2022ko abenduan diru-sarrerak baino oinarri handiagoekin kotizatuko duten autonomoek berdin jarraitu ahal izango dute erreforma berriarekin

cotizacion autonomos septiembre 2022

Gogorarazi nahi dizuegu aukera duzuela Langile Autonomoen Araubide Bereziaren kotizazio-oinarria eta ordaindu beharreko kuota aldatzeko, adinaren arabera baimendutako mugen barruan, 2022ko irailaren 30era arte. Aldaketa horrek 2022ko urriaren 1etik aurrera izango du eragina.

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera autonomoen kotizazio-sistema berria aplikatzen hasiko da, eta 2022ko abenduan autonomoak bere tarteari legokiokeena baino oinarri handiagoarekin kotizatzen baldin badu, berdin jarraitu ahal izango du, nahi izanez gero.

2022ko azken egunean gainetik kotizatzen ari direnek berdin jarraitu ahal izango dute, epemugarik gabe, nahiz eta, tartekako erregimen berria abiarazi ostean, autonomo horiei 2023an, 2024an eta 2025ean deklaratuko dituzten etekin garbiek eta hurrengoek oinarri handiagoarekin kotizatzeko eskubiderik eman ez.

13/2022 Errege Lege-dekretuaren seigarren xedapen iragankorreko testuak dioenaren arabera, “2022ko abenduaren 31n dauzkaten errendimenduei legokiekeena baino kotizazio-oinarri handiagoarekin kotizatzen ari diren autonomoek kotizazio-oinarri hori mantendu ahal izango dute, edo oinarri hori baino txikiagoa, nahiz eta errendimenduen arabera horietako edozein kotizazio-oinarri baino txikiagoa aplikatzea zehaztuta dagoen”.

Xedapen horretan adierazita dago autonomoak EZ daudela behartuta kotizazio-oinarria jaistera, euren errendimendu garbiak txikiagoak direnean.

Erreforma hori 2023an indarrean sartzearekin batera, honako hauek gertatu ahal dira:

· Autonomoa 2022an errendimendu garbiei legokiokeena baino oinarri handiagoarekin kotizatzen aritzea. Horrelakoetan, oinarria bere diru-sarreren gainetik egon arren, salbuespen-neurri gisa kuota bera ordaintzen jarraitu ahal izango luke, eta, era horretan, erretiro-pentsiorako egiten ari den ekarpenak ez murriztu.

· Autonomoak 2022an etekin garbien arabera legokiokeena baino oinarri baxuagoarekin kotizatu izana. Horrelakoetan, oinarria igo egingo litzateke, eta legokiokeen kuota ordaindu beharko luke, diru-sarrerekiko ezarritako tartearen arabera. Edonola ere, horrek epe luzera pentsio hobea jasotzea eragingo lioke.

· 48 urtetik gorakoei dagokienez, 2023tik aurrera diru-sarrera nahikoak dituztenek oinarriak igotzea erabaki ahal izango dute. Dagoeneko mugarik ez dagoenez, gehieneko oinarriarekin ere kotizatu ahal izango dute.

2022ko Zeinu Hizkuntzen Nazioarteko Eguna

lengua de signos

Irailaren 23an Zeinu Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Aukera paregabea da gor guztien eta zeinu-hizkuntzaren beste erabiltzaile batzuen hizkuntza-identitatea eta kultura-dibertsitatea bultzatzeko eta babesteko, Nazio Batuek jasotzen duten moduan. 

Zeinuka izeneko proiektua ezarrita daukagu Mutualian. Proiektu aktibo honek tresna eraginkorrak ematen dizkie gure osasun-profesionalei, eta entzumen-desgaitasuna duten profesionalen eta pazienteen arteko komunikazio egokia bermatzen du, pazienteen segurtasuna hobetzeko eta GJHak betetzeko konpromisoa betetzen lagunduz. 

Zeinu hizkuntza erabiltzen duten persona gorrek, eta gorren kulturatik hurbil dauden entzuleek, bi izen ditugu: ohikoa eta berezia, hizketaldi batean bizkorrago izendatzeko balio digun zeinu pertsonala. Bideo honetan Mutualiako pertsonok erabiltzen ditugun zeinu berezi horietako batzuk aurkezten dizlizuegu. 

Kontsulta juridiko 2022ko iraila

kontsulta

Azpikontratatutako atezainaren inguruko zor solidarioei erantzun behar die jabeen erkidegoak?

Kontsulta honetan proposatzen zaigun gaiaren arabera, ebatzi behar da ea jabeen erkidegoa enpresari kontratugiletzat jotzen den Langileen Estatutuaren 42. artikuluaren ondorioetarako eta, beraz, adierazitako aginduaren arabera erantzun beharko ote lukeen soldata-zorrengatik.

Hasteko, merkataritzaren arloko zentzu orokorrean jabeen erkidegoa enpresa ez dela kontuan hartu behar badugu ere, egia da, halaber, kontratatzeko gaitasuna duela eta enplegatzailea izan daitekeela langileen kontratazio zuzenaren bidez; esate baterako, hiri-finketako atezainak. Jabeen erkidegoaren jardunbidea enpresa txikiena bezalakoa da, eta, bertan, auzokideen premiak estaltzea da haien ekoizpen-jarduera. Horretarako, bizileku duten eraikinaren zainketarako eta bizigarritasunerako ezinbestekoak diren zerbitzuak kontratatu eta mantentzen dituzte. Hartara, kasu honetan, atezainaren eginkizunak azpikontratatuko ez balitu, enplegatzaile zuzena izango litzateke.

Beraz, hasteko, oso kontuan hartu behar dugu erkidegoa enplegatzaile nagusia dela eta baloratu egin behar dela atezainak garatutako zereginak benetan sartuko liratekeen berezko jardueraren kontzeptuaren barruan eta, horren ondorioz, erantzukizun solidariorik edukiko lukeen erabaki beharko litzatekeela, atezaintzako jarduera hori azpikontratatzeko aukeratutako enpresak ordainduko ez balu edo agindutakoa beteko ez balu.

Horri dagokionez, Auzitegi Gorenak 2022ko maiatzaren 24ko epaian adierazten du jabeen erkidegoak enpresa nagusi moduan erantzun behar diela hark kontratatutako enpresaren zorrei.

Gorenak honako arautegi hau dauka aztergai.

Langileen Estatutuaren 2.1 artikuluaren xedatutakoaren arabera, “lege honen ondorioetarako, honako hauen zerbitzugintza jasotzen duten pertsona fisiko edo juridiko edo ondasun-erkidego guztiak izango dira enpresariak: aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonak eta legearen arabera eratutako aldi baterako lanerako enpresek enpresa erabiltzaileei lagatzeko kontratatutako pertsonak”.

LEren 42.1 artikuluak dioenez, “euren jarduerarekin berarekin zerikusia duten zerbitzuen edo obren garapena beste batzuekin kontratatzen edo azpikontratatzen duten enpresek egiaztatu egin beharko dute kontratista horiek egunean dutela Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa”. Gainera, 2. idatz-zatian xedatzen denez, “enpresa nagusiak, Gizarte Segurantzari begira lehen zehaztutako epearen iraupenean izan ezik, eta haien zeregina amaitu osteko hurrengo hiru urteetan, elkartasunez erantzungo die kontratistek eta azpikontratistek kontrataren indarraldian Gizarte Segurantzari dagokionez euren gain hartutako betebeharrei.”

Gorenak Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 16.5 artikulua dakar gogora, Gizarte Segurantzako Afiliazioari eta Altari dagokienez, baita artikulu horretan aurreikusitako betebeharra ez betetzean ezarri beharreko eta honako hauetan zehaztutako zigorra ere: GAAHZLren 22.11 artikulua, lege-testu beraren 23.2 artikulua eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikulua.

 

Kolokan jarritako 42. artikulua askotan eta askotan interpretatu da, “berezko jarduera” kontzeptu juridiko zehaztugabearen irismena zehazteko. Hori dela eta, bi doktrina-teoria daude:

a) Ekoizpen-zikloaren teoria. Horren arabera, enpresaren berezko jardueraren zirkulua zedarritzeko orduan, jendeari eskaini nahi dizkion edo merkaturatu nahi dituen berariazko ondasun edo zerbitzuen ekoizpenarekin berariazko lotura duten eragiketak edo zereginak hartzen dira kontuan

 

b) Ezinbesteko jardueren teoria. Haien irismena hedatzen du bere eginkizunak behar bezala betetzeko asmoz ekoizpen-erakunde jakin batek garatu behar dituen berariazko edo ez-berariazko zereginetara.  

Bi teoria horietatik abiatuta, aipatutako epaian, Gorenak ulertzen du ekoizpen-zikloarena dela eutsi beharrekoa, eta enpresa nagusiaren berezko jardueraren arlotik kanpo utzi behar direla zehaztu gabe dauden jarduera osagarriak.

 

Interpretazio horren oinarri moduan, azaltzen du ekoizpen-zikloko jarduerak, zirkulu horrekin berariazko loturarik ez duten ezinbesteko jarduerak ez bezala, enpresaren azken produktuan sartzen direla, zuzenean egiten direnean nahiz enpresa kontratistari agintzen zaizkionean. Hartara, justifikatu egiten da enpresa edo erakunde komitenteak ondare-erantzukizuna duela kontratan enplegatutako langileen soldatei dagokienez.

Doktrina hori defendatzeko asmoz, Gorenak zenbait epai aipatzen ditu; esate baterako, 1998ko azaroaren 24koa, 2005eko uztailaren 20koa, 2008ko urtarrilaren 23koa eta, berriena, 2017ko ekainaren 14koa.

Horren ezarpenaren arabera, argi dago jabeen erkidegoa eragile ekonomikoa dela, horrelako izaeradun jarduera duela eta, horren bidez, zerbitzuen ekoizpenean parte hartzen duela, behar besteko baliabide material eta pertsonalen bitartez, kontratazio zuzenaren edo hirugarrenen bidez. Beraz, horri esker, ulertzen da kanporatu den jarduera berezko jardueratzat hartzen dela LEren 42. artikuluaren ondorioetarako.

Jabeen erkidegoak garatu dezakeen zerbitzugintza gauzatzeko, zuzenean kontratatu dezake bere zuzendaritzaren eta antolakuntzaren arlopean arreta emango dien inoren konturako langilea, baina enpresa batekin ere hitzartu dezake zerbitzugintza hori.

Beraz, LEren 42. artikuluaren interpelazioa, berezko jarduerari dagokionez, murriztailea bada ere, bat dator ekoizpen-ziklo batean integratutako zerbitzuen kontratazioarekin, eta, kasu honetan, erkidegoa kontzeptu horren barruan dago kokatuta, erkidegoak berak zehaztu ahal izan dituenak eskaini beharko zaizkielako osagai dituen finketan bizi direnei, baina jabeei ez ezik, errentamenduen arabera bizilekua bertan finkatuta duten beste bizilagun batzuei ere bai.

Zerbitzu erkideak jabeen erkidegoarena den hiri-finkan daudela egia bada ere, jabekideak izateagatik osagai dituenen erabilera eta gozamen partekaturako dira. Dena dela, horrek ez du esan nahi zerbitzu horiek ezin direla sartu LEren 42. artikuluaren ondorioetarako ekoizpen-ziklotzat jo daitekeen horretan, jarduera bera etxebizitzen edo lokalen erabilera eta gozamena dutenen esku jartzen den neurrian. Hori dela eta, jarduera hori sartzen da azken emaitza izango litzatekeen horretan, erkidegoak bete behar dituen eskumenetako bati dagokionez, hau da, zerbitzu erkide onenerako beharrezkoak edo egokiak diren neurriak adostea, eta hori berak egin dezake zuzenean edo beste enpresa bati agindu ahal dio. Horren bidez, beraz, 42. artikuluaren helburua betetzen da, bertan enpresa komitenteak kontratako langileen soldatei begira duen erantzukizuna zehazten dela kontuan hartuta.

María José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

2022ko Pazienteen Segurtasunaren Mundu Eguna

2019an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) munduko osasun publikoaren lehentasun aldarrikatu zuen pazienteen segurtasuna, eta Pazienteen Segurtasunaren Mundu Egun izendatu zuen irailaren 17a.

Mutualiak konpromiso argia erakutsi du pazienteen segurtasunarekin, 2009an Pazienteen Segurtasunerako Plana lehenengoz onartu zuenetik. Azken urteetan, pazienteen segurtasunaren kultura hedatzen laguntzeko xedez, bat egin dugu OMErekin, Pazienteen Mundu Eguna ospatzeko.

​​​​​​​Medikazio jarduera ez-seguruak eta medikazioari loturiko akatsek kalte handiak eragiten dituzte, baina mundu osoko osasun arretako akats saihesgarrietako bat dira. Medikazio sistemen gabeziek eta giza faktoreek –hala nola nekea, langile falta, etab.– ondorioak izan ditzakete preskripzio, transkripzio, emate, administrazio eta jarraipenean, eta kalte larriak eragin, pazientearen heriotza barne. COVID-19aren pandemiak nabarmen areagotu du, gainera, medikazioari loturiko akatsen eta horien ondoriozko kalteen arriskua. Hala, kalte horien zenbaterainokoa kontuan hartuta, «Medikazio segurua» izango da 2022ko Pazienteen Segurtasunaren Mundu Eguneko gaia. Ildo horretan, oinarri izango du Pazienteen Segurtasunari buruz OMEk finkatutako Mundu Erronka: kalterik gabeko medikazioa. Era berean, bultzada handia izango da medikazioarekin lotutako kalteak arintzeko premiazko neurriak hartzeko, sistemak eta medikamentuak erabiltzeko jarduerak sendotuz. 2022ko Pazienteen Segurtasunaren Mundu Egunaren goiburuaren bidez –«Medikazioaren segurtasuna»–, ohartarazi nahi da medikazio prozesu seguruagoa eta kaltegabea lortzearen garrantziaz, eta erronkaren inguruko ekintzei bultzada ematea, interesdun guztiei dei eginez lehentasuna eman diezaioten medikazioaren segurtasunari eta aurre egin diezaieten jarduera ez-seguruei eta sistemen gabeziei, arreta berezia jarriz medikaziotik eratorritako kalte saihesgarrien hiru arrazoi nagusiei: arrisku handiko egoerak, asistentziako trantsizioak eta polifarmakoterapia.

ABSENTZIA GUTXIAGO MUTUALIA ON!-EKIN 

Muskulu eta hezurretako nahasmenduak dira laneko absentzien lehen kausa, hala nola bizkarreko minak edo goiko gorputz-adarretako minak.  

Ebidentzia zientifikoak argi erakutsi du horrelako min eta gaitzak izateko arriskua gutxiagotzen duela egunero jarduera fisikoa neurrian egiteak. Kirolariak muskuluak berotu eta luzamenduak egiten ditu ahalegin fisiko bat egin aurretik; lan aktiboa duten pertsonek ere horixe egin behar dute. Hori horrela izan arren, enpresa askok ez dute lan-arloan espazio egokirik, langileei eguneroko zereginetarako prestatzeko aukera emateko edota, ildo beretik, lanaldian metatutako karga fisikoa kudeatzeko. 

Horregatik, MUTUALIAn asmo sendo bat hartu genuen: gure enpresa elkartuei horrelako egoeretarako irtenbide bat eskaintzea, langileek beren lanpostuan jarduera fisikoa neurrian egiteko aukera izan zezaten programa bat diseinatuz; muskulu eta hezurretako nahasmenduak murriztea eta, bide batez, osasun-egoera orokorra hobetzea zuen horrek helburu. 

Horrela, duela 5 urte, MUTUALIA ON! sortu zen, eta, orduz geroztik, hainbat jarduera-sektoretako enpresa ugarirekin lan egin dugu, eta, horri esker, nabarmen murriztu dira enpresa horietako langileen artean muskulu eta hezurretako nahasmenduen ondoriozko absentziak. 

Programa honen bidez, langileek eguneroko zereginetarako prestatzeko ohitura hartzea lortu dugu, eta muskuluak berotu eta luzatzeko ariketen errutina bat abian jartzea; horrela, gorputzaren tenperatura, odol-fluxua eta muskuluen elastikotasuna eta malgutasuna handitzea lortzen dute, lan-jardueraren bidez metatutako karga fisikoa kudeatzen dute, eta lesionatzeko arriskua murrizten da. 

Programa hau berrikusi eta dinamizatzeko zereginak amaitu ondoren, galdera-sorta bat egiten da programa gauzatzeko bidea eman diguten langile horien artean, eta horien gogobetetasun maila eta beren osasun-egoeran antzeman duten hobekuntza balioesten dira.  

Haiek egindako ekarpenetan jasotakoaren arabera, hauek dira adierazle nagusiak: 

  • % 91,4k egin du proposatutako errutina. 
  • % 86,2k uste du proposatutako errutina egokia dela bere lan-jarduerarako. 
  • % 89,9k proposatutako errutina bere zereginekin bateratu ahal izan du, lanpostuan eta laneko arroparekin egiten denez. 
  • % 53,2k bere muskulu eta hezurretako ondoezak murriztu direla sumatu du. 

Programan parte hartu nahi baduzu edo programari buruzko informazio gehiago izan nahi baduzu, jarri harremanetan gurekin: prebentzioa@mutualia.eus 


LAGUNTZA-MATERIALA

Gihar deskargako tailerraren horma-irudia

Gihar deskargako Z-card tailerra

16/2022 Errege Lege-dekretua, irailaren 6koa, etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzekoa.

Errege Lege-dekretu honen helburua da etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak besteren konturako langileen baldintzekin parekatzea.

Etxeko lanetarako langile bat kontratatuta duten pertsonei zuzendutako kotizazioko onurei eutsi zaie, edo zabaldu egin dira, Gizarte Segurantzako kotizazioan egin beharreko ekarpenean % 20ko murrizketa eginez. Gainera, % 80ko hobaria aurreikusten da enpresak langabezia-kotizazioan eta Berme Funtsean egin beharreko ekarpenetan.

Antolamendu juridikotik kanpo utzi da atzera egiteko aukera kaleratze kasuetan, ohiko babesa emanez, eta kontratuei buruzko informazioa emateko eskubidea edo kontratua idatziz formalizatzeko eskubidea txertatu da.

Dekretuak ezarritakoaren arabera, enplegatzaileek beren gain hartuko dituzte kotizazioaren arloko betebeharrak, enplegatzaile bakoitzeko hilean 60 ordu baino gutxiagoz lan egiten duten langileen kasuan, eta, beraz, kendu egin da langileek zuzenean afiliazioa, altak, bajak eta datuen aldaketak eskatzeko aukera.

Lege berriak zortzira mugatu ditu tarteak, zenbateko handieneko biak kenduz. Hortaz, hauek dira etxeko langileei dagozkien kotizazio-oinarriak 2023rako:

Kotizazio-oinarri horien gainean aplikatu beharko dira Gizarte Segurantzako kotizazioak, eta, urriaren 1etik aurrera (urtarrilaren 1etik aurrera hileko 60 ordutik beherako kontratuetan), beste bi kontzeptu izango dituzte: langabeziakoa eta FOGASAkoa (Soldatak Bermatzeko Funtsa).

Aldaketa horiekin guztiekin, horrela geratuko dira etxeko langileen (eta horien enplegatzaileen) kotizazioak:

Gaixotasun profesionalak

Halaber, ikerketa-batzorde bat sortzeko konpromisoa hartu behar dela xedatzen du arauak, eta batzorde horren helburua gaixotasunen koadroan generoaren ikuspegia txertatzea da, batik bat emakumeek betetzen dituzten lanetan gaixotasun profesionalen kasuan horien babesa emateko orduan dauden hutsuneak identifikatu ahal izateko eta zuzentzeko.

BIZIKLETAK ETA UDA

bicicletas

Bi hitz horiek elkartzean, burura datorkigun lehen gauza Fernando Fernán Gómezen Bizikletak udarako dira lan ospetsua da, nahiz eta, osasun-ohitura berriei eta mugikortasun berriari esker, esan daiteke dagoeneko ez direla udarako bakarrik, urte osorako baizik.

Gero eta jende gehiagok erabiltzen du bi gurpilekoa batetik bestera joateko, eta honenbestez, kirola izateaz gain, garraiobide ere bilakatu da, merezimendu osoz.

Denbora luzea igaro da Karl von Drier baroiak lehen bizikleta asmatu zuenetik, 1818an. “Arin ibiltzeko makina” goitizenez bataiatu zuten, eta, artean, klase sozial dirudunentzako denbora-pasa besterik ez zen. Haatik, zurezko “jostailu” hark gutxika-gutxika eboluzionatu zuen, harik eta gaur egun ezagutzen duguna bihurtu arte: garraiobide garbia, osasunerako hamaika onura dituena, eta patinete elektrikoarekin batera mugikortasun berriaren gakoetako bat bilakatu dena, sortu zenetik bi mende igaro diren honetan.

Horregatik, bizikleta gehien erabiltzen den hilabete hauetan, komeni da haiek erabiliz gero oso baliagarriak izango zaizkigun zenbait aholku gogoratzea.

Bizikleta batekin zirkulatzen duenak, ibilgailu baten gidaria den aldetik, zirkulazio-arau orokorrak eta espezifikoak errespetatu behar ditu. Aipa ditzagun garrantzitsuenak:

  • Segurtasunagatik, bidegorrietatik zirkulatzea gomendatzen da beti, erabiltzeko moduan badaude. Hiri-barruan bidearen eskuinaldetik ahalik eta gertuen zirkulatuko dute, aparkatutako ibilgailuekin segurtasunezko tartea utzita, eta gehienez ere biko zutabeak osatuz. Errepidean eskuineko bazterbidea erabili behar dute, existitzen baldin bada, eta jaitsiera luzeetan bakarrik atera ahal izango dira bertatik, egoera segurua izanez gero. Paraleloki edo biko ilaretan zirkulatu ahal izango dute, errepidearen eskuineko ertzera hurbilduta. Ikuspen gutxiko tarteetan eta pilaketak daudenean, aldiz, ilaran jarri beharko dute.
  • Kaskoa, betiere ondo lotua, pertsona guztientzat derrigorrezkoa da errepidean, 3 salbuespen hauetan izan ezik: igoera luzeak, muturreko beroa eta/edo arrazoi medikoak. Herri edo hirien barruan derrigorrezkoa da 16 urtetik beherakoentzat, eta oso gomendagarria denentzat.
  • Gauez, ikuspen gutxiko egoeretan eta behe-pasabide edo tuneletan zirkulatzen duten guztietan, aurreko zein atzeko argiak piztuta eramango dira, ikusteko eta ikusgai izateko. Egoera horietan guztietan, gainera, derrigorrezkoa da 150 metrotik ikusteko moduko jantzi islatzailea ere eramatea.

Horiek dira DGTk emandako aholkuak, mugikortasun-molde berrietan hain garrantzitsua den garraiobide hori era seguru eta arduratsuan erabiltzeko.

ENERGIA-AURREZTE ETA -EFIZIENTZIAKO NEURRIAK, 14/2022 ELDaren ARABERA

Abuztuaren 10ean (asteazkena) jarri zen indarrean 14/2022 Errege Lege-dekretua. Haren 29. artikuluan energia-kontsumoa murrizteko neurriak daude. 6 neurri ezarri dira:

  1. Mugak tenperatura-atalaseetan. Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) 3.8.1 ITaren 2. atalean adierazitako esparru habitagarri egokituetan:
  • Administratiboa. Administrazio publikoak barne.
  • Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza-guneak eta antzekoak.
  • Pertsonen bilguneak: Kultur arlokoak, ikuskizun publikoetarako eta olgetako jardueretarako establezimenduak, jatetxeak, eta geltoki eta aireportuak.
    Honako hau bete beharko da:
    a) Airearen tenperatura, berogailuz berotutako esparruetan, ez da izango 19 ºC-tik gorakoa.
    b) Airearen tenperatura, hoztutako esparruetan, ez da izango 27 ºC-tik beherakoa.
    c) Aipatutako tenperatura horiek % 30 eta % 70 bitarteko hezetasun erlatiboari dagozkio.

Adierazitako tenperatura-muga horiek, hala badagokio, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 15eko 486/1997 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betetzeko doituko dira. Horrek esan nahi du airearen tenperatura, lan arinak egiten diren lokaletako esparru hoztuetan, ez dela izango 25 ºC-tik beherakoa.

  1. Aurrezte-neurrien aplikazioari buruzko informazioa eman beharko da, kartelen edo pantailen bidez.
  2. Kalerako aterabidea duten eraikin eta lokaletan itxiera automatikodun ateak edukiko dira.
  3. Erakusleihoen eta eraikin publikoen argiteria 22:00etan itzaliko da.
  4. Eraginkortasun energetikoari buruzko ikuskapenak aurreratzea, IT 4.2.1 eta IT 4.2.2an aipatutako instalazioetan.
  5. Artikulu honetan aurreikusitako betebeharrei EITEaren IX. Kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
    Neurrien aplikazioaz informatzeko beharra betetzeko, Mutualiak kartel hauek jarri ditu elkartutako enpresen eta autonomoen esku.