MUTUALIA kudeaketa aurreratuari urrezko A lortu du

MUTUALIAK Urrezko A Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria jaso du. Aintzatespen honekin praktika aurreratuak dituzten eta bere interes taldeen -bezeroak, pertsonak, akziodunak eta gizartea besteak beste- asebetetze orekatua bilatzen dituzten erakundeak saritzen dira. Aintzatespena hurrengo abenduaren 9an banatuko da, Bilboko Euskalduna Jauregian 19:00etan.

Mutualia Gizarte Segurantzako laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen 2. mutualitatea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erreferentziazko mutualitatea.

Mutualia irabazi-asmorik gabeko eta erantzukizun mankomunatuko enpresa-elkartea da. Gizarte Segurantzarekin lankidetzan dihardu, enpresentzako, haien langileentzako eta bestelako bezeroentzako osasun-zerbitzuak kudeatzen, prestazio ekonomikoak eskaintzen eta prebentzioa sustatzen

Erakunde honek bere kudeaketa sistema ebaluatzeko eta hobetzeko Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erabiltzen du erreferente gisa, eta saria lortu du, EUSKALITeko Ebaluazio Klubeko ebaluazioa jaso ostean.

Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria

Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria sortu da, EAEko erakundeen artean Kudeaketa Aurreratuaren garrantzia lehiakortasunaren funtsezko elementu gisa bultzatzeko eta zabaltzeko.

Kudeaketa-sistemaren etengabeko hobekuntza eta aurrerapenarekin konpromisoa erakusten duten Euskadiko enpresa, hezkuntza-zentro, osasun-zentroek eta bestelako erakundeek, publikoek zein pribatuek, erdiesten dituzte Eusko Jaurlaritzak EUSKALITen bitartez ematen dituen aintzatespen horiek.

Sari horien helburua kudeaketako erakunde aurreratuenak identifikatzea eta aintzat hartzea da, era horretan Euskadiko sare sozio-ekonomikoa Kudeaketa Aurreratua lehiakortasunaren funtsezko elementu gisa ezartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakunde bakoitzaren emaitzak hobetzeko.

Aintzatespen hauek lortzeko erakundeak bere kudeaketa sistemaren garapen maila jakin bat duela erakutsi behar du. Horretarako, EUSKALITek Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erreferentetzat hartzen duten Kanpo Kontraste eta Kanpo Ebaluazio zerbitzuak eskaintzen ditu.

Zerbitzu bietan, Kanpoko ebaluatzaile talde batek erakunde baten kudeaketaren azterketa orokorra eta sistematikoa egiten du, ikuspegi objektiboa erakutsiz, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren arabera.

 

EUSKALITeko Ebaluazio Klubak modu altruistan elkarlanean aritzen diren 2.000 zuzendarik eta teknikarik baino gehiagok osatzen dute.

Aldi baterako ezintasunak araudiaren: aldaketa berriak

Uztailaren 18ko 625/2014 Errege Dekretuak erregulazio berria ezarri zuen aldi baterako ezintasun-prozesuen lehen hirurehun eta hirurogeita bost egunetarako, Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan eta 2014ko irailaren 1etik aurrerako eraginarekin. Errege Dekretu hori garatzeko, ekainaren 15eko ESS/1187/2015 Agindua eman da duela gutxi. Agindu horrek era zehatzagoan arautu ditu baja medikoak izapidetzeko eta berresteko prozesuak, alta medikoak eta aldi baterako ezintasuneko egoeren kontrola. 2015eko abenduaren 1ean sartu da indarrean.

Funtsean, ESS/1187/2015 Aginduak baja eta altako parte medikoen nahiz aldi baterako ezintasuna berresteko partearen eredu berriak sartu ditu (arauaren eranskinetan daude), eta halakoak agindua indarrean sartzen den egunean izapidetzen ari diren aldi baterako ezintasun-prozesuetan hasiko dira erabiltzen, 365 egunak gainditu ez dituztenean, betiere; dena dela, maiztasuna eta nahitaezko datuak aurreko araudian eskatzen ziren berberak izango dira.

– Aldi baterako ezintasunaren prestazioaren ordainketa zuzena erretiro partzialean.

Erretiro partzialean dagoen pertsona batek ABE prestazioa jasotzeko eskubidea badu, Mutualiak edo GNISek (enpresaren estaldura-erakundearen arabera dagokionak) zuzenean ordainduko dio, eta ez da ordainketa eskuordetua egiteko aukerarik izango.

MUTUALIAk enpresari prestazioaren hasiera eta amaiera jakinarazten dizkio.

– Alta-egunera arteko kenkaria. 1967ko urriaren 13ko Aginduaren 2. ataleko 9. artikulua aldatu da, eta enpresek ezin duten jai-egunetako ABE prestazioa kendu alta jai-egun baten bezperan ematen bada. 2015eko abenduaren 1ean jarri zen indarrean eta honela geratu zen idatzita:

“Langileak alta ezintasun iraunkorrik gabe jasotzen badu, alta ematen den eguneko prestazioa jasotzeko eskubidea dauka”.

Mutualia Foroaren hamalaugarren edizioko hitzaldiak 2015eko azaroa

Jorratutako gaiak hauek izan ziren:

1. 2015/10/23 eta 30ko Langileen Estatutuaren eta Gizarte Segurantzaren Testu berri Bateginak.
2. Autonomoak:
• Autoenpleguaren Sustapena.
• Langile Autonomoen Jardunari Uztearen epearen zabaltzea.

3. Itsas Sektoreko langileen aldaketak.
4. Soilik bulego lanetan diharduten langileen kontingentzia profesionalen kotizazio-mota.
5. Erregimen Orokorraren Afiliazioa eta Alta, Hitzarmen Kolektiboaren esleipena.
6. Lan-sozietateen Legearen erregulazio berria.

Oharra

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 20 urte bete ditu.

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 20 urte bete zituen azaroaren 8an. Hogei urte horien ondoren, hain zuzen ere, “arriskuen ebaluazioa”, “kanpoko prebentzio-zerbitzuak” edo “prebentzioaren integrazioa” terminoak, besteak beste, ohiko hitzak eta kontzeptuak bihurtu dira gure enpresen eguneroko jardunean .

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legea Europako 89/391/EEE Zuzentarauaren transposizioa da, Espainiako ordenamendu juridikoaren barruan. Legeak garapen osagarri handia izan du, besteak beste, Prebentzio Zerbitzuen Arautegiaren bidez, zenbait gairi buruzko errege-dekretuen bidez (zamen eskuzko manipulazioa, norbera babesteko ekipamenduak –NBE–, etab.), eta LSHINren gida teknikoen eta ohar teknikoen bidez.

Zer ondorio ekarri du LAPLak?

Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak ematen dituen datuei begiratzen badiegu, bai lanaldian gertatzen diren eta baja eragiten duten istripuei dagokienez (ez dira sartzen in itinere istripuak), bai istripu hilgarriei dagokienez, hogei urtean izandako bilakaera egiaz positiboa izan da. Horrela, 1995. urtean –legea onartu zenean–, baja eragin zuten lanaldiko istripu jakinaraziak 6.060 izan ziren, 100.000 langileko (intzidentzia-indizea). 2014. urteko intzidentzia-indizea 3.111 izan da. Laneko istripu hilgarriei dagokienez, 1995. urtean, istripu hilgarrien intzidentzia-indizea 10.07 izan zen; 2014an, ordea, 3.42. Hala, 1995ean 996 istripu hilgarri gertatzetik, 2014an 467 izatera igaro zen.

Istripu-tasei buruzko datuez gain, halakoetan beste faktore batzuek ere izango baitzuten eragina, ziur asko –hala nola, 20 urte hauetan ondoz ondo gertatu izan diren hazkundeko eta atzerapeneko aldi ekonomikoek–, prebentzioaren inguruko jarrera-aldaketa oso garrantzitsua da. Dena dela, baditugu oraindik alderdi asko hobetzeko eta lantzeko. Esaterako, prebentzioa erabat integratzea dugu egiteko, ohitura bihurtu behar baitugu hala jardunean urteak daramatzatenentzat, nola lan-merkatura sartzen ari direnentzat; edo mikroETE deritzen enpresa txiki eta ertain guztiak prebentziora gehitu behar ditugu, berariazko tresnak eta laguntzak lortzeko lan eginez, hala nola, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak abian jarritako prevencion10 izeneko plataforma.

Mutualiaren 2016ko Lan Egutegia

Mutualiak emakumeen kontrako indarkeria arbuiatzen du

Mutualia jakitun da gaur egun genero indarkeriaren alorrean dauden gizarte-arazoez eta hori prebenitzeko bidean gizarte-eragile guztiek izan beharreko inplikazioaz; hori dela-eta, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldietan parte hartuko du.

Horretarako, puntu lila ikusgai jarriko du, emakumeen kontrako indarkeriaren arbuioa erakusten baitu ikur horrek; izan ere, sentsibilizazioa oso garrantzitsua da genero-indarkeria desagerrarazteko. Mutualiak animatu egiten ditu pertsona guztiak emakumeenganako indarkeriarekiko arbuioa agertzera, udalerrietan antolatutako mobilizazioetan parte hartuta edo era horretako indarkeriaren kontrako ikurra den puntu lila erakutsita.

Gizarte-mobilizazioa eta pentsaera aldaketa dira, Mutualiaren ustez, funtsezko ekintzak genero-indarkeria desagerrarazteko; gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren ikurrik bortitzena da, eta, horregatik, Berdintasun Politikak gaitz horrekin amaitzeko funtsezko tresna direla aldarrikatzen du.

 

Mutualiako Berdintasun Batzordea.

Iradokizun onenaren IV. saria

Dagoeneko jarri dugu martxan Iradokizun Onenaren IV Saria. Sariketarekin, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortu nahi dugu.

Ekimena gure enpresa elkartuetako eta lankide ditugun aholkularitzetako langileei xedaturik dago.

Horien lanaren eta lankidetzaren bila gabiltza, zerbitzurik onena eskaintzen lagun diezaguten eta horien mutualitatea izaten jarrai dezagun.

Gure web-orrian eta gure asistentzia-zentroetan inprimaki sinple bat eskuratu dezakezue, iradokizuna eta egilearen datuak idazteko.

Iradokizunak 2015eko abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira eta finalisten zerrenda 2016ko urtarrilean kaleratuko da.

Irabazleak iPad bat eskuratuko du.

Ekimena zure enpresako langileen artean zabaltzea eskatzen dizugu. Zenbat eta eskaera gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago izango ditugu gure zerbitzuak hobetzeko.

Mila esker hobetzen laguntzeagatik.

“Koagulu-kontrako tratamendua duten langileak. laneko mendikuntzaren ikuspegia”

Jardunaldia

Mutualia-k “Koagulu-kontrako tratamendua duten langileak. laneko mendikuntzaren ikuspegia” jardunaldian laguntzen du.
Antolatzaileak:Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea / Sociedad Vasca de Medicina del Trabajo / Academia de Ciencias Médicas de Bilbao.

Bilbon,urriaren 29an, Bidebarrieta Liburutegian ospatuko da, Bilbo Ospakizun-Aretoan eta Donostian, Pakea Klinikan izango da urriaren 30ean, Ospakizun-Aretoan.

Mutualiak 100 espezialistatik gora bildu ditu lesio muskulu-eskeletikoei buruzko nazioarteko ikastaro batean

Espainiako Ekografia Sozietatearekin elkarlanean antolatu ditu jardunaldi hauek, ekografiak lokomozio-aparatuko lesioen diagnostikoan eta tratamenduan egin duen ekarpena aztertzeko, batez ere laneko patologian. Donostia-San Sebastián arlo honetako mediku espezialisten bilgune bilakatu da.

Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzen den sozietateak, Espainiako Ekografia Sozietatearekin elkarlanean, ekografia muskulu-eskeletikoari buruzko nazioarteko biltzarra egin du, eta 300 espezialistatik gora bildu ditu hiru egunez, lan-medikuntza, kirol-medikuntza, traumatologia, erradiologia, lehen arreta, eta lesio muskulu-eskeletiko, eta giltzadurako eta tendoietako lesioei lotutako beste espezialitate batzuetakoak.

Mutualiaren Pakea klinikako mediku laguntzaile Valentín Guerrerok eta klinika bereko zuzendari mediko Javier de la Fuentek zuzendu dute ikastaro teoriko-praktikoa. Bertan, lokomozio-aparatuko lesioen tratamenduan eta diagnostikoan ekografiak egin duen ekarpena, eta muskulu eta tendoietako lesioen diagnostikoan ekografiaren erabileran izan diren azken berrikuntzak landu dira.

Jardunaldien gai nagusia goiko gorputz-adarreko lesioen diagnostikoan eta tratamenduan ekografia nola aplikatu den izan da. Ikastaroarekin batera, hainbat mintegi berezi egin dira aldi berean, goiko zein beheko gorputz-adarreko lesio ugarien tratamendu eko-gidatuan ekografiaren aplikazio interbentzionista lantzeko.

Biltzarrean bi ikastaro desberdin egin dira aldi berean. Bata, teknikan hasi berri diren medikuei zuzendu zaie bereziki; bestea, aurreratuagoa, teknika ondo dakiten fakultatiboei zuzenduta egon da, eta gaurkotasun diagnostiko eta terapeutiko gehiago duten gaiak landu ditu.

Ikastaroaren helburuei dagokienez, honako hauek sustatu nahi izan dira, besteak beste: ekografiaren erabilera, lesio muskulu-eskeletikoen diagnostikoaren arloan; ultrasoinuen teknikaren ezagutza eta ezarpen praktikoa, osasuntsu baina lesio akutu eta kronikoak jota dagoen ehun muskulu-eskeletikoaren azterketan;, eta, orobat, ultrasoinuen teknikaren ezagutza aurreratua, artikulazio handien anatomia ekografikoaren ikasketan, eta infiltrazio, puntzio eta kirurgiako ekografiaren aplikazio terapeutiko eta inbaditzaileetan.

Kudeaketa Aurreratuaren EUROPAR ASTEA

Gonbidapena jardunaldira

MUTUALIAk parte hartzen du EUSKALITek Euskal Herrian antolatzen duen, eta XXI. Edizioa duen, Kudeaketa Aurreratuaren EUROPAR ASTEAN.

Hori dela eta, ondorengo jardunaldira gonbidatzen zaitugu:  “ZUZENTASUNA ETA KONTZILIAZIOA dira KUDEAKETA AURRERATUAREN erremintak” (PERTSONEN eremuan).

Ekitaldia urriaren 28an, asteazkenean, izango da Bilboko Euskalduna Jauregian: Abandoibarra hiribidea, 4 (E aretoa). Ordutegia: 9:00tatik 11:00tara.

Zure zain egongo gara.

Izena emateko esteka:http://www.euskalit.net/semana/inscripciones.php?id=33

Zalantzaren bat baldin baduzu jar zaitez harremanetan:

Cristina Mendia Ibarrola
Berdintasun zuzendaria 
Efr managerra
Mutualia
mendia@mutualia.es
Telefonoa: 605715511 / 944252504