Mutualiak 125. urteurrena ospatu du; 445.000 langileri baino gehiagori ematen dio estaldura 

mutualia junta 125
  • Mutualiak Euskadiko langileen % 46 baino gehiago babesten ditu. 
  • 2024an 380.000 asistentzia sanitario baino gehiago eman ditu, eta 326 milioi euro ordaindu ditu prestazio ekonomikoetan. 
  • Asistentzia sanitarioa jaso duten pertsona guztien % 94,4 pozik edo oso pozik daude. 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 18a  

Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2. zk.ko Mutualitateak, Ohiko Batzar Nagusia egin du, eta, bertan, 2024ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onartu ditu. Ignacio Lekunberri zuzendari-gerentearen arabera, ez da soberakinik izan lanbide-gertakarien eta gertakari arrunten kudeaketan; izan ere, gertakari arrunten kudeaketak izandako emaitza negatiboa finantzaketa gehigarriarekin orekatu da. Hala ere, Mutualiak 2,4 milioi inguruko ekarpena egingo dio Gizarte Segurantzari, jarduera utzi duten langile autonomoen kudeaketak izandako emaitza positiboa dela eta. Gertakari arruntengatiko prestazioen kopuruak gorakada nabarmena izan du, eta oraingoan ere hori izan da ekitaldiko ezaugarri nagusia. 

Batzar Nagusian, lortu diren Plan Estrategikoko helburuen garrantzia azpimarratu du Mutualiako presidente Urtsa Erraztik, baina oso kezkatuta agertu da Euskadiko langileen baja-egunen kopuruaren bilakaerarekin, Estatuko gainerako lurraldeetan baino handiagoa baita. 

Batzar Nagusia berezia izan da oraingoan, Mutualiak 125 urte betetzen baititu aurten. Horregatik, Urtsa Erraztik La Previsora mutualitatearen sorrera gogoratu nahi izan du (1900eko martxoan), baita Seguros Mutuos de Vizcaya mutualitatearena ere (urte bereko apirilean), Mutualiaren jatorrizko mutualitateak biak. Gainera, adierazi du EAEko enpresek erantzukizunez eta azkar erantzuten jakin zutela industria-iraultzak eragindako gizarte-eraldaketaren ondoriozko kalteberatasun-egoeren aurrean. 

Batzar Nagusiaren ondoren, ekitaldi xume bat egin da urteurrena ospatzeko, eta Mikel Torres lehendakariordea ere izan da bertan (amaiera eman dio ekitaldiari). 

Batzar Nagusia Mutualiak Gasteizen duen Bereizmen Handiko Ospitaleko ekitaldi-aretoan egin da, eta ingurumen-neurriak txertatu dira haren diseinuan eta antolakuntzan, Erronka Garbia metodologiari jarraituz; izan ere, prozedura horri esker ahalik eta gehien murrizten da ekitaldiek ingurumenean duten inpaktu negatiboa. 

Dokumentazioa

Mutualiak 125 urte bete ditu

Argazkiak

2025ko Ohiko Batzar Nagusirako deialdia

convocatoria junta mutualia
convocatoria-junta

OHIKO BATZAR OROKORRERAKO DEIALDIA

 

“MUTUALIA” Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuaren Zuzendaritza Batzordeak, 2025eko martxoaren 28ko eta maiatzaren 30eko bileretan erabakitakoaren arabera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluaren, 1993/1995 Errege Dekretuaren 36.4 artikuluaren (abenduaren 7koa, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuen elkarlanari buruzko Erregelamendua onesten duena) eta Erakundearen Estatutuen 22. eta 23. d) artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, enpresa elkartuei OHIKO batzar OROKORRERAKO DEIALDIA egitea erabaki du. Batzarra 2025eo uztailaren 18an (ostirala) egingo da, 11:30ean, lehen deialdian, eta 12:00etan, bigarren deialdian, GASTEIZEN (EHOko areto nagusia, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 10 BIS), honako honi jarraituz:

GAI-ZERRENDA

 

  1. Presidentearen hasierako agurra eta hitz-hartzea
  2. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aztertu eta, hala badagokio, onartzea honako hauek barne hartuz: Gobernu Korporatiboaren urteko txostena, aldi baterako finantza-inbertsioei buruzko txostena, balantzeak, emaitza-kontuak, memoria, diru-fluxuen eta ondare garbiaren aldaketen egoera-orria eta aurrekontu-likidazioaren egoera-orria. Gizarte Segurantzaren eta ondare historikoaren kudeaketa 2024ko ekitaldiari dagokio, Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenak ezagutu ondoren.
  3. 2026ko ekitaldirako aurrekontuen aurreproiektuari buruzko informazioa ematea eta, hala badagokio, onestea, eta Zuzendaritza Batzordeari eskumenak eskuordetzea Gizarte Segurantzaren Aurrekontuen Proiektuan integratzeko behar diren aldaketak egin ditzan.
  4. 2024ko ekitaldiko Prestazio Berezien Batzordearen kudeaketari buruzko txostena.
  5. Zuzendaritza Batzordearen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Barne Erregelamenduaren 2. berrikuspena aztertu eta, hala badagokio, onartzea.
  6. Bi kontu-hartzaile izendatzea, bileraren akta berretsi eta onesteko.
  7.  Galderak eta eskaerak
  8. Presidentearen azken hitz-hartzea

 

Hau jakinarazten da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, Mutuen Lankidetza Erregelamenduan, Entitatearen estatutuetan eta Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2000ko maiatzaren 10eko Ebazpenean xedatutakoaren arabera: 

 

  • Batzar orokorrera JOATEKO ESKUBIDEA: Batzar orokorra egiten den unean indarrean dagoen elkartze-dokumentua duten ENPRESA ELKARTU guztiek, ERAKUNDEKO LANGILEEN ORDEZKARIAK eta ATXIKITAKO LANGILE AUTONOMOEN ORDEZKARIAK dute. Gizarte Segurantzako Ministerioak ere ordezkari bat izenda dezake batzarrean.  
  • Enpresa elkartuen ORDEZKARITZA beste enpresa elkartu bati ESKUORDETZAZ eman ahal izango zaio, eta idatziz formalizatuko da BERTARATZEKO ETA/EDO BOTOA ESKUORDETZEKO TXARTELEAN. Enpresa elkartuak txartel hori sinatuko du ordezkariaren edo ahalmen nahikoa duen ahaldunaren bidez, eta dagokion deialdia eta boto-eskubidea erabiltzeko jarraibideak zehaztuko dira.   
  • Batzar orokorrean BOZKATZEKO ESKUBIDEA: Betebehar sozialak EGUNEAN dituzten bertaratutako ENPRESA ELKARTUEK edo ordezkatuek dute. Enpresa bakoitzak BOTO BAT BAKARRIK emateko eskubidea izango du, edozein direla ere esleituta dauzkan kotizazio-kontuaren kodeak, Erakundearen kudeaketa-eremuan babestuta dauden langileen kopurua edo beste edozein inguruabar. ERAKUNDEKO LANGILEEN ORDEZKARIAK ere boto baterako eskubidea izango du. Mutuari ATXIKITAKO LANGILE AUTONOMOEN ORDEZKARIAK boto baterako eskubidea izango du, baldin eta gizarte-kotizazioak ordainduta baditu. 
  • Parte-hartzea baieztatzeko eta botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, BERTARATZEKO ETA/EDO BOTOA ESKUORDETZEKO TXARTELA bete eta sinatu behar da. Mutualiaren edozein zentrotan edo web-orrian (www.mutualia.eus) lor daiteke txartel hori. Hala ere, batzarrera joateko eta botoa emateko eskubidea batzar orokorra egiten den egun berean ere egiaztatu ahal izango da, indarrean dagoen elkartze-dokumentua eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria erakutsiz, bertaratutako pertsona fisikoaren ordezkaritzarekin batera.   
  • Batzar Orokorrerako eskura dagoen dokumentazioa: Aldi baterako finantza-inbertsioen txostena, memoria, balantzeak, emaitza-kontuak, Gobernu Korporatiboaren urteko txostena eta Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenak Mutuaren webgunean kontsultatu ahal izango dira (www.mutualia.eus), batzar orokorraren aurreko 15 egunen barruan, baldin eta azken horiek Mutualiari jakinarazi bazaizkio, eta betiere jakinarazpenaren egunetik hasita.    

 

Edozein zalantza edo kontsultatarako: Tel.: 944252503 edo presidencia@mutualia.eus

 

Bilbon, 2025eko maiatzaren 30ean

 

Mutualia, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuako Zuzendaritza Batzordeko presidentea

km0

Joan nahi baduzu eta zure bertaratze-txartela e-mailez jaso ez baduzu, honako kontaktu formulario honen bidez eska dezakezu.

Lan-kontratua ezintasun iraunkorragatik azkentzeari buruzko erreforma – 2/2025 legea, apirilaren 29koa

erreforma

Apirilaren 29ko 2/2025 Legeak nabarmen aldatu du lan-harremana ezintasun iraunkorra aitortzeagatik azkentzeko modalitatea (ezintasun hori handia, absolutua eta erabatekoa denean), eta, hala, berritu egin du Langileen Estatutuan gai horri dagokion 49. artikuluko apartatua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2024ko urtarrilaren 18an C-631/22 auziari emaniko epaiaren ondorio zuzena da erreforma hori. Epai haren arabera, enpresak arrazoizko egokitzapenak egin behar ditu langileari ezintasun iraunkor osoa aitortu izanaren ondorioz kontratua azkendu aurretik, langile horrek lanean jarraitu ahal izan dezan. Epaiak adierazten duenez, egokitzapen horiek posible ez direnean bakarrik iritsiko da lan-harremana erabat azkentzera. Epai horren eraginez, gerta zitekeen ezintasun iraunkor bat aitortu ondotik lan-harremana azkentzen zuten enpresek beren gain hartu beharra kaleratze bidegabe edo deusez baten ondorioak, ez bazuten egiaztatzen saiatu zirela lanpostua egokitzen eta, ahaleginduagatik ere, alferrikakoa izan zela. 

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinari jarraikiz, Espainiako Estatuan emaniko epaiek ere bidegabetzat jo zituzten azkentze horiek, nahiz eta Langileen Estatutuak lan-harremana azkentzeko arrazoi gisa aurreikusten zuen ezintasun iraunkorra. Epai horien ondotik etorri da hemen dagokigun erreforma. 

Langileen Estatutuaren 49. artikuluaren erreforma horrek prozedura berri bat txertatzen du n) apartatuan, eta, haren arabera, ezintasun iraunkorra aitortzeak, adierazitako mailetan, kontratua azkentzea ekar dezake (kontuan izanik Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia baino lehen ia automatikoki azkentzen zela).  

Modu eskematikoan azalduta, erreformak esan nahi du ezintasun iraunkorra aitortu ondoren azkendu egingo dela lan-harremana baldin eta enpresak ezin badu egin lanean jarraitu ahal izateko arrazoizko egokitzapenik arrazoi hauek direla eta: 

  • Karga handiegia izateagatik enpresarentzat. 
  • Ez dagoelako lanpostu bat hutsik eta eskuragarri, langile horren profil profesionalarekin bat datorrena eta langilearen egoera berriarekin bateragarria dena. 
  • Edo, aukera hori izanik ere, langileak baztertu egiten badu behar bezala proposatutako lanpostu-aldaketa. 

Arauak berak zehazten du nola interpretatu behar den gehiegizko karga, eta, kontzeptu hori haztatzeko, egokitze-neurrien kostuari erreparatuko zaio, kontuan izanik enpresaren tamaina, baliabide ekonomikoak, egoera ekonomikoa eta negozio-bolumen osoa. Ildo horretan, ez da joko konkurrentetzat, baldin eta karga hori egokiro arintzeko modukoa bada neurri, laguntza edo dirulaguntza publikoen bidez. 25 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan, gehiegizko karga konkurrentetzat hartuko da, baldin eta, neurri, laguntza edo dirulaguntza publikoak kenduta, kostuak gainditu egiten badu bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina edota sei hilabeteko soldata. 

Enpresak egokitze-prozesua egiteko edo egiten saiatzeko duen betebeharra egiaztatzeko, langileak printzipioz enpresari idatziz adierazi behar dio, ezintasun iraunkorra duela jakinarazten zaion egunetik 10 egun naturaleko epean, eutsi egin nahi diola lan-harremanari. Langilearen borondatearen araberako egintza horretatik aurrera, enpresak, ezintasuna aitortzeko administrazio-ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, arrazoizko egokitzapenak egin beharko ditu, edota lanpostuz aldatu langile hori. Epe horretan egiaztatzen bada gehiegizko karga eragiten diola enpresari edo ez dagoela lanpostu bateragarririk hutsik, enpresak erabaki dezake lan-harremana azkentzea, idatziz eta arrazoituta, eta jakinaren gainean jarri beharko du ukitua. 

Prozedura horretan, arauak berak eginkizun erabakigarria ematen die prebentzio-zerbitzuei egokitzapen-neurriak finkatzeko, bai enpresa barrukoei, bai kanpoko itunduei. Neurri horien barnean sartzen dira prestakuntzarekin, informazioarekin eta osasuna zaintzearekin loturikoak, baldin eta bateragarriak izan daitezkeen lanpostuak identifikatzea eskatzen badute, prebentzio-arloko lan-ordezkaritzari behar bezala kontsulta eginda. Hortik ondorioztatzen da prebentzio-zerbitzuei egokituko zaiela gehienbat egokitzapen-neurriak eta haien egingarritasuna zehaztea. Horrenbestez, prebentzio-zerbitzuen ondorioak erabakigarriak izango dira neurri horiek gauzatzeko ezintasuna formalizatzeko eta, ondorioz, lan-harremana egiaz azkentzeko. 

Iñaki Esnal Zalakain    


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Plastikoaren erabilera murriztearekin konprometituta dago mutualia 

DIA MEDIO AMBIENTE

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzen da, eta aurten plastikoaren murrizketa izango du ardatz. Mutualian jasangarritasunaren aldeko ekintzak egiten jarraitzen dugu, eta horren inguruko neurri batzuk partekatu nahi ditugu, plastikoaren erabilera murrizteko eta gure ingurumenarekin eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraitzeko ezarri ditugun neurri batzuk, zehazki. 

PLASTIKORIK GABEKO URA 

  • Ohiko ur-banagailuen ordez, hiri-sarera konektatutako iturriak erabiltzen ditugu, ura iragazten baitute kontsumitu aurretik.  
  • Kristalezko botilak eta pitxerrak erabiltzen ditugu, bai langileentzat, bai gure zentroetara joaten diren pertsonentzat, plastikozko botilen ordez. 

IHOBEk ingurumen-jardunbide egokitzat katalogatu du neurri hori, eta, gerora, Europako Batzordeak Erosketa Publiko Berdearen jardunbide egokiari buruzko azterketa gisa sailkatu du.  

BILGARRI BERRERABILGARRIAK 

  • Garbitegi-zerbitzuak Gure enpresa hornitzaileari eskatu diogu erabilitako toallak eta oheko arropa oihalezko poltsetan jaso eta itzultzeko garbitu ondoren , plastikozko poltsa indibidualik erabili gabe. 
  • Barne-posta. Plastikozko poltsen ordez, paper edo kartoi birziklatuzkoak erabiltzen ditugu. 
  • Hornitzaileen zenbait zerbitzutan ingurumen-baldintza batzuk sartu ditugu, hala nola plastikoa bilgarrietatik kentzea eta material biodegradagarriak edo birziklagarriak erabiltzea. 

PAZIENTEENTZAKO ETA LANGILEENTZAKO MATERIALAK 

  • Pazienteentzako plastikozko nezeserrak. Plastikozko materialaren ordez, kotoi organikozko zakuak erabiltzen ditugu. Barruan dituzten produktuak jasangarriak dira, hala nola banbuzko hortzetako eskuila, xaboi-pastillak eta material berriztagarriz egindako orraziak. 
  • Plastikozko poltsak eta boligrafoak paperezko edo kotoizko poltsekin eta kartoi birziklatuzko boligrafoekin ordezkatu ditugu. 
  • Bilgarri osoak ez dauka plastikorik. 

LIZITAZIOAK ETA EROSKETAK 

  • Sendagaiak emateko materialak hornitzea Balorazio positiboa egiten diegu bilgarrietan plastikoaren erabilera mugatzen duten enpresei. 
  • Edalontzi iraunkorrak hornitzea Irizpideak ezarri ditugu: % 100 ekologikoak, biodegradagarriak eta berrerabilgarriak izan behar dute. 
  • Osasun-uniformeak eskuratzea. Arropak paketatzeko erabiltzen diren materialek ingurumena errespetatzea eta jasangarritasun-irizpideak betetzea balioesten dugu. 
  •  Klipen (surgiclipak) bidezko lotura-gailuak hornitzea kirurgia irekirako Material birziklatutik edo baso jasangarritik datorren bilgarria erabiltzen ditugu. .  

Gure Ingurumen Batzordeak berrikusten eta gainbegiratzen ditu estrategia guztiak, eta, haren bidez, ingurumen-irizpideak txertatzen ditugu gure jarduera osoan. Mutualian aurrera jarraitzen dugu kudeaketa jasangarriago eta arduratsuago baten aldeko konpromisoan, pertsonak eta gure ingurunea zainduz.

Mutualiak bat egin du 2025eko Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin

dia mundial sin tabaco 2025

Mutualiak bat egin du Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren ospakizunarekin, alegia,  maiatzaren 31n egiten den mundu mailako ekimenarekin. Egun horren helburua da herritarrak tabakoa kontsumitzeari lotutako arriskuez kontzientziatzea eta kontsumoa murrizteko politika eraginkorrak sustatzea.  

OMEk 2025eko Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren kanpainaren leloa iragarri du: «Mozorroa kendu diezaiogun bere erakargarritasunari: industriak tabakoarekin eta nikotinarekin darabiltzan estrategiak agerian». Gai hori aukeratu da osasun publikoaren erronka nagusietako bati aurre egiteko: tabakoaren eta nikotinaren erakargarritasunari aurre egitea, batez ere publiko gaztearen artean. Tabako-industriak hainbat estrategia erabiltzen ditu tabakoaren kontsumoa sustatzeko, gazteei bereziki zuzendutako kanpaina erakargarrien bidez. Horren ondorioz, pertsonak tabakismoan has daitezke gazte-gaztetan, eta horrek bizitza osorako mendekotasuna eta osasunerako ondorio larriak ekar ditzake.  

Tabakismoa ohitura kaltegarria da osasunarentzat, eta hainbat gaixotasuni lotutako arrisku-faktoretzat jotzen da. Enpresa osasungarrien politiketan, funtsezkoa da erretzeari uzteko sentsibilizazio-kanpainak egitea. Eta, horretarako, funtsezkoa da tabakismoa adikzio bat dela ulertzea.  

Prebentzioak, kontsumitzen hastea ekiditea ez ezik, erretzeari uztea sustatzea ere badakar. Erretzaileen kasuan, osasunerako arrisku larriak prebenitzeko, ezinbestekoa da erretzeari uztea. Erretzaile gehienak jakitun dira arriskuez, eta utzi egin nahi dute. Baina laguntza behar da erretzeari uzteko eta abstinentzia-sindromeak izan ditzakeen eraginak kontrolatzeko: suminkortasuna, haserrea, frustrazioa, nekea, insomnioa, eztula, zorabioak, buruko mina, antsietatea, kontzentrazio falta, idorreria, urdaileko mina, jateko gogoa handiagoa eta abar. 

Osakidetzak eraginkortasun frogatuko metodoak ditu erretzeari utzi nahi dioten pertsonak artatzeko eta haiei aholku emateko; zenbait baliabide ematen ditu, hala nola hezkuntza-materiala eta hainbat programa, barne hartzen dutenak aurrez aurreko tratamendua, urruneko tratamendua edo tratamendu mistoa.

EUSKARALDIA MUTUALIAN 

euskaraldia 2025

Mutualiak, aurreko hiru edizioetan bezala, oraingoan ere bat egingo du Euskaraldiarekin. Edizio berri hau maiatzaren 15ean hasiko da eta hamaika eguneko iraupena izango du. Aurtengo lema “Elkar mugituz egingo dugu” da. Egun horietan hainbat lankidek txapa jantzi (ahobizi edo belarriprest txapa) eta ariketa masiboan parte hartuko du, bakoitzak dagokion rolean. 


Mutualiaren helburua da euskararen erabilera areagotzea pertsonen eta bezeroen artean. Horretarako, euskara eragile bat eta Euskara Taldearen euskarria ditu, eta horiek euskararen praktikei buruzko hausnarketa egingo dute, barnekoak zein kanpokoak, eta hainbat ekimen proposatuko dituzte. 

euskaraldia logo

Euskaraldiaren edizio berri honetan, joera digital berriekin bat egingo dugu eta, ekimen batzuen artean, ahobizi edo belarriprest digitala aktibatzea proposatuko dugu. Mutualiak dagoeneko erabiltzen ditu euskararen erabilera sustatzeko zenbait tresna digital, hala nola euskarazko webgunea, .eus domeinua, euskarazko sare korporatiboen erabilera, euskarazko nabigatzailea, eta, horrez gain, barne-plataforma bat ere badu, non erabiltzaile guztien esku dagoen teknizismo espezifikoak dituen glosarioa eta baita itzultzaile neuronalak, hala nola Itzultzaile Neuronala edo Elia (Elhuyar). 

Urte osoan zehar, eta batez ere hamaika egun hauetan, gizarte-mugimenduarekin bat egingo dugu, pertsona guztien hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta gure bizitza euskaraz izatea ahalbidetuko duten neurriak eta espazioak sortzeko. 

Zaintzen gaituztenak zainduz: Erizaintzaren esentzia Mutualian 

dia de enfermeria 2025

Maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Mutualiak bat egiten du Erizainen Nazioarteko Kontseiluak aurtengo hautatutako leloarekin: “Gure erizainak. Gure etorkizuna. Erizainak zainduz ekonomia indartzen dugu”. Izan ere, aurtengo leloak erizainen osasunean eta ongizatean eta horrek ekonomian eta osasun-sistemetan duen eragin positiboan jartzen du arreta.  

Mutualiaren hiru ospitaleetan eta anbulatorioetan, 130 erizain profesionalek baino gehiagok egiten dute lan egunero pazienteak zaintzen eta artatzen. Erizaintzako Zuzendaritzak asistentziaren kalitatea eta praktika kliniko bikaina bermatzen ditu, eta, gainera, konpromisoa du erizainen garapen profesionalarekin.  

Izan ere, etengabeko prestakuntza funtsezkoa da Mutualian asistentziaren kalitatearen bikaintasuna eta pazientearen segurtasuna bermatzeko. Horregatik, Mutualiako erizainek diziplina anitzeko zenbait talde zuzentzen dituzte, eta pertsonen zaintzari, arretaren humanizazioari eta pazientearen segurtasunari lotutako proiektu berritzaileak bultzatzen dituzte.  

Erizainen Nazioarteko Kontseiluaren txosten batek aditzera ematen duenez, badira zantzu batzuk erizainen ongizatearen krisi global gero eta handiago batez ohartarazten dutenak. Halaber, azpimarratzen du garrantzitsua dela erizainei babesa ematea, “ez soilik zuzenena delako, baizik eta modu bakarra delako osasun-sistema, ekonomia eta gizarte indartsu eta erresilienteak eraikitzeko. Mutualiak konpromiso argia du bere pertsonen zaintzarekin. Horregatik, Mutualiako erizaintzako taldeak ere parte hartu du María Egea Carro erizain eta Deustuko Unibertsitateko doktoregaiak egindako doktore-tesian: “Erizainen funtzionamendu psikosozial eta laboralerako, bizi-kalitaterako eta ongizaterako arrisku- eta babes-faktoreak”. Haren helburu nagusia da erizainen bizi-kalitatea eta ongizatea aztertzea; Mutualiako erizainena, bereziki. 

Erizaintzaren Egun honetan, ezin dugu aipatu gabe utzi Frantzisko Aita Santuak egindako hausnarketa, esan baitzuen erizainak “itxaropen-aingeruak” direla. Haien ezagutza zientifiko-teknikotik harago, jendea entzuten, ulertzen eta kontsolatzen egunero egiten duten ahalegin biziak pertsona guztien osasuna zaintzeko egiten duten bokaziozko lanari buruz hausnartzeko bidea ematen digu. Maiatzaren 12 honetan, Mutualiak bere esker ona adierazi nahi die erizain guztiei, harremanaren bidez gizartea humanizatzen eta etengabe hartaz arduratzen egindako ekarpenagatik. 

0BIDEAN 2025 SARIAK

zerobidean mutualia

0Bidean 2025 Saria jaso dute CENTRAL FORESTAL (Smurfit Westrock) eta TRELLEBORG IZARRA SAU enpresek, laneko istripuak murrizteko egindako lan bikainagatik eta zero istripuko azken helburuarekin lan egiteagatik. 


Sari hori banatzeko, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak 30 langile baino gehiagoko bere enpresa elkartuen azken 10 urteetako istripu-tasari buruzko datuak aztertzen ditu urtero, eta, sektorez sektore, honako irizpide hauek betetzen dituzten enpresarik onenak hautatzen ditu: 

  • Bere jardueraren urteko intzidentzia-indizea gainditu ez izana, eta, gainera, laneko istripuen tasan beheranzko joera izatea. 
  • Istripu larri edo hilgarrien berri eman ez izana. 
  • Prebentzioa kudeatzeko sistema aurreratu bat izatea, legez ezarritakotik harago doana. 

Zeremonia Gasteizko Mutualiako Erabakimen Handiko Ospitalean egin da, Mutualia Sariak banatzeko ekitaldian, erakundearen 125. urteurrenarekin bat eginez. Ekitaldiaren buru Marta Barredo Mutualiako lehendakariordea eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendari nagusia izan dira, eta Iscarrek nabarmendu du oso garrantzitsua dela enpresek prebentzioaren kultura kalera eta gizartera eramatea.  

CENTRAL FORESTAL (Smurfit Westrock) enpresari emandako 0Bidean saria Mikel Antón Akizu Central Forestal enpresako zuzendari nagusiak jaso du. CENTRAL FORESTAL lehen sektoreko enpresa bat da, eta zuraren ustiapena du jarduera nagusi. Alboan izan ditu Raúl Lavia Hernández, Laneko Arriskuen Prebentzioko koordinatzailea, eta Fernando Jimeno Bagüés, Giza Baliabideetako zuzendaria.  

ZEROBIDEAN smurfit mutualia

TRELLEBORG IZARRA SAU enpresari emandako saria Rafael García Rodríguez Giza Baliabideetako eta Lan Harremanetako zuzendariak eta Conchita Vergara Martínez Giza Baliabideetako teknikariak jaso dute. Enpresa hori industria-sektorekoa da, eta kautxua fabrikatzen du. 

ZEROBIDEAN TRELLEBORG mutualia

Horrenbestez, Mutualiak Central Forestal (Smurfil Westrock) eta Trelleborg Izarra SAU saritu ditu, prebentzioaren kultura sustatzen eta lan-eremu seguruak eta osasungarriak sortzen egindako lanagatik. Laneko istripuak murrizteko hartutako konpromiso eredugarriari eta laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemen inplementazioari esker jaso dute 0Bidean 2025 Saria, eta, hala, berretsi dute langileen segurtasuna eta osasuna dela beren lehentasun nagusia.  

Eskuetako higienea beti 

limpieza de manos 2025

Mutualia maiatzaren 5eko Eskuetako Higienearen Nazioarteko Egunarekin konprometituta dago, eta bat egin du aurten ere Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako kanpainarekin.  

Aurten, Osasun Ministerioak zabaldutako “Eskularruak hala dagokionean, Eskuetako higienea beti” lelopean, gure pazienteen eta profesionalen segurtasunarekin eta osasunarekin dugun konpromisoa berresten dugu. 

Mutualiak bat egiten du OMEk eta Osasun Ministerioak proposatutako ekintzekin: 

  • Eskuetako higienean jardunbide optimoak sustatzea, hala nola higiene egokirako 5 urratsen gida erabiltzea eta eskularruak egoki erabiltzea arreta medikoaren fluxuaren barruan. 
  • Eskuetako higienea erakundeen estrategietan eta erakundearen prozeduretan sar dadin sustatzea. 
  • Eskularruak beharrik gabe erabiltzeak ingurumenean duen inpaktuari buruz kontzientziatzea. 

Aurtengo kanpainak gogorarazten digu eskuetako higienea lehentasunezko neurria dela osasun-asistentziari lotutako infekzioak prebenitzeko eta mikroorganismo multirresistenteak barreiatzea saihesteko. OMEren bost une erabakigarrien arabera eskuetako higienea zaintzea eta eskularru egokiak erabiltzea funtsezkoak dira bizitzak salbatzeko. 

Mutualian, hauen garrantzia gogorarazi nahi dugu: 

  • OMEren bost uneen arabera eskuetako higienea zaindu eta eskularruak behar bezala erabili.    
  • Eskuak garbitzeari eta eskularruak behar bezala erabiltzeari buruzko jarraibideak bete, eta gogoan izan eskularruek ez dutela eskuetako higienea ordezten.    
  • Gure ingurumena zaindu. Aurten azpimarratzen da eskularruak behar ez bezala erabiltzeak baliabideak alferrik galdu eta hondakinak gehitzen dituela, eta ez duela nahitaez germenen transmisioa murrizten. 

 

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Mundu Eguna 

28a2025

Urtero, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Mundu Eguna ospatzen da apirilaren 28an Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE) sustatuta.  Egun hori aprobetxatu nahi izaten da laneko istripuak eta laneko gaixotasunak prebenitzeak duen garrantziari ikusgarritasun handiagoa emateko, edozein delarik enpresen tamaina eta sektorea, izan publikoak zein pribatuak.  

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren 2025eko Mundu Eguna | International Labour Organization 

Aurtengo mundu-egunaren ardatza izango da aztertzea digitalizazioak eta adimen artifizialak (AA) nola eragiten dioten langileen osasunari eta segurtasunari gai hau oinarri hartuta: “Iraultza segurtasunaren eta osasunaren sektorean: AAren eta digitalizazioaren zeregina lanean”. EU-OSHA erakundeak ere gai hori aztertuko du “Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean” izeneko bere kanpainan, eta arreta berezia eskainiko dio langileak AAren bidez kudeatzeari. Kanpaina horren berri zabaldu genuen Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean, 2023-2025. JARDUNBIDE EGOKIETARAKO SARIAK, eta gure dokumentazioa eskaini genuen Plataforma digitaletako lanetarako. 

 

Egun horretan, Mutualiak bat egiten du LNEren kanpainarekin, eta bere laguntza eskaintzen die zenbait enpresa elkarturi nahi dituzten ekimenekin ospa dezaten osasunaren eguna, astea, hilabetea, edo nahi dutena. 

Adibidez: 

Easo Politeknikoari, “Prebentzio Begiradak” argazki-erakusketan erabilitako panelak utzi dizkiogu. 

EITBri AHOTSA ondo erabiltzeko arrisku-faktoreen eta prebentzio-neurrien gure eskuliburua bidali diogu osasunaren astean erabil dezan; datuak bistaratzeko pantailen erabilerari buruzko informazioa eta lanpostuan etenaldi aktiboa egiteko ariketa fisikoetarako errutina batzuk ere bidali dizkiogu. 

ASK CHEMICALi zenbait material bidali diogu osasunaren hilabetean erabil dezan, hala nola bulegoetan etenaldi aktiboa egiteari buruzko informazioa, elikadura osasungarriari buruzko infografiak eta adinarekin narriadura fisikoa eta kognitiboa prebenitzeko eta hobetzeko jarraibideak. 

ArcelorMittal Sestaori zenbait jarduera eskaini dizkiogu, hala nola elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi bat, nahasmendu muskulu-eskeletikoekiko sentsibilizazio-jardunaldi bat eta lanpostuan etenaldi aktiboa egitea. Siemens Gamesa Renewable Energy Eólicari ere halako jarduerak eskaini dizkiogu.