Pertsona bereziki sentiberek prebentzioaren kudeaketarekin konprometitutako enpresan beren lekua aurkitu behar dute.

Horixe da «BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA» mintegi teknikora joan zirenek ateratako ondorioetako bat. Mutualiak antolatu zuen, joan den urriaren 25ean egin zen eta problematika honekin lotutako guztia ondo ezagutzen duten itzal handiko hizlariek parte hartu zuten.

Mintegia Bizkaiko Gurutze Gorriaren Institutuko egoitzan egin zen eta parte-hartzearen aldetik arrakasta handia izan zuen. Gure enpresa kidetuek langile bereziki sentiberak beraientzat segurua eta osasungarria den laneko ingurune batean integratzearekiko konpromisoa eta interesa daukatela erakusten du horrek.

Jardunaldia Mutualiako Prebentzio saileko arduradun Mª Mar Crespo Millan andreak aurkeztu zuen, eta besteak beste, Bartzelonako Unibertsitateko Laneko Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle Raquel Serrano Olivares andreak parte hartu zuen. Berak gaiaren inguruko araudiaren eta doktrina judizial nagusiaren azterketan sakondu zuen. Bere hitzaldian nabarmendu zuenez, arauzko erregulazioan ezberdintasunak daude, eraginpeko kolektibo bereziki sentiberaren arabera, beharrezko prebentzio-neurrien zehaztasun-mailari dagokionez.

Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren (LSHIN) izenean, Institutuko Idazkariordetza Teknikoko goi-mailako teknikari Marta Muñoz Nieto-Sandovalek hitz egin zuen. Enpresa guztiek langile bereziki sentiberak (LBS) identifikatu behar dituztela azpimarratu zuen, eta horretarako, osasuna zaintzeko ebaluazioetako emaitzetan, mutuen gaixotasun profesionalen adierazpenetan eta langileengan oinarritu behar dutela.  Nabarmendu zuenez, enpresek prebentzio inklusiboa egin behar dute, langile bereziki sentiberak laneko ingurunetik ez ateratzeko. Horrez gain, enpresek dagokion LBS kolektiboaren arabera kontuan hartu beharreko neurriak eta arauak berrikusi zituen.

Atsedenaldiaren ondoren, Bizkaiko Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaile José Antonio Carnero Fernándezek hitz egin zuen. Berak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren rola azaltzeaz gain, LBSen araudiaren interpretazioari eragiten dioten zailtasun zehatzak nabarmendu zituen eta horren inguruko zenbait epai eta kontsulta komentatu zituen.

Jardunaldia ixteko, Taller Usoa Lantegia SAUko Giza Baliabideen arduradun Mª Ángeles Chaparro Domínguez andreak hitz egin zuen. Bere enpresan pertsona bereziki sentiberak hautatu, hartu, sartu eta babesteari buruzko esperientzia praktikoaz mintzatu zen. Langileen % 90 baino gehiago desgaituak izanda lanpostuak behar bezala egokitzea lor daitekeela eta langileak seguru, osasuntsu eta lan-munduan beren tokia aurkitzeagatik pozik egon daitezkeela transmititzea lortu zuen.

Balioen bidez kudeatuz hobeto uztartzen dira lana eta familia

Mutualiako kide Cristina Mendia, Madrilen kontziliazioaren inguruan egindako foroan. 

Gero eta hedatuago dago enpresek kontziliazioa kudeatu behar duten ideia.

Horren erakusle, pertsonak kontuan izatea erabaki duten enpresak euren estrategietan langileek lana eta familia uztartzeko dituzten beharrak sartzen hasi dira.

Joan den irailaren 27an, Mutualia Madrilen izan zen konpromisoa eta kontziliazioa hizpide izan zituen familia-erantzukizuneko enpresen foroan parte hartzeko. Ekimenean, Mutualiak ez ezik, Amadeus, Reale, Bankinter, Leche Pascual, Mahou eta beste hainbat enpresek ere hartu zuten parte, guztiak ere euren esperientziak partekatzeko asmoz. Guztiek argi utzi zuten bezala, familia bizitza eta lana uztartzeko nahia behar bezala gauzatzeko, euren interesak koordinatu behar dituzten bi eragile izaten dira beti: langilea bera eta enpresa.

Mantequerías Arias enpresak Mutualia gonbidatu du mutualitateak kontziliazioa kudeatzeko duen eredua lehen eskutik ezagutzeko asmoz

Hurbiltasunean eta gizatasunean oinarritutako kudeaketa eredua duela bermatzen duen Berdintasun Bereizgarriaren jabe den Mantequerías Arias enpresak familia-erantzukizuneko enpresa gisa ziurtatu nahi du orain bere burua. Hori dela eta, bertako zuzendaritzak Cristina Mendia Mutualiako ordezkaria gonbidatu du, jada ziurtagiria duen enpresa bateko kide gisa berau lortzeko bete beharreko baldintzak eta jarraitu beharreko prozedura lehen eskutik ezagutzeko. Hain zuzen ere, Mendiaren bisita jasotzeko, Mantequerías Ariaseko Berdintasun Batzordeak enpresako Berdintasun Eguna antolatzeko eta egindako berdintasuneko barne inkesta aztertzeko Oviedon antolatutako jardunaldi bat baliatu zuen zuzendaritzak.

Jardunaldian enpresako arlo ezberdinetako kideek parte hartu zuten, bai zuzendaritzakoak (zuzendari kudeatzailea, giza baliabideen zuzendaria, prestakuntza zuzendaria, prebentzio zerbitzuko zuzendaria), bai zerbitzu eta toki ezberdinetako langileak (Burgos, Valladolid, Oviedo…), bai enpresako kide ez ziren aholkulari sindikalak ere.

Cristina Mendiaren azalpenaren ostean, eztabaida oso interesgarria sortu zen ezarritako kontziliazio neurrietako batzuk martxan jartzeko orduan izaten diren zailtasunen inguruan, batik bat lanpostuen konplexutasuna dela-eta. Langileek aitortu zutenez, oro har pozik daude lana eta familia uztartzeko neurriak jorratzeko moduarekin, batez ere inguruko gainontzeko enpresekin alderaketa eginda. Hain zuzen ere, hori Mutualiako langileen artean nabaritzen dugun zerbait ere bada.

Partaidetza oso handia izan zen, eta, horri esker, Mantequerías Arias enpresan urtero egiten duten Berdintasun Egunaren antolakuntzarekin lotutako ideia berritzaileak plazaratu ziren –aurtengoan hirugarrenez egingo dute–.

Jardunaldia nola joan zen ikusita, badirudi Mantequerías Arias familia-erantzukizuneko enpresa gisa ziurtatua izateko moduan dela, zuzendaritzaren inplikazioa, ordezkari sindikalen partaidetza eta langileen beraien ekarpena begien bistakoak baitira, berdintasuna bultzatzeko egindako ideia tailerrean argi ikusi zen bezala.

Mutualiarentzat benetan atsegina izan da Berdintasun Bereizgarria duen eta familia-erantzukizuneko enpresa gisa ziurtatua izateko lanean ari den enpresa kide batekin kolaboratu ahal izatea. Era berean, benetan nabarmentzekoa da Mantequerías Ariaseko zuzendaritzak agertutako jarrera, prestutasun osoa agertu baitu bai kontziliazioa kudeatzeko ideia berriak kontuan izateko bai langileekin elkarlanean ideia berriak bilatzeko oinarrietara gerturatzeko, betiere pertsonen onerako. Zalantzarik gabe, hori aipatu ziurtagiria lortzeko bide egokia dela esan daiteke

Cristina Mendia, Mantequerías Arias enpresak Oviedon egindako Berdintasun Jardunaldian.

Mutualiak Gobernamendu on korporatiboa, balio sorkuntzarako palanka jardunaldian parte hartu zuen urriaren 20an CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak gonbidatuta. Jardunaldian Women CEO elkarteak Genero aniztasuna IBEX-35 indizeko enpresen administrazio kontseiluetan. Bikaintasunetik zero absolutura ikerketan aurkeztutako datuak aztertu ziren.

Ferrovial, Melía eta Laboratorios Admirall enpresetako kontseilari eta Bankinterreko lehendakaria ohi Juan Arena jaunak «Aldaketa esperientzia bat» hitzaldia eskaini zuen, etikaren, araudiaren eta errentagarritasunaren esparruen arteko oreka bilatzearen beharra nabarmenduz. Azaldu zuenez, balio galera arriskuak ahalik eta gehien gutxitu behar dira, eta, enpresetako administrazio kontseiluak gizartearen beraren isla direnez, beharrezkoa da balioa modu jasangarrian sortzea, bai arlo ukigarriak bai ukiezinak kontuan izanik.

Arena jaunak nabarmendu zuenez, talentuak ez du sexurik, eta, beraz, gaur egun oraindik ere emakumeak administrazio kontseilutako kide ez izateko arrazoi gisa ematen diren justifikazioetako asko erabat baliogabeak dira.

Jardunaldia amaitzeko Eva Ley Women CEO elkarteko ohorezko lehendakariak hartu zuen hitza. Bertaratutakoei mezu zuzena bidali zien: «Beste aldean berdintasuna dago. Ireki dezagun atea eta sar gaitezen».

Cristina Mendia CEOEk Madrilen antolatutako jardunaldian, Eva Levy Women CEOko ohorezko lehendakariarekin.

Aitaren aldeko amatasun-prestazioa ordezkapen bidezko haurduntza-kontratuetan.

Espainiako araudiak erabat deuseztzat jotzen du ordezkapen bidezko haurduntzako prozedura bati jarraikiz gauzatutako kontratua, baina, zer gertatzen da, araudiaren arabera, modalitate horren bidez jaiotako adingabeek Espainia dutenean helmuga?

Espainiako araudiak honako hau xedatzen du urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako GSLOaren testu bateginaren egungo 177. artikuluan: «Atal honetan aurreikusitako amatasun-prestazioaren ondoreetarako, babestutako egoeratzat jotzen dira amatasuna, adopzioa eta harrera»

Definizio juridikorik ezean, amatasuna, terminoaren zentzu arruntaren arabera, erditzea dela-eta ama bat bere seme-alabarekin lotzen duen erlazio juridikoa dela uler dezakegu, baina egungo gizarteko familia-kasuistika kontuan hartuta, definizio tradizionalegia da; aitzitik, araudi osoaren helburu gorena adingabea babestea da, eta, ondorioz, gai hori jurisprudentziaz ari da arautzen. Azkenaldian, joera irekiagoa eta amatasun mota hori hautatzen duten gurasoen aldekoagoa izaten ari da.

Kasurik ohikoenean, bikote bat (gizonezkoak, oro har) atzerriko herrialde batera doa, ordezkapen bidezko haurduntza-kontratua gauzatzen du bertako araudiaren arabera, adingabea jatorrizko herrialdeko kontsulatuan erregistratzen du, adingabearekin Espainiara itzultzen da eta Espainiako ordenamendu juridikoak hura aintzatetsi dezan saiatzen da.

Hasieran, baldintza jakin batzuk betez gero adingabea erregistratzeko aukera finkatu zen, baina Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salaren epaiaren ondorioz (2014/02/06), irizpidea askoz murriztaileagoa bilakatu zen, ez baitzen kontratu horiei jarraikiz jaiotzen diren haurren eta gurasoen arteko seme-alabatasuna onartzen, ez eta horiek Erregistro Zibilean sartzea ere. Egoera hori lau hilabete geroago aldatu zen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2014ko apirilaren 28ko epai baten ondorioz. Epai horretan, estatuek kontratu horiek arautzeko edo debekatzeko duten subiranotasuna ezeztatu gabe, atzerrian finkatutako seme-alabatasunak onartzeko marjina mugatu egin zuen. Horrek Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko urriaren 5eko Instrukzioan jasotakoa sendotzeko balio izan zuen. Instrukzio horrek ordezkapen-haurduntza bidez jaiotakoen seme-alabatasunaren erregistro-erregimena zehaztu zuen, beharrezko zuhurtasunarekin, eta, hala, gure herrialdean jarraipena eman zion atzerrian gauzatutako legezko seme-alabatasunari. Geroago, baina, Auzitegi Gorenak bere jarrera berretsi du, ez baitu uste eskubiderik urratzen denik, seme-alabatasuna Espainiako ordenamenduaren arabera finkatzeko alternatibak daudelako (adibidez, guraso biologikoa izatea eta bikotekideak adoptatzea).

Hasieran, auzitegien epaiak gurasoei diru-laguntzak ematea onartzearen aldekoak ziren, kasuak adopzioarekin parekatuta eta adingabearen interes gorena argudiatuta. Hala ere, aipatutako Auzitegi Gorenaren epaiak joera hori aldatu zuen; izan ere, gure araudiak ez zuen aintzat hartzen amatasuna aintzatestea, herrialde honetan indarrean dagoen araudiari jarraituz; hain zuzen, kontratu horiek erabat deuseztzat jotzen dituen Laguntza Bidezko Giza Ugalketako Teknikei buruzko Legearen 10. artikuluari.

Europako araudiak ez ditu estatu kideak haurduntza subrogatuagatiko amatasun-baimen bat onartzera behartzen, baina debekatu ere ez du egiten.

Adingabearen interes gorena babestea funtsezko oinarritzat hartuta, eta kontuan izanik amatasun-prestazioa zuzenean haren onurarako dela, gai horren inguruko jarrerak esleipen hori positiboki balioestearen aldekoak dira, betiere gaiaren konplexutasuna eta balioetsi beharreko kasuistika oso handia dela aintzat hartuta; beraz, Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren erabakiak ez du luze hartu behar, justizia-auzitegien askotariko epaiak kontuan hartuta (besteak beste: Madrilgo JANaren 2014ko abenduaren 23ko eta Kataluniako JANaren 2015eko martxoaren 9ko epaiak).

Hala, Bartzelonako epaitegi batek berriki (2016ko martxoaren 7ko epaia) amatasun-prestazioa onartu dio haurduntza-kontratu mota horren arabera seme bat izan zuen bikote bati; bi gizonez osatutako bikote bati, hain zuzen.

 

Sin. María Urizar. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Saskibaloia

Saskiaren kiroleko trebezia fisikoak

Euskadi da saskibaloia gehien praktikatzen duen tokietako bat, talde ugari baititu kategoria guztietan. Egia da Baskonia, Bilbao Basket eta, nesken kasuan, Gernika, Araski edo Gipuzkoa direla idatzizko prentsan, irratian eta telebistan orrialdeak eta saioak hartzen dituztenak. Hala ere, astebururo milaka neska-mutil aritzen dira saskiaren kirolean, herri eta auzo bakoitzeko kiroldegietako, ikastoletako eta eskoletako jokalekuetan. Gainera, gizonen eta emakumeen euskal selekzioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren babesarekin, urtero lehiatzen dira nazioarteko beste selekzioen aurka, eta modalitate horretan dagoen maila handia erakusten dute. Izan ere, saskibaloia txiki-txikitatik praktikatzen has daitekeen kirol bat da. Aire zabalean nahiz pista estalian jokatzen da, eta hortaz, laster iritsiko den neguan edo eguraldi kaskarreko egunetan, neska-mutilek ez dute oztoporik entrenatzeko edo partidak jokatzeko. Saskibaloiak onura fisiko ugari dakartza, hala nola koordinazio hobea edo kontzentrazio handiagoa eta erreflexu-abiadura interesgarria. Era berean, bizkortasuna eta lokomozio-gaitasunak garatzen laguntzen du, praktikatzen duenari erresistentzia handia emateaz gain. Kirol-modalitate horrek sistema kardiobaskularra zaintzen eta babesten du, eta, gainera, gihar-erresistentzia hobetzen duenez, kaloriak erretzen laguntzen du.

Gizarte-alderdiari dagokionez, saskibaloian aritzen den pertsona ororen autonomia sustatzen du kirol horrek. Eta, bereziki txikienei, talde baten kide sentitzen laguntzen die; hala, gizartean toki bat edukitzeko prestatzen ditu. Hainbat balio erakusten dizkie, esaterako: lankidetza, elkartasuna eta talde-jokoa. Izan ere, taldeka egiten diren kiroletan, lehiakortasuna baino garrantzitsuagoak dira lankidetza eta adiskidetasuna. Joko horren dinamikak berak azkartasunez aritzen, denbora laburrean erabakiak hartzen eta partidek planteatzen dituzten egoera korapilatsuak ebazten erakusten die neska-mutilei. Intentsitate handiko beste edozer kirolek bezala, saskibaloiak gastu handia eragiten du energiari eta metabolismoari dagokienez. Erasoaldi azkarrak daude, korrikaldi asko, errebotea bilatzeko jauziak eta etengabeko mugimendua, eta horrek erresistentzia hobetzea ahalbidetzen duen gainahalegina eskatzen du. Gaitasun aerobikoa ere estimulatzen du, birikak sendotzen ditu eta metabolismoaren energia- eta erresistentzia-maila areagotzen du. Beraz, kirol gomendagarria da gazteengan iraupen kardiobaskularra indartzeko eta odol-zirkulazioa eta arteria-presioa erregulatzeko. Giharrak eta gorputzeko atal guztiak kontrolatzeko gaitasuna modu naturalean garatzen da, haurra hazten eta bere burua kontrolatzen ikasten doan neurrian. Gainera, kirol ezin hobea da oreka hobetzeko eta bizkortasuna estimulatzeko, batez ere blokeoen erantzunak, era guztietako paseak, jauzien kopurua, korrikaldiak, defentsak, driblinak, barneraldiak, hainbat distantziatatiko jaurtiketak, kontraerasoak, berreskurapenak, etab. direla-eta. Plangintza eta zehaztasun pixka bat eta erreakzio oso azkarrak behar dituzten trebezia asko eskuratzen dira. Saskibaloiak bizkortasuna eskatzen du baloiaren norabide-aldaketen aurrean oinak mugitzeko eta azkar erantzuteko. Horregatik, saskibaloian aritzen diren neska-mutilek trebezia fisiko horiek garatzen dituzte, bai eta jokaldiak prestatuz eta jokalekuan trebetasunez mugituz aurkariak gainditzeko lagungarriak zaizkien trebezia kognitiboak ere. Azkar erantzuteko gaitasuna azpimarratzen da; hori sormena estimulatzen duen abantaila bat da. Denboraldi honetan ere saskiaren kirolean pertsona asko trebatuko dira eta gure saskibaloi-jokalekuetan milaka partida jokatzeko garaia da.

2016ko Bonus kanpaina

Joan den abuztuaren 15ean, 2016an aurkeztutako Bonus pizgarrirako eskaerei buruzko proposamen-txosten ez-lotesleak Gizarte Segurantzako Antolamendu Zuzendaritza Nagusiari (GSAZN) igortzeko epea amaitu zen.

Bonus pizgarri-sistema arautzen duen 404/2010 EDa argitaratu zenetik urtero gertatu den bezala, aurten ere apirilaren 1etik ekainaren 30era luzatu da eskariak aurkezteko epea.

Kanpainak iraun duen hiru hilabete horietan, Mutualiaren pizgarria jasotzeko 134 eskaera aurkeztu dira, 116 enpresaren eskutik; hortaz, eskaerek % 6 baino gehiago egin dute behera 2015eko kanpainan aurkeztutakoekin alderatuta.

Aipatutako 134 eskaera horiek alde batera utzita, Mutualiako kide diren gutxienez beste 8 enpresak eskaera beste mutua batean aurkeztuko dutela uste dugu, kotizazioko kontu-kode nagusia mutua horretan babestuta daukatelako. Hortaz, gure kalkuluen arabera, kanpaina honetan Bonus pizgarria eskura dezaketen eskaerak guztira 142 izango dira, eta horietatik 6 baztertu beharko dira, atzera egin dutelako edo ezeztatu direlako.

Halaber, 136 eskaera horiek guztira 1.910.000 €-ko pizgarria lortu dezaketela kalkulatzen dugu. Horrek esan nahi du eskaeren batez besteko pizgarria 14.000 €-tik gorakoa izango dela. Guztizko zenbateko horrek Mutualiak 2016an lanbide-kontingentziengatik bilduko dituen kuoten % 0,98 osatzen du.

Eskaera bidez berreskuratutako lanbide-kontingentzietako kuoten batez besteko portzentajea ordaindutako kuoten % 8,14ra iritsi ahalko da (% 5 gutxienez eta % 10 gehienez, inbertsioen mugarekin kasu bietan).

Ikuskapen-aldiari dagokionez, eskaeren % 97k 2015eko ekitaldia baino ez du behar izan lanbide-kontingentziengatik kotizatutako 5.000 €-ko gutxiengo bolumena eskuratzeko. Eskarien % 2k ekitaldi batez baino gehiagoz osatutako ikuskapen-aldia (2014-2015 edo 2013-2015) behar izan du kotizazio-bolumen hori lortzeko; eta gainerako % 1 hori 2012-2015 ikuskapen-aldian aipatutako kotizazio-bolumenera iritsi ez den «enpresa txiki» bati dagokio.

Artikuluaren hasieran azaldu dugun bezala, kanpaina honetako proposamen-txosten ez-lotesleak GSAZNri bidali zaizkio dagoeneko, eta aurreko kanpainak oinarritzat hartuta, ez dugu uste 2017. urtearen amaiera arte ebatziko direnik. Ebatziko den hurrengo kanpaina 2015ekoa izango da (2014ko ikuskapen-aldia) eta datorren abenduan edo urtarrilean gertatuko da.

Bonusaren baldintzak betetzen diren kontrolatzeko kanpaina

Azkenaldian Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza (LGSI) aurreko kanpainetan Bonus pizgarria eskatu duten enpresen artean Bonus pizgarriaren eskaeran adierazitako informazioa dokumentalki egiaztatzeko kanpaina bat egiten ari dela jakinarazten dizuegu. Ez dakigu LGSIa zer hautaketa-irizpide ari den aplikatzen, baina Bonusaren araudian xedatutakoari jarraiki, besteak beste, prebentzioko ordezkarien adostasuna adierazten ez duten eta horien alegazioak jaso dituzten eskaera guztiak aukeratuko dira.

LGSIa honako dokumentazioa eskatzen ari da: arriskuak ezabatzen edo murrizten dituzten LAParen arloko inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa, eskaeran aurkeztutako adierazpena betetzen dela bermatzen duten LAPeko Kudeaketa Sistemaren agiriak (arriskuen ebaluazioa, LI edo LG ikerketak, osasun-zaintza, prestakuntza, informazioa, etab.), eta, bereziki, 404/2010 Errege Dekretuaren 2.1.g artikuluan jasotako bost ekintza espezifikoetatik bi gutxienez gauzatu izana frogatzen duena.

Era berean, ezbehar-tasa orokorraren eta muturrekoaren mugak gainditzen ez direla egiaztatzen duen agiri bat aurkeztu behar da (Mutualiak emango die eskatzen duten enpresei).

 

Diego Badosa Quintana. LAJU prozesuaren zuzendaria

«Mugikortasun segururako hezkuntza» mintegi teknikoa

Zirkulazioko istripuen kopuruak gorakada izan du 2015ean aurreko urteen aldean; horregatik, Mutualiak eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak «Mugikortasun segururako hezkuntza» deituriko mintegi teknikoa proposatu dute urrirako.

Laneko bide-arriskuen prebentzioa sustatzeko mintegia, in-itinere eta misioan gertatzen diren istripuak murrizteko metodologia modura.

Horrelako istripuen zergati nagusietako bat pertsona bera eta haren sentsibilizazio-maila da (hutsegiteak, abiadura, mugikorrak, eta abar).

Mintegiaren helburua enpresa bakoitzeko hezitzaileak prestatzea da, gidarien artean ahalik eta sentsibilizazio eta hedapenik handiena egiten saiatzeko.

Parte hartu dutenek, urriaren 13an, giro dinamiko eta parte-hartzailean aukera izan dute istripuen kausalitatea, tresnak, ariketak, dauden arriskuei buruzko gogoetak zein joan-etorrietan hartzen diren arriskuak bertatik bertara esperimentatzeko, besteak beste.

Mutualiako instalazioetan egin beharreko aurrez aurreko 2 saioetan lehena izan da. Eta hurrengo saioa azaroaren 3an egingo da. Mintegia osatzeko, halaber, fase birtual bat ere izan da (bideoak, foroak….), non hainbat enpresatako parte-hartzaileek azaldutako guztia aintzat hartu duten.

 

Prebentzio Saila

Raquel Serrano Olivares andreari elkarrizketa: bereziki sentiberak diren langileei buruzko alderdi juridikoak.

RAQUEL SERRANO OLIVARES zuzenbideko doktorea da, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzenbideko irakasle titularra Bartzelonako Unibertsitatean. Horrez gain, hizlari jardungo du MUTUALIAK urriaren 25erako antolatu duen mintegian: “BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA”.

1.- Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzenbideko irakasle zaren aldetik, nola definituko zenuke zuk langile bereziki sentibera (LBS)?

LAPLren 25. artikuluaren arabera, LBSak dira beren ezaugarri pertsonalak (adina, desgaitasuna edo beste batzuk) edo egoera biologiko jakina (haurdunaldia/edoskitzaroa) direla-eta laneko arriskuekiko sentiberatasun handiagoa duten langileak; hau da, istripu bat edo gaixotasun bat izateko probabilitate handiagoak izan ditzakete. Kontzeptuak muga oso zabalak ditu; izan ere, ezaugarri pertsonal mota guztiak hartzen ditu barne, iraunkor nahiz iragankor: adibidez, alergia bat, migrainaren moduko gaixotasun kroniko bat, edo tratamendu farmakologiko jakin bat. Ildo horretan, interesgarria da nabarmentzea azken urteetan zabaldu egin dela “desgaitasun” kontzeptua araudi-mailan, eta iraupen luzeko mugaren bat dakarren gaixotasun sendagarri nahiz sendaezin oro sartu dela barruan. Hala, LBStzat har daitezke hala desgaitasun aitortua duten pertsonak nola, desgaitasun aitorturik izan gabe ere, iraupen luzeko gaixotasun bat dutenak.

2.- Gure lan-ingurunean kolektibo berriak agertu dira; adibidez, beste herrialde batzuetatik (nagusiki garapenbidean daudenak) datozen langileenak, edo adin aurreratuko langileenak. Horiek ere LBStzat hartzen al dira?

LAPLren 25. artikuluak ez du ezartzen laneko arriskuekiko sentiberatasun handiagoa ekar dezaketen egoera edo ezaugarri pertsonalen zerrenda itxi bat; beraz, hasiera batean, lan jakin baten arrisku zehatzekin elkarreragiten duen ezaugarri pertsonal orok eragin lezake sentiberatasun handiagoa. Horixe da adin aurreratuko langileen kasua. Gaitasun psiko-fisiko jakin batzuen narriadura agertzen dute, adin aurreratuarekin loturan. Horixe da, halaber, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonen kasua. Baliteke maila txikiagoan ezagutzea hizkuntza, eta horrek ulertzeko zailago bihurtzen ditu laneko arriskuak eta horiek segurtasunean eta osasunean izan dezaketen ondorioak. Horrez gain, gerta liteke beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek laneko arriskuak txikiagotzeko joera izatea, eta horiekiko tolerantzia handia agertzea. Aintzat hartu beharreko beste elementu bat da laneko arriskuak ugaritu ere egin daitezkeela, zenbait erlijio-ohiturari jarraitzearen ondorioz.

3.- Zer erregulazio-maila ezartzen du laneko araudiak LBSentzako lan-baldintza eta prebentzio- eta mugikortasun-neurriei buruz? Zure ustez, hutsune legalak daude?

Erregulazio-mailan oreka falta da laneko arriskuekiko bereziki sentiberak diren langileentzako prebentzio- eta mugikortasunneurrien zehaztapen-mailari dagokionez. Bai langile haurdunak nahiz edoskitzaroan daudenak, bai langile adingabeak nahiz iraupen mugatuko kontratuen bitartez kontratatutakoak, erregulazio zehatzagoa dute enpresaburuak jarraitu beharreko prebentzio-bideari buruz. Hala, prebentzioaraudiak argi eta garbi zedarritzen ditu enpresaburuak zer berariazko betebehar dituen kolektibo horiei dagokienez mugikortasunaren eta informazio/prestakuntzaren alorrean. Hala ere, gainerako LBSei dagokionez, araudiak ez du oso ondo zehazten zenbaterainokoa litzatekeen enpresaburuaren babes-betebeharra mugikortasuneko neurriak hartuko balira (zeregin- eta/edo lanpostu-aldaketa). Begien bistan da LBS bat izateak ez duela zertan areagotu nahitaez enpresaburuaren babes-betebeharra. Dena dela, legediko zehaztapen faltak, praktikan, segurtasun juridikoko falta handia dakar. Jarduera-sektore eta enpresa batzuetan soilik leuntzen da, aplikatzen den hitzarmen kolektiboan alderdi horiek erregulatuta badaude.

4.- Zer berezitasun eduki beharko lituzke enpresa bateko laneko arriskuen ebaluazioak, langile bereziki sentiberak baditu, halakorik ez duen enpresa baten aldean? Eta osasunaren zaintzari dagokionez?

Enpresa guztiek ikuspegi bikoitzetik heldu behar diote arriskuen ebaluazioari: objektibotik eta subjektibotik. Horrek esan nahi du arriskuen ebaluazioan ezinbestean hartu behar direla aintzat lanpostu jakin bat beteko edo betetzen dutenen ezaugarri pertsonal bereziak. Horretarako, bereziki baliagarria da zerrenda bat izatea, eta bertan jasotzea enpresaren arrisku-ebaluazioan hautemandako arrisku guztiekiko eta bakoitzarekiko sentiberatasun berezia ekar dezaketen egoera edo ezaugarri indibidualak. Ezaugarri indibidual horietako zenbait hautemateko, hala behar denean, arrisku-ebaluazio gehigarri bat egin beharko da, sentiberatasun berezi horri egokituta, ezartzeko ea beharrezkoa den babesa indartzea edo ez. Osasunaren zaintzari dagokionez, esan daiteke tresna abantailatsua dela sentiberatasun berezia hautemateko ere. Behin hori hautemanda ere, sarri ezinbesteko tresna da osasun-zaintza, LBS pertsonen osasun-egoera ebaluatu eta babesteko, beren lanpostu eta lantokietan aurkitzen dituzten arrisku espezifikoei dagokienez. Testuinguru horretan, nahitaezko azterketa medikoak ezar litezke, borondatezkotasunaren arau orokorra hautsiz. Ezarpen hori justifikatuta egongo da azterketa medikoak ezinbestekoak direnean lan-baldintzek langileen osasunaren gain eragiten dituzten ondorioak ebaluatzeko, ez badago eragin hori neurtzeko beste ordezko bide egokirik, edo benetako arrisku objektibagarri bat hautematen denean, langilearen nahiz besteren osasunerako.

5.- Noraino iristen da enpresaburuaren betebeharra LBSak babesteari dagokionez, eta zer berariazko neurri har ditzake?

Jada esan dudan moduan, prebentzio-araudian ez da argi zehazten LBSen babesaren norainokoa, kolektibo jakin batzuentzat izan ezik. Hala ere, indarrean den arau-esparrutik erraz ondorioztatu daitezke hiru prebentzio- edo babes-neurri hauek: 1) Arriskuen ebaluazioak aintzat hartu behar ditu lanpostu jakin bat beteko edo betetzen dutenen ezaugarri pertsonalak horiek eragina izan badezakete lanpostu horren arrisku espezifikoen eguneraketan. 2) Osasunaren zaintza eta, batez ere, azterketa medikoak funtsezko tresna dira LBSak hautemateko, ebaluatzeko eta babesteko, eta nahitaezkotasunez ezar daitezke. 3) Enpresaburuaren betebeharra da LBSei bere osasunegoerarekin bateraezinak diren lanpostuetan lanik ez ematea; hala ere, araudiak ez du zehazten betebehar horren norainokoa eta, beraz, zalantza sortzen da: enpresaburuak lanpostua aldatu behar dio edo ez? Eta zer baldintzetan? Lanbide-maila berean? Jatorriko lanpostuko eskubide ekonomikoei eutsita? Lanpostu libre bat dagoenean soilik, edo betiere? -. Doktrina judizial nagusiak ildo horretan interpretatzen duenez, enpresaburuak, “egokitasun falta”ren adierazpen bat jasotzen badu prebentzio-zerbitzutik, LBSari beste enplegu edo lanpostu bat ematen saiatu behar du, hura ondoren agertutako trebetasunik ezagatik kaleratzen hasi aurretik.

6.- Zer-nolako erantzukizunak ondorioztatu daitezke LBSen arloko ez-betetzeengatik? Nor izan daiteke subjektu erantzule, erantzukizun motaren arabera?

Nabarmendu beharreko lehen kontu garrantzitsua da enpresa ez dela erantzukizunetik libratuko azterketa medikoak eskasak eta desegokiak izate hutsagatik, ezta LBS bat dagoela ohartzen ez badiote ere. Enpresak osasunaren zaintza kanpora atera arren, halakoetan, inguruabar soil horrek ez du erantzukizunez gabetuko. Bestalde, aintzat hartu behar da honako hau: laneko istripu edo gaixotasun profesional bat gertatzen denean LBS arloko prebentzio- edo babes-betebeharrak ez betetzearen ondorioz, lau erantzukizun mota posibleri egin behar dio aurre enpresak: a) Penala: delituak eta faltak. Enpresaburua edo administratzaileak edo zerbitzuaren arduradunak edo neurriak har zezaketenak izango dira erantzule penal nagusiak, enpresaburua pertsona juridikoa bada; enpresaburuarekin batera, erantzule penal izan daitezke arauzko betebehar jakin batzuk betetzera legez behartutako pertsonak, bereziki, laneko segurtasuneko eta osasuneko arloko espezialistak: izendatutako langileak; prebentzio-teknikariak, direla enpresaren prebentzio-zerbitzukoak, direla kanpokoak; laneko segurtasuneko eta osasuneko arloko koordinatzaileak (eraikuntza) eta prebentzioko baliabideak. Nolanahi ere, aipatu behar da LBSek lesio edo kalterik jasaten ez dutenean ere ezar daitekeela erantzukizun penala; izan ere, Kode Penalak berdin tipifikatzen du langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzea –arrisku-delitua–. b) Administratiboa: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduketaren ondoriozko zehapen administratiboak. Nagusiki, arauak hautsi dituen enpresaburuari egokituko zaizkion isun ekonomikoak dira. Erantzukizun administratiboak ere ez du eragindako kalteren beharrik; nahikoa da prebentzioko edo babeseko betebeharren bat ez betetzea. Baldintza jakin batzuetan, ezin da ezarri zehapen administratiboa enpresa jada erantzule penaltzat jo bada gertaera berberengatik. c) Gizarte Segurantzakoa: Gizarte Segurantzako prestazioen errekargua. Prebentzioko betebehar orokor edo espezifiko bat ez betetzea eta kalte bat eragitea eskatzen du. Honelako erantzukizunak enpresaburu arau-hauslearen gain erortzen dira eta ezin dira aseguratu. Horrez gain, gainerako erantzukizunetatik bereizia dago eta horiekin bateraezina da, baita penalarekin ere. d) Zibila: kalte-galeren ordaina. Horretarako, kalte bat eragin behar da; aldi berean, enpresaburuaren erruz edo zabarkeriaz gertatu behar da. Erantzukizun aseguragarria da.

MUTUALIAKO Prebentzio Sailak egindako elkarrizketa

2016ko urriaren 3tik 15era bitartean (BOE, EHAA, ALHAO, BAO, GAO eta EBAO) aldizkari ofizialetan argitaraturiko interes orokorreko xedapenak

2016ko urriaren 3tik 15era bitartean (BOE, EHAA, ALHAO, BAO, GAO eta EBAO) aldizkari ofizialetan argitaraturiko interes orokorreko xedapenak
I.- SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBOAK:
Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 2016/10/5

Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2016/10/7

  • Enplegu Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2016ko irailaren 26koa, animalientzako janari konposatuen industrien sektorearen hitzarmen kolektiboa erregistratu eta argitaratzen duena. 9227 xedapena – 43 or.
  • Enplegu Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2016ko irailaren 26koa, Auzitegi Gorenak estatu-mailako IV. Lan Akordioa aldatzeko akordioari buruz emandako epaia erregistratu eta argitaratzen duena. 9229 xedapena – 12 or.
  • Enplegu Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2016ko irailaren 26koa, ile-apainketako eta estetikako, musika-irakaskuntzako, eta arte aplikatu eta arte-lanbideen irakaskuntzako ikastetxeetarako hitzarmen kolektiboaren 2014., 2015. eta 2016. urteetarako lansari-taulak erregistratu eta argitaratzen dituena. 9230 xedapena – 5 or.

 

II.- ARAU-XEDAPENAK:
BOE (Estatuko Aldizkari Ofiziala):
2016/10/4

ENPLEGU ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOA

·         Gizarte Segurantza.- ESS/1588/2016 Agindua, irailaren 29koa, 2016ko ekitaldirako kontingentzia arruntei dagokien Gizarte Segurantzako kotizazioaren oinarri normalizatuak finkatzen dituena, ikatz-meatzaritzako erregimen berezian. 9073 xedapena – 8 or. 

2016/10/5

PRESIDENTETZA MINISTERIOA

·         Zerbitzu publikoak. Sarbide elektronikoa.- PRE/1590/2016 Agindua, urriaren 3koa, ministerio-sailen web-atarien bidez araugintza-prozesuetan parte-hartze publikoa gaitzeko jarraibideak ematen dituen Ministro Kontseiluaren 2016ko irailaren 30eko erabakia argitaratzen duena. 9121 xedapena – 3 or.

EKONOMIA ETA LEHIAKORTASUN MINISTERIOA

·         Aseguru pribatuak.- ECC/1591/2016 Agindua, urriaren 4koa, aseguru- eta berraseguru-erakundeen taldeek sei hilean behin estatistikako eta kontabilitateko xedeetarako bidali behar duten informazio kuantitatiboko ereduak onartzen dituena. 9122 xedapena – 4 or.

2016/10/8

ENPLEGU ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOA

·         Lan-egutegia.- Enplegu Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2016ko urriaren 4koa, 2017. urterako lan-arloko jaiegunen zerrenda argitaratzen duena.9244 xedapena – 4 or.

2016/10/11

JUSTIZIA MINISTERIOA

·         Espainiako nazionalitatea. Administrazio-prozedurak.- JUS/1625/2016 Agindua, irailaren 30ekoa, Espainian bizilekua izateagatik Espainiako nazionalitatea emateko prozedurak izapidetzeari buruzkoa. 0314 xedapena- 14 or.

OGASUN ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO MINISTERIOA

·         Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.- HAP/1626/2016 Agindua, urriaren 6koa, azaroaren 10eko EHA/3127/2009 Agindua aldatzen duena (lanaren eta ekonomia-jardueren etekinen, sarien, eta ondare-irabazi nahiz errenta-egozpen jakin batzuen gaineko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako atxikipen eta sarrerei buruzko urteko laburpenaren aitorpenerako 190 eredua onartzekoa), eta beste zerga-arau batzuk ere aldatzen dituena. 9315 xedapena – 13 or..

ENPLEGU ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOA

·         Gizarte Segurantza.- Gizarte Segurantzaren Estatu Idazkaritzaren ebazpena, 2016ko urriaren 6koa, irailaren 29ko ESS/1588/2016 Agindua (ikatz-meatzaritzako erregimen berezian, 2016ko ekitaldirako kontingentzia arruntei dagokien Gizarte Segurantzako kotizazioaren oinarri normalizatuak finkatzen dituena) aplikatzearen ondoriozko aldeak sartzeko epe berezia ezartzen duena. 9316 xedapena – 1 or.

 

EHAA (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria):
2016/10/3

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA

  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren agindua, 2016ko irailaren 16koa, EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onartzen duena. 4165 xedapena- 3 or.

2016/10/10

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA

OGASUN ETA FINANTZA SAILA

·         Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren eta Ogasun eta Finantza sailburuaren agindua, 2016ko irailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika onartzen duena. 4252 xedapena – 17 or.

LEHENDAKARITZA

2016/10/11

OSASUN SAILA

ALHAO (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala): 
2016/10/10

EUSKADIKO ADMINISTRAZIOAK

2016/11/14

DIPUTATUEN KONTSEILUAREN FORU DEKRETUAK

BAO (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala):
2016/10/4

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOA

·         Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.- Bizkaiko Lan, Enplegu eta Gizarte Politiketako ordezkariaren ebazpena, 2016ko irailaren 27koa, Bizkaiko Lurralde Historikoko tokiko eta lurraldeko festen egutegia ezartzen duena. 33. or. eta hurrengoak.

 

GAO (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala):
2016/10/3

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA

EBAO (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala): 

 

 

 

Kepa Bilbao Zubiaur
Tel.: 94 425 25 15   Faxa: 94 423.22.95
e-maila:informacion.juridica@mutualia.es
• • • • • • • • • • • • • • • • • • • • • • • • • • •
MUTUALIA, GIZARTE SEGURANTZAREN 2. ZK.KO MUTUALITATE LAGUNTZAILEA
HENAO, 26 – 48009 BILBO