Estreinaldian gaude!

Ikusi gure karpeta berri eta pertsonalizatua!

Dokumentazio-formatu berri eta praktikoagoa aurkeztera gatozkizu. Horren bidez, zerbitzurik onena eskaini ahalko diegu gure enpresa eta aholkularitza-enpresa lankideei, bai eta ingurumen-jasangarritasunean ekarpena egin ere.

Karpeta pertsonalizatu berria kartoiz dago eginda, % 100. Hori fabrikatzeko, 4 aldiz energia gutxiago erabili da aurreko karpeten aldean, eta, hala, karpetak, bere bizitza-ziklo osoan zehar, % 70 CO2 emisio gutxiago sortzen du.

Ekimen berri honen bitartez, alegia, erosketa jasangarriaren bitartez, Mutualiaren ZERO PLASTIKO konpromisoarekin bat egiten jarraitzen dugu, bai eta ingurumen-sentsibilizazioaren eta garapen jasangarriaren alde egiten ere.

Karpeta berriaren barruan, elkarteko kide izateko agiriez gain, honako hauek daude:

  • Jarduketa-gidaliburu bat, laneko istripu bat gertatzen bada.
  • Zugandik gertuen dagoen zentroa erakusten dizugu.
  • Estranetean alta emateko modua, bai eta horren funtzioak ere.
  • Jaso ezazu gure Prebentzio Sailak eskaintzen dituen zerbitzuen berri.
  • Jaso ezazu gure prestazio ekonomikoen berri.
  • Harremanetan jartzeko bideak.

Espero dugu zuen gustukoa izatea!

Bideozaintza enpresetan

video camaras

Lege-egoera eta egungo jurisprudentzia (2019ko azaroa)

Konstituzio Auzitegiaren 39/2016 epaiak (horren berri ematen du Auzitegi Goreneko 4. Salaren 2017ko martxoaren 2ko epaiak, 554/2016 DBKE) 2012. urtean (Datuak Babesteko 1999ko Lege Organikoa indarrean zela) izandako zenbait gertakari aztertzen ditu. Lan-esparruan irudiak hartzeari dagokionez, datuen babeserako eskubidea balioesten du, eta lan eta negozio-harremanean langileak bere adostasuna inplizituki ematen duela dio, izaera pertsonaleko datuen trataera beharrezkoa bada, betiere, alderdiek sinatutako kontratuari eusteko eta kontratu hori betetzeko. Adostasunaren dispentsak, horrela, lan-harremanari eusteko eta betetzeko beharrezkoak diren datuei egiten die erreferentzia, eta, beraz, lan-kontratutik ondorioztatutako betebeharrak hartzen ditu barnean. Horregatik, lan-harremana kontrolatzera zuzendutako datuen tratamendua aipatutako salbuespen horren babesean ulertu behar da, Konstituzio Auzitegiaren ustez, hura betetzera zuzentzen baita. Garrantzitsua litzateke zehaztea ea lortutako irudia lan-harremana kontrolatzeko xedez erabili den; izan ere, datuen tratamenduak kontratu-harremanari eustearekin edota harreman hori garatu eta kontrolatzearekin harremanik ez daukanean soilik egongo litzateke behartuta enpresaburua eragiten zaien langileei beren adostasuna eskatzera. Dena dela, adierazitako kasu horietan adostasunik behar ez bada ere, informatzeko eginbeharra hor dago, datuen babeserako eskubidearen funtsezko edukia den neurrian, interesdunaren adostasunaren beharraren osagarri ezinbestekoa denez.

Doktrina hori aplikatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak 2019ko uztailaren 16an (1242/2919 errek.).

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Areto Nagusiak 2019ko urriaren 17an emandako epaiak supermerkatu batean zenbait langilek dirua ebasten zuten susmoak zeudenean enpresek ezkutuan bideokamerak erabiltzea aztertu zuen. Epaiak bere ondorioetan dio enpresak legezko arrazoi aski eman zituela (legez kontrako ekintza larrien arrazoizko susmoa, jabetza konprometitzen zuena, galera esanguratsuekin) kamerak jarri ahal izateko, langileei edota horien ordezkariei kamera horiek jarrita zeudela aurrez abisu eman beharrik gabe (gardentasunaren printzipioa), eta neurri horrek ez duela urratzen Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8. artikuluan zehaztutako pribatutasun-igurikimena. Sala Nagusiaren iritziz, inguruabar horiek kontuan hartuta, ez zen arrazoizkoa enpresak bere enplegatuen pribatutasunari dagokionez halako babes maila errespetatzea, lehentasuna zutenez “enpresaren funtzionamendu egokiarekin” lotutako arrazoiek. Zehazki (134. paragrafoa): «Hortaz, nahiz eta ezin den onartu oro har enplegatuen delitu susmo hutsengatik […] justifikatuta dagoela enplegatzaileak kamerak ezkutuan jartzea, arau-hauste larri bat egin dela pentsatzeko arrazoizko susmoak izatean eta galera esanguratsuekin jabetza konprometitu denez, kasu honetan uler daiteke badagoela justifikazio aski». Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epai horrek gehiago ere badio enpresa-interesen (jabetzaren eta laneko ordena egokiaren) autotutoretzaren alde (ezkutuko bitartekoen bidez eta pribatutasuna inbadituz): “Hori […] ziurragoa da enpresa baten funtzionamendu ona arriskuan dagoenean, ez soilik enplegatu baten jokabide txarraren susmoa dagoelako, zenbait enplegaturen ekintza hitzartu baten susmoa dagoenean baizik, horrek konfiantza falta nabarmena sortzen baitu oro har lantokiko giroan”.

Kontuan izan behar da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2019ko urriaren 17an emandako epai hori 2009an gertatu ziren gertakariez ari dela, erregulazio berri bermatzaileago bat aplikatzeko aukera izan baino lehenagokoez (2018ko maiatzean): Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorraz (EB) ari gara; Erregelamendu horretan, 12. artikulutik 15.era bitartekoek datu pertsonalen tratamendurako informazioa jasotzeko eskubidea xedatzen dute, eta, testu horretan, ez dago salbuespenik. Horregatik, Erregelamendu horrek esparru bermatzaileago bat indarrean jarri duen honetan, zentzuzkoa da galdetzea Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakia bestelakoa izango ote zen.

Europako Auzitegi horren epaia Espainiako Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 25eko 25/2919 epaia itxura batean doktrina bermatzaileago baten alde agertzen ari zenean etorri da (2010eko gertakariak epaitzen ari delarik), oro har ezkutuko kamerak erabiltzea debekatzen baitu, nahiz eta kazetaritzako lanbideaz ari den (lan-harremanetara estrapola daiteke).

Gainera, 2019ko urriaren 17an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epai horrek kontraesana adierazten du 2018ko urtarrilaren 9an López Ribaldaren auzian Giza Eskubideen Europako Auzitegi horrek berak emandako epaiaren doktrinarekiko; izan ere, azken horrek zioen Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua urratzen zela, izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubideez esplizituki eta anbiguotasunik gabe langileei aurrez informazioa eman gabe bideozaintzako sistema bat ezarriz. Legegintzaren esparruan gauzak argitu nahian, Espainian indarrean dugu 2018ko abendutik 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; hala dio 89.1 artikuluko 2. paragrafoak: “enplegatzaileek zilegi izango dute kamera-sistemen bidez edo bideokameren bidez lortutako irudiak tratatzea, langileak edo enplegatu publikoak kontrolatzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan eta funtzio publikoaren gaineko legerian, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak betetzen dihardutenean, baldin eta eginkizun horiek haien lege-esparruaren barruan eta esparru horri dagozkion mugen barruan egikaritzen badira. Enplegatzaileek neurri horren JAKITUN JARRI behar dituzte langileak edo enplegatu publikoak eta, hala badagokio, baita haien ordezkariak ere, ALDEZ AURRETIK, berariaz eta argi eta labur.

Langileek edo enplegatu publikoek LEGEZ KONTRAKO AGERI-AGERIKO EKINTZAREN BAT egin dutela antzematen bada, informatzeko eginbeharra jadanik betetzat joko da, baldin eta lege organiko honen 22.4 artikuluan aipatzen den gailua, gutxienez, existitzen bada” (informaziogailua erraz ikusten den toki batean jartzen denean eta gailuak gutxienez hauen berri ematen duenean: tratamenduaren berri, arduradunaren identitatearena eta 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoek xedatutako eskubideak egikaritzeko aukerarena. Era berean, informazio horretara daraman lotura-kodea edo Interneteko helbidea sartu ahalko da informaziogailu horretan).

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainaren 4an emandako epaiak (969/2019 errek.) Lege Organiko hori aplikatu du, eta deusez deklaratu ditu gailu baten bidez grabatutako irudiak, langileei berariaz eta aski den modu batean gailu horren berri eman ez zaielako.

Hortaz, aipatutako jurisprudentzia eta indarreko legeria kontuan hartuta, ondorio hauek atera daitezke:

a) EZ da beharrezkoa langileen BERARIAZKO ADOSTASUNA lantokian lan-jarduera kontrolatzeko xedez irudiak grabatu ahal izateko.

b) Lantokian bideozaintzako kamerak daudenean eta lan-kontrola dutenean xede, horren BERRI eman behar da.

c) “LAGILEAK LEGEZ KONTRAKO AGERI-AGERIKO EKINTZAREN BAT” egiten ikusten badira grabazioan, informatzeko eginbeharra jadanik betetzat joko da, betiere, aurrez gutxienez informazioa emateko gailu bat erraz ikusten den toki batean dagoenean, eta, gutxienez, hauen berri ematen duenean gailuak: tratamenduaren berri, arduradunaren identitatearena, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 15. artikulutik 22.era artekoek xedatutako eskubideak egikaritzeko aukerena.

José Angel Moral. Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Iraupen-eskia

ekfb

Neguko kirolaz gozatzeko modalitatea

ekfb

Negua aurreratu egin da gure lurraldean eta zale asko hurbildu dira eski-estazioetara, kirol erakargarri batez gozatzera: eskiaz, hain zuzen ere. EKFBren atal honetan, iraupen-eskiari buruz hitz egingo dugu hilabete honetan, abantaila asko baititu modalitate horrek.

Neguko kirolen artean, eskia da lehenengo aukera, argi eta garbi. Gure autonomia-erkidegoan, adin guztietako milaka pertsona aritzen dira kirol horretan. Gehienek eski alpetarra edo snowboarda egiten duten arren, oso osasungarriak diren beste aukera ekonomikoago batzuk hauta daitezke, esaterako, iraupen-eskia eta mendiko eskia. Espezialitate horrek lesioak egiteko arrisku txikia dakar eta asko garatzen ditu ahalmen aerobikoa, indarra eta erresistentzia; horregatik, oso gomendagarria da neguan egiteko. Adin guztietako pertsonek egin dezakete iraupen-eskia eta onura asko ekar ditzake, egin diren ikerketa zientifikoen arabera. Prestakuntza fisikoari dagokionez, modalitate horrek lasterketaren antz handia du, baina ez da hain traumatikoa artikulazioentzat, elurretan labaintzeak inpaktuak murrizten baititu. Oso mesedegarria da erresistentziako kirol modura, oxigeno gutxiko toki garaietan egiten delako. Hala, bihotza indartu eta sistema kardiobaskularra hobetzen du. Gure gorputzeko giharrei dagokienez, iraupen-eskiak gorputza estilizatzen du, eta oso kirol osotzat hartzen da, hanketako eta besoetako giharrak indartzen dituelako.

Gure osasunarentzat dakartzan onurez eta prestakuntza fisiko onaz harago, beste arrazoi on batzuk daude iraupen-eskian aritzea gomendatzeko. Zure kabuz aritu zaitezke, nahi duzun estiloan: patinatzailea, klasikoa, mendikoa edo biatloia. Iraupen-eskirako zirkuituen leuntasunari eta desnibel zabalari esker, ez da eski alpetarra bezain arriskutsua, eta zailagoa da erorikoen ondorioz lesionatzea. Oso kirol dibertigarria da, hala hautatutako ibilbideetatik igotzean nola jaistean. Irristatzea da neguko kirolen espezialitate honen ardatz nagusia. Izan ere, teknika nagusitzen zaio indarrari, iraupen-eskiatzaile ona izateko orduan. Iraupen-eskia gauzatzeko zirkuituak oso erakargarriak dira, bailara eta zuhaizti artetik, mendien ingurutik eta ibilbide elurtuetatik igarotzea

gozamena baita. Mendiko eskia hautatzen baduzu, ibilbide alternatiboetatik joan zaitezke, beti kontu handiz.

Gainera, iraupen-eskia eski alpetarra baino merkeagoa da, modalitate hartako ibilbideetara sartzeko forfaitek prezio txikiagoa baitute. Iraupen-eskian, bi teknika gomendatzen ditugu, eski gainean aurrera egiteko. Estilo klasikoa, zeinetan eskiak paraleloan mugitzen diren, egin beharreko ibilbidea markatuta duten pistetan zehar. Eta estilo askea, zeina patinatzaile pauso moduan ere ezagutzen den. Teknika horretarako, esfortzu handiagoa eta forma fisiko hobea behar da, indar handiagoa egin behar baita beso eta hankekin, abiadura handiagoa lortzeko. Teknika aske horretarako eski motzagoak erabiltzen dira, eta estilo klasikoa baino azkarragoa da. Negu betean gaude eta iraupen-eskia gorantz ari den kirol-jardueretako bat da.

Pazienteen segurtasuna hobetuz: Gorabeheren jakinarazpena

Badira sei urte Mutualiak Pazienteen Segurtasunari buruzko gorabeherak jakinarazteko sistema ezarri zuela. Egitasmoa Mutualiaren Pazienteen Segurtasunaren estrategiaren baitan kokatzen da. Eta iaz, hain justu, hobekuntzak ezarri zituen sistema honen barruan, izan ere, abian jarri baizen kanpoko pertsonek (pazienteak, senideak, etab.) gertakarien berri eman ahal izateko aukera modu digitala baliatuz.

Jakinarazpenen sistema borondatezkoa, anonimoa, isilpekoa eta zigorrik ezartzen ez duena da, gure sisteman sor litezkeen akatsak zuzentzera bideratuta dagoena.

2013an ezarri zenetik, 235 jakinarazpen jaso ditugu, zenbaki nabarmen altua gure egunerokoari erreparatzen badiogu. Jasotako jakinarazpenen artean, botiken preskripzio eta ematearekin lotutakoak gailentzen dira, baita istripu/erorketa, erredurak eta bendajeekiko izandako erreakzioak ere.

Pazienteen Segurtasun Arriskuak Kudeatzeko Unitateak jasotzen ditu jakinarazpenak, eta, horiek aztertzeaz gain, detektatutako arriskua eragin duten arrazoiak ere aztertzen ditu. Arriskua minimizatzeko abian jarri behar diren neurriak ere zehazten ditu.

Zergatik da garrantzitsua jakinaraztea?

Arazo ohikoenak zein diren jakiteko, eta hutsegiteetatik ere ikas dezakegulako, berriz gerta ez daitezen. Horrez gain, akatsak gutxitzen eta sistemaren defentsak areagotzen ditugu, pazienteei eragindako kalteak minimizatzeko.

Zer jakinarazi behar da?

Pazientearentzat arriskutsuak diren edo izan daitezkeen egoera guztiak.

Nola jakinaraz dezaket?

Gertakarien jakinarazpena webgunearen bidez egin daiteke, hiru tokitan, hain zuzen ere:  

Langileak

Autonomoak

Osasun zerbitzuak

Mutualiaren Campus Birtuala

Mutualiaren Campus Birtuala
Mutualiaren Campus Birtuala

Eguneratzeko geldialdi baten ondoren, hemen da berriro Mutualiaren Campus birtuala.

Mutualiak berriz ere martxan du laneko arriskuen prebentzioaren alorreko Campus birtuala. Campusak, online moduan, prebentzio jarduerak egiteko aukera eskaintzen die kidetutako enpresetako langileei bai eta autonomoei, joan-etorririk gabe, modu eroso eta seguruan. Campus birtualean sartu eta jardueren katalogoa ezagut ezazu. Bertan aurki ditzakezu:

· Lan zehatzetarako praktika egokiak.

· Oinarrizko ikastaroak, prebentzioa beren gain hartu behar duten enpresari eta autonomo edo langile izendatuentzako ( prevencion10.es plataformaren osagarri moduan).

· Prebentziozko dibulgazio-jarduerak.

Emakumeen kontrako indarkeria. Zer egin dezakezu?

Mutualiak bat egin du Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Beste urte batez, A25a iritsi da eta datuek argi adierazten digute arazoa indarrean dagoela. Ez dira garapen-bidean dauden herrialdeen datuak, Euskadiri buruz hitz egiten ari gara: 3.708 emakume izan dira genero indarkeriaren biktima, 2018ko epe berean baino %2 gehiago.

Mutualiaren Berdintasun Batzordeak Eusko Jaurlaritzak landu duen irakurketa gida zabaldu nahi izan du, genero-indarkeriaren aurrean zer egin behar den azaltzeko. Eta bide batez, laguntza-telefonoak gogorarazi:

EAEn biktimentzako laguntza zerbitzua: 900 840 111

Estatuan: 016

Larrialdiak: 112

MUTUALEX EPAIA 2019KO AZAROA

SENTENCIA

Konstituzio Auzitegiaren epaia, 2019ko urriaren 16koa. Langileen Estatutuko 52 d) artikuluaren Konstituzio-kontrakotasuneko arazoa dela-eta.

Konstituzio Auzitegiak Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluaren konstituzionaltasuna aztertzen du. Bartzelonako Lan-arloko 26. zenbakidun Epaitegiak planteatutako arazoa da, eta Langileen Estatutuaren artikulu horren baitan bi hilabete jarraitutan bederatzi egun balioduneko absentzia izan duen langile bat kaleratzetik dator.

Kaleratutako langilearen ustez, enpresak kaleratze hori justifikatzeko aipatzen duen manuak urratu egiten ditu EKren 14. eta 15. artikuluak, gaixo dagoen langilea bere lanpostura joatera behartzen duelako, kaleratua izateko beldurrez. Lan-arloko Epaitegiak, konstituzio-kontrakotasuneko arazoa goratzen duenak, ulertzen du manu hori kontraesanean egon daitekeela osotasun fisikorako eskubideekin, lanerako eskubidearekin eta osasuna babesteko eskubidearekin; izan ere, gaixotasun baten eraginpean dauden langileek beren osasuna alde batera utz lezakete euren lanpostura joatearren, “inola ere eska dakiekeen sakrifizio bat beren gain hartzera behartuz”. Era berean, uste du, aztergai dagoen artikulu horren azken helburua abstentismoari aurre egitea den arren, badagoela horretarako hain kaltegarriak ez diren bestelako bideak erabiltzeko aukerarik.

Konstituzio Auzitegiak (aurkako hainbat boto partikularrekin) ondorioztatu du Langileen Estatutuaren manu horretan jasotako erregulazioak enpresaren produktibitatea eta laneko eraginkortasuna babesteko legezko helburuari erantzuten diola; interpretazio hori babesten du, hain zuzen ere, Europako Justizia Auzitegiaren 2018ko urtarrilaren 18ko epaiak (C-270/16 gaia, Ruiz Conejero); halaber, uste du, kontuan hartu beharrekoak direla, Konstituzioaren 10.2 artikuluaren arabera. >Europar Batasuneko auzitegiaren doktrinak, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bere gain hartuak, ezartzen du laneko absentismoari aurre egitea bidezko helburua dela, enplegu-politikako neurri bat baita eta enpresek jasan behar dituzten zuzeneko eta zeharkako kostuetan eragiten baitu.

Lehenik eta behin, Konstituzio Auzitegiak gogorarazten du osotasun fisikorako eskubidea urratzeko nahikoa dela lesio bat gertatzeko arrisku garrantzitsu bat egiaztatzea. Ustez langilearen osotasun fisikorako eskubidea urratu izanari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak uste du ez dela betetzen, zalantzan jarritako arauaren bidez Konstituzioaren 15. artikulua urratu dela ikusi ahal izateko, beharrezkoa izango litzatekeelako enpresaren jarduera bat gertatzea, eta, horren ondorioz, arriskua edo langilearen osasunari kaltea eragitea. Bere ustez, Langileen Estatutuaren 52 d) artikuluan ez dago kalterik eragiteko arriskurik dakarren enpresa-jarduerarik, kaleratzea baimentzera mugatzen baita, denbora-tarte jakin batean aldizka lanera ez joateagatik, justifikatuta egon zein ez. Horretarako, kontuan hartzen du legegileak 52 d) artikuluan bertan kanpo utzi dituela baja mediko luzeak eta gaixotasun larrien ondoriozkoak, zalantzarik gabe uste duelako langileen osasuna benetan arrisku larrian egon daitekeela halakoetan. Aitzitik, balioesten du manua aplikatzea eragin dezaketen absentziak iraupen laburreko gaixotasunen edo ondoezaren ondoriozkoak izango liratekeela; horrek aukera ematen du Langileen Estatutuaren 52 d) artikulua Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluaren aurkakotzat jotzeko.

Osasunaren babesari dagokionez, legegileak lortu nahi duen helburua aipatzen du Auzitegiak, manu hori txertatuta; hain zuzen ere, enpresak produktibitatearen defentsarekin eta langileen osasunaren eta segurtasunaren babesarekin estu lotutako absentismoaren ondorio ekonomikoak arintzeko duen beharraren arteko oreka bilatzea. Gainera, magistratuen ustez, batzuetan langileen portaeran eragina izatea baztertu ezin den arren, ezin da ulertu zalantzan jarritako erregulazioarekin langileen osasuna babesik gabe uzten ari denik.

Lanerako eskubideari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak gogorarazten du eskubide hori kontserbatzeko dela, eta, alderdi indibidualean, arrazoi zuzenik gabeko kaleratzerik ez egotea eta erabaki azkentzaile horren aurkako erreakzioa egotea dakarrela. Aginduak kontratua azkentzean kausalitatea ematen dio kaleratzeari, eta, hain zuzen ere, bertaratze-hutsegitetzat hartu behar ez diren absentziak ezartzen ditu. Atal honetan, Auzitegiak ondorioztatzen du legegileak lanerako eskubidea partzialki mugatu badu ere, hori EKren 38. artikuluak justifikatzen duela, eta lan-arloko jurisdikzioko epaitegi eta auzitegiek kontrolatu behar dutela enpresa-erabakia ez doala enplegatzailearen interesak langilearen bertaratze-hutsegiteetatik babesteko helburu legitimoa lortzeko beharrezkoa dena baino haratago.Egia da legegileak lanerako eskubidea mugatzen duen neurri bat hartu duela (enpleguaren egonkortasunerako eskubidearen alderdian), baina legezko helburu batekin egin du hori, alegia, enpresentzat lanera ez joateak dakartzan kostuak bidegabe handitzea saihestea, enpresa-askatasunean eta produktibitatearen defentsan oinarri konstituzionala baitu.

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa.

Kontsulta juridikoa 2019ko azaroa

Kontsulta: baliogabea al da aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langile bat kaleratzea? zer dio azken jurisprudentziak?

Kasu horietan, honako araudia da baloratzen dena:

  • Espainiako Konstituzioaren 10.2, 14. eta 15. artikuluak.
  • LANEren 158. zenbakidun Hitzarmenaren 5 d) eta 6. artikuluak.
  • 2000/78 Zuzentarauaren 1-5 artikuluak.
  • Langileen Estatutuaren 55.5, 52 c), 17 eta 4.2.c) artikuluak.

Kasu horietan, kaleratze diskriminatzaile (baliogabea) baten aurrean gauden ala ez zehaztean oinarritzen da eztabaida juridikoa, gaixotasunagatik izan zein desgaitasunagatik izan.

Hau da horri buruz jurisprudentziak azkenaldian esan duena:

  • EBJAren 2013ko apirilaren 11ko epaia (EEJA 2013, 122) –Ring doktrina– 2000/78/EE Zuzentarautik eratorritako esparru orokorra interpretatzera etorri zen. Finkaturiko irizpideak zehaztu egiten zuen diskriminaziozko tratua zer kasutan gertatzen zen aldi baterako ezintasuna oinarri duen kaleratzeetan, bai eta deuseztasun-deklarazioa zer kasutan egin daitekeen identifikatu ere. Doktrina berriaren arabera, deuseztasun-deklarazioa bidezkoa izango da langilearen gaitasuna mugatzeko ziurgabetasun aurresangarria dagoen kasuetan, egoera hori iraunkorra izan daitekeelako. Doktrina berriak ohartarazten du desgaitasunaren kausa den tratu kaltegarri batek babesa duela 2000/78 Zuzentarauan, “Desgaitasunaren pareko gaixotasuna” kontzeptua dagoela ikusi daitekeen kasuetan, hain zuzen ere.
  • Deskribatutako kontzeptuak gure auzitegiek garatutako doktrinari buruzko translazioa izan du. Auzitegi Gorenak, 2014ko azaroaren 25eko Auzitegi Gorenaren 2344/2013 epaiaren bidez, ohartarazten du “argitu edo zehaztu” egin behar dela “dagoen doktrina, gaixotasuna desgaitasunarekin ez parekatzeari buruzkoa, diskriminazioaren ondorioetarako”. Hala ere, ez du gakorik edo irizpide argirik eman gure herrialdean Ring doktrina aplikatzea ahalbidetzeari dagokionez.
  • Arrazoi errealik gabeko kaleratzearen auziari dagokionez, edo alegatutako arrazoi faltsu edo generikoengatik, eta kalifikazioari dagokionez, jurisprudentziak gaiari heldu, eta hasiera batean onartu egin du lege-iruzurrean egindako kaleratze baliogabearen figura; baina tesi hori berariaz utzi zuen Auzitegi Gorenak 1990eko LLLren ondoren, eta berriro adierazi zuen Auzitegi Gorenaren 2015-05-05eko epaian (2659/2013 errek.), kaleratzea deuseztatzeko kasuak legean berariaz aurreikusitakoetara mugatuz.
  • Auzitegi Gorenaren 2016ko maiatzaren 3ko epaiak (RCUD 3348/2014) balioetsi egiten du kaleratzearen aurretik hamar egunez bajan egon zen langile baten egoera. Kasu honetan, nahiz eta epaiak ezetsi egiten duen azaldutako baldintza, modu deskribatzailean agertzen da, eta “desgaitasunaren pareko gaixotasuna” kontzeptu berriaren ikuspegitik garrantzirik gabekotzat jotzen diren bajen aurrean kokatzen da; horrela, bi egoera bereizgarri bereiz daitezke:a) Iraupen laburreko bajek edo ondorio ezgaitzailerik ez dakarten bajek ezin dute ezgaitasunaren kontzeptua barneratu. b) “Desgaitasunaren pareko gaixotasuna” kontzeptuaren barruan sar daitezkeen kasuak: osasuna nabarmen mugatzen duten aldi baterako bajak, nolabait kroniko gisa identifika daitezkeenak eta langileak bere lan-ingurunera normaltasunez itzultzeko duen gaitasuna –fisikoa edo psikikoa– mugatzen dutenak.
  • EBJAk, 2016ko abenduaren 1eko epaian (EEJA 2016, 308) (Daouidi auzia), aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen langile bati zuzendutako kaleratze baten deuseztasuna deklaratzeko aukera zehazten du. Esan du epaitegiari dagokiola zehaztea ea kaleratzeak aldi baterako ezintasun egoera bat saihestu nahi duen, denboran nabarmen luzatzeko asmoarekin; kasu horretan, Europako araudiaren arau-hauste bat antzeman daiteke (enpleguko eta okupazioko tratu-berdintasunaren printzipioa), eta irtenbide gisa aipatutako kaleratzearen deuseztasun-deklarazioa eskaini. Interesduna aldi baterako ezintasun egoeran egoteak (iraupen zehaztugabea) esan nahi du, berez, bere gaitasuna mugatzea “iraunkorra” izan daitekeela, “Desgaitasuna” definizioaren arabera. Muga hori “iraunkorra” dela jotzeko aukera ematen duten zantzuen artean daude, bereziki, ustez diskriminatzailea den gertakariaren egunean interesdunaren ezintasunak epe laburrera ondo mugatutako ikuspegirik ez izatea, edo ezintasun hori nabarmen luzatu ahal izatea pertsona hori berrezarri baino lehen. Izaera “iraunkor” hori egiaztatzean, epaitegi igorleak dituen elementu objektibo guztietan oinarritu beharra dauka, bereziki pertsona horren egoerari buruzko dokumentu eta ziurtagirietan, egungo ezagutza eta datu mediko eta zientifikoei buruz idatzitakoetan”. Orain, langilearen ezintasuna amaiera-epeei dagokienez ondo mugatuta ez dagoen kasuetara zabalduko da babesa, edo, bestela, modu esanguratsuan luza daitekeen kasuetara, langileak bere lan-jarduerara itzultzeko duen aukerari eraginez”.

Oraintsuko beste adibide batean, Madrilgo Auzitegi Nagusiaren 2019-07-19ko epaiak (488/2019 errek.) baieztatu egiten du ez dela deuseza 2018ko ekainaren 28an aldi baterako ezintasuna hasi zuen langile bat kaleratzea (epaiketa egin zenean mantentzen zena), eta 2018ko uztailaren 6an kaleratu izana, ez baitago jasota, instantzia-epaian frogatutako egitateen idazketaren arabera, arrazoi hori eragin zuen prozesu patologikoa. Hori dela eta, Sala honek bere gain hartzen du auzialdiko magistratuaren irizpidea, errekurritutako epaiaren oinarrietan honako hau adierazten baitu: “[…] Doktrina hori kasuari aplikatuta, egindako jarduketetatik egiaztatu da aktorea gaixotu eta denbora gutxira kaleratu zela, luze gisa kalifikatutako gaixotasun baten ondorioz. Ez dakigu enpresaburuak informaziorik izan zuen, eta, bestalde, auzi-jartzaileak ez du inolako frogarik egin gaixotasunak desgaitasun-efektua duela edo aktorea “desgaitua” dela ondorioztatzeko, 2000/78 Zuzentarauaren arabera, eta, beraz, ez da inolako diskriminaziorik antzematen, gure EKren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Beraz, egungo jurisprudentzia-doktrinak onartu egiten du aldi baterako ezintasuneko egoeran dagoen langile baten kaleratzea deuseza dela deklaratzeko aukera, baina, betiere, epaiketan egiaztatzen bada aldi baterako ezintasunaren izaera iraunkorreko inguruabarrak direla, ezintasunaren ondorio baliokidearekin.

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa