MutuaLex – Epaia 2021eko abendua

epaia

Baja, lan-kontratua iraungita zuen beste bat amaitu ondoren. prestazioa bidezkoa al da baja berrian?

Auzitegi Goreneko Gizarte-arloko Salaren epaia, 2021eko azaroaren 17koa

Aipatutako epaiaren abiaburua honako egitate-kasu hau da: langile batek baja medikoa hartu du kontingentzia arruntengatik, lan-istripuaren ondoriozko prozesu batean alta medikoa eman eta berehala. Kontingentzia profesionalagatiko bajan zegoela lan-harremana amaitu zitzaion, eta subsidioa zuzenean ordaindu zioten alta medikoa jaso arte. Langileak nahi zuen bigarren baja medikoa lan-istripuagatik izatea, baina asmo hori baztertu egin zen, beste diagnostiko bat izan zelako. Ebatzi beharreko kontua zen ea langileak aldi baterako ezintasunagatiko subsidioa irabaz zezakeen bigarren bajagatik, edo, lan-harremana aurreko bajan amaitu zenez, ea ez al zen haren hasieran oinarrizko baldintza betetzen, hau da, Gizarte Segurantzaren sisteman alta emanda edo altarekin parekatuta egotea (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 165. eta 166. artikuluak).

Prestazioa hasiera batean ukatu ondoren, langileak demanda aurkeztu zuen, eta subsidiorako eskubidea aitortzeko eskatu. Gero, eskaera hori aitortu zitzaion auzialdiko epaitegiaren epai bidez, eta erakunde kudeatzaileek erabaki horren aurka egin zuten, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian erregutze-errekurtsoa jarriz. Auzitegiak errekurtsoa atzera bota zuen, subsidioa kobratzeko eskubidea berretsiz, eta erabaki hori Auzitegi Gorenaren esku jarri zen, erakunde kudeatzaileek errekurtso-bideari eutsi ziotelako.

Azkenik, aipatutako epaiaren bidez, Auzitegi Gorenak erakunde kudeatzaileen postulatuak hartu zituen, aurreko epaiak indarrik gabe utzi zituen, eta adierazi zuen kasu honetan ez dagoela prestazioa jasotzeko oinarrizko betekizuna, alegia, babestutako egoera eragin duen gertaeraren egunean Gizarte Segurantzako sisteman alta emanda edo altarekin parekatuta egotearena.

Auzitegiak egiaztatu duenez, elementu erabakigarriak dira, alde batetik, lehenengo ezintasun-prozesuan kontratua azkentzea, eta, horren ondorioz, altarik edo antzeko egoerarik ez duen egoera; eta, bestetik, bi prozesu ezgaitzaileen arteko deskonexioa; izan ere, lehena kontingentzia profesional baten ondorioa da, eta bigarrena, berriz, kontingentzia komun batena. Hori abiapuntutzat hartuta, uste du kasu honetan ez dagoela arauzko babesgabetasunik altaren betekizunaren interpretazio malgua aplikatu ahal izateko. Auzitegiak ez du inolako lege-hutsunerik ikusten Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 238.1 artikuluaren interpretazioari dagokionez, kontrakoa baizik; arau horrek lan-harremana azkentzeko kasuak arautzen ditu, kontingentzia profesional eta arruntengatiko aldi baterako ezintasun-egoeretan.

Arau horrek arautzen ditu, kontingentzien arabera, lan-azkentzeak prestazioaren zenbatekoari eta langabezia-subsidioaren kontsumoari dagokienez izango dituen ondorioak; eta haren edukitik ez da lege-hutsunerik ondorioztatzen prestazioa eskuratzeko oinarrizko araua aplikatzea eragozteko, hau da, irabazi nahi den prestazio-erregimenean sartzeko baldintza komuna, alegia, gertaera eragilea gertatzen den unean sisteman altan edo antzeko egoeran egotea; kasu honetan ez da gertatzen, lan-harremana amaitu delako lan-kontingentziagatiko hasierako bajan.

Iñaki Esnal


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

ERAGINTZA FUNDAZIOAK 30 urte bete ditu.

Begoña errazti fundacion eragintza

Eragintza Fundazioa BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Confebaskek eratu zuten 1991n eta, sortu zenetik, gaixotasun mentala duten Bizkaiko pertsonei enplegua lortzea errazten die, haien banakako beharretara egokitutako laguntzak eta baliabideak sortuz. Begoña Errazti zuzendari nagusia elkarrizketatu dugu

Zer da Eragintza? 

Eragintza irabazi-asmorik gabeko fundazio bat da, eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen gizarte- eta lan-beharrei erantzuteko sortu zen. Dakigun moduan, eta OMEren datuen arabera, munduan gaixotasun mentala duten pertsonen % 90 langabezian dago. Edo, bestela esanda, gaixotasun mentalaren estigmak askatasunez eta berdintasunean garatzea eragozten dio herritarren zati bati. Eta, nahiz eta Euskadin zifrak apur bat hobeak izan, lan handia dugu egiteko. 

1991tik, enplegagarritasuna errazten duten zenbait baliabide eta zerbitzu garatu ditugu, lana bilatzeko, laneratzeko eta, ondoren, enpleguari eusteko orduan

Pertsona bakoitzarekin banakako plan bat prestatzen da, zeina sistematikoki ebaluatzen den, eta, plan horretan, pertsonak bere bizitzarako nahi dituen helburuak jasotzen dira. Prozesu horretan, askotariko zerbitzuak dituzte: errefortzu psikologikoa, prestakuntza, laneko orientazioa, enplegu arrunt eta babestuan laguntzea, lau zentro okupazional eta gure Lavanindu SL Enplegu Zentro Berezia. 

Horrek zuzeneko eragina du erabiltzaileen bizi-kalitatean (haien ongizatea, ahalduntzea, garapen pertsonala eta gizarte-partaidetza areagotzen ditu), baita zeharkakoa ere familiengan eta, oro har, gizartean, partaidetza aktiboa sustatzen baitu.  

Nolako prestakuntza eta orientabidea ematen dute? 

Ematen duten prestakuntzak enplegagarritasuna hobetzeko xedea du. Curriculuma hobetzeko, lan-mundurako prestatzeko eta horretarako behar diren trebetasunak lortzeko hainbat ikastaro eta programa dira: Profesionaltasun Ziurtagiri arautuak enpresetako praktikekin, administrazio publikoetako EPEetarako prestakuntza eta merkatu enplegu-emailearen beharretara egokitutako prestakuntza-ekintza aldakorren zerrenda oso bat. 

Horretarako, funtsezkoa da enpresariekin harremana izatea. Enpresetan egiten den prospekzioari esker, batetik, osasun mentalaren inguruan sentsibilizatu dezakegu, eta, bestetik, Eragintzako pertsonentzat enplegu-aukerak sor ditzakegu, baita, aldi berean, prestakuntzak merkatuaren benetako beharretara egokitu ere. Era berean, Eragintza enpresentzako baliabide bat da, haiei ere osasun mentaleko gaietan prestakuntza eta laguntza eskaintzen baitie. 

Nola gauzatzen dituzue gaixotasun mentala duten pertsonak laneratzeko prestakuntza-programak? 

Prestakuntza ez da egitate isolatua Eragintzan, hau da, kontua ez da ikastaroak egite hutsagatik egitea; aldiz, pertsona bakoitzaren Banakako Planean zehaztutako ibilbide baten zati bat da prestakuntza, eta enplegua lortzea da helburua, betiere. Batetik, lanbide-ezagutzari buruzko ikastaroek, eta, bestetik, lan-trebetasunekin lotutako beste batzuek, laguntza psikologikoarekin eta lan-orientazioarekin osatuta, aukera ematen dute azkenean enplegua lortzeko. Ez dugu ahaztu behar lau zentro okupazional ditugula lanbide-ikaskuntzarako eta askotariko lanbideak zuzenean praktikatzeko. 

Pertsona bakoitza mundu bat da, eta laguntza-premia profesional eta psikologiko desberdinak ditu; hortaz, indibidualizatu egin behar dira, enplegu-arloko helburua betetzeko. 

Gogoratu behar da, halaber, Osakidetzako erreferentziazko profesional mediko eta sozialak eta beste profesional batzuk etengabe koordinatzen direla, haien osasun-beharrak hauteman eta uneoro egokitzeko. 

Bizkaiko garapen sozialarekin konprometitutako erakundea da, eta boluntariotza bere gizarte-balioaren funtsezko alderdien artean sartzeko apustua egiten du. Boluntariotzan parte hartzeko zer nolako profila eskatzen da? 

Boluntarioei gure gizarteari egiten dieten ekarpen handia aitortu behar diegu, bai eta boluntariotzaren atzean dagoen eskuzabaltasuna ere. Gaur egun ditugunak baino boluntario gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Eta gustatuko litzaiguke elkarrizketa honi esker jendea animatzea eta gaixotasun mentalaren inguruko beldurrak galtzea. Jo dezatela Eragintzara eta hitz egingo dugu. 

Horretarako eskatzen den profila oso zabala da. Sen oneko jendea, beste pertsona batzuei enplegurako bidean laguntzeko gogoa duena, ezagutza profesionalak dituena, informatikakoak eta psikologiakoak, esaterako, gure jarduera-sorta oso zabala baita. 

Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko jardueran, nola definitzen duzue gizarteari egiten diozuen balio-ekarpena?  

Gizarte-erakundeak gastu bat direla pentsatzea ez dago jada batere modan. Argi eta garbi, ez Eragintzan edo Hirugarren Sektoreko beste erakunde batzuetan esaten dugunagatik, besterik gabe, gure ekarpenen monetarizazioak merkatuaren zuzeneko eta zeharkako balioan edo ez-merkatuko balioan horixe frogatzen duelako. 

Egoera zaurgarrian dauden pertsonei modu paternalistan laguntzeko joera zutenen pentsamoldetik, zorionez, justiziazko eta eskubidezko gizarte-pentsamolde batera igaro gara, zeinak aukera-berdintasunaren eta corpus soziala osatzen dugun pertsona guztien beharrezko partaidetzaren eta ekarpen sozialaren alde egiten duen. 

Gizartearekin konprometitutako erakunde bat gara; horregatik, gure entitatean egindako inbertsioa itzultzen saiatzen gara. Horretarako bideak askotarikoak dira: horietako bat unibertsitateko ikasleei gure ezagutza ematea da. Urtero 15 pertsonak egiten dute unibertsitateko eta graduondoko praktika. 

Baina beste asko, gastuari dagokionez, oso altuak dira: adibidez, gure laguntza psikologikoa edukitzeagatik gertatzen ez diren ospitaleratzeen gastuak saihesten dira, eta Eragintzan lana aurkitzen duten pertsonek erkidegoari ekarpena egiten diote eta beren zerga-betebeharrak betetzen dituzte, erraz ulertzeko modukoak diren bi adibide aipatzearren. 

Gaur egun, zenbait ikerketa frogatuk erakusten dutenez, jasotako euro bakoitzeko gutxienez bost euro itzultzen dira. Diruaren arloan, datuak argiak dira, baita gizarteratzeaz eta gizartean aktiboki parte hartzeaz hitz egiten dutenak ere. 

DONOSTIAKO EGOITZAREN ETA BULEGOAREN LEKUALDAKETA

Datorren 2022ko urtarrilean, Mutualiak bere Donostiako egoitza den bulegoa lekualdatuko du; mutuaren Camino kaleko kokapen historikoa utzi eta Mirakontxa pasealekura aldatuko da. Posta bidezko komunikazioari dagokionez, honako hau izango da helbide ofiziala:

MUTUALIA
Mirakontxa pasealekua 7, beheko solairua
20007 Donostia

Telefonoa: 943 426500


2022: URTE BERRIA ETA ARAU BERRIAK

.


Diputatuen Kongresuko Barne Arazoetako Batzordeak oniritzia eman dio Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea aldatzeari. 2022ko martxoan jarriko da indarrean aldaketa. DGTren asmoa da zenbait arau Europako gainerako herrialdeetan daudenekin bat egitea eta hildakoen kopurua murrizten jarraitzea, istripuen zergatiak aztertuz eta konponbideak ematen ahaleginduz.

Aldaketarik polemikoena errepide arruntetan aurreratzeko abiadura-muga gainditzea baimentzen duen araua kentzea da. Espainian, muga horren gainetik orduko 20 kilometro arinago ibil zitezkeen turismo-automobilak eta motozikletak.

Aldaketak egiten diren guztietan bezala, batzuk aurka azaldu dira, eta beste batzuek, berriz, egokitzat jo dute. Zenbait plataformak jarrera kritikoa agertu dute aldaketaren aurrean, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 85. artikuluak dioena oinarri hartuta: “Aurreratzeetan, aurreratzen ari den gidaria nabarmen azkarrago joan beharko da aurreratu beharrekoa baino, eta segurtasunez egiteko behar adinako tartea utzi beharko du alboan”.


Badira, bestalde, DGTk sustatu duen araudi-aldaketa hori justifikatu eta babesten duten elkarteak;esaterako, FESVIAL (Bide Segurtasunerako Fundazioa). Besteak beste, honako arrazoi hauek aipatu dituzte neurri horren alde agertzeko:

  • Errepide arruntetako istripuek hildakoen % 70 baino gehiago eragiten dute. Normalean, aurreratzean edo aurreratzeko prestatzean gertatzen dira.
  • Zenbat eta abiadura handiagoa izan, arrisku handiagoa dago hiltzeko, eta are gehiago buruz buruzko talketan, abiadurak elkarri batzen zaizkio eta. Datuek adierazten dutenez, aurrez aurreko talka batean bizia galtzeko aukera % 50ekoa da 77 km/h-ko abiaduran, % 65era igotzen da 80 km/h-koan, % 92ra 96 km/h-koa izanez gero, eta, 105 eta 110 bitartean (gaur egun aurreratzeko behar dena), hiltzeko arriskua %100ekoa da, autoarekin 14. solairutik jaustearen baliokidea. Hori guztia, beste ibilgailuarekin abiadura batu gabe.
  • Zalantzan jartzen dute benetan premia ote dagoen 90 km/h-ko muga orokorra orduko 20 kilometroan gainditzeko, segurtasunez aurreratzeko, eta, gero, norberaren erreira itzultzean, berriz ere arauzko abiadurara itzultzeko. Abiadura-mugaren gainetik maiz gidatzera bultza dezake horrek.
  • Europako herrialdetako araudiek ez dute baimentzen aurreratzeko orduan abiadura-muga gainditzea. Hortaz, salbuespena gara.
  • Aldaketa hau onartzeak lagundu egiten du gizarteak eskatzen duen trafikoaren baretzea eta baketzea lortzen.


Arrazoi horiengatik, araudi berriari egokitu behar gatzaizkio, eta, hemendik aurrera, are kontu handiagoz egin maniobra hori. Aurreratzeko orduan, autoa ongi erabiltzea eta erabaki egokiak hartzea askoz faktore garrantzitsuagoak dira merkatuko autorik indartsuena edukitzea baino.

Hauek dira Trafiko Legearen testu bategina aldatzen duen legearen beste arau aipagarri batzuk:
Adingabeek ezin izango dute inola ere 0 alkohol-tasa gainditu (zikloak, ziklomotorrak, A1 baimeneko motozikletak eta MPIak).

  • Aldaketak puntu-galerari dagokionez: gidabaimenaren 6 puntu galduko dira gidatzen den bitartean telefonia mugikorreko gailuak eskuz oratzeagatik, bidera edo haren ingurura objektuak botatzeagatik eta txirrindulariak aurreratzean arriskua sortzeagatik edo 1,5 metroko gutxieneko tartea ez uzteagatik. Orain arte 4 puntu galtzea eragin izan dute arau-hauste horiek. Segurtasun-uhala, haurrak atxikitzeko sistemak eta kaskoa ez erabiltzeak, edo era desegokian erabiltzeak, 4 puntu galtzea eragingo du, eta ez 3, gaur egun bezala.
  • Derrigorrezkoa izango da ibilgailua abiaraztea eragozteko alkoholimetroa (alcoholock), 2022ko uztailaren 6tik aurrera matrikulatzen diren bidaiarien garraioko ibilgailuetan.

Gabonetako ordutegiak 2021-2022

horario

MUTUALIAKO osasun-zentroen ordutegia Gabonetako egun hauetan aldatuko da (2021eko abenduaren 20tik 2022ko urtarrilaren 7ra).

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Zentro guztien ordutegia (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba) 12/20tik 1/7ra, barne, 08: 00etatik 15: 30era.

Azkoitia itxita 12/27tik 1/7ra

Bergara itxita abenduaren 24an

Quality Innovation Award saria ematea

Entrega del premio Quality Innovation Award

Abenduaren 13an, Euskaliten urteroko gala egin da, Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria emateko. Ekitaldiari hasiera emateko, Quality Innovation Awardeko euskal fasean irabazle suertatu ziren zortzi erakundeen aitortza egin zen, aurkeztutako proiektu berritzaileetan oinarrituta. Hemen aurreratu dizuegun bezala, Mutualia izan da IMPRESS proiektuan parte hartzeagatik saritutako enpresetako bat.

Lourdes Gondrak jaso zuen saria Jose Luis Diaz Euskaliteko Patronatuko lehendakariaren eskutik.


Mutualia “Euskal enpresa, Bide Segurtasunarekiko konpromisoa Kudeaketa Aurreratuaren bidez” Jardunaldian

jornada seguridad vial

Abenduaren 1ean, jardunaldi profesionala antolatu du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Donostian, lan-arloko bide segurtasuna ardatz hartuta. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuak inauguratu du ekitaldia. Azaldu duenez, “Euskadin hildako edo larri zauritutako lau trafiko istriputatik bat lan-eremuan gertatzen da”. Eta datu hauek eman ditu: “Aurten, 552 istripu izan dira in itinere edo in mision, eta horietan 11 pertsona hil dira guztira, eta 47 pertsona larri zauritu dira”. 2020. urtean –urte atipikoa pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak direla-eta– 568 istripu gertatu ziren, eta horietan 8 pertsona hil eta 52 zauritu ziren. Bide-segurtasunaren arloan sentsibilizazio- eta kontzientziazio-neurriak sustatzeko asmoz, 2018an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak enpresen kudeaketan integratutako bide-segurtasuneko jardunbide egokien proiektu bat sortu zuen, INNOVABIDE izenekoa, eta Mutualia ere proiektu horretako kide da.

Jardunaldia hiru panel hauetan banatuta egon da: 

Lehenengo panela: “Innovabide, kudeaketa eta berrikuntza prozesuen bidez Bide Segurtasunarekin konpromisoa duten euskal enpresen sare estrategikoa”. Hizlari izan dira Fernando SierraEuskaliteko zuzendari kudeatzailea; M. del Mar CrespoMutualiako prebentzio arduraduna; eta Noemí RevillaGarlaneko administrazio arduraduna. 

Mutualiaren parte-hartzearen barruan, Prebentzio Aholkularitzaren arduradun M. Mar Crespok mutualitate horri lotutako enpresen datuak aipatu ditu, hau da, EAEko langileen % 43 ingururi buruzkoak. 

Datu horien artean azpimarratzekoa da, 2020ko datuak kontuan hartu gabe, 2019ko zirkulazioko lan-istripuak guztizkoen % 8 izan zirela, horietatik ia erdiak lanera joateko bidean gertatu zirela, eguneko lehen orduetan, eta istripu horietako gehienak ibilgailuaren kontrola galtzeagatik izan zirela. 

Azpimarratu duenez, hala eskatzen duten enpresa elkartuetako pertsonei laguntza ematen zaie mugikortasun eta aholkularitza plan baten bidez, bide segurtasunari buruzko on line prestakuntzaren bidez, aurrez aurreko tailerren bidez, gure webgunean jarritako dokumentazioaren bidez, eta, Biltzarretara joanda, arazo horren berri emanez eta arazoari aurre eginez. 

Bigarren panelaren bitartez, enpresa erakundeetako mugikortasun seguruaren ikuspegi europarra landu da. Bertan izan dira Annick StarrenLaneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren Proiektu arduraduna; Jennifer CarsonGarraioaren Segurtasunerako Europako Kontseiluaren Proiektuaren arduraduna; eta Rui RibeiroPortugalgo Bide Segurtasunerako Agintaritza Nazionaleko presidentea. 

Hirugarren panela laneko istripu-tasan eragiten duten kausei eta faktoreei buruzkoa izan da. Hizlari izan dira Aitor AritzetaEHUko Psikologiako doktorea eta irakaslea eta Eusko Jaurlaritzaren IN-ITINERE ekimenaren zuzendaria, eta Jesús MonclúsMapfre Fundazioko Prebentzio eta Bide Segurtasuneko zuzendaria. 

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak eman dio amaiera jardunaldiari. Adierazi duenez, “bideen erabiltzaileen eta erakundeen arteko erantzukizuna da bide-segurtasuna”, eta Innovabide Sarearen proiektua nabarmendu du, euskal erakundeek laneko bide-segurtasunarekin duten benetako konpromisoaren erakusle baita.