Podkast: Educator Proiektua

Educator

Mutualiak podcastaren edizio berri bat aurkezten du. Oraingoan, Gema del Pozo Mutualiako Pakea Klinikako erizainaren eta Educator taldeko arduradunaren eskutik, Educator Proiektua sakonago ezagutzeko.

Educator programa osasun-hezkuntzako programa bat da, eta oinarrizko ezagutzak, jarrerak eta ohitura higieniko-sanitarioak zabaltzea du helburu, lan-istripu baten lehen unean nola jokatu jakiteko eta pazientearen eta haren familia-ingurunearen sendatze-prozesua hobetzen laguntzeko.


Zer da Educator Programa?

Educator hezteko proiektu bat da; pazienteak eta haien zaintzaileak ez ezik, enpresak eta enpresetako langileak ere heztea du helburu.  

 

Guretzat, Educator oinarrizko ezagutza, jarrera eta ohitura higieniko-sanitarioak hedatuz  egiten den prestakuntza-prozesu bat da. Sorrerako helburua zen suspertzen laguntzea eta lan-istripu baten lehenengo uneetan nola jardun irakastea.  

Educator programaren bidez,  gure ezagutzaren zati bat gerturatzen diegu hura gutxien ezagutzen dutenei, hobeto ezagutu behar dutenei eta osasunaren arloko profesionalak izan gabe osasunari garrantzi gorena ematen diotenei.

 

Bi jarduera-eremu nagusi ditu programak:   

 

Bata, Educator ENPRESAK: enpresei eta bertako pertsonei zuzenduta dago; prestakuntza-ekintzen eta aholkuen bidez, erakusten zaie zer egin behar duten lan-istripu bat gertatzen denean, eta, batez ere, zer ez duten egin behar.  (Laburbilduz, nola nahi dugun guregana iristea istripua izan dutenak.) 

 

Eta bestea, Educator PAZIENTEAK: pazienteei eta haien zaintzaileei zuzenduta dago. Oinarrizko prozedura eta ohitura higieniko-sanitarioak hedatuz, suspertze-prozesua hobetzen lagundu daiteke.

 

Educator programak argi du informazioa oso tresna garrantzitsua dela osasun-prozesu bati heltzeko orduan, eta zenbait euskarriren bidez osatu nahi dugu informazio hori, hala nola posterren, triptikoen, bideoen eta abarren bidez, komunikazio argia eta hizkera erraza eta eskuragarria erabiliz.  

 

 

Nola sortu da proiektu honen ideia?

Osasun-hezkuntza pazienteak ahalduntzeko funtsezko faktoretzat jotzen da. Uste horretatik sortu da prestakuntza hori senitartekoei eta enpresari ere zabaltzeko kezka. 

Osasun-hezkuntzak jokabide eta bizimodu osasungarriei buruzko informazioa ematen die herritarrei, eta horiek bere egiten eta mantentzen laguntzen die.  

Gure plan estrategikoaren barruan, garrantzitsua da gure mutualistak ahalduntzea, haien ahotsa eta esperientzia gure zerbitzuen prestazioan txertatzeko.

 

Osasun-arloan, lan-istripuak izan dituzten langileak jasotzen ditugu gure klinika eta anbulatorioetan, eta, kasu askotan, ohartzen gara aldez aurreko ezagutza- eta prebentzio-neurriekin sendatze-prozesuaren emaitza askoz hobea eta eraginkorragoa izan daitekeela.

 

Nork osatzen duzue Educator Programa?

Proiektua gauzatzeko, lantalde bat sortu da, honako hauek osatua:

  • Bezeroak kudeatzeko arloa: enpresekin hitz egiteko eta enpresen eta langileen beharren berri emateko.
  • Komunikazio-taldea: materiala lantzeko eta zabaltzeko.
  • Erizainak: zenbait zerbitzutakoak, hala nola ebakuntza-gela, ospitalizazioa, larrialdiak, zentro anbulatorioak, kontsultak eta kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunak; aldi berean, zenbait lantaldetan parte hartzen dugu: prestakuntza eta irakaskuntza, pazienteen segurtasuna, osasun-arretaren pertsonalizazioa, larrialdiak eta abar. Elkarrekin, edukiak landu eta gainbegiratzen ditugu, larrialdietako taldeko medikuekin eta gure erizaintzako zuzendariarekin batera.

Edukiak lantzeari dagokionez, eta zuk esan bezala, Gema, desberdin jokatzen duzue aurrean duzuenaren arabera. Enpresei eta langileei dagokienez, zer eduki-mota ari zarete lantzen?

Batez ere, enpresan osasun-larrialdiei aurre egitearekin lotutako edukiak.

  • Nola jokatu anputazio eta berrezartze txikien aurrean.
  • Erredurak: zer egin lehenengo uneetan.
  • Nola jokatu helduei gorputz arrotzak eztarrian trabatuz gero.
  • Nola egin bihotz-arnasetako bizkortzea helduei.
  • Zer egin begietako istripuetan.

Pazienteari eta senitartekoei begira, zer premia hautematen dituzue?

Pazienteei eta haien zaintzaileei begira, helburua da asistentzia-prozesuaren parte aktibo izan daitezela eta beren burua zaintzen eta sendatzen inplika daitezela, horrek, aldi berean, haien segurtasunean lagunduko baitu. Jendeak eskatzen du osasun-profesionala hurbilagokoa izan dadila eta osasun-informazioa maitasunez eta profesionaltasunez trata dezala, hizkera ulerterrazean emanez.

Zenbait eduki prestatuak ditugu, hala nola heparina nola eman, nola egin sendaketak etxean eta nola prebenitu erorketak. Halaber, beste gomendio batzuk lantzen ari gara: zer egin traumatismo kranioentzefaliko arin baten aurrean, traumatismo toraziko baten aurrean…

 Pazientea osasun-arretaren segurtasunean inplikatzea dakarren prestakuntza guztia: ospitaleratzean, prozesu terapeutiko eta/edo kirurgikoan eta ospitaleko alta jasotakoan etxean egiten zaion jarraipenean.

 

 

Esan duzu pertsonok tratu hurbila eta profesionala eskatzen dugula, eta, bereziki, informazioa hizkera ulerterrazean eman dakigula. Ulertzen dut osasun-arloa humanizatzea helburu oso garrantzitsua dela Mutualian.

Bai, hala da. Horrekin, gure osasun-arreta pertsonalizatzea bultzatzen dugu, eta alderdi guztien arteko harremanak hobetzen ditugu: osasun-profesionalak, pazienteak, haien senitartekoak, langileak, enpresak eta gizartea.

 

Eskerrik asko, Gema. Educator Programari buruzko informazio guztia gure web-orrian dago eskuragarri, prestakuntza-bideoak eta fitxak barne: www.mutualia.eus, “zerbitzuak/osasun-zerbitzuak” atalean.


Elkarrizketa: Gemma del Pozo

Haizearekin gidatzea, egonkortasuna gauza guztien gainetik

viento

Haize-boladek eta “pantaila-efektuak” arriskuan jar dezakete ibilgailuaren egonkortasuna, eta istripua eragin. 

Ustekabeko haize-kolpe batek edozein ibilgailu ezegonkortu dezake, ibilgailua oso aerodinamikoa bada ere, baina gertaera horri aurre egiteko okerrenak ibilgailu altuak eta handiak dira (furgonetak, kamioiak eta SUV ibilgailuak), eta, jakina, pisu gutxien dutenak, hala nola motorrak eta bizikletak. Bestalde, ez dugu ahaztu behar bat-batean harrapa gaitzakeen “pantaila-efektua”. 

Baina, zer da “pantaila-efektua”? Efektu hori haize-egunetan senti daiteke, eta bi egoera-mota sortzen ditu, arriskutsuak biak. Aurreratzeetan, tamaina handiko ibilgailu batekin paraleloan gidatzean, “pantaila-efektuak”, lehenik eta behin, kamioiaren alboaren kontra erakartzen gaitu, gero kontrako aldera indar handiagoz bultzatzeko. Beste egoera tuneletatik irtetean eta/edo tamaina handiko eraikinak pasatzean gertatzen da. Ibilgailuak alboko haize-kolpe handia jasan dezake, eta ibilbidetik desbideratu daiteke. 

  

adi haizeari

Bestalde, kontuan izan behar da aire-bolada handiak izaten direnean beste arrisku bat gehitzen dela; hain zuzen ere, litekeena da galtzada zikina egotea, hosto-hondarrekin eta adar txikiekin, bai eta zoladuran erortzen diren lur-jausiekin ere.  

Horregatik guztiagatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da abiadura moteltzea, gainerako ibilgailuekiko distantzia mantentzea eta aholku erabilgarri hauek kontuan hartzea. 

 

  • BIGARREN MAILAKO BIDEAK SAIHESTEA. Errepide nagusiak barne hartzen dituen ibilbide bat aukeratzea; izan ere, bigarren mailako errepideetan arrisku handiagoa dago bidean eroritako adarrak eta objektuak egoteko. 
  • APARTEKO KARGARIK EZ ERAMATEA. Bidaiatzea beste erremediorik ez badago, ez dezagun ibilgailua gehiegi kargatu aerodinamikari eragiten dioten elementuekin. Parrillak haize gurutzatuen inpaktua areagotu dezake ibilgailuan. Ez da atoiekin edo karabanekin bidaiatzeko une egokia ere. 
  • TRAFIKOA ZAINTZEA. Beste ibilgailuei gertatzen zaienari adi egon behar da. Norabidetik noiz eta non desbideratzen diren antzemateak ohartarazpen gisa balio dezake haize-bolada batek noiz astinduko gaituen jakiteko, boladakakoak izaten baitira. 
  • AURRERATZEAK SAIHESTEA. Haize zakarrarekin aurreratzea arriskutsua da. Ibilgailu handi bat aurreratzen dugunean, haizeak kolpa gaitzake, pantaila-efektu gisa ezagutzen dena jasan dezakegu. 
  • BESTEAK BABESTEA. Motorzaleak eta txirrindulariak dira ahulenak haizete batean. Horregatik, segurtasun-distantzia handiagoa utzi behar da haien inguruan, arazo handiagoak baitituzte egonkortasunari eusteko. 
  • APARKATZEKO LEKU ON BAT AUKERATZEA. Ahal izanez gero, automobilaren gainera eror daitezkeen zuhaitz, telefono-kable edo zutoinen ondoan edo azpian ez aparkatzen saiatu behar dugu. 

 

 

Martxoaren 8an, Mutualiak emakume inspiratzaileak omentzen ditu 

8m2024

Emakumeen Nazioarteko Egunean, Mutualiak bat egiten du Berdintasun Ministerioak bultzatutako “Con M de Movimiento” kanpainarekin. Kanpaina horren helburua gizartea sentsibilizatzea, genero-berdintasun erreala sustatzea eta helburu partekatuak lortzeko bidean aurrera egitea da. 

Euskadin, “ZUETAZ HARRO” kanpainaren leloa partekatzen dugu. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakundek, hiru Foru Aldundiek eta EUDELek bultzatutako kanpaina. 

ZUETAZ HARRO” da leloa, esaldi honekin batera: “Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da. Adineko emakumeek gazteenen ahalduntzean egiten duten ekarpena nabarmentzen du, belaunaldien arteko harremanaren garrantzia azpimarratuz. 

Eta harrotasun espiritu horrekin, Mutualiak bere kanpaina partikularra abiarazi nahi izan du, intranetaren bidez, pertsona guztiak parte hartzera animatuz, beren bizitzetan aztarna esanguratsua utzi duten emakumeen istorioak parteka ditzaten, hala nola amonak, amak, ahizpak, lagunak,… 

Mutualia harro dago bere taldeko kide diren emakume guztietaz. Bere konpromisoarekin eta dedikazioarekin, Mutualiaren helburua betetzen dute: pertsonen osasunerako, segurtasunerako eta ongizaterako eskubidea bermatzea; hurbiltasuna, efizientzia, profesionaltasuna, abangoardismoa, gardentasuna eta taldea bezalako balioekin, konfiantzazko elkarrekintza bihurtzen dute, iraunkorra eta eskaintzen dituen zerbitzu aurreratuen kalitatea eta gizatasunezko tratua direla-eta aitortua izan dadin. 
Mutualiak, gainera, bere zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia sustatzeko konpromisoa du: Zuzendaritza Batzordeak 60-40 kuotetatik gorako ratioak dituzten emakumeen presentzia du, eta Batzorde Betearazleak 5 pertsona ditu, horietatik 4 emakumeak (3 presidenteordetza eta idazkari 1). 

M8an, Mutualia ere “ZUETAZ HARRO” sentitzen da

Segurtasun-neurriak falta izateagatiko errekarguaren irismena

accidente de trabajo

Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren 2023ko urriaren 11ko epaiak, doktrina bateratzeko 1719/2021 kasazio-errekurtsoan emana, aztertzen du ea heriotzagatiko eta biziraupenagatiko prestazioetara ekar daitekeen lan-istripu baten ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuaren prestazioko segurtasun- eta osasun-arauak hausteagatiko errekargua.


Oinarri faktikoak adierazten du langile batek, kasu honetan demandatzailearen senarrak, lan-istripu bat izan zuela 2003ko otsailaren 10ean, politraumatismo bat, hain zuzen ere. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) 2003ko abenduaren 26ko Ebazpenak aitortu zuen enpresak erantzukizuna zuela laneko segurtasun- eta higiene-neurriak falta izateagatik, eta istripuaren ondoriozko Gizarte Segurantzaren prestazioak % 40 igo zituen, langilearen enplegatzailearen kontura.

Lan-istripuagatiko lanerako ezintasun iraunkor absolutua aitortu zitzaion langileari, dagokion oinarri arautzailearen % 100eko pentsioa jasotzeko eskubidearekin, gehi prestazioen % 40ko errekarguarekin.

2018an, langilea hil egin zen, eta alargunak alarguntza-pentsioa eskatu zuen, eta errekargua ordaindu zekiola. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak pentsioa aitortu zuen, baina, kontuan hartuta hildakoa patologia osteoartikular baten ondorioz zela ezintasun iraunkor absolutuko pentsioduna eta enbor entzefalikoaren iktus hemorragiko baten ondorioz gertatu zela heriotza, uste zuen senarra ez zela lan-istripuaren ondorioz hil, eta, horrenbestez, ez zuen prestazioen errekargua aitortu.

Oviedoko Lan Arloko 5 zenbakiko Epaitegiak, zeinak alargunaren demandan jardun baitzuen hasieran, baietsi egin zuen langilearen alargunaren eskaera, bai eta Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak ere. Langilearen enplegatzaileak horren kontrako errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean.

Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duenak), 164. artikuluan, segurtasun-neurriak falta izateagatiko lan-istriputik edo lanbide-gaixotasunetik eratorritako prestazio ekonomikoen errekarguaren figura jasotzen du; errekargu hori prestazioen % 30-50ekoa izango da, eta araua hautsi duen enpresaburuari ezarriko zaio.

Lege-testu beraren 217.2 artikuluak hau dio: heriotzagatiko eta biziraupenagatiko prestazioen ondorioetarako, “zuzenbidez” lan-istripuaren ondorioz hildakotzat jotzen dira arrazoi horrengatik ezintasun iraunkor eta absolutua aitortua dutenak. Artikulu horren bigarren paragrafoaren arabera, aurreko kasua gertatu ezean baino ez da frogatu behar heriotza lan-istripu baten ondorio izan dela.

Adierazitako 217.2 artikulu hori interpretatuta, Auzitegi Gorenak ezetsi egin du enpresaren errekurtsoa, eta berretsi egin du Lan Arloko Epaitegiaren eta Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, ulertzen baitu langileak ezintasun iraunkor absolutua aitortua zuela, eta lege-testua aplikatuko da haren heriotzaren arrazoia izandako lan-istripuarekin zuzenean lotuta egon zein ez egon, arauak adierazten baitu ez da frogatu behar heriotza lan-istripuaren ondorio izan denik baldin eta kontingentzia horrengatik aldez aurretik ezintasun iraunkor absolutua aitortua bazuen hildakoak, iure te de iure presuntzio bat baita (ez du kontrako frogarik onartzen, beraz), eta, hortaz, dagokion pentsioa eta errekargua onartu behar direla.

Jon Careaga Correa 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Elkarrizketa: Korrika

ane elordi korrikako koordinatzailea

KORRIKA Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Aurten 23. edizioa, “Harro Herri” lelopean, martxoaren 14tik 24ra Irundik Baionarat izango da.

Ane Elordi, KORRIKAren arduraduna elkarrizketatuko dugu.



Zer da KORRIKA eta zein da helburu nagusia?

Esan dezakegu KORRIKA badela gaur egun Euskal Herrian egiten den euskararen aldeko ekimenik erraldoiena. Bereziena ere, euskara duelako muga bakarra, 2 estatu, 3 administrazio…eta horiek gaindituta Euskal Herri osoa zeharkatu eta batzen du.

Helburuak bi dira: batetik, euskararen kontzientziazioan eragitea eta sustatzea, eta bestetik, AEKrentzako diru bilketa.

Eta KORRIKA lasterketa bera bada ere, hori baino askoz gehiago da. Edizio oro badu kanta, leloa, materiala, unitate didaktikoak,…gero badira diasporan egiten diren KORRIKAk eta KORRIKA ahizpak ere bai, beste hizkuntza gutxiagotu batzuen alde egiten diren ekimenak…

KORRIKAz asko esan daiteke. Aurretik prestaketa lanak, ibilbidea nola antolatzen dan, nola erabakitzen dan nondik igaro; urte biko lana prestaketa lanetan; mezua, leloaren aukeraketa; eragileen zein norbanakoen babesa, mezugilea aukeratzea, martxoaren 14tik aurrera lasterketa eta osteko balorazioak.

Aurreko urtean, Jon Zabala Arando partaide den ikerlari taldeak egin duen ikerketaren berri izan dugu (“Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects”); eta jakin dugu zientifikoki frogatu dutela Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak dituela gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan.  Bizipen, ilusio, zirrara eta emozioak sortzen ditu. KORRIKA pizgarria da euskal gizarte gisa indartzeko?

Bai, egia da KORRIKAn parte hartzen dugunok sarritan deskribaezina dela esaten dugula. Bakoitzak modu berezian bizi du, baina furgoneta datorrela ikusten horrek barrua mugitzen digu, poza, poz negarrak, ilusioa, …

Ardatz asko biltzen dira KORRIKAk.: errigintza, harrotasuna, bagarela herri bat euskaraz bizi nahi duguna, eta horri helduta aurrera egiteko prest gaudenak.Indarra transmititzen du, energia txute bat da, gure Euskal Herri ideala irudikatzen da hamar egun horietan, eta furgonetan zoazenean oso argi ikusten da hori, Euskal Herria zeharkatzen duzu eta burbuja baten zoaz.

Baina badugu erronka bat ere, nola mantendu KORRIKAren bueltan sortzen den indarra eta babes hori? Zelan eutsi horri? KORRIKA badator eta badoa, eta etorriko dira beste ekimen batzuk, baina orokorrean jendarteak eta euskalgintzak asmatu beharko genuke bultzada horri nola eutsi.

Euskal gizartearen pizgarri den neurrian, identitatean eragiteko, komunitatean, herri ideietan.. Nortasuna.

Azken edizioek jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa izan dute. Sare sozialek, streaming bidez Korrika unean bertan jarraitzeko aukerak, mugikorreko aplikazioak eta beste hainbat baliabidek eragina izan dute Korrikaren uholdearen tamaina erraldoia izatea. Aurten badago berrikuntzarik?

Streamingak oso erantzun ona izan zuen, gainera pandemia ostean, pantailekiko lotura handiagoa zegoen eta egia da jendea engantxatu zela. Aurten ere zuzenekoa emango da, eta berrikuntza moduan saiakera egin nahi da hainbat kameretako irudiak nahastearekin, ez orain arte bezala irudi finko da.

Horrez gain, APParen aldeko apustua ere egin dugu, korrika laguntzailea egun ez da txartelduna, APPan ataltxoa dauka.

Aztarna ekologikoari eta gizarte erantzukizunari lotutako hausnarketak ere egin ditugu eta horrek ondorioak izan ditu arroparen ekoizpenean, euskarrietan, apaingarrietan eta abar.

Beraz, berrikuntza asko!

Gurean, Mutualian, Korrika birtuala, e-Korrika izena duena, sortu genuen, Korrikako sortzaileak omendu ziren edizioan. Eta e-Korrikako edizioetako batean e-Korrikako ipuinak kaleratu genuen. Aurten e-Korrikaren 4.edizioa izango dugu, eta aurreko edizioetan bezala, emaila izango da lekukoa, eskuz esku beharrean, ordenagailuz ordenagailu, postontziz postontzi bidaiatuko du Mutualiako langileen artean kilometro birtualak egiten. Guk gure aletxoa jarri dugu,  nola lagundu dezakete erakunde eta enpresek Korrika zabaltzen?

Asko dira moduak, eta Mutualiak egin duen moduan bakoitzak bere ekarpena egin dezake, bere iniziatibetatik. Egia da ohikoena badela kilometroa eskuratzea, petoak, banderolak eskuratu eta babesa adierazteko argazkiak egin; KORRIKA laguntzaile izan, arropa; sare sozialetan argitalpenak partekatu…

KORRIKA Euskal Herrian sortu zen, eta egun mundu osora egin du jauzia, kontinente guztietan badaude KORRIKAren eta euskararen alde egin duten euskaltzaleak. Horrez gain, antzeko ekimenak hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialde batzuetan egiten dira. Zer harreman du AEK-Korrikak beste lurralde horiekin?

Guk hori KORRIKA Munduan bezala sailkatzen dugu, eta badaude bi ildo nagusi:

Batetik, munduan zehar dauden euskaldunek euskararen alde antolatzen dituzten KORRIKAk edota euskal etxeetakoek, edota unibertsitateetako irakurletzetakoek. Etxeparerekin hitzarmena dugu eta munduan zabaltzeko elkarrekin egiten dugu bidea.

Bestetik, Korrika Ahizpak daude, beste hizkuntza gutxiagotuetan egiten diren Korrikaren antzeko ekimenak. Hemen gertu Ar Redadeg eta La Passem, biak udaberrian izango dira, KORRIKA ostean.

Bogan dago ardura postuetan belaunaldi aldaketa gizarteko hainbat alorretan eta Korrikan ere eman lekuko aldaketa. Nola bizi izan ditu Anek aurreko edizioak izan korrika egin, izan lekukoa eramaten, izan furgonetan, izan komunikazioan lanean? Eta orain arduradun postuan, nola bizi duzu Korrika?

Bueno ba orain arte KORRIKA sortu osteko arduradun bakarra izan naiz, beraz, nik beti ezagutu izan dut.

Txikitan eskolan Korrika txikia egiten genuen, herriko ume guztiak elkartuta. Gero elkarte desberdinetako kilometroetan parte hartu izan dut. Zorionez, nire herritik beti pasatu izan da, gauetako oroitzapen berezia daukat.

Eta gero, behin 2015ean AEKn hasita, ba modu desberdinetan. Eskualdeko antolaketa lanetan, 21.KORRIKA furgonetan egin nuen osoa, Euskal Herria zeharkatuta, eta 22. KORRIKAn prentsa taldean…beraz, hainbat errealitate eta ikuspuntu bizitzeko aukera izan dut, eta 23.KORRIKA ere desberdina izango da eta ari da izaten. Ardurak eskatzen duen lana bestelako da, eguneko ordu guztiak gutxi eta beti dago zeregina, gainera, bidai asko ere tartean, baina egia da oro har harrera ona egiten digutela eta gustura ari naizela. Eta zelan ez aipatu taldea, ni neu koordinatzaile nagusia naiz, baina taldean aritzen gara asko eta hori oso garrantzitsua da.

Korrikak milaka anekdota izan ditu eta izango ditu bere edizioetan, lekukoarenak, korrikalarienak, antolatzaileenak, … bakoitzak bereak ditu. Zuk dituzunen artean zein duzu gogoan?

Asko dira momentu bereziak. Esaterako Zuberoan sartu ginenean esataria ez genuen ulertzen, eta furgoneteroen artean barre batzuk egin genituen.

Beti daude kilometro bereziak, eramaile bereziekin eta unkitzeko momentu asko.

Edota norberaren eskualdean, bertako lau kide joan da, bide txarra hartu genuenekoa…

Nola aurreikusten duzu izango dela 23. KORRIKA?

Ba azaroaren 16an aurkeztu genuenetik, harrera ona izaten ari da eta jende asko ari da kilometroak eskuratu nahian. Beraz, pozik gaude eta espero dugu horrela jarraitzea.

Espero dugu Irungo hasiera eta Baionako amaiera ere jendetsuak izatea, eta jendarteak pozik parte hartzea KORRIKAn, eta oso presente izatea behin KORRIKA amaituta ere euskaraz bizitzeko beharra, ezagutza eta erabilera sustatu.

Etorkizunean nola irudikatzen duzu Korrika?

Egia da azken edizioetan, izugarrizko gorakada egin duela, eta ekimen oso erraldoia bilakatu dela. Espero dugu aurrerantzean ere jendeak berdin babestea KORRIKA, eta iritsi dadila egun Euskal Herria euskalduna dena eta KORRIKA egin dezagun harro eta hori ospatzeko.

Mutualiaren Open Data

datos abiertos mutualia

Mutualiak guztien eskura jarri ditu bere jarduerari buruzko datuak, modu librean erabili eta partekatu ahal izateko.

Dokumentu horiek Mutualiaren Atari Korporatiboan daude, dokumentu eta txostenen atalean.

mutualiaaren open data

Gaur egun, zenbait adierazle daude eskuragarri, hala nola bajei (kontingentzia profesionalen eta arrunten ondoriozkoak), lan-istripuei eta gaixotasun profesionalei (baja eragin dutenak eta ez dutenak) buruzko estatistikak, eta haurdunaldiko eta edoskitzaroko arriskuen espedienteei eta adingabeen zainketari buruzko adierazleak. Datu horiek mutuaren datu-basetik eskuratzen dira zuzenean eta denbora errealean.

Mutualiak bere sei balioetako bat, gardentasuna, aplikatuz ezarri du zerbitzu hau, informazioa edozein unetan eskuratu eta gizartean ezagutza kritikoa sortzeko erabiltzearen kultura bultzatzeko.

Dibertsitatea eta inklusioa mutualian

diversidad-2024

Dibertsitatearen eta inklusioaren kudeaketa enpresa-balio estrategiko bat da edozein erakunderentzat. Mutualiak, balio horiek duten garrantziaz jabetuta, bere interes-taldeak osatzen dituzten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza, ekitatea, aniztasuna eta inklusioa erraztu eta bultzatuko dituen ingurune bat lortu nahi du. Horregatik, Mutualiak, 2021-2025 aldirako Plan Estrategikoan, lehentasunezko proiektu gisa identifikatu zuen dibertsitate-plan bat lantzea.

diversidad-2024.webp

Behar hori gogobetetzeko, Mutualiak Dibertsitate Batzordea sortu zuen 2022an, eta 2023an, 2023-2025 aldirako Dibertsitate eta Inklusio Politika eta Plana onartu zituen; lehenengo fase honetan, Mutualiako langile eta bezeroei aplikatzen zaizkie. 

Mutualiarentzat, mutuarekiko harremanari eragiten dioten pertsona fisiko eta juridikoen desberdintasun indibidualen multzoa da dibertsitatea, eta, inklusio-estrategia gisa, Mutualiak konpromisoa hartzen du haien dibertsitatea errespetatu, baloratu eta kudeatzeko, gizartean balioa gehitzeko.

I. Dibertsitate eta Inklusio Plan honen helburua da zenbait jarduera-ildo, ekintza eta helburu definitzea, aukera emango dutenak, Plan Estrategikoan txertatuta, erakundeko pertsonen kudeaketan haiek identifikatu eta lehenetsitako elementuak sartzeko, eta, halaber, mutuak garatzen dituen zerbitzu eta produktuek bezeroen ezaugarri indibidualak gogobetetzea. Horrez gainera, lan-ingurune askotariko eta inklusiboak sortzearen beharrari buruz kontzientziatu nahi du, onuragarria baita erakundeentzat, gizartearentzat eta garapen jasangarriarentzat. Hala, Mutualiak erabaki du 2024a Dibertsitatearen Urtea izango dela mutuan. Hori ospatzeko, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak egingo dira kultura inklusiboa bultzatzeko; hots, erakundearen interes-taldeak osatzen dituzten pertsona guztien identitatea, berezitasunak eta dignitatea aintzatetsi eta defendatuko dituen kultura bultzatzeko.

Mutualiak aurreiritziak eta desberdintasun- eta diskriminazio-egoerak murrizten lagundu nahi du, gizarte askotarikoa eta inklusiboa lortzeko.