2022ko ohiko Batzar Nagusirako deialdia

junta general mutualia

Ezohiko eta Ohiko Batzar Nagusia
2022ko uztailaren 15
ean-12:30ean
Arriola pasealekua 26, Ibaeta auzoa (Pakea Klinika) Donostia



OHIKO ETA EZOHIKO BATZAR OROKORRETARAKO DEIALDIA

“MUTUALIA” Gizarte Segurantzarekin Lankidetza duen 2. zk.-ko mutuaren (Mutualia) Zuzendaritza Batzordeak, 2022ko martxoaren 29an egindako bileran, erabaki zuen Ohiko eta Ezohiko Batzar Orokorretarako dei egitea enpresaburu elkartuei, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluan eta erakundearen Estatutuetako 22. eta 23. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Batzarrok uztailaren 15ean izango dira, bata bestearen ondoren; 12:00etan lehen deialdian eta 12:30ean bigarren deialdian, Donostia-San Sebastiánen, Ibaeta auzoan, Arriola pasealekuko 26. zenbakian (Pakea Klinika). Hauek izango dira gai-zerrendak:

Ezohiko Batzar Orokorrerako gai-zerrenda

  1. Presidentearen agurra.
  2. Zuzendaritza Batzordeak proposatutako erakundearen indarreko Estatutuak aldatzeko proposamena onestea, hala badagokio; helburua da honako artikulu hauek aldatzea: 1., 3., 6., 26., 27.2, 34. eta 35. artikuluak.
  3. Aurreko proposamena onetsiz gero, Zuzendaritza Batzordeari berariazko baimena ematea aurreko erabakia gauzatzeko, eta Estatutuen testuan sartzeko Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioak proposatutako gehikuntza, aldakuntza edo zuzenketak.
  4. Bi ikuskatzaile izendatzea bileraren akta berretsi eta onesteko.

Ohiko Batzar Orokorrerako gai-zerrenda

  1. Presidentearen agurra.
  2. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aztertzea eta, hala badagokio, onestea, honako hauek barne: Aldi baterako finantza-inbertsioen, zuzkiduren eta ondare historikoaren aplikazioen txostena; Memoria, Gobernu Korporatiboaren urteko txostenarekin; 2021eko ekitaldiko balantzeak eta emaitzen kontuak, Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenen ondoren; eta 2021eko ekitaldiaren emaitza ekonomiko positiboa eta soberakinaren aplikazioa.
  3. 2023ko ekitaldirako Aurrekontuen Aurreproiektuari buruzko informazioa ematea eta, hala badagokio, onestea, eta Zuzendaritza Batzordeari ahalak eskuordetzea behar diren aldaketak sar ditzan Gizarte Segurantzaren Aurrekontuen Proiektuan.
  4. Prestazio Berezien Batzordearen 2021eko ekitaldiko kudeaketari buruzko txostena.
  5. Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorraren aldaketa aztertzea eta, hala badagokio, onestea.
  6. Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzea eta berritzea.
  7. Bi ikuskatzaile izendatzea bileraren akta berretsi eta onesteko.
  8. Presidentearen esku-hartzea.
  9. Galde-eskeak.

Estatutuen testua eta hura aldatzeari buruzko azalpen-txostena, aldi baterako finantza-inbertsioei buruzko txostena, Txostena, Balantzeak, Emaitzen Kontuak, Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorra, eta Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak egindako auditoretza-txostenak mutualitatearen web-orrialdean (www.mutualia.es) kontsultatu ahal izango dira Batzar Orokorrak baino 15 egun lehenagotik, baldin eta azken horiek Mutualiari jakinarazi bazaizkio, eta, betiere, jakinarazten den egunetik aurrera.

Legitimazioa egiaztatzeko bidea eta aplikatzeko baldintzak:

Mutualiako kide diren enpresaburu guztiek dute bilerara joateko eskubidea, kide izateko hitzarmena indarrean badute Batzar Orokorren datetan; dena dela, sozietatearekiko betebeharrak egunean dituztenek soilik izango dute boto-eskubidea. Era berean, bertaratzeko eta botoa emateko eskubidea izango du elkartutako langileen ordezkariak ere, bai eta erakundeko langileen ordezkariak ere. Bertaratzeko eta botoa emateko eskubideak gauzatu ahal izateko, jakinarazten da sozietatearen egoitzan eta Mutualiaren egoitza operatiboan kontrol-erregistro eguneratu bat izango dela Batzar Orokorretarako deialdia egiten den egunean, kide diren enpresaburuei eta sozietatearekiko betebeharrak egunean dituztenei dagokiena, haiei buruzko datuekin; horrez gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Elkartze Agiria erakutsiz ere egiaztatu ahal izango dira betekizun horiek. Mutualitateko kide den enpresaburu orok zuzenean nahiz ordezkaritza bidez Batzar Orokorretan izan nahi badu, “Bertaratze-txartela edota botoa eskuordetzeko txartela” izan beharko du; Mutualiako zentro horietako edozeinetan jaso ahal izango da, edo, bestela, www.mutualia.es webgunean ere eskuratu ahal izango da. Botoa elkartutako enpresaburu bati eskuordetu ahal izango zaio soilik, bai eta presidenteari edo Zuzendaritza Batzordeko edozein kideri ere.

Edozein zalantza edo galdera izanez gero: 94.425.25.03

Bilbo, 2022ko martxoaren 29a

Zuzendaritza Batzordea

PRESIDENTEA

Udan seguru gidatu: bermatu zure oporren arrakasta

conducir moto en verano

Uda iristearekin batera, oporrez gozatzeko norbere ibilgailua erabiltzea ohiko praktika bihurtzen da. Urteko sasoi horretan, biderkatu egiten dira errepide bidezko joan-etorriak, eta, ondorioz, orduan gertatzen dira istripu gehien. Horregatik, oso adi egon behar dugu, eta joan-etorri horiek ahal bezain atsegin eta seguru egin behar ditugu.

Zer aholku edo jarraibide segururi jarraitu behar diegu?

Joan-etorri guztiak eta batez ere luzeak aurrez planifikatzea oso garrantzitsua da.

Bidea jakiteak (GPSa egoki erabiltzea), trafikoaren egoeraren eta klimatologiaren berri izateak eta deskantsatuta gidatzeak (atsedenaldiak antolatzea) bidaia antolatuagoa, erosoagoa eta seguruagoa bihurtuko dute.

Oso garrantzitsua da, era berean, patxada eta jarrera positiboa izatea, eta iristeko ordurik ez ipintzea.

Hori guztia, arauak errespetatuta, segurtasun-tarteak utzita eta abiadura-mugak ez gaindituta.

Gidatzearekin lotutako udako aholkuen artean, hauek nabarmenduko ditugu:

1. Ez gidatu eguneko ordurik beroenetan. Gidatzeko une egokienak egunsentia, goiza edo iluntzea dira. Ibilgailuak izan beharko lukeen tenperatura ideala 20 eta 23 graduren artean dago. Gradu asko badaude, gure gorputza gehiago deshidratatzen da, eta neke eta logura seinaleak agertzen dira; baldintzatzaile horiek gidatzean erreflexuak galarazi, eta errepideko edozein anomaliaren aurrean erreakzionatzea zailtzen dute.

Auto barruan gehiegizko tenperatura dagoela gidatzeak % 20ra arte areagotu dezake istripua izateko arriskua. Gainera, ordurik beroenetan, eguzki izpiek nabarmen murrizten dute gure ikuseremua, eta molestatu ere molestatu dezakete. Halakoetan, onena da berorik handieneko orduetan ez gidatzen saiatzea.

2. Bidaian zehar ondo hidratatu. Udan, joera dago gure gorputzeko likidoen galera areagotzeko, eta deshidratazioak gertatzen dira. Ondorioz, nekea eta nahasmena handitu egiten dira, eta horrek larriki kaltetzen du gure gidatze-segurtasuna. Konponbide erraz bat da likido asko edatea, eta aproposena, ura edatea, egarririk izan gabe ere. Horrela, gure gorputza hidratatuta izango dugu. Era berean, gomendagarria da nutrizio-ohitura egokiak izatea, elikadura osasungarrian oinarrituta.

3. Ez edan alkoholik eta ez egin jatordu oparorik. Udan ohikoa izaten da gertaerak ospatzeko edo ekitaldiak egiteko jendearekin biltzea, eta, gainera, bazkari-afariak oparoak izaten dira; horrek arazoak sor ditzake, esate baterako, nekea edo logura areagotzea. Halaber, janariarekin batera edari alkoholikoak edateak ere kalte egin diezaguke. Gure ibilgailua hartzen dugun bakoitzean, asko jatea eta alkohola edatea (gutxi bada ere) saihestu behar dugu.

4. Arropa arinak jantzi. Arropa erosoa eta arina janztea da aproposena ibilgailuaren barruko mugimenduak ahalik eta gehien errazteko. Gomendagarria da zirkulatzeko oinetako egokiak erabiltzea beti, are gehiago bidaia luzeetan. Eroso egotea funtsezkoa da egoki gidatzeko. Adi txankletekin gidatuz gero. Ez da batere gomendagarria, oso arriskutsua baita, eta debekatuta dago, gainera; beraz, zehapenak ekar ditzake.

5. Erabili eguzkitako betaurreko homologatuak. Begien bistakoa dirudi: eguzkiari aurre egiteko, onena betaurrekoak janztea da. Eguzki izpien zeharkako argiak murritz ditzakete, eta, beraz, ikuspena hobetzen dute, zeina ezinbestekoa baita zirkulatzen dugunean. Begiak babestea oinarrizkoa da; izan ere, gidatzean, hautematen dugun guztiaren % 90 ikusmenaren bidez hautematen dugu. Horregatik, garrantzitsua da eguzkitako betaurreko homologatuak izatea; bestela, ez dugu babes egokirik izango, eta arriskuan jarriko dugu gure begien osasuna.

6. Aldizka, atseden hartzeko geldialdiak egin. Bidaia luze bat programatu badugu, gomendagarria da 20 minutuko geldialdiak egitea, bizkortzeko. DGTk gomendatzen du gehienez ere 200 kilometro egindakoan edo bi ordutik behin atseden hartzeko. Atsedenaldi horietan, hala gidaria nola gainerako bidaiariak autotik jaits daitezke. Une egokia izango da hidratatzeko, indarrak hartzeko eta freskatzeko, bai eta artikulazioak luzatzeko ere, batez ere haurren kasuan. Gogoratu, ahal dela, itzalpean aparkatzeaz, ibilgailua gehiegi berotu ez dadin.

7. Ez erabili bidaiari-tokia ekipajearentzat. Motxilak edo maletak, edonolakoak direla ere, maletategian ondo jarrita eraman beharko dira, beti. Eserlekuen artean edozein objektu edo arropa zintzilik eramateak behar den bezala ikustea galaraz diezaioke gidariari. Halaber, bidaiarien bidaia desatseginagoa eta arriskutsuagoa bihur dezakete, ibilgailu barruan lekua kentzea baitakar. Kontuan izan behar dugu, bat-bateko balaztada bat edo talka bat egonez gero, bidaiariengana joan daitezkeela indar biziz.

8. Udako doikuntzak. Oso gomendagarria da konponketa-lantegi batera joatea, autoa osorik azter dezaten. Funtsezkoa da neguak ibilgailuan zer eragin izan duen ikustea; likidoen egoera egiaztatu behar da, eta kalteak izan ahal dituzten elementuak ordeztu, esate baterako, haizetako-garbigailuak edo gurpilak.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa, aipamen berezia egingo diegu distrakzioei, istripurik gehien eragiten duen arrisku-faktorea baitira, eta, batez ere, telefono mugikorrari eta gailu elektronikoei; halakoak erabiltzea eta gidatzea bateraezinak dira, erabat.

Gogoratu: “Bidaiatzeak hitzik gabe uzten zaitu, eta, gero, istorioen narratzaile bihurtzen zaitu”. Goza dezagun guztiok iristear dagoen udaz.

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN proiektua, aniztasunaren Mutualia Sariaren irabazlea, inor atzean ez uzteko helburuarekin sortu da

Premio Mutualia Diputacion Bizkaia

Joan den apirilaren 30ean, Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko Mutualia Saria jaso zuen, Enpresako Aniztasunaren kategorian, «Adimen-urritasuna duten pertsonak Bizkaiko Foru Aldundiaren antolamenduan sartzea eta barneratzea» proiektuagatik.

Araubide Juridikoaren eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusi César González de Heredia Marurirekin solas egin dugu.

Zertan datza proiektua?

Proiektuaren funtsa inor atzean ez uztea da, pertsonak % 100 gai garela eta, batzuetan, desgaitasuna inguruak eragiten duela ulertzea. Horregatik eraldatu behar dira, pertsona guztiok geure trebetasunak garatu ahal izateko, eta, ildo horretan, proiektu honek desgaitasun intelektuala duten pertsonengan jartzen du arreta. Hala, karrerako funtzionario izatera iritsiko dira, lan egingo dute, eskubide eta betebeharrak izango dituzte, gainerakoek bezala, eta BFAk ematen dituen zerbitzu publikoak garatzen lagunduko dute.

Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen ezartzen?

Proiektua 2017aren hasieran sortu zen, Bizkaia Egiten estrategiaren barruan, eta urte natural hartan geure burua trebatu eta erakundea erronka horretarako prestatu genuen. Ondorioz, lanpostuak eta jarduera-prozesu eta -prozedura guztiak berrikusi ziren funtzio publikoaren maila guztietan, baita zeharkakoagoak diren beste batzuetan ere. Kolektiboarentzako erreserbatu beharreko lanpostuak finkatu ondoren, erabakigarria izan da hirugarren sektorearekiko lankidetza, horrek ahalbidetu baitzuen zuzentzen zitzaion kolektiboaren ezaugarrietarako benetan eraginkorra izango zen deialdi bat egitea. Deialdiak –datua azpimarratu beharra dago– ohiko deialdi baten betekizun guztiak izan zituen. Besterik gabe, teknikak, materialak eta prozedurak egokitu ziren, eta, jakina, edozein deialditan exijitzen diren lege-betekizun guztiak bete ziren. Deialdiaren beraren osteko prozesuak ere egokitu ziren, eta enplegu-hitzarmen bat sinatu zen, hirugarren sektoreko erakundeen laguntzarekin, plazak lortu zituztenei beren lan-bizitzan laguntzen dien lan-prestatzailearen figura bermatzeko.

 Zer emaitza izan da, ezarri zenetik?

Oso emaitza onak lortu dira; izan ere, mota horretako bigarren deialdian gaude. Mota horretako deialdi bat egin zuen Euskadiko lehen administrazioa izan ginen –langile finkoentzat, berriro diot–, eta orain halako deialdi bat errepikatuko duen lehena izango gara. Ez dut esango arazorik egon ez denik, proiektu guztietan bezala egon baitira, baina garrantzitsuena da horiek konpontzen asmatu dugula, jarduteko era berriak sortuz. Horrek aurreko zenbait modus operandi aldatzea eta, are, baliogabetzea dakar: etengabe geure burua trebatzea, langileak sentsibilizatzea, komunikazioa indartzea, batez ere berritzea… Horrek aukera eman digu etorkizunari begiratzeko, eta, beste deialdi bat egiteaz gain, bestelako erronkak jartzeko geure buruari: lanpostu berriak sortzea, prestakuntza espezifikoaren beharra edo beharrik eza, barne-sustapena, etab.

 Aplika daiteke beste erakunde batzuetan?

Bai, erabat. Lidergo-kontua da. Tresnak egon badaude; beraz, behin erabakia hartuz gero, ekiteak hainbat fase ditu, proiektu guztiek bezala, eta erakundeak heldutasun-maila ertaina izan behar du, baina hori bere burua berritzeko eta helburua lortzeko prest dagoen edozein egituratara estrapola daiteke. Jakinik, gainera, errentagarria dela, etekin ekonomikoari zein sozialari dagokionez.

César González de Heredia Maruri MUTUALIA SARIA JASOTZEN
Bizkaiko Foru Aldundia: 2022ko Mutualia Sariduna

Euskal kirola hobetzeko jarduketa-esparruak

logo-ekfb

UFDV-EKFBren atal honetan, hilean behin, euskal kirolean eragiten duten albiste esanguratsuen berri ematen dugu. Oraingoan, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuna Biltzarrean egonda, erkidegoko eta oinarrizko kirolak bere ahotsa entzunarazi nahi du. Espainiar federazioek kirolaren arloko erkidegoko eskumenak ahultzeko bidea hartu dute, eta integrazio-kuota deiturikoak ari dira ezartzen federazio autonomikoek egindako lizentzientzat, zeinak gehiengo sinplez ezartzen diren batzarretan. Akordiorik ezean, kasua epaitegietara iritsiko da azkenean; hala gertatu da, esaterako, Padeleko Espainiako Federazioaren integrazio-kuotekin, non justiziak federazio autonomikoari eman dion arrazoia. Arreta handiena ematen duen kasua, nolanahi ere, Automobilgintzaren Espainiako Errege Fundazioarena (RFEDA) da. Izan ere, 12 federazio autonomikok, besteak beste, Euskadikoak, kuota hori onestea aurkaratu dute.

Beste erakunde batzuekin batera, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak lan egiten du kirol jardueretan ez dadin gertatu sexu-jazarpenik edo -abusurik, ez sexuan oinarritutakorik. Hala, hainbat kiroletako euskal federazioek eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak bidezkoa eta beharrezkoa ikusten dute jarduteko eta lankidetzan aritzeko esparru bat ezartzea, helburu izango duena sexu-jazarpena eta -abusua eta sexuan oinarritutakoak izan daitezkeen portaerak prebenitu, ikertu, eta, hala badagokio, zehatzea, kirol-praktika federatu bakoitzaren esparruan.

Euskal federazioek, euren organo sozialen aginduzko akordioen bitartez, barne-mailan, sexu-jazarpeneko eta -abusuko ekintzei aurre egiteko prebentzio- eta zehapen-araudi bana onetsiko dute. Araudiak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak horretarako ezarritako ereduari jarraituko dio. Hala, federazioak lankidetzan arituko dira zehazten diren edo egiten diren jarduketetan, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin lankidetzan. Horrenbestez, ekarpena egingo dute jazarpenaren eta abusuaren alorrean indarrean dauden araudietan ezarritakoa betetzeko behar adina ekintza egiteko, bai eta gai horiekin lotutako arau-hausteei buruzko diziplinazko zehapen-espedienteak abiarazi, izapidetu eta ebazteko ere.

Euskal Selekzioa

Bestalde, Walking Footballeko 50 urtetik gorakoen finalean, Euskal Selekzioak 2-1 irabazi zion Ingalaterrakoari, Faduran, Basque Country International Cupean. Euskal taldeak emaitzari buelta eman zion, eta sorpresa eman zien kirol honen asmatzaileei; taldea are gehiago hazi da modalitate honetan. 60 urtetik gorakoen finalean, ingelesek irabazi zuten: 5-0. Frantzia eta Italiako selekzioek ere parte hartu zuten lehiaketan. “Txapelketa arrakastatsua izan zen. Selekzio guztiek zoriondu gintuzten, eta esan ziguten maila guztietan gozatu zutela. Txapelketa honek oihartzuna du Europako walking footballean”, adierazi zuen Alfonso Arrolak, Euskal Selekzioaren koordinatzaileak.

Bestalde, Joseba Iraola, Euskal Selekzioa automobil-taldearekin batera, mendiko karreretako espezialitateko piloturik onenen artean dago, Frantzian, Portugalen eta Fitorako igoeran erakutsi duenez. “Oso goian egon gara beti denborei dagokienez; hainbat bigarren postu lortu ditugu, eta oso pozik gaude”, adierazi du pilotuak; mendiko karreretako Europako Txapelketako nazioarteko bederatzi probatan ordezkatzen du Euskadi. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskal Selekzioaren automobil-talde berri hau babesten dute.

Euskara plan arrakastatsuen gakoak jaso dituzte Arabako Enpresen Foroan

arabako enpresak

Maiatzaren 19an egin zen 2022ko Arabako Enpresen Foroaren lehen saioa Europa Biltzar Etxean (Gasteiz). Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak martxan jarritako foroa da, Lanabes ekimenaren barruan, Arabako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Bai Euskarari Elkarteak du foroa kudeatzeako ardura.

Lehen saio honetan Elhuyar eta Fagor Taldeko ordezkari bana euskara plan arrakastatsuetaz aritu ziren; gako garrantzitsu asko eman zituzten ezagutzera. Horren ostean, enpresetako ordezkariak taldeka banatuta euskaran aurrera egin nahi duen enpresa baten testuinguru ideala irudikatu zuten.

Iaz parte hartu zuten enpresei berri batzuk gehitu zaizkie, eta ekimena gero eta jendetsuagoa eta parte-hartzaileagoa da. Enpresa hauek ari dira parte hartzen: Mutualia, La Vitoriana, Sirimiri Zerbitzu Soziokulturalak, EBA S.L., Ludoland, SEA Arabako enpresariak, Orona – Electra Vitoria, Ega Master, RPK, Uriarte Industrial, Oreka IT, Artepan-Mamia, El Corte Inglés, Mondragon Korporazioa, Vital Fundazioa eta Ciudad Jardin LHII.

Informazio gehiago

Berritasunak, estranetean

pantalla con la extranet

2022ko maiatzaren 30etik (astelehenetik) aurrera, estraneta erabiltzen baduzu, honako berritasun hauek ikusiko dituzu.

OSASUN TXOSTENA

Ezbehar kopuruari buruzko txostena ez da egongo plataforma digitalean eskuragarri aurrerantzean; horren ordez, osasun txostena egongo da.Txosten berrian, ezbehar kopuruari buruzko azterketaren adierazleez gainera, informazio osoagoa jasotzen da, eta adierazle horiek pertsonalizatzen dira.

Osasunari buruzko txostena gure enpresa mutualisten premien azterketa sakonean oinarritzen da. Hori egiteko, Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikarien aholkularitza jaso dugu. Gehienez 12 hilabeteko aldi bati buruzko informazioa hautatu ahal izango duzu, lanera ez joatea eragiten duten patologiei dagokienez, laneko istripuak, lanbideari lotutako gaixotasunak, gaixotasun arruntak eta lanetik kanpoko istripuak direla eta.

TXATBOTA

ARGI.A gure laguntzaile birtualak berehalako arreta jartzen du erabiltzailearen eskura. Elkarrizketa zuzeneko sistema honek aukera ematen du estranetari buruzko zalantza nagusiei kasu egin eta galdera ohikoenei berehala erantzuteko.

Nahiko zenukeen erantzuna topatu ezean, gurekin harremanetan jar zaitezke ondorengo web-galdetegiaren bitartez.

Gure zerbitzuak hobetzen jarraitzen dugu, eta gure erabiltzaileen espektatibetara egokitzen.

MUTUALEX EPAIA 2022KO MAIATZA

sentencia juridica

EBJAren epaia, 2022ko otsailaren 10ekoa

Langile bat, praktiketan dagoena barne, kontratatua izan zen funtsezko eginkizunak betetzeko gai ez dela deklaratzen denean desgaitasunen bat agertu delako, enpresak lanpostua aldatzen saiatu beharko du, neurri hori “egokitze arrazoitsua” delako, betiere enpresarentzat zama astunegia ez badakar.

Orain aipatuko dugun epaiak enpresa-munduarentzat zalantzarik gabeko interesa du, eta agerian uzten du Justiziak gero eta sentsibilizazio handiagoa duela desgaitasuna duten pertsonen diskriminazioaren aurkako borrokan.

Beti bezala, egitatezko kasua eta epaian aplikatutako araudia hartuko ditugu abiapuntutzat, eta, kasu honetan, epaiaren kontzeptu garrantzitsuenen definizioa azpimarratuko dugu, hala nola: “neurri egokiak”, “egokitze arrazoitsua” eta “zama astunegia”. Amaitzeko, epai horren doktrina gisa erakusten den ondorioa azalduko dugu.

Egitatezko kasua: Enpresaburuak trenbideetako mantentze-lanetarako kontratatu ondoren, prestakuntza-praktikaldi bat egiten ari zen langilea da. Praktikaldi horretan, patologia kardiako bat diagnostikatu zitzaion eta taupada-markagailu bat jarri ere bai; egoera hori guztiz bateraezina denez eremu elektromagnetikoekiko esposizioekin eta bere lanean izan ditzakeenekin, kontratatua izan zen zereginak egiteko EZ GAI deklaratu zen. 

Gertakari horietan oinarrituta, enpresak praktikaldiko kontratua amaitu zion, desgaitasunen bat aitortzen zaien praktiketako langileek lanpostua aldatzeko eskubiderik ez dutela alegatuz, eta kaleratu egiten zuten. 

Langileak kaleratzea errekurritu egin zuen eta organo jurisdikzionalak, 2000/78 Zuzentarauaren arabera errekurtsogilearen osasun-egoerak “desgaitasuna duen pertsona” gisa hartzea ahalbidetzen duela oinarri hartuta, zalantzan jartzen du, hain zuzen ere, zuzentarau horren 5. artikulua honela interpretatu behar ote den: enpresaburu bat behartuta ote dagoen, bere desgaitasuna dela-eta funtsezko funtzioak betetzeko gai ez den pertsona bat beste lanpostu batera bideratzera, lanpostu horretarako eskumenak, eskatutako gaitasunak eta erabilgarritasuna baditu eta neurri horrek enpresaburuarentzat zama astunegirik ez badakar.

Kasuari ezarri beharreko araudia:

  1. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, Kontseiluaren 2009ko azaoaren 26ko 2010/48/EE Erabakiaren bidez onartua Europar Batasunaren izenean:
  2. 2. artikulua, hirugarren paragrafoa: desgaitasun-arrazoiengatiko diskriminazioak bereizkeria-modu guztiak barne hartzen ditu, besteak beste, egokitze arrazoitsuak ukatzea.
  3. 2000/78 Zuzentaraua:
  4. 5. artikuluak, “egokitze arrazoitsuak desgai diren pertsonentzat” izenekoak, hau dio:

Desgai diren pertsonei begira tratu-berdintasunaren printzipioa bermatzeko helburuarekin, egokitze arrazoitsuak gauzatuko dira. Horrek esan nahi du enpresaburuek neurri egokiak hartuko dituztela, egoera bakoitzean dauden beharrizanen arabera, desgai diren pertsonei ahalbidetzeko enplegua lortzea, enpleguan parte hartzea edo lanbidean aurrerantz egitea, edo desgai diren pertsonei prestakuntza eskaintzeko, salbu eta neurri horiek zama astunegia direnean enpresaburuarentzat.

Zama ez da astunegitzat joko, kasuan kasuko estatu kidean desgaitasunei buruzko politiken esparruko neurriek hura behar beste arintzen dutenean.”

Epaiko kontzeptu garrantzitsuen definizioa.

A) Neurri egokiak:

Zuzentarau horretako 20. kontuan hartuzkoak hau aipatzen du neurri egokien artean: neurri eragingarri eta praktikoak, lan egiteko lekua ezgaitasunaren arabera egokitzeko, esaterako, instalazioak, ekipamenduak, laneko jarraibideak, eratxiki beharreko eginkizunak edo gauzatu beharreko prestakuntza- nahiz kokatze-neurriak moldatuz.

Beraz, Justizia Auzitegiak neurri egokien zerrenda zehatza egiten du; fisikoak, antolakuntza edo hezkuntza arlokoak izan daitezke, Zuzentarau horretako 5. artikuluak, NBEren Konbentzioko 2. artikuluarekin bat etorriz, egokitze arrazoitsu kontzeptuaren definizio zabala bultzatzen baitu. 

B) Egokitze arrazoitsua: 

2000/78 Zuzentarauaren 5. artikuluak dio egokitze arrazoitsuak gauzatuko direla, desgai diren pertsonei begira tratu-berdintasunaren printzipioa bermatzeko helburuarekin. Horrek esan nahi du enpresaburuek neurri egokiak hartuko dituztela, egoera bakoitzean dauden beharrizanen arabera, desgai diren pertsonei ahalbidetzeko enplegua lortzea, enpleguan parte hartzea edo lanbidean aurrerantz egitea, edo desgai diren pertsonei prestakuntza eskaintzeko, salbu eta neurri horiek zama astunegia direnean enpresaburuarentzat.

C) Zama astunegia:

Zuzentarauaren 21. kontuan hartuzkoak dio kasuan kasuko neurriek zama gehiegi sorrarazten duten jakiteko, kontuan hartu beharko liratekeela, bereziki, neurri horien finantza-kostuak edo beste mota bateko kostuak, erakundearen edo enpresaren tamaina, finantza-baliabideak eta negozio-kopuru osoa, eta dirulaguntza publikoak nahiz beste mota bateko laguntza baliatzeko aukera. 

Beraz, aipatu dugun epaia zedarri garrantzitsua da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiren doktrinan, enpresaburuaren egokitze arrazoitsuak desgaitasuna duten pertsonekin izan beharreko irismena zehazten baitu.


Ondorio gisa, epai horrek balio bikoitza du:

Batetik, praktikaldiko langileak sartzen ditu 2000/78 Zuzentarauko desgaitasunagatik diskriminatzeko debekuak babesten dituen kolektiboan, eta horrek esan nahi du ezin dela desgaitasuna duen pertsona bat kaleratu bere muga funtzionalak direla-eta probaldia gainditu ez duelako, betiere egokitze arrazoitsua egin badaiteke, beste lanpostu batean birkokatzea barne.

Bestetik, zabal definitzen du desgaitasuna duten langileei enpresaren laneko baldintzetan egokitze arrazoitsuak egiteko enpresaburuaren betebeharra, birkokatzea edo lanpostuz aldatzea barne.

Beraz, desgaitasuna duen langile batek probaldia ez badu gainditzen dituen muga funtzionalen ondorioz, kaleratze deuseza eragin dezake, enpresaburuak ez badu bermatzen egokitze arrazoitsuak egin dituela edo egokitze horiek zama astunegiak zirela berarentzat.


Hori dela eta, garrantzitsua da enpresaburuek egokitze arrazoitsuetan sartzea birkokatzeko betebeharra. Desgaitasuna, enpresaburuak horren berri jaso izana eta gaitasunik ezagatik edo egokitzapenik ezagatik lotura iraungi izana egiaztatu ondoren, enpresari dagokio egokitze arrazoitsuak egin zituela egiaztatzea, eta “zama astunegiaren” salbuespena izateko enpresak kontuan izan beharreko parametroak dira epaiak ematen dizkigunak; hau da, egokitze arrazoitsuen finantza-kostuak, enpresaren neurria, finantza-baliabideak eta erakundearen edo enpresaren guztizko negozio-bolumena, funts-publikoak izatea edo beste motaren bateko laguntza izatea.

María José Marcilla


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia