11/2024 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzekoa

Arau hori 2024ko abenduaren 25ean sartu zen indarrean, baina haren edukia, salbuespen batzuekin, 2025eko apirilaren 1ean sartuko da indarrean. Salbuespen horien artean daude manufaktura-industriako erretiro partzialaren aurreikuspenak.

Aldaketak manufaktura-industriako erretiro partzialen araubide iragankorrean, zeina 2029ko abenduaren 31ra luzatzen baita:

  • Erretiro partzialak irauten duen bitartean, enpresak eta langileak lanaldi osoko erretiro partzialari legokiokeen kotizazio-oinarriaren % 80ri dagokiona kotizatuko dute. Kotizazio hori gradualki aplikatuko da urtetik urtera: 2025. urtean % 40 kotizatuko da, eta 2029an % 80.
  • Aldi berean txanda-kontratua duten erretiro partzialen araudia aplikatzen jarraituko da araua betetzen duten eta 2030eko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren pentsioei.
  • Langileen % 75ek baino gehiagok kontratu mugagabea izan behar dute.

Erretiro-adin arruntera iritsi gabe txanda-kontratuarekin erretiro partziala hartzen den kasurako aldaketak:

  • Erretiro partziala erretiro-adin arrunta baino bi urte lehenago hartzen denean, lehenengo urtean % 20tik % 33ra bitartean murriztuko da lanaldia. Kasu horietan, bigarren urtetik aurrera, alderdiek lanaldiaren murrizketa aldatu ahal izango dute.
  • Langileak erretiro-adin arruntarekin hartzen duenean erretiro partziala, txanda-kontratu bat egin ahal izango da; haren lanaldia, gutxienez, erretiro partziala hartu duen pertsonak hutsik uzten duena bestekoa izango da, eta denbora mugarik gabea edo iraupen jakin batekoa izan daiteke. Iraupena mugatua bada, aldi bateko kontratu horrek indarrean egon behar du erretiro partzialak irauten duen bitartean, eta, kasu guztietan, bi urtekoa izango da gutxienez. Txanda-kontratua langabezian dagoen edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratua duen pertsona batekin egingo da.
  • Txanda-kontratuak mugagabeak eta lanaldi osokoak izango dira, eta erretiro partziala amaitu ondorengo bi urteetan mantendu behar dira, gutxienez. Baldin eta txanda-kontratua erretiro partziala hartzen duen langileak erretiro osoa hartu baino lehen amaitzen bada, enpresaburuak beste kontratu bat egin behar dio baldintza beretan.
  • Lanaren eta pentsioaren bateragarritasun efektiboari esker, lana pilatu ahal izango da (asteko egunetan, hilabeteko asteetan, urteko hilabeteetan edo beste denbora-tarte batzuetan), banaka hitzartutakoaren edo, hala badagokion, negoziazio kolektiboaren arabera, haren adierazpena dena dela, lantokiko hitzarmena barne, eta inongo esparrutan ezin da haren erabilera mugatu edo eragotzi.
  • Adinak kasuan kasuan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko (GSLO) 205.1.a) artikulua aplikatuta dagokiona baino hiru urte gutxiago izan behar du gehienez, eta, oro har, hogeita hamahiru urteko kotizazio-aldi bat frogatu behar da. Lanaldia % 25etik % 75era bitartean murriztuko da.
  • Halaber, erretiro-adin arrunta baino geroago erretiratzea sustatzeko eta erretiro aktibo deritzona bultzatzeko aldaketak egin dira araudian.
  • Araua indarrean sartu aurretik sinatzen diren txanda-kontratuak sinatzen diren unean indarrean dagoen araudiaren arabera eraenduko dira.

9/2024 Errege Lege Dekretua: Gizarte Segurantzaren arloko neurriak

sistema de cotización de autónomos

Arau hori argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean, 2024ko abenduaren 25ean, baina kotizazio-oinarrien eguneratzeak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorio ekonomikoak, beste neurri batzuen artean.

  • Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) 2025eko LGS berria onartu arte luzatuko da. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxieneko kotizazio-oinarriak gutxieneko LGSaren ehuneko bera baino seiren bat gehiago handituko dira, eta gehieneko oinarriak ezartzeko, berriz, pentsioak goratzeko aurreikusitako ehunekoari GSLOren hogeita hemezortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa gehituko zaio.
  • Belaunaldiarteko ekitaterako mekanismoari dagokion kotizazioa % 0,80 izango da (% 0,67 enpresaren kontura eta % 0,13 langilearen kontura).
  • 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, GSLOren 19 bis artikuluan aipatzen den elkartasun-kuota gehigarria aplikatuko da.
  • GSLOren berrogeita laugarren xedapen gehigarrian (ABEEei eta RED Mekanismoari dagozkien kotizazio-onurak) araututako kotizazio-salbuespenei dagokienez, baldintza gisa ezartzen da ukitutako pertsonak lanpostuan mantendu behar direla ABEEaren indarraldia amaitu ondoren gutxienez sei hilabetez eta gehienez bi urtez.
  • Gizarte-babesa ziurtatzeko eta kaleratzeak saihesteko laguntza-neurriak luzatzea: zuzeneko laguntzen onuradun diren enpresek ezingo dituzte justifikatu energia-kostuak handitzean oinarritutako kaleratze objektiboak; Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. artikuluan araututakoaren arabera lanaldia murrizteko edo kontratuak eteteko neurriak ezartzen dituztenek ezingo dituzte arrazoi horiek erabili langileak kaleratzeko.
  • Beste xedapen gehigarri bat, laugarrena, gehitu zaio uztailaren 26ko 13/2022 Errege Lege Dekretuari, zeinaren bidez kotizazio-sistema berri bat ezartzen baita norberaren konturako langileentzat edo langile autonomoentzat, 2025eko urtarrilaren 1etik kuotak erregulariza ez daitezen sistema publikoaren osagarri den gizarte-prestazioen kooperatiben arteko sistema bat duten langile autonomoen kasuan. Xedapen horretan bertan ezartzen da, halaber, ezen langile autonomo horiek aukeratuko dutela beren hileko kotizazio-oinarria, taula orokorreko 1. zatiko oinarri minimoaren berdina edo handiagoa izanik, eta, beraz, beren errendimenduaren arabera kotizatzetik salbuetsiak daudela eta horregatik ez dela beharrezkoa urte bakoitzeko kuotak erregularizatzea.

Pentsioak

  • Errege Lege Dekretuaren IV. tituluko I. kapituluak pentsioen goratzea du ardatz, eta % 2,8ko igoera ezartzen du, aurreko urteko abenduaren aurreko hamabi hilabeteetan kontsumoko prezioen indizearen urte arteko aldakuntza-tasen batez besteko balioan oinarrituta. Goratze hori funtsezkoa da pentsiodunen erosteko ahalmenari eusteko.
  • Pentsioen 2025eko gutxieneko zenbatekoak eta beste muga batzuk Dekretuaren I. eta II. eranskinetan daude. Garrantzitsua da azpimarratzea gutxieneko zenbatekoak ez direla pentsiotzat hartzen; aitzitik, errenta-baldintza batzuk betetzen dituzten pentsiodunei bermatzen zaizkien zenbateko ez-kontsolidagarritzat hartzen dira. Beraz, pentsio aitortuak goratzen dira, eta, baldintzak betetzen badira, osagarri bat gehitzen zaie dagokien gutxieneko zenbatekoa lortu arte.
  • Errege Lege Dekretu honetan jasotzen dira, halaber, Gizarte Segurantzaren sistemako gehieneko kotizazio-oinarriaren eguneraketa eta elkartasun-kotizazio berriaren aplikazioa, eta 2025eko urtarrilaren 1ean hasiko da aplikatzen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 19 bis artikuluan araututakoaren arabera.

Gabon osasuntsuak izateko aholkuak

carlos sarabia mutualia

Ospakizun-egunak datoz, lagunekin eta familiarekin elkartzeko egunak, mahaiaren bueltan bildu eta jaiak ospatzekoak. Baina egun hauetan oso garrantzitsua da gure osasunari ere kasu egitea, neurrian jatea eta edatea, sedentarismoa alde batera uztea eta gure osasun emozionala zaintzea.

Horixe adierazi digu Carlos Sarabiak, Mutualia Osasuntsua taldeko kide eta medikuak, zeinak aholku batzuk eman baitizkigu Gabonetan ere bizimodu osasungarria egiteko. 

Nutrizioa: neurrian jatea eta edatea

  • Planifikatu menu orekatu eta askotariko bat, produktu freskoak, sasoikoak eta bertakoak barne hartzen dituena, betiere barazkiak, fruta eta fruitu lehorrak oinarria direla.
  • Jakiak plantxan, lurrunetan edo labean egitea oso aukera osasungarria da; saltsak eta gisatuak dituzten platerak ez bezala, erraz digeritzen dira.
  • Hartu neurria azukreari eta Gabonetako gozokiei. Aukera ona izan daiteke sasoiko fruta pixka batekin konbinatzea: laranja, anana, mazedonia, konpota eta abar.
  • Hidratatu, eta ez edan alkoholik. Edatekotan, neurrian egin, eta jatorduetan; kaloriak baino ez ditu ematen alkoholak, eta digestio-sistemari eta nerbio-sistemari kalte egin diezaieke epe laburrean. Hidratatzea funtsezkoa da. Edan ura; heste-igarotzea errazten du, eta janariarekiko antsietatea gutxitzen. Beste likido batzuk ere har ditzakegu, hala nola zuku naturalak, infusioak edo zopak.

Jarduera fisikoa: baztertu sedentarismoa, eta egin bizimodu aktiboa

Oso litekeena da ospakizun-garai hauetan eguneroko jarduera fisikoaren errutina aldatzea, baina komeni da alde batera uztea sedentarismoa.

  • Ibili oinez, igo eta jaitsi eskailerak —ariketa aerobiko bikaina da—.
  • Oinez nahiz bizikletaz ibili hirian opariak erosteko, Gabonetako azokak ikustera joateko…
  • Egin dantza ospakizunetan; gure ongizate fisiko eta emozionala orekatzen laguntzen du. 
  • Aire zabaleko jarduerak egitea izan daiteke aktibo egoteko beste modu bat; hartu parte San Silbestreko lasterketa batean edo joan mendira Urteberri eguna ospatzera.

Ongizate emozionala: Gabonetako estresaren kudeaketa

Gure alderdi emozionala zaintzea ere garrantzitsua da. Festa-egunek, erosketek, otorduek, opariek eta abarrek estresa eragiten digute.

  • Hori saihesteko, funtsezkoa da aldez aurretik planifikatzea.
  • Banatu lanak denen artean.
  • Lagundu gehien behar dutenei. Aldendu perfekzionismotik eta hartu denbora babesgabeekin egoteko.
  • Elkartu maite dituzunekin eta bizi une goxoak haiekin.
  • Egin erlaxatzen laguntzen duten jarduerak, hala nola ariketa fisikoa, meditazioa, musika entzutea…
  • Lo-ohiturak. Ezohiko ordutegietan ibiltzen gara askotan Gabonetan, eta garrantzitsua da atsedena lehenestea. Saiatu lotarako ordua gehiegi ez atzeratzen eta ordutegia orekatzen.

Gogoan hartu Sarabia doktoreak elkarrizketa-podcast honetan esandakoa: “Oreka aurkitu behar da ohitura osasungarrien hiru ardatz nagusien artean: nutrizioa, jarduera fisikoa eta ongizate emozionala. Egin daiteke, eta gomendagarria da”.

Mutualex epaia 2024ko Abendua

sentencia

AUZITEGI GORENEKO LAN ARKOLO SALAREN EPAIAREN IRUZKINA (2622/2021 DOKTRINA BATERATZEKO KASAZIO-ERREKURTSOA), 2024KO URRIAREN 15EKOA 

mazoa

Auzitegi Gorenaren 2024ko urriaren 25eko epaia, 2622/2021 doktrina bateratzeko errekurtsoan emandakoa, zeinaren txostengilea Concepción Rosario Ureste García andre agurgarria izan baita. 

Prozeduran planteatzen da zer erakundek ordaindu behar duen kontingentzia arruntagatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa, pazientea berriz gaixotu bada eta erakunde aseguratzailea aldatu bada

Erabakia ekarri duten gertaerak sinpleak dira. Langile batek kontingentzia arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prozesua hasi zuen 2017ko abuztuaren 15ean, eta haren enpresak MC Mutual mutuarekin zituen adostuta kontingentzia profesionalak eta aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoa. Aldi baterako ezintasuneko egoera amaitu zenean, luzatu egin zen. 2019ko otsailaren 28an alta medikoa jaso zuen ukituak. 

2019ko maiatzaren 1ean (ondorioetarako data), aldi baterako ezinari dagozkion kontingentzia arrunten ondoriozko prestazio ekonomikoen estaldura aldatu zuen enpresa enplegatzaileak, eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren estaldura kontratatu zuen. 

2019ko apirilaren 12an, langileari berriro eman zioten laneko baja, eta GSINek ebazpen bat atera zuen 2019ko apirilaren 24an, zeinaren bidez aurreko aldi baterako ezintasunaren luzapentzat (langilea berriro gaixotzeagatik) aitortu baitzen egoera. Ezgaitasun iraunkorraren inguruko espediente bat hasi zen, 2019ko urriaren 14ko ebazpenaren bidez amaitu zena; ebazpen horretan, ezintasun iraunkorra ukatu zitzaion langileari, eta 2019ko urriaren 15ean amaitu zen aldi baterako ezintasunaren luzapena, ondorio ekonomikoetarako. 

MC Mutual mutuak ordaindu zuen aldi baterako ezintasunaren subsidioa 2019ko apirilaren 2tik apirilaren 30era, eta langileak eskatu zuen 2019eko maiatzaren 1etik 2019ko urriaren 15erako subsidioa ordaindu ziezaioten. Haren eskaera ezetsi egin zen, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak jo baitzuen MC Mutual etxearen ardura zela. 

MC Mutual mutuak demanda jarri zuen, eta Zaragozako Lan Arloko 7 zk.-ko Epaitegiak ezetsi egin zuen, eta 2019ko maiatza eta urria bitarteko subsidioa ordaintzearen erantzuletzat aitortu zuen erakundea. Epai hori Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi zuen, 2021eko ekainaren 14an, eta MC Mutualek kasazio-errekurtsoa ezarri zuen Auzitegi Gorenean. 

Eztabaidatzen ari gara zer erakunderen erantzukizuna den aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea, erakunde aseguratzailea aldatu bada prestazioa luzatzeagatik, ukitua berriro gaixotu delako. 

Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsorako aukera izateko eskakizunak aztertu ondoren, Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoa baietsi du, eta adierazi du GSINek ordaindu beharko duela aldez aurretik zehaztutako aldi baterako ezintasunaren prestazioa, jarraian azalduko ditugun arrazoiak kontuan hartuta. 

Auzitegi Gorenak dio, gaixotasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioak ordaintzeari dagokionez, legegileak ez duela erantzukizun desberdinik ezartzen hasierako faserako, luzapenerako edo atzerapenerako, zeinetan lan-kontratua etenda baitago, eta adierazi du prestazioa ordaintzearen erantzukizuna ez dela etorkizuneko kotizazioa mantentzearen araberakoa, baizik eta egoera eragin duen gertaera jazotzen den uneko aseguramenduaren indarraldiaren araberakoa. 

Beraz, une jakin batean aldi baterako ezintasunaren prestazioaz arduratzen den erakundea aldatzen bada, aldi baterako ezintasunaren gehieneko aldia agortzeagatik lan-kontratua etenda dagoela, dagokigun kasuan bezala, aurrekoaren tokian jarri den erakunde berriak arduratu beharko du estalduraz. 

Auzitegi Gorenak dio hala izango dela, kotizatzeko betebeharrik ez dagoen une batean aldatzen bada ere aseguratzailea, aseguramendua batasunaren eta integritatearen arauak zuzentzen baitu, barne direla aldi baterako ezintasun-egoera aldatzeko unean daudenak eta kontratua etenda dutenak, une horretatik aurrera hartzen baita prestazioaren kudeaketaren eta hura ordaintzearen erantzukizuna, baita une horretan dagoeneko sortuta daudenez ari garela ere. 

Auzitegi Gorenak emandako soluzioan, ukitua berriz gaixotzeagatik aldi baterako ezintasunaren luzatze-egoeran erakunde aseguratzailea aldatu den kasu honetan, erakunde berriak hartu behar du bere gain une horretatik aurrera subsidioaren ordainketa, Auzitegi Gorenak dioenez, kontingentzia arruntetarako ezarritako banaketa-sistema finantzarioaren arabera, langile guztientzat kotizatutakoa kolektibo aseguratuaren kontingentziak estaltzeko erabiltzen baita, etorkizunerako baliabideak metatu gabe epe luzerako, kotizatzeko betebeharrik ez dagoenean ere. 

Auzitegi Gorenaren epai hori efikazia handikoa da praktikan, eta operadore juridikoei, enpresei eta prestazioen onuradunei laguntzen die. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Kontsulta juridikoa 2024ko Abendua

consulta

Aldi baterako ezintasun-egoerara pasatzen bagara, luzatu egiten da langabezia-prestazioa jasotzeko aldia? 

kontsulta

Kontsulta asko egiten dira kasu horri buruz, eta ezin da erantzun unibokorik eman; izan ere, zuzenbidearekin bat datorren erantzun bat emateko, kontuan hartu behar dira egitateen azterketa zehatza, aldi baterako ezintasun-prozesuaren kontingentzia eta noiz igarotzen den langilea aldi baterako ezintasun-egoerara.  

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, langilea kontingentzia profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasun-egoeran badago eta egoera horretan dagoelarik kontratua azkentzen bada, langabezia-prestazioa jasotzeko alditik ez da kenduko, kontsumitu gisa, aldi baterako ezintasun-egoeran egon den denbora. 

Ez da gauza bera gertatzen ezintasuna kontingentzia arruntek eragindakoa bada; kasu horretan, langabezia jasotzeko alditik kendu egiten da, kontsumitu gisa, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon den denbora. Ikusten dugunez, kontingentzia profesionalak tratu hobea eskaintzen dio langileari.  

Orain beste egoera batetik abiatu behar dugu: lan-harremana amaitua da jada, eta langilea langabezia-prestazio osoa jasotzen ari da, eta orduan hasten da aldi baterako ezintasun-egoera (berdin dio aurreko prozesu bati dagokion birgaixotzea den ala ez). Legegileak ezarri du eta Auzitegi Gorenak berretsi du berriki, 2024ko urriaren 15ean, 3.302/2022 errekurtsoan emandako epai batean, langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez dela luzatuko aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik, aldi baterako kontingentzia edozein dela ere (283.3 artikuluaren hirugarren paragrafoa). 

Ikusten dugunez, legegileak erregulazio bereiziak sartu ditu langabezia-prestazioaren eta aldi baterako ezintasuneko prestazioaren gaineko ondorioetan, eta horiek kontuan hartu beharko dira gure ordenamendu juridikoaren araberako erantzuna emateko orduan. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Gabon seguruak: lehen sorospeneko aholkuak 

navidades seguras

Gabonak gainean ditugu, eta, egun horietan, ugaritu egiten dira familiarekin, lagunekin eta lankideekin elkartzeko eta ospatzeko uneak. Hala ere, gogoratu behar da ospakizun horiek arriskuak ere izan ditzaketela, eta badela horiek saihesterik garaiz eta modu egokian jokatuz gero.  

Mutualiak segurtasunarekin, osasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa indartzen du, eta aholku praktikoak ematen ditu istripuak prebenitzeko eta larrialdi-egoeretan nola jokatu jakiteko. Hain zuzen, Mutualiaren Educator Programa dauka Mutualiak, eta programa horren helburua da langileei jakintza sanitarioa eta higieniko-sanitarioa transmititzea, istripu bat gertatuz gero zer egin jakiteko eta prebentzioan eta zaintzan aktiboki parte hartzea sustatzeko. 

 

Mutualiak gomendioak ematen ditu, infografia eta bideo formatuan, jakiteko nola jokatu egun hauetan gerta daitezkeen arrisku-egoera ohikoenetan, hala nola eztarrian zerbait trabatuz gero edo bihotz-biriketako bizkortzea egin behar izanez gero. Eduki horiei beste bi arrisku-egoera gehitu dizkiete: batetik, ebaki edo zauriak, eta, bestetik, erredurak. 

Zer egin norbaiti eztarrian zerbait trabatzen bazaio 

Nola egin bihotz-biriken bizkortzea helduei eta nola erabili desfibriladorea 

 

Zer egin ebaki edo zauri bat eginez gero 

 

 

Zer diren erredurak eta nola jokatu halakorik izanez gero 

 

Prebentzioarekin eta lehen sorospenekin lotutako hainbat baliabide, guztion artean Gabon seguruagoak izan ditzagun.