Mutualex epaia 2025ko Iraila

sentencia

Auzitegi goreneko gizarte-arloko salaren epaia (3993/2024 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa), 2025eko uztailaren 16koa 

mazoa

Aztertutako epaian planteatzen den gaia honako hau da: enpresak diziplinazko kaleratzea jakinarazi dio langileari. Langileak demanda jarri du, eta eskatu kaleratzea bidegabea dela aitortzeko. Gainera, 5.410,36 euroko kalte-ordain osagarria eskatu du lortu gabeko irabaziengatik. Auzialdian, bai kaleratzea bidegabea izan dela bai kalte-ordain osagarria ematea baietsi dira. Enpresak erregutze-errekurtsoa jarri du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, eta azken horrek errekurtsoa baietsi du kalte-ordain osagarriari dagokionez, eta erabaki hori ezeztatu. Langileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu du, honako hauek aplikatuta: Langileen Estatutuaren 56. artikulua, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikulua eta Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua. 

Hau da, eztabaidaren ardatza da erabakitzea ea, langile bat kaleratzen badute eta kaleratze hori bidegabea dela deklaratzen badute, langile horrek kalte-ordain osagarria jasotzeko eskubidea duen edo ez aipatu araudia aplikatuta. 

Auzitegi Gorenak ondorioztatu du Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluko kalte-ordain tasatua (33 egun lan egindako urte bakoitzeko, 24 hileko ordainketa arte) bidegabeko kaleratzea dela-eta judizialki egin daitekeen konpentsazio bakarra dela. Auzitegi Gorenaren aburuz, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikuluak eta berrikusitako Europako Gutun Sozialeko 24. artikuluak behar bezalako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortzen dute: «Gure legeriak ez du kalte-ordain librerik ezarri enplegua justifikaziorik gabe galdu izana konpentsatzeko. Dagoeneko tasatuta dagoenak eskaini izan die langile guztiei segurtasun juridikoa eta uniformetasuna. Hain zuzen ere, enplegu bera galduz gero, ordain bera jasotzen dute, jasandako kalte-ordain zehatzak egiaztatu beharrik gabe». 

«Azken batean, orain interesatzen zaigun horretara etorrita, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikulu horretatik ondorioztatzen da barne-legediek zehaztu dezaketela behar bezalako kalte-ordaina, eta diseinu hori hainbat faktoretan oinarrituta egin ahal izango dutela, eta, are gehiago, aurreikuspen espezifikoak egin ahal izango dituztela eskubide bereziak arriskuan jartzen dituzten egoerei aurrean. Bada, horixe egin du legegile nazionalak Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluan, oro har, eta Gizarte-arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 182.1.d) eta 183. artikuluetan, kaleratzeak oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak urratzen dituenean». 

Hain zuzen ere, Auzitegi Gorenak adierazi duenez, gure ordenamendu juridikoan (Langileen Estatutuaren 56.1 artikulua) tasatutako kalte-ordaina «ezin da esan nazioarteko xedapenetik kanpo dagoenik —egokia dela bakarrik adierazten du—; aitzitik, “modu objektiboan tasatuta” dago, esan izan dugun bezala». 

Gizarte Eskubideen Europako Komitearen erabakiak ez dira betearazleak, eta ez zaizkie zuzenean aplikatzen partikularrei. 

Legea aplikatzean segurtasun juridikoari eta berdintasunari eusteko beharra justifikatzen da, eta Langileen Estatutuan aurreikusi gabeko egoera indibidualetan oinarritutako «nahierako» kalte-ordainak saihestu. Horregatik, Auzitegi Gorenak, martxoaren 29ko 270/2022 Epaian bezala (2142/2020 Doktrina Bateratzeko Kasazio-errekurtsoa), zera aldarrikatzen du: «Barne-araua alboratu eta nazioartekoa hartu eta, horrela, konbentzionaltasun-kontrola baliatzea nazioarteko arauak argitasuna eta ziurtasuna eskaintzen dituen kasuetan bakarrik egin behar da, segurtasun juridikorik eza saihestuz». Hori ez da prozedura honetan gertatzen dena. 

Ondorioz, Auzitegi Gorenak errefusatu egin du langileak Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluan ezarritako kalte-ordain osagarria jasotzeko eskubidea izatea, legegileak edo negoziazio kolektiboak erreforma egin ezean. 

Epai horrek bi boto partikular ditu. Lehenengoaren arabera, ez zen onartu behar doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa, prozedura honetako egitateak eta alderatzeko aukeratutako epaikoak desberdinak direlako. Hala ere, adierazten du eman daitekeela bidegabeko kaleratzea dela-eta dagokion kalte-ordainaz gain beste kalte-ordain bat ere, betiere aparteko kaltea badago. Adierazten du, halaber, bidegabeko kaleratzeetarako tasatutako kalte-ordaina aldatzea legegintza-ekinbidea beraien funtzioen artean duten Estatuko organoei dagokiela, eta, jakina, legegintza-ahalmena dutenei. 

Bigarren boto partikularraren arabera, zuzenean aplika daiteke Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua, eta, beraz, Langileen Estatutuaren 56. artikuluan ezarritako kalte-ordain tasatuaz gain, aukera dagoela kalte-ordain osagarri bat ordaintzeko, kasu jakin batzuetan salbuespen gisa ager daitezkeen eta normalean enplegua galtzeari egozten zaion kaltetik harago doazen beste kalte-galera batzuk konpentsatzeko. 

Doktrina bateratzeko epai bat hizpide badugu ere, gizarte- eta lan-testuingurua dela-eta eta aipatutako boto partikularrak direla-eta —islatzen dute Auzitegi Goreneko magistratuek interpretazio juridiko ezberdinak egiten dituztela, gizartean bertan ere gertatzen den bezala—, ziurrenik errekurtso gehiago formalizatuko dira eta jurisprudentzia aldatuko den ala ez egiaztatu beharko da. 

Jesús Escartín Azlor 

Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua  

Mutualex-Kontsulta juridikoa 2025ko Iraila

consulta

Langabezia-sorospena jasotzen duen eta gaur egun errezidiba-egoeran dagoen langileak ba al du aldi baterako ezintasuneko prestaziorik jasotzeko eskubiderik?  

kontsulta

Hona kasuaren deskribapena: langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran egon zen, lan-istripu bat zela-eta, alta medikoa egin zen, lan-kontratua amaitu zen, langabezia-prestazioa jaso zuen hura agortu arte, eta, gaur egun, langabezia-sorospena jasotzen du. Une honetan errezidiba-egoeran dago, eta aldi baterako ezintasuneko prestazioa jaso nahi du. 

Hasiera batean uler daiteke langileak lan-istripuagatiko aldi baterako ezintasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea izango lukeela, nahiz eta aldi baterako ezintasuneko bi prozesuen artean denbora-tarte bat igaro eta langabezia-sorospena jaso. Hala ere, Auzitegi Gorena 2023ko uztailaren 4ko Epaian oso bestelako ondorio batera iritsi zen. Jarraian aztertuko dugu. 

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 165. artikuluak ezartzen du aldi baterako ezintasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko baldintza dela araubide horretan afiliatuta eta altan egotea edo altarekin parekatutako egoeran egotea, eta 166. artikuluak altarekin parekatutako egoerak zerrendatzen ditu (besteak beste, langabezia-prestazioa jasotzen duen langilea).  Era berean, GSLOren 265. artikuluaren arabera, langabezia-babesa bi mailatakoa izan daiteke: maila kontributibokoa (langabezia-prestazioa) eta maila asistentzialekoa (langabezia-sorospena). 

Aipatutako araudia kontuan hartuta, planteatutako kontsultan langileak ez du betetzen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotearen baldintza; izan ere, gaur egun langabezia-sorospena jasotzen du, hau da, prestazio ez-kontributibo bat. 

Aipatutako Auzitegi Gorenaren 2023ko uztailaren 4ko Epaiak (3121/2020 Errekurtsoa) oraingoaren antzeko kasu bat aztertzen du; hots, eztabaidagaia da ea lan-istripua izan zuen eta langabezia-sorospena jasotzen duen langile batek aldi baterako ezintasuneko prestazioa jaso dezakeen errezidiba-kasuan. Auzitegi Gorenak, aipatutako epaian, ondorioztatzen du langabezia-sorospen asistentziala jasotzen ari dena ez dagoela altarekin parekatutako egoeran, aldi baterako ezintasuneko sorospenaren sortzapenaren ondorioetarako. 

Jesús Escartín Azlor 

Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua  

Fisioterapia eta jarduera fisikoa zahartze osasungarrirako

fisioteraia-mutualia

Irailaren 8a Fisioterapiaren Mundu Eguna da, eta aurtengo goiburua hauxe dugu: «Fisioterapia eta jarduera fisikoa zahartze osasungarrirako: hauskortasuna eta erorikoak prebenitzea». Mutualiak, egun hori baliatuz, azpimarratu nahi du zeinen garrantzitsua den egunerokoan aktibo mantentzea, baita lan-ingurunean ere. 

Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da: 2030ean, 60 urtetik gorako pertsonak 1.400 milioi izango dira eta, 2050ean, 2.100 milioi. OMEk adierazi du zahartzeak gaitasun fisikoak eta mentalak pixkanaka jaistea dakarrela, eta horrek lanpostuaren eskaerei ere eragin diezaiekeela. 

Gaur, Gorka Gangoiti Iturri dugu, Mutualiako fisioterapia-koordinatzailea. Fisioterapiak eta jarduera fisikoak zahartze osasungarrian duten funtsezko zeregina azalduko digu. 

 

Zahartze aktibo eta osasungarria. Zergatik da hain garrantzitsua zahartze osasungarria sustatzea? 

Adinean aurrera egin ahala, muskuluek indarra, elastikotasuna eta arintasuna galtzen dute pixkanaka; ondorioz, hauskortasuna eta erorikoak izateko arrisku handiagoa dugu. Baina, modu osasungarrian zahartu gaitezke baldin eta jarduera fisikoa eta beste ohitura batzuk sustatzen baditugu.  

«Ariketa erregularrak eta fisioterapiak autonomo izaten jarraitzen eta bizi-kalitate ona izaten laguntzen digu. Fisikoki aktibo egotea funtsezkoa da osasunerako eta ongizaterako, eta gaixotasun kronikoak prebenitzen eta gaitasun funtzionala mantentzen laguntzen du». 

 

Nola lagun diezaguke jarduera fisikoak? 

«Urteei bizitzari eta bizitzari urteak gehitzen» laguntzen digu.  

«Hari esker, indarra eta oreka mantenduko ditugu, mugikortasuna eta malgutasuna hobetuko ditugu, muskulu-lesioak prebenituko ditugu, eta, oro har, energia gehiago izango dugu. Indar-, erresistentzia- eta oreka-ariketek, gure egoera fisikoa hobetzeaz gain, erorikoak eta lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten dute». 

Ariketa osasuna da, eta urrats guztiak dira garrantzitsuak, baita txikiena ere.  

 

Nola aldatzen zaigu gorputza adinarekin? 

«Zahartzeak eragin negatiboa du gaitasun fisikoan: muskulu-indarra galtzen dugu, artikulazioen mugikortasuna gutxitzen zaigu eta gaitasun aerobikoa txikitzen zaigu. Horrek guztiak, ikusmen- edo oreka-arazo posibleez gain, erorikoak eta lan-istripuak izateko arriskua areagotzen du». 

Fisioterapeutok ez ditugu lesioak bakarrik tratatzen, horiek prebenitzen ere laguntzen dugu. Eguneroko ohitura txikiekin eta laguntza profesionalarekin aktibo izan gaitezke, eta zahartze aktibo eta osasungarria izan. 

 

Zein izango litzateke gomendatutako jarduera fisikoa? 

Oro har, luzatzeko eta indartzeko ariketak egin beharko genituzke egunero. Hona hemen jarraibidea: 

  • Jarduera aerobiko moderatua, 150-300 minutu astean; eta jarduera aerobiko bizia, 75-150 minutu astean. Oinez ibiltzea, bizikleta estatikoa, bizikleta eliptikoa, igeri egitea, dantza egitea, etab. 
  • Astean bitan. Muskulu-talde guztiak lantzeko indar-ariketak. Norberaren gorputz-pisuarekin, gomekin, pisuekin, makinekin edo TRXrekin egin daitezke, besteak beste. 
  • Oreka- eta malgutasun-jarduerak, astean hirutan. 
  • Saihestu luzaroko sedentarismoa. 

 

 

Zer neurri har daitezke lan-eremuan? 

Helburua da lan-ingurune seguruagoak eta ergonomikoagoak sortzea, batez ere pertsona adinduenentzat. Prebentzio-neurriak, hala nola oztoporik gabeko lan-espazioak izatea, lan errepikakorrak saihestea, jarrerak zaintzea, gehiegizko kargak saihestea, ergonomiari arreta berezia jartzea eta, jakina, lanean mugikortasuna sustatzea etenaldi aktiboekin. 

Bestalde, ezinbestekoa da indar-ariketen bidez esfortzu gehien hartzen duten muskulu-taldeak indartzea, egunero jasaten dituzten kargak jasateko gai izan daitezen eta ez daitezen lesionatu. 

 

Zer dira etenaldi aktiboak eta nola sustatu ditzakegu lan-ingurunean? 

«Etenaldi aktiboa da ariketa oso labur eta errazak egitea (5-10 minutu, egunean pare bat aldiz). Ariketa horiek artikulazioak babesteko eta indartzeko, muskulu-tentsioak murrizteko eta, horrela, lesioak prebenitzeko dira». 

Onuragarriak dira bai lan sedentarioetarako, bai ahalegin fisikoa eskatzen dutenetarako, eta lanpostuko edo lanetik kanpoko bizitzako zeregin zorrotzenetan inplikatuta dauden muskulu-taldeak indartzeko lan gogorragoaren osagarri izan daitezke. 

 

 

Azkenik, zer mezu helarazi nahiko zenuke Fisioterapiaren Mundu Egunean? 

Funtsezko mezua litzateke mugimendua osasuna dela, eta inoiz ez dela beranduegi mugitzen hasteko eta gure muskulu-indarra hobetzeko, hartara gure gaitasun funtzionala mantendu eta/edo hobetzeko. Eguneroko errutinan ohitura txikiak txertatuz eta, fisioterapeuten laguntza eta aholku profesionalarekin, muskuluak indartzeko lana eginez, aktibo mantenduko gara eta zahartze aktibo eta osasungarria izango dugu.  

Elkarrizketa: Óscar López Viña, Gamesa Gearbox HSE & SCR managerra

oscar-lopez-games

GAMESA GEARBOX, 2025eko Mutualia sarietan aintzatetsitako enpresa. Hain zuzen ere, Enpresako Dibertsitatearen Accesita jaso zuen proiektu honengatik: «Elkarrekin segurtasunaren eta osasunaren alde: kultura inklusiboa eta askotarikoa landuz lanean». 

Óscar López Viña, Gamesa Gearbox HSE & SCR managerra, elkarrizketatu dugu. 

Nola sortu zen lan-arloko dibertsitatearen proiektu honen ekimena? 

Ekimen hau behar baten ondorioz sortu zen. Askotan, egunerokotasunean planteatzen zaizkizun egoeretarako irtenbideak bilatzen hasten zara, hainbat testuingurutan agertzen diren errealitateei erantzuteko. Bada, horixe da Gamesa Gearboxen fabrika honetan gertatu dena. 

«Hainbat nazionalitate, kultura, erlijio eta ohiturako pertsonak sartu dira, hori errealitate bat da, eta, egoera horren aurrean, komunikazio-sistemak bilatu behar izan ditugu jarduerari dagokion guztia ulertzen dela ziurtatzeko (prozedurak, laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako informazioa, prestakuntzak…). Horrela, ekintzak egin ditugu pertsona guztiak lan-arloan barne daudela senti dezaten». 

Zein dira proiektu honen ekintza nagusiak? 

  • Diagnostiko kulturala. Nola gauzatu zenuten hasierako diagnostiko kulturala eta zein izan ziren identifikatu zenituzten erronka nagusiak? 

Hasieran, datuak bildu genituen, eta elkarrizketak egin genizkien bai beste nazionalitate eta erlijio batzuetako langileei bai tokiko langileei. Halaber, behaketa zuzeneko ariketa bat egin genuen enpresako langileen hizkuntzari, balioei, arauei eta tradizioei buruzko informazioa lortzeko, aldaketak, hobekuntzak eta egokitzapen posibleak egin eta erakunde-kultura indartzeko.  

  • Prozedurak egokitzea. Nola egokitu dituzue prozedurak langile guztientzat ulergarriak izan daitezen? 

Egokitzapenak egin ditugu eta sortu ditugun dokumentuek ikusizko aldagai handiagoa dute. Gainera, soilagoak dira eta sekuentziatuta daude, errazago uler daitezen. Gainera, zuzeneko komunikazioko espazioak ere sortu ditugu (banakako bilerak, elkarrizketak eta prestakuntza egokituak; asko aldendu gara teoria handiko saioetatik eta lehentasuna eman diegu egin eta laguntzeko ikaskuntza-saio oso praktikoei). 

  • Informazio-materialak. Nolako informazio-materialak egin dituzue eta zer formatu/hizkuntzatan? 

Ez dugu arreta informazio-materialetan jarri. Komunikazioa egiteko modua landu dugu. Informazio-materialak lagungarriak dira, baina ez dute bermatzen informazioa iritsiko dela eta ulertuko dela. Horregatik, komunikazio zuzen, praktiko eta bisualean jarri dugu ahalegin guztia; hari esker, ulertzen dela berma dezakegu eta indartu behar den edo ez egiazta dezakegu. 

Materialari dagokionez, adierazi behar da lan handia egin dugula digitalizazioaren arloan (informazioa eguneratuta izatea), komunikatzen dugun guztia indartzeko. 

  • Trebakuntza inklusiboa. Zer dinamika erabiltzen dituzue parte-hartze eta ikaskuntza kolektiboa sustatzeko? 

Fabrikan egiten ditugun dinamika guztiak lantalde dinamikoak eta diziplina anitzekoak dira. «Workshop» deitzen diegu, eta hainbat ikuspuntutatik lantzen ditugu, gaia eta irismena zein diren. Hala ere, beti partekatzen dute ezaugarri bat: dinamikoak dira (benetako egoerak edo balizko egoeren birsortzea) eta diziplina anitzekoak dira (lan egiten duten departamentuaren ikuspegitik, hierarkia-mailen, jatorriaren, kulturaren eta abarren ikuspegitik). Uste dugu horrela denek denengandik ikas dezakegula eta, gainera, denak gara gai hirugarrenen potentzialak ikusteko. 

  • Etengabeko ebaluazioa. Nola egiten duzue?  

Hainbat faseko etengabeko ebaluazioa egiten dugu. Lehen fasean, laguntza; bigarren fasean, etengabeko gainbegiratzea; hirugarren fasean, aldizkako gainbegiratzea; eta, azken fasean, gainbegiratze puntuala (erakundeko edozein kidek egiten du, ez du zertan langileak lan egiten duen departamentukoa izan). Horrela, taldeko beste kide batzuek irakasteko eta gainbegiratzeko duten gaitasuna ere ebalua dezakegu. 

Zer hobekuntza ikusi dituzue proiektua ezarriz geroztik? 

«Hobekuntza asko lortu ditugu, baina, lehenik eta behin nabarmendu nahiko nuke instalazioan lortu dugun ezbehar-tasa txikia, jarduera zaila izan arren. Hau da, hasieran zegoen komunikazio-oztopoa gainditu dugu mezuak modu argi eta eraginkorrean helarazteko, bakoitzaren hizkuntza edozein izanda ere. Bestela esanda, mundu guztiak daki, zer, nola eta zein modutan egin behar duen lana, segurtasunez egiteko». 

Bigarrenik, beste hobekuntza bati buruz ere hitz egin nahi nuke. Agian ez da aurrekoa bezain nabarmena. Pertsonek egiten duten balorazioa da: parte hartzeko aukeraren, lan-jardueran aktibo sentitzeko aukeraren balorazioa. Izan ere, haien tradizioak nahiz erlijioarekin lotutako alderdiak (ramadana…) errespetatzen ditugu eta, ondorioz, errespetatzen ditugula eta barne eta integratuta daudela sentitzen dute. Oso pozik daude.  

Lortu al da kidetza- eta inklusio-sentimendua sustatzea pertsona guzti-guztiak errespetatuz?  

Bai, aurreko atalean azaldu dudan bezala, bete dugu helburu hori; izan ere, lantaldeko langile guztiek dute beren lekua, guztiak erakundeko kide sentitzen dira, eta guztiek errespetatzen dute erabat dibertsitatea.  

Zure ustez, zein da zuen dibertsitate-proiektuaren arrakastarako gako erabakigarria? 

Parte-hartzea dela uste dut. Izan ere, «Elkarrekin segurtasunaren eta osasunaren alde: kultura inklusiboa eta askotarikoa landuz lanean» proiektuak parte-hartzailea izan behar du ezinbestean; bestela, ez litzateke mundu guztiarengana iritsiko. Gainera, guztiontzat da aberasgarria. Norabide guztietako ikaskuntza dugu: denek ikasten dugu denengandik. 

Eredu hori beste enpresa batzuetan ere aplika daitekeela uste duzu? 

Aplika daiteke, jakina; izan ere, alde guztietan dagoen errealitatea da. Egin beharreko egokitzapenak eta abar gutxienekoak dira, eta, beraz, ez da inbertsio handirik egin behar. Hau baino ez da behar: egin nahi izatea, baina guztion laguntzarekin.  

🎙 Mutualia Podcast #12

Jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimena

Aitatasun-baimena 5 astetik 8 astera igaro zen 2019an; 12 astera, 2020an; eta 16 astera, 2021ean. Horietatik 6 erditu eta berehala edo, adopzio-, zaintza- edo harrera-kasuetan, ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala baliatu behar ziren. Baimenaren gainerakoa segidako aldietan balia zitekeen haurtxoak urtebete egin baino lehen. 

2025eko uztailaren 30ean, uztailaren 29ko 9/2025 Errege Lege Dekretua argitaratu da. Horren bidez, jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimena 16 astetik 19 astera handitu da —iraupen bera da bi gurasoentzat eta ezin dira asteak transferitu— eta, guraso bakarreko familien kasuan, 32 astera handitu da, guraso eta zaintzaileen familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko 2019ko ekainaren 20ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/1158 (EB) Zuzentaraua aintzat hartuz. Enplegu publikoaren arloan ere berdin handitu da, bai eta adopzioaren, adopzioa xede duen zaintzaren eta harreraren kasuetarako ere. 

Aipatu Errege Lege Dekretuak hauek ditu: zioen azalpena, hiru artikulu (Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren 4. eta 5. apartatuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 178., 181. eta 182. artikuluak aldatzen dituzte), xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen. Hona alderdi nabarmenenak: 

 

  • Adopzioagatiko, adopzioa xede duen zaintzagatiko eta harreragatiko baimen indibiduala 16 astetik 19 astera handitzen da, eta oinarri arautzailearen % 100 jasoko da. 
  • 6 aste erditu eta berehala baliatu behar dira; beste 11 aste nahi denean balia daitezke adingabeak 12 hilabete betetzen dituen arte; eta 2 aste osagarri sartzen dira, adingabeak 8 urte betetzen dituen arte balia daitezkeenak. Erregulazioa berbera da adingabearen adopzioaren, adopzioa xede duen zaintzaren eta harreraren kasuetarako (salbuespen bakarra da bi gurasoek baimenaren lau aste aurreratu ahal izango dituztela nazioarteko adopzioaren kasuan, eta adingabeak 8 urte betetzen dituen arte balia daitezkeen 2 asteen muga berbera da). 
  • Guraso bakarreko familien kasuan, baimena 32 astekoa da, honela banatuta: 6 nahitaezkoak, 22 haurrak urtebete bete arte eta 4 haurrak 8 urte bete arte. 
  • Gurasoetako bat hiltzen bada, beste gurasoak hartu ahal izango ditu baimen-egun guztiak, edo, bestela, gelditzen diren egunak. 
  • Langileen Estatutuaren 48 bis artikuluan aurreikusitako gurasoen baimena (8 aste adingabeak 8 urte betetzen dituen arte) oraindik ere ez da ordaindutakoa; nolanahi ere, auzitegi batzuek kontrako zentzuko ebazpenak eman dituzte. 
  • Araua 2025eko uztailaren 31n jarri da indarrean, atzeraeraginezko ondorioekin. Aste osagarriak (2 edo 4 guraso bakarreko familien kasuan) 2024ko abuztuaren 2tik aurrera jaio edo adoptatutakoei aplikatuko zaie, baina 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik eskatu ahal izango dira. 

 

Baimena bai gizonentzat bai emakumeentzat handitu izana aurrerapauso bat da babes sozialean eta Gizarte Segurantzaren konturako oinarri arautzailearen % 100 jasoko da. 

9/2025 Errege Lege Dekretuaren arabera, gainera, «aurrekoa gorabehera, Gobernuak konpromisoa hartzen du etorkizunean baimenen bloke honen iraupen osoa hogei astetara handitzeko»; beraz, gaia kontuan hartuta —azken aldian ikusi ahal izan dugunez, asko aldatu da, eta gizarte-testuinguruari erantzun behar dio—, lege-berritasunekin oso erne egon beharko gara. Ematen duenez, gai honetan, laster iritsiko dira.  

 

 Jesús Escartín Azlor 


Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua  

 

Mutualex 350 zk.

mutualex

Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2025eko uztailaren 26tik abuztuaren 01era astea.

Mutualiak kalitate asistentzialarekiko konpromisoa indartzen du pazientearen segurtasunari buruzko azterketa batean parte hartuz 

seguridad del paciente

Mutualiak parte hartu du, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren bost mutualitate gehiagorekin (Ibermutua ,MC Mutual, Fraternidad, Fremap eta Asepeyo) eta Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatearekin batera, mutuen sektoreko zerbitzu anbulatorioetan pazientearen segurtasuna aztertzen duen ikerlan aitzindarian. 

«Adverse events in outpatient services within Spain’s occupational health insurance sector» izenburuko lana argitaratu berri dute Journal of Patient Safety and Risk Management aldizkarian, laneko istripuak izandako langileei emandako arretako kontrako gertaeren maiztasuna eta zergatiak ebaluatu dituzte bertan, batez ere traumatismoei eta lesio muskuloeskeletikoei dagokienez. Ikerlanak bost mutuen 280 historia kliniko hautatu aztertu ditu, gutxi gorabehera Espainiako langile babestuen % 42 barne hartuta (8 milioi langile baino gehiago). 

Mutuen laguntza-zentroetako pazientearen segurtasunari buruzko pertzepzio orokor ona erakusten dute emaitzek, eta ezarritako jardunbide egokien eraginkortasuna berresten dute. Nolanahi ere, hobetzeko arloak ere zehaztu dira, batez ere informazioaren kudeaketan, errore diagnostikoetan eta sendagaien administrazioan, besteak beste. 

Mutualian aurrera segitzen dugu etengabeko hobekuntzan, pazientearen segurtasunean eta asistentziaren kalitatean. 

 📄  Argitalpena: https://journals.sagepub.com/doi/abs/10.1177/25160435251353260