MutuaLex- Epaia 2021eko azaroa

epaia

Larriki gaixo dagoen alabaren gurasoak dibortziaturik egonik, haren zaintza eta jagoletza esleiturik duen gurasoak jarrai dezake alabaren zaintzagatiko prestazioa jasotzen, beste gurasoaren lan-jarduera etenez gero? 

Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Aretoaren 4710/2018 DBKE ebazteko 2021eko uztailaren 20ko epaiari buruzko iruzkina 

Auzi honetan planteatzen dena da ea ama dibortziatuak, gaixotasun larria —garuneko paralisia— duen alabaren zaintza eta jagoletza esleiturik edukita, jarrai dezakeen alaba zaintzeko prestazioa jasotzen, beste gurasoaren lan-jarduera etenez gero. 

Eztabaidagai da, beraz, adingabearen aitak lana galtzeak zer neurritan eragiten dion prestazio hori jasotzeko eskubidearen sortzapenari, kontuan hartuta dibortzioaren ondoren amak soilik duela jagoletza esleituta. 

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Aretoak baietsi egin du kasazioko errekurtsoa, oinarrizko betekizunaren izaera aitortzen baitio bi gurasoek lan egiteari, baita ezkontza-krisia dagoenean ere. Epaiak boto partikular bat du, zeinaren arabera ez baitzatekeen baietsi behar kasazioko errekurtsoa, ez dagoelako aparteko errekurtso hori ezartzeko bidea eman lezakeen kontraesanik errekurtsogileak aipatutako epaien, Auzitegi Gorenak 2018.06.12an emandakoaren eta aipatutako egoeraren artean. 

Egitate frogatu hauek ageri dira epaian: 

Auzi-jartzailea 2004an ezkondu zen. Handik urtebetera, alaba bat jaio zen, garuneko paralisiarekin. 2008an, senar-emazteak dibortziatu egin ziren, elkarrekin adostuta, eta, dibortzioko epaian, amari esleitu zitzaion alabaren zaintza eta jagoletza. 2013an, gaixotasun larria duten adingabeak zaintzeko prestazioa aitortu zitzaion amari. 2017an, Asepeyo mutualitateak auzi-jartzaileari jakinarazi zion prestazioa iraungi zitzaiola, beste gurasoak lan-jarduera eten zuela egiaztatu zelarik. 

Interesdunak erreklamazioa jarri zuen mutualitatearen erabakiari buruz, baina ez zioten onartu, eta Madrilgo Lan Arloko 33. Epaitegiak onetsi egin zuen auzi-jartzailearen demanda, 2018.01.16ko epaiaren bidez; hain zuzen ere, prestazioa ordaintzen jarraitzeko zigorra ezarri zion Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen mutualitateari. Epai horren kontra, erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuen Asepeyok, eta Madrilgo Justizia Auzitegi Goreneko Lan Arloko Aretoak epaia eman zuen 2018.09.24an, erregutze-errekurtso hori ezetsiz. Epai horri doktrina bateratzeko kasazioko errekurtsoa ezarri zion mutualitatek. 

Epaian, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 190. eta hurrengo artikuluen edukia aztertzen da, baita prestazioa garatzeko uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuak ezarritakoa ere. 

190. artikuluan eta 1415/2004 Errege Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, auzitegi nagusiak betekizun oinarrizko eta ezinbestekotzat jotzen du bi gurasoek lan egitea, eta, hala, babes ekintza ez da gauzatzen baldintza hori hautsiz gero, jatorriz nahiz gerora. 

Auzitegi Gorenaren ustez, aipatutako manuek eta horien xedeak ez dute tarterik uzten ulertzeko banantzea edo dibortzioa den kasuan gurasoetako batek bakarrik lan egiteko aukera dagoela zaintza jasotzeko eskubidea izateko; interpretazio horrekin, gainditu egingo litzateke babestutako egoeraren kontzeptua bera, bai eta hark erantzuten dion helburua ere. 

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, bere epaian, prestazioa aitortzeko abiapuntutzat hartu zuen dibortzioa gertatzen den unean familia unitatea hausten dela eta, zaintza eta jagoletza esklusiboki amari esleitu zaizkionez, ama dela egunero adingabeari arreta emateaz arduratzen dena, aitak lan-jarduerarik izan nahiz ez izan. Beraz, ulertzen zuen erreklamatutako sorospena jartzeko baldintzak betetzen zirela, eta Auzitegi Gorena ez dator iritzi horrekin bat, haren aburuz, aplikagarri diren manuek ez dutelako aukerarik ematen ulertzeko banaketa edo dibortzioa gertatzen den kasuan zabalik gelditzen dela gurasoetako batek bakarrik lan egiteko aukera; alegia, bi gurasoek lan egiteko betebeharra betetzea ezinbestekoa da Auzitegi Gorenarentzat, eta halaxe ondorioztatzen da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 190. artikuluaren azterketatik, baita uztailaren 21eko 1148/2011 Errege Dekretuaren erregelamenduzko arauan ezarritakoaren azterketatik ere, zeinak jasotzen baititu, 4.4 artikuluan, ezkontzako krisi-egoerei buruzko erreferentziak.

Alde batetik, irizten dio aretoak adingabearen interes gorena hobeto uztartzen dela haren zaintza jagoletza esleituta ez duen gurasoari esleitzearekin, baldin eta guraso horrek lanik egiten ez badu edo lan egiteari uzten badio, egoera egokiagoan legokeelako adingabeari behar duen arreta guztia emateko, zaintza jarduera hori bateratu behar izanik gabe lan-jarduerarekin; eta bestetik, gizarte-errealitatearen irizpidea aplikatzen du, eta lehenesten du zaintza lanen ardura partekatua, nabarmenduz joera gero eta hedatuagoa dagoela seme-alaben zaintza bi gurasoek modu eraginkorrean partekatzeko joera, bereziki gaixotasun larri bat dutenean eta nahiz eta beren arteko bizikidetza etetea erabaki. 

Raquel Martinez 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Azaroaren 25a, osteguna, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da.  

Mutualiak bat egiten du BERDINTASUN MINISTERIOAK abiarazitako kanpainarekin: JUNTAS (ELKARREKIN); kanpaina horrek, “indarkeria matxisten biktima izan diren eta indarkeria horren aurrean bizirik iraun duten emakumeak omentzeaz gain, borroka horretan beti egon diren eta dauden guztiek (frankismoaren ondoren tratu txarren aurka sortu ziren lehenengo erakundeetatik hasita) sortutako genealogia feminista aitortzeko mezu bat ematen du, bai eta gaur egun borroka horretan daudenak eta etorkizunean egongo direnak aitortzekoa ere. 

Hala, “Juntas” (Elkarrekin) dokumentalak indarkeria matxisten aurkako borroka kontatzen du, genero indarkeriatik bizirik atera diren zortzi emakumeren, profesionalen, erakundeetako ordezkarien eta ekintzaileen testigantzen bidez. 

Bestalde, EMAKUNDEren kanpainarekin ere egiten du bat, urteetan adineko emakumeek pairatutako indarkeria ezkutua ikusarazten saiatzen baita. 

Mutualia berdintasunaren bidean: Batzorde Betearazlea

comision ejecutiva

Mutualiaren Batzorde Betearazlea osatzen duten kide gehienak emakumeak dira lehen aldiz 121 urteko historian.

Zuzendaritza Batzordeko Batzorde Betearazlea osaturik dago Zuzendaritza Batzordeak ahalik eta azkarren ekin diezaion bere jardunari Entitatearen zuzeneko eta berehalako gobernu organo gisa, Mutuaren zuzendaritza, administrazio eta ordezkaritza eginkizunetan.

Uztailean Miren Garbiñe Urrutikoetxea kide berria hautatu ondoren, hiru emakumek eta gizonezko batek osatzen dute Batzorde Betearazlea: Nerea Garmendia Goñi, Mutualiaren presidenteorde lehena; Marta Barredo Unamunzaga, presidenteorde bigarrena; Miren Garbiñe, idazkaria; eta Urtsa Errazti y Olartekoechea, Mutualiaren presidentea.

Mutualiaren Batzorde Betearazlea

MutuaLex 177zk.

mutualex

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.). 2021eko azaroaren 13tik 19rako astea.

Hondakinak prebenitzeko europako astea 2021

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea

Azaroaren 20tik 28ra bitartean, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea egingo da, EWWR (European Week for Waste Reduction) erakundearen Zuzendaritza Batzordearen bultzadarekin, baliabide jasangarriei eta hondakinen kudeaketari buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko eta ezartzeko. 

Klima-aldaketa nazioarteko interesgunea da. Hilabete honetan elkartu dira Glasgowen, COP26, klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzian, 200 herrialdetako agintariak, berotze globala 1,5 gradutara mugatzea bezalako puntu garrantzitsuak jorratzeko. Etorkizuneko belaunaldien biziraupenak estatuen eta sektoreen ahalegin komuna eskatzen du, bizitza jasaezina egiten duten joerak aldatzen saiatzeko. 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat egin du Mutualiak, kudeaketan jasangarritasuna sartu duen erakundea baita, eta astean zehar langileak hiru ariketa hauen garrantziaz kontzientziatzeko ekintzak egingo ditu: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.  

Antibiotikoek EZ dute edozer sendatzeko balio

Antibiotikoen Erabilera Arduratsuaren Europako Egunarekin

“Antibiotikoek EZ dute edozer sendatzeko balio“, aurten ere lelo printzipal horren bueltan egingo dugu bat Antibiotikoen Erabilera Arduratsuaren Europako Egunarekin eta Antibiotikoen Erabilerari buruzko Kontzientziazioaren Mundu-astearekin, zeina sortu baitzen antibiotikoen erabilera egokiaren garrantzia ezagutarazteko eta haien eraginkortasuna eta pertsona guztien osasuna babesteko helburu nagusiarekin.  

Antibiotikoekiko erresistentzia da gaur egun munduan osasunerako, elikadura segurtasunerako eta garapenerako dagoen mehatxurik handienetako bat 

Antibiotikoak medikamentuak dira, bakterioen infekzioei aurrea hartzeko eta horiek tratatzeko erabiltzen direnak. Bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia sortzen dute, eraldatu egiten direlako farmako horiek erabiltzen direnean. 

OMEren datuen arabera: 

  • Medikamentuen erdiak baino gehiago era desegokian agintzen edo ematen dira, eta pazienteen erdiek ez dituzte behar bezala hartzen. 
  • Egunetik egunera, ugaritzen ari dira infekzioak, eta tratamenduak gero eta zailagoak dira, antibiotikoek eraginkortasuna galtzen dutelako. 
  • Antibiotikoekiko erresistentzia dela medio, ospitaleko egonaldiak luzatu egiten dira; gastu medikoak handitu, eta heriotza kopurua igotzen da. 

Medikamentuak zergatik ez diren behar bezala erabiltzen 

OMEk dioenez, hauek dira medikamentuen erabilera okerra eragiten duten faktore nagusiak: ezagutza teorikoen nahiz praktikoen falta, zalantzak diagnostikoetan, preskriptoreek ikuspegi diagnostiko optimoen gainean duten ezagutza falta, informazio independenterik eza —hala nola jarraibide klinikoak edo pazienteei jarraipena egiteko aukeren jarraibideak— eta auzibideetan sartzeko beldurra. 

Antimikrobianoekiko erresistentziarako ekintza-plana 

2015eko maiatzean, Osasunaren Mundu Batzarrak ekintza-plan bat onartu zuen antimikrobianoekiko erresistentziaren gainean (antibiotikoekiko erresistentzia barne), farmako eraginkor eta seguruen bitartez gaitz infekziosoen prebentzioa eta tratamendua egiteko helburuz. 

Ekintza-plan horrek bost helburu estrategiko ditu: 

  • Antimikrobianoekiko erresistentziaren arloan sentsibilizazioa eta ezagutza hobetzea 
  • Zaintza eta ikerkuntza indartzea 
  • Infekzioen intzidentzia gutxitzea 
  • Medikamentu antimikrobianoen erabilera optimizatzea 
  • Antimikrobianoekiko erresistentzia borrokatzeko inbertsio iraunkorrak egiten direla ziurtatzea 

Estrategia Mutualian 

Mutualiak Infekzioen Batzordea du; bera arduratzen da ekintza ezartzeaz hiru ardatzen bueltan: 

  • Infekzioen prebentzioa. Zenbait protokoloren bidez, besteak beste: 
  • Eskuen higienea 
  • Tresneriaren eta ekipamenduaren higienea 
  • Osasun egoitzen garbitasuna 
  • Ingurumen arloko biosegurtasuna 
  • Antibiotikoen erabilera arduratsua 

Erabilera arduratsua eta zorrotza egitea behar den kasuetan; errezeta behar bezala agintzea eta pazienteari nola erabili behar duen eta oker erabiltzeak zer-nolako arriskuak dakartzan jakinaraztea. 

  • Gorabeheren jakinarazpena 

Infekziorik detektatzen bada, erregistro bat bete behar da. Hala, Infekzioen Batzordeak, hiru hilean behin, germenen eta duten erresistentziaren gaineko azterketa bat egiten du, eta infekzio horiei aurrea hartzeko eta berak kontrolatzeko behar diren ekintza zuzentzaileak ezartzen ditu. 


Mutualiaren Infekzioen Batzordea 

Abian da X. iradokizun hoberenari saria. bidali zurea!

CAMPAÑA DE BUENAS PRÁCTICAS diseinuaren

Dagoeneko jarri dugu martxan Iradokizun Hoberenari X. Saria. Sariketarekin, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortu nahi dugu. 

Ekimena gure enpresa elkartuetako eta lankide ditugun aholkularitzetako langileei xedaturik dago.

Zure iradokizuna gure web-orriaren bidez ere bidal diezagukezu, inprimaki honen bidez edo sugerencias [A BILDUA] mutualia.es posta elektronikora idatziz.

Iradokizunak 2021ko abenduaren 31ra arte  aukeztu ahal izango dira eta finalisten zerrenda 2022ko urtarrilean argitaratuko da. Irabazleak iPad Mini bat eskuratuko du. 

Mila esker hobetzen laguntzeagatik! 

MutuaLex 176 zk.

mutualex

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.). 2021eko azaroaren 6tik 12rako astea.

KALTE ZEREBRALAREN ONDOREN BERRIRO GIDATZEA

Kalte Zerebralaren Eguna dela-eta, DGTk, Sociedad Española de Medicina de Tráficok eta Aita Meni Ospitaleak ikerlana egin eta gida esperimental bat sortu dute kalte zerebrala jasan ondoren gidatzeko kontuan hartu beharreko hainbat alderdiri buruz. Arrazoia? Hainbat arrazoi daude, noski, eta artikulu honetan azalduko ditugu. 

Esan beharrik ez dago gidabaimena garrantzi handiko tresna dela lan eta gizarte bizitza autonomo eta askeagoa izateko. Ez da harritzekoa, beraz, berriro gidatzea izatea kalte zerebrala jasan ondorengo ilusio eta erronka handienetakoa.  

Kalte zerebralaren ondorioek eragina izan dezakete, uste izatekoa denez, gidatzeko gaitasunean, eta arriskuan jar dezakete bide segurtasuna.  

Gidatzeko gaitasunari eragiten dioten ondorioak edo gorabeherak zentzumenekin lotuta daude (ikusmena, entzumena, oreka, ukimena eta propiozepzioa): 

  • Alterazio motorrak (hemiplegia, hemiparesia, ataxia, dardara…), mugimendua mugatzen dutenak. 
  • Jokabidearen alterazioak eta alterazio emozionalak (bultzada edo portaera sozialki desegokiak kontrolatzeko zailtasunak). 
  • Alterazio kognitiboak (arreta, gaitasun bisual-espazialak, funtzio exekutiboak eta erabaki eta arrisku estimazio desegokiak) eta krisi epileptikoak, kaltea jasandako eremuaren edo eremuen arabera. 

Zer urrats egin behar dira kalte zerebrala jasan ondoren gidatu ahal izateko? 

Hona hemen lesio zerebraletik oneratu ondoren egin beharreko urratsak:  

1.- Txostena eskatu mediku espezialistari (neurologoa, psikiatra, pazientearen tratamenduaren ardura duen errehabilitazioko medikua…), txosten horretan egin dezan gidatzeko ahalmenarekin lotura duten gaitasunen balorazio bat.  

2.- Gidarien Osasun Azterketen Zentro batean ebaluazioa eskatu; ebaluazio hori egin dezaten, aurreko puntuan aipatutako espezialisten txostenak emango zaizkie aztertzaileei.  

3.- Sekuela motor edo sentsorialengatik beharrezkoa dela agerikoa bada, ibilgailua egokitu beharra dago. Gidarien Osasun Azterketen Zentroak edo osasun agintaritza eskumendunak zehaztuko du gidabaimenean zer kode harmonizatu adierazi behar diren, eta Trafikoko Probintzia Buruzagitzari igorriko zaio informazio hori.  

4.- Kasu horretan, Trafikoko Probintzia Buruzagitzak azterketa praktikoa egiteko prozesua abiatuko du; osasun zerbitzu eskumendunek izendatutako mediku baten aholkularitza eska lezake horretarako. Ezohiko azterketa praktikoa egiteko, pazientearen ibilgailua bera erabil daiteke, baldin eta egin beharreko egokitzapenak eginak baditu, edo autoeskolako ibilgailu egokitu bat (kasu horretan, irakaslea ere joango da autoan). 

Gogorarazi nahi dugu arau horiek guztiak zehaztuta daudela Gidarien Araudi Orokorraren IV. eranskinean, non agertzen baitira zirkulazioa ukatzea, egokitzea edo murriztea ekar lezaketen gaixotasunak eta gabeziak. Kalte zerebralarekin loturiko arazoei zehazki dagozkien zenbait atal ere badira araudi horretan. 

Europa Institutua, 2021eko ETErik onena

Grupo Aspasia.

Europa Institutuak 2021. urteko ETE Onenaren saria jaso du. Mutualiari lotutako enpresa da, eta liderra da prestakuntzaren eremuan Euskadin.

Elkarrizketa egin diogu Aspasia Taldeko lehendakari Juan Antonio Sánchez Corcherori.

Nola sortu zen Europa Institutua eta zer prestakuntza mota eskaintzen du?

Europa Institutua 1991n sortu zen, langileek zein langabeek beren prestakuntza hobetzeko eskaerei erantzuteko helburuarekin; era horretara, beren enplegagarritasuna hobetuko dute edo hobeto egokituko dira enpresa sarera. Horrez gainera, enpresen eskakizunei erantzuteko ahalegina ere egiten da, enpresa horiei lehiakortasuna handitzeko aukera emango dien talentua eskainiz.

Aspasia Taldeko kide da; nazioarteko zer esparru hartzen du?

Aspasia Taldeak Prestakuntza Zentroak ditu Txilen, Kolonbian eta Perun, eta, 2022ko lehenengo hiruhilekoan, Estatu Batuetan egoteko asmoa dugu.

Gaur egun, prestakuntzari dagokionez zer eskaera daude enpresetan eta lanaren esparruan?

Esan bezala, gure helburu nagusia pertsonen prestakuntza hobetzea da, lan-merkatuaren eskaerei erantzunez, betiere. Horretarako, prestakuntza deialdiek arinak izan behar dute, eta burokrazia, txikiagoa.

Era berean, Heziketa Dualaren ereduaren alde egiten dugu, izan ere, oso emaitza onak lortzen ari da Europan. Eredu horren arabera, pertsonak, Heziketa Zentroetan prestatzeaz gainera, enpresetan ere aritzen dira; prestakuntza-enpresa binomio hori arrakastaren bermea da, inondik ere.

Helburu estrategikoetako bat berdintasunean oinarritutako lan-harremanak garatzea duzue. Zer berdintasun-politika dituzue ezarrita?

Europa Institutuak emakumeen eta gizonen Berdintasun plan eraginkorra du erregistratua Laneko Zuzendaritza Nagusian, eta gure berdintasun politiken artean aipagarriak dira:

  • Tratu eta aukera berdintasuna sustatzea enpresan, eta horretan inplikatzea eragile parte-hartzaile guztiak, enpresa-zuzendaritza eta langile emakumezko zein gizonezkoak.
  • Parte-hartzaile guztiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren balioan sentsibilizatzea eta heztea, ardatz nagusia baita enpresaren antolamendu kulturaren sorkuntzan.
  • Enpresako plantillaren bizitza pertsonala, familiarra eta lanaren esparrukoa uztartzen laguntzea.