Mutualia: Murriztu, Berrerabili, Birziklatu

hondakinen prebentzioaren europar astea mutualia

Beste urte batez, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin (EWWR) bat egingo du Mutualiak, bere kudeaketan jasangarritasuna aintzat hartzen duen erakundea izaki. Azaroaren 19tik 27ra egingo da astea, aurten, eta haren sorrerako helburua da sentsibilizazio ekintzak sustatzea eta gauzatzea baliabideen kudeaketa jasangarriari eta hondakinen prebentzioari buruz.  

Hauek dira EWWR asteko ekimen nagusiak: 

  • Hondakinen Prebentziorako Europako Astena. Azaroa. 

Sentsibilizazio ekintzak koordinatzea, urtean astebetez. 

  • Let’s Clean Up Europe. Udaberria. 

Espazio publikoak garbitzeko jardunaldiak antolatzea Europa osoan. 

  • EWWR sariak. Maiatza. 

EWWRren edizio bakoitzeko ekintza egokienak saritzeko eta nabarmentzeko. 

EWWR astearen baitan antolatu diren ekintzek M-B-B eredua dute oinarri: 

  • Hondakinak murriztu 
  • Produktuak berrerabili 
  • Materialak birziklatu 

Hala, Mutualian, zenbait jarduera martxan jarriko ditugu astean zehar, M-B-B ereduaren garrantziari buruz ohartarazteko. Hain zuzen ere, mezuak hedatuko ditugu, azalduz zer egin dezakegun gure eguneroko bizitzan hondakinak murrizteko, gauzak berrerabiltzeko eta birziklapena bultzatzeko; halaber, jakintza pilulak ere zabalduko ditugu, ohitura jasangarrien adibideekin.  

4/2019 Legea, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoarena

MUGIKORTASUN PLANAREN DERRIGORTASUNA ENPRESETAN

Azaroaren 19an amaituko da Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretua aplikagarri zaizkien sektore publikoko eta pribatuko enpresetan mugikortasun planak egiteko epea

 

Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak  eta hura garatzeko dekretuak –254/2020 Dekretua, azaroaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzkoa – jasangarritasun energetikora bideratutako hainbat neurri ezartzen dituzte; besteak beste, mugikortasun edo garraio planak garatzeko eta onartzeko betebeharra, 254/2020 Dekretua indarrean jartzen denetik bi urteko epean, gehienez ere.

Zehazki, 4/2019 Legearen III. tituluan zehaztuta daude sektore publikoaz gainera lege hau aplikagarri zaien sektore pribatuko enpresak zein diren, besteak beste:

  • Industria sektorea, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak, B, C, D, E edo F taldeetako EJSN jardueren barruan daudenak.
  • Zerbitzu pribatuak eta merkataritza, G, I, J, K, L, M P, Q, R S taldeetako EJSN jardueren barruan sartzen diren enpresak.
  • Bizitegi sektorea.
  • Eta garraio pribatuak

Enpresa horietako batzuek mugikortasun planak garatzeko betebeharra dute, 254/2020 Dekretuak 34. artikuluan zehazten duenaren arabera. Hain zuzen ere, honako hau ezartzen du artikulu horrek:

  • Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartzen dituen lantokiek lantokietarako garraio plan bat eduki beharko dute gehienez ere 2 urteko epean, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera zenbatuta.
  • Mugikortasun planen helburu nagusia lantokirako joan-etorrien eragin txarra gutxitzea da, horretarako garraiobidearen aldaketa eraginkor eta arrazionalagoa eginez. Lantokirako joan-etorriak arrazionalizatzera bideratutako garraio neurri guztiak jasoko dira, eta, batez ere, ibilgailu pribatuaren erabilera ez-eraginkorra amaitzera zuzenduta daudenak, hala langileei, nola hornitzaile, bisitari eta bezeroei dagokienez.
  • Txandetako batean gutxienez 100 langile baino gehiago dituzten lantokiak behartuta egongo dira.
  • Behartuta dauden subjektu horiei dekretu honen 28. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa ere izango zaie aplikagarri.

 

Dekretuaren 28. artikuluaren 4. paragrafoak lantokiko mugikortasun planaren gutxieneko edukia definitzen du:

  1. Lantokiaren karakterizazioa, gutxienez, datu hauekin: lantokiaren konfigurazioaren deskribapen laburra, jardueraren datu nagusien kuantifikazioa, langile kopurua, bisitari kopurua, jarduera zein zerbitzuen deskribapena, eta garrantzizkotzat jotzen den beste edozein datu.
  2. Lantokiaren mugikortasun diagnostikoa, gutxienez azterketa honetan oinarritua:
  • Lantokietara joateko mugikortasunaren karakterizazioa.
  • Mugikortasun eskaeraren azterketa.
  • Mugikortasun eskaintzaren azterketa.
  • Aparkalekuen kudeaketaren azterketa.
    1. Helburu eta adierazleen definizioa. Planaren helburu nagusiarekin lerrokatutako helburu espezifikoak ezarriko dira. Helburuak zenbatzeko eta neurtzeko modukoak izango dira, eta denbora eremu zehaztua izango dute. Helburuek adierazle bana izango dute lotuta, horien betetze maila anbiguotasunik gabe ezagutu ahal izateko. Adierazle guztiek abiatze datuak izango dituzte.
    2. Ekintza plana. Adierazitako helburu espezifikoak lortzeko gauzatu beharreko ekintzak deskribatuko dira, eta horiek egiteko epeak eta arduradunak identifikatuko dira. Ekintzak honako eremu hauen barruan sartuko dira:
  • Mugikortasunaren eskaria gutxitzeko ekintzak, hala nola telelanaren aukera eta bideokonferentziak edo bideodeiak egitea sustatzea.
  • Mugikortasun motorizatuaren arrazoizko kudeaketarako ekintzak.
  • Modu ez-motordunak sustatzeko ekintzak.
  • Ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak eta gas bidezko ibilgailuak kargatzeko instalazioak sustatzeko ekintzak.
  • Garraio publiko kolektiboaren alorreko ekintzak, ibilgailu pribatuaren aldean lehiakorragoa izatea lortzen dutenak.
  • Garraio konbinatua, garraio moduak koordinatzea eta abar sustatzen duten ekintzak.
  • Sentsibilizazio, dinamizazio eta hedapenerako ekintzak.

Mutualiak badu Mugikortasun Planaren eredu bat, eta eskuragarri duzue. Eredu horri jarraituz azter daiteke langileek beren eginkizunak betetzean egiten dituzten joan-etorriak, bai eta ohiko etxebizitzatik lanera eta lanetik etxebizitzara egiten dituzten joan-etorriak ere; eta aukera ematen du, halaber, enpresak langileen joan-etorrietan haien segurtasuna eta osasuna bermatzeari begira egiten dituen ekintzak jasotzeko.

Zalantzarik izanez gero, Prebentzioko aholkularitzarekin harremanetan jar zaitezkete, helbide honetara idatziz: prevencion@mutualia.es

ANTIBIOTIKOAK, EGOKI ERABILTZEN DITUGU?

USO PRUDENTE ANTIBIOTICOS MUTUALIA

Antimikrobianoen erabilerari buruzko Kontzientziazioaren Munduko Astea azaroaren 18tik 24ra izango da, “Aurre har diezaiogun batera antimikrobianoekiko erresistentziari” lelopean.

Javier de la Fuente doktoreak, Mutualiako Infekzio Batzordearen arduradunak, botikak behar ez bezala erabiltzearen eraginak eta horren ondorio nagusiak azalduko dizkigu. 

Nola sortzen da antibiotikoekiko erresistentzia, eta zer ondorio ditu?

Antibiotikoak bakterio-infekzioak prebenitzeko eta tratatzeko erabiltzen diren botikak dira. Bakterioak gai aktibo horien erabileraren ondorioz mutazioa izaten direnean sortzen da antibiotikoekiko erresistentzia. Bakterioak dira antibiotikoekiko erresistente egiten direnak, ez gizakiak eta ez animaliak. Bakterio farmakoerresistente horiek infekzioak eragin ditzakete gizakiarengan eta animaliengan, eta infekzio horiek zailagoak dira sendatzen erresistente ez direnenak baino.

Zertaz ari gara “medikamentuen erabilera desegokiaz” ari garenean?

Medikamentuen erdiak baino gehiago modu desegokian preskribatzen, ematen edo saltzen dira, eta pazienteen erdiek ez dituzte behar bezala hartzen, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez. Okerreko erabilera hori errezetarekin edo errezetarik gabe saldutako sendagaiak neurriz gain, gutxiegi edo behar ez bezala erabiltzea izan daiteke.

Gero eta handiagoa da antibiotikoekiko erresistentzia, eta eraginkortasunik gabe gera daitezke?

2020an, OMEk “Antibiotikoak: kontuz erabili” eslogana aldatu, eta “Antimikrobianoak: kontuz erabili” eslogana jarri zuen, beste mikroorganismo batzuek, hala nola birusek, onddoek edo protozooek, sortzen dituzten sendagaiekiko erresistente diren infekzioen gero eta eragin handiagoa islatzeko. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, antibiotikoekiko erresistentzia maila arriskutsuetaraino handitzen ari da eskualde guztietan, mundu osoan erresistentzia-mekanismo berriak sortu eta zabaldu ahala. Gero eta efikazia gutxiago duten antibiotikoekin, gero eta zailagoa da, eta batzuetan ezinezkoa ere bai, pazienteak tratatzea, baita gaixotasun infekzioso arruntetarako ere, hala nola pneumoniarako.

Zein da erabilera oker horren eragina eta kostua?

Gaixoa zaintzeko kostuak ere handitzen ari dira, lehen mailako antibiotikoen ordez sendagai garestiagoak erabiltzen ari baitira. Gaixotasunaren eta tratamenduaren iraupen luzeagoak, sarritan ospitalean, osasun kostuak handitzen ditu, bai eta pazienteentzako eta gizartearentzako karga ekonomikoa ere.

Hala ere, antibiotikoekiko erresistentziaren benetako kostua bizitzetan eta infekzio-tasetan neurtzen da. Hala, Review on Antimicrobial Resistance txostenaren arabera, neurriak hartzen ez badira behintzat, antibiotikoekiko erresistentziaren ondoriozko heriotzen mundu-zama urtean 10 milioi bizitzara igo daiteke 2050erako. Horrek minbizia baino hilgarriagoa egiten du, eta kostu ekonomiko global metatua 100 mila milioi dolarrekoa da.

Zein dira patogenorik erresistenteenak?

Adibidez, antibiotikoekiko erresistenteak diren patogenoen artean, garrantzitsuenetako bat Klebsiella pneumoniae da. Infekzio gramnegatibo guztien herena da, gutxi gorabehera, gernubideetako infekzioak, zistitisa, pneumonia, zauri kirurgikoen infekzioak, endokarditisa eta sepsia barne.

Staphylococcus aureus bakterioa gure azaleko floraren parte da, eta infekzio ugari eragiten ditu, bai komunitatean, bai osasun zentroetan. Metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus (SARM) bidezko infekzioak dituzten pertsonek sendagaiekiko sentikorrak diren infekzioak dituzten pertsonek baino %64 probabilitate handiagoa dute hiltzeko.

Ba al dago antibiotiko bidezko tratamendu baten iraupenari eta dosiari buruzko jarraibiderik?

Antibiotikoen ziklo laburrenak infekzio batzuetarako ziklo luzeenak bezain eraginkorrak izan daitezkeelako ebidentzia sortzen ari da. Tratamendu laburragoek zentzu handiagoa dute: errazagoa da behar bezala osatzea, albo-ondorio gutxiago izatea, bai eta merkeagoak izatea ere. Bakterioak antibiotikoen eraginpean egotea ere murrizten dute, eta, horri esker, patogenoak erresistentzia garatzen duen abiadura murrizten da.

OMEk hainbat infekziotarako tratamenduei buruzko jarraibideak argitaratzen ditu, eta kasu bakoitzerako ebidentzia kliniko onenean oinarritutako tratamendu eta antibiotikoen dosien iraupenak gomendatzen ditu. Azken ikerketak etengabe berrikusten dira, osasun profesionalei gomendio eguneratuak eman ahal izateko; izan ere, botikak behar ez bezala erabiltzea sustatzen duten arazoen artean, OMEk polifarmazia aipatzen du (sendagai gehiegi kontsumitzea); antibiotiko eta injekzio gehiegi erabiltzea; jarraibide klinikoekin bat ez datorren preskripzioa; eta automedikazio desegokia.

Javier de la Fuente Dk.

Javier de la Fuente Dk.


Mutualiaren Infekzio Batzordearen Arduraduna

Kontsulta juridiko 2022ko Azaroa

kontsulta

Lan-harremana amaitu ondoren, eta kontuan hartuta langileak ez zituela oporrak hartu aipatutako amaieraren aurreko hiru urteetan, zer gertatzen da hartu gabeko oporrekin? Eta preskripzioaren figura zuzenean interpretatu al daiteke?

Hasiera batean, oporrak osorik eta benetan hartu ez badira, hitzarmen kolektiboan adierazitako aldiari dagokionez edo Langileen Estatutuaren 38. artikuluan xedatutakoari dagokionez, konpentsazio ekonomikoa egin behar da, hitzarmena azkendu arte urte horretan igarotako denboraren proportzioan.

Kontuan hartuta, hasiera batean, lan-kontratutik eratorritako ekintzak hura amaitu eta urtebetera preskribatuko direla (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren 59. artikulua), kontratua azkendu aurreko azken urteari dagozkion oporrak baino ez dira ordainduko, eta aurreko urteetakoak preskribatuta egongo dira, betiere, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak besterik xedatzen ez badu.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) doktrina komunitarioak, eskubide nazionalak balioetsiz eta eskubide horiek Europako zuzenbidearekin harmonizatu beharrez, erabaki du araudi nazional batek urteko opor ordainduak izateko eskubidea galtzea xedatu dezakeela legeria nazionalean ezarritako aldiaren amaieran, betiere, langileak eskubide hori baliatzeko aukera izan badu. Kontuan izan behar dugu urteko opor ordainduak izateko eskubideak garrantzi berezia duela Batasuneko gizarte-zuzenbidearen printzipio izateagatik, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 31.2 artikuluan berariaz onartuta dagoela.

EBJAk, C-120/21 auzian, zeina Alemaniako Estatuaren epaitu aurreko auzi batetik datorren, aztergai dugun gaian garrantzi handia duen epai bat eman zuen 2022ko irailaren 22an. Izan ere, gai horri erantzuteko, kontuan hartu behar da preskripzioa balioesteko, segurtasun juridikoko arrazoiez gain, zeinak eskubideak garaiz ez baliatzearekin batera bere oinarri baitira (eskubideez baliatzeko epea eta eskubideak erreklamatzeko epea igaro ondoren, eskubidea iraungi egiten baita), aintzat hartu behar dela, lan-harremaneko alderdien arteko aldea dela-eta, langileak eskubide hori baliatzeko aukera benetan izan duela egiaztatu beharko dela, eta enpresaburuak modu eraginkorrean eman behar duela urteko oporrak baliatzeko aukera, ahaztu gabe, beraz, dagozkion eskaintza- eta informazio-betebeharrak. Izan ere, enpresaburuak langilearen eskubideen preskripzioa argudia dezakeela onartzeak, eskubide horiek modu eraginkorrean baliatzeko aukerarik eman gabe, enpresaburua arrazoirik gabe aberastea ekarriko luke, eta hori langilearen osasuna zaintzeko helburuaren aurkakoa izango litzateke, oporrei buruzko Erkidegoko araudian onartzen den bezala.

Beraz, kasu zehatza hainbat elementuren arabera baloratu beharko da, hala nola oporrak ezarritako aldian hartu ez izanaren inguruabarrak, gai horren inguruan enpresaburuak egin duen lana edo inguruabar horri buruz jaso duen informazio-lana. Izan ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinak zuzenean eragiten dio Langileen Estatutuaren 59. artikuluari, eta, horren arabera, posible izango da konpentsazio ekonomiko bat eskatzea azken lan-urtetik aurrera baliatu ez diren oporrengatik, baldin eta enpresaburuak ez badu jardun Goi Auzitegi honek eskatzen duen arreta sendotuarekin.

Raquel Martínez Balbas


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

MutuaLex Epaia- 2022ko Azaroa

sentencia

Adingabearen zurztasun-pentsioa eta babesa

Auzitegi Gorenaren epaia, 2022ko irailaren 7koa, Ángel Antonio Blasco Pellicer jaun txit prestua txostengile izan duena, 475/2019 errekurtsoari buruz emandakoa

Prozedura honetan planteatzen den arazoa da zehaztea ea bidezkoa den amarik ez duen adingabe baten zurztasun-pentsioaren ehunekoa handitzea, haren aitak, alarguntza-pentsiorik jasotzen ez duenak, guraso-ahalaz gabetu baitu Lehen Auzialdiko Epaitegiaren epai baten bidez, adingabearen beharrizanei denbora luzez ez erantzuteagatik.


Hona hemen gertakariak: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren 2015eko abuztuaren 6ko ebazpenaren bidez, adingabe bati zurztasun-pentsioa aitortu zitzaion, dagokion oinarri arautzailearen % 20koa.


Eskatzailearen tutoreak zurztasun-pentsioaren gehikuntza eskatu zuen, eta erakunde kudeatzaileak 2016ko martxoaren 15ean emandako ebazpenaren bidez ezetsi zen, aita ez baitzen hil.


Bartzelonako Lan Arloko 33. Epaitegiari demanda aurkeztu zitzaion, demanda onartu zen, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak errekurritu ondoren, Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak, 2018ko abenduaren 13ko epaiaren bidez, erregutze-errekurtsoa onartu zuen, eta berretsi egin zuen errekurritutako ebazpen ezeslea.


Adingabearen legezko ordezkaritzak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jarri, eta epai honetan ebazten da.


Auzitegi Gorenak interpretatu egiten du Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko prestazio ekonomikoen zenbatekoak eta horiek eskuratzeko baldintzak zehazten dituen Erregelamendu Orokorraren 38. artikuluan xedatutakoa, 299/20196 Errege Dekretuak emandako idazketan.


Artikulu horrek zurztasun-pentsioen igoeraren baldintzak zehazten ditu, hemen aztertzen ari garenari dagokionez, alarguntza-pentsioaren onuradunik ez dagoenean, umezurtzaren pentsioa % 52 handituz, eta umezurtz absolutuarekin parekatuz guraso bakar bat aitortuta duen umezurtza.


Aipatu dugun epaian, Auzitegi Gorenak umezurtz absolutu terminoaren norainokoari buruzko azterketa bat egin du (aurreko epaietan goi-auzitegiak jorratu du). Halaxe tratatu da gurasoa hil ez den, baina inguruabar desberdinengatik alarguntza-pentsioa jasotzen ez duen kasuetan, adibidez, ezkonduta ez dauden edo izatezko bikotea osatu ez duten bikoteen kasuetan, hala nola 584/2013 errekurtsoari buruz 2014ko apirilaren 30ean emandako epaian, gehikuntza ere ukatuz, interpretazio zorrotz batekin, ulertzen baita zurztasun absolutuak bi gurasoen falta esan nahi duela, eta hori bat dator gure ordenamendu juridikoarekin, baita zurztasun absolutu terminoaren interpretazio gramatikalarekin ere.


Alabaina, Auzitegi Gorenak kasu zehatza aztertu du, epai bidez guraso-ahalik ez duen aita, eta lehen aipatutako Erregelamendu Orokorraren 38. artikuluaren interpretazio finalista egin du, non Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legean eskatzen den berdintasun-araubidean, seme-alaben afiliazioa edozein dela ere, igoera horiek eragiten duten umezurtzen babes-plusa zurztasun absolutua edo antzeko inguruabarrak direla-eta aitortu beharreko prestazioen intentsitate handiagoa justifikatzen duen premia-egoera larriagotu bat dagoela egiaztatzen den egoeretara bideratzen den.


Auzitegi Gorenak antzeko zirkunstantzia horiek dakartzatenak aztertuko ditu. Egoera horiek pareko premia-egoera sortzen duten zurztasun absolutuaz bestelako egoerak baino ez dira.

Alabarekiko betebeharrak nabarmen ez betetzeagatik gurasoari guraso-ahala kentzeak, zeina ez baitago arauan espresuki aurreikusia, Auzitegi Gorenaren iritziz, arrazoi-berdintasun erabatekoa du zurztasun absolutua aitortzen den kausekin; beraz, aipatutako aginduak ezartzen duen erabateko zurztasun-kasuarekin parekatzea aplika dakioke egoera horri.


Auzitegi Gorenak, kasu honetan, interpretazio bat egiten du Kode Zibilaren Atariko Tituluaren 3.1 artikuluko irizpide hermeneutikoen arabera, bai eta banakako interpretazio bat ere, betiere, adingabearen inguruabarrak behar bezala egiaztatuta geratzen badira, kontuan hartuta, gure ordenamendu juridiko nazionalaz gain, Espainiak Haurren Eskubideak babesteari buruz sinatutako Nazioarteko Itunak, zentzu integratzaile eta aurrerakoi argiarekin premia-egoerei erantzuten dieten gizarte-segurantzako prestazioen helburuari dagokionez.


Raquel Martínez Balbas 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualiak Asistentzia Kalitateko Bikaintasunaren QH 3 Izarren Egiaztagaria berritu du

qh-2022

Azaroaren 8an Osasunaren Garapen eta Integraziorako Institutuak (IDIS) ematen duen QH Aitorpena emateko IX. Ekitaldia izan da. 

Ekitaldian, Mutualiak  QH 3 Izarren Egiaztagiaria jaso du bere hiru klinika eta laguntza-zentroetarako. 

QH 3 Izarren Egiaztagiria, mutuak asistentzia-kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren esparruan egindako ahalegina aintzatesten duen saria da. 

QH3-foto-horizontal.webp

Gaixotasun profesionalak eragindako kalte-galerengatiko enpresa-erantzukizuna mankomunatua edo solidarioa da?

responsabilidad corporativa

Planteatzen den gaiak garrantzi handia du, gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun iraunkorreko maila desberdinak aitortuta, langileek enplegu-emaileari kalte-galeren ordaina eskatzen dioten kasu guztietan, eta hori zaildu egiten da lan-bizitzan zerbitzuak eman diren hainbat enpresa egon daitezkeenean, diagnostikatutako gaixotasun profesionala sortzeko arriskuarekin. Kasu horiek ez dira urriak.

Erantzukizuna mankomunatua bada, kalte-ordaina enpresa erantzule adina zatitan banatuko da, eta solidarioa bada, enpresetako edozein erabat ordaintzera behartuko da. Betebehar horien erantzukizunaren araubidea Kode Zibilean jasotzen da, eta bereziki interesgarriak dira 1.137tik 1.139ra bitarteko artikuluak.

Auzitegi Gorenak, 244/2019 errekurtsoari buruz emandako 2022ko uztailaren 21eko epaian, gai interesgarri horri heltzen dio.

Printzipio orokor hau hartu behar dugu abiapuntutzat: erantzukizuna ezartzeari dagokionez, solidaritatea aitortu egin behar da enpresa bakoitzak kaltea eragiteko duen erantzukizuna indibidualizatu ezin denean.

Beraz, langileak bere zerbitzu profesionalak hainbat enpresatan hurrenez hurren eman dituenean erantzukizuna indibidualizatu daitekeen eta erantzukizun hori indibidualizatzea posible den zehazteko parametro bat bilatzea planteatzen dugu. Auzitegi Gorenak ebatziko du parametro hori aitortutako lanbide-gaixotasuna eragin duen arriskua egon den enpresa bakoitzean lan egindako denboraren araberakoa izango dela.

Ondorio horretara iristeko, Auzitegi Gorenak kalte-galerengatiko enpresa-erantzukizunaren esparrura eramaten du lanbide-gaixotasunagatiko prestazioen erantzukizunari buruzko teoria, Gizarte Segurantzaren arloan, non erantzukizuna aitortzen baita esposizio-denboraren arabera, INSS/ISM erakunde kudeatzailean edo Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutualitateetan, horiek aseguratzen baitituzte gaixotasun profesionala sortzeko arriskua duten zerbitzuak eman dituzten enpresetako gertakari profesionalak.

Beraz, enpresa bakoitzaren erantzukizuna indibidualizatu daitekeenez, langileak enpresa bakoitzerako zerbitzuak eman dituen denboraren arabera, arlo horretako erantzukizuna mankomunatu egin behar da, eta Auzitegi Gorenaren irizpide horrekin amaiera eman behar zaio enpresen erantzukizuna zehazteko garrantzi handia duen eta irizpide desberdinak zituen gai bati.

Raquel Martínez Balbas


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua