LSOrako Europako Agentziak (2023-2025) “Lan segurua eta osasungarria aro digitalean” jardunbide egokien Europako sarien deialdia egin du, dagoeneko jardunbide horiek badituzten erakundeak aintzatesteko. Mutualiak eman zuen horren berri , eta, gainera, tresna eta gida praktikoak eskaini ditu, interesa duten lantokiek beren segurtasun- eta osasun-kanpainak egin ditzaten.
Jardunbide egokien sariak EU-OSHAk eta haren erreferentzia-zentro nazionalek antolatutako «Lan osasungarriak» kanpainaren parte dira, eta aukera ezin hobea eskaintzen dute kanpainan parte hartzeko. Horri esker, erakundeek jardunbide egokiak sustatu eta partekatu ditzakete Europa osoan.
Deialdi honek bi modalitate ditu: bata 100 langile baino gutxiagoko enpresetarako eta bestea 100 pertsona edo gehiagoko enpresetarako.
Parte hartzen duten enpresek hautagaitza aurkezteko inprimakia bete beharko dute, bertan dauden jarraibideei jarraituz, eta 2024ko urriaren 15a baino lehen bidali pfocalagenciaeuropea@insst.mites.gob.es helbidera.
Lehiaketa bi fasetan egingo da: Hautaketa-prozedura nazional baten ondoren, Europako epaimahai bat bilduko da azken irabazleak zein diren erabakitzeko.
EU-OSHAk eta haren sareko bazkideek biziki sustatzen dituzte saritutako jardunbide egokien adibide guztien lorpenak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu erantsitako dokumentazioa.
Mutualiak baditu zenbait tresna eta jarduera beharra izan dezaketen lanpostuetan horrelako arriskuak gutxitzeko. Kanpaina osatzen duten 5 gai nagusien artean, hauei buruzko dokumentazioa dago:
Auzitegi Gorenak, 2024ko otsailaren 6ko epaian, 263/2022 errekurtsoan emandakoan, analizatzen du enpresaren jabetzakoak izanik langileen eskura jarritako ekipamendu informatikoak erabiltzeko politikaren edozein alderdi aldatzeko, eguneratzeko edo zehazteko prozedura, baita horien bidezko Interneterako sarbidea ere.
Prozeduraren jatorria gatazka kolektiboko demanda bat da, sindikatu batek aurkeztua, informatikako ekipamenduen erabilerari buruz enpresak egindako jakinarazpen baten ondorioz. Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salak bazuen jakinarazpen horren berri, eta baliogabetu egin zuen; izan ere, langileen ordezkarien parte-hartzerik gabe egina zen, Datuak Babesteko Lege Organikoaren (DBLO) 87.3 artikuluan ezarritakoaren aurka.
Enpresak kasazio-errekurtsoan zioenez, lan-kontratuan bazeuden protokolo batzuk baliabide informatikoen erabilera pertsonala debekatzen zutenak, eta, beraz, jakinarazpena gogorarazpen hutsa zen; hau da, ez zen baliabideak erabiltzeko politika berri bat.
Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan xedatutakoan oinarritzen zuen enpresak jokabide hori. Artikulu horrek aitortu egiten du enpresaburuak lan-harremanen eremuan duen zuzendaritza-ahalmena langileek berei dagozkien betebeharrak konplitzen dituztela egiaztatzeko, eta ahalmena ematen dio zaintza- eta kontrol-neurri egokienak hartzeko. Xedapen orokorra da, jarduera-mota guztiei aplika dakiekeena, lanean erabiltzen diren baliabide materialak edozein direla ere: beraz, ez da beharrezkoa langileen ordezkariek parte hartzea horri buruzko arauak ezartzeko.
Baina DBLOren 87.3 artikuluak espezifikoki aipatzen ditu enpresaburuak enplegatuen eskura lanerako jartzen dituen gailu orokorrak erabiltzeko irizpideak, eta haiek erabiltzeko arauak eta irizpideak ezartzeko ahalmena ematen dio enpresaburuari; baina, aldi berean, mugak ezartzen dizkio enpresaren zehaztapen-botere horri, langileen intimitate-eskubidea aintzat hartuta.
Auzitegi Gorenak adierazten du DBLOren 87.3 artikulu hori aginduzkoa dela lana gailu digitalen bidez egiten den kasuetan. Horrelakoetan, langileen ordezkariek parte hartuta ezarri behar dira irizpideak, eta, aginduak atzeraeraginik ez duen arren, DBLO indarrean sartu aurretik ezarritako irizpideen edozein aldaketak, edozein zehaztapenek, zabaltzek edo murrizketak indarrean dagoen legean ezarritako arauei jarraitu behar die.
Auzitegi Gorenaren Laugarren Salaren iritziz, gainera, enpresaren zirkularra ez zen gogorarazpen hutsa; aldaketa bat zekarren instrukzio horrek, eta, edozelan ere, irizpideen eguneratzea; ondorioz, indarreko araudia betez egin behar ziren irizpideok. Hortaz, langileen ordezkariek parte hartuta finkatu behar dira irizpideak.
Zalantzarik gabe, epai interesgarria da, eta kontuan hartu beharreko irizpidea, ugari erabiltzen baitira baliabide teknologikoak lanpostu askotan.
Kanpaina hau Aste Santu osoan eta apirilaren 12ra arte egongo da telebistan, irratian, hedabide inprimatuetan, plataforma digitaletan, sare sozialetan, zinemetan eta publizitate-paneletan. Erabaki hori oso egokia da; izan ere, egunero 40 milioi joan-etorri egiten diren arren, gidari batzuek errepideak bakarrik balebiltza bezala jokatzen dute.
Tonu atseginez eta beste aldi batzuetako dramatismoa alde batera utzita, iragarkiek zenbait gidari erakusten dituzte abesten eta gidatzen, ohiko egoeretan, errepidean haiek bakarrik baleude bezala (ziurrenik denok ikusi ditugu horrelako egoerak behin baino gehiagotan), eta erakusten dute haien gidatzeko moduak arazoak sortzen dizkietela beste ibilgailu batzuei, oinezkoei eta beste garraiobide pertsonal batzuen erabiltzaileei. Iragarki horietan ikusten da gidaria konponbidearen nahiz arazoaren parte izan daitekeela.
Gainera, webgune bat sortu dute, erabiltzaileek kanpainaren mami nagusia (“Ez zaude bakarrik”) lantzeko aukera izan dezaten. Bideo batean, ibilbide bat erakusten da, bi ikuspegitatik: batetik, gidariarena, kanpainako musikarekin; bestetik, musika desaktibatzean, ibilbide horretan zehar dabiltzan beste elementu batzuena, hala nola oinezkoak, beste auto batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabiltzaileak. Aipatzeko moduko ideia bikaina.
Konfiantza eta segurtasun osoz gidatzea prozesu motela da, eta denbora eta praktika handia eskatzen du. Hori dela eta, oinarrizko gidatzeko arau batzuk gogoraraziko ditugu, errepidean gainerako erabiltzaileekin batera ibiltzeko konpromisoa dugula erakusteko. Izan ere, DGTren kanpaina berriak ondo dioen bezala, “ez zoaz bakarrik”; gidatzea besteekin partekatzea da, eta haiek ulertzea.
–Erabili argi keinukariakzure asmoak beste gidari batzuei jakinarazteko. Denborarekin, badirudi batzuek ahaztu egiten dutela haien garrantzia. Horregatik, ibilgailuen mugimenduari adi egon behar duzu, eta haiek egitera doazenari aurrea hartu, seinalatzen ez badute ere. Gogoan izan argi keinukariak ez erabiltzeak 200 euro arteko isuna ekar dezakeela Espainian.
–Saihestu distrakzioak gidatzean, batez ere mugikorrarekin. Frenatzeko distantzia handitzen dute, eta istripurako arriskua areagotzen; gaur egun, distrakzioek eragiten dute gure errepideetako istripu-tasarik handiena.Beraz, bide-segurtasunerakofuntsezkoa da distrakzioak saihestea.
–Eskuineko erreitik zirkulatu. Garrantzitsua da eskuineko erreitik joatea ahal den guztietan, trafiko-araudia aintzat hartuta. Hala ere, gidari batzuk erdiko erreian ibiltzen dira, eta eskuinekoak baino motelago, sarritan. Hori ez da zuzena, eta zigor ekonomikoak ekar ditzake.
-Biribilguneetan arreta jarri, eta aurrea hartu besteen portaerari, gidari asko ez baitira eskuineko erreitik ateratzen; horrela, egoera arriskutsuak saihestuko dituzu.
Ondoriozta dezakegu gidatzea ekintza guztiz soziala dela; eta, beste edozein ekintza sozialek bezala, ulermena, enpatia eta errespetua eskatzen ditu. Gidatzea partekatzea da, eta era egokian gidatzea aipatutako hiru terminoak ez ahaztea da.
Joan den martxoaren 18an, “XII. Iradokizun Onenaren Saria” banatu zen. Ekimen horren bidez, hobetzen laguntzen digun kanpo-ekarpenak aitortu eta saritu nahi dira.
Mutualiaren estranetean zuzeneko ordainketen eskaera sartzea. Helburua langileei eskaera erraztea da; horri esker sistemaren bidez enpresaren ziurtagiriaren datuak sartu ahal izango ditu, bai eta eska daitekeen beste edozein dokumentazio ere.
Javier Gomez Gredilla (Jauregui Ingeniería y Servicios Industriales, S.A.)
Iradokizun asko eta kalitatekoak jaso ditugu, eta eskerrak eman nahi ditugu, lagungarri izango baitira, zalantzarik gabe, gure zerbitzuak hobeto ezagutzeko eta erabiltzaileen espektatibetara hobeto egokitzeko.
Kontziliazioaren eta Erantzunkidetasunaren Eguna martxoaren 23an ospatzen da, eta Mutualiak MásFamilia Fundazioaren #ConciliarEsAvanzar kanpainarekin bat egiten du.
Mutualiak EFR ziurtagiria du (B proaktibo kalifikazioa), eta 2023ko urrian Másfamilia Fundazioak sustatutako telelanaren gutuna sinatu du.
Mutualiak kontziliazio-neurri ugari ditu; hala, 2023an 445 kontziliazio-neurri eman dira. Neurri horien % 76,8 emakumeek hartu zituzten, eta horrek erakusten du emakumeak direla oraindik ere neurri horiek gehien hartzen dituztenak, plantillan duten presentzia baino ehuneko handiagoan (%74,3 2023ko abenduaren 31n). Proportzio hori handiagoa da plantillan emakumeak baino, 2023ko abenduaren 31n %74.3 baitziren.
2023ko uztailetik aurrera Mutualian urrutiko lan-esparrua ezartzeak aukera eman die modalitate horretan egin daitezkeen lanpostuak betetzen dituzten pertsonei mutuan zerbitzuak emateko malgutasun-maila handiagoa izateko. Gainera, Mutualiak beste neurri batzuk hartu ditu, hala nola lanaldi-murrizketak, familiakoak zaintzeko soldatarik gabeko baimenak eta eszedentziak, lana eta familia bateragarri egiteko etengabeko konpromisoa erakutsiz.
Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeak aukera ematen du bizitzaren alderdi guztiak modu eraginkorrean bateragarri egiteko, eta aukera ematen die pertsonei lan-eremuan eta eremu pertsonalean modu orekatuan aritzeko. Hala ere, garrantzitsua da kontziliazioaren eta erantzukidetasunaren kontzeptuak bereiztea. Azken hori konpromiso zabalagoa da, eta gizonen eta emakumeen parte-hartze ekitatiboa eskatzen du zeregin guztietan: etxeko lanetan, mendekoen zaintzan, jarduera pertsonal eta profesionaletarako denboran eta denbora propioan.
Horregatik, garrantzitsua da kontziliazioa eta erantzunkidetasuna bizitzako alderdi guztietan errealitate izan daitezen neurriak ezartzea, guztion erantzukizuna dela ahaztu gabe.
EmteSPORT, 30 urte jarduera fisikoa sustatzen gizarte aktibo, inklusibo eta askotarikoaren alde
EmteSPORT, “30 urte baino gehiago indartsu ibiltzen”, gizarte aktiboagoa eta osasungarriagoa lortzeko, pertsona guztientzako jarduera fisikoa eta osasuna sustatzen duten proiektuak garatzen dituzten kirol-zentroen kudeaketaren bidez. Mutualia Sarien azken edizioan Aniztasunaren Sariaren accesita eman zioten.
Elkarrizketa egin diogu Sergio Barcenillari, Emtesporteko proiektu-teknikariari.
30 urte baino gehiagoko ibilbide honetan, jarduera fisikoa aldatu egin da, publiko guztietara zabaldu da eta gure aisiaren, kulturaren eta osasunaren parte da.Nola bizi izan du EmteSPORTek aldaketa hori?
EmteSPORT lekuko eta partaide aktiboa izan da jarduera fisikoak gizartean izan duen bilakaeran eta eraldaketan. Eraldaketa horren ezaugarri nagusia inklusio eta dibertsifikazio handiagoa izan da. Jarduera fisikoa ez da jada biztanleriaren segmentu espezifikoetara mugatzen; hedatu egin da publiko guztientzat irisgarria eta erakargarria izateko, adina, generoa edo egoera fisikoa kontuan izan gabe.
Merkatuaren joera, premia eta eskari berrietara etengabe egokituz bizi izan dugu aldaketa hori. Horrek berrikuntza ekarri du kirol-zerbitzuen eta -programen eskaintzan, eta zerbitzu eta programa horiek inklusiboak, askotarikoak eta erabiltzaileen oinarri gero eta zabalago eta askotarikoago baten itxaropenak asetzeko gai izango direla ziurtatu du.
Gainera, EmteSPORTek soluzio teknologikoak txertatu ditu erabiltzailearen esperientzia hobetzeko, jarduera fisikorako sarbidea errazteko eta bizimodu osasungarriak sustatzeko.
“Garrantzitsua da adieraztea, enpresa garen aldetik, osasuna eta ongizatea sustatzeko konpromisoa indartu dugula, toki-erakundeekin lankidetza estuan lan eginez, jarduera fisikoa aisialdiaren, kulturaren eta osasun publikoaren funtsezko zati gisa sustatzen duten programak garatzeko. Bereziki, gazteentzako, adinekoentzako eta kalteberatasun-egoeran dauden biztanleentzako programak bultzatuz.”
EmteSPORTen helburu nagusietako bat gizarte aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatzea da, eta funtsezko eragilea da pertsona guztientzako jarduera fisikoa eta osasuna sustatzen dituzten proiektuak garatzeko. Nola kudeatzen duzue errealitate berri hau?
Enpresa funtsezko eragilea da pertsona guztientzako jarduera fisikoa eta osasuna sustatzen dituzten proiektuak garatzeko, bere zerbitzuak eta programak biztanleria-segmentu guztien premiei erantzuteko egokituz, gazteak eta adinekoak barne, eta eskaintza guztietan irisgarritasuna eta aniztasuna ziurtatuz, hainbat proposamenen bidez:
Gazte eta adinekoentzako programak: EmteSPORTek haurrei, gazteei eta adinekoei zuzendutako programa espezifikoak garatzen ditu, jarduera fisikoetan parte hartzea eta kirol-ohiturei atxikitzea sustatuz.
Aniztasunaren kudeaketa: Enpresa lanean ari da bere instalazioak eta programak pertsona guztientzat irisgarriak izatea bermatzeko, edozein dela ere haien generoa, gaitasun fisikoa edo egoera sozioekonomikoa.
Ingurune berrien dinamizazioa: EmteSPORT ahalegintzen da jarduera fisikoa egiteko ingurune berriak dinamizatzen, kirol-instalazio tradizionaletatik kanpoko aukerak aztertuz. Gure ikuspegitik, udalerriak eragile aktiboak dira herritartasun aktiboa sustatzeko.
Pertsona guztientzako lagunkoitasun-programetan parte hartzea: EmteSPORTek aktiboki parte hartzen du Hiri Lagunkoien Sarearekin – Euskadi Lagunkoia – eta hiri aktiboagoak bultzatzen dituzten proiektuekin konektatutako ekimenetan, eta erakunde publikoekin lankidetzan aritzen da hiri aktiboagoak eta parte-hartzaileagoak diseinatzen.
Erakunde eta elkarteekiko lankidetza: Sektore publiko eta pribatuko erakundeekin aliantzak egiten ditugu, gizarte aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatzen duten proiektuak garatzeko eta egikaritzeko.
Teknologiaren eta Berrikuntzaren erabilera: Gure zerbitzuetan teknologia eta berrikuntza txertatzen ditugu, eta gure zerbitzuen erabiltzaileekiko esku-hartze esanguratsuagoa eta globalagoa bultzatzen.
Mutualia Sarien azken edizioan, EmteSPORTek Aniztasun Sariaren accesita jaso zuen, “Aniztasuna hazkunde-faktore gisa” proiektuagatik.
Zer helbururekin sortu zen proiektu hori?
“Aniztasuna hazkunde-faktore gisa” proiektua funtsezko hainbat helbururekin diseinatu zen, eta aniztasuna bultzatzeko proposamen espezifikoen diagnostikoa, analisia eta inplementazioa barne hartzen dituen ikuspegi baten bidez garatu da.
“Hau izan da helburu nagusia: aniztasuna erakundearen maila guztietan txertatzea, berrikuntza, lehiakortasuna eta garapen jasangarria elementu estrategiko gisa bultzatzeko.”
Nola gauzatu dira diagnostikoa, analisia eta ezarpen-proposamenak aniztasuna bideratzeko?
Prozesua hasierako diagnostiko batekin hasi zen. Diagnostikoak erakundearen barruko aniztasunaren egoera ebaluatu zuen, hobetzeko arloak eta hazteko aukerak identifikatuz. Inkestak eta barne-politiken analisiak egin ziren, eta antzeko beste jardunbide errepikagarri batzuk bilatu ziren.
Zein izan dira ezarritako ekintza nagusiak?
Prestakuntza eta sentsibilizazioa: Prestakuntza-programak sustatu dira, aniztasunaren eta inklusioaren garrantziari buruzko sentsibilizaziora bideratuta.
Giza Baliabideen politika inklusiboak: Hautaketako, sustapeneko eta garapen profesionaleko prozesuetan aukera-berdintasuna sustatzeko giza baliabideen politikak berrikusi eta egokitu ziren.
Lanaren, gizartearen eta norbanakoaren esparruan denbora kudeatzeko eta antolatzeko barne-politikak aztertzea eta lanaldia antolatzen eta malgutzen laguntzen duten ekintzak integratzea.
Zure ustez, proiektua beste erakunde batzuetara ere heda daiteke?
Beste leku batzuetan erreplikatuko den edo ez, edo antzeko proposamen bat garatuko den, zenbait faktoreren mende dago: zuzendaritzaren konpromisoa, langileen informazioa eta parte-hartzea eta ekintzak erakunde bakoitzaren errealitate espezifikora egokitzea.
HAR AL DEZAKE ALDIZKAKO LANGILE FINKO BATEK TXANDA-KONTRATU BATI LOTUTAKO ERRETIRO PARTZIAL AURRERATUA, BALDIN ETA HAREN JARDUERA DATAK ZIURRAK EZ BADIRA?
Gai interesgarri horri dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2023ko abenduaren 21eko Epaiak (RCUD 3616/2022) planteatutako gai horri aplikatu beharreko doktrina ezartzen du.
Jarduketa horiek eragin dituen epaia Eibarko Lan Arloko Epaitegiaren 2021eko irailaren 13ko Epaia da. Epai horren bidez, data ez-ziurretan lanaldi osoko aldizkako kontratu finkoa duen langile baten demanda onartu zen. Langileak lanaldi osoko txanda-kontratu mugagabe bati lotutako % 20ko lanaldi partzialeko kontratua sinatu zuen, eta erretiro partzialeko pentsioa eskatu zion Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (aurrerantzean, GSIN). Erakunde kudeatzaileak ez zuen onartu eskaera denbora osoko lanaldi batetik ez datorrelako.
Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 2022ko maiatzaren 17ko epaiak berretsi egin zuen Lan Arloko Epaitegiaren epai hori, eta Gizarte Segurantzaren Administrazioaren letraduak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, GSINren eta GSDNren izenean.
Gizarte Segurantzaren araudiak mugatu egiten du erretiro aurreratu partzialaren aukera: onartu egiten die lanaldi osoko zerbitzuak ematen dituztenei, eta kanpoan uzten ditu baldintza hori betetzen ez duten langileak. Aldaketa hori abenduaren 4ko 40/2007 Legeak sartu zuen, eta hala jasota dago gaur egun urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 215. artikuluan. Azken batean, lanaldi osoan lan egiten ez duten langileei erretiro aurreratu partziala ukatzeko borondatea adierazten du legegileak, lanaldi partzialeko langileen eta aldizkako langile finkoen artean bereizketarik egin gabe. Epaian, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 245. artikuluan xedatutakoa aztertzen da, lanaldi partzialeko kontratudun langileei gizarte-babesari buruz aplikatu beharreko xedapenen barruan, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuko 12. eta 16. artikuluei dagokienez.
Aipatutako epaian, Auzitegi Gorenak berriro adierazi du erretiro partziala lanaldi osoko jarduera bat betetzen duten langileei zuzenduta dagoela eta, hala, egoera hori betetzen ez duten langileak kanpoan uzten direla, lanaldi partzialeko langileen eta aldizkako langile finkoen artean inolako bereizketarik egin gabe.
Aldizkako kontratu finkoa (epaian aztertzen den kasua da), data jakin batzuetan errepikatzen ez dena, ez da lanaldi partzialeko kontratua Gizarte Segurantzaren ikuspegitik, baina horretan ari dena ez da lanaldi osoko langilea ere, zeren eta ez baita zerbitzurik ematen urteko egun guztietan eta jarduera horretarako urteko ohiko lanalditzat jotzen dena baino lanaldi txikiagoa egiten baita. Legegilearen ustez, eta doktrinak hala interpretatzen du, “erretiro partzial aurreratua salbuespenezko neurria da, eta, horregatik, lanaldi osoan egiten ez diren lanen kategorian sartu da lan etena, bai data ziurretan egiten dena, bai jarduera zalantzazkoa dela-eta data ez-ziurretan egiten dena”.
Interpretazio horrekin argi eta garbi xedatzen da zein kolektibok duten borondatezko erretiro partzial aurreratua hartzeko aukera, legegileak ezarritako gainerako baldintzak betez gero, eta kanpoan uzten dira aldizkako langile finkoak, lanaldi osoan lan egin badute ere.
Ezintasun iraunkorraren mailak zehazteko orduan, funtsezkoa da ohiko lanbidea aztertzea. Auzitegi Gorenaren 2023ko azaroaren 22ko epaian (992/2023 ebazpena), kontuan hartu beharreko ohiko lanbidea zein den aztertzen da: lan-gaitasuna murrizten duten murrizketa anatomikoek edo funtzionalek eragindako lesioak jasaten direnean betetzen ari dena edo haiek baloratzen direnean betetzen ari dena.
Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoaren bidez ez ditugu ezintasun iraunkorraren mailak baloratzeko kasu asko aurkituko, oso balorazio indibidualizatua delako. Zaila da bi kasu berdin aurkitzea, baina, hemen, Auzitegi Gorenak ohiko lanbidearen kontzeptuaren azterketa interesgarria eta didaktikoa egin du, eta hori kontuan hartu behar da.
Langile Autonomoen Araubide Berezian (aurrerantzean, LAAB) alta emandako langile baten kasua dugu. Zirkulazio-istripu bat izan zuen —lanez kanpoko istripua— 2015eko abuztuaren 17an, larria, diagnostikoa zango katastrofikoa izanik. Aldi baterako ezintasunaren epea agortuta, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (aurrerantzean, GSIN) espedientea hasi zuen. 2017ko irailaren 16an ebatzi zen: aldi baterako ezintasun-prozesuari amaiera eman zion, eta ez zuen onartu inolako ezintasun iraunkorrik.
2004ko azaroaren 11n, auzi-jartzaileak sozietate mugatu bat eratu zuen, zeinaren objektu soziala baitzen zaldi-ikuskizunak antolatzea, zaldiak alokatzea eta espezialistak prestatzea. Bera zen sozietatearen administratzaile bakarra eta enpresaren akzioen % 85en titularra, eta zaldi gaineko ikuskizunetan eta espezialistak prestatzen ziharduen.
2017ko ekainaren 21etik aurrera, sozietate mugatuko kudeatzaile-lanak egiten hasi zen. Trafiko-istripuaren ondoren, muga handiak zituen, eskakizun fisiko handiko jarduerak egitea eragozten zizkiotenak. Ondoren, aldi baterako ezintasuneko beste prozesu bat hasi zen, zeina GSINk 2018ko ekainaren 14an emandako ebazpenaren bidez amaitu baitzen, ezintasun iraunkorraren aitorpena ukatuta. Erabaki horren aurrean, langileak lehenik erreklamazioa eta gero demanda jarri zuen, ezintasun iraunkor osoa aitortzeko eskatuz.
Alacanteko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak, 2019ko otsailaren 8ko epaian, ezintasun iraunkorraren maila hori aitortu zuen, baina Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2020ko ekainaren 14ko epaiak erakunde kudeatzailearen erregutze-errekurtsoa onartu eta epaia errebokatu zuen. Langileak, orduan, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen.
Hau da eztabaidagaia: zein da langilearen ohiko lanbidea, zaldi gaineko ikuskizunetan eta espezialistak prestatzen diharduen espezialistarena, —alegia, lanez kanpoko istripuaren unean zuen lanbidea— ala sozietateko kudeatzaile eta administratzailearena? Izan ere, funtsezko elementua da hori baliaezintasun-egoera baten aurrean gauden ala ez erabakitzeko. Ez da zalantzan jartzen langileak muga funtzional garrantzitsuak dituela.
Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 194.2 artikuluan eta 2530/1970 Dekretuaren 36.2 artikuluan ezarritakoaren interpretazioa egiten da, non esaten baita LAABen ulertuko dela ohiko lanbidea dela interesduna alta emanda zegoen araubide horrek babesten duen ezintasun iraunkorra eragin zuen gertaera gertatu zenean interesdunak zuena eta aurrekoa.
Beraz, ondorioa da ezintasun iraunkorra dakarrenistripua gertatzen den unean betetzen ari dena izan behar duela ohiko lanbideak, eta ez geroagokoa, GSINeko Ezintasunak Baloratzeko Taldeak irizpena ematen duenean beharbada betetzen ari dena.
Auzitegi Gorenak egiten duen interpretazioa hori denez, kasu honetan kontuan hartu behar dugun lanbidea zaldi gaineko ikuskizunetako espezialistarena da, hau da, zirkulazio-istripua izan zuenean betetzen ari zena.