Mutualia, etorkizun jasangarriarekin konprometituta  

mutualia futuro sostenible

Bazenekin pertsona bakoitzak urtean sortzen duen zaborra haren pisua halako sei dela? 

Hondakin horietako askok, gainera, gure ibaiak eta itsasoak kutsatzen dituzte, ez badira zuzen kudeatzen. Horrenbestez, maiatzaren 17an, Mutualiak ingurumenarekiko konpromisoa berretsiko du, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko ekintza zehatz batzuen bidez. 

 

Zergatik da funtsezkoa birziklatzea? 

Birziklatzea gauzak edukiontzi egokira botatzea baino gehiago da; izan ere, funtsezkoa da honetarako: 

  • Natura-baliabideak kontserbatzeko eta lehengaiekiko mendekotasuna murrizteko. 
  • Energia aurrezteko eta CO2-aren emisioak murrizteko, klima-aldaketari aurre egite aldera. 
  • Materialei bigarren bizitza emateko. 

 

Ekonomia zirkularra erdigune 

Eredu tradizionala, «erabili eta bota», ordeztu nahi dugu ekonomia zirkularreko ereduarekin, materialak ahalik eta denbora luzeenean mantentzen baititu erabilgarri. Produktuen bizitza baliagarria luzatuta, baliabide berri gutxiago erabili, eta hondakin gutxiago sortzen ditugu. 

 

Nola egiten dugu Mutualian?  

Gure konpromisoa Mutualiako zenbait taldek eta batzordek bultzatutako ekimenetan zertzen da:  

  1. Dohaintza solidarioak: pazienteek errekuperatu ondoren entregatzen dituzten baliabideak berrerabiltzen ditugu (belaun-babesak edo paxak), elkarte batzuek esterilizatu eta berregokitu ondoren. 
  2. Enkanteak: mutuak jada erabiltzen ez dituen objektuak (mugikorrak edo bizikleta estatikoak) enkantean jartzen ditugu langileentzat, haiek berrerabiltzea sustatzeko. 
  3. GKEak: gure Ekimen eta Jarduera Sozialen Taldearen berariazko jarduna materialei bigarren aukera ematean datza. 
  4. Hondakinen kudeaketa: edukiontzi desberdinduak erabiltzen ditugu, eta, besteak beste, plastikoa, papera eta tonerrak kudeatzen ditugu, balioa berriz emateko. 

 

Inplikatu zaitez! Hondakinak ondo bereiztea, bai etxean, bai lanean, hori da lehen urratsa etorkizun berdeagorako bidean.

LAGUNTZA HUMANIZATZEA: Mutualiaren ereduak pertsonak ditu ardatz 

cristina perucho Mutualiako mediku errehabilitatzailea

Osasun-laguntza humanizatzeaz hitz egitea pertsonari erreparatzea da, bere gaixotasunetik harago. Mutualiak ikuspegi hori ildo estrategiko bihurtu du, hurbilekoagoa, efizienteagoa eta paziente nahiz profesionalen premietara bideratuagoa dagoen osasun-arreta batekiko konpromiso. 

 

Cristina Perucho Pont elkarrizketatu dugu, Medikuntza Fisikoko espezialista eta Asistentzia Pertsonalizatzeko Batzordearen (COPA) koordinatzaileari. 

 

1.- Zer esan nahi du zehazki osasun-laguntza “humanizatzeak”? 

Osasun-laguntza humanizatzearen xedea da pertsonari osotasunean begiratzea, eta ez soilik patologiari.  

“Ulertzea da asistentzia-prozesu bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, beldurrak, zalantzak, itxaropenak eta historia pertsonala dituena; planteamendu hori pazientearentzat nahiz bera artatzen duen profesionalarentzat da baliagarria”. 

Erakundean ulertzen dugu humanizazioa arreta-eredu bat dela, bikaintasun klinikoa tratu hurbilarekin, entzutearekin eta errespetuarekin konbinatzen duena, arreta beti pertsonengan jarrita. 

2.- Zergatik bihurtu da funtsezko ildo estrategiko Mutualian? 

“Gaur-gaurkoz, humanizazioa funtsezko ildo estrategikoa da Mutualian, oso modu naturalean lotzen delako erakunde gisa beti izan garenarekin”. 

Mutualia osatzen dugunok hurbiltasuna, profesionaltasuna eta tratuan berotasuna izan ohi ditugu ezaugarri. Hori argi geratu zen guztion artean erabaki genuenean zer baliorekin nahi genuen gu ezagutzea: taldea, hurbiltasuna, profesionaltasuna, efizientzia, gardentasuna, abangoardismoa. Oraingoz COPAn (Asistentzia Pertsonalizatzeko Batzordea) egin dugun lanarekin, ikusi dugu benetan ez dugula egiten ari ginenetik kanpoko ezer sartu behar izan, soilik lan egiteko modua ikuspegi estrategiko komun batekin indartu, ordenatu eta lerrokatu dugu. Hortaz, laguntza humanizatzeak edo pertsonalizatzeak ahalbidetzen digu gure kulturan jada oso presente zegoen lan egiteko modu horri balioa eta koherentzia ematea.  

3.- Zeintzuk dira Mutualiaren Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Planaren oinarrizko ardatzak? 

Orain arte, Plana bost dimentsioren inguruan egituratu da. Dimentsio bakoitza hiru lurraldeetako diziplina anitzeko talde batek osatzen du. Lehenengoa, pazienteari eta haren ingurukoei arreta eta informazioa ematea da. Bigarrena, koordinazio sanitarioa, soziala eta komunitarioa. Hirugarrenak, berriz, profesionalak humanizazioaren eragile aktibo gisa kokatzen ditu, prestakuntzan, arretan eta garapenean zentratuta. Laugarrenean, prozesuak, baliabideak eta kudeaketa-sistemak daude erdigunean. Eta bosgarrenean, aldiz, instalazioak, espazioek ere komunikatu egiten dutela uste baitugu. 

Humans Fundazioak egindako azken auditoriaren ostean, beste dimentsio bat sartu dugu, soluzio teknologiko eta digitalena. Gaur egun, teknologia humanizazioaren, efizientziaren eta asistentzia-kalitatearen palankatzat hartzen da; eta horri esker, prozesuen efizientzia, barne-komunikazioa eta artatuen nahiz profesionalen esperientzia hobetzen da. 

 

4.- Zer ekimen ezarri dira jada pazientearen esperientzia hobetzeko? 

Ugari dira, eta askotarikoak. Erakundean onarpen digitala orokortu da, eta elementu horrek erraztu eta arindu egiten du pazienteak gure erakundearekin duen kontaktua, izapideak eta itxaronaldiak murrizten ditu, eta denbora libratzen du profesionalekiko harremana hurbilagoa izan dadin.  Ildo beretik ari gara lanean aplikazioarekin eta aplikazioari gehitzen ari gatzaizkion funtzioekin. 

Istripuaren aitorpen-orria sinplifikatu da. Harrera- eta informazio-zirkuituak hobetu dira, pazienteak erakundearekin duen harremaneko une garrantzitsutzat jotzen baititugu. Espazio eta ingurune asistentzialak egokitu ditugu, abegikorragoak izan daitezen. Zentroen eta asistentzia-mailen arteko koordinazioa indartzeko lanean ari gara, gure prozesuen kudeaketa efizienteagoa izan dadin.  Gogoan izan behar da Loturako Osasun Unitatearen figura (gaztelaniaz, USE); izan ere, dagoeneko ibilbide garrantzitsua du gure erakundean, eta oso garrantzitsua da pertsonan oinarritutako arreta-ereduan. 

5.- Zenbaterainoko garrantzia du komunikazioak humanizazio-prozesuan? 

Esango nuke funtsezkoa dela. Ondo komunikatzea ez da soilik estilo-kontua.  

“Komunikazio on batek pazientearen esperientzia hobetzen du, bai, baina profesionala ere babesten du: gatazkak gutxitzen ditu, higadura emozionalari aurrea hartzen dio eta lotura terapeutikoa sendotzen du”. 

Mutualian irmoki egin dugu komunikazio-gaitasunetan trebatzearen alde. Eta diren gisan ulertuta egiten dugu hori: lehen mailako gaitasun klinikoak, ez osagarriak. Arreta segurua, efikaza eta gizatiarra ez da sostengatzen haiek gabe. 

6.- Nola inplikatzen dira profesionalak kultura-aldaketa horretan? 

COPA proiektuaren hasieratik, diziplina anitzeko batzorde gisa egituratu da, ikuspegi desberdinak izateko eta gogoeta partekatua egin eta arlo guztietan etengabeko hobekuntzaren alde lan egin ahal izateko asmoarekin. 

Kultura-aldaketa horren helburu nagusia da guztiok neurri txikiagoan edo handiagoan zipriztintzea.  

“Profesionalok ez dugu aldaketaren hartzaile izan behar; aitzitik, aldaketaren protagonista izan behar dugu. Humanizazioaren funtsezko protagonistak pazienteak nahiz profesionalak dira: zaintzen dutenak zaintzea ereduaren oinarrietako bat da, ez osagarri bat”. 

7.- Humans Fundazioarekin lankidetza eta akreditazio-prozesua: zein bide egin behar izan duzue? 

Humans Fundazioarekin dugun lankidetzak oso gauza baliotsua ekarri digu: kanpokoa eta metodologikoki zorrotza den begirada gure asistentzia-ereduari buruz. Hasiera batean, haiekin egin genuen lana zera izan zen, egiten ari ginenaren barnera begirako ikuspegi bat ezartzea, eta ohartu ginen bagoi asko genituela, baina ibiltzeko bideak falta zitzaizkigula.  

“Humans Fundazioarekin egindako lanaren bitartez, lantzen ari ginen asistentzia-eredua zein zen aztertu dugu, laguntza humanizatzera/pertsonalizatzera oso bideratuta zegoena, eta hobetzeko aukerak ikusi ditugu, jarraitu beharreko ildoak finkatuta”. 

Ibilbide horri esker, ziurtagiria lortu genuen 2023an, eta berriki, 2026an, ziurtagiria lortu dugu berriro kalifikazio gorenarekin, A+. Ziurtagiria ez da proiektu honen amaiera. Ekintza hori gure erakundearen sistema normalizatuak bilatzeko kulturarekin bat dator.  Ziurtagiri bakoitza erronka bat da arreta hobetzen jarraitzeko, pazienteen eta haien ingurukoen beharrizanak eta osasun-arloko profesionalenak neurri berean kontuan hartuta.  

 

8.- Mutualiak pazientearen asebetetasunaren adierazle korporatibo berri bat aurkeztu du. Zer dakar aurrerapauso horrek? 

Pauso esanguratsua da. Orain arte kuantifikatzea zailagoa zena era egituratuan neurtzeko aukera ematen digu: pazientearen asistentziaren/esperientziaren pertsonalizazioa. 

Ñabardura adierazgarri bat dago: adierazle hori faktore antolatzaile eta profesionalen azterketarekin osatzen dugu. Zergatik? Gure esperientzian pazientearen asebetetasuna eta profesionalaren ongizatea erabat lotuta daudelako. Bata ez da sostengatzen bestea gabe. Neurtzea da, azkenean, kontzienteki hobetzeko lehenengo urratsa, eta, batez, ere denboran jasangarria. 

 

EMAITZA BIKAINAK AENOR-en AUDITORITZAN

AENOR mutualia 2026

Apirilean, Mutualiak arrakastaz gainditu du bere sei ziurtagirien jarraipen- eta berritze-auditoretza; zehazki, Kalitatea Kudeatzeko Sistemarena (ISO 9001), Ingurumenekoa (ISO 14001), Eraginkortasun Energetikoarena (ISO 50001), Pazienteen Segurtasunarena (UNE 179003), Infekzioena (UNE 179003) eta Informazioaren Segurtasunarena (ISO 27001 eta ENS). 

 Mutualiak konpromiso irmoa du kudeaketa profesionalizatu eta eraginkorrarekin. Horren erakusgarri dira ziurtagiria lortzeko erabiltzen diren kudeaketa-sistema ugariak, gure interes-taldeentzako bermea baitira. 

Horregatik, apirilaren 23tik 30era, AENOReko talde batek, 7 auditorez osatua, Pakea Klinika, Ercilla Klinika, EHO, Henao, Gernika, Laudio, Bergara, Eibar, Iurreta eta Erandioko asistentzia-zentroak bisitatu ditu, eta Madrilgo zentroa ikuskatu du, Mutualiako 70 pertsona baino gehiagorekin elkarrizketatuz. 

Emaitzak oso positiboak izan dira: goian aipatutako ziurtagiri guztiak arrakastaz berritu dira. 

ALARGUNTZA-PENTSIOA FORMALIZATU GABEKO IZATEZKO BIKOTEETAN ETA GENERO-INDARKERIA 

primer plano de textos legales

Auzitegi Gorenaren otsailaren 11ko 158/2026 Epaiak (Laugarren Sala, Osoko Bilkura)  genero indarkeriaren testuinguruan izatezko bikoteen alarguntza-pentsioaren doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa ebatzi du. Salak baietsi egin du Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren (GSIN) errekurtsoa, eta pentsioa ukatu dio 2014az geroztik kausatzailearekin more uxorio bizi izan zen emakume bati, elkarrekin alabak izanik eta egiaztatutako genero-indarkeriaren biktima izan arren, izatezko bikotea Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 221. artikuluaren arabera formalki eratu gabe egoteagatik. 

Beraz, auzi juridiko nagusia zen zehaztea ea genero-indarkeriaren biktima izateak salbuetsi zezakeen izatezko bikoteei alarguntza-pentsioa eskuratzeko eskatzen zitzaien betekizun formalaren betetzetik. 

Auzitegi Gorenak gogorarazi du bere jurisprudentzia etengabea izan dela, izatezko bikoteen alarguntasun-pentsioa aitortzeko, bi baldintza eskatu baititu aldi berean: 

  • More uxorio bizikidetza egonkorra. 
  • Izatezko bikotea formalki eratzea, dela izatezko bikoteen erregistro espezifiko batean inskribatuz, dela dokumentu publiko baten bidez, legeak eskatzen duen aurrerapenarekin.  

Epaiak ez dela froga kontu hutsa azpimarratzen du. Bizikidetza hainbat bitartekoren bidez egiazta daiteke, baina izatezko bikotearen izate juridikoak, alarguntza-pentsioaren ondorioetarako, arauan aurreikusitako formalizazioa eskatzen du. Auzitegi Gorenaren hitzetan, pentsioa ez zaie aitortzen bizikidetza egiaztatua duten bikote guztiei, baizik eta formalizatutako izatezko bikoteei edo “zuzenbidezko bikoteei”.  

Salak berariaz aitortzen du genero ikuspegiko interpretazioaren garrantzia, eta gogorarazten du dagoeneko aplikatu dela izatezko bikoteen alarguntza-pentsioaren arloan. Hau da, genero-indarkeriaren biktima den emakume batek bikotekidearekin bizitzeari utzi behar dionean, bizikidetza falta horrek ez du berez pentsioa eskuratzea eragotzi behar, gainerako baldintzak betetzen badira.  

Hala ere, Auzitegi Gorenak bereizi egiten ditu bizikidetza-baldintza bat malgutzea eta izatezko bikotea formalki eratzea erabat baztertzea. Epaiaren arabera, genero ikuspegia funtsezko irizpidea da, baina ez du arauaren aurkako interpretaziorik egiteko aukerarik ematen araua argia denean, konstituzionaltasunari buruzko zalantzarik sortzen ez duenean eta Europar Batasuneko Zuzenbidearekin kontraesanean ez dagoenean.  

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak uste du GSLOren 221.2 artikuluak izatezko bikotearen legezko eredu formal eta ez-informal bati erantzuten diola. Salarentzat, inskripzioa edo dokumentu publikoa bikoteko bi kideen borondate guztiz pertsonala eskatzen duen osagaia da. Borondate hori ezin da ordezkatu, ezta genero-indarkeriako testuinguruan ere, bi aldeek bikotea formalki eratzeko asmorik izan zutenaren aztarnarik ez badago.  

Epaiak, halaber, kasu hori beste salbuespenezko kasu batzuetatik bereizten du, hala nola Auzitegi Gorenaren 857/2025 epaian ebatzitakotik, non pentsioa aitortu baitzen ezkontzeko borondate argia zegoelako eta formalizazioa ezin izan zelako burutu COVID-19aren pandemiaren ondoriozko ezohiko zirkunstantziengatik. Orain aztertutako kasuan, Auzitegiak nabarmendu du ez zegoela izatezko bikotea formalizatzera bideratutako inolako jarduketarik, ez indarkeria-egoeraren aurretik, ezta bitartean ere.  

Horrenbestez, Auzitegi Gorenak baietsi egiten du Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren (GSIN) errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren (JAN) epaia abolitu eta baliogabetu egiten du, Iruñeko Lan Arloko 4. Epaitegiaren epaia errebokatzen du, eta eskatzailearen demanda gaitzesten du, GSIN eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia absolbituz.  

Epaileak, gainera, boto partikularrak ditu. Horietako batek, Juan Martínez Moya magistratuak formulatuak eta beste magistratu batzuek babestuak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi eta pentsioa aitortu behar zela defendatzen du, genero-indarkeriako egoerak izatezko bikotea eratzeko baldintza formala ere genero-ikuspegitik aztertzeko aukera eman behar zuela uste baitu. 
 

Rafaella Antonio López Parada jaunaren bigarren botoa haratago doa, eta pentsioa genero-indarkeriatik kanpo ere aitortu behar zela defendatzen du, elkarrekin alabak dituztelako.  

Epai hori bereziki garrantzitsua da, izatezko bikoteen alarguntza-pentsioaren arloan genero-ikuspegia aplikatzeko muga argi bat ezartzen duelako. Auzitegi Gorenak ez du ukatzen genero-indarkeriaren biktimak babesteko beharra, baina uste du, egungo arauketaren arabera, babes hori ezin dela inoiz formalizatu ez zen izatezko bikote bat eratutzat jotzeraino iritsi. 

Ebazpenak, hala ere, eztabaida garrantzitsu bat irekitzen du gizarte- eta legegintza-ikuspegitik: langabezia-subsidioa edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bezalako prestazioetan arau malguagoak sartu badira bizikidetzako eta seme-alaba komunen kasu jakin batzuetarako, baloratu egin beharko da ea alarguntza-pentsioak beti eskatu behar duen izatezko bikotea formalizatzea, edo ea, testuinguru bereziki larrietan, hala nola genero-indarkerian, lege-erreforma bat egin behar den, berariaz salbuespen bat jasotzeko. 

 

Jesús Escartín Azlor 


Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua  

Eskuen higienearen garrantzia OAEIen agerpena prebenitzeko eta murrizteko 

higiene de manos 2026

OAEI akronimoarekin, osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioei esaten zaie, hau da, pazienteak osasun-zentro batean jasotako arretaren ondorioz har ditzakeenei. 

Infekzio horiek osasun publikoko arazo larriak dira Espainian, Europan eta mundu osoan. Ospitaleko egonaldiak luzatzen dituzte, epe luzera desgaitasuna eragiten dute, mikroorganismoen antimikrobianoekiko erresistentzia handitzen dute, kostu gehigarriak sortzen dituzte eta saihestu daitezkeen heriotzak eragiten dituzte.  

European Center for Disease Prevention and Control (ECDC) erakundearen datuen arabera, urtero 4 milioi paziente inguruk harrapatzen dute OAEI bat  EBean, eta paziente horietatik 37,000 inguru hil egiten dira.  

Espainian, EPINE ikerketaren arabera, ospitale batean dauden gaixoen ia % 8k gutxienez OAEI bat dute, eta horietatik % 30-40 prebenitu egin daitezke. Adibidez, kateterrari lotutako bigarren mailako bakteriemia harrapatzeak ospitaleko egonaldia 6 egunez luzatzea, 30.000 €-ko kostua eta % 10 inguruko heriotza-tasa dakar.  

Kontuan izan behar dugu OAEIen transmisio biderik nabarmenena eta ohikoena zeharkako kontaktua dela, material klinikoaren edo gainazal kutsatuen, garbitu gabeko eskuen edo kendu ez diren eskularru kutsatuen bidez. Horregatik eskuen higienearen garrantzia gogorarazi behar duguneurri horrek murrizten baitu gehien OAEI bat harrapatzeko arriskua, eta, gainera, aplikatzeko erraza eta ekonomikoa da, bai kostuari bai denborari dagokionez.  

Eskuen higiene egokiari esker, profesional hobeak gara.

UDABERRIAN GIDATZEA: EZKUTUKO ARRISKUAK ETA NOLA SAIHESTU 

riesgos conducir primavera

Udaberria berriz jaiotzearen sinonimoa da. Eta gozatzera bultzatzen gaitu; errepideaz, argi gehiagoz, egun luzeagoez, tenperatura leunez eta bidaiatzeko gogoaz gozatzera. Alabaina, urtaroak aldaketak dakartza, eta, prestatuta egon ezean, handiagoa da istripuak izateko arriskua. Arreta handiagoz gidatu behar dugu eguraldi ezegonkorragatik, polen-maila handiengatik (bereziki handiak 2026an, neguko euriteen ondorioz) eta bidean erabiltzaile zaurgarri gehiago daudelako.  

Denok dakigun bezala, prebentzioa da tresnarik onena ezbeharrak gutxiagotzeko. Horregatik, udaberrian segurtasunez zirkulatzeko kontuan hartu beharreko gakoak aztertuko ditugu.  

  1. Aztertu zure ibilgailua irten aurretik. 

Eman minutu batzuk funtsezko puntu hauei begiratzen:  

  • Pneumatikoak: Egiaztatu presioa eta marrazkia (3 mm gutxienez) bidaia hasi aurretik. 
  • Haizetako-garbigailua eta likidoa: Polenak, intsektuek eta prezipitazioek asko zikintzen dute kristala; alda itzazu haizetako-garbigailuen gomak higatuta badaude.  
  • Polen-iragazkia: Aldatu edo garbitu. Ibili beti leihatilak itxita eta birzirkulazioa aktibatuta. Bidaia luzea bada, baliatu geldialdiak bidaiari-tokia haizeberritzeko.  
  • Argiak, balaztak eta aire girotua: Probatu guztia. Zaparradek eta goizeko lainoak ikuspena murrizten dute.  
  1. Eguraldi aldakorra: euria, haizea eta lainoa. 

Udaberria ezin da iragarri: gerta liteke eguna eguzkitsua izatea eta bukaeran ekaitza egotea.  

  • Euria egiten duenean, moteldu abiadura, eta ez frenatu bat-batean, aquaplaningik gerta ez dadin.  
  • Haize-boladak badaude, eutsi ongi bolanteari, eta kontuz ibili kamioiak aurreratzean eta tuneletatik ateratzean.  
  • Ikuspena oso txikia bada, piztu argi laburrak eta, beharrezkoa bada, geldi zaitez leku seguru batean.  
  1. Alergiak: arrisku isila. 

Alergikoentzat udaberria bereziki zaila izatea espero da 2026an, polen-kontzentrazio handien ondorioz.  

Doministikuek, begietako azkurak eta kongestioak arreta gutxitzen dute. Botika askok logalea eragiten dute.  

Gomendioak:  

  • Kontsultatu zure medikuari eta aukeratu logalea eragiten ez duten antihistaminikoak.  
  • Ez gidatu polen handieneko orduetan (egunsentia eta ilunabarra).  
  • Erabili eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa.  
  • Sintomak handiak badira, gelditu ibilgailua leku seguru batean eta hartu atseden.  
  • Kontsultatu zirkulazioaren egoera eta polen-mailak atera aurretik.  

 

  1. Moto, bizikleta eta oinezko gehiago. 

Eguraldi onarekin, erabiltzaile zaurgarri gehiago egoten dira. Errespetatu beti 1,5 metroko alboko tartea txirrindulariak, eta, oro har, 2 gurpileko ibilgailu guztiak aurreratzean. Jarri arreta berezia herriguneetan, parkeetan eta bigarren mailako errepideetan.  

Gogoan izan: 2026ko lehen hiruhilekoko datuek erakusten dutenez, hiriarteko bideetan hildakoak % 22 gutxiago izan dira aurreko urtekoekin alderatuta, baina eragotzitako istripu orok axola du.  

Udaberrian gidatzea baliteke plazera izatea arduraz egiten badugu. Aztertu zure autoa, egokitu gidatzeko modua eta zaindu zure osasuna. Horrela zure bizitza eta besteena babesten duzu. Prebentzioaren aldeko apustua egiten dugu, gidari prebenitua gidari seguruagoa delako.  

Bidaiatu seguru aurtengo udaberrian!  

Iturriak:  

Trafikoko Zuzendaritza Nagusia (DGT)  

 Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiako Elkartea (SEAIC)  

Mutualia aintzatetsi dute jasangarritasuna kudeaketan txertatzeagatik

Mutualiak Aurreratua aitorpena lortu du Euskadi Agenda 2030 Sarietan, jasangarritasuna kudeaketan txertatzeagatik eta garapen jasangarrirako helburuekin (GJH) duen konpromisoagatik.

Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak ematen du saria, Euskalitekin batera. Ekitaldia apirilaren 29an izan da, Euskalduna Jauregian, eta bertan izan dira Lourdes Gondra zuzendari gerentea eta Ainhoa Apesteguia Mutualiako Garapen Jasangarriko Batzordeko koordinatzailea.

Aitorpen horien helburua da, alde batetik, GJHen ezarpenean aurreratuen dauden antolakundeak identifikatzea eta haien jardunbide egokiak beste entitate batzuentzat erreferentzia izatea; eta, bestetik, egindako ahalegina eta lortutako maila aitortzea.

Hiru sari-kategoria daude:

– Konpromisoa, oinarrizko maila. Autoebaluazio osoa Euskaliten online-plataforman egiten duten antolakundeentzat.

– Bidean, tarteko maila. Ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituztelako kanpo-kontrastea egin dezaketen antolakundeentzat (kontrasteak tarteko aitorpena lortzeko aukera ematen die).

– Aurreratua, maila aurreratua. Kanpo-kontrastean maila jakin bat gainditzen duten antolakundeentzat.

Duela bi urte, Mutualiak Bidean aitorpena lortu zuen, eta, 2025. urtearen amaieran, ebaluazioa gaindituta, Aurreratua maila eman zitzaion.

Maila horretako aitorpenak Mutualiaren ahalegina nabarmentzen du, hainbat kudeaketa-ziklo osatu eta emaitza ukigarriak eta jasangarriak frogatu baititu; horrenbestez, erreferentzia da jasangarritasunarekiko konpromisoan.