Auto-istripuak prebenitzeko kanpaina

Mugikortasunaren murrizketak amaitzeaz geroztik, ekainean uste baino arinago lehengoratu da trafikoa. Ibilgailuz egindako lekualdatzeek gora egin dute, eta 2019ko epealdi berekoen oso antzeko mailara iritsi dira. Dena dela, horrekin batera, istripuek ere gora egin dute. 

 

Ekainaren 28ko datuak eskuan, 2019ko ekainean (pandemia hasi baino lehenago) baino 40 pertsona gehiago hil dira auto-istripuz. 

 

Ibilgailu gehienak geldi edo ia geldi egon dira urtebete inguru. Horregatik, lehen sarriago egiten ziren azterketak (gurpilen presioa, garbitzailearen likidoaren maila… are olio-aldaketak ere) ez dira egin, ez direlako beharrezkoak izan. Beraz, garrantzitsua da ibilgailua hartu baino lehen haren egoera aztertzea eta prest uztea.  

 

Aholku hau eta beste batzuk aurkituko dituzu gure mugikortasun-kanpainan, ikus-entzunezko materialaren bidez emanak. Bideo bidezko asteko sentsibilizazio-kanpaina:  

https://www.youtube.com/playlist?list=PL_nhV8B8_K2spfiwK9eJSjBH7XsTnawwc

https://www.youtube.com/playlist?list=PL_nhV8B8_K2v7vvJzKx7AqpA6NyqfoboL

 

Halaber, gogorazten dizuegu “Campus birtuala” dugula, mugikortasunari buruzko berariazko edukiekin, “Bide-segurtasuna” dibulgazio-jardueraren barruan:  

https://mutualia.apacampus.com/session/5924/about/

 

Prebentzio Aholkularitza

LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNAREN 2021-2027 ESPARRU ESTRATEGIKO BERRIA ARGITARATU DA

Europako Batzordearen esparru estrategiko berri honen xedea langileen segurtasuna eta osasuna hobetzea da, ekonomiaren, demografiaren eta laneko patroien aldaketa azkarrei ekinda, eta EBko eta kide diren estatuetako erakundeen, mintzakide sozialen eta beste intereseko alderdi batzuen lankidetzarekin. Hiru lehentasun nagusi hauek daude langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko esparru honetan: 

  1. Trantsizio ekologiko, digital eta demografikoaren testuinguruko aldaketari aurre hartu eta kudeatzea, azterlan prospektiboen eta EU-OSHAren proiektu globalen bitartez;  
  2. Lanarekin zerikusia duten istripu eta gaixotasunen prebentzioa hobetzea, “zero ikuspegia”rekin bat; horretarako, prebentzioa praktikan jartzen laguntzeko baliabide erabilerrazak emango dira; eta 
  3. Egungo eta etorkizuneko osasun-krisiei erantzuteko prestakuntza areagotzea gidalerro-kopuru handi bat eginez, langileen segurtasuna eta osasuna zaintzen laguntzeko. 

 

Batzordeak estatu kideei eskatu die maila nazionalean egokitu eta osatu ditzatela beren estrategiak, esparru estrategiko honekin bat etorrita, eta mintzakide sozialekin lankidetzan; hartara, bermatuko dute neurri berriak aplikatzen direla lekuan leku. LSOri buruzko 2023ko gailurrak aukera emango du asmo handiko esparru horren aurrerabidea neurtzeko, bai eta azkar aldatzen den testuingurura egokitzearen ebaluazioa egiteko ere. 

 

PREBENTZIO AHOLKULARITZA  

Nola eragin diezaieke beroak langileei?

Uda iritsi eta tenperatura igotzen denean, gorputzak martxan jartzen ditu bere egokitzapen-mekanismoak, tenperatura egonkortzeko. Baina tenperaturak gora egiten jarraitzen badu eta lan gogorrak egin behar badira kanpoaldean, baliteke mekanismo horiek nahikoa izan ez eta bero-kolpea izatea. Horrek kalte larria egin diezaioke osasunari, baita heriotza ere. 

Planta De Trigo Durante La Puesta De Sol

Hori dela eta, tenperatura altua denean, egoera horretan lanean ari direnek kontuan izan behar dute zer arrisku duten, eta enpresaburuek haien esku jarri behar dituzte osasuna bermatzeko prebentzio-neurriak. 

Nolakoa da? Sintomak 

  • Gorputzaren tenperatura igo egiten da, takikardiak izaten dira, buruko mina, zorabioa, gorakoa, kalanbreak… 
  • Azal gorritua, beroa eta lehorra (izerdirik ez) 
  • Neke handia, noraeza, dardarak, konortea galtzea… 

Nola saihestu? Langileentzako gomendioak 

  • Ez egon luzaroan eguzkipean; 
  • Eguzkitik babestu, burua batez ere; Erabili arropa argi eta zabalak, eta gorputzaren atal gehienak estali; 
  • Erabili eguzkitako kremak, erradiazio ultramoreaz babesteko; 
  • Ondo hidratatu, egarririk izan ez arren; 
  • Ez erre, ez egin otordu oparoegirik eta ez hartu alkoholdun edaririk; 
  • Ez egin ariketarik bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara); 

Nola saihestu? Enpresentzako gomendioak 

  • Langileei informazioa eta prestakuntza eman, beroarekin zerikusia duten arriskuei, haien ondorioei eta balizko neurriei buruz; 
  • Langileei adierazi bertan behera utzi behar dutela egiten ari diren jarduera,  sintomarik izatekotan; 
  • Leku freskoetan atsedena maiz hartzeko erraztasunak eman (atsedenaldien maiztasuna areagotu; atsedenleku freskoak prest eduki) 
  • Ordutegiak egokitu (ahal denean, txandak antolatu esposizioaren iraupena edo intentsitatea murrizteko; esposizio txikiagoko lanpostuekin txandakatzea aurreikusi; lanik gogorrenak bero gutxien dagoen orduetarako planifikatu; ordutegiak egokitu bero gutxien dagoen orduak aprobetxatzeko); 
  • Bakarkako lana saihestu eta ura jarri langileen eskueran (langileak ez daitezela bakarrik egon; ura jarri haien eskueran; kapelak eta txanoak erabiltzeko aukera eman; eguzkitako babes-krema jarri eskueran). 

Nola jokatu bero-kolpea hartu duen pertsona batekin? 

  • Ahal bada, kaltetutako pertsona itzala duen toki fresko atera eraman;  
  • Konortea badu, edatekoa badu; konortea galdu badu, haren tenperatura jaisten saiatu; 
  • Burua, lepoa, besapeak eta izterrondoak hoztuz, ura edo zapi bustiak erabilita; 
  • 112ra deitu eta kaltetutako pertsonarekin egon, laguntza iritsi arte. 

Hemen ikus ditzakezu gomendioak: 

PREBENTZIO-AHOLKULARITZA

Elkarrizketa Amaia Larreari. Uvesco Taldearen Laneko Segurtasun eta Osasun koordinatzailea da

Amaia Larrea

Nola eta noiz sortu zen UVESCO

Uvesco Taldea 1993an sortu zen, Kantabrian eta Gipuzkoan kokatutako bi familia-negozio batu zirenean. Bi negozioek kontsumoaren sektorean tradizio luzea zuten, eta kalitatearekiko konpromisoan oinarritutako ikuspegi berbera zuten bi-biek. Bi enpresek jatorrian zituzten balioak ekarri zituzten taldera, eta oinarrizkoak dira Uvescon: zerbitzu bikaina ematea, kalitatezko aukera edukitzea eta tokiko produktu freskoa eskaintzeko konpromisoa izatea. Sortu zenetik, taldeak bere instalazio logistikoak finkatzean jarri zuen arreta, eta BM Supermercados bereizgarria zabaltzeko etapari eman zion hasiera; Gipuzkoan, SUPER AMARA markarekin partekatzen du. Gaur egun, 250 dendatik gora ditugu Euskadin, Kantabrian, Nafarroan, Errioxan, Madrilen eta Ávilan, eta online denda ere badugu.

Uvesco Taldea pertsonek osatzen dute, eta taldearen premisa «funtsezko lanbide bat handi egitea» da. Zenbat pertsonak osatzen dute taldea eta zer ekintza egiten dira bertako langileak prestatzeko eta konpromisoa areagotzeko?

Gaur egun, 5.600 langiletik gora ditugu. Gure helburua profesionalik onenak izatea da, eta, horretarako, funtsezkoa da, batetik, taldean lan egiten duten pertsonen aitorpena, eta, bestetik, prestakuntza-planak gauzatzea. Ildo horretan, aurten, eta zailtasunak gorabehera, gure erakundeak 4,6 milioi euro bideratu ditu gure langileen prestakuntzara. Besteak beste, gure aretoko profesional eta produktu freskoetako espezialista guztiek (harakinak, txerriki-saltzaileak, fruta-saltzaileak eta arrain-saltzaileak) prestakuntza espezifiko bat jasotzen dute beren eginkizunak betetzeko, bezeroei erosketa-esperientzia onena ematera eta prebentzioa eta segurtasuna sustatzera bideratuta. Era berean, barne-sustapeneko planak bultzatzen ditugu, eta, haien bidez, barneko talentuaren identifikazioan eta pertsonen garapenean laguntzen dugu, garapen-postuetara hel daitezen, halako moldez non erantzukizuneko postuen % 90 barneko langileek betetzen baitituzte. Bestalde, 2020an inguruabarretara egokitzeko eta malgutzeko egin dugun ahalegina nabarmena izan da; izan ere, mugikorrerako aplikazio bat eta online prestakuntzak garatu ditugu, langileek zenbait prestakuntza egin zitzaten (elikagaiak manipulatzeko prestakuntza, conpliance, laneko arriskuen prebentzioa, eta taldearen ezagutza eta araudia).

Zer suposatu du enpresarentzat pandemiako urte honek eta zer prebentzio-neurri hartu ditu?

Prebentzioa eta segurtasuna taldearen ardatz estrategiko bihurtu dira, eta 2020an 17 milioi euroko ahalegin gehigarria egin behar izan dugu arlo horretan, gure ekipamenduen eta gure bezeroen segurtasuna bermatzeko, eta gure profesionalen ezohiko ahalegina saritzeko.

Hona hemen hartu diren segurtasun-neurriak: langileentzako babes-materiala, gel hidroalkoholikoa, musukoak eta eskularruak erostea, banaketako pantailak instalatzea, dendan segurtasun-tartea mantentzeko seinaleztapena jartzea, orgak desinfektatzeko makinak abiaraztea –neurri aitzindaria Espainian–, eta edukiera kontrolatzeko sistema berritzaile bat ezartzea.

Erantzukizun arloko «R» marka berria dauka. Zer jarduketa egiten ditu UVESCO taldeak erantzukizunaren arloan?

Ingurunearekiko eta gizartearekiko erantzukizuna gure taldearen balioetako bat da, eta marka honen bidez gure DNAren parte den konpromiso horren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Era berean, gizarte bidezkoago, iraunkorrago eta solidarioago bat eraikitzen laguntzeko egiten ditugun jarduera guztiak indartu nahi izan ditugu. Eremu horretan daude gure jarduera hauek: elikagaien bankuekin egin ditugun lankidetzak, zeinetan 300 tona elikagai baino gehiago eman ditugun dohaintzan 2020an; hondakinak murrizten eman ditugun pausoak, esaterako, poltsetan plastikoa ezabatzea eta ontzi iraunkorrak erabiltzea; zentraletan hondakinak kudeatzeko eta biltzeko dugun sistema; lehenengo PPA (Power Purchase Agreement) hitzarmena sinatzea, zeinaren bidez gure energia elektrikoa % 100 berriztagarria den; etxerako banaketako flotan ibilgailu elektrikoak erabiltzea; gizarte-jardueretan parte hartzea kirol-elkarte eta -klubekin, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea; Elige Cuidarte Kids programa, haurretan ohitura osasungarriak sustatzeko; tokiko produktuekiko dugun konpromisoa, abeltzainekin, nekazariekin eta Kantauri itsasoko kofradiekin ditugun hitzarmenen bidez, kalitaterik oneneko eta km0-ko produktuak lortzeko, besteak beste.

Elikadura osasungarria, iraunkortasuna eta hurbiltasuna funtsezko ardatzak dira UVESCO taldearentzat. Nola indartzen duzue zuen konpromisoa tokiko produktuarekin eta Km0 produktuekin?

Gure balioetako bat kalitatezko elikadura iraunkorrarekiko konpromisoa da, eta, arlo horretan, tokiko produktuak funtsezko eginkizuna dauka. Konpromiso hori betetzeko, zuzeneko hitzarmenak ditugu nekazaritzako elikagaien sektoreko 400 ekoizle txikirekin baino gehiagorekin, bai eta Kantauri itsasoko zenbait kofradiarekin eta tokiko ekoizle batzuekin ere, eta horrekin guztiarekin hiru helburu lortzen ditugu: batetik, tokiko ekonomia sustatzea, bertako produktuen alde eginez; bigarrenik, jarduera iraunkor bat gauzatzea, garraioaren ondoriozko efektuak murrizten direlako eta sasoiko produktuen alde egiten delako; eta, hirugarrenik, kalitatezko elikagaiak bermatzea eta herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzea, lehen mailako produktuak eskaintzen ditugula jakinik.

Eta zenbait gizarte-eragileekiko hurbiltasuna?

Modu askotan daukagu presentzia inguruneko jarduera sozioekonomikoan, esaterako, kirol-ekintzetan, herri-lasterketetan eta maratoietan lagunduz, produktua emanez, adibidez, ura eta fruta, bai eta elikadura eta herritarren ongizatea sustatzen duten beste herri-jarduera batzuetan ere; hala ere, egia da 2020an laguntza horiek murriztu egin direla, egoera dela-eta. Bestalde, oso beharrezkoa denez, kolektibo babesgabeei laguntzen diegu, esaterako, elikadura-bankuei, eta Cáritas, Gurutze Gorria, Unicef eta antzeko elkarte solidarioen kanpainak babesten ditugu.

Zein dira UVESCO taldearen etorkizuneko erronkak?

Zalantzarik gabe, aurten pertsonen segurtasuna lehentasunezko ardatz bihurtu da. Egia da lehendik ere gure taldean zegoela, baina orain are gehiago, eta, inguruabarrak edozein direlarik ere, prebentzioa gure jarduketetan integratu behar dugu eta eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu gure langile eta bezeroen segurtasuna bermatzeko. Bestalde, gure helburua BM eredua bezero guztiei helarazten jarraitzea da, irekieren eta gure denden hobekuntzen bidez, bai eta lanpostuak sortuz ere. Garai hauetan, oraindik gehiago, funtsezkoa da enplegua sortzearen alde egitea eta ekonomia suspertzea. Hirugarrenik, tokiko produktuarekiko dugun konpromisoaren alde egiten jarraitzea, oraindik ere gure zutabeetako bat baita eta bere elikaduraz, osasunaz, ongizateaz eta inguruneaz arduratzen den bezeroaren premiei erantzuten baitie.

2021, Mutualiako Arreta-Zentroen udako ordutegia

horario

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Mutualia Araba laguntza-zentroen 2021 udako ordutegia

  • HAR Vitoria-Gasteiz:  8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea.
  • LAUDIO: Uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.

Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2021 udako ordutegia

  • ERCILLA KLINIKA: 24 ordu 
  • BASAURI: Uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • ERANDIO: Uztailaren 5tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • GERNIKA: Uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • IURRETA: Uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • SANTURTZI: Uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • ZAMUDIO: Uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.

Mutualia Gipuzkoa laguntza-zentroen 2021 udako ordutegia

  • PAKEA KLINIKA: 24 ordu
  • AZKOITIAITXITA ABUZTUAN uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • BEASAIN:  uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • BERGARA:  uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • EIBAR:  uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.
  • IRUN:  uztailaren 12tik irailaren 3ra, 8: 00etatik 15: 00etara.

Beste zentroak:

Piraguismoa: Sentsazio atseginak eta dibertsioa

ekfb

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren hileroko atalean, oraingo honetan, piraguismoan jarduteak dituen abantailei eta onurei erreparatuko diegu; izan ere, dagoeneko hemen dugun uda-sasoiarekin lotuta dago kirol hori. Urteko garai honetarako oso modalitate egokia da, ontziok gure ibai, aintzira eta hondartzetara iristen baitira, onura asko dituen kirolean aritzeko.

Uretan egitea du berezitasuna, eta, horregatik, pertsona askok bere aisialdirako nahi duten jarduera da. Gainera, piraguismoa kirolik osoenetako bat da, alde ludikoa, turistikoa eta osasunarena uztartzen baititu. Horrenbestez, horretan aritzea oso positiboa eta berezia da. Ontziak uretan aurrera egiten duela igartzen dugu, gure arraunkaden erritmoan; sentsazio atsegina da, eta oso dibertigarria. Gainera, familiarekin edo lagunekin eginez gero, piraguismoa primerako aukera izan daiteke, horretan jardun gaitezkeen lekuak bisitatzean kirolean aritzeko. Zale asko dituen kirola da, eta hari buruzko informazio gehiago lor daiteke Euskal Federazioaren webgunean .

Espezialitate honek aukera ematen digu naturarekin harreman betea izateko eta gure paisaia hobeto ezagutzeko, pribilegiozko ikuspegiak ematen dizkigu eta. Hasiberriak bagara, hobe da tituludun begirale adituek laguntzea. Haiek gidatuko gaituzte une oro, gure abentura gutiziatuaren ibilbidean zehar.

Aire zabalean eta ura bezain ingurune berezian kirolean jardutea arrazoi ona da hartan aritzeko, eta naturaz, ibaiaz edo piraguismoa egiteko aukeratzen ditugun urez gozatzeko. Gainera, bakarrik edo beste norbaitekin jardun daiteke, eta gure gorputzaren sasoia hobetzen du, giharrei dagokienez. Bestalde, kaloria asko erretzen da. Izan ere, ariketa gogorra da, zeharkaldiak edo probak luze irauten du, eta gorputz-atal ugarik hartzen dute parte piraguismoan aritzeko eta hartaz gozatzeko orduan. Hartara,  oso bide egokia da pisua galtzeko. Piraguismoa eginda, 300 kaloria erre daitezke, gutxienez, intentsitate ertaineko ordubeteko ariketan.

Ongi egiten bada, piraguismoa lagungarria da gure koordinazioa hobetzeko, eta aukera ematen du gure muskuluak indartzeko, soin-enborrekoak eta besoetakoak batez ere. Printzipioz, arraunlari bakoitzak egin beharreko mugimendua simetrikoa da, zorigaiztoko lesioak saihesteko. Hori horrela, piraguan goazenean, enbor guztia, abdominalak eta bizkarra barne, lanean ari da orekari behar bezala eusteko. Arraunkada bakoitzerako indar- eta koordinazio-dosi bat behar dugu, besoen eta eskumuturren mugimendua zehatza izan dadin.

Kontuan izan behar dugu, arraunkada egoki egiteko, jarrera eta gauzatzeko era oso jakinak behar direla. Beraz, ongi eginez gero –eta zenbat eta gehiago aritu, hobeto–, indarra eta koordinazioa handituko ditugu. Horregatik, oso modalitate gomendagarria da modu dibertigarrian entrenatzeko. Lasai has gaitezke, pixkana-pixkana, eta sasoia hobetu ahala intentsitatea areagotuko dugu, modalitate guztietan (itsasoko kayaka, kayak poloa, kayak surfa, eslaloma, ur bareak, ibaiak…).

Euskal Kanoe Federakuntzak erreferentea izan nahi du piraguismoa egiten duten guztientzat eta piraguismoa sustatzen duten klub eta erakundeentzat. Gainera, oinarria izan nahi du goi-mailako kirolarientzat eta etorkizun oparoko gazteentzat, eta erreferentea bai lehiaketa eta ekitaldien antolaketan, bai epaileen eta entrenatzaileen trebakuntzan. Beraren helburuak dira Federakuntzako afiliatu-kopurua handitzea, baliabide propio gehiago eratzea, kirol honetan aritzeko azpiegitura gehiago lortzea, federazioaren arlo guztietan emakume-kopurua handitzea, eta entrenatzaileen trebakuntza-maila hobetzea. Asmoa maila guztietako ikastaro gehiago antolatzea da, eta piraguismoa hesirik gabeko kirol bihurtzea, hainbat balio transmititzen dituena: esperientzia, konpromisoa, zintzotasuna, ahalegina, lankidetza, gardentasuna, berdintasuna eta gizarteratzea. Baita dibertimendu handia ere, honako onurak ekartzen dizkigun kirolean: besoetako giharrak indartzea, koordinazioa hobetzea, zangoak eta abdominalak sendotzea, eta estresa gutxitzea, artikulazioei kalte egin gabe. Gainera, osasun kardiobaskularra zaintzen du, oreka hobetzen du, eta beste diziplina batzuen primerako osagarria da.

2021ko ohiko Batzar Nagusirako deialdia

sala junta 2021

Ohiko Batzar Nagusia 

Data: 2021ko uztailaren 16a (ostirala)

Ordua: 12:30etan

Lekua: EHO Vitoria-Gasteiz Mutualia
Beato Tomás de Zumarraga, 10 bis Vitoria-Gasteiz

Elkarrizketak Mutualian.. 

Denis Itxaso González jaun agurgarria 

Gobernuaren Ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan 

Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia

“MUTUALIA”ko Zuzendaritza Batzordeak, 2 zenbakiko Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduen mutuakoak (Mutualia), 2021eko martxoaren 26an egin zuen bileran, erabaki zuen Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egitea kide dituen enpresaburuei, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluan eta estatutuetako 22. eta 23. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita; uztailaren 16an izango da batzarra, 12:00etan, lehen deialdian, eta 12:30ean, bigarren deialdian, HAR VITORIA-GASTEIZ MUTUALIA zentroan (helbidea: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, 10 bis, Vitoria-Gasteiz). Hauxe da gai-zerrenda:

Gai-zerrenda

1. Presidentearen agurra.

2. Gizarte Segurantza Nagusiaren auditoretza-txostenak, 2020ko ekitaldiko emaitza ekonomiko positiboa eta soberakinaren aplikazioa ezagutu ondoren, Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aztertzea eta, egoki bada, onartzea, barnean hartuta aldi baterako finantza-inbertsioen txostena, ondare historikoaren zuzkidurak eta aplikazioak, Gobernu Korporatiboaren txostena, balantzeak eta emaitzen kontuak.

3. 2022ko ekitaldirako aurrekontuen aurreproiektuari buruzko informazioa ematea eta, hala badagokio, onartzea, eskumenak Zuzendaritza Batzordearen esku utziz, Gizarte Segurantzako Aurrekontuen Proiektuan sartzeko behar diren aldaketak egiteko.

4. Prestazio Berezien Batzordearen kudeaketaren berri ematea.

5. Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorra eta Mutualiako Zuzendaritza Batzordearen antolamendu eta funtzionamendurako barne-araudia aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

6. Bi kontu-hartzaile izendatzea, bileraren akta berresteko eta onartzeko.

7. Presidentearen esku-hartzea.

8. Galde-eskeak.

Legitimazioa egiaztatzeko bidea eta aplikagarri diren baldintzak:

Mutualiako kide diren enpresaburu guztiek dute bilerara joateko eskubidea, kide izateko hitzarmena indarrean badute Batzar Orokorra egingo den datan; dena den, sozietatearekiko betebeharrak egunean dituztenek soilik izango dute boto-eskubidea.

Bertaratzeko eta botoa emateko eskubideak gauzatu ahal izateko, jakinarazten da sozietatearen egoitzan eta Mutualiaren egoitza operatiboan kontrol-erregistro eguneratu bat izango dela Batzar orokorrerako deialdia egiten den egunean, kide diren enpresaburuei eta sozietatearekiko betebeharrak egunean dituztenei dagokiena, haiei buruzko datuekin; horrez gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Elkartze Agiria erakutsiz ere egiaztatu ahal izango dira betekizun horiek.

Mutuako kide den enpresaburu orok zuzenean nahiz ordezkaritza bidez Batzar Orokorrean izan nahi badu, “Bertaratze-txartela edota botoa eskuordetzeko txartela” izan beharko du, eta Mutualiako zentro horietako edozeinetan jaso ahal izango da, edo www.mutualia.es webgunean ere eskuratu ahal izango da. Botoa eskuordetuz ordezkari izateko, ezinbestekoa da kide izatea enpresaburu hori ere.

Zalantzarik izanez gero edo edozein kontsultatarako: 94.425.25.03

Bilbon, 2021eko martxoaren 26an

Zuzendaritza Batzordea

PRESIDENTEA

icono pdf Dokumentazioa



MUTUALEX EPAIA 2021EKO EKAINA

Epai Judiziala

Gizarte Segurantzako ordainketak egoztea, kuoten ordainketa eguneratuta izateko

Auzitegi Gorenak, 2021eko maiatzaren 6ko epaian, onartzen du Langile Autonomoak egunean zituela Langile Autonomoen Araubide Bereziari (aurrerantzean, LAAB) ordaindu beharreko kuotak erretiro-pentsioa eskatu zuenean, egindako ordainketa ez zitzaiolako egotzi Gizarte Segurantzako zorretan zaharrenari.

Gorenak iritzia eman du Langile Autonomo batek LAABn erretiro-pentsioa jasotzeko egindako eskaeraren inguruan, zeina ukatu egin dioten GSINren ebazpen baten bidez, iritzita prestazioa eragiteko gertaerako datan kuoten ordainketa ez zuela eguneratuta. Ordaintzeke zituen kuotak ordaintzera gonbidatu zuten, adierazi zitzaizkion legezko ondorioekin, nahiz eta auzi-jartzaileak ordainagiria aurkeztu zuen. GSINk ez zion eraginkortasunik aitortu egiaztagiri horri, Unitate Betearazleak igorritako premiamendu-probidentzian adierazitako epetik kanpora ordaindu zituen kopuruek GSDNrekin zuen Araubide Orokorraren zorra murrizteko balio izan zutelako, zor hori autonomoena baino zaharragoa baitzen.

Nahiz eta Lan Arloko Epaitegiak lehen auzialdian demanda baietsi zuen, langile autonomoak erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea zuela aitortuta, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak GSINk jarritako erregutze-errekurtsoa baietsi zuen, eta instantziakoa ezeztatu.

Bai demandatzaileak alegatu zuen Auzitegi Gorenak 2014ko otsailaren 18an emandako kontraste-epaian (rcud. 1099/2013), bai orain epaitzen ari den kasuan, erretiro-pentsioa eskatzen duten langile autonomoak daude auzian, eta ukatu egin zaie, LAABren kuotak ordaintzea egunean ez izateagatik.

Kasu guztietan, langileek Gizarte Segurantzako kuoten inguruko zorrak zituzten, bai LAABan, bai GSAOn, eta azken erregimen horretako zorrak ziren zaharrenak.

Bi kasuetan, erretiro-pentsioa eskatu aurretik, LAABn ordaindu gabeko kuotak ordaindu zituzten, nahiz eta kontrasteko epaian ez zen premiamendu-probidentziarik izan. Horrelako egoeren aurrean, GSDNk egindako ordainketa zor zaharrenari egozteko erabaki bera hartzen du. Hurrenez hurreneko alderdi auzi-jartzaileek erretiroa eskatzen dute, eta arrazoi beragatik ukatzen zaie: “kuoten ordainketa eguneratu gabe izatea”.

Zalantzan jartzen ari dena da noiz egotzi behar zaizkien zorraren ordainketak indarrean dauden zor zaharrenei, eta bi epaietan manu berberak interpretatu behar dira, hau da, 2530/1970 Dekretuaren 28. artikulua, 1994ko GSLOren 29. artikulua, bai eta Zerga-bilketako Erregelamenduaren 52. artikulua ere.

Auzitegiak labur gogorarazten du, hemen dagokigunaz, Gizarte Segurantzaren arloan dagoen zerga-bilketako araubidea, GSLOn jasota dagoena eta Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2004ko ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuan garatzen dena. Amaitzeko, honako hau adierazten du:

“… zorrak aurkezte hutsak ez dio aukerarik ematen GSDNri ordainketak zaharrenei egozteko, nahiz eta horietakoren batek premia izan. Gizarte Segurantzaren arloko zerga-bilketako arauak bereizi egiten ditu borondate-aldiko bilketa-prozesu bati lotutako zorren ordainketen egozpenak, betearazte bideko bilketa-aldietan egiten diren ordainketekin edo diru-sarrerekin alderatuta, baina horrek ez du esan nahi borondate-aldian dagoen zor batek, zaharragoa izan arren, ordaindutzat jotzeko lehentasunaren

onura jaso dezakeenik, titulu betearazle bati lotuta daudenen aldean, nahiz eta berriagoak izan.

Beraz, kasu honetan, eta, kontraste-epaian gertatu zen bezala, ez zen aplikatzekoa ordainketa zorrik zaharrenari egoztea. Hori horrela izanik, demandatzaileari egunean izan behar zitzaizkion LAABren kuotak, eta, beraz, pentsiorako eskubidea aitortu behar zitzaion, Lan Arloko epaileak egin zuen bezala. “

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria