sendagaiekiko erresistente diren infekzioen gero eta eragin handiagoa islatzeko. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, antibiotikoekiko erresistentzia maila arriskutsuetaraino handitzen ari da eskualde guztietan, mundu osoan erresistentzia-mekanismo berriak sortu eta zabaldu ahala. Gero eta efikazia gutxiago duten antibiotikoekin, gero eta zailagoa da, eta batzuetan ezinezkoa ere bai, pazienteak tratatzea, baita gaixotasun infekzioso arruntetarako ere, hala nola pneumoniarako.
Zein da erabilera oker horren eragina eta kostua?
Gaixoa zaintzeko kostuak ere handitzen ari dira, lehen mailako antibiotikoen ordez sendagai garestiagoak erabiltzen ari baitira. Gaixotasunaren eta tratamenduaren iraupen luzeagoak, sarritan ospitalean, osasun kostuak handitzen ditu, bai eta pazienteentzako eta gizartearentzako karga ekonomikoa ere.
Hala ere, antibiotikoekiko erresistentziaren benetako kostua bizitzetan eta infekzio-tasetan neurtzen da. Hala, Review on Antimicrobial Resistance txostenaren arabera, neurriak hartzen ez badira behintzat, antibiotikoekiko erresistentziaren ondoriozko heriotzen mundu-zama urtean 10 milioi bizitzara igo daiteke 2050erako. Horrek minbizia baino hilgarriagoa egiten du, eta kostu ekonomiko global metatua 100 mila milioi dolarrekoa da.
Zein dira patogenorik erresistenteenak?
Adibidez, antibiotikoekiko erresistenteak diren patogenoen artean, garrantzitsuenetako bat Klebsiella pneumoniae da. Infekzio gramnegatibo guztien herena da, gutxi gorabehera, gernubideetako infekzioak, zistitisa, pneumonia, zauri kirurgikoen infekzioak, endokarditisa eta sepsia barne.
Staphylococcus aureus bakterioa gure azaleko floraren parte da, eta infekzio ugari eragiten ditu, bai komunitatean, bai osasun zentroetan. Metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus (SARM) bidezko infekzioak dituzten pertsonek sendagaiekiko sentikorrak diren infekzioak dituzten pertsonek baino %64 probabilitate handiagoa dute hiltzeko.
Ba al dago antibiotiko bidezko tratamendu baten iraupenari eta dosiari buruzko jarraibiderik?
Antibiotikoen ziklo laburrenak infekzio batzuetarako ziklo luzeenak bezain eraginkorrak izan daitezkeelako ebidentzia sortzen ari da. Tratamendu laburragoek zentzu handiagoa dute: errazagoa da behar bezala osatzea, albo-ondorio gutxiago izatea, bai eta merkeagoak izatea ere. Bakterioak antibiotikoen eraginpean egotea ere murrizten dute, eta, horri esker, patogenoak erresistentzia garatzen duen abiadura murrizten da.
OMEk hainbat infekziotarako tratamenduei buruzko jarraibideak argitaratzen ditu, eta kasu bakoitzerako ebidentzia kliniko onenean oinarritutako tratamendu eta antibiotikoen dosien iraupenak gomendatzen ditu. Azken ikerketak etengabe berrikusten dira, osasun profesionalei gomendio eguneratuak eman ahal izateko; izan ere, botikak behar ez bezala erabiltzea sustatzen duten arazoen artean, OMEk polifarmazia aipatzen du (sendagai gehiegi kontsumitzea); antibiotiko eta injekzio gehiegi erabiltzea; jarraibide klinikoekin bat ez datorren preskripzioa; eta automedikazio desegokia.