888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena.
Desgaitasuna, disautonomia, gaitasun mugatua, minusbaliotasuna, ezgaitasuna… Oso hitz ohikoak eta finkatuak dira gure gaur egungo hiztegian, beharrezkoak eta baliagarriak direlako, eta gaur egun ezinbestekoa delako eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko arreta eta laguntza berezia behar duten pertsona jakin batzuen ezaugarriak doitzea, autonomia pertsonal handiagoa izan dezaten eta herritar gisa dituzten eskubideak erabat baliatu ahal izan ditzaten.
urtean eman zitzaizkion Gizarte Zerbitzuen Institutu Nazionalari desgaitasun maila edo baldintza jakin batzuk aitortzeko eskumenak eta ahalmenak, eta urte hartako zenbait erregulazio desberdin daude. Nolanahi ere, 2013ra arte ez zen sortu Desgaitasunaren Legea deritzona (1/2013 Errege Dekretua, azaroaren 29koa), zeinak biltzen baititu aurretik zeuden arauak eta jasotzen baititu desgaitasunaren kontzeptu berri bat eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin bat datorren terminologia.
Erregulazio berriaren helburua da irtenbidea ematea desgaitasun egoera balioesteko baremoak egokitzeko premiari, baita gaur egun desgaitasun maila jakin bat aitortuta edukitzea eskatzen duten askotariko helburuei ere, hala nola gizarte sektoreetan, sektore psikologikoetan, laguntzakoetan…
Errege Dekretua 2023ko apirilaren 20an sartuko da indarrean, eta haren bidez aldatu eta eguneratuko dira desgaitasunak aitortzeko aplikatu beharreko baremoak. Hamabost artikulu ditu, eta garapen praktiko zabala, eranskinen bidez. Berariaz indargabetuko ditu abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua, gaur egun aplikatu beharreko prozedura arautzen duena, eta 2000ko azaroaren 2ko Agindua.
Maila aitortzeko eta berrikusteko eskumena Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarena izango da aurrerantzean ere; hark emango ditu lantalde profesionalek emandako irizpenak. Lantalde profesionalei dagokienez, gutxienez unibertsitate mailako titulua edo baliokidea duten gizarte nahiz osasun arloko profesionalek osatuko dituzte, eta araudian berariaz jasoko da profesional horien esku jartzea prestakuntza programa espezifiko bat.
Desgaitasun egoeraren ebaluaziorako, balorazioa aurrez aurreko baliabideen nahiz baliabide telematikoen bidez egitea aurreikusten da, irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bermatzeko. Era berean, desgaitasuna duten adingabeek baldintza beretan baliatuko dituzte beren eskubideak, adinagatik edo desgaitasunagatik inolako diskriminaziorik jasan gabe; beren inguruabarrei egokitutako laguntza eta babesa jasoko dute, eta helduek bezalaxe izango dute informaziorako eta entzunaldirako eskubidea.
Premiazko izapidetzea aurreikusten da osasunarekin, genero indarkeriarekin, bizi itxaropenarekin edo izaera humanitarioko beste arrazoi batzuekin lotutako interes publikoko arrazoiak dauden kasuetarako.
Eskaria aurkezten denetik sei hilabeteko epea izango du Administrazioak berariazko ebazpena emateko; ebazpen horretan adieraziko du desgaitasunaren aitortza, ezarrita dauden baremoen arabera lortutako puntuazioa eta gradua berrikusteko epea, hori guztia Estatu osorako baliozkoa izango den txartel sanitario batean. Sektore honek hamar urtez aldarrikatu eta orain arte bete gabe izan duen eskari bati erantzungo zaio horrela.
Abenduaren 1ean eta 2an izan da Espainiako Lan Traumatologiako Elkartearen Biltzarra, Valentzian. Programa zabala landu du, bai teorian, bai praktikan, eta elkargunea izan da traumatologoentzat, asistentziako medikuentzat, eta erizaintzako eta fisioterapiako langileentzat. Mutualiak ere parte hartu du laneko traumatologiaren arloko azken berrikuntzak azaldu eta partekatu diren topagune horretan.
Mutualiak bi komunikazio aurkeztu ditu biltzarrean, biomekanikak fibrokartilagoko lesioak dituztenengan eta industriaren sektorean eskuko lesioak dituzten langileengan duen balorazioari buruzkoak biak.
Cristina Peruchok, Mutualiaren Erabakimen Handiko Ospital eta Ercilla Klinikako mediku errehabilitatzaileak, “Tresna biomekanikoen erabilera fibrokartilago triangeluarreko lesioa dutenen balorazio funtzionalean” komunikazioa aurkeztu zuen. Lan horren emaitza nagusia da tresna biomekanikoak laguntza handikoak direla gaixoen balorazio objektibo funtzionala egiteko.
Lorea de la Herak, Mutualiako Ercilla Klinikako mediku traumatologoak, “Eskuan presio altuan injektatzearen ondoriozko lesioak” komunikazioa aurkeztu du. Pintatzeko, koipearekin, olioarekin, erregaiekin edo bestelako disolbatzaile likido batzuekin presio handiko ekipoak erabiltzen dituzten eta normalean nagusia ez den eskuari eragiten dioten industria inguruneetako langileengan sortzen diren lesioei buruzko ikerketa bat da. Lesio horiek infekzio, hantura eta ebaki arrisku handia izaten dute, eta arrisku hori areagotu egiten da tratamendu medikoa 6 ordu edo gehiago atzeratzen bada. Ondorioz, diagnostikoa garaiz egitea eta premiazko desbridatze kirurgikoa funtsezkoak dira arazo larriak saihesteko eta emaitza funtzional ona lortzeko.
Biltzarrean parte hartzearen bitartez, bete egiten da pazienteari ematen zaion laguntzaren kalitatean eta segurtasunean Mutualiak daukan funtsezko helburuetako bat, zeina baita osasunaren alorreko gure profesionalean etengabeko prestakuntza, azterketa eta ikerketa.
Kontzeptu honen esanahia eta oihartzun soziala hobeto ulertzeko, datu objektiboekin hastea da egokiena, eta, zalantzarik gabe, harritu egingo gaituzte.
Lanbide-jardueran aritzearekin lotutako bide-ezbeharrak % 18 handitu ziren 2021ean, eta Espainiako Estatuko laneko istripu guztien % 13 izan ziren. Baja eragin duten 10.000 ezbehar inguru dira guztira, lan-arloan erregistratutako ia 70.000 ezbeharretatik; hau da, 1,6 milioi euro termino ekonomikoetan adierazita. Alabaina, daturik kezkagarriena hilkortasunarekin lotuta dago, % 38 hazi baitzen aurreko urtearekin alderatuta, eta baja izateko bigarren arrazoia heriotzagatikoa izan zen.
Espainiako Laneko Bide Istripuen Behatokiak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, datu horiek biltzen eta aztertzen ditu urtero, eta aditzera ematen dute funtsezko beste aldagai bat handitu dela: errepideko ezbeharren ondoriozko bajak batez beste sei egun luzeagoak izan ziren gainerako laneko istripuetakoak baino, hala lanera joateko edo itzultzeko bidean (in itinere), nola lanaldian jardun bitartean izandakoak (misioan).
GAKOA, PRESTAKUNTZA. Azterketa estatistiko hutsak ez digu ezkutarazi behar benetan sakoneko gaia zein den: lanbide-jardunarekin lotutako bideko ezbeharrek eragin kezkagarria dute. Laneko bide-ezbeharren kontrako gauzarik eraginkorrena arrisku-taldeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak dira, horrela % 15etik % 20ra bitartean murriztu baitaiteke haien eragina, ildo horretan ekintzak egin dituzten enpresetan ikusten den bezala.
ENPRESARENTZAKO LAGUNTZA. Arazo nagusia da enpresak eskura dituen tresnen ezagutza, haren tamaina edozein dela ere. Tresnak egon badaude, baina enpresek ba al dute horiek erabiltzeko behar besteko prestasunik? Laneko Bide Istripuen Behatokiaren arabera, bai. Gehienen ustez (% 87), trafikoa arrisku bat da langilearen osasunerako, eta % 60k baino gehiagok ekintzaren bat egin du laneko joan-etorriak hobetzeko.
Ezbehar mota horiek kontuan ez hartzeak enpresari eragiten dion KOSTUA ZEIN DEN BENETAN EZ JAKITEA. Laneko bide-istripu baten batez besteko kostua 1.600 euro ingurukoa da, eta laneko batena, berriz, 1.200 euro ingurukoa. Beraz, garesti ateratzen da prebentzioko politikak ez egitea.
ENPRESAK KONTZIENTZIATU BEHAR DIRA benetako onuraz, ez bakarrik hobekuntza sozialaz, baita errentagarritasunaz ere. Oso faktore garrantzitsua eta bultzada handikoa izango litzateke instituzioek pizgarriak eta laguntzak ezartzea.
Duela gutxi eguneratu da Enpresako Bide Segurtasuneko Plan Tipoa, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalarekin batera egindakoa. Laneko arriskuen prebentzioko arduradunei zuzendutako gida metodologiko bat da, eta bere helburua da lehentasunez iristea enpresa txiki eta ertainetara, horietan neurri txikiagoan barneratzen baitira proposamenak.
Beraz, funtsezkoa da bi aldeak (langilea eta enpresa) kontzientziatzea eta lan-ingurunean bide-segurtasunaren kultura sortzea, haietako bakoitzaren beharretara egokitutako neurriak betez.
Hazkundea motela da, baina eskaria egon badago eta gorantz doa urtetik urtera; beraz, bada arrazoirik “errepide-arloan optimista” izateko. SEGURTASUNA BETI DA LEHENTASUNA.
Osasun Zientzien Fakultateko dekano María Carrasco Zabaletak gonbit egiten digu ibilbide bat egitera unibertsitatearen jatorria, gizartearekin duen konpromisoa, metodo pedagogikoa eta Osasun Zientzien Fakultate berria ezagutzeko.
Noiz eta nola sortu zen Deustuko Unibertsitatea?
Deustuko Unibertsitatea 1886an sortu zuen Jesusen Lagundiak. Banco de Bilbaoren eta Boluetako Santa Ana enpresaren sortzaile Tomás de Balza jauna ondorengorik gabe hil zenean, dirutza utzi zuen Casilda Iturrizar alargunaren esku, eta hark ondo jakin zuen administratzen, negozioen indarrari eutsiz eta Bilbok industria-hiri gisa abiada har zezan bultzatuz. Horrez gain, XIX. mendean, goi-mailako klaseek eta foru-instituzioek goi-mailako ikasketa-zentro bat eduki nahi zuten. Hortaz, Bilboko enpresaburu-talde batek apustua egin zuen Bilbon zentro bat sortzearen alde, konpromisoa hartu zuen hiriaren kanpoaldean eraikin bat finantzatzeko eta eraikitzeko, eta jesuiten esku utzi zituen ikasketen zuzendaritza eta edukia. Espainia, Kuba, Mexiko, Suitza eta Frantziatik etorritako ikasleek inauguratu zuten barnetegia 1886ko irailaren 25ean. 1888/1889 ikasturtean kanpoko ikasleak sartu ziren. Horrela sortu zen Deustuko Unibertsitatea.
Deustun 130 urte baino gehiago daramatzagu profesional bikainak prestatzen. Gaitasunetan ardaztutako prestakuntza da, eta ikasleen trebetasun berritzaileak, sortzaileak eta ekintzaileak indartu nahi ditu. Gaur egun, campusak ditugu Bilbon eta Donostian, eta egoitzak Gasteizen eta Madrilen.
Deustuko Unibertsitateak, goi-mailako hezkuntzako instituzioa den aldetik, konpromisoa du gizateriaren erronka berriei laguntzeko. Zein dira haren erantzukizun sozialaren lehentasunezko arloak?
1886an hasi zenetik, Deustuko Unibertsitateak konpromiso estua izan du gizartearekin, eta jesuiten hezkuntza-instituzio gisa erantzukizuna hartu du bere gain herritartasun askeagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta gizatiarragoa prestatzeko, erronka sozialez eta errealitatea eraldatzeko duen gaitasunaz jakitun dena. Unibertsitatea euskal gizartetik hurbil-hurbil sentitzen da, eta zerbitzatu egin nahi du, hala unibertsitate-instituzio gisa, nola gizarteak dituen kultura-beharretan, eta ingurunearen garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan.
Unibertsitatearen Erantzukizun Sozialeko Planaren bidez, unibertsitateak konpromiso sozial hori zehaztu, eta lehentasunezko bost arlo dinamizatzen ditu: berdintasuna, inklusioa, justizia soziala, ingurumena eta osasuna.
Ekarpen positiboa egin nahi dugu, mundu bidezkoago, solidarioago eta gizatiarrago bat eraikitzeko. Gizartea zerbitzatu nahi dugu, berariaz unibertsitatekoa den ekarpen bat eginez eta errealitatearen ikuspegi kristau batetik abiatuta. Ikerketan eta irakaskuntzan bikaintasuna bilatzen dugu, eta, aldi berean, pertsona aske arduratsuak eta profesional gaituak prestatu nahi ditugu, behar diren ezagutza, balioak eta trebetasuna dituztenak jakintza sustatzeko eta gizartea eraldatzeko konpromisoa hartzeko.
Deustuko Unibertsitatearen eredu pedagogikoaren helburua da ikaskuntzan eta irakaskuntzan berrikuntza bultzatzea. Zertan oinarritzen da?
Unibertsitatearen eredu pedagogikoak alderdi hauek sustatu eta bermatu nahi ditu: irakaskuntzaren kalitatea eta berrikuntza, gizartearen eta erakundeen eskaerari erantzuteko arintasuna eta malgutasuna, eta berdintasunera eta justizia sozialera bideratutako balioak eta printzipioak transmititzea.
Europa osoan garatu den bezala, gure prestakuntza-ereduaren oinarria da ikaskuntza- eta irakaskuntza-ereduen berrikuntza sustatzea. Eta, horretarako, bi zutabetan oinarritzen gara:
Ikasleek ikaskuntza sakona izan dezaten lortzea. Ikaskuntza horren oinarria da balioak eta gaitasunak garatzea profesional eta herritar aktibo eta arduratsu gisa gizarteratzeko.
Uste sendoa dugu prestakuntza eta irakaskuntzaren oinarria dela unibertsitateak eta haren irakasle-taldeak ikasteko eta eraldatzeko duten gaitasuna, irakasteko eta ebaluatzeko metodoetan eta euskarri diren prozesu guztietan berrikuntzak eginez.
Osasun Zientzien Fakultate berriak erantzuna ematen dio Deustu osasunaren arloan egiten ari den apustu sendo eta gero eta handiagoari
Gizarteak osasunaren arloan eskatzen dizkigun erronketan jartzen dugu arreta. Deustun faktore biologiko, fisiko, psikologiko eta sozialen konbinazio gisa ulertzen dugu osasuna. Horretarako, gaitasun bikaina duten profesionalak prestatzen ditugu, arlo horretan punta-puntakoak diren metodologia berritzaileekin, beren dimentsio zientifikoa eta ikertzailea beren gaitasun profesionalarekin eta dimentsio gizatiarragoarekin txertatzeko gai diren profesionalak, pertsona ardatz gisa duen arretarekiko konpromisotik abiatuta, zaindu ahal izatea eta zaintzen jakitea txertatuta, pazienteen edo erabiltzaileen duintasuna arriskuan jarri gabe.
Proiektua pertsonarengan ardaztutako medikuntza baten orientazio argiarekin sortu da, ikuspegi humanistarekin eta AOI metodologian oinarrituta. Zer da hori eta nola garatzen da?
Deustuko Unibertsitatean, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (AOI) aldeko apustua egiten dugu, funtsezko metodologia gisa, eta ikaskuntza aktibo eta esperimentalean oinarritutako beste metodologia batzuekin osatzen dugu. Horietan, ikaslea da irakatsi eta ikasteko duen prozesuaren protagonista, eta garrantzi berezia hartzen dute hausnarketarako, lankidetzarako, autonomiarako eta simulazioaren bidez ikasteko guneek. AOIren bidez, ikasleek beren ezagutza eraikitzen dute bizitza errealeko arazoetan oinarrituta. Helburua ez da arazoa ebaztea, baizik eta arazoa erabiltzea ikaskuntza-gaiak identifikatzeko oinarri gisa, modu independentean eta taldean ikasteko.
Zein da Osasun Fakultateak duen eskaintza akademikoa?
Gure ikasketa guztiak sortu dira gure gizarteari zerbitzua egiteko, eta gaur egun honako hauek dira gure eskaintza akademikoaren ardatzak:
4 gradu
Erizaintza. Bilboko eta Donostiako campusak.
Fisioterapia. Donostiako campusa.
Medikuntza. Bilboko campusa.
Psikologia. Bilboko campusa.
Gradu bikoitz 1. Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua. Donostiako campusa.
12 master
2 espezializazio
Nazioarteko mugikortasuna sustatzen dugu, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean ikasteko aukera emanez, Estatuko eta Europako unibertsitate ospetsuekin egindako truke-programei esker. Bermatutako praktikak ditugu, eta, hala, ikasleak errealitate profesionalera hurbiltzen dira banakako plan pertsonalizatu eta tutorizatu baten bidez. Halaber, etengabeko prestakuntza eskaintzen dugu, gradua amaitzean aukera ematen baitugu prestakuntza zabaltzeko osasun arloko graduondoko eta doktoregoekin.
Gainera, ikasteko hainbat espazio ditugu:
Deustubio eraikina. 900 m2 baino gehiago Bilboko campusean, osasun zientziei eskainiak. Honako hauek ditu:
3 «Rosalind Franklin» laborategi, Biologia, Biokimika eta Genetika eremuekin eta Histologia eremuarekin.
Biomekanikako eta Fisiologiako 3 laborategi.
3 Aita Arrupe ospitale birtual, kontrol, debriefing eta trebetasun kliniko eta simulazioko gelekin (kontsultak, solairuko gela, zainketa intentsiboetako unitatea, ZIU, ebakuntza-gela).
Deusto Psych. Psikologia eta Osasuneko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Unitatea (I+G+B). 700 m2 baino gehiago ditu Bilboko campusean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentziakoak diren laborategi espezializatuak dauzka, baita ikerketa eta prestakuntza aurreratuko baliabideak ere.
Larramendieraikina. Instalazio berriak Donostiako campusean, osasun arloko irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerarako. Honako hauek dituzte:
3 laborategi, Biomekanika eta Neurozientzia, Fisiologia, eta Anatomia eta Natur Zientziena.
3 ikasgela teoriko-praktiko, tresna espezializatuekin hornituak.
3 gimnasio, mota eta dimentsio desberdinetakoak: jarduera fisikorako, gimnasio-tatamirako eta fitness-espazioa.
3 kiroldegi: kirol-kantxa zabala, harmailak eta zerbitzu osagarriak dituena.
Mutualia da ikasleen irakaskuntza eta praktiketarako lankidetza-hitzarmena sinatua duen erakundeetako bat. Zure ustez, funtsezkoa al da osasun arloko profesionalek ikasleei laguntzea etorkizuneko garapen profesionalerako?
Jakina. Fakultateko irakasle-klaustroan sartu diren osasun profesionalak funtsezkoak dira, eta osatu eta aberastu egiten dute.
Bestalde, osasunaren arlo profesionaletako praktikak aukera bikaina dira gure ikasleentzat, eta fakultatearekin hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak dituzten erakundeen konpromisoari eta lan onari esker dira posible.
Praktika-zentro horietan, gure ikasleak jakintza handiko profesionalekin egoten dira hasiera-hasieratik, eta horiek laguntzen diete lanbidearen konplexutasuna ezagutzeko, lantaldeetan integratzeko edo ikasi dituzten teknikak eta estrategiak praktikan jartzeko prozesuan; gainera, aukera ematen diete haien autonomia, jakin-mina eta erantzukizun-zentzua garatzeko.
Zalantzarik gabe, laguntza hori funtsezko baliabidea da etorkizuneko profesional horien prestakuntzari begira.
Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioareko Egunean, Mutualiak bat egiten du Berdintasun Ministerioak abiarazitako kanpainarekin. Kanpaina hori gizonei zuzentzen zaie, galdera baten bidez: Orduan, nor?.
Baita Emakunderen kanpainarekin ere: “Zer ez duzu ulertu nahi? Solik bai da baietz”.
Mutualiak prozedura bat du laneko sexu-jazarpenari, sexuagatiko jazarpenari eta sexu-indarkeriei aurre egiteko. Prozedura hori berrikusi egin da, arlo horretako legeria berriari erantzuteko eta komunikazio- eta ikerketa-bideak zehaztu eta hobetzeko.
Nahasmendu muskuloeskeletikoek (NME) hezur, lotailu eta artikulazioei zein muskuluei, tendoiei eta pertsonen sistema baskularrari eragiten diete.
Egitura horien edozein gaitzek osasunari kalte egin diezaioke, molestia txikietatik sintoma mediko larriagoetaraino, eta azken horiek laneko baja bat eragin dezakete, baita ezintasun bat ere.
Lan-absentismoaren kausa nagusia dira. Laneko bajen % 25, gutxi gorabehera, NME-engatik gertatzen dira, eta haiek dira, halaber, laneko gaixotasun guztien % 80ren baino gehiagoren arrazoia.
Lan-esparruan, nahasmendu ohikoenak kontrakturak, tendinitisak, burtsitisa, eta abar izaten dira. Gehienak bizkarrean eta goiko gorputz-adarretan agertzen dira (sorbaldan, ukondoan, eskumuturrean), baina beheko gorputz-adarrei ere eragin diezaiekete.
NOLA PREBENITU DITZAKEGU NME-AK ENPRESAN
Neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzeaz gainera, azken hamarkadan, lantokian Osasuna Sustatzeko estrategiak ezartzearen ondorioz, langileen egoera fisikoa hobetzeko neurriak hartu dira. Horien artean, oso interesgarriak dira muskuluak berotzeko eta luzatzeko programak. Gorputza prestatzen dute egin beharreko jarduerarako, gorputzaren tenperatura, odol-fluxua eta muskuluen elastikotasuna handituz. Modu horretan, zurruntasuna gutxitzen da, muskuluen malgutasuna hobetzen da, metatutako karga fisikoa kentzen da eta atxikidurak sortzea saihesten da.
MUTUALIA ON! programaren bidez, lantokian muskuluak berotu eta luzatzeko errutina erraz bat irakasten dugu: ETENALDI AKTIBOA, gutxi gorabehera 7 minutu irauten duena.
Interesa duten enpresei 4 jarduketa-mota proposatzen dizkiegu:
SAIO BAKARRA, orokorra eta praktikoa.
ZEREGIN espezifiko baterako ATSEDENALDI AKTIBOKO TAILERRA.
LANPOSTU baterako ETENALDI AKTIBOKO TAILERRA.
Enpresaren ekimenen batentzako LAGUNTZA TAILERRA.
Sistema antzekoa da guztietan:
Enpresaren instalazioak bisitatzen ditugu, egongo garen pertsonen lan-jarduerak eragindako karga fisikoa baloratzeko.
Errutina espezifiko bat sortzen dugu, MUTUALIA ON! programan jasotako 56 ariketako sail batetik abiatuta.
Egingo den jarduketaren arabera, hura gauzatzeko modua adosten dugu, eta tailerrak edo etenaldi aktiboaren ezarpena antolatzen da eguneroko errutinan, xede diren txanda eta taldeetan, enpresak izendatutako laguntzaileekin batera eta une oro ikuskapena eginez.
Aurretiazko egoera jasotzen dugu, baita tailerra amaitu ondokoa ere, parte-hartzaileen asebetetzea eta sumatu duten hobekuntza baloratzeko.
Gure webgunean eskura duzue MUTUALIA ON! programaren laguntza-materiala.
Azaroaren 15etik 18ra bitartean, Eibarren, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Mutualia Foroaren XIX. Edizioaren jardunaldiak egin ditugu. Gai konplexua eta gaurkotasun handikoa izan da:
Langile Autonomoen Kotizazio Sistema Berria (uztailaren 26ko 13/2022 Legea)
Jardunaldiak arrakastatsuak izan dira; izan ere, Euskadiko lan-aholkularitzetako 500 pertsona inguru bildu dira, eta interes handia agertu dute proposatutako gaiarekiko, bai eta oso pozik agertu ere Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Letradu den gure lankide Iñaki Esnalek aurkeztutako ponentziarekin. Hainbesteraino, non jasotako inkesten batez besteko nota 9,47koa den 10etik.
Mutualia Foroa erreferentzia-esparru gisa finkatu da Euskadin azken urteotan, Gizarte Segurantzaren arloko lege-berritasun interesgarrienak eta konplexuenak aztertzeko, ikuspegi praktiko batetik.
Jardunaldi hauen edukiari edo aurreko edo etorkizuneko edizioei buruzko informazioa behar baduzu,