URTE BERRI, GIRO BERRI

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Lege berriaren arabera, 50.000 biztanletik gorako herriek Igorpen Apaleko Guneak (IAG) sartu beharko dituzte mugikortasun iraunkorreko planetan, airearen kalitatea hobetzeko eta hiri horietako zarata mailak murrizteko helburuarekin. 

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, 25.000 pertsona hiltzen dira, urtero, ingurumen kutsaduraren ondorioz, eta kutsadura hori, neurri handi batean, ibilgailu motordunek sortzen dute (CO2 isurien % 30, gutxi gorabehera, ibilgailuen trafikotik datoz). 15 hilabeteren buruan, hiri horiek beharrezko neurriak hartu eta egokitzapenak egin beharko dituzte, zirkulazioa lege berriak ezarritako arauetara egokitzeko. 

“IAGak aukera ezin hobea dira kerik, zaratarik eta heriotzarik gabeko mugikortasuna lortzeko. Horrekin batera, beharrezkoak dira garraio publikoaren eskaintza ona, gutxiago kutsatzen duen eta seguruagoa den automobil parkea, bizikletaren sustapena eta oinezkoentzako espazioak. Irizpide komunak behar-beharrezkoak badira ere, horiekin batera premiazkoak dira, halaber, hirien premia berezietara egokitutako irizpideak”, uste du Alfonso Gilek, zeina baita Bilboko alkateordea eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko (FEMP) Garraio, Mugikortasun Jasangarri eta Bide Segurtasuneko Batzordeko presidentea. 

Bestalde, IAGa ezartzeko eskuliburu teknikoan –FEMPek egina– oinarritzat hartzen da ibilgailuak etiketatzeko DGTaren sistema, eta gomendatzen du “ahalik eta eremurik handiena” hartzea, ingurumen bereizgarririk gabeko ibilgailuentzako mugekin, eta muga horiek are zorrotzagoak izatea alde zaharretan, erdialdeetan eta ingurune sentiberetan (eskolak, egoitzak, ospitaleak…). 

Eskuliburuak Bartzelonako Rondas-IAG esperientzia hartzen du erreferentziatzat, zeina baitago martxan 2020. urteaz geroztik. 100 kilometro koadro inguru hartzen ditu eremuak, bi milioi biztanlek dute bizilekua bertan, eta ingurumen bereizgarririk gabeko ibilgailuentzat –kutsatzaileenak– debekatuta dago ibiltzea, goizeko 07:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Hainbat jarduera egin behar izan dira inguru horretan, noski, hala nola seinaleak eta kontrol kamerak jarri, zehapen sistema bat sortu, informazio kanpainak egin… 

Madrilen (3.334.000 biztanle), Udalak duela gutxi onartu du ‘Distrito Centro’ berriaren –hau da, ‘Madrid Central’ zenaren– araudia berria. Emaitza onenak izan dituen Europako IAGetako bat da: % 32 murriztu da nitrogeno dioxidoaren ondoriozko poluzioa, Europako Garraio eta Ingurumen Federazioaren txosten baten arabera. “Eremu hori hedatuz joango da 2025era arte, poliki-poliki, urte horretan hiri osoa izango baita Igorpen Apaleko Gune handi bat. Kutsaduraren aurkako estrategia global bat izan nahi du”, azaldu du Madrilgo Udaleko Ingurumen eta Mugikortasun ordezkari den Borja Carabantek. 

Bilbon (350.000 biztanle) ‘iragate kulturala‘ izenekoa gertatzen ari da mugikortasunari dagokionez. Hiri osoan 30 km/h-ko muga ezarri da, taxiak elektrifikatzen ari dira, eta garraiolariekin ere horixe lortu nahi du Udalak: “Aztertzen ari gara zein izango den IAG osatzeko mugatu beharreko hiri eremua, hiri osotik hasi eta erdiguneraino, bertako airea kalitate kaskarragokoa baita. Zirkulazio handieneko ordutegiak ere aztertzen ari gara. Dena dela, ez da murrizketa zorrotzik beharko”, ziurtatu du Gilek. 

Ondorio gisa, legeak hiri mugikortasun ekologikoa bultzatu nahi du, 2023. urtea baino lehen, eta, horretarako, 50.000 biztanletik gorako Espainiako 149 udalerrietan, 25 milioi pertsona baino gehiago bizi diren udalerrietan (Espainiako biztanleen % 53), Igorpen Apaleko Guneak ezarri nahi dituzte. Gainera, 20.000 biztanletik gorako hiriek ere epe berean ezarri beharko dituzte IAGak, baldin eta airearen kalitatea eskasa bada horietan. 

Mutualia sarien 9. Edizioa (2022)

Premio mutualia

MUTUALIA SARIEN 9. EDIZIORA hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago; lan-arloko segurtasuna eta osasuna eta enpresaren baitako aniztasuna sustatzeko helburua dute sariek, eta CONFEBASKADEGICEBEKSEA eta OSALAN erakundeekin elkarlanean antolatzen dira. 

Bi kategoria daude:  

  • LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOKO BERRIKUNTZAREN SARIA  

Antolaketa, lan-baldintzak eta enpresako zein haien inguruneko pertsonen ongizatea hobetzeko balio duten egitasmoak aurkez daitezke, edozein erakoak izanda ere: prebentziozko esku-hartzeak, produktuak, sistemak, tresnak, hezkuntza-materiala, konponbide teknologikoak, kudeaketa-metodologiak edo bestelako ekintzak, betiere berritzaileak baldin badira.  

  • ENPRESAKO ANIZTASUNAREN SARIA 

Lan-eremuko aniztasuna hobeto kudeatzeko lagungarria den egitasmo oro aurkez daiteke: prebentziozko esku-hartzeak, prozedurari dagozkion ekintzak, metodologiari dagozkionak etab. Lan-baldintzak erakundeko kideen ezaugarrien arabera egokitzea izango da proiektuen helburua, ez dadin diskriminaziorik gertatu pertsonen artean generoagatik, adinagatik, arrazagatik, hizkuntzagatik edo aniztasun funtzionalagatik, besteak beste. 

Enpresek 2022ko martxoaren 15a baino lehen bidali behar dituzte beren proiektuak.  

Informazio gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan Prebentzio Aholkularitzarekin 

2022ko prestazioak ordaintzeko egutegia

ordainketa egutegia

Jarraian, Mutualiak kudeatzen dituen prestazioak ordaintzeko egutegia azalduko dizuegu:

  • Haurdunaldiko eta edoskitze naturalaren garaiko arriskuengatiko prestazioak.
  • Minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat daukaten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa
  • Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa (Kontingentzia Profesionala / Kontingentzia Arrunta.
  • Langile autonomoen jarduera eteteagatiko prestazioa.

Ordainketak hilaren 2tik 7ra artean egingo dira

Transferentziak zein egunetan egitea aurreikusten den jakin nahi baduzue, egutegia ikus dezakezue.


Jakinarazten dizuegu beharrezkoa dela prestazioen eskaera egitea. Eskaerak erraz egiteko, gure zentroetara etorri nahi ez baduzu, aukera duzu agiri guztiak eskaneatuta bidaltzeko, helbide elektroniko hauen bidez:

PrestacionesBI@mutualia.es

PrestacionesSS@mutualia.es

PrestacionesVi@mutualia.es

Senitartekoa zaintzeko eszedentzia emateko arrazoia desagertzearen ondorio juridikoak

sentencia

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko (aurrerantzean, EAEJAN) Lan-arloko Salak, 2021/05/11n emandako epaian (674/2021 zk.dun Erregutzeko Errekurtsoa), bere enpresak aitaren familia-zaintzarako eskatu zuen eszedentzia eman zion langile baten kasua aztertu du. Aita adinean aurrera eginda zegoen eta gaixotasun larria zuen.

Enpresak eszedentzia hori eman zion urtebeterako eta adierazitako helburu bakarrerako.

Kontua da eszedentzia-egoera hori hasi eta hilabete batzuetara, eta emandako epea amaitu baino lehen, langilearen aita hil zela. Langileak ez zion horren berri eman enpresari, ez eta lanera itzultzeko eskatu ere, eta beste enpresa bati zerbitzuak ematen hasi zen.

Azkenik, jatorrizko enpresak emandako eszedentziaren epearen amaierako data hurbiltzen ari zenean, langileak lanera itzultzea eskatu zuen. Une hartan, enpresa horrek, beste bide batzuetatik jakin baitzuen langilea zaintzen ari zen pertsonaren heriotza, ezetsi egin zuen langilea lanera itzultzeko eskaera.

Enpresaren neurri horrekin ados ez zegoenez, langileak kaleratze demanda jarri zuen enpresaren aurka.

Lanpostua hutsik ez zegoelarik, enpresa horrek bi arrazoi zituen langileari lanera itzultzen ez uzteko. Lehena zen eszedentzian zegoen bitartean langileak beste enpresa bati zerbitzua emanez egin zuela lan. Bigarrenaren oinarria zen, hasieran eskatu eta eman zen arrazoia desagertu ondoren, eszedentzia borondatezkoa bihurtu zela.

Bigarren arrazoi horri dagokionez, EAEJANek adierazi du, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, familia-zaintzarako eszedentziak araubide berezia duela, eta borondatezko eszedentziaren gainetik dagoela, besteak beste, lehenengo urtean lanpostua gordetzea barne hartzen baitu. Bada, Auzitegiak uste du senitartekoa zaintzeko berariazko eszedentzia hura eragin zuen arrazoia desagertu zenean, kasu honetan zaintzen zen aita hil zenean, langileak enpresara itzuli behar zuela. Hala egin ez duelarik, Auzitegiak uste du bere eszedentzia borondatezkoa bihurtu zela, eta horrek esan nahi du ez zuela babesten senitartekoa zaintzeko eszedentziarako aurreikusitako berariazko araubidea, baizik eta aplikagarria zitzaiola Langileen Estatutuaren 46. artikuluak berak borondatezko eszedentzietarako arautzen duena, zeinaren arabera ez den ezartzen lanpostu erreserbarik.

Azken finean, Auzitegiak ondorioztatzen du langilearen aita hiltzeak berarekin ekarri zuela senitartekoa zaintzeko eszedentziaren arrazoia desagertzea; beraz, langileak une hartan eskatu behar zuen lanera itzultzea, baina ez zuen hori egin. Beraz, jarraitzen zuen kontratua bertan behera uzteko egoera ez zegoen senitartekoa zaintzeko eszedentziaren babesean, eta borondatezko eszedentzia hasi berritzat jo behar zen, horri dagokion araubide juridikoarekin. Horrenbestez, araubide berezi hori aplikatu behar denez, eta horretan lanpostua gordetzea sartzen ez denez, Auzitegiak ondorioztatzen du enpresak lanera itzultzeari uko egitea, lanpostua hutsik ez dagoela kontuan izanda, ezin dela kaleratzetzat jo.

Kepa Bilbao

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

Euskal Kirola Telebista, euskal kirolaren bozgorailua

logo-ekfb

Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasunak sustatzen duen Euskal Kirola Telebista berria aurkezten dizuegu. Proiektu hau Bilboko Bizkaia Aretoan aurkeztu zen ofizialki, eta Euskal Kirol Federazioek antolatzen dituzten txapelketen eta ekitaldien bozgorailua da.

Emanaldiak duela hilabete batzuk hasi ziren, eta zuzenean ikusi ahal izan dira, adibidez, futbol eta saskibaloi partidak, hipika, karatea, errugbia, halterofilia, boleibola edo automobilismo probak. Gainera, egunero, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik aurrera (Euskal Kirola Magazine -euskalkirolatb.eus-) kirol guztiak jorratzen dituen programa bat dago.

“Helburuetako bat da gure ekitaldi, txapelketa eta lehiaketa guztiak zabaltzea, Euskadin Kirol Federatuaren garapena sustatzeko. Hortik esperientzia berri hau Euskal Kirola Telebistarekin, non gure kirolei eta espezialitate ezberdinei ikusgarritasuna emateko beharrizan guztia jartzen dugun, logikoki, hori posible den neurrian. Euskal kirolaren telebista berriaren aurrean gaude”, nabarmendu du Angel Gurrutxagak, UFDV-EKFBko presidenteak.

Erronka handia da erakunde honentzat. Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren oinarrietako bat den Euskadiko Kirol Federatuaren garapena sustatzeko hainbat ekitaldi, txapelketa eta lehiaketa zabaltzea da helburuetako bat. Hortik esperientzia berri hau Euskal Kirola Telebistarekin, non kirol eta espezialitate guztiei ikusgarritasuna emateko beharrizan hori betetzeko itxaropen guztiak jartzen dituzten.

Hasiera positiboa izan da, eta etorkizunerako aukerak oparoak dira. Federazioek eskertu egiten dute, eta kirolariek lehen urrats hauetan ikusgarritasun handia duten emanaldietan islatuta ikusten dute euren ahalegina.
Bestalde, Eusko Jaurlaritza eta Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasuna lanean ari dira kirol-jardueran sexuagatiko eta sexu-jazarpen eta -abusuko ekintzak gerta ez daitezen.

Horrela, Euskal Federazioek eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak egokitzat eta beharrezkotzat jotzen dute jarduteko eta laguntzeko esparru bat ezartzea, federatutako kirol-jarduera bakoitzean sexuagatiko eta sexu-jazarpena eta -abusua eragiten duten jokabideak prebenitzeko, ikertzeko eta, hala badagokio, zigortzeko.

Federazioek modu horretan lagunduko dute Zuzendaritza horrek erabakitzen dituen edo, UFDV-EKFBrekiko lankidetzan, gauzatzen diren jardueretan. Sexuagatiko eta sexu-jazarpen eta -abusuen arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitakoa betetzeko behar diren ekintza guztiak egiten lagunduko dute, bai eta gai horiekin lotutako arau-hausteei buruzko diziplina-espedienteak hasi, izapidetu eta ebazten ere.

Gabon seguruak – Heimlich maniobra

Heimlich maniobra

Egun hauetaan, ospakizunekin lotutako etxeko istripuak ugaritzen dira, eta horietako bat janaria kontrako eztarritik joatea izaten da. Heimlichen Maniobra nola egin erakusten duen irudi bat emango dizuegu, kasu hauetan erabili behar den metodorik eraginkorrena baita.