Mutualia, Pertsonen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso duen lehen erakundea

Gertutasuna, profesionaltasuna, eraginkortasuna, gardentasuna, abangoardismoa eta, beste ezeren gainetik, taldea. Horiek dira Mutualiaren eguneroko jardunaren oinarriak eta, zalantzarik gabe, haiei esker gara orain Euskadiko pertsonen kudeaketa aurreratuaren sari garrantzitsuena jaso duten lehen erakundea eta, oraingoz, bakarra.

Aurreko abenduaren 14an izan zen Gasteizko Europa Jauregian sari horiek emateko ekitaldia. Bertan, hogeita bost erakundek beren arloko kudeaketa aurreratuaren saria jaso zuten Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Ekitaldiaren buru izan ziren José Hernández, Euskaliteko presidentea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntzako sailburua; Jon Darpón, Osasuneko sailburua; Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Alfredo Retortillo, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua.

Jon Darpón Osasuneko sailburuak eman zion, hain zuzen ere, Ignacio Lekunberriri Pertsonen Kudeaketa Aurreratuaren saria. Euskadiko kudeaketaren saririk garrantzitsuena da hori eta, horri esker, bikaintasunaren eta etengabeko hobekuntzaren abangoardian kokatu da Mutualia beste behin ere.

Mutualiatik ekitaldi hartara joateko izena eman genuen hogeita bost lagunek, gutxi-gorabehera, eta Ignacio Lekunberrik harrotasunez bertaratutakoen aurrean esan zuen mezuaren lekuko izan ginen. Mezu horretatik esaldi bat errepikatu nahi genuke:

Mutualiak ez ditu pertsonak kudeatzen; aitzitik, pertsonek kudeatzen dute Mutualia

Iñigo Urkullu lehendakaria ere ekitaldian egon zen, eta bera arduratu zen Euskal Saria emateko ekitaldia ixteaz.

Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkizuegu mutualitateko guztiei zuen lanagatik, konpromisoagatik eta ilusioagatik. TALDE hau delako, hain zuzen, besteengatik desberdintzen gaituen elementu nagusia.

Eta, azkenik, ezin dugu ahaztu Miren Fernández gure lankidea. Izan ere, bere txapela jaso zuen Euskaliten eskutik, azken urteotan kanpoko ebaluaketa askotan ebaluatzaile bezala parte hartzen eta laguntzen egin duen lanagatik.

Prebentzioko Mintegi Teknikoen 2017ko Egutegia

Laburpen batean, 2017an zehar emango ditugun Mintegi Teknikoak aurreratzen dizkizuegu. Bazkide diren enpresentzat eta autonomoentzat kostu gehigarririk gabe, eta prebentzioko profesionalei, zuzendariei eta buruei zuzenduta, mintegien helburua haien prestakuntza eta ezagutza teknikoei laguntzea eta horiek hobetzea da.

Beste urte batzuetan bezala, Mutualiak enpresa elkartuen esku jarri du laneko arriskuen prebentzioari buruzko ekintza dibulgatzaile eta hezitzaile multzo bat, izaera irekikoa eta berritzailekoa.  Ekintza horien helburua gure enpresa elkartuetan segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzen laguntzea da, eta guztien inplikazioa bilatzea ezbehar-tasaren murriztapen eraginkorrean, bereziki arrisku-maila handiko jardueren sektore horietan.

Ekintza dibulgatzaileen artean, Mutualiak prebentzioko profesionalei, zuzendariei eta buruei zuzendutako mintegi teknikoen egutegi bat eskaintzen du, haien prestakuntzari eta ezagutza teknikoei laguntzea eta horiek hobetzea helburu. Horrek enpresa elkartuen prebentzioko jarduera hobetzea eta ezbehar-kopurua murriztea ekarriko du.  Jarduera-esparru horretan Mutualiak enpresei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko asmoz, jardunaldi teknikoak antolatzera jo du, ereduzko enpresetako adituen parte-hartzearekin eta esperientzia praktikoekin.  Hala, jardunaldietan, gure enpresa elkartuei eragin diezaieketen arazo jakin batzuk hobeto kudeatzeko lagungarriak izan daitezkeen tresna, eredu eta esperientzia kontrastatuak eskaintzen dira. Jardueren formatua eta kanpoko hizlari desberdinen parte-hartzea dela eta, egutegian ez da datarik zehaztu; aurreko hilabetean jakinaraziko da jarduera noiz eta non egingo den, baita programa ere.

Honako hauek dira 2017rako planifikatutako mintegiak:

ARAZO MUSKULUESKELETIKOAK. BALORAZIO ERGONOMIKOAZ HARAGO: 2017ko otsailean, Gasteizen

Hezur- eta muskulu-sistemako arazoak dira lanarekin lotutako osasun-arazorik ohikoenak Europan. Langile askok paira ditzakete, baina ez dira saihestezinak, prebenitu daitezke. Jarrerak, irismenak, manipulazioak, lan-zikloak eta abar txikitzeko, enpresak horiek ezagutu eta era integralean kudeatu behar ditu.

Prebenitzeko, zehazki zer prebenitu nahi dugun jakin behar dugu. Nahasmenduak eragiten dituzten faktoreak identifikatzea eta egoera bakoitzean balorazio ergonomikoa egiteko metodo egokiak erabiltzea da lehen urratsa. Baina ezin gaitezke baloraziora mugatu; aitzitik, neurri egokiak hartu behar ditugu eta horien eraginkortasuna neurtzeko jarraipena egin behar dugu. Beste pauso bat ere eman behar dugu: sentsibilizazioa handitzeko eta irtenbide eraginkorrak aktiboki bilatzeko ekintzak bultzatzea. Ekintza puntualetatik haratago joan diren eta arazo hori ikuspegi berritzaile batetik saihesten saiatu diren hainbat esperientzia ikusiko dugu.

 

BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA.    2017ko azaroan, Donostian

Jardunaldiaren helburua «langile bereziki sentiberen» kontzeptua mugatzea da, haiei buruzko araudi juridikoa ezagutzeko eta langile horien babesa bermatzen duen kudeaketa prebentiboaren gakoak lantzeko.

Horretarako, laneko arriskuak prebenitzeko teknikariek prebentzio-maila kudeatzeko moduak irakatsiko dizkigute, lege-arloko langileek pertsona horien inguruko alderdiak arautzen dituen araudia azalduko digute eta langile sentiberak dituen enpresa batek izandako esperientzia kontatuko digu.

GAITASUN PROFESIONALAK ENTRENATZEA ESTRESA SAIHESTEKO ETA GATAZKAK KONPONTZEKO.  2017ko urrian, Gasteizen

Gure gizartea gero eta konplexu, plural eta dinamikoagoa da.

Maila profesionalean, buruko nekea, egitekoaren konplexutasuna, horrek sortzen dituen itxaropenak, oreka, norberaren ezaugarriak eta abar direla eta, gure lana behar bezala eta eraginkortasunez egiteko baliabide pertsonalik gabe geratzen gara batzuetan. Horrek, kasu batzuetan, antsietatea, autoestimu baxua, mentalki gainezka egitea eta abar eragin ditzake.

Den-denak saihestu ezin badaitezke ere, prebentzio-prestakuntzaren bidez, estresa edo gatazkak eragiten dituzten egoerei aurre egiteko baliabide profesionalak, teknikak, gaitasunak eta jarrerak ikas daitezke, estrategia pertsonal eta profesionalez baliatuz.

Mintegi honetan, norberaren emozioak kontrolatzeko, gizarte-gaitasunak garatzeko eta denbora kudeatzeko teknikak irakatsiko ditugu.

LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA INTEGRATZEA ERDI-MAILAKO BURUAK ETA PREBENTZIOKO TEKNIKARIAK LIDERGOAN TREBATUZ. 2017ko ekainean, Bilbon

Enpresan prebentzioa integratzeko legezko betebeharrak berekin dakar hari eutsiko dion prebentziozko kultura kontsolidatu bat sortzea.  Hori ezinezkoa da funtsezko oinarri bat gabe: Erdi-mailako buruak prebentzioan inplikatzea eta nagusitasuna izatea, enpresako zuzendariekin eta prebentzioko teknikariekin batera.  Enpresek indartu egin behar dituzte buru batek izan behar dituen gaitasunak, jarraitu beharreko erreferente bat baita, eta haren taldeko gainerako pertsonak gidatzen baititu: adibidearen bidez liderra izatea, komunikazio eraginkorra, taldeko lana (lankidetza), eta abar.

Jardunaldi honen bidez, erdi-mailako buruei, zuzendariei eta prebentzioko teknikariei Laneko Arriskuen Prebentzioan haien lidergoaren beharraren berri eman nahi diegu, eta egunerokoan lidergo hori garatu ahal izateko beharrezko esperientziak eta tresnak eman.

LANEKO ARRISKUEN PREBETNZIOARI BURUZKO LANEKO IKUSKATZAILETZAREN BISITA. NOLA JOKATU 2017ko martxoan, Bilbon

Jardunaldi honetan ikusiko dugu zergatik gerta daitekeen laneko ikuskari baten bisita. Eta bisita horren aurrean, zalantzak ager daitezke izan beharreko jokabideari buruz, zein dokumentu eska dezakeen, epeak, eta jarraitu beharreko pausoak, hala nola ikuskaritzaren aurrean zigortzeko arrazoi diren jokaerak.

Mintegi teknikoez gainera, Mutualiak bere eskaintza dibulgatzailea handitzen du hala lantegi praktiko berriekin nola Campus Birtualaren barruan ikastaro berriak erantsiz; azken horren lehentasunezko helburua babestutako biztanleak laneko ezbehar-tasa murrizteko sentsibilizatzea da, arriskua zein den ezagutuz, eta kudeaketa-sistemak hobetuz eta integratuz.

Hori guztia Mutualia PRL Ikasgelan bilduta.

Ekintza horiek guztiak urtero Gizarte Segurantzako Estatuko Idazkaritzak onartzen duen prebentzioko jardueren planeko programen euskarri dira, eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 19. artikuluaren arabera, enpresariak langileak prebentzioan trebatzen duen betebehar zuzena osatzen dute, hura ordezkatu gabe.

Administratzaileen erantzukizun pertsonala Gizarte Segurantzan zorrak izateagatik

Duela gutxi, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak (egoitza Valladoliden), 2016ko irailaren 30eko 274/2016 Apelazioko Errekurtsoaren Ebazpenak berriz aztertu ditu, kaudimengabezia kasuan, hartzekodunen konkurtso-deklarazioaren eskaera faltaren intzidentzia eta administratzaileen erantzukizuna gizarte-segurantzako zorrak izateagatik.

  • 22/2003 Konkurtsoko Legearen 5. artikuluak honako hau dio:

1. Zordunak konkurtso-deklarazioa eskatu beharko du bere kaudimengabezia-egoeraren berri izango zukeen edo izan beharko zukeen egunetik hurrengo bi hilabeteko epean.

2. Kontrako frogarik ezean, zordunak bere kaudimengabezia-egoeraren berri izan duela uste izango da, 2. artikuluko4. atalaren arabera, nahitaezko konkurtso-eskaera bat egiteko oinarri izan daitekeen gertaeretako bat izan denean, eta, haren 4. paragrafoan aurreikusitakoren bat izanez gero, dagokion epea igaro denean.

  • Eta aurrekoarekin lotuta, 22/2003 Konkurtsoko Lege beraren 2. artikuluaren arabera:

1. Konkurtso-deklarazioa beharko da, zordun arrunta kaudimengabea den kasuetan.

2. Kaudimengabezia-egoeran dago betebehar galdagarriak erregularki bete ezin dituen zorduna.

3. Konkurtso-deklarazioaren eskaera zordunak aurkezten badu, bere zorpetzea eta kaudimengabezia-egoera, unekoa edo hur-hurrekoa, justifikatu beharko du. Hur-hurreko kaudimengabezia-egoeran egongo da bere betebeharrak erregularki eta puntu-puntuan ezin beteko dituela aurreikusten duen zorduna.

4. Konkurtso-deklarazioaren eskaria hartzekodun batek aurkeztu badu, eskari horren oinarria exekuzioa edo premiamendua agintzen duen titulua izan behar da, baldin eta enbargoaren ondoren ez badago ordainketa egiteko adina ondasun askerik, edo ondorengo inguruabarretatik bat gertatzen bada:

1. Zordunaren betebeharren ordainketa arrunta largestea.

2. Egiteke dauden exekuzioen ondoriozko enbargoak izatea, eta horiek zordunaren ondarea ukitzea orokorrean.

3. Zordunak bere ondasunak ostentzea, edo arinegi nahiz modu galgarrian likidatzea.

4. Hurrengo betebehar motaren bat ez betetzea orokorrean: konkurtso-eskaeraren aurreko hiru hilabeteetako tributu-betebeharrak ordaintzea, epealdi berean Gizarte Segurantzako kuotak eta baterako beste zerga-bilketak ordaintzea; azken hiru hilabeteetako soldatak, kalte-ordainak eta lan-harremanen ondoriozko beste ordainsariak ordaintzea.

  • Arau horien arabera, Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaindu ezean, enpresa kaudimengabezia-egoeran dagoela ulertzen da, ezin izan baitu erregularki Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak bete. Iuris tantum presuntzioa da, eta beraz, aurkako froga onartzen du, fase administratiboan edo judizialean eman behar dena.

 

  • Horrek guztiak berekin dakar enpresak konkurtso-deklarazioa eskatzeko betebeharra kaudimengabezia-egoeraren berri izango zukeen edo izan beharko zukeen egunetik hurrengo bi hilabeteko epean betetzen ez badu, kontuan hartuta eskaera horren erabakia administratzaileei legokiekeela, Kapital Elkarteen Legeko (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretua) 365.1. artikuluan eta Konkurtso Legearen 3.1. artikuluan ezarritakoaren arabera (suposatuz, aurkako frogarik ezean, Konkurtso Legeko 5.2. artikuluan ezarritakoaren arabera):

Konkurtso-deklarazioa eskatzeko betebehar hori ez betetzeak berekin dakar enpresako administratzaile solidarioa izatea Gizarte Segurantzarekin dauden zorren erantzule solidarioa, Kapital Sozietateen Legeko 367. artikuluan ezarritakoaren arabera (Administratzaileak desegitearen legezko kausaren gertaeren ondorengo betebehar sozialen erantzule solidario izango dira, baldin eta bi hilabeteko epean desegite-hitzarmena hartzeko batzar nagusia deitzeko betebeharra betetzen ez badute, hala nola desegite judiziala edo, hala balegokie, sozietatearen konkurtsoa eskatzen ez badute bi hilabeteko epean, batzarra egiteko aurreikusitako egunetik hasita, hori eratu ez denean, edo batzar-egunetik hasita, hitzarmena desegitearen kontrakoa izanez gero. 2. Kasu horietan, eskatutako betebehar sozialak sozietatea desegitearen legezko kausaren gertaeraren ondoren gertatutakotzat joko dira, baldin eta administratzaileek lehenagokoak direla egiaztatzen ez badute.

 Kasu horietarako, indarrean dagoen Gizarte Segurantzako Lege orokorreko (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua) 18.3. artikuluak honako hau ezartzen du: «Kotizatzeko eta Gizarte Segurantzako gainerako baliabideen ordainketa egiteko betebeharra betetzeko erantzule dira pertsona fisiko edo juridikoak edo pertsonalitaterik gabeko entitateak, erregimen eta errekurtso bakoitzeko arau erregulatzaileek hura ordaintzeko betebeharra zuzenean esleitzen dizkietenak, eta gainera, erantzule solidario direnak,haien subsidiario edo mortis causa oinordeko, erantzukizun horiek zehazten dituzten gertaerak, omisioak, negozioak edo egintza juridikoak direla kausa, Gizarte Segurantzako betebeharrei buruzko edo haiek berariaz baztertzen ez dituen Lege mailako edozein arauak edo legeen kontrakoak ez diren itunak eta hitzarmenak aplikatuz. Erantzukizuna solidario, subsidiario edo mortis causa deklaratu eta eskatu egingo da lege honetan eta bera garatzeko araudian ezarritako zerga-bilketako prozeduraren bidez».

Ildo beretik jo du Salak berak 2015eko otsailaren 19ko epaian (apelazioko errekurtsoa, 224/2014 zk.), Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak (egoitza Burgosen) 2013ko azaroaren 8ko epaian (19/2012 errekurtsoa), eta Andaluziako Auzitegi Nagusiko Salak (egoitza Sevillan) 2016ko apirilaren 28ko epaian (400/2013 errekurtsoa), besteak beste.

JOSE ANGEL MORAL. MUTUALIAKO LEGE-AHOLKULARITZAKO ABOKATUA

LGSIk aztertutako benetako istripuen bideoak

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskailetzaren Zuzendaritza Orokorrak, laneko istripuen kanpaina iberiarraren barruan, 12 bideoz osatutako sorta bat egin du. Horren xedea da LGSIk aztertu eta ikertutako laneko istripu hilgarriak hedatu eta zabaltzea da.  Bideoek gertatu diren egoerak nabarmentzen dituzte, hain zuzen, ondorio tragikoak izan dituztenak, berriro ere gerta ez daitezen edo antzeko egoerak gerta ez daitezen; baita laneko istripuen kausak aztertzean eredu izan daitezen ere.

Azterketak prebentzio-interes handiko informazioa ematen du, ez bakarrik istripuen ohiko kausen inguruan, istripuen terminologia tradizionalaren arabera (altuerako erorikoak, zapaltzeak, kontaktu elektrikoak…), baizik eta, bereziki, istripu horiek gertatzen diren egoera edo testuinguruen inguruan. Horrek ezbeharraren ezagutza osoagoa edukitzeko aukera ematen du, prebentzio-ekintzaren ikuspegia egokiagoa izan dadin.

Bideo horiek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskailetzaren Ikastetxeak prestatu ditu, eta istripuaren gertakariak sinple eta argi kontatzen dituzte. Horretarako, animazio grafiko adierazgarriak erabiltzen dituzte. Halaber, istripua ikertzeko prozesua eta istripuaren kausa-jatorrian aurkitzen diren antolakuntzako edo segurtasuneko hutsuneak adierazten dituzte, eta, azkenik, istripua saihestuko luketen prebentzio-neurrien zerrenda ematen dute.

Honako esteka honetan bideo horietako

Produktu toxiko baten bidezko intoxikazioa, azpiontziraketa desegoki baten ondorioz. 4 m 32 s

Sute kiroldegi batean. Txinparta batek bertan zegoen gasolinak su hartzea eragin du. 7 m 42 s

 

 

Esteka honetan bideo guztiak ikus daitezke:  videos accidentes  ITSS

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiogu LGSIari, bideo horiek argitara emateagatik. Izan ere, esan dugun bezala, LAPTek egiten ditugun ikerkuntzak hobetzen lagun dezakete. Halaber, eskerrak ematen dizkiogu LGSIari bideoek azpitituluak dituztelako, gorrak diren pertsonek ulertu ahal izateko.

Eskia Modako kirola neguan

Iritsi da negua, eta, garai honetan, gure artean kirol-modalitate arrakastatsuenetako bat eskia da. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak zenbait lehiaketa antolatzen ditu espezialitate ezberdinetan, hil hauetako egutegia osatzeko. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetatik, kirol honen onuren berri emango dizuegu, denboraldian bete-betean sartuta baikaude eta badirelako bastoiak, botak eta eskiak hartuta pista eta estazioetara abiatu diren pertsona ugari. Federazioek gogorarazi nahi dute garrantzitsua dela federatzea, kirolaz segurtasun osoz gozatzeko. Europa-mailako estaldura duen istripu-aseguru bat lor daiteke. Horren bidez, txartel batzuk lortuko ditugu, eta erreskatea eta pistetako asistentzia estalita izango ditugu. Gainera, lesiorik izatekotan, jarraipena egingo digute. Halaber, errehabilitazioa barne hartzearen garrantzia azpimarratzen dute.

Eski alpinoak, iraupen-eskiak eta snowboardak abantailak dituzte osasunerako. Besteak beste, ingurune natural apartez gozatzeko aukera dugu, aire zabalean egiten baita, oso aire purua dagoen lekuetan. Horrek odolaren oxigenazioari laguntzen dio. Kirol-jarduera hori, gainera, gaixotasun kardiobaskularraksaihesteko jarduerarik onenetakoa da, kirol aerobikoa da eta.. Gastu energetiko handia dakar. Beraz, kaloria ugari erretzen dira, gainpisuari aurre egiten zaio eta odoleko kolesterol mailak murrizten dira. Eskiak odolaren zein biriken lana hobetzen du. Horrez gain, oreka-zentzua lantzen du, kirol hori egoki egiteko mantendu behar den posizioa dela medio. Muskulu-talde ezberdinen arteko koordinazioa indartzen da, eta erresistentzia fisikoa, arintasuna eta kontzentrazioa areagotzen dira.

Eskiatzean, oinak dira gorputzaren pisu guztiaren euskarri. Eta belaunak dira pisuari eutsi eta artikulatzen duten artikulazioak. Maiztasunez eskiatuz gero, artikulazioak gehiago garatuko dira, eta etorkizunean lesiorik edukitzea ez da hain probable izango. Gainera, hezurrak indartzen dira eta osteoporosia saihestu edo atzeratzea lortzen da. Malda bat jaisten ari garenean egiten dugun aldaka-kulunka ariketa ona da. Zahartzaroan mugikortasuna galtzeko kausa nagusietako bat muskulu-ahulezia izan ohi da. Muskuluen-erresistentzia eskatzen duen ariketarik egiten ez bada, muskuluak ahulduz doaz. Horregatik, eskia bezalako erresistentzia-entrenamendu bat faktore garrantzitsua da osasunarentzat eta gure muskulu eta hezurren ongizatearentzat, zahartzen goazen heinean. Adinaren poderioz galtzen diren muskulu-ehunak berreskuratzeko oso era eraginkor bat izango litzateke astean bi edo hiru aldiz eskiatzea lau hilabetetan zehar.

Gainera, burmuinak gorputzaren zati ezberdinen posizioa sentitzen du eta ahalegina egiten du horiek mugitu eta koordinatzeko. Gero eta gehiago eskiatu, orduan eta gehiago garatuko da ahalmen hori. Eski-pistaren ingurune dinamikoak kirol hori egiten duten pertsonak behartzen ditu arreta handia ematera uneko baldintzen aldaketari, bai eta oztopoei (zuhaitzak edo harriak), gainerako eskiatzaileei (lehen aldiz ari direnei) edo bidean izan daitezkeen beste oztopo batzuei ere. Hori dela eta, mendiko eskiak eskatzen du gorputzaren posizioa etengabe ezagutzea, postura-egonkortasuna lortzeko. Gainera, azelerazio-aldaketak, elur-baldintzek eta bestelako eragozpenek eskiatzailea behartzen dute gorputzaren posizioa eta norabidea maiztasunez aldatzera. Horrek energia asko eskatzen du, baita gorputzaren ezagutza handia ere, eskien gainean, kirolez betetako neguaren protagonisten gainean, oreka mantentzeko.

Lanaldi partzialeko kontratuetan ABEko prestazioak kalkulatzea

Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 36/2014 Legeak ekarritako araudi-aldaketaren ondorioz (Gizarte Segurantzaren Legearen 248. artikuluaren berridazketa ekarri zuen –8/2015 Errege Dekretua, urriaren 30ekoa–), lanaldi partzialeko kontratua duten langileen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioak kalkulatzeko modua aldatu zen 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Data horretara arte, kontingentzia arruntek edo profesionalek eragindako ABEko prestazioren eguneko oinarri arautzailea kalkulatzeko aurreko hiru hiletako (edo kotizatutako tartekoa, txikiagoa izanez gero) kotizazio-oinarriak gehitzen ziren eta emaitza denbora horretan lan egindako egun kopuruagatik zatitzen zen. Horrenbestez, kontratuko lanegunak kontuan hartu eta ABE egoeran izandakoen truke soilik jasotzen zen prestazioa. Hau da, langile batek asteburuetarako kontratua izanez gero, ostiraletik igandera artekoa, asteko hiru eguneko ABEko prestazioa kobratuko luke.

2015etik aurrera, kontingentzia bien oinarri arautzailea kalkulatzeko, aurreko hiru hiletako oinarriak gehitu behar dira, baina ondoren, zenbateko hori aldi egun naturalen kopuruagatik zatitu eta hileko egun natural guztietan ordaindu behar da. Gainera, kontuan hartu behar da enpresan hiru hile bete gabe baja medikoa hartzen duten langileen egoera berezia dela. Nola kalkulatuko genuke kasu horietako prestazioaren oinarri arautzailea?

Araua literalki irakurriz gero (Gizarte Segurantzaren Legearen 248.1c art.), «gertakari eragilearen aurreko hiru hilabeteak» baliatuz kalkulatu da, hau da, oinarri arautzailearen kalkulua egiteko alde batera utzi beharko litzateke baja medikoaren hilari dagokiona, baja medikoa lan-kontratua hasten delako hilean gertatzen ez bada eta ez dira zenbatuko zenbatetsiko enpresa berean betetako aurreko kontratuak, nahiz eta aurreko hiru hiletakoak izan.

Beharbada, adibide baten bidez argiago ikusiko dugu kolektibo horren prestazioaren eguneko oinarri arautzailea nola kalkulatu:

2016-01-05ean hasitako baja mediko baten ustezko egoera

Enpresan alta emandako data Kotizazio-oinarriak Oinarria zatitzeko egun-kopurua
2015/09/01 2015/10 + 2015/11 + 2015/12 92 (urriaren 31 + azaroaren 30a + abenduaren 31)
2015/10/03 2015/10 + 2015/11 + 2015/12 89 (urriaren 29a + azaroaren 30a + abenduaren 31)
2015/12/01 2015/12 Abenduko 31 egun
2016/01/01 2016ko urtarrilaren 1etik 4ra bitarteko egunei dagokiena Baja hasi aurreko urtarrileko 4 egun

 

Zuzeneko Likidazio Sistema abiatzearen ondorioz, garrantzitsua da nomina-aplikazioetan irizpide horiek aintzat hartzea, gizarte-aseguruetan atxikipenak egitean arazorik ez sortzeko.

Sonia Gutiérrez  – CPko Prestazio Ekonomikoen arduraduna

Laguntza termal irisgarriko programa

Iragan ostiralean, abenduak 16, abian jarri zen LAGUNTZA TERMAL IRISGARRIKO PROGRAMA ASTURIAS probintzian. 27 onuradun izan ditu, guztiak ere laneko istripu edo lanbide-gaixotasun baten ondorioz baliaezintasun handia edo ezintasun iraunkor eta absolutua aitortua dutenak, eta bere zaintzaileek edo laguntzaileek ere parte hartu dute.

 

Ekimen honen sustatzaile eta egiaztatzaile da Mutualiako Prestazio Berezien Batzordea, eta FEKOOR fundazioak (desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen Bizkaiko elkartea) ere aurrera darama beste desgaitu-talde batzuekin. Ekimenaren helburua gaitasun fisikoari eutsi diezaioten da, horretarako ur termalek desgaitasunen tratamenduan, eta, oro har, osasunarentzat eskaintzen dituzten abantaila ugari eta ezagunak baliatuta.

Era berean, giro lasaia aprobetxatuta, integrazio- eta normalizazio-prozesuan aurrera egin ahal izan da, taldeko jarduerak gauzatuz ingurune irisgarrietan: antzeztutako bisita gidatuak Oviedon eta Avilesen, paseoak bide berdeetan, otordua sagardotegi tipiko batean, etab.

Lehen taldeko 26 lagunek asteburu honetan izan dute gozatzeko parada, Asturiasko hotel-bainuetxe egokitu batean. Bigarren taldea, 30 lagunekoa, urtarrileko hirugarren astean bertaratuko da zazpi eguneko egonaldia egiteko.

Gogora ekar dezagun Mutualiaren gizarte-laguntzak mutuak babestutako pertsonei zuzentzen zaizkiela, baldin eta laneko istripu bat edo lanbide-gaixotasun bat izan badute edota horietako baten eraginez premia berezia izanik Gizarte Segurantzaren prestaziorik jaso ezin badezakete.

Aldi baterako kontrataziorako hobarien/ murriztapenen gidaren azaroko eguneraketak

Gida honetan, kontratatzeko pizgarrien arloko indarreko araudi guztia jasotzen da, eta erabiltzaileen eta gure lan-merkatuan jarduten duten eragileen informazio-eskaera asetzera zuzenduta dago. Gainera, informazio guztia kontratu moten, langileari dagokion kolektiboaren eta enpresa motaren arabera egituratuta eskaintzen du.

Administrazio prozeduraren gaineko lege berria indarrean jartzea

Urriaren 1eko 39/2015 LegeaHerri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena (APE)2016ko urriaren 2an jarri zen indarrean haren 7. xedapenetako azkenari jarraikiz, (ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, Administrazioaren sarbide-puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarrari dagozkion ezarpenak salbuetsita geratzen dira, eta 2018ko urriaren 2anjarriko dira indarrean).

Berrikuntza garrantzitsuenak:

Legeak bere aplikazio eremua sektore publiko osora zabaltzen du. Halaber, sektore publikoaren (instituzionalaren) barruan, honako erakunde hauei aplikatuko zaie legea: lotutako administrazio publikoei edo haien mende dauden zuzenbide pribatuko erakundeei, zeinak lege honetako arauetan xedatutakoaren mende geldituko baitira berariaz haiei buruzkoak direnean eta, beti, administrazio-ahalak baliatzen dituztenetan.

Ordezkari moduan pertsona fisikoak ez ezik pertsona juridikoak ere aritu daitezkeela ezartzen du, erakundearen Estatutuek halakorik esaten baldin badute.

Bereizi egiten ditu interesdunaren identifikazioa eta sinadura, biak ala biak elektronikoak: oro har, lehenengoa da beharrezkoa, eta interesdunaren borondate eta onarpena egiaztatu behar denean baino ez da eskatuko bigarrena.

Administrazio Publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubide eta obligazioa erregulatzen du.

–          Pertsona fisikoek uneoro aukeratu ahal izango dute Administrazio Publikoekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzen diren edo ez, arauren batek behartzen dituenean izan ezik.

–          Edonola ere, Administrazio publikoarekin bitarteko elektronikoak baliatuta komunikatzera behartuta daude honako hauek, gutxienez: pertsona juridikoak; nortasun juridikorik gabeko erakundeak; diharduten lanbidean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako; Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak; eta Administrazio publikoetako enplegatuek enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.

–          Erregelamenduz, administrazioekiko harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango da zenbait prozeduratarako eta (haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik) bitarteko elektronikoetarako irispidea eta horiek erabiltzeko modua duten pertsona fisikoen multzo batzuentzat.

Administrazio-espedientea formatu elektronikoan: Haren osagai izan behar duten agiri, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatu behar da, eta barnean dituen agiri guztien aurkibide zenbakitu batekin joan behar du bidaltzen denean. Espedientean jaso behar da, orobat, hartutako erabakiaren kopia elektroniko ziurtatua.

Dokumentuak aurkezteko erregistro elektronikoak erregulatzen ditu:

–          Administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izango du, hartan idazpena egiteko edozein agiri aurkezten edo jasotzen dela ere, bai eta beste organo edo herritar batzuei zuzendutako agiri ofizialak irteten direnean ere.

–          Interesdunek Administrazio publikoei zuzendutako dokumentuak honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dituzte:

  • Zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan.
  • Sektore publikoa osatzen duen edozein subjekturen gainerako erregistro elektronikoetan.
  • Posta-bulegoetan.
  • Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsuletxe-bulegoetan.
  • Erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan.
  • Indarrean dauden xedapenetan ezarritako beste edozein tokitan.

Administrazio publikoen aurrean eskura aurkezten diren agiriak erregistro-gaietako laguntzarako bulegoak digitalizatu egin beharko ditu; zein bulegotan aurkeztu diren administrazio-espediente elektronikoari gehitzeko, bulego horrek digitalizatuko ditu, hain zuzen. Jatorrizko agiriak interesdunari itzuliko zaizkio (arau batek honako hau ezartzen duenean izan ezik: Administrazioak zaindu behar izatea aurkezten diren agiriak edo nahitaezkoa izatea objektu edo agiri batzuk euskarri espezifikoren batean aurkeztea eta ondorioz ezin digitalizatu izatea).

Ahalordeen erregistro elektronikoak erregulatzen ditu:

–          Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ahalordetze-erregistro elektroniko orokor bat izango dute, eta hartan inskribatu beharko dira, gutxienez, administrazio prozedura batean interesdun izan eta administrazio publikoen aurrean beraren izenean jarduteko ordezkari baten alde bera agertuz edo elektronikoki, apud acta ematen diren izaera orokorrekoak.

–          Ahalordetze-erregistro elektroniko orokorren eta partikularren bidez, baliozko moduan egiaztatu ahal izango da administrazio publikoen aurrean hirugarren baten izenean jarduten dutenen ordezkaritza, kontsulta eginez antzeko beste administrazio-erregistro batzuetan, merkataritza-erregistroan, jabetzaren erregistroan eta notario-protokoloetan

–          Merkataritza-erregistroak, jabetzaren erregistroak eta notario-protokoloen erregistroak elkarreragingarriak izango dira ahalordetze-erregistro elektroniko orokor eta partikularrekin.

Amaitutako prozedurentzako artxibo bakar elektronikoa. Amaitutako prozedurei dagokien artxibo bakar elektroniko bat izan beharko du administrazio bakoitzak, eta agirien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dituen formatu batean gorde behar dira.

Epeak orduka zenbatzea. Epeak ordutan jartzen badira, baliodunak dira egun baliodun bateko ordu guztiak

Egunetan zenbatutako epeen kasuan, larunbatak egun baliogabetzat joko dira.

Epeak datatik datara zenbatzea argitzen da. Epea egintza jakinarazten, argitaratzen edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunean amaituko da. Muga-eguneko hilean ez bada hasierako egunaren baliokiderik, epea hilaren azken egunean bukatzen dela joko da.

Abuztua hilabete balioduntzat jotzen jarraituko da administrazio prozedurari dagokionez

Erregistro elektronikoak urteko egun guztietan 24 orduz dokumentuak aurkeztea posible egingo du.  Egun baliodunetako epeen zenbaketari dagokionez, agiria egun baliogabe batean aurkeztuz gero, hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan egin dela erregistratuko da (arau batek beren beregi egun baliogabeetan jasotzea ahalbidetzen duenean izan ezik).

Prozedurak ebazteko gehienezko epea geldieran uzteko arrazoi berriak

–          Europar Batasunaren esparruan amaitu gabeko prozeduraren bat baldin bada, eman beharreko ebazpenaren edukia zuzenean baldintzatzen duena.

–          Prozedura ebazteko ezinbestekoa bada jurisdikzio-organo batek aldez aurretik irizpena ematea.

–          Administrazio publiko batek beste bati errekerimendua egiten badio legez kontrako deritzon egintza bat deusezta edo berrikus dezan, egintza hori izanik lehenak bere eskumenen barruan eman behar duen egintza baterako oinarria.

–          Ebazteko eskudun den organoak jarduera osagarriren bat egitea erabakitzen badu.

–          Interesdunek errekusazioa sustatzen badute prozedura bat izapidetzen ari den bitarteko edozein unetan.

APE berriak administrazio-isiltasunaren eragina erregulatzen du, 30/1992 Legean ezarritako oinarrizko lerroei jarraikiz, eta zehaztapen, osagarri eta berrikuntza batzuekin:

–          Prozeduraren gaia jarduera baterako irispidea izatea edo jarduera horretan aritzea denean, isiltasunak ezespen-balioa duela xedatzen duen legeak interes orokorreko arrazoi erabatekoetan oinarritu beharko du.

–          Isiltasunak ezespen-balioa izango du ingurumenari kalte egin liezaioketen jarduerak egitea dakarten prozeduretan eta administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan.

–          Ez da isiltasun positiborik izango isiltasun bidez ebatzitako eta isiltasunez diktatutako ekintzen aurka ezarritako gora jotzeko errekurtsoen kasuan, errekurtsoak hasierako administrazio prozeduran isiltasun positibotik salbuetsitako gaiei erreferentzia egiten badie.

–          Ziurtagiria ofizioz emango du ebazteko eskudun den organoak, hamabost eguneko epean, prozedura ebazteko gehieneko epea amaitzen denetik aurrera zenbaturik.

Jakinarazpenak:

–          Jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo dira, ahal dela; interesduna behartuta baldin badago bide horretatik jasotzera, beti.

–          Aurrekoa gorabehera, bitarteko ez elektronikoz egin ditzakete administrazioek jakinarazpenak kasu hauetan:

  • Jakinarazpena egiteko arrazoia interesduna edo haren ordezkaria erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan agertzea bada eta une horretan eskatzen badu komunikazio edo jakinarazpen pertsonala.
  • Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna ziurtatzeko beharrezkoa bada jakinarazpena egiten duen administrazioko enplegatu publiko batek zuzenean emanez egitea jakinarazpena.
  • Jakinarazpenak paperean eginda ere, horiek interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren egoitza elektronikoan, nahi badu haien edukia ikusteko modua izan dezan.

–          Jakinarazpen elektronikoa jasotzera beharturik ez dauden interesdunek noiznahi erabaki ahal izango dute, jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egin daitezela edo hala egiteari utzi dakiola.

–          Erregelamenduz, administrazioek jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egiteko betebeharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, beren gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea badutela eta erabil ditzaketela.

–          Inoiz ez dira jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo honako kasu hauetan: jakinarazi beharreko egintzarekin batera formatu elektronikora ezin bihur daitekeen elementuren bat igorri behar denekoak; obligaziodunaren aldeko ordainketa-moduren bat daramatenak, hala nola txekeak.

–          Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

–          Paperezko jakinarazpenetan aldaketak: interesdunaren bizilekuan jakinarazpena emateko 2. saiakera egiteko modua: Inor ez bada jakinarazpenaren kargu egiten, beste ahalegin bat egingo da, bakarra, hurrengo hiru egunen barruan eta beste ordu batean. Lehenbiziko jakinarazpen-ahalegina hamabost orduak baino lehen egin bada, bigarren ahalegina hamabost orduak baino geroago egingo da, eta alderantziz, betiere hiru orduko tartea utzirik, gutxienez, bi ahaleginen artean.

Jakinarazpen elektronikoak egitea:

–          Bitarteko elektronikoz egindako jakinarazpenak diharduen administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan agertuz egingo dira.

–          Egoitza elektronikoan agertzea zera da: interesdunak edo haren ordezkariak, behar bezala identifikaturik, jakinarazpenaren edukia eskuratzea.

–          Haien edukira sartzen den unean egintzat joko dira bitarteko elektronikozko jakinarazpenak.

–          Interesdunek jakinarazpenak eskuratu ditzakete Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan, zeinak sarbideko atari baten moduan funtzionatuko baitu.

–          Jakinarazpena paperean egin nahiz bitarteko elektronikoz egin, administrazio publikoek abisua bidaliko dute interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, eta, abisu horretan, adieraziko diote jakinarazpen bat eskura jarri diotela dagokion administrazio edo erakundearen egoitza elektronikoan edo eman duen helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

–          Ez onartutzat joko da, haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.

Herritarren eskubideak administrazio publikoen aurrean eta interesdunen eskubideak administrazio-prozeduretan  Berrikuntzak:

–          Interesdunek aholkulari batez lagundutik jarduteko eskubidea dutela jasotzen du

–          Interesdunek dokumentu originalak ez aurkezteko duten eskubidea (aplikatzekoa den araudiak, aparteko kasuetarako, kontrakoa adierazten duenean izan ezik). Salbuespenezko moduan jatorrizko agiri bat aurkeztu behar badute, haren kopia kautotua eskuratzeko eskubidea dute.

–          Prozeduren izapidetzea nola doan jakiteko eskubidea eta bertako dokumentuen kopiak eskuratzeko eskubidea erregulatzen du, eskubide horiek bitarteko elektronikoak baliatuz erabiltzeko aukerarekin:

  • Informazioa Administrazioaren Sarbide Puntu Elektronikoan kontsultatzeko eskubidea, sarbideko atari baten moduan funtzionatuko duen gunean, hain zuzen.
  • Prozeduretan sartutako agirien kopiak emateko Administrazioak duen betebeharra konplitutzat joko da haiek eskura jartzen direnean administrazio eskudunaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan edo dagozkion egoitza elektronikoetan.

 

Jose Angel Moral. Mutualiako lege aholkularitzako abokatua