Gure enpresek lidergoaren eta estresaren prebentzioaren arloko prestakuntzan interesa dutela egiaztatu da

Irailean oso harrera ona izan duten bi jardunaldi egin genituen, eta interes eta gaurkotasun handiko gaiei heldu zitzaien.

Urriaren 3an jardunaldi hau egin zen Bilbon: LAP integratzea tarteko agintariak eta prebentzio-arloko teknikariak prestatuz. Jardunaldian Javier Ondarra eta Eduardo Lázaro coach-ak izan genituen gurekin, lidergoaren arloko prestakuntzan esperientzia handia dutenak. Aurkezpenetan, bertaratutakoei modu atsegin eta parte-hartzailean azaldu zieten coaching-ak ematen dituen aukerak, eta nabarmendu zuten tresna hori oso erabilgarria izan daitekeela laneko arriskuen prebentzioa enpresaren maila guztietan integratzeko. LAP integratzeko, beharrezkoak dira coaching-ean erabiltzen diren hainbat baliabide; adibidez, autoezagutza, komunikazio ona, helburuak ezartzea, enpatia eta ikastea.

Jardunaldia bukatzeko, esperientzia praktiko ezin hobea izan genuen, enpresan benetako prebentzio-kultura lortzeko coaching-aren tresnak erabiltzeari eta lidergoaren arloko prestakuntzari buruz. Roberto Castañosek, Sidenor Aceros Especiales enpresaren arduradunak, azaldu zuen istripurik ez egoteko helburu nagusia lortzeko ezinbestekoa dela enpresaren zuzendaritzak argi eta garbi adieraztea LAP lehentasuna dela eta horri jarraituz jardutea, enpresako maila guztietan. Lidergoaren arloko prestakuntza eta coaching-a funtsezko tresnak izan dira agintariak eta langileak inplikatzea lortzeko.

Irailaren 21ean jardunaldi hau egin zen: estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko trebetasun profesionalen entrenamendua. Jardunaldian jende askok parte hartu zuen, eta modu praktikoan heldu zitzaien estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko tresnei. Patxi Rocha del Cura psikologo, terapeuta eta coach-ak modu praktikoan azpimarratu zituen estresaren alde kaltegarriei aurre egiteko eta horiek murrizteko teknikak. Jardunaldiaren bigarren zatian, Mª Eugenia Ramosek, zuzenbidean lizentziatuak, gatazken kudeaketan espezializatuak eta Gizagune Fundazioaren koordinatzaileak, azpimarratu zuen garrantzitsua dela enpresan estresa eta gatazkak eragiten dituzten elementuak neurtzeko eta kontrolatzeko metodologia argia eta egiaztatua erabiltzea.

Bi jardunaldiek oso harrera ona izan zuten, eta ondo baloratu zituzten. Eskerrak eman nahi dizkiegu hizlari parte-hartzaileei, egindako ekarpenengatik, eta bertaratuei hurrengo jardunaldietara etortzeko gonbita egiten diegu.

Azaroaren 23an, estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko trebetasun profesionalen entrenamendua egingo dugu berriro, Muskizen, Somorrostro Prestakuntza Zentroan.

Familia Adimentsuentzako Eskola, Mutualian GOGO HANDIZ BIZI, VICTOR KÜPPERS

MUTUALIAK zenbait gaien inguruko topaketak sustatzea erabaki du, eta interesa duten erakundeko pertsona guztiei eskainiko dizkie. Horretarako, gure eskura profesionalak jartzen ditu, gure lanerako prestakuntza-beharrez gain interesatzen zaizkigun gaien inguruan aholkuak edo informazioa emateko.

Ekintza horietako bat izan da honako hau sortzea:

FAMILIA ADIMENTSUENTZAKO ESKOLA

Orain arte hiru topaketa egin dira, eta urtea amaitu baino lehen, 2017. urterako planifikatu den azken saioa ospatuko da.

Antonio Ortuño psikologo kliniko eta familia-terapeutak dinamizatzen ditu saioak, eta bere hitzetan,

«erabakiak hartzen eta ziurgabetasuna kudeatzen dakitenak dira familia adimentsuak».

Eta hori, egoera zailetan ere, posible da.

«Egiten duguna aztertu eta funtzionatzen ez duena aldatu besterik ez da egin behar».

 

AFAE (Acción Familiar Euskadi) GKEak urtero antolatzen du Familiaren Astea, «Familia, gure enpresarik onena» lelopean. AFAEren bidez hasi dugu, hain zuzen ere, jarduera.

Aurten, urriaren 16tik 20ra ospatu zen 18. Familiaren Astea, non Mutualiak era aktiboan parte hatu zuen.

Ekitaldia zela eta, Victor Küppers hizlari ospetsuak GOGO HANDIZ BIZI izeneko hitzaldia eman zuen EAEko hiru hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz). Hitzaldira bertaratzeko aukera izan genuen, eta gogo handiz lan egiteko eta bizitzeko helburua lortzeko asmoarekin atera ginen; izan ere, horretan ematen dugu bizitza.

Bizitzan JARRERAK duen garrantzia azpimarratu zuen hitzaldian; hala, gainontzeko gaitasun eta ezagutzen balioa bikoiztuko da, eta horrekin batera, pertsona bakoitzaren balioa ere hazi egingo da.

OPORTUNIDADES IGUALES liburuaren aurkezpenean parte hartzera gonbidatu dute Mutualia

Pasa den urriaren 4an, MIRIAN IZQUIERDOREN Oportunidades iguales liburua aurkeztu zuen LID argitaletxeak. Aurkezpen-ekitaldia Red Eléctricaren babespean ospatu zen, Madrilgo Camilo José Cela Unibertsitatean.

 

Sonsoles EscribanokCamilo José Cela Unibertsitateko irakasleen kontseilari eta zuzendariak, ongietorria eman zigun hitzordura bertaratu ginen guztioi.

Ondoren, LID argitaletxeko zuzendari nagusi den Jeanne Brackenek liburua argitaratzeko ideia nola sortu zen kontatu zuen.

Red Eléctrica babeslea ordezteko, enpresako Gizarte Erantzukizun Korporatiboko zuzendaria bertaratu zen. Konpainiaren presidente José Folgadok bertaratzeko zuen interesa adierazi zuen, zeina lehen unetik izan baitzen egilearen aliatua, eta liburua publikoki aurkeztera animatu baitzuen.

Mutua Madrileñak liburuaren argitalpena bultzatu zuen, enpresaren jardunbide egokiak ere agertzen baitira liburuan. Rafael González-Palenzuela Giza Baliabideetako zuzendariakordezkatu zuen enpresa, eta liburuko gaien inguruan lan egiten jarraitzera bultzatu gintuen. Liburua oso gomendagarria da, erakunde ugaritan ezarritako ekintzak eta aurrerakuntzak erakusten baititu; eta horrek balio du enpresak ekintza horiek aztertzera bultzatzeko.

 

Mirian Izquierdok labur azaldu zituen punta-puntako enpresen arrakasta-kasuak eta esperientzia liburuan agertzeko arrazoiak. Horrez gain, sareetan lanean jarraitzera animatu gintuen, bidea irekitzeko urrats gisa antzematen hasi ziren sinergiak aprobetxatzeko.

 

Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko estatu-idazkari den Mario Garcés San Agustínek eman zion amaiera ekitaldiari. Hala, Mirian Izquierdoren OPORTUNIDADES IGUALESliburuak izan duen babes instituzionala agerian geratu zen. Hitzaldian, Estatu Idazkaritzak Curriculum Anonimoa ezartzeko konpromisoa hartzeko asmoz hasi duen ekintza aipatu zuen estatu-idazkariak. Hitzarmen horren bidez, kontratatzeko garaian bereizketarik ez egotea bilatzen da. MUTUALIAk ere Berdintasun Bereizgarridun Sareko Enpresa gisa parte hartzen du akordio horretan.

 

CEOEko lehendakariorde Antonio Garamendik aholkatuta, liburua Bilbon aurkezteko ekitaldi bat antolatzeko eskatu zion egileak Mutualiari, baita ekitaldira Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eta enpresak gonbidatzeko ere.

Dagoeneko hasi gara pentsatzen nola antolatuko dugun liburuaren aurkezpena, eta harremanetan jarri gara DenBBora Sarearekin (Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia) eta Bilboko Merkataritza Ganberarekin.

Hurrengo albisteetan emango dizuegu ekitaldiaren berri,

baldin eta bertaratzeko interesa izan dezaketen enpresa eta erakundeekin koordinatzea lortzen badugu.

OPORTUNIDADES IGUALES

Egilea:

MIRIAN IZQUIERDO

LID argitaletxea

Belaunaldien arteko lidergoari buruzko lantaldeetan parte hartzera gonbidatu dute Mutualia

Senior belaunaldia (tradizionalista) Nolakoak dira manager beteranoen zuzendaritza-portaerak?

Pasa den irailaren 29an, Madrilen, Sandoz Farmacéuticaren egoitzan, Generación & Talento behatokiak belaunaldien arteko aniztasunaren ikuspegitik lidergoa aztertzeko egiten ari den lanarekin jarraitu zuen. Enpresa ezagunetako zuzendariek osatutako taldeetan egin ari da lan hori.

Pentsamendua sortzea eta enpresei emaitza onena ematen dien sistematikari heltzea da asmoa, erakundeetan gero eta anitzagoak diren belaunaldiak kudeatzeko.

Hau izan zen egun hartako saioaren helburua:

  • Belaunaldien arteko taldeen lidergoa errazten duten zuzendaritza-portaerak aztertzea eta identifikatzea.
  • Managerren zuzendaritza-estiloak eta -portaerak beren belaunaldiaren arabera diagnostikatzea.
  • Bide-orri bat diseinatzea, belaunaldien arteko taldeak kudeatzeko portaera mesedegarriak nola garatu zehazteko.

Wellness Korporatiboaren Iraultza aurkeztu duten jardunaldira gonbidatu dute Mutualia Onura Korporatiboak, laneko bizi-kalitatea

«Wellness Korporatiboaren Iraultza» jardunaldian goi-kategoriako Giza Baliabideen sektoreko profesionalak aritu ziren mahai-inguru batean. Aipatutako jardunaldia Madrilen egin zuten irailaren 20an, CEOEren egoitzan

 

Mahai-inguru horretan Enrique Arce Compensa Capital Humano enpresako Aniztasun eta Adiskidetzeko Zerbitzuetako zuzendariak Wellness Korporatiboari buruz helarazitako mezua eta informazioa entzun ahal izan genuen.

 

  • Langileen % 77,5ek eginiko lanaren ondoriozko jarrerei eta ahaleginei egotzitako min arinak dituztela esaten du.

Hori horrela, ehuneko 3,8 puntu igo da kopurua 2007koaren aldean; horrenbestez, osasuna enpresako kezka bihurtzea ez da harritzekoa, zuzenean zein zeharka kostu handiak baitakartza.

 

  • Enpresak konpentsazio malguko planetan eskaintzen dituen produktuetatik osasun-asegurua da oraindik pertsona gehienek aukeratzen dutena.

2016ko amaieran, kudeatzen genituen 180.000 lagunetatik % 31k bat egin zuten produktu horrekin, batez ere 35-45 urte bitartekoek.

 

  • Giza Baliabideetako arduradunek ongizate-programa ezartzen dutenean topatzen duten erronka handia da, eta horri lotuta, honako aholku bat helarazi zuen:

Zerbitzu-eskaintza eta ongizate-neurriak egokitzea langile taldearen aniztasunera eta balio-proposamenaren barruan eskaintzea langileari, sozietatea bera bezain dinamikoa baita.

 

Lehen balio zuenak ez du balio jada eta soldata emozionala pertsonalizatzea da lan-harremanen esparru berria.

 

Ongizateak eragin positiboa du produktibitatean (absentismoa murrizten da) bai eta fidelizazioan ere (osasuna zaintzea eta osasun-aukerak hautematea).

MUTUALIAK bere esperientzia kontatu du Ezagutza eta ilusioa partekatuz

Urriaren 5ean eta 6an, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean egin zen PREBENTZIORAKO I. KONGRESUAN parte hartu zuen MUTUALIAk, eta Berdintasunaren, Dibertsitatearen eta Lana eta Familia Bateratzearen arloan dituen praktika egokiak azaldu zituen, ENPRESA OSASUNTSU kontzeptuaren barruan Prebentzioa, Berdintasuna eta Ongizatea barne hartzen zituen foro horretan.

Gainera, plataformak aukera eman zigun Mutualiak urteetan zehar eskuratu dituen Prebentziorako Argazki Lehiaketetako argazkiak erakusteko.

Jarduera askoko bi egun izan ziren; Prebentzioaren garrantzia, oro har, azaldu zuten hitzaldiak egin ziren, eta publikoak asko gozatu zuen (mila lagun baino gehiago bertaratu ziren). Latinoamerikako herrialdeetatik etorritako pertsona asko zeuden, eta Kongresuko hizlarien profesionaltasuna eta antolakuntza eskertu eta, halaber, oso ondo baloratu zituzten hizlariak.

MUTUALIAk erreferente izatea lortu du berriro ere. Foroetan entzule gisa parte hartzeaz gain, zera lortzen du: Prebentzioaren arloan eta Berdintasunaren, Dibertsitatearen eta Lana eta Familia Bateratzearen arloan duen estrategia aurkezteko espazioak izatea, hain zuzen, estrategia hori garrantzitsua baita Enpresa Osasuntsuaren kalifikazioari dagokionez.

EFR ziurtagiriaren jarraipena egiteko IKUSKARITZA efr 1000-1 araua

MUTUALIA zorioneko dago.

Joan den urriaren 23an, AENOR-eko ikuskatzaile Alexandra Herrerok Mutualiako lanaren eta familiaren bateratzea kudeatzeko sistema aztertu eta zegokion txostena idatzi zuen. Txosten horretan, BAT EZ ETORTZERIK ez adierazteaz gain –hori bere horretan lorpen bat da–, MUTUALIAN lanaren eta familiaren bateratzea jorratzeko moduari lotutako hiru indargune aipatu zituen.

Zorionak Mutualiako pertsona guztiei, pixkanaka antolaketa-malgutasunaren kultura barneratzen ari delako eta, horri esker, berdintasunaren, dibertsitatearen eta lana eta familia bateratzearen arloan erreferentziazko erakunde bat garelako.

EFR barometroa: Lana eta familia bateratzen aditua den ahotsa

Joan den urriaren 3an, MUTUALIA Cepsarekin elkarlanean egindako Lana eta familia bateratzearen inguruko Espainiako barometroaEFR indizearen aurkezpenean izan zen, Madrilen, CEPSA DORREAN. Horretatik abiatuta, erakundeetan lanaren eta familiaren bateratzea jorratzeko beharra aztertu duten hainbat pertsonaren gogoetak atera dira.

Renacimiento Demográfico fundazioko zuzendari Alejandro Macarrónek adierazi zuenez, jaiotza-tasa hain baxuarekin gure gizartea luzera begira bideraezina da. Haur gehiago ez badaude, Espainiaren eta Europaren perspektibak beltzak dira.

Comillas Eliz Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle Salomé Adroherren ustez, gogoz hartu behar dira gure herrialdeko lanaren eta familiaren bateratzearen egoera hobeto ezagutzeko ahalegin guztiak.

Horregatik, lana eta familia bateratzea profesional onenak erakartzeko eta horiei eusteko ardatz nagusia bilakatu da, Adecco fundazioko zuzendari nagusi eta Adecco Iberia eta Latinoamerikako Enpresaren Gizarte Erantzukizuneko zuzendari Francisco Mesonero Fdz. de Córdobaren arabera.

Gainera, jaiotza-tasa handitzen laguntzen duen oinarrizko alderdi bat da, Alejandro Macarrónek eta Jaume I Unibertsitateko Psikologia Sozialeko katedradun Marisa Salanovak adierazi dutenez. Salanovaren iritziz, erakundeetan lana eta familia bateratzeko egiten diren praktikek oreka osasungarri eta positiboa dakarte. 

Osasun-laguntzaren kalitatea

Hilabete honetan, urrian, gure osasun-taldearen zati batek gure laguntza-zerbitzuen erabiltzaileen gogobetetasunari buruzko komunikazio batzuk aurkeztu ditu.

Komunikazio horiek kartel moduko formatu bat erabiliz egin dira, eta zuei informazio hori modu berean helaraztea oso ideia eta modu egokia dela iruditu zaigu.

 

Izenburu bakoitzean klikatuz, Mutualiako laguntza-zerbitzuetako asistentzia-kalitatearen emaitzak eta ondorioak ikusi ahal izango dituzue:

  1. Tabletaren erabilera gogobetetasun-inkestetan.
  2. Gomendatze-indizea, Mutualiaren adierazle berria.
  3. 10 urte bezeroaren gogoa bete nahian.
  4. Baloreen araberako gogobetetasuna.
  5. Badakigu ospitaleratzeko pazienteei benetan zer axola zaien?
  6. Badakigu errehabilitazioko pazienteei benetan zer axola zaien?
  7. Badakigu larrialdietako eta kontsultetako pazienteei benetan zer axola zaien?
  8. Ez da gauza bera gogobeteta edo oso gogobeteta egotea.

Edukia zortzi posterretan irudikatu da, eta gure larrialdi-, kontsulta-, ospitaleratze- edo errehabilitazio-zerbitzura etorri diren langileek tabletaren bidez egindako inkestetan grabatutako informaziotik dator.

Horregatik, eskerrak ematen dizkiegu gure inkestei hain modu adeitsuan erantzun dieten pertsona guztiei, gure zerbitzuak hobetzeko balioko duen informazio baliotsua eman digutelako. Mutualiak eskerrik beroenak eman nahi dizkie.

Zuen eskura jartzen dugu iradokizunak jasotzeko atala gure webgunean.

Tableta bidezko inkesten taldea