
Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.).
2020ko azaroaren 14tik 20rako astea.

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.).
2020ko azaroaren 14tik 20rako astea.

Ba al zenekien 86 kilo hondakin sortzen direla 200 gramo baino gutxiago pisatzen duen telefono adimendun bat egiteko?
Azaroaren 21etik 29ra bitartean, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea egingo da, EWWR (European Week for Waste Reduction) erakundearen Zuzendaritza Batzordearen bultzadarekin, baliabide jasangarriei eta hondakinen kudeaketari buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko eta ezartzeko.
Aurten, hondakin ikusezinak izango dira ardatz; ikusten ez ditugunak dira, eta produktuak eta zerbitzuak ekoizteko prozesuan hondakin “ikusezin” asko sortzen dituztenak.
“Zein da zure benetako pisua?” goiburuarekin, ekoizpen eta kontsumo jasanezinaren ondorioz guk guztiok gainean daramatzagun gehiegizko kiloez jabetzeko erronka botatzen digu EWWR-k.
Mutualian ekimen honekin bat egiten dugu, eta astean zehar gure langileak hiru ariketa hauen garrantziaz kontzientziatzeko ekintzak egingo ditugu: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.
Ekintza horiek gure Garapen Jasangarriko Planean jasota daude, Mutualiaren estrategiaren baitan, pertsonak inplikatzeko eta jakitera emateko nola laguntzen dugun gure eguneroko bizitzan GJHak lortzen, erakundean jasangarritasuna bermatuta dagoela ziurtatuta.
Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, hil honetan gure lurraldean gero eta jende gehiagok praktikatzen duen kirol bati buruz hitz egin nahi dizuegu. Sofbola (edo bola leuna) beisbolaren oso antzekoa da, taldean jokatzen dena eta zeinean bola bat bate batekin jotzen den. Izan ere, beisbolaren eratorpen bat da, zeinean bola handiagoa den eta jaurtiketa sorbaldaren azpitik egiten den. Praktikatzen duenak nabarmentzen du sofbola oso jolas dinamikoa dela, dibertsio handia sortzen duena, eta egokia dela helduentzat zein haurrentzat. Euskadiko Beisbol eta Sofbol Federazioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin, urte batzuk daramatza bere burua munduko hainbat lekutan ikusgai jartzeko proiektuarekin. Horrela, sofbol modalitateko nesken Euskadiko konbinatua Saint Raphaelen adiskidantzazko txapelketa batean lehiatu da Frantziako Federazioaren aurka, Kuban, edo/eta Vancouverren (Kanada) munduko talderik onenen aurka egindako txapelketa batean, kirol hau Euskal Herrian selekzio indartsuen aurrean erakusteaz gain, Kubakoaren beraren aurka, adibidez.
Kirol honetako partidak jokatzeko bereziki diseinatutako zelaiak badauden arren –Oriokoa birmoldatu da oraindik orain–, parkeetan edo naturguneren batean ere egokitu daitezke horretarako espazioak. Egiten dena da baseak markatu eta taldeak osatu entretenimendu handi batez gozatzeko. Kirol honi buruz adierazi diezazkizuegun abantailen artean (1907an sortu zen Minneapolis hiri amerikarrean –soft-ball hitzak “bola biguna” esan nahi du–, 1930etik aurrera izan zuen onarpen handia eta ia Amerika osora eta Europa eta Asiako herrialdeetara hedatu zen), arrisku kardiobaskularraren murrizketa dago, baseetara korrika joan behar izatean odol-zirkulazioa eta oxigenazioa aktibatzen delako. Malgutasuna da abantaila lortzen duen beste gaitasunetako bat; izan ere, ekintzetako askotan, jokalariek luzatu egin behar dute, basera aurkariak bolarekin ukitu aurretik iritsi ahal izateko. Horrek, jokoaren gainerako jokaldiekin batera, bola airean hartzen saiatzea adibidez, asko hobetzen du malgutasuna. Erreflexuak eta ikusmen-zorroztasuna ere areagotzen ditu sofbolak. Izan ere, jokalari guztiek, jaurtitzaileak, bateatzaileak, hartzaileak eta beste guztiek, oso adi egon behar dute bolaren mugimenduei begira, eta, beraz, are gehiago garatzen dira aipatutako
erreflexuak. Espezialitate honek gantzak erretzen eta gure giharrak indartzen laguntzen du, hankekin, besoekin eta sabelaldearekin egin behar den ahalegin fisikoaren ondorioz. Horrez gain, gure aldartea hobetzen du, jolasaren bidez ariketa fisikoa atseginez egiteak lagundu egiten baitu antsietatea eta kortisol mailak kontrolatzen; estresari lotuta dagoen hormona da azken hori. Eta talde-kirola den aldetik, sofbolak edozein adin-tartetako pertsonen inklusioa bultzatzen laguntzen du, gizarte-harremanak sortzeko eta lagunak egiteko. Beisbolak baino azkarrago, espezialitate honek estresa kentzen du, eta taldean lan egiteko eta ikaskideen arteko komunikazioa garatzeko beharrezkoa den diziplina bereganatzen laguntzen du.
Lehen esan dugu sofbola Ameriketako Estatu Batuetan jaio zela, zehazki Harold Johnsoni esker, beisboletik eratorritako kirol honen asmatzailetzat hartzen baita, eta, beraz, joko-zelaia, ekipamendua, materiala eta araudia oso antzekoak dira bi kiroletan. Partida bakoitza hamar jokalariko bi taldek jokatzen dute (beisbolekoek baino bat gehiago), eta zazpi sarreratara jokatzen da (beisbolak baino bi gehiago). Lasterketa gehien egiten dituen taldeak irabazten du.
Mutualian, programazio espezializatua prestatzen dugu, gai eta ezaugarri askotarikoa; hala, modu azkar eta malguan erantzun diezaiekegu askotariko kolektiboen prestakuntzako beharrizanei. Horregatik, jarduera hauek prestatu ditugu:

(Azaroaren 18an, 09:30etik 11:30era)
Mutualiak ISO 45001 ziurtagiriari buruzko jardunaldi bat antolatu du. 2018ko martxoaren 12an argitaratu zen ziurtagiri hori, eta OHSAS 18001:2007 estandarraren ordezkoa da.
Gai hauek hartuko dira hizpide: OHSAS 18001ekiko dituen alde nagusiak, ISO arauak dituen abantailak, eta OHSAS ziurtagiri bat duen enpresa batek zer epe daukan ISO 45001 araura migratzeko. International Accreditation Forumek 2021a ezarri du OHSAS 18001:2007 Arautik ISO 45001:2018 Araura igarotzeko muga urte gisa.
Ana Huerta Ortuoste andreak emango du saioa; AENORen Kalitate, Ingurumen eta Laneko Arriskuen Prebentzioko auditore burua da.
Parte hartzekoa bazara, mesedez, EMAN IZENA HEMEN

Lanpostuetako absentzien kudeaketa konpondu gabeko alderdietako bat da oraindik ere gure inguruko enpresa askotan. COVID-19ak osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisia eragin du, gaur egungo eta etorkizuneko ondorio ezezagunekin batera. Pandemia honek are gehiago bistaratu ditu arlo horretan dauden gabeziak. Egoera zail honetan, jakitun gara zein erronka konplexuari egin behar dioten aurre enpresek.
Jardunaldi honetan, hizpide izango ditugu galdutako lanegun kopurua murrizteko dinamikak eta gure Absentziak Kudeatzeko Gidak eskaintzen dizkigun tresnak.
“Prebentzioa, absentzien kudeaketa eta COVID-19a” jardunaldi teknikoan hauek hartuko dute parte: Juanma Legorburu jauna, Mutualiaren Loturako zuzendari medikoa, eta Sergi Riau jauna, Solutia GHSren bazkide zuzendaria.
Saioa webinar formatuan egingo da, azaroaren 25ean (asteazkena), 09:30etik 11:00etara. Izen-ematea doakoa da, eta enpresetan absentziak kudeatzeko eskumena duten profesionalei zuzenduta dago, baldin eta enpresak Mutualiara atxikita badaude.

Aurreko urteetako ibilbideari jarraituz, Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzak informazio-jardunaldi bat eskainiko du “Prevención10.es” aplikazioaren erabilerari buruz. Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak sortutako tresna bat da, eta 25 langile baino gutxiago dituzten enpresei prebentzioa kudeatzen laguntzeko balio du, prebentzio plana garatzeko.
Saioan, prebentzioa autokudeatzeko tresna aurkeztuko da, erabiltzaileek jakin dezaten zer eduki dagoen bertan, bai eta nola sartu aplikaziora eta hura nola erabili ere; hartara, enpresariari/langile autonomoari errazago izango zaio bere baliabide propioekin enpresako laneko arriskuen prebentzioa kudeatzea.
Jardunaldia webinar formatuan izango da, abenduaren 10ean (osteguna), 10:00etatik 11:00etara. Mutualiari atxikitako 25 langilera arteko enpresei eta langile autonomoei zuzenduta dago saioa.
Izen-ematea doakoa da, guztiz. Saio honetara konektatzeko interesa baduzu, jar zaitez Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzarekin harremanetan, helbide honen bidez: prevencion@mutualia.eus.
Enpresek gero eta gehiago erabiltzen dute obren eta zerbitzuen kontratazioa jarduera jakin batzuk egiteko, baita ohiko jarduerak egiteko ere. Horrela egiten denean, hainbat enpresatako pertsona batek edo batzuek laneko gune berean bat egiten dute, eta beste arrisku batzuk ekar ditzake horrek, edota lehendik dauden arriskuak areagotu, aurretik ebaluatu ez diren egoeretan, sarritan.
Hauek izaten dira egoera horretan gertatzen diren istripuen oinarrizko arrazoiak:
Horregatik, oso garrantzitsua da lantoki berean elkartzen diren enpresak elkarren artean ongi koordinatzea.
Gai horren inguruan dagoen araudia betetzeko, argitalpen berri hau dugu Multualian:
ENPRESA-JARDUEREN KOORDINAZIOA
files/2020/09/Enpresa-jardueren-Koordinazioa.pdf
Eskuliburu honetan, eskematikoki definitu dira bai enpresaren esparruan enpresa-jarduerak koordinatzeko 171/2004 Errege Dekretua, bai eraikuntza-obrei buruzko 1627/97 Errege Dekretua.
Eskuliburu horrez gain, prestakuntza-jarduera bat ere badugu gure CAMPUSEAN, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Koordinazioa behar duten balizko egoeren adibide errealekin garatzen da jarduera hori, eta jarduera bat egiteko lantoki berean elkartzen diren langile autonomoen eskubideak eta betebeharrak nahiz enpresenak eta haien langileenak azpimarratzen dira.
https://mutualia.apacampus.com/session/4143/about/
COVID-19ak eragindako kutsatzeak prebenitzeko eta mugatzeko, enpresa-jarduerak koordinatzeko prozeduraren bidez jada definituta dauden jarraibideez gain, beste jarraibide osagarri batzuk behar dira, parte hartzen duten enpresetako langileek bete beharrekoak.
Hona hemen PANDEMIA EGOERAN JARDUTEKO ARAU ESPEZIFIKOAK, ENPRESA-JARDUERAK KOORDINATZEKO agiriko arauen adibide bat, jarraibide osagarriekin:
Prebentzio Aholkularitza, Mutualiak berak duen Prebentzio Zerbitzuaren laguntzarekin

2021eko lan egutegia pertsonalizatu zure enpresaren datuekin
Datorren astelehenetik aurrera, azaroaren 23tik aurrera, honako laguntza-zentroen ordutegiak eguneratuko dira:
Gure zentro guztietako ordutegi eguneratuak kontsulta ditzakezu
Javier de la Fuente Dk., Mutualiaren Infekzio Batzordearen arduradunak, erresistentzia horrek osasunean duen eraginaren berri eman digu, baita prebentzio neurriak azaldu ere.
Antibiotikoak dira bakterioek eragindako infekzioei aurre egiteko eta haiek tratatzeko erabiltzen diren sendagaiak. Sendagai horiek erabiltzean bakterioak sendagaiari aurre egiteko mutatuz gero, antibiotikoekiko erresistentzia sortzen da. Hau da, bakterioak beraiek bihurtzen dira antibiotikoekiko erresistente, ez gizakiak edo animaliak. Botikekiko erresistentzia duten bakterio horiek, hortaz, infekzioak eragin diezazkiekete gizaki eta animaliei, eta haien infekzioak bakterio ez erresistenteak baino zailagoak izaten dira tratatzeko.
Osasunaren Mundu Batzarrak antimikrobianoekiko erresistentziari buruzko mundu mailako ekintza plan bat onartu zuen 2015eko maiatzean, zeinak barne hartzen baitzuen antibiotikoekiko erresistentzia ere. Haren xedea da gaixotasun infekziosoak botika eraginkor eta seguruen bidez prebenitzen eta tratatzen jarraitu ahal izateko bermeak ezartzea.
Sendagaien erdiak baino gehiago modu desegokian agintzen, ematen edo saltzen dira, eta pazienteen erdiak ez ditu hartzen behar den moduan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez. Beraz, errezetarekin nahiz errezetarik gabe saltzen diren botikak modu desegokian erabiltzen dira, gehiegi erabiltzen direlako, gutxiegi erabiltzen direlako edo behar ez denean erabiltzen direlako.
Sendagaien erabilera desegokia dakarten arazoen artean, honako hauek aipatu ditu OMEk: polifarmazia (botika gehiegi hartzea); antibiotiko eta indizioen gehiegizko erabilera; botikak irizpide klinikoekin bat etorri gabe agintzea; eta nork bere burua modu desegokian medikatzea.
Antibiotikoen gehiegizko erabilerak areagotu egiten du antimikrobianoekiko erresistentzia eta gaixotasun infekziosoei aurre egiteko eraginkortasuna galtzen duten botiken kopurua. Kirurgia prozedura eta neoplasiaren kontrako tratamendu asko eta asko ezin egin litezke infekzioei aurre egiteko antibiotiko egokirik gabe. Erresistentziak luzatu egiten ditu gaixotasunak eta ospitaleko egonaldiak, eta sare sanitarioak kolapsatu litzake, gaur egungoaren moduko egoera kritiko batean, pandemia egoerak sistemari eragin dion saturazioa kontuan hartuta.
OMEren arabera, sendagaien erabilera desegokiaren arrazoi nagusiak dira jakintza teoriko eta praktiko nahikorik eza, diagnostikoari buruzko zalantzak, sendagaiak agintzen dituztenek ikuspegi diagnostiko optimoen behar adinako ezagutzarik ez izatea, informazio independenterik eza, hala nola pazienteen jarraipenerako irizpide klinikoak edo aukerak, eta balizko auziekiko beldurra.
“Garabidean dauden herrialdeetako lehen arretan botiken erabilera hobetzeko estrategia eraginkorrenaren oinarriak dira langile sanitarioen prestakuntza eta ikuskapena, kontsumitzaileen hezkuntza eta botika egokien hornidura, kantitate egokitan”, OMEk dioenez; nolanahi ere, orobat dio esku-hartze bakartuak egiteak eragin murritza duela.
Gaur egungo adierazleen arabera, beren burua medikatzen dutenen artean, gehienek modu kontzientean eskuratzen dute botika –jakin arren antibiotikoak erabiltzeko errezeta behar dela– eta beren kasa kontsumitzen dute, erabilera desegokia eginez.
Antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz, garestitu egiten dira kostu medikoak, luzatu ospitaleko egonaldiak eta handitu hilkortasuna. Antibiotikoen aurkako erresistentzia, gaur egun, osasun publikoaren mehatxurik nagusietako bat da. Oso garrantzitsu da guztiek, bereziki osasun adituek, elkarrekin lan egitea, mehatxu handi hori geldiarazteko.

Javier de la Fuente Dk.
Mutualiaren Infekzio Batzordearen Arduraduna

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.).
2020ko azaroaren 7tik azaroaren 13rako astea.

Bizi-kalitatea aldatzen duen larritasun handiagoko edo txikiagoko koadro batekin azaltzen da, DGTren arabera, koronabirusak eragindako infekzioa; beraz, gidatzeko gaitasunari eragin diezaioke, eta zirkulazio-istripu bat izateko arriskua areagotu dezake. Hauek dira, besteak beste, gaixotasunaren seinale fisikoak: sukarra, eztula, dastamena galtzea, muskuluen ahultasuna, zorabioak, arnas zailtasun akutuaren sindromea (SDRA), alterazio kardiobaskularrak, glukosaren metabolismoa, kontzientzia maila, eta abar. Gainera, osasun mentaleko adituek diote areagotu egin direla estresa, kontzentraziorako zailtasunak eta insomnioa. Ikus dezakegunez, bizitzako eremu guztiei eragiten diete sintoma horiek guztiek, eta, beraz, bide-segurtasunean ere eragiten dute, istripu-arriskua areagotzen baitute.
Valentziako Unibertsitateak bide-segurtasunari eta ibilgailuak gidatzeari buruz egin duen azterketa baten arabera, gidari profesionalen %38k larrialdi-egoeraren aurretik sumatzen zuena baino istripu-arrisku handiagoa sumatzen du orain. Profesionalen ia %55ek azaldu du gidatzerakoan lehen baino errazago galtzen duela arreta; %41ek dio krisiaren aurretik baino nekatuago dagoela, eta 10etik 6k, lo egiteko eta atseden hartzeko arazo gehiago dituztela alarma-egoeran gaudenetik. Azpimarratu behar da, halaber, azterketan parte hartu zuten gidarien %58k aitortu duela arau-hauste gehiago egin dituela alarma-egoera indarrean jarri zenetik, batez ere gizarte-bizitzarako beharrezkoak diren produktuak hornitzerakoan denbora aldetik izan duten presioagatik, nekeagatik eta estresagatik.
Horren aurrean, galdera garbia da: zer egin dezakegu gure egunerokoan gidatzen ari garenean? Plutarkoren Bizitza paraleloak liburuan dagoen adibideari jarraituz, COVID-19aren pandemia eta zirkulazio-istripuak (gure garaiko beste pandemia handia) alderatuko ditugu.
SEGURTASUN-TARTEA. Argia da bien arteko paralelismoa: gizarte-tartea eta segurtasun-tartea. Lehenak %90 murrizten ditu kutsatzeak, eta bigarrenak, berriz, urtean 19.000 zirkulazio-istripu saihesten ditu. Tartea edo distantzia dago guztiaren oinarrian.
HIGIENEA ETA MANTENTZE-LANAK. Higieneari eta mantentze-lanei dagokienez, funtsezkoa da eskuak eta ibilgailuaren puntu kritikoak desinfektatzea (atea irekitzeko heldulekuak, bolantea, keinukariak, abiadura-palanka, etab.). Gainera, oso gomendagarria da sarri aireztatzea, gidatzeak sortzen duen nekea murrizteko; eta, era berean, funtsezkoa da leku itxietan, COVID gaitza kutsatzea saihesteko.
BABESA: SEGURTASUN-UHALA ETA MASKARA. Musukoa edo maskara erabiltzeak %17tik %3ra bitartean murrizten du kutsatzeko arriskua, eta segurtasun-uhala erabiltzeak, berriz, %50 murrizten du istripuetan hiltzeko arriskua.
OBJEKTUAK BOTATZEAK DUEN ARRISKUA. Ibilgailuetatik objektuak botatzeko jarrera arriskutsua zabaldu zenean, jokabide hori zigortzeko arauak onartu beharra sortu zen, jarrera horrek istripuak eragin baititzake, eta, zigarro-punten eta kristalen kasuan, suteak ere sortu baititzake. Antzeko beharra sortu da orain: COVID-19ak eragindako pandemian, maskarak kalean eta bideetan botatzeko ohitura txarra zabaldu da, eta, beraz, jokabide hori errotik erauzi beharra dago, ingurumenari kalte egiten diolako eta osasunarentzat arriskutsua delako (kutsatzeko arriskua).
Ondorio gisa, Bide Segurtasuna sistema seguru deritzonera heldu da mundu mailan; oinarrian, guztiok dugun erantzukizuna da, eta, nahiz eta akats puntual batzuk egin, hainbat elementu inplementatu behar dira, teknologia, esaterako, emaitza kaltegarriak minimizatzeko. Eta aditu batzuen arabera, esperientzia hori COVID-19aren pandemiara eraman daiteke, hor ere elementuak inplementatuz, hala nola hezkuntza, erantzukizuna, hirigintza arduratsua, eta abar.
Horregatik, bete ditzagun gizarte-erantzukizuneko arauak eta espero dezagun dena azkar pasatzea.