MUTUALEX EPAIA 2021EKO EKAINA

Epai Judiziala

Gizarte Segurantzako ordainketak egoztea, kuoten ordainketa eguneratuta izateko

Auzitegi Gorenak, 2021eko maiatzaren 6ko epaian, onartzen du Langile Autonomoak egunean zituela Langile Autonomoen Araubide Bereziari (aurrerantzean, LAAB) ordaindu beharreko kuotak erretiro-pentsioa eskatu zuenean, egindako ordainketa ez zitzaiolako egotzi Gizarte Segurantzako zorretan zaharrenari.

Gorenak iritzia eman du Langile Autonomo batek LAABn erretiro-pentsioa jasotzeko egindako eskaeraren inguruan, zeina ukatu egin dioten GSINren ebazpen baten bidez, iritzita prestazioa eragiteko gertaerako datan kuoten ordainketa ez zuela eguneratuta. Ordaintzeke zituen kuotak ordaintzera gonbidatu zuten, adierazi zitzaizkion legezko ondorioekin, nahiz eta auzi-jartzaileak ordainagiria aurkeztu zuen. GSINk ez zion eraginkortasunik aitortu egiaztagiri horri, Unitate Betearazleak igorritako premiamendu-probidentzian adierazitako epetik kanpora ordaindu zituen kopuruek GSDNrekin zuen Araubide Orokorraren zorra murrizteko balio izan zutelako, zor hori autonomoena baino zaharragoa baitzen.

Nahiz eta Lan Arloko Epaitegiak lehen auzialdian demanda baietsi zuen, langile autonomoak erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea zuela aitortuta, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak GSINk jarritako erregutze-errekurtsoa baietsi zuen, eta instantziakoa ezeztatu.

Bai demandatzaileak alegatu zuen Auzitegi Gorenak 2014ko otsailaren 18an emandako kontraste-epaian (rcud. 1099/2013), bai orain epaitzen ari den kasuan, erretiro-pentsioa eskatzen duten langile autonomoak daude auzian, eta ukatu egin zaie, LAABren kuotak ordaintzea egunean ez izateagatik.

Kasu guztietan, langileek Gizarte Segurantzako kuoten inguruko zorrak zituzten, bai LAABan, bai GSAOn, eta azken erregimen horretako zorrak ziren zaharrenak.

Bi kasuetan, erretiro-pentsioa eskatu aurretik, LAABn ordaindu gabeko kuotak ordaindu zituzten, nahiz eta kontrasteko epaian ez zen premiamendu-probidentziarik izan. Horrelako egoeren aurrean, GSDNk egindako ordainketa zor zaharrenari egozteko erabaki bera hartzen du. Hurrenez hurreneko alderdi auzi-jartzaileek erretiroa eskatzen dute, eta arrazoi beragatik ukatzen zaie: “kuoten ordainketa eguneratu gabe izatea”.

Zalantzan jartzen ari dena da noiz egotzi behar zaizkien zorraren ordainketak indarrean dauden zor zaharrenei, eta bi epaietan manu berberak interpretatu behar dira, hau da, 2530/1970 Dekretuaren 28. artikulua, 1994ko GSLOren 29. artikulua, bai eta Zerga-bilketako Erregelamenduaren 52. artikulua ere.

Auzitegiak labur gogorarazten du, hemen dagokigunaz, Gizarte Segurantzaren arloan dagoen zerga-bilketako araubidea, GSLOn jasota dagoena eta Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2004ko ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuan garatzen dena. Amaitzeko, honako hau adierazten du:

“… zorrak aurkezte hutsak ez dio aukerarik ematen GSDNri ordainketak zaharrenei egozteko, nahiz eta horietakoren batek premia izan. Gizarte Segurantzaren arloko zerga-bilketako arauak bereizi egiten ditu borondate-aldiko bilketa-prozesu bati lotutako zorren ordainketen egozpenak, betearazte bideko bilketa-aldietan egiten diren ordainketekin edo diru-sarrerekin alderatuta, baina horrek ez du esan nahi borondate-aldian dagoen zor batek, zaharragoa izan arren, ordaindutzat jotzeko lehentasunaren

onura jaso dezakeenik, titulu betearazle bati lotuta daudenen aldean, nahiz eta berriagoak izan.

Beraz, kasu honetan, eta, kontraste-epaian gertatu zen bezala, ez zen aplikatzekoa ordainketa zorrik zaharrenari egoztea. Hori horrela izanik, demandatzaileari egunean izan behar zitzaizkion LAABren kuotak, eta, beraz, pentsiorako eskubidea aitortu behar zitzaion, Lan Arloko epaileak egin zuen bezala. “

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria

KONTSULTA JURIDIKOA 2021EKO EKAINA

KONTSULTA JURIDIKOA

Aplikatzen al dira hitzarmeneko aldi baterako ezintasuneko borondatezko hobekuntzak laneko istripuarekin parekatutako aldi baterako ezintasun egoeretan?

Ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko premiazko neurriak ezartzen dituen 6/2020 Errege Lege-dekretuaren 5. artikuluaren arabera, COVID-19 gaitzaren ondorioz, laneko istripuarekin parekatutako egoeratzat hartzen dira isolamendu- edo kutsatze-egoerak edo langileek bizileku duten udalerritik ateratzeko mugak. Hori ikusirik, galdetu dute ea egokia den laneko istripuaren (aurrerantzean, LI) ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetarako (aurrerantzean, ABE) hitzarmenean aurreikusitako osagarria ordaintzea, adierazitako lege-arauaren ondoriozko LIekin parekatutako ABE-en kasuan.

Neurri hau salbuespenezkoa da, eta aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoari dagokio soil-soilik; gainera, inoren kontuko langileei nahiz norbere kontukoei aplika dakieke, Gizarte Segurantzaren edozein araubidetan izena emanda badago. LIekin parekatutako ABE-en halako kasuak ugaritu direnez, galdera hori jada aztertu da egoitza judizialean, gatazka kolektiboko jarduketa bat tarteko. Hala, auzi-jartzaileek ezezko erantzuna jaso zuten Audientzia Nazionalean, berriki eman duen 2021eko maiatzaren 13ko epaian (Errekurtso zk.: 406/2020); horren arrazoibideak zuzen aplika daitezke adierazitako kontua ebazteko. Hala, honakoa ondorioztatzen du:

“arau konbentzionalean jasota dagoen borondatezko hobekuntza ezin da hedatu, 6/2020 Errege Lege-dekretuaren 5. artikuluan jasotako COVID-19aren ondoriozko egoeretara.”

Horrenbestez, interesekoa da labur adieraztea zer arrazoibide juridikotan oinarritzen den erabaki judiziala:

“Borondatezko hobekuntza ezartzen duen araudian aurreikuspen berariazkorik ez badago, aldi baterako ezintasunari buruzko araudi aplikagarriak arautuko du; izan ere, Gizarte Segurantzaren borondatezko hobekuntzen izaera ez da autonomoa edo independentea, ezpada hobetzen duten prestazioaren beraren dinamikaren araberakoa da. Horrenbestez, hobekuntza horien irismenari dagozkion zalantzak argitzeko, hobetutako kontingentziaren kontzeptuari erreparatu behar zaio.

Elementu erabakigarria aldi baterako ezintasunaren etiologia da; izan ere, laneko istripua honela definitzen da: langileak pairatu duen gorputz-lesio oro, inoren kontura egiten duen lanaren kausaz edo ondorioz.

Hemen epaitutako kasu zehatzean, ez dira gertatzen laneko istripuaren lege-kontzeptua mugatzen duten eta lehen aipatu diren irizpide guztiak; izan ere, COVID-19aren ondoriozko isolamendu- edo kutsatze-egoerak edo langileek bizileku duten udalerritik ateratzeko mugak ez dira sartzen laneko istripuaren kontzeptuaren barruan.”


Susana Castaños

Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUAK: GIH 12

GJH 12​: EKOIZPEN​ ETA KONTSUMO​ ARDURATSUA

HELBURUA 

  • Pertsona guztiek oinarrizko zerbitzu egokiak jasotzea. 
  • Hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak eta jasangarriak izan daitezen lortzea. 
  • Hiri guztiek guztiontzako aukerak eskaintzea etorkizunean. 
  • Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak bermatzea. 

EKINTZAK 

  • Bezeroentzako barne-orientazioa sustatzea. 
  • Gure kudeaketa ziurtagirien eta aintzatespenen bidez indartzea. 
  • Role Model praktikak identifikatzea eta garatzea.  
  • Interes-taldeekin harreman-mekanismoak ezartzea. 
  • Bezeroekiko harremanak lantzea, tipologiaren, beharren eta harreman-mekanismoen arabera. 
  • Administrazio publikoekin eta aliatuekin harremanak sistematizatzea. 
  • Helburuak zehaztea eta aliatuentzat horiek kudeatzea. 
  • Elikagaiak alferrik galtzeari buruzko sentsibilizazio-kanpainak. 
  • Erronka Garbia metodologia gure ekitaldi eta jardunaldietan. 
  • Ingurumenari eta iraunkortasunari buruzko prestakuntza eta hainbat kanpaina, gure Ingurumen Batzordearen eta Garapen Jasangarriko Batzordearen bidez. 

Amatasun-osagarriari buruzko erabaki judizialek aurrera jarraitzen dute Europan

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 60. artikuluan araututako amatasun-osagarriari buruz (egungo genero-arrakala murrizteko kontribuzioaren araberako pentsioen osagarriaz) hartutako erabaki judizialek aurrera jarraitzen dute Europan.

Oraingo honetan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari jakinarazi zaio, Bartzelonako gizarte arloko epaile batek planteatutako judizio aurreko auzi baten bidez, ezagutzeko ea Kontseiluaren 1978ko abenduaren 19ko Gizarte Segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa era progresiboan aplikatzeari buruzko 79/779/7/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluko 1. paragrafoan jasotakoa araudi nazional baten aurka dagoela interpretatu behar den, eta ea araudi horrek amatasunagatiko pentsio-osagarri bat ezartzen duen gutxienez bi seme-alaba biologiko edo adoptatu izan dituzten emakumeen alde, eta ea erretiroa hartzeko aurreikusitako kasu jakin batzuetan aurreratzen duen, baina ez borondatezko erretiroa aurreratua hartutako kasuetan, hain zuzen Espainiako instantziako epaitegian planteatutako kasua.

Epaimahaiak nabarmendu du, tituluaren eta 1. artikuluaren arabera, lehen eta bigarren mailan kontuan izatekoei dagokienez, 79/7 Zuzentarauaren helburua dela Gizarte Segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa pixkanaka aplikatzen joatea. Bestalde, 1. artikuluan definitutako idazketa-konbentzioaren arabera, ulertu behar da arauaren gainerako zatietan erabiltzen den “tratu-berdintasunaren printzipioa” esamoldeak era laburtuan aipatzen duela “Gizarte Segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa”.

Era berean, gogorarazten du 79/7 Zuzentarauko 4. artikuluko 1. paragrafoan jasota dagoen “sexuan oinarritutako zuzeneko bereizkeria” kontzeptuan edozein egoera sartuko dela, baldin eta pertsona bat beste bat baino modu okerragoan tratatzen bada, tratatu izan bada edo horrela tratatzeko arriskua badago [2018ko ekainaren 26ko epaia, MB (Sexu-aldaketa eta erretiro-pentsioa), C-451/16, EU:C:2018:492, 34. atala]. Horren ondoriotzat uler daiteke zuzeneko diskriminazio bat “sexu arrazoiengatik” izan ahal izateko, beharrezkoa dela pertsonari tratu desegokia gizonezkoa edo emakumezkoa izateagatik ematea.

Ondorioz, 79/7 Zuzentarauko 4. artikuluko 1. paragrafoan ageri den “sexuan oinarritutako zuzeneko bereizkeria” kontzeptua, alde batetik, sexu maskulinoko langileen eta, bestetik, sexu femeninoko langileen arteko bereizkeria-kasuei buruzkoa soilik izan daitekeela.

Hori horrela izanik, ezin da interpretatu 79/7 Zuzentarauko 4. artikuluko 1. paragrafoa Batasuneko Zuzenbide-xedapen bat denik, tratu-berdintasuna bere zentzurik zabalenean bermatzen duena, hau da, baita sexu bereko pertsonen artean ere. Aitzitik, xedapen horretan jasota dagoen “sexuan oinarritutako zuzeneko bereizkeria”

kontzeptuaren arabera, langile jakin batzuei, gizonezkoak edo emakumezkoak izateagatik, beste sexuko langile batzuei antzeko egoera batean emango litzaiekeen tratua baino tratu okerragoa emateko egoera irudikatzen da.

Europako Auzitegiak ondorioztatu duenez, 79/7 Zuzentaraua ez zaio aplikatzen gutxienez bi seme-alaba biologiko edo adoptatu izan dituzten emakumeen aldeko amatasunagatiko pentsio-osagarria ezartzen duen araudi nazional bati, eta aurreikusitako ohiko adineko erretiro-kasuetan edo legeak ezarritako arrazoi jakin batzuengatik erretiro aurreratua hartzen den kasuetan aplikatzen da, baina ez interesdunaren borondatez erretiro aurreratua hartzen den kasuetan.

Estrasburgon ezezko erantzuna jaso duen gai horrek ez du eraginik prestazioetan 2021eko otsailaren 4az geroztik 60. artikuluko erregulazio berriaren ondoren sortuko diren osagarrietan, aipatutako osagarri hori borondatezko erretiro aurreratuetara zabaltzen baita, aurreko araudian ezarrita zegoen berariazko baztertzea desagertu ostean.

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria

Enpresa txikietan faktore psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko metodoa

Ezagun da, oro har, enpresa txiki eta oso txikientzat zaila dela laneko arriskuen prebentzioa jorratzea, eta, bereziki, arrisku psikosozialena. Enpresa horien ezaugarriei egokitutako lanabes metodologikoak falta dira, eraginkorrak baina aldi berean sinpleak eta praktikoak izango direnak.

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak Enpresa txikietan faktore psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko metodoa garatu du. Libreki eta doan erabiltzeko lanabesa da, eta batik bat mikroenpresei eta 25 langilera arteko enpresa txikiei zuzentzen zaie, haien jarduera edozein dela ere, eta, bereziki, prebentzio-jarduerak enpresaburuak berak bere gain hartzen dituen enpresei. 

Ebaluazio-prozesuak 10 fase ditu, eta azalpenak eta babesa ematen ditu. Arrisku-faktore orokorrenak hartzen ditu ardatz, eta aukera ematen du, azkenik, lan-baldintzak aldatzeko neurri zehatzak ezartzeko. 

Ezaugarri hauek ditu:  

  • Aplikatzeko erraztasuna. 
  • Faktore psikosozialak kudeatzeko Europako ereduekin (PRIMA-EF) bat etortzea. 
  • Arrisku psikosozialeko faktoreen sailkapenetan jasota dauden arrisku-faktoreak. 
  • Parte-hartzeari begirako planteamendua. 

Datuen babesari eta lan-harremanei buruzko DBEBren gidaliburua

Datuak babesteari eta lan-harremanei buruzko gida bat argitaratu du Datuak Babesteko Espainiako Agentziak

DATUEN BABESA ETA LAN-HARREMANAK gidaliburua argitaratu dela jakinarazten dugu. Erakunde publikoei eta pribatuei laguntza-tresna bat eskaintzea da helburua, legedia modu egokian betetze aldera. 

Hainbat gai jorratzen dira gidaliburuan: enplegu-emaileak langilearen sare sozialak kontsultatzea, salaketak egiteko barne-sistemak, lan-jardunaldiaren erregistroa, laneko jazarpenaren biktimen eta genero-indarkeriaren ondoren bizirik iraun duten emakumeen datuen babesa, wearable delako teknologia kontrolerako erabiltzea… 
 

Datuen Babeserako Espainiako Bulegoak (DBEB) egin du gidaliburua, eta horretan parte hartu dute bai Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, bai enpresa-jabeek eta bai sindikatuek ere. 

Guia AEPD

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUAK: GIH 11

GJH 11​  HIRI ETA​ KOMUNITATE JASANGARRIAK

HELBURUA 

Pertsona guztiek edukitzea oinarrizko zerbitzu egokiez gozatzeko aukera.  

Hiri eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak eta iraunkorrak izan daitezen lortzea. 

Etorkizuneko hirietan pertsona guztientzako aukerak eskaintzea. 

Kontsumo eta ekoizpen modu jasangarriak bermatzea. 

EKINTZAK 

Kultura korporatiboa zabaltzea. 

Gure kudeaketa ziurtagirien eta aitorpenen bidez sendotzea. 

Interes taldeekin harreman mekanismoak finkatzea. 

Bezero tipologietara egokitutako zerbitzua diseinatzea. 

Emaitzen kontua modu eraginkorrean kudeatzea. 

Dibertsitateetara egokitutako fitxaketa sistema automatikoa ezartzea. 
Garraiobide seguru eta jasangarriak sustatzeko neurriei buruzko informazioa ematea, sentsibilizatzea eta sustatzea. 

Erakundeko pertsona guztien artean laguntza zentroak zer hirigunetan ditugun azaltzen dituzten mapak sustatzea.  

DAVOS Adierazpena hurrengo eraikinetan. EUSKADI NAFARROAko arkitektura sektoreak epe laburreko onura ekonomikoen gainetik bizitzeko kultura aldarrikatzen duen adierazpenaren sinadura sustatu zuen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak bultzatuta.