MutuaLex 145 zk.

mutualex

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.). 2021eko martxoaren 6tik 12rako astea.

Arrisku kardiobaskularrak prebenitzea: zuk ere egin dezakezu!

Martxoaren 14an, Arrisku Kardiobaskularrak Prebenitzeko Europako Eguna ospatzen da, arrisku kardiobaskularreko faktoreen prebentzioan eta kontrolean aurrera egiteko kontzientzia handitzeko helburuarekin

Gogoan izan… NAHI BADUZU, EGIN DEZAKEZU

Egoneko bizitzatik ateratzeko sufritu behar duzula uste baduzu, oker zaude!  

Nahiz eta zure bizitza jardueragabea izan, pixkanaka has zaitezke zure gorputza martxan jartzen. Lehenengo pausua ez da gimnasiora joan eta hainbat ordu kirola egiten pasatzea. Aldaketaren oinarria ohiturak aldatzen hastea da, eta horrela egin dezakezu: 

· Ibili. Egunero 30 minutu gutxienez. Joan etxetik hurbil dagoen parke batera ibiltzera; bakarrik edo lagunen batekin hitz egiteko aukera aprobetxatu dezakezu. Mugimenduan egoteaz gain denbora atsegina igaroko duzu. 

· Aparkatu kotxea. Saiatu zaitez leku batetik bestera oinez joaten. Garraio publikoa erabiltzen baduzu, zergatik ez zara pare bat geltoki lehenago jaisten? 

· Erabili eskailerak. Etxean, lanean edo erosketa-zentro batera joaten zarenean eskailerak erabiltzea onuragarria izango da. Utzi igogailua benetan behar dutenentzat. 

· Atera bizikleta. Erabili garraiobide gisa: ez du zikintzen, eta zu osasuntsu mantentzeaz gain mesede izugarria egiten diozu ingurumenari. 

· Bulegoan lan egiten baduzu, egin atsedenaldi bat kanpora atera eta ibiltzeko. Mugitzeak lan-arazo eta -tentsioetatik urruntzeko aukera emango dizu. 

· Bat egin ezazu mugitzeko aukera eskaintzen dizuten hainbat talderekin. Bisitak, irteerak, bidezidor kirola, eta abar egiten duten taldeak eskura dauzkazu. 

· Aprobetxatu itzazu etxeko lanetan zabiltzan momentuak. Garbitu, margotu eta etxeko altzariak mugitzea esfortzua dira eta onuragarriak dira zuretzat. 

· Telebista ikustea gustuko duzu? Hori ere aprobetxatu dezakezu! Bizikleta estatikoa baldin baduzu jarri telebistaren aurrean eta eman pedalei! 

· Internet ere erabili dezakezu. Bilatu ariketa errazak dituzten bideoak etxean egiteko. Yoga egin dezakezu, adibidez. 

· Jarri musika etxean eta egin dantza. Ez dago hori bezain jarduera alai eta atseginagorik. 

Ez duzu aitzakiarik sofan eserita gelditzeko. Jarri zaitez martxan proposatutako ekintzaren batekin edo asmatu ezazu bururatzen zaizun gauzaren bat. Askoz hobeto sentituko zara! 

TESA ASSA ABLOYk 80 urte

Mikel Cristobalena

TESA ASSA ABLOYk 80 urte bete ditu. Eskoriatzan hasi zen (Gipuzkoan), maleten burdineria-fabrikatzaile gisa. Ibilbide luze eta aitorpen handikoa egin ondoren, gaur egun dena izatera iritsi da: sarbideak ixteko eta kontrolatzeko Espainiako fabrikatzaile eta hornitzaile nagusia.

Mikel Cristobalena elkarrizketatu dugu: ASSA ABLOY Opening Solutions – Iberiako HR and H&S Director dena, hain zuzen. Enpresaren eguneroko jardunera hurbilarazi gaitu, baita, bere estrategiaren ardatz gisa, bertako pertsonen segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromiso tinkora ere.

Zein da enpresaren jarduera nagusia, eta zeintzuk dira lortutako mugarriak?

TESA ASSA ABLOY talde multinazional bateko kidea da (ASSA ABLOY), eta produktu-aukera zabala eta betea dauka; horien artean, larrialdi-irteerako dispositiboak, zilindroak, segurtasun-sarrailak, eskuleku eta heldulekuak, ate-itxigailuak, sarbidea kontrolatzeko gailuak (zilindro elektroniko bidezkoak, elektromekanikoak eta elektromagnetikoak) eta ate korazatuak. TESA ASSA ABLOYk Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko, Europako, Ozeano Bareko, Asiako eta Ipar Afrikako herrialdeetako merkatuetara esportatzen du.

1980an aitzindariak izan ginen: hoteletara zuzendutako aurreneko sarraila atera genuen, eta, 1995ean, hoteletarako sarraila elektronikoaren merkatuaren mundu mailako lider bilakatu ginen.

Segurtasun mekanikoaren mailan, 1982an gure lehenengo zilindro patentatua erregistratu genuen: T12 izena duena. 2011n, berriz, “DropOrbital” teknologiako ziurtasun handiko lehenengo TESA zilindroa: hain ezaguna den TK100 izenekoa.

Gure ikuspegi estrategikoaren arabera, ateak irekitzeko gailurik berritzaileenen lider eta hornitzaile izan nahi dugu. Jasangarritasuna gizarte mailako lehentasuna da ingurumenaren gaineko eragina gutxitze aldera, osasun- eta segurtasun-indizeak hobetze aldera, baita hornikuntza-katearen jasangarritasuna hobetze aldera ere. Gure beste helburuetako bat kalitateko ISO 9001 eta ingurumeneko ISO 14001 ziurtagiriak lortzea da.

Zenbat lagunez dago osatua eta zeintzuk dira haien lanbide-profilak?

Enpresa 400 bat langilek osatzen dugu. Estatuaren esparru geografikoan, ordezkaritza komertzialak ditugu Bartzelonan, Madrilen eta Irunen, eta bi ekoizpen-zentro dauzkagu, Eskoriatzan eta Irunen; azken hori da egoitza nagusia, eta 238 langile ditu. Era berean, nazioarteko hainbat bulego komertzial ditugu Lisboan, Oporton, Panaman, Dubain eta Casablancan.

TESA ASSA ABLOYk oso maila altuko I+G+b saila dauka; bertan, 28 langile daude merkaturako ebazpen teknologiko eta berritzaileak garatzera emanak, alderdi mekanikoa jorratzen dutenak zein alderdi elektronikoa jorratzen dutenak. Gainera, industria-alorreko kualifikazio altuko profilen beharra dugu, hala nola fabrikazioan, erosketetan eta kalitatean, besteak beste; horiek denak, produktua fabrikatzera eta garatzera bideratuta daude.

Bezeroarenganako orientazioa dugunez, oso langile kualifikatuak dauzkagu salmenten kudeaketan, marketinean, zerbitzu teknikoan eta bezeroaren arretan. Horietaz gain, languntza-profilak ere baditugu, informatikan, administrazioan eta giza baliabideetan.

Zer ekintza egiten dituzue lan-giro seguru eta osasungarria sortzeko?

Lehenik, laneko segurtasunaren inguruko konpromiso/kontzientziazio sendoa sortu nahi dugu. Gure helburua 0 istripu izatea da. Zorionez, bide onean goaz, oso ezbehar-tasa baxuak baititugu. Baina horrekin ez dugu nahikoa.

Horretaz gain, ekintza hauek garatzen ditugu:

  • Formakuntza eta sentsibilizazioa, gure segurtasun- eta osasun-kulturan heldutasuneranzko bidea egiteko.
  • Laneko aarriskuak desagerraraztea edo minimizatzea; horretarako sortu nahi dugun kulturaren arabera, langile-taldeak euren buruen eta lankideen segurtasunaren eta lan-osasunaren jabe sentituko dira.

Jakina, horrekin guztiarekin bat, hainbat jarduera bultzatzen dituen kudeaketa-sistema bat dugu (arrisku-ebaluaketa, ikuskapenak, auditoriak, etab.), baita lan-metodo eta ohitura seguruak ere.

Era berean, Segurtasunaren Astea egiten duzue. Noiz eta nola sortu zen ekimen hori?

Segurtasunaren Astea 2019ko urtarrilean egin zen lehenengo aldiz, eta, ondoren, 2020an eta 2021ean egin dugu. Horren helburua zera da: langile guztiak sentsibilizatzea, eta guztiei oroitaraztea lehentasuna segurtasuna dela. Eta, hain zuzen, lehentasuna segurtasuna izatea da garamatzana, sinbolikoki, Segurtasunaren Astea urteko aurreneko jardueren artean egitera.

Zer ekintza egiten dira?

Segurtasunaren Astea aste horretako 5 egunetan egiten da. Horietan zehar, hainbat jarduera egiten dira. Lehenik, Erakunde osoari zuzendutako hitzaldiak egiten dira. Horietan, TESA ASSA ABLOYk segurtasunarekin duen konpromisoa adierazten da; lan-zentro guztietako lan-taldeei Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko ekintza nagusiak ezagutzera ematen zaizkie; eta, era berean, haien konpromisoa eskatzen da laneko segurtasunarekin eta osasunarekin, maila indibidualean zein kolektiboan.

Hurrengo egunetan, hainbat arduradun lanpostuz lanpostu joaten dira arrisku handienak zein diren azalduz eta horiek prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko erne egon behar dugula gogoraraziz. Era berean, azken urtean ezarri diren segurtasun-neurri giltzarriak errepasatzen dira. Horietako hainbat langileek eurek proposatutakoak izaten dira –ekarpen horien aitorpena egiteko aprobetxatzen da–, eta hobekuntza-aukera berriak in situ detektatzeko aukera ematen da. Hobekuntza-aukera horiek honako hauei buruzkoak izaten dira: baliabide humano zein materialak, prozesu-aldaketak, baita segurtasunarekiko jarrera eta jokaera proaktiboen bilaketa ere, maila indibidual zein kolektiboan.

Azken egunean, zuzendari nagusiak, fabrikazioko zein Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko arduradunekin batera, aurreko eguneko segurtasun-ibilaldian detektatutako hobekuntza-aukerak in situ ezagutzen ditu.

Horrela, erakundearen egiturari transmititzen zaio zuzendaritza honek laneko segurtasunarekin duen konpromiso zalantzarik gabea eta hurbila. Era berean, 5 egun horietan zehar langile guztiei informazioa ematen zaie ongizateari lotutako hainbat gairi buruz, hala nola elikadurari buruzko jarraibideak, lantegiko ohitura osasungarriak, sedentarismoaren prebentzioa, bizkarraren eskola, etab. Asko estimatzen dute guztiek.

2021ean, Segurtasunaren Astea ekitaldi ludiko eta berritzaile batekin bukatu dugu: segurtasunari eta ongizateari buruzko galderen lehiaketa bat, online. Langile guztiek aldi berean parte hartu ahal izan dute.

Zeintzuk dira, etorkizunera begira, erronka nagusiak?

Lau zutabetan egituratuko genuke:

  1. Merkatuan hazten jarraitzea, hazkunde organikoaren bidez, baita erosketen bidez ere.
  2. Garai eta errealitate berrietara egokitzea, produktua berrituz, mekanikaren zein elektronikaren alderdietan.
  3. Prozesu efizienteak zehaztea, bezeroen eta enplegatuen asebetetzea handitzeko.
  4. Antolaketa dinamikoa izatea, une bakoitzean behar diren trebetasunak dituena, ingurune aldakor eta etengabe eboluzionatzen ari den batera egokitu ahal izateko.

MINAREN TRATAMENDUA TALKA-UHIN FOKALEKIN:

Lokomozio-aparatuko minaren tratamendu ez-inbaditzailea, kontrol ekografikoarekin 

Talka-uhin fokalen tratamenduak energia handiko eta medikuntzaren azken belaunaldiko teknologia aplikatzen du, minaren aurkako terapia fisikoaren bidez

Terapia honek aukera ematen du medikuntza birsortzailearen tratamendu ez-inbaditzailea egiteko ekografikoki gidatutako patologiaren fokuan. Prozesu hau talka-uhin fokalak sortzen du lesionatutako eremuan, mekanismo biologiko eta mekanikoak erabiliz lortutako efektu elektromagnetiko baten bidez. 

Gorputzetik kanpoko talka-uhinen terapia metodo berritzailea da lokomozio-aparatuko mina tratatzeko, eta zabal ezarrita dago Mutualiako Birgaitze Zerbitzuetan. Mediku errehabilitatzaileek egin dute gure kliniketan, Donostiako Pakea klinikan, Bilboko Ercilla klinikan eta Gasteizko Goi Ebazpeneko Ospitalean. 

Urte askotako esperientziaren ondoren, ebidentzia zientifikoak frogatu du tratamendu honekin tendoi, lotailu, kapsula, muskulu eta hezurretako aldaketa patologiko jakin batzuk hobetu egin direla, eta mina berariaz desagerrarazi ahal dela. 

Gorputzetik kanpoko talka-uhinen terapiak, terapeuta kualifikatu eta esperimentatuek egiten dutenak -hala nola medikuntza fisikoko eta errehabilitazioko mediku espezialistek egindakoak-, muskulu- eta eskeleto-sisteman mina tratatzeko arrisku eta albo-efekturik gabeko tratamendu-metodoa da neurri handi batean. Helburu horrekin, ISMSTk (International Society for Medical Shockwave Treatment) teknologia hau erabiltzeko duten gaitasuna egiaztatzen die profesionalei. 

Gida ekografikoarekin aplikatuta, eraginkortasun eta balio handiagoa ematen zaio tratamenduaren aplikazio fokalari, energia leku egokian fokalizatzeko aukera ematen baitu. 

Zer dira talka-uhinak? 

Talka-uhinak energia altuko soinu-uhin entzungarriak dira. Talka-uhinak 1980tik erabili dira medikuntzan, giltzurruneko harriak desegiteko. 

Minaren terapian, talka-uhinen energia giza gorputzeko min-guneetara transferitzen da. Han bere efektu sendagarriak gara ditzake.  

Nola funtzionatzen du talka-uhinak? 

Mekano-transdukzio izeneko prozesu baten bidez, talka-uhinen estimulu mekanikoak erantzun biologiko bat sortzen du. 


Zelula-nukleoa aktibatzea lortzen da, eta ehunen birmoldatze-prozesuez arduratzen diren proteinak ekoizten hasten da, hau da, hazkunde-faktoreen ekoizpena estimulatzen da. 


Talka-uhinek angiogenesia aktibatzen dute, odol-hodi berriak sortzen dira. Kolagenoaren ekoizpena handitzen dute, TGF-beta1 eta IGF-I bezalako hazkunde-faktoreetatik abiatuta. Ehunen birmoldaketa oxido nitrikoaren askapenaren eta VEGF hazkuntza-faktorearen bidez ere gauzatzen da. Ikerketek PCNA antigenoaren presentzia erakusten dute, eta horrek zelulak ugaritu direla adierazten du. 


Oso berriak diren beste lan batzuek frogatu ahal izan dute talka-uhinek zelula amen bereizketan eta migrazioan duten eragina. Erantzun biologiko horrek tratatutako ehunetan fibrosia sortzea saihesten du. 

Azken batean, gorputzetik kanpoko talka-uhinak saiatzen dira kaltetutako ehunak bizkorrago sendatzen. 

Zer arazo tratatzen dira gehien?

Ukondoa:

Epikondilitisa (tenislariaren ukondoa): Ukondoaren alboko aldeko tendinopatiak narritadura-egoera mingarria sortzen du muskulu hedatzaileen tendoian, eta horrek eragina du eskumuturraren egonkortzean heldulekuak egitean.

Epitrokleitisa (golf-jokalariaren ukondoa): Mina ukalondoaren erdiko aldean, eskumuturreko eta hatzetako muskulu tolestaileak aktibatzen areagotzen dena.

Belaun-zangoa:

Tendinopatia errotulianoa (jauzilariaren belauna): Tendoi errotulianoaren hanturak mina eragiten du errotularen beheko muturrean. Oro har, minak alde bati bakarrik eragiten dio. Tendinitis errotulianoa sarri agertzen da lasterkariengan.

Orkatila-oina:

Akilesen tendinopatia: Akilesen tendoiko minaren sindromea da, eta batzuetan kaltzifikazioa izaten du. Akilesen tendoiko mina edo akilodinia kroniko bihurtu ohi da eta mugapen funtzionala sortzen du.

Oin-zolako faszitisa: Orpoaren ezproia oinaren behealdeko kaltzifikazio bat da. Oin-zolan oin-zolako fasziaren mina eta hantura egoteak oin-zolako faszitisa du izena, eta ibiltzean orpoa bermatzea ezgaitzen du.

Sorbalda:

Tendinopatia kaltzifikatzaileak: Ohikoa da tendoietan eta tendoi-lotunetan kaltzio-metaketak aurkitzea. Tendoi supraespinosoa da gehien erasaten duena.

Aldaka:

Trokanteritisa: Trokanterrean txertatzen diren tendinopatiek mina eragin ohi dute oinez ibiltzean eta gaueko atsedenaldian bermatzean.

Nola funtzionatzen du talka-uhinen tratamenduak? 

Medikuak elkarrizketa eta miaketa fisiko bat egingo du pazientearen historia mediko zehatza lortzeko, eta tratatu beharreko minaren eremua ekografia bidez lokalizatuko du. Tratamendua behar bezala diagnostikatzea eta adieraztea da terapiaren arrakastaren gakoa.  

Tratatu beharreko eremuan gel bat aplikatzen da larruazalean, gorputzean talka-uhinak aplikatzeko, energiarik galdu gabe. Tratatu beharreko patologiari eta pazientearen tolerantziari egokitutako intentsitateak, maiztasunak eta bulkadak aplikatzen dira. 

Zenbatean behin behar da tratamendua eta zenbat irauten du? 

Tratamendu-saio bakoitzak 10-25 minutu irauten du, koadro klinikoaren arabera. Batez beste, 3 eta 6 saio artean behar dira, patologiaren eta tratatu beharreko pazientearen arabera, eta lesioa kontsulta bakoitzean monitorizatzen da. 

Zer-nolako arrakasta du talka-uhin fokalekin egindako tratamenduak? 

Tratamendua behar bezala adierazi eta aplikatu ondoren, paziente askok adierazten dute ez dutela minik sentitzen, edo askoz min gutxiago sentitzen dutela saio bakar baten edo biren ondotik. Mina hobetzeak funtzionaltasuna eta bizi-kalitatea bueltatzen dizkio pazienteari. 

(Irudiak: Storz Medical) 

Agustín Gutiérrez Ruiz  

Mutualian, Medikuntza Fisikoan eta Errehabilitazioan espezialista  

IRADOKIZUN ONENAREN IX. SARIA

Mutualiak IX. urtez antolatu du Iradokizun Hoberenari Saria. Lehiaketaren xedea da gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortzea. Azken edizioaren irabazlea Mariano Moro Santos-ren iradokizuna izan da, Eusko Jaurlaritzako langilea.

Iradokizuna lagungarria izango da eraldaketa digitaleko prozesuan eta osasun-arloko pazienteen arreta hobetuko du. Proposamenak akonpainamendu digitala erraztuko du, gure erabiltzaileen datuen babesa errespetatuz.

Sari-banaketa martxoan izango da.

Jasotako iradokizunen kopurua eta kalitatea eskertu nahi ditugu. Horiei esker gure zerbitzuak hobetzeko aukera izango dugu eta gure bezeroen beharretara egokitu ahal izango gara

IZARDUN PERTSONAK

Haurren Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Arabako Haur minbizidunen Gurasoen Elkarteak, Aspanafoako Izarra eman digute, elkartearekin dugun lankidetzagatik. 

 Ekitaldia, elkarteak Gasteizen duen egoitzan egin da, eta honako hauek jaso dute saria: Marta Barredo Mutualiako 2. Lehendakariorde eta Batzorde Etikoko kideak eta Ignacio Lekunberri gure Zuzendari Kudeatzaileak.

Oso pozik eta eskertuta gaude izar honengatik, haurren minbiziaren aldeko ekimenei laguntzeko konpromiso irmoarekin jarraituko dugu.

Aspanafoa eta Mutualia

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUAK: GJH 7

ENERGIA ESKURAGARRIA 
ETA EZ-KUTSATZAILEA 

HELBURUA 

Erantzukizun sozialeko politika bat egitea, kudeaketa etikoan, sozialean, ingurumenekoan eta aniztasunean oinarritua. 

EKINTZAK 

Gure zentro guztietan energia berdea kontsumitzea 

                   ISO 50001 ziurtagiria​ 

                   ISO 14001 ziurtagiria​ 

A, B edo C kalifikazioko eraginkortasun energetikoaren ziurtagirirako egokitzapena   

ADIERAZLEAK 

Zentroen % 100ek energia elektriko berdea dute 

                       IHOBEren Erosketa Publiko Berdearen Planarekin bat egitea​ 

                       Energia elektriko berdeko kontsumoa gigajouletan: 8877,76 ​ 

                       Gas naturalaren kontsumoa gigajouletan: 2941,02 ​ 

                       Biomasaren kontsumoa gigajouletan: 2912,68 ​ 

                       Gasoil kontsumoa gigajouletan: 100,1 ​ 

                       Kogeneraziokoaren kontsumoa gigajouletan: 24,03​ 

                       Ziurtagiria berritzea​ 

Etxeko energia ordaintzeko laguntzak, Prestazio Berezien Batzordean​ 

                      ​ 

Enpresaren ibilgailuan instalatutako geolokalizazio-gailuarekin lortutako datuak erabiltzea, langileen aurkako diziplina-neurri bat finkatzeko

Aztertuko dugu enpresak langileari emandako ibilgailuaren GPSarekin lortutako datuak erabiltzea zilegi den edo ez den, kaleratzeko diziplina-neurri bat ezartzeko, enpresak onartzen ez duen helburuetarako erabiltzeagatik.

Ildo horretan, ika-mika sortzen da aztertzen dugunean ibilgailu baten geolokalizazioaren arazoari eta horrek kontratu-harremanean dituen ondorioei nola heldu behar zaion –nahiz eta enpresak langile bat kaleratzeko erabilitako datuak ez izan zuzenean lan-prestaziotik eratorrita–, eta langileen intimitaterako eskubideari nola eragiten dion.

Beraz, kasu honetan, aztertu egin behar dugu, batetik, Konstituzioaren 18.1 artikuluak babestutako intimitaterako eskubidearen balizko urraketa, horrek ekarriko bailuke kaleratze bidezko azkentze-erabakiaren deuseztapena eta zehatutako langilea berriz hartzeko enpresaren betebeharra –Langileen Estatutuari buruzko Legearen 56. artikulua–, eta, orobat, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren aplikazioa, zeinak 90. artikuluan intimitaterako eskubidea arautzen baitu lan-arloan geolokalizazio-sistemak erabiltzean, honela: “1. Enplegatzaileek geolokalizazio-sistemen bidez lortutako datuak tratatu ahal izango dituzte, langileen edo enplegatu publikoen kontrol-eginkizunak betetzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan eta funtzio publikoaren legerian, hurrenez hurren, aurreikusitako moduan, betiere, eginkizun horiek beren lege-esparruan eta hari dagozkion mugekin betetzen badira. 2. Aldez aurretik, enplegatzaileek berariaz, argi eta garbi eta zalantzarik gabe jakinarazi beharko dizkiete langileei edo enplegatu publikoei eta, hala badagokio, haien ordezkariei, gailu horiek daudela eta haien ezaugarriak. Halaber, informazioa eman beharko diete datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, tratamendua mugatzeko eta datuak ezabatzeko eskubideak balia ditzaketen jakiteko”.

Horrelako kasuetan, enpresak erabilitako baliabidea legitimatzeko eta langileen intimitaterako eskubidean ez sartzeko benetan garrantzitsua dena da langileak geolokalizazio-gailuaren instalazioaren berri izatea, eta, alde batetik, ibilgailuaren erabilera lan-jarduerara mugatzen duen agindu argi bat egotea, eta, bestetik, une oro ibilgailuaren mugimenduari eta kokapenari buruzko datuak baizik ez jasotzea.

Beraz, garrantzitsua da enpresak argi eta garbi ezartzea zein diren langileei emandako tresnak erabiltzeko oinarriak, eta zalantzarik gabe jakinaraztea enpresak entregatutako tresnak kontrolatuko dituela, eta zein bitartekoren bidez egingo duen, baliabideak modu egokian erabiltzen ari direla egiaztatzeko, emandako baliabidearen eraginkortasuna bermatuta.

Hortaz, langileek goian adierazitakoa behar bezala jakiteak soilik emango dio modua enpresari lortutako datuak erabili ahal izateko fiskalizatzeko edota are zigortzeko ere, intimitaterako eskubidean eskua sartzeko baimena izanda.

Puntu honetan galdera berri bat agertzen zaigu: ea datuak legezko eran erabiltzeko aukera ematen denean lanaldian lortutako datuetara mugatzen den, edo lanalditik kanpo lortutakoetara zabal daitekeen, hau da, ea noraino hedatzen den “intimitatearen arrazoizko itxaropena” deritzona; esan nahi baita, ea datu horiek erabil daitezkeen enpresan tolerantziarik ez badago emandako baliabideak erabiltzeko, eta, beraz, enpresaren eskubidea sortzen den; hortaz, enpresak modu frogagarrian jakinarazi badu bere jabetzako tresnak lanalditik kanpo erabiltzea debekatuta dagoela, eta, ondorioz, horiek erabiltzea zilegi ez bada, datuen kontrola ezin da mugatu lanaldi hutsera, eta zilegizkoa ez dela dakien enpresa behartu hori nahitaez jasatera, kontrolatu gabe.

Ildo horretan, Auzitegi Gorenaren IV. Salak berriki emandako epaia jaso nahi dugu, 2020ko irailaren 15ekoa, kontsultatutako auzia ebazten duena.

Jesus Mª Vicente Cuadrado

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua