Mugikortasunaren murrizketak amaitzeaz geroztik, ekainean uste baino arinago lehengoratu da trafikoa. Ibilgailuz egindako lekualdatzeek gora egin dute, eta 2019ko epealdi berekoen oso antzeko mailara iritsi dira. Dena dela, horrekin batera, istripuek ere gora egin dute.
Ekainaren 28ko datuak eskuan, 2019ko ekainean (pandemia hasi baino lehenago) baino 40 pertsona gehiago hil dira auto-istripuz.
Ibilgailu gehienak geldi edo ia geldi egon dira urtebete inguru. Horregatik, lehen sarriago egiten ziren azterketak (gurpilen presioa, garbitzailearen likidoaren maila… are olio-aldaketak ere) ez dira egin, ez direlako beharrezkoak izan. Beraz, garrantzitsua da ibilgailua hartu baino lehen haren egoera aztertzea eta prest uztea.
Aholku hau eta beste batzuk aurkituko dituzu gure mugikortasun-kanpainan, ikus-entzunezko materialaren bidez emanak. Bideo bidezko asteko sentsibilizazio-kanpaina:
Europako Batzordearen esparru estrategiko berri honen xedea langileen segurtasuna eta osasuna hobetzea da, ekonomiaren, demografiaren eta laneko patroien aldaketa azkarrei ekinda, eta EBko eta kide diren estatuetako erakundeen, mintzakide sozialen eta beste intereseko alderdi batzuen lankidetzarekin. Hiru lehentasun nagusi hauek daude langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko esparru honetan:
Trantsizio ekologiko, digital eta demografikoaren testuinguruko aldaketari aurre hartu eta kudeatzea, azterlan prospektiboen etaEU-OSHAren proiektu globalen bitartez;
Lanarekin zerikusia duten istripu eta gaixotasunen prebentzioa hobetzea, “zero ikuspegia”rekin bat; horretarako, prebentzioa praktikan jartzen laguntzeko baliabide erabilerrazak emango dira; eta
Egungo eta etorkizuneko osasun-krisiei erantzuteko prestakuntza areagotzea gidalerro-kopuru handi bat eginez, langileen segurtasuna eta osasuna zaintzen laguntzeko.
Batzordeak estatu kideei eskatu die maila nazionalean egokitu eta osatu ditzatela beren estrategiak, esparru estrategiko honekin bat etorrita, eta mintzakide sozialekin lankidetzan; hartara, bermatuko dute neurri berriak aplikatzen direla lekuan leku. LSOri buruzko 2023ko gailurrak aukera emango du asmo handiko esparru horren aurrerabidea neurtzeko, bai eta azkar aldatzen den testuingurura egokitzearen ebaluazioa egiteko ere.
Uda iritsi eta tenperatura igotzen denean, gorputzak martxan jartzen ditu bere egokitzapen-mekanismoak, tenperatura egonkortzeko. Baina tenperaturak gora egiten jarraitzen badu eta lan gogorrak egin behar badira kanpoaldean, baliteke mekanismo horiek nahikoa izan ez eta bero-kolpea izatea. Horrek kalte larria egin diezaioke osasunari, baita heriotza ere.
Hori dela eta, tenperatura altua denean, egoera horretan lanean ari direnek kontuan izan behar dute zer arrisku duten, eta enpresaburuek haien esku jarri behar dituzte osasuna bermatzeko prebentzio-neurriak.
Nolakoa da? Sintomak
Gorputzaren tenperatura igo egiten da, takikardiak izaten dira, buruko mina, zorabioa, gorakoa, kalanbreak…
Azal gorritua, beroa eta lehorra (izerdirik ez)
Neke handia, noraeza, dardarak, konortea galtzea…
Nola saihestu? Langileentzako gomendioak
Ez egon luzaroan eguzkipean;
Eguzkitik babestu, burua batez ere; Erabili arropa argi eta zabalak, eta gorputzaren atal gehienak estali;
Erabili eguzkitako kremak, erradiazio ultramoreaz babesteko;
Ondo hidratatu, egarririk izan ez arren;
Ez erre, ez egin otordu oparoegirik eta ez hartu alkoholdun edaririk;
Ez egin ariketarik bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara);
Nola saihestu? Enpresentzako gomendioak
Langileei informazioa eta prestakuntza eman, beroarekin zerikusia duten arriskuei, haien ondorioei eta balizko neurriei buruz;
Langileei adierazi bertan behera utzi behar dutela egiten ari diren jarduera, sintomarik izatekotan;
Leku freskoetan atsedena maiz hartzeko erraztasunak eman (atsedenaldien maiztasuna areagotu; atsedenleku freskoak prest eduki)
Ordutegiak egokitu (ahal denean, txandak antolatu esposizioaren iraupena edo intentsitatea murrizteko; esposizio txikiagoko lanpostuekin txandakatzea aurreikusi; lanik gogorrenak bero gutxien dagoen orduetarako planifikatu; ordutegiak egokitu bero gutxien dagoen orduak aprobetxatzeko);
Bakarkako lana saihestu eta ura jarri langileen eskueran (langileak ez daitezela bakarrik egon; ura jarri haien eskueran; kapelak eta txanoak erabiltzeko aukera eman; eguzkitako babes-krema jarri eskueran).
Nola jokatu bero-kolpea hartu duen pertsona batekin?
Ahal bada, kaltetutako pertsona itzala duen toki fresko atera eraman;
Konortea badu, edatekoa badu; konortea galdu badu, haren tenperatura jaisten saiatu;
Burua, lepoa, besapeak eta izterrondoak hoztuz, ura edo zapi bustiak erabilita;
112ra deitu eta kaltetutako pertsonarekin egon, laguntza iritsi arte.
Uvesco Taldea 1993an sortu zen, Kantabrian eta Gipuzkoan kokatutako bi familia-negozio batu zirenean. Bi negozioek kontsumoaren sektorean tradizio luzea zuten, eta kalitatearekiko konpromisoan oinarritutako ikuspegi berbera zuten bi-biek. Bi enpresek jatorrian zituzten balioak ekarri zituzten taldera, eta oinarrizkoak dira Uvescon: zerbitzu bikaina ematea, kalitatezko aukera edukitzea eta tokiko produktu freskoa eskaintzeko konpromisoa izatea. Sortu zenetik, taldeak bere instalazio logistikoak finkatzean jarri zuen arreta, eta BM Supermercados bereizgarria zabaltzeko etapari eman zion hasiera; Gipuzkoan, SUPER AMARA markarekin partekatzen du. Gaur egun, 250 dendatik gora ditugu Euskadin, Kantabrian, Nafarroan, Errioxan, Madrilen eta Ávilan, eta online denda ere badugu.
Uvesco Taldea pertsonek osatzen dute, eta taldearen premisa «funtsezko lanbide bat handi egitea» da. Zenbat pertsonak osatzen dute taldea eta zer ekintza egiten dira bertako langileak prestatzeko eta konpromisoa areagotzeko?
Gaur egun, 5.600 langiletik gora ditugu. Gure helburua profesionalik onenak izatea da, eta, horretarako, funtsezkoa da, batetik, taldean lan egiten duten pertsonen aitorpena, eta, bestetik, prestakuntza-planak gauzatzea. Ildo horretan, aurten, eta zailtasunak gorabehera, gure erakundeak 4,6 milioi euro bideratu ditu gure langileen prestakuntzara. Besteak beste, gure aretoko profesional eta produktu freskoetako espezialista guztiek (harakinak, txerriki-saltzaileak, fruta-saltzaileak eta arrain-saltzaileak) prestakuntza espezifiko bat jasotzen dute beren eginkizunak betetzeko, bezeroei erosketa-esperientzia onena ematera eta prebentzioa eta segurtasuna sustatzera bideratuta. Era berean, barne-sustapeneko planak bultzatzen ditugu, eta, haien bidez, barneko talentuaren identifikazioan eta pertsonen garapenean laguntzen dugu, garapen-postuetara hel daitezen, halako moldez non erantzukizuneko postuen % 90 barneko langileek betetzen baitituzte. Bestalde, 2020an inguruabarretara egokitzeko eta malgutzeko egin dugun ahalegina nabarmena izan da; izan ere, mugikorrerako aplikazio bat eta online prestakuntzak garatu ditugu, langileek zenbait prestakuntza egin zitzaten (elikagaiak manipulatzeko prestakuntza, conpliance, laneko arriskuen prebentzioa, eta taldearen ezagutza eta araudia).
Zer suposatu du enpresarentzat pandemiako urte honek eta zer prebentzio-neurri hartu ditu?
Prebentzioa eta segurtasuna taldearen ardatz estrategiko bihurtu dira, eta 2020an 17 milioi euroko ahalegin gehigarria egin behar izan dugu arlo horretan, gure ekipamenduen eta gure bezeroen segurtasuna bermatzeko, eta gure profesionalen ezohiko ahalegina saritzeko.
Hona hemen hartu diren segurtasun-neurriak: langileentzako babes-materiala, gel hidroalkoholikoa, musukoak eta eskularruak erostea, banaketako pantailak instalatzea, dendan segurtasun-tartea mantentzeko seinaleztapena jartzea, orgak desinfektatzeko makinak abiaraztea –neurri aitzindaria Espainian–, eta edukiera kontrolatzeko sistema berritzaile bat ezartzea.
Erantzukizun arloko «R» marka berria dauka. Zer jarduketa egiten ditu UVESCO taldeak erantzukizunaren arloan?
Ingurunearekiko eta gizartearekiko erantzukizuna gure taldearen balioetako bat da, eta marka honen bidez gure DNAren parte den konpromiso horren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Era berean, gizarte bidezkoago, iraunkorrago eta solidarioago bat eraikitzen laguntzeko egiten ditugun jarduera guztiak indartu nahi izan ditugu. Eremu horretan daude gure jarduera hauek: elikagaien bankuekin egin ditugun lankidetzak, zeinetan 300 tona elikagai baino gehiago eman ditugun dohaintzan 2020an; hondakinak murrizten eman ditugun pausoak, esaterako, poltsetan plastikoa ezabatzea eta ontzi iraunkorrak erabiltzea; zentraletan hondakinak kudeatzeko eta biltzeko dugun sistema; lehenengo PPA (Power Purchase Agreement) hitzarmena sinatzea, zeinaren bidez gure energia elektrikoa % 100 berriztagarria den; etxerako banaketako flotan ibilgailu elektrikoak erabiltzea; gizarte-jardueretan parte hartzea kirol-elkarte eta -klubekin, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea; Elige Cuidarte Kids programa, haurretan ohitura osasungarriak sustatzeko; tokiko produktuekiko dugun konpromisoa, abeltzainekin, nekazariekin eta Kantauri itsasoko kofradiekin ditugun hitzarmenen bidez, kalitaterik oneneko eta km0-ko produktuak lortzeko, besteak beste.
Elikadura osasungarria, iraunkortasuna eta hurbiltasuna funtsezko ardatzak dira UVESCO taldearentzat. Nola indartzen duzue zuen konpromisoa tokiko produktuarekin eta Km0 produktuekin?
Gure balioetako bat kalitatezko elikadura iraunkorrarekiko konpromisoa da, eta, arlo horretan, tokiko produktuak funtsezko eginkizuna dauka. Konpromiso hori betetzeko, zuzeneko hitzarmenak ditugu nekazaritzako elikagaien sektoreko 400 ekoizle txikirekin baino gehiagorekin, bai eta Kantauri itsasoko zenbait kofradiarekin eta tokiko ekoizle batzuekin ere, eta horrekin guztiarekin hiru helburu lortzen ditugu: batetik, tokiko ekonomia sustatzea, bertako produktuen alde eginez; bigarrenik, jarduera iraunkor bat gauzatzea, garraioaren ondoriozko efektuak murrizten direlako eta sasoiko produktuen alde egiten delako; eta, hirugarrenik, kalitatezko elikagaiak bermatzea eta herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzea, lehen mailako produktuak eskaintzen ditugula jakinik.
Eta zenbait gizarte-eragileekiko hurbiltasuna?
Modu askotan daukagu presentzia inguruneko jarduera sozioekonomikoan, esaterako, kirol-ekintzetan, herri-lasterketetan eta maratoietan lagunduz, produktua emanez, adibidez, ura eta fruta, bai eta elikadura eta herritarren ongizatea sustatzen duten beste herri-jarduera batzuetan ere; hala ere, egia da 2020an laguntza horiek murriztu egin direla, egoera dela-eta. Bestalde, oso beharrezkoa denez, kolektibo babesgabeei laguntzen diegu, esaterako, elikadura-bankuei, eta Cáritas, Gurutze Gorria, Unicef eta antzeko elkarte solidarioen kanpainak babesten ditugu.
Zein dira UVESCO taldearen etorkizuneko erronkak?
Zalantzarik gabe, aurten pertsonen segurtasuna lehentasunezko ardatz bihurtu da. Egia da lehendik ere gure taldean zegoela, baina orain are gehiago, eta, inguruabarrak edozein direlarik ere, prebentzioa gure jarduketetan integratu behar dugu eta eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu gure langile eta bezeroen segurtasuna bermatzeko. Bestalde, gure helburua BM eredua bezero guztiei helarazten jarraitzea da, irekieren eta gure denden hobekuntzen bidez, bai eta lanpostuak sortuz ere. Garai hauetan, oraindik gehiago, funtsezkoa da enplegua sortzearen alde egitea eta ekonomia suspertzea. Hirugarrenik, tokiko produktuarekiko dugun konpromisoaren alde egiten jarraitzea, oraindik ere gure zutabeetako bat baita eta bere elikaduraz, osasunaz, ongizateaz eta inguruneaz arduratzen den bezeroaren premiei erantzuten baitie.