HERRITIK KANPO SEGURU IBILTZEA: Uda honetarako gida azkarra

CAMINAR SEGURO FUERA DE POBLADO Guía rápida para este verano

Eguraldi ona iristen denean, mendiko ibilbideak, landa-bideak eta bigarren mailako errepideak mendiko ibilaldiez edo, besterik gabe, paseoez gozatzen duten pertsonez betetzen dira. Baina herritik kanpoko bideetan oinez ibiltzeak baditu arriskuak, eta oinarrizko jarraibide batzuk ezagutzeak aldea egin dezake.

Ikusarazi zeure burua: ikusgarritasuna, ororen gainetik

Errepidean, oinezkoa zaurgarriagoa da. Erabili kolore deigarriko arropa edo, are gehiago, elementu islatzaileak, bereziki egunsentian, ilunabarrean edo laino-egunetan aterako bazara. Txaleko islatzaile bat merkea eta arina da, eta bizia salba diezazuke.

Gogoratu oinarrizko araua: ibili beti galtzadaren ezkerreko aldetik, hurbiltzen den trafikoari aurrez aurre begiratuz. Horrela, erreakzionatzeko denbora izango duzu, eta gidariek lehenago ikusiko zaituzte.

Aukeratu ondo bidea

Ahal den guztietan, ibili bazterbideetatik, gaitutako bideetatik edo seinaleztatutako lekuetatik, errepidetik urrun. Ibilbidea markatu gabe badago, informatu atera aurretik, eta erabili foru-aldundien eta udalen webguneetan eskuragarri dauden mapak.

Saihestu gaitu gabeko eremuetako lasterbideak, bereziki desnibelak, landaredi itxia edo lurzoru hezea badaude. Herritik kilometro batzuetara izandako gorabehera bat egoera konplexu bihurtu daiteke.

Prestatu atera aurretik

  • Oinetako egokiak: heltzen duen zorua, orkatila babestua lurra irregularra bada.
  • Ur nahikoa: udan, behar duzula uste duzuna baino gehiago.
  • Telefonoa kargatuta eta, estaldurarik gabeko eremuetara bazoaz, abisatu norbaiti zein ibilbide egingo duzun eta noiz itzultzea aurreikusten duzun.
  • Eguzkitako babesa: txanoa, krema eta betaurrekoak ezinbestekoak dira ibilbide luzeetan.
  • Oinarrizko botika-kutxa: aposituak, desinfektatzailea eta tapaki termikoa, ibilbidea gogorra bada.
  • Kolore biziko arropak eta gailu edo txaleko islatzaileak.

Arreta jarri ingurunean eta kliman

Mendi-eremuetako edo barnealdeko eguraldia azkar aldatu daiteke. Kontsultatu eguraldiaren iragarpena atera baino lehen, eta ez gutxietsi ekaitzik: tximistak izanez gero, urrundu isolatutako zuhaitzetatik eta goraguneetatik, eta babestu eremu baxuetan eta gune estalietan.

Erreparatu lursailari ere: lokaztutako bideek, harri solteek edo belar hezeak nabarmen handitzen dute erortzeko arriskua.

Zerbait gaizki ateraz gero

Landa-eremuan istripurik edo larrialdirik izanez gero, deitu 112 zenbakira. Saiatu zure kokapen ahalik eta zehatzena ematen: bidearen izena, kilometro-puntua (halakorik badago), hurbil dagoen erreferentzia bisual bat edo zure telefonoaren GPS koordenatuak.


Oinez ibiltzera irtetea da zure osasunerako egin dezakezun gauza onenetako bat. Arretaz ibiltzea are hobea da; izan ere, ez dezagun ahaztu: bide-segurtasuna osasuna da.

Mutualia, ASCOM 2026 sarietako finalista

premios ascom

Uztailaren 2an, Madrilen egindako galan, ASCOM 2026 Sariak banatu ziren. Sari horietan, Mutualia finalista izan da kategoria instituzionalean, eta podiuma Sektore Publikoaren Integritatearen Behatokiarekin (OISP) partekatu du; azken hori izan da, azkenean, kategoria horretako irabazlea.

Ekitaldian Mutualiaren ordezkaria Lourdes Gondra zuzendari gerentea izan zen, eta berarekin batera Batzorde Beterazlea osatzen duten pertsonak egon ziren, hala nola, Antonio Sala, José Ángel Moral, Susana Castaños, Jesús María Vicente eta José Antonio Prieto.

Mutualiari mota honetako sari batean finalista izatea aintzatespen garrantzitsua dela iruditzen zaio, estatu-mailakoa baita eta gobernu onean oinarritutako kudeaketan lan egiten jarraitzeko pizgarria da.

ASCOM Sariak 2017an sortu ziren, Espainian egindako Compliance Officer Egunaren esparruan, eta helburua izan da etikaren, integritatearen eta zorroztasunaren printzipioak hobekien gorpuzten dituzten profesionalak eta erakundeak aintzatestea. Orduz geroztik, urteroko deialdi etengabea egon da eta Estatuko sektoreko erreferenterik garrantzitsuena bihurtu dira.

ASCOM, Asociación Española de Compliance, irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, 2014an sortua, Espainian Compliance erakundearen funtzioa profesionalizatzeko helburuarekin. Sektore eta antolaketa-neurri guztietako profesionalak biltzen ditu, eta sektoreko erreferentziazko ziurtagiriak kudeatzen ditu: CESCOM (Espainiako Compliance Officer ziurtagiria), iCECOM (Compliance nazioarteko ziurtagiria) eta CISCOM (jasangarritasunari buruzko nazioarteko ziurtagiria eta Compliance). Bere jarduerak kongresu espezializatuak, lantaldeak, etengabeko prestakuntza eta profesional gazteentzako mentoretza-programa barne hartzen ditu.

Eguneratzeak erretiro malguan(416/2026 Errege Dekretua, 2026ko maiatzaren 27koa) 

intersección entre la jubilación y el trabajo

Egungo gizarteak gero eta garapen sozial bizkorragoa izateko beharra ezartzen die legegileei. Horrenbestez, erretiro malguaren kontzeptua eguneratu dute, hura sustatze aldera, aurreko erregulazioak onarpen eskasa izan zuela kontuan izanik. Hala, pentsio-sistemaren egokitzapenean aurrerapauso handia izan da hori, beste urrats bat, aintzat hartuta biztanleria gero eta zaharragoa dela eta bizi-itxaropen eta premia gehiago dituela, modalitate horren medioz premia horiek betetzea izanik jomuga. Enpresentzat kontuan hartzea merezi duen aukera da, talentu hori urteetan zehar atxikitzeko ez ezik, Gizarte Segurantzaren sistemaren gaineko presioa arintzeko ere bai. 

Kontzeptuak erakargarria dirudi hasiera batean, erretiro-adinera iritsi ondoren lan-merkatura itzultzea erraztea baitakar, kotizaziopeko pentsioa lan-jarduera batekin bateragarri egiteko aukera emanik, baldintza eta eskakizun jakin batzuk betetzen badira betiere. 

Arauaren helburua, bertan ezartzen den bezala, langileak jardunean egon daitezen sustatzea da, existitzen diren pizgarri sozialak, fiskalak eta lanekoak egokituz eta hobetuz, jarduerak dirauen bitartean, lanaldiaren edo lan motaren arabera murrizten da pentsioa. 

Horrela, lan-merkatua modu progresiboagoan eta malguagoan utz daiteke, langileentzat erakargarria izanik eta Europako egungo kontzeptura hurbilduz. Horrek ez du esan nahi baliabide nahikorik ez duen langilearentzat beharrezkoa denik (halako pertsonek euren pentsio txikiegiaren osagarria izango litzateke alternatiba hori). 

Erakunde kudeatzaileari aldez aurretik jakinarazita, besteren konturako zein norberaren konturako langileak atxiki dakizkioke. Azken ezaugarri hori berria da, araubide horretan aurreko hiru urteetan alta emanda egon ez diren pertsonak izanik salbuespena. Araubide orokorrari dagokionez, lanarekiko bateragarritasuna langile konparagarri baten lanaldiaren % 33-80 haztatuko da, eta jaso beharreko pentsioaren zenbatekoa pentsiodunaren lanaldiaren murrizketaren alderantzizko proportzioan murriztuko da. 

Eskuratutako osagarriak mantendu egingo dira, hala nola amatasunagatiko edota genero-arrailagatiko osagarriak. Osagarri horiek, halaber, pentsioaren arabera handitu edo murriztuko dira, eta pizgarri ekonomikoak emango zaizkie modalitate horretan sartzen direnei, erretiro-dataren ondorengo sei hilabeteetan gutxienez. 

Bateraezintasunen araubideari dagokionez, ezintasun iraunkorreko pentsioarekin bateraezina izango da, kontingentzia edozein dela ere; era berean, eta Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenak berak ezartzen duen bezala, erretiro atzeratuaren osagarriarekin ere bateraezina da; bateragarritasunei dagokienez, aldiz, aldi baterako ezintasuneko prestazioekin bateragarria da, eta osasun-asistentzia mantentzen da. 

Erretiro-modalitate horrek arau argi bat ezartzen du erretiro malguko egoeran egindako kotizazioari dagokionez: hark ez du ondoriorik izango aitortuta duen pentsioa hobetzeari gagozkionez. 

Lan-harremana amaitzean, erretiro-pentsioa osorik jasoko da berriz. 

2026ko abuztuaren 28an jarriko da indarrean.                      

María Urizar Pérez 


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua       

                                                                                                                                                                                                                                   

Gaitasun funtzionala: prebentzioaren erronka berria plantilla seniorretan 

Capacifuncional

Hainbat hamarkadatan zehar, lan-bizitzaren amaiera planifikatzeko errezeta zenbakietan zentratu izan da ia esklusiboki (inbertsio-funtsak, kotizazio-urteak, erretiro-adina, etab.), eta prebentzioaren sektorean ikuspegia ez da oso bestelakoa izan: tradizionalki, ahalegina ingurunea kontrolatzera bideratu izan da, eta horregatik, postuaren ergonomia, erritmoak edo altzarien diseinua optimizatu izan da. 

Ataza hori ezinbesteko oinarria dela ez du inork zalantzan jartzen, baina gaur egungo ebidentzia zientifikoak egunerokotasunean funtsezkoa den ikuspegi bat batzera bultzatzen gaitu: pertsonaren beraren gaitasun fisikoak bere bizitza baliagarrian zehar nola jokatzen duen, eta benetako jomuga plantilla seniorretan absentismo kronikoari aurrea hartzea bada, pertsonaren osasun funtzionalaren babes aktiboarekin koordinatu behar da ingurunearen egokitzapena. Epe luzerako inbertsioa da. 

Makroazterketa finlandiarra: 45 segimendu-urte 

Prebentzio-jarduna datu sendoz hornitzeko, British Journal of Sports Medicine aldizkarian (2026) argitaratutako erreferentziazko luzetarako azterlan batek benetako 45 urtez (1976tik 2021era) 2.300 pertsonatik gorako kohorte bat aztertu zuen. Ikerlanaren ondorioz, aisialdiko jarduera fisikoaren mailari buruzko zenbait datu atera ziren, bizitzaren funtsezko hiru unetan: nerabezaroa, adin ertaina eta helduaro berantiarra. 

Jarraipenaren amaieran, parte-hartzaileen lan-gaitasuna ebaluatu zen Lan Gaitasunaren Indizearen (WAI) bidez. Emaitzak kategorikoak dira: bizitzan zehar metatutako mugimendua da laneko heldutasun osasungarria eta mugarik gabeko heldutasuna lortzeko iragarle sendoena. 

Datuek esaten digutena: Metaketa-efektua eta dosia 

Langile seniorren osasun-arazoak ez dira zahartze-prozesuaren edo zorte txarraren ondorio saihestezina, eta datuek horri buruzko oso ondorio argiak ematen dituzte, enpresetako prebentzio-kudeaketa aberasteari dagokionez: 

1. Mugimenduak oroimena du 

Gaztarotik aktibo mantentzeak zuzeneko eragina du, 45 urte geroago, lanerako gaitasunean; aitzitik, oso luzaroan ariketa fisikorik ez egiteak arrisku isil baten gisara funtzionatzen du, ehunen tolerantzia apaltzen duena lanpostuaren eskaera fisikoen aurrean. 

2. Harreman proportzionala osasunarekin 

Senior etapan (55-64 urte) egindako jarduera fisikoak eragiten du inpakturik bizkorrena lanerako gaitasunean. Onurek eutsi egiten diete OMEk ezarritako atalaseei: 

  • Langile aktiboak (150-300 minutu astean): Profil sedentarioek baino % 67 aukera gehiago dituzte lanerako gaitasun bikainari eusteko. 
  • Langile oso aktiboak (>300 minutu astean): Estatistika hausten dute, eta beren ibilbidearen amaierara kondizio ezin hobeetan iristeko aukerak aise bikoizten dituzte. 

3. Ingurunearen eta gizabanakoaren arteko oreka 

Azterlanaren arabera, lanpostuaren eskaera fisiko zorrotzek (karga astunak manipulatzea, adibidez) lotura negatiboa dute lan-gaitasunarekin, baldin eta aldez aurretik konpentsaziorik ez badago. Jarduera fisikoaren paradoxa da: mugimendu libreak muskulu-eskeletoaren egokitzapen positiboak babesten eta sortzen ditu, bai, baina lan-karga errepikakorrak organismoa deskonpentsa dezake, langileak ez badu hura leuntzeko oinarrizko kondizio fisikorik. 

Teoriatik enpresara: Kontzientziatzeko eta mugimendua bultzatzeko erremintak 

Indarraz eta egoera fisikoaz hitz egiteak oso datu interesgarriak ematen dizkigu, motibazio-palanka gisa balio dutenak enpresetan, eta emaitza zientifiko horiek oso argumentu handia dira plantillak kontzientziatzeko eta ariketa aktiboki sustatzeko: 

  • Jarduera fisiko autonomoa sustatzea: Komenigarria da datu horiek erabiltzea ariketaren onurak zabaltzeko eta pertsonak motibatzeko beren kabuz aktibo mantentzera euren aisialdian, bai eta azaltzea ere lanetik kanpoko mugimendua dela etorkizunerako benetako “osasun-asegurua”, kontzientziazio-tresnarik boteretsuena izanik. 
  • Soluzio errazak ematean lanaldian zehar: Aurreko artikuluetan jada adierazi dugun bezala, dinamika irisgarriak ezartzeak (mugimendu-snackak edo 3-5 minutuko mugikortasun-jarraibide txikiak, adibidez) luzaroko mugikortasun eza eteten laguntzen du, eta norberaren zaintzarako interesa pizten du. 
  • Tailerrak eta jarduteko jarraibideak: Indar eta malgutasun handiagoak izatera bideratutako jarraibideak eskaintzeak modu seguruan mugitzen hasteko beharrezko baliabide praktikoak ematen dizkie langileei, egunerokotasunerako ezinbestekoa den “koltxoi biologiko” hori eraikiz. 

Ondorioa 

Inguruneko ergonomia optimizatzea (aulkia, pantaila edo mahaia) ezinbestekoa da, baina ehun biologikoa kargak jasateko diseinatuta dago. Jarduera fisikorik eza da, berez, langileari bere lanpostuaren eskakizunen aurrean segurtasun-tartea murrizten dion benetako arriskua. 

Prebentzio modernoak balio estrategikoa ematen dio ariketa fisikoaren sustapenari. Ingurunearen babesa pertsonaren gaitasun funtzionala hobetzeko motibazioarekin eta kontzientziazioarekin koordinatzea da estrategiarik integratzaileena eta errentagarriena lan-sarea osasungarria, produktiboa eta iraunkorra izango dela bermatzeko. 

Bibliografia 

  • LAAKSO, P., ORTEGA, F. B., TOLVANEN, A., ETA JAAKKOLA, T. (2026): «Association of leisure-time physical activity at different phases of life with work ability at the end of working life: a Finland-representative 45-year prospective cohort study»in British Journal of Sports Medicine, 60(9), 583-589. 
  • BULL, F. C., AL-ANSARI, S. B., BIDDLE, S., et al. (2020): «World Health Organization 2020 guidelines on physical activity and sedentary behaviour»in British Journal of Sports Medicine, 54(24), 1451-1462.