Joan den apirilaren 30ean, Trienekens País Vasco enpresari Mutualia 2022 Saria eman zioten, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko Berrikuntzaren kategorian, “Prebentzio-kudeaketaren integrazio eraginkorra” proiektuarengatik.
Alberto Domínguez, Trienekens País Vasco enpresako Laneko Arriskuen Prebentzioko zuzendaria, elkarrizketatu dugu.
Zer da Trienekens, eta zertan aritzen da?
Trienekens jatorri alemaniarreko multinazional bat da, eta hondakinen kudeaketa integralaren arloan aitzindaria izateagatik da ezaguna.
Ibilbide luze honetan, birziklatzeko dozenaka lantegi kudeatu ditugu, eta gure aprobetxamendu-prozesu zorrotzak oinarri izan dira Alemaniako ingurumen-arloko legeria murriztailea garatzeko; halaber, Europako egungo araudia Alemaniakoan oinarritzen da.
Euskadin, Trienekens País Vasco gure filialaren bidez jarduten dugu. Enpresa eta jarduera talde bat gidatzen du filialak, eta enpresa horiek ingurumen-zerbitzuak eskaintzen dituzte eta Ekonomia Zirkularrarekin konprometituta daude; guztira, 100 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu.
Hondakinak tratatzeko industria-lantegiak diseinatzen, garatzen eta kudeatzen ditugu, eta eskarmentu handia dugu etxeko ontziak sailkatzeko lantegietan.
Zein da laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikuspegia?
Trienekens enpresako Zuzendaritzak erabateko konpromisoa du bere langileen laneko ongizatearen aurrean, eta beharrezko inbertsio guztiak egiten ditu eta beharrezko baliabide guztiak jartzen ditu helburu hori lortzeko.
Bi lan-ildotan egiten dugu lan nagusiki: alde batetik, langile bakoitza nolabait teknikari bat izatea lortzea, lantegiaren barruan prebentzio-zeregina egiteko.
Langileen know howa baliatu nahi dugu, arrisku bat eragin dezaketen egoerak hautemateko eta horiei aurrea hartzeko, edo egunerokotasuna erraztuko dien neurri edo hobekuntza hori egiteko.
Bigarren ildoa enpresa egiten ari den digitalizazioa da, eta, horren barruan, oso tresna indartsua (APP bat) sortu dugu, beste erabilera batzuez gain, informazioa erraz jasotzeko balio diguna, langileek beraiek egindako behaketen bitartez.
Zertan datza berrikuntzaren kategoriako Mutualia 2022 Saria irabazi duen proiektua, “Prebentzio-kudeaketaren integrazio eraginkorra” izenekoa?
TRIENEKENS etxeak garatu duen aplikazioan oinarrituta dago proiektua; aplikazio horren bidez, hainbat alderdi kontrolatzen ditugu denbora errealean.
Segurtasun-oharrak: arrisku potentziala ekar dezaketen egoeren berri ematea. Lehenago esandakoaren ildotik, langileen zuzeneko behaketaren bidez egiten da, baina, horrez gain, arriskuen ebaluaziotik, kanpoko prebentzio-zerbitzuaren txosten batetik edo gertakari batetik abiatuta hauteman daitezke egoera horiek.
Ohar horiek deskribapen batean oinarritzen dira, eta argazkiak ere erants daitezke.
Oharra gorde ondoren, APPa instalazioko buruari mezu elektroniko bat bidaltzeko programatuta dago, eta nik ere beste mezu elektroniko bat jasotzen dut, Prebentzio Saileko arduradun gisa.
Laneko Arriskuen Prebentzio Sailean, ohar horren atzean egon daitezkeen arriskuak aztertzen ditugu, eta analisi horrek berak denbora bat zehaztuko digu gorabehera hori konpontzeko, arriskuaren larritasunaren arabera.
Bestalde, oharra eragin duten arrazoien azterketa kausala egiten dugu, eta zer ekipo, instalazio edota langile dauden inplikatuta aztertzen dugu, hala, errepikatzen diren anomaliak dauden ikusteko.
Oharrari konponbidea bilatu ondoren, hartutako neurriak egiaztatzeko eskatuko digu APPak (argazkiaren bidezko ebidentzia erants daiteke), eta, neurrien zenbatekoa adierazteaz gain, horien eraginkortasuna balioetsi beharko dugu. Kudeaketa horrekin, prebentzio-plangintza arin eta eguneratua sortuko dugu TRIENEKENS PAIS VASCOren barneko enpresetan.
Langileen kudeaketa: langile guztiak erregistratuta ditugu aplikazioan, haien argazkiak eta datuak, bai eta beste hainbat informazio ere, hala nola enpresan duten antzinatasuna, lanpostua, txanda, balioaniztasuna, egindako prestakuntza, egiteke duten prestakuntza, emandako babes-ekipamenduen txostena, egin dizkiguten oharrak edo haiekin lotuta daudenak, bai eta ordura arte izandako absentziak edo galdutako lanaldiak ere.
APParen beste funtzionalitate bat da NBEak entregatzean erregistratu egiten dituela; langileak, NBEak jasotzen dituenean, aplikazioan bertan sinatzen du, eta erregistratuta gelditzen da. Horrela, entrega-orriak bilatu behar izatea edo horiek galtzea eta abar saihesten dugu.
Absentismoa eta ezbehar-tasaren indizeak: langile batek alde egin behar duenean, aplikazioan adierazten da, eta arrazoia ere jarri behar dute (baimenak, gaixotasun arrunta, gaixotasun profesionala, istripua, etab.); horrela, une oro APPan zenbatuta eta eguneratuta ditugu galdutako lanaldiak. Istripu baten ikerketa ere APPan erregistratuta geratzen da, eta, hala, enpresa bakoitzaren ezbehar-tasaren indizeak denbora errealean lortzen ditugu.
Bestalde, aplikazioak aukera ematen digu lan-txanden, taldeko enpresen eta abarren arteko adierazleak aztertzeko, hala, jatorrizko kausen azterketa sakonagoa egin ahal izateko.
Mediku-baliabideen eskaera. Aplikazioa programatuta dago gure Osasun Zaintzako Zerbitzuan (kanpoko prebentzio-zerbitzuan) hitzorduak eskatzeko, dagokion osasun-zentroan eta ordutegi-tarte egokienean (pertsona baten gaitasunaren iraungitze-dataren aurretik).
Etengabe garatzen ari den APP bat da, eta enpresaren beharretara egokitzen da eta kudeaketa-lana errazten du.
Nola sortu zen ideia?
Beharrizan multzo baten ondorio izan zen. Alde batetik, Enpresaren Zuzendaritzak argi ikusi nahi zuen Trienekenseko lantokietako agertokia; adierazle batzuk behar genituen, laneko arriskuen prebentzioaren ikuspegitik gure egoera modu objektiboan ezagutu eta diagnostikatu ahal izateko.
Eta, bestetik, langileen integrazio eraginkorra bilatu nahi genuen Prebentzio Kulturan. Horretarako, Jesús Martínezekin (Berrikuntza eta Garapen arloko arduraduna eta punta-puntakoa aplikazioen diseinuan) batera, APP bat garatzen hasi ginen; langileei ahotsa emango zien bitarteko erraz eta azkar bat garatu nahi genuen. Langileek hautemandako egoerak azaleratzea bilatu dugu, zuzendu edota hobetu ahal izateko.
Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?
Lehenengoa eta garrantzitsuena langileen inplikazioa izan da; hasieran, gure zalantzak genituen APPak izango zuen harrerari buruz, baina erraz ohitu dira eta oharrak egiten dituzte…; oso erraza da erabiltzea.
Alderdi psikologikoa ere hor dago; izan ere, langileek balioetsi egiten dituztela sentitzen dute, enpresak haiek iradokitako neurri horiek hartzen dituenean; ekarpenak egiten jarraitzera bultzatzen ditu horrek, kudeaketa-sistema honen barnean inplizituki dagoen etengabeko hobekuntza bultzatuz.
Gaur egun, informazio asko iristen zaigu, eta, aplikazioari esker, ez dugu informazio hori galtzen; kontrolatuta, antolatuta, eskuragarri eta eguneratuta daukagu une oro.
Adibide gisa, Zuzendaritzak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko txosten bat eskatzen badit, klik bakarra eginez txosten grafiko bat egin dezaket, larritasunaren, egoeraren (irekiak/itxiak) eta horietan kontabilizatutako inbertsio ekonomikoaren arabera sailkatutako oharrak/anomaliak jasotzen dituena. Bestalde, KPIak (absentismoa/ezbehar-tasa) ere aurkeztu ditzaket. Begiratu batean, grafikoak zentroen arabera antolatuta ikusiko ditu, une horretan duten egoerarekin.
Behin informazioa/datuak sartu ondoren, horiek baliozkoak dira edozein sailetarako; adibidez, Giza Baliabideen saila langile baten datuak hartzeko sar daiteke, hala nola antzinatasuna, edo sail horrek absentzia bat sartzen duenean, niri APPak absentismo hori erakusten dit, eta datu hori kontuan hartzen du.
Sailen eta landa-langileen arteko informazio-sinergiak aprobetxatzen ditugu, eta horrek prebentzioaren kudeaketan denbora asko aurrezten laguntzen digu.
Beste enpresa batzuetan erabil daiteke?
Jakina, APP hau prebentzioaren eguneroko kudeaketan guztiok ditugun beharrei erantzuteko pentsatuta eta aurreikusita dago.