Mutualex epaia 2025ko Urtarrila

sentencia

EZINTASUN IRAUNKORREKO PENTSIOEN BATERAGARRITASUNARI BURUZ 

mazoa

Auzitegi Gorenaren epaia, 2024ko azaroaren 27koa, 1227/2022 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan emana.Txostengilea: Sebastián Moralo Gallego magistratua. 

Gai honi buruz ebatzi behar zuen epaiak: zehaztu behar zen ea bateragarriak diren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean aitortutako ezintasun iraunkorragatiko pentsio berri bat eta langileak zenbait patologiagatik Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) deklaratuta zeukan ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa, kontuan hartuta langileak bi araubideetan egindako kotizazioak hartu direla aintzat horietako bat aitortzean.  

Gertakariak eta Auzitegi Gorenak ebatzi duen prozedura aztertuko ditugu orain.  

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) 2005eko uztailaren 9ko ebazpenaren bidez, deklaratu zen aipatutako langileak ezintasun iraunkor osoa zuela ile-apaintzaile lanbiderako (bere lanbidea), patologia osteoartikular baten ondorioz. Langilea lanbide horretan zegoen afiliatuta eta alta emanda Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB). Gehienbat, 1999ko ekainetik 2005eko maiatzera bitarteko LAABeko kotizazioak hartu ziren kontuan, eta 2004ko urtarriletik 2005eko maiatzera bitarteko araubide orokorrekoak.  

2007ko otsailaren 16az geroztik, langilea garbitzaile-zerbitzuak ematen hasi zen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta, 2018ko apirilaren 15ean hasitako aldi baterako ezintasuneko aldi baten ondoren, eskatu zuen ezintasun iraunkorra aitortzeko koadro onkologiko batengatik. Egoera hori ukatu egin zitzaion, GSINen 2020ko urtarrilaren 21eko ebazpenaren bidez eta urte bereko martxoaren 10eko ebazpenaren bidez (aurreko erreklamazio bat ezestekoa).  

Langileak demanda jarri ondoren, Valladolideko Lan-arloko 4. zenbakiko Epaitegiak, 2021eko otsailaren 4ko epaian, gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor osoa aitortu zion langileari garbitzaile lanbiderako (bere ohiko lanbidea); onartu zuen bateragarria dela LAABen aitortutakoarekin, eta, ezintasun berri horretarako, araubide orokorreko kotizazioak baino ez zituen hartu kontuan.  

GSINek erregutze-errekurtsoa jarri zuen; Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren 2022ko urtarrilaren 24ko epaiaren bidez, berretsi egin zen Lan-arloko Epaitegiaren epaia, eta erakunde kudeatzaileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zuen, zeina aztertzen ari garen epaian ebatzi baita.  

Kasazio-errekurtsoan ez zen zalantzan jarri ezintasun iraunkorraren maila, pentsioen bateragarritasuna baizik, eta salatu zen urratu dela Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 163. artikuluan eta apirilaren 12ko 691/1991 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoa. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak zioen pentsioak bateraezinak direla LAABeko lehen ezintasun iraunkor osoa aitortzeko araubide horretako kotizazioak ez ezik araubide orokorreko kotizazioak ere gehitu behar izan baitziren.  

Kontraste epai gisa aztertu da Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak 3938/2012 errekurtsoan 2014ko martxoaren 24an emandako epaia. 

Auzitegi Gorenak bateragarritzat jo ditu aldi berekoak ez diren kotizazioen ondorioz araubide desberdinetan sortutako ezintasun iraunkorreko pentsioak, baldin eta araubide bakoitzean kotizazioak nahikoak badira pentsio horiek sortzeko. 

Auzitegi Gorenak ezetsi egin du GSINen errekurtsoa, eta bi pentsioak bateragarritzat joz ebatziko du planteatutako auzia, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2022ko ekainaren 30eko epaian jasotako doktrina aplikatuz (C-625 gaia, pentsioen bateragarritasunari buruzkoa), uste baitu epai horren parametroen arabera egin behar dela interpretazio egokia.  

Horretarako, Gizarte Segurantzaren arloko gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa azpimarratzen da, kasu honetan oso feminizatuta dauden bi lanbideri aitortzen baitzaie ezintasun iraunkor osoa: ile-apaintzailea LAABen eta garbitzailea Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean. Gaitz ezberdinak dira, eta bigarren ezintasun iraunkorra araubide orokorreko kotizazioen arabera aitortu da soilik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinarekin bat etorriz. Hala, emakumezko langileek gizonezko langileekiko duten desabantaila-egoeran eragiten duten oztopoak kendu dira, hau da, berriz ere genero-ikuspegia aplikatu da, gure ordenamendu juridiko osoan txertatu behar baita. Interpretazio horretan datza epai honen garrantzia.  

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Kontsulta juridikoa 2025ko Urtarrila

consulta

LANGILE AUTONOMOEN ARAUBIDE BEREZIAN ERRETIRO-PENTSIOAREN GABEALDIA OSATZEKO ZENBATU AL DAITEZKE ORDAINDU GABEKO ETA PRESKRIBATUTAKO KOTIZAZIO-ALDIAK? 

kontsulta

Gai interesgarri horretaz ari da 4.961/2022 errekurtsoan Auzitegi Gorenak 2024ko azaroaren 20an emandako epaia.  

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 314. artikuluan ezarritakoaren arabera, langile autonomoen araubide berezian, “babes-ekintza lege-testu horretako 42. artikuluan xedatutakoa izango da, langabezia-babesaren eta prestazio ez-kontributiboen kasuan izan ezik”. Lege horretan ezartzen denez, kasu guztietan, prestazioak jasotzeko, araubide berezi horretako langileek egunean egon behar dute kotizazioen ordainketetan, GSLOren 47. artikuluan aurreikusten denez.  

Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) erretiro-pentsioa jasotzeko, kotizazio-aldi bat behar da (GSLOren 205. artikuluan eta aipatutako 314. artikuluan jasotzen da), eta, gainera, gertaera eragilea gertatu den unean, langileak egunean egon behar du kuoten ordainketan, GSLOren 47. artikuluan jasotzen denez —2530/1970 Dekretuaren 28. artikuluarekin lotuta—.  

Auzitegi Gorenak ezarri du kotizazioen ordainketan egunean egoteko betekizuna bete daitekeela erakunde kudeatzaileak ordaintzeko egindako gonbidapena betetzen bada, betiere onuradunak gabealdia osatua badu.  

Auzitegi Gorenak ezarri du ordaintzeko gonbidapen-mekanismoak funtzionatzen duela baldin eta “prestaziorako eskatzen den gabealdia beteta badago, eta soilik aldez aurretik interesdunak egina duenean prestazioak jasotzeko eskubidea ematen dion kotizazioa”. Interesdunak eskatu zaizkion kuoten ordainketa egunean ez badu, erakunde kudeatzaileak ordaintzeko gonbidapena egingo dio; beraz, “preskribatu gabeko kuotak ordaintzeko gonbidapena egiteko, ezinbestekoa da aldez aurretik gabealdi galdagarria egiaztatzea, eta kuotak gertaera eragilearen ondoren ordaintzeak ez dakar balio txikiagoa izatea”.  

Kasu honetan, lehen esan dugunez, ordaindu gabeko kuota batzuk preskribatuta daude, ordaindu ez direnetik lau urte baino gehiago igaro direlako, eta ordaintzeko gonbidapenik jaso ez duelako; eta kontua da ea aldi horiek kontuan har litezkeen gabealdia handitzeko eta beharrezko gutxieneko gabealdia osatzeko. Gai horri dagokionez, Auzitegi Gorenak ebatzi du gertaera eragilearen aurretik ordaindu ez diren kotizazioek ez dutela balio gabealdia handitzeko. Izan ere, haren ustez, ezin dira nahasi kuoten ordainketan egunean egoteko baldintza (ordaintzeko gonbidapena aktibatu daiteke) eta gabealdi galdagarria (zeina beharrezkoa baita erretiro-pentsioa eskuratu ahal izateko). Kotizazio preskribatuak izanik, ezin dira kontuan hartu gabealdirako, gabealdia ezin delako osatu ordaindu gabeko eta preskribatutako kotizazioekin. 

Beraz, erretiro-pentsioa eskuratzeko, gabealdia eskatzen den gainerako prestazioetarako bezala, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean araututako beharrezko gabealdia kotizatuta eduki beharko da, eta beharrezkoa den gabealdi hori ezin da osatu preskribatuta egon arren ordaindu ez diren kotizazioekin. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Nola eskatu premiazko garraio sanitarioa lan-istripua gertatuz gero

mutualia solicitar un transporte sanitario urgente

Istripu arinak

Lan-istripu arin bat gertatzen baldin bada eta osasun-arreta jasotzeko berehala lekualdatzeko beharra baldin badu, Mutualiak 24 orduko doako arreta-linea eskaintzen die enpresa elkartuei eta pertsona babestuei: 900.50.60.70.

Zerbitzu hau erabiltzean:

• Mutualia arduratuko da garraioa kudeatzeaz (anbulantzia, taxia edo VTC).

• Ordainketa ez du inork aurreratu beharko, ez enpresak, ez istripua izan duen pertsonak.

Garrantzitsua:

Istripua izan duen enpresak edo pertsonak garraioa eskatzen baldin badu (adibidez: taxi edo VTC bat kontratatu), unean bertan ordaindu beharko du kostua, eta, gero, Mutualiari itzultzeko eskatu dio.

Istripu larriak

Lan-istripua larria edo oso larria bada, funtsezkoa da 112 zenbakira deitzea, arreta mediko espezializatua eta eraginkorra emateko.

Nola jokatu laneko istripuetan, osasun etxera eraman behar den kasuetarako -mutualia

Atzerrian gertatutako lan-istripuak

Atzerrian gertatutako lan-istripuetarako, Mutualiak laguntza-telefono bat du: +34.94.425.63.98.

ALDI BATERAKO EZINTASUN BEREZI BERRI BAT ORGANO-EMAILEENTZAT 

donantes de organos

6/2024 Legeak, abenduaren 20koak, bizirik direla ondoren transplantatzeko organoak edo ehunak ematen dituztenen babesa hobetzekoak, paragrafo bat gehitu dio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 169.1.a) artikuluari. Paragrafo horren bidez, beste egoera bat gehitu zaie aldi bateko ezintasun-egoerei: 

 

“Kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasuntzat hartuko dira transplantatzeko organoak edo ehunak ematen dituztenekin lotutakoak. Egoera horren barruan sartzen dira, batetik, emaileak Gizarte Segurantzaren osasun-laguntza jasotzen duen eta kirurgiarako prestakuntza medikoaren ondorioz lanerako ezinduta geratzen den egunak (egun solteak nahiz segidakoak), eta, bestetik, prestaketa hori egiteko edo transplantea egiteko ospitaleratzen den egunetik alta medikoa eman arteko egunak”. 

 

Egoera berezia da, Legearen hitzaurrean adierazten denez: Transplanteen Erakunde Nazionalak ekintza altruistatzat hartzen du, eta, haren esanetan, “gizakien arteko borondatezko ekintza garrantzitsuena da, aukera ematen diena milaka pertsonari bizirik jarraitzeko edo beren bizi-kalitatea hobetzeko”. Gainera, mundu osoan liderra da Espainia organo-emateei dagokienez. Bada, egoera horietarako babes-erregimen berezi bat da hau, prestazio ekonomikoari dagokionez pribilegioak dituena. Hain zuzen, kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunetarako ezarritako kotizazio-oinarriaren % 100eko prestazio bat da. Gainera, prestazio hori jaso ahal izateko, ez da kotizazio-aldirik eskatuko, eta kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa erakunde kudeatzaileak edo kolaboratzaileak ordainduko du, hasi baja hartzen den egunetik eta alta hartu eta lanean hasteko gai izan arte. Ezintasun-egoera horretan, kotizatu egin beharko du langileak, ezinbestean.  

 

2025eko martxoaren 3an sartuko da indarrean. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Botiken eraginpean gidatzea: isilpeko arrisku bat 

seguridad vial

Botiken eraginpean gidatzearen gaiak garrantzi berezia hartu du azken urteetan, batik bat Espainia eta Euskal Herria bezalako tokietan, non erabat ohikoa baita gaitzak tratatzeko farmakoak erabiltzea. Izan ere, zenbait sendagaik logura ematen dute, eta horrek eragotzi dezake ibilgailuak segurtasunez gidatzea, bai eta trafiko-istripuak izateko arriskua areagotu ere. 

Botikak eta logura 

Espainian, logura eragiten duten botikak kontsumitzen dituzte gidari askok. Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren datuen arabera, agindutako medikamentuen % 20 inguru lasaigarriak dira edo logura ematen dute. Halakoak dira analgesiko batzuk, antidepresiboak, antihistaminikoak eta antsietaterako medikamentuak. 

2022an egindako ikerketa batek erakutsi zuen Euskadin trafiko-istripua izan zuten gidarien % 30 inguru sendagaien eraginpean zeudela, eta sendagai horiek eragina zutela haien kontzentrazio-gaitasunean eta erreakzio-denboran. Horregatik, beharrezkoa da gidariak jabetzea botikek eragina izan dezaketela gidatzean. 

 Gidarientzako aholkuak. 

  1. Galdetu medikuari edo farmazialariari. Tratamendu berri batekin hastean, gidatu aurretik, hitz egin osasun-arloko profesional batekin. Galdetu albo-ondoriorik baduen, eta gidatzea segurua den edo ez. 
  2. Irakurri erabilera-orria. Gidatzeari buruzko oharrak ere baditu. Funtsezkoa da informazio hori irakurtzea eta ulertzea zer arrisku dituen jakiteko. 
  3. Saihestu botikak konbinatzea. Botika bat baino gehiago aldi berean hartzeak lasaigarri-efektua areagotu dezake, eta gidatzean arriskuak handitu. Hartzen ari zaren botika guztien berri eman medikuari. 
  4. Aztertu zure burua. Botika bat hartu eta logura sentitzen baduzu, zorabiatuta bazaude edo pertzepzioa alteratua duzula uste baduzu, ez gidatu. 
  5. Bilatu beste aukera batzuk. Kasu batzuetan, botika horien ordez beste batzuk hartuta logura gutxiago sentitzen da. Galdetu medikuari aukera horiei buruz. 

Estatistikak eta kontzientziazioa 

2022an, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) kanpaina bat abiarazi zuen sendagaiek gidatzean duten eraginari buruz kontzientziatzeko. Haren estatistiken arabera, Espainian zirkulazio-istripuen % 10 lotuta daude sendagaiak hartzearekin. Euskadin, zertxobait handiagoa da portzentaje hori, % 12koa. 

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako inkesta baten arabera, gidarien % 40rentzat botikek eragindako logura ez da arazo larria. Horregatik, beharrezkoa da herritarrak hezten eta bide-segurtasunaren kultura sustatzen jarraitzea. 

Ondorioa 

Botiken eraginpean gidatzearen kezka gero eta handiagoa da Espainian eta mendebaldeko egungo gizarte guztietan, biztanleriaren zahartzeak eta egungo bizimoduak (estresak, antsietateak…) eraginda. 

 Logura gaudela gidatzea hilgarria izan daiteke, eta funtsezkoa da gidariak jakinaren gainean egotea eta kontziente izatea tratamendu medikoek dituzten arriskuez. Hezkuntza eta prebentzioa ezinbestekoak dira arazo horrekin lotutako istripuen kopurua murrizteko eta gure errepideetako segurtasuna hobetzeko. 

Lanean ari garela mugitzearen garrantzia: laneko osasuna eta ongizatea hobetzen

Gaur egungo lanetan, lanaldi luzeak egiten ditugu ordenagailu aurrean, zeregin askok sedentarismoa sustatzen dute, edo eskakizun fisiko handiko lan errepikakorrak egiten ditugu; horregatik, jarduera fisikorik ezaren ondorioak lehentasunezko gai bihurtu dira. Enpresetan, zeinetan berrikuntza eta produktibitatea funtsezko zutabe baitira, langileen osasuna hobetzen duten estrategiak erabiltzeak eragina izan dezake emaitzetan.


Bizimodu sedentarioak eragin negatiboa du osasunean, oro har, baina baita osasun muskulueskeletikoan ere. Eta horrek, langileei ez ezik, enpresei ere eragiten die, laneko bajak ugaritzen baitira, eta errendimendua murrizten. Hala ere, konponbidea ez da lanetik kanpo ariketa-saio luzeak egitea; mugimendua laneko eguneroko martxan txertatzea da gakoa.


Etenaldi aktiboak: luzaketak baino gehiago


Etenaldi aktiboak luzaketa hutsa baino gehiago dira orain. Nahiz eta luzaketak eraginkorrak diren muskulu-tentsioa murrizteko, berriki egindako ikerketek erakutsi dute indar-ariketak oso garrantzitsuak direla. Erresistentzia-ariketek, hala nola banda elastikoak edo norberaren gorputz-pisua erabiliz egindakoek, aukera ematen dute jarrera iraunkorretan eta mugimendu errepikakorretan parte hartzen duten muskuluak indartzeko, eta horrek, mina prebenitzeaz gain, langileen gaitasun funtzionala hobetzen du.


Mugimendu-snackak: dosi txikiak, emaitza handiak


Ikusten ari gara mugimendu-snackak estrategia sinple eta eraginkorra direla sedentarismoaren ondorioei aurre egiteko. Jarduera-aldi laburrak dira (1-5 minutu), eta ariketa hauek egin daitezke, besteak beste: eskailerak igo eta jaitsi, aulki batean eseri eta altxa edo besoen indarra lantzeko ariketak egin. Ariketa erraz horiek astean pare bat aldiz egiteak eragin positiboa du langileen osasunean eta ongizatean.

Lan-ingurunean duten onura


Osasun fisikoa hobetzeaz gain, laneko ariketa-programek eragin zuzena dute taldearen gogo-aldartean eta kohesioan. Gogobetetze-maila hobetzen eta enpresarekiko konpromisoa indartzen dituzte. Arlo ekonomikoari dagokionez, etenaldi aktiboetan inbertitzeak lagundu dezake gaixotasun-bajei eta nahasmendu muskulueskeletikoek eragindako tratamendu medikoei lotutako kostuak murrizten.


Aldaketarako gonbita


Irabaziak maximizatzeko, funtsezkoa da erakunde bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako programak diseinatzea eta inplementatzea. Askotariko aukerak daude: hasi mugimendua erraztuko duten egokitzapen ergonomikoetatik eta profesionalek gidatutako etenaldietaraino. Izan ere, mugimendua, beharra ez ezik, etorkizuneko inbertsioa ere bada.


Jarri harremanetan gurekin, eta jakin nola inplementatu ditzakezun estrategia horiek eta nola egin dezakezun zure lan-ingurunea osasuntsuagoa eta produktiboagoa!


Erreferentziak


● Panahi, S., & Tremblay, A. (2018). “Sedentariness and health: is sedentary behavior more than just physical inactivity?”. Frontiers in Public Health, 6, 258.
● Luger, T., Maher, C. G., Rieger, M. A., & Steinhilber, B. (2019). “Work-break schedules for preving musculoskeletal symptoms and disorders in healthy workers”. Cochrane Database of Systematic Reviews, (7).
● Parry, S. P., Coenen, P., Shrestha, N., O’Sullivan, P. B., Maher, C. G., & Straker, L. M. (2019). “Workplace interventions for increasing standing or walking for decreasing musculoskeletal symptoms in sedentary workers”. Cochrane Database of Systematic Reviews, (11).
● Da Costa, B. R., & Vieira, E. R. (2008). “Stretching to reduce work-related musculoskeletal disorders: a systematic review”. Journal of Rehabilitation Medicine, 40(5), 321-328.
● Parra Vera, M. F., González Herrera, R. A., Ñiripil Árias, N. E., & Guzmán Muñoz, E. E. (2024). Efecto de pausas activas en la disminución de trastornos musculoesqueléticos de extremidades superiores en oficinistas. Revista de la Asociación Española de Especialistas en Medicina del Trabajo, 33(2), 209-217.

11/2024 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzekoa

Arau hori 2024ko abenduaren 25ean sartu zen indarrean, baina haren edukia, salbuespen batzuekin, 2025eko apirilaren 1ean sartuko da indarrean. Salbuespen horien artean daude manufaktura-industriako erretiro partzialaren aurreikuspenak.

Aldaketak manufaktura-industriako erretiro partzialen araubide iragankorrean, zeina 2029ko abenduaren 31ra luzatzen baita:

  • Erretiro partzialak irauten duen bitartean, enpresak eta langileak lanaldi osoko erretiro partzialari legokiokeen kotizazio-oinarriaren % 80ri dagokiona kotizatuko dute. Kotizazio hori gradualki aplikatuko da urtetik urtera: 2025. urtean % 40 kotizatuko da, eta 2029an % 80.
  • Aldi berean txanda-kontratua duten erretiro partzialen araudia aplikatzen jarraituko da araua betetzen duten eta 2030eko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren pentsioei.
  • Langileen % 75ek baino gehiagok kontratu mugagabea izan behar dute.

Erretiro-adin arruntera iritsi gabe txanda-kontratuarekin erretiro partziala hartzen den kasurako aldaketak:

  • Erretiro partziala erretiro-adin arrunta baino bi urte lehenago hartzen denean, lehenengo urtean % 20tik % 33ra bitartean murriztuko da lanaldia. Kasu horietan, bigarren urtetik aurrera, alderdiek lanaldiaren murrizketa aldatu ahal izango dute.
  • Langileak erretiro-adin arruntarekin hartzen duenean erretiro partziala, txanda-kontratu bat egin ahal izango da; haren lanaldia, gutxienez, erretiro partziala hartu duen pertsonak hutsik uzten duena bestekoa izango da, eta denbora mugarik gabea edo iraupen jakin batekoa izan daiteke. Iraupena mugatua bada, aldi bateko kontratu horrek indarrean egon behar du erretiro partzialak irauten duen bitartean, eta, kasu guztietan, bi urtekoa izango da gutxienez. Txanda-kontratua langabezian dagoen edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratua duen pertsona batekin egingo da.
  • Txanda-kontratuak mugagabeak eta lanaldi osokoak izango dira, eta erretiro partziala amaitu ondorengo bi urteetan mantendu behar dira, gutxienez. Baldin eta txanda-kontratua erretiro partziala hartzen duen langileak erretiro osoa hartu baino lehen amaitzen bada, enpresaburuak beste kontratu bat egin behar dio baldintza beretan.
  • Lanaren eta pentsioaren bateragarritasun efektiboari esker, lana pilatu ahal izango da (asteko egunetan, hilabeteko asteetan, urteko hilabeteetan edo beste denbora-tarte batzuetan), banaka hitzartutakoaren edo, hala badagokion, negoziazio kolektiboaren arabera, haren adierazpena dena dela, lantokiko hitzarmena barne, eta inongo esparrutan ezin da haren erabilera mugatu edo eragotzi.
  • Adinak kasuan kasuan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko (GSLO) 205.1.a) artikulua aplikatuta dagokiona baino hiru urte gutxiago izan behar du gehienez, eta, oro har, hogeita hamahiru urteko kotizazio-aldi bat frogatu behar da. Lanaldia % 25etik % 75era bitartean murriztuko da.
  • Halaber, erretiro-adin arrunta baino geroago erretiratzea sustatzeko eta erretiro aktibo deritzona bultzatzeko aldaketak egin dira araudian.
  • Araua indarrean sartu aurretik sinatzen diren txanda-kontratuak sinatzen diren unean indarrean dagoen araudiaren arabera eraenduko dira.

9/2024 Errege Lege Dekretua: Gizarte Segurantzaren arloko neurriak

sistema de cotización de autónomos

Arau hori argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean, 2024ko abenduaren 25ean, baina kotizazio-oinarrien eguneratzeak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorio ekonomikoak, beste neurri batzuen artean.

  • Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) 2025eko LGS berria onartu arte luzatuko da. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxieneko kotizazio-oinarriak gutxieneko LGSaren ehuneko bera baino seiren bat gehiago handituko dira, eta gehieneko oinarriak ezartzeko, berriz, pentsioak goratzeko aurreikusitako ehunekoari GSLOren hogeita hemezortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa gehituko zaio.
  • Belaunaldiarteko ekitaterako mekanismoari dagokion kotizazioa % 0,80 izango da (% 0,67 enpresaren kontura eta % 0,13 langilearen kontura).
  • 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, GSLOren 19 bis artikuluan aipatzen den elkartasun-kuota gehigarria aplikatuko da.
  • GSLOren berrogeita laugarren xedapen gehigarrian (ABEEei eta RED Mekanismoari dagozkien kotizazio-onurak) araututako kotizazio-salbuespenei dagokienez, baldintza gisa ezartzen da ukitutako pertsonak lanpostuan mantendu behar direla ABEEaren indarraldia amaitu ondoren gutxienez sei hilabetez eta gehienez bi urtez.
  • Gizarte-babesa ziurtatzeko eta kaleratzeak saihesteko laguntza-neurriak luzatzea: zuzeneko laguntzen onuradun diren enpresek ezingo dituzte justifikatu energia-kostuak handitzean oinarritutako kaleratze objektiboak; Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. artikuluan araututakoaren arabera lanaldia murrizteko edo kontratuak eteteko neurriak ezartzen dituztenek ezingo dituzte arrazoi horiek erabili langileak kaleratzeko.
  • Beste xedapen gehigarri bat, laugarrena, gehitu zaio uztailaren 26ko 13/2022 Errege Lege Dekretuari, zeinaren bidez kotizazio-sistema berri bat ezartzen baita norberaren konturako langileentzat edo langile autonomoentzat, 2025eko urtarrilaren 1etik kuotak erregulariza ez daitezen sistema publikoaren osagarri den gizarte-prestazioen kooperatiben arteko sistema bat duten langile autonomoen kasuan. Xedapen horretan bertan ezartzen da, halaber, ezen langile autonomo horiek aukeratuko dutela beren hileko kotizazio-oinarria, taula orokorreko 1. zatiko oinarri minimoaren berdina edo handiagoa izanik, eta, beraz, beren errendimenduaren arabera kotizatzetik salbuetsiak daudela eta horregatik ez dela beharrezkoa urte bakoitzeko kuotak erregularizatzea.

Pentsioak

  • Errege Lege Dekretuaren IV. tituluko I. kapituluak pentsioen goratzea du ardatz, eta % 2,8ko igoera ezartzen du, aurreko urteko abenduaren aurreko hamabi hilabeteetan kontsumoko prezioen indizearen urte arteko aldakuntza-tasen batez besteko balioan oinarrituta. Goratze hori funtsezkoa da pentsiodunen erosteko ahalmenari eusteko.
  • Pentsioen 2025eko gutxieneko zenbatekoak eta beste muga batzuk Dekretuaren I. eta II. eranskinetan daude. Garrantzitsua da azpimarratzea gutxieneko zenbatekoak ez direla pentsiotzat hartzen; aitzitik, errenta-baldintza batzuk betetzen dituzten pentsiodunei bermatzen zaizkien zenbateko ez-kontsolidagarritzat hartzen dira. Beraz, pentsio aitortuak goratzen dira, eta, baldintzak betetzen badira, osagarri bat gehitzen zaie dagokien gutxieneko zenbatekoa lortu arte.
  • Errege Lege Dekretu honetan jasotzen dira, halaber, Gizarte Segurantzaren sistemako gehieneko kotizazio-oinarriaren eguneraketa eta elkartasun-kotizazio berriaren aplikazioa, eta 2025eko urtarrilaren 1ean hasiko da aplikatzen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 19 bis artikuluan araututakoaren arabera.