“Osasunean inbertitutako euro bakoitzak enpresari 3 eta 4 euro arteko itzulkina dakarkio”

Aernnovak Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren Mutualia Saria jaso zuen Mutualia Sarien 8. edizioan, “Zaindu” programari esker. Andrés Páramo, Aernnovaren lan arriskuen prebentzioaren kudeatzaileak, proiektuaren gakoak hurbildu dizkigu.

 

Zer da Aernnova? Zein da bere jarduna?

Aernnova aeroegituren diseinuan eta fabrikazioan lider den enpresa da; hegoak, egonkorgailuak eta fuselajeak egiten ditu, hala metalez nola konpositez, hegazkin fabrikatzaile nagusientzat (OEMak). Gasteizen du egoitza nagusia, eta 20 instalazio eta ingeniaritza-bulego ditu 9 herrialdetan, fabrikazioko 200.000 m2 baino gehiagorekin eta guztira 4.700 langilerekin, horietatik 1.000 baino gehiago ingeniariak.

 

Prebentzioaren zer ikuspegi dauka Aernnovak?

Kalitate sisteman integratutako Prebentzioaren kudeaketa sistema bat du ezarrita Aernnovak; horrek Aernnovaren sozietateen kokapen nazional eta nazioartekoak hartzen ditu aintzat, estandar homogeneo eta exijentzia handikoak ezartzen ditu denentzat, eta, horretarako, Prebentzioko kontu-ikuskaritzako barne sistema (propio) bat garatu eta ezarri du, Aernnova estandarren betearazpen maila ebaluatzeko haren sozietate guztietan. Aernnovak lehentasuna ematen dio laneko arriskuen prebentzioari; horretarako, prebentzio sistema propioa du (erkidetua) bere sozietate guztientzat.

 

Azalduko al diguzu “Zaindu” proiektua?

Laneko arloan langileen osasunaz modu integralean arduratzeko asmoa duen programa da Zaindu. Pertsona bere osasunarekin konprometitzea bilatzen da (subjektu aktiboa), eta hainbat jarduera proposatzen dira adierazitako konpromiso horren arabera. Abiarazlea Osasunaren Behaketa zerbitzua da; tresna aldizkako azterketa medikoak dira. Arrisku adierazle batzuk definitu ziren, eta emaitza horietan oinarrituta galdetzen zaio pertsonari zer egin nahi duen bere osasuna hobetzeko, zer helburu planteatzen dituen eta, azkenik, zer konpromiso hartuko lukeen. Haren helburuen eta haren konpromisoaren arabera, jarduerak proposatzen dira: Aktibazio Fisikoa, Ohitura Osasungarriak edo Ongizate Emozionala.

 

Nola antzeman zenituzten behar horiek?

Zaindu 2007an hasitako lan baten bilakaera da; orduan, Lesio Muskulueskeletikoen (LME) arazoari bestelako modu batez egin genion aurre; une hartan horixe zen triskantza handiena Laneko Arriskuen Prebentzioan (LAP). Urte hauetan guztietan asistentzia mediko bikaina izateko lan egin dugu, pertsonek beren osasunari buruz duten pentsamoldea aldatzen saiatu gara, osasunaren aktibo nagusia norbera delako kontzientzia hartzea bultzatzen, eta, azkenik, aktibazio fisikoko talde jarduerak proposatu dira. Urte hauetan LMEak ariketa fisikoaren bidez sendatzen emaitza positiboak lortu ditugunez, aukerarik logikoena zen esku-hartzearen esparrua eta irisgarritasuna langile guztiengana zabaltzea, osasunaren kontzeptu integralago batez.

 

Nola erantzun dute langileek?

Lehen urte honetan, enplegatuen gehiengo zabal batek osasunaren aldeko jarduerak egiteko konpromisoa adierazi du.

 

Zer hobekuntza igarri dituzue ezarri zenutenetik?

Esku artean ditugun eta proiektu hau indartu duten emaitzak dira LME-ek 2007az geroztik izan dituzten murrizpenak; horiei esker, baieztatu dezakegu osasunean inbertitutako euro bakoitzak enpresari 3 eta 4 euro arteko itzulkina dakarkiola.

 

Beste enpresa batzuetan ezar daitekeela iruditzen zaizue?

Dudarik gabe, enpresa gehiagok ezarri duten programa da honakoa, eta beti da programa arrakastatsua, proiektuarekiko pasioa duen talde mediko eta tekniko batekin landuz gero.

 

 

“Emakume zientzialarien lidergoa sustatu nahi dugu”

 

Polymatek berriki eskuratu du Mutualia Sarien 8. edizioko Berdintasun Saria polimeroen alorreko emakume zientzialarientzako Emakiker Beka-ri esker. Idoia Azaldegui, Polymateko kudeatzaileak, proiektuaren nondik-norakoak azaldu dizkigu.

 

Zer da Polymat? Zein da bere jarduera?

Polymat polimeroen alorreko Nazioarteko bikaintasuneko ikerketa zentro bat da, Donostian kokatzen da. 2012an, Ikerbasquek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) sustatu zuten. 2017an Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin zuen, Fundazioaren babesle gisa.

Ikerketa zentroaren xedea XXI. mendeko gizartearen erronkei –energia, iraunkortasuna eta osasuna– erantzutea da. Hain zuzen, polimeroak garatzeko lanetan aritzen dira, erronka horiei erantzuteko xedearekin.

Polimero sintetikoak hainbeste eta hain produktu anitzetan erabiltzen dira, ezen, gaur egungo gizartean, zaila baita polimerorik erabiltzen ez den jarduera bat aurkitzea. Automobilak, hegazkinak, bihotz artifizialak, inplanteak, ukipen-leiarrak, telebistak, telefonoak, ordenagailuak, hozkailuak, bateriak, pixoihalak, kirol-jantziak… horietan guztietan polimeroak erabiltzen dira.

Industria da Euskadiko ekonomiaren muina. Lehiakortasun globalari aurre egiteko, industriak arreta are handiagoa jarriko dio balio erantsi altuko produktuak ekoizteari, esate baterako, energiaren, elektronikaren, osasunaren eta garraioaren alorretan. Horietan guztietan, polimeroek zeregin erabakigarria izango dute. Erronka horiei aurre egiteko, ezaupide berriak garatu behar izango dira, mihiztatzearen, beste material batzuekiko interakzioaren edo prozesatzeko metodo berrien gainean, baina, batez ere, konposizio kimikoaren banaketa (funtzionalitatea) eta polimeroen arkitektura oso zehatz diseinatu eta sintetizatu beharko da.

 

Nola sortu zen Emakiker beka? Zergatik erabaki zenuten beka bat ematea?

Gaur egun, hamar talde-lider ditugu; horietatik bederatzi gizonezkoak dira, eta soilik bat da emakumezkoa. Hori bat dator ikertzaileen ibilbidean gertatzen den “Guraize efektua” delakoarekin. Genero desoreka horren aurrean, zerbait egin behar genuela erabaki genuen, eta Emakiker beka sortu genuen. Esperientzia duten emakume zientzialariei soilik zuzendutako deialdia da, emakume zientzialarien lidergo femeninoa sustatzeko helburuz.

 

Azaldu iezaguzu zer den ikertzaile-ibilbidean gertatzen den “Guraize efektua”.

Zera esan nahi du: errekonozimendu akademiko eta profesionalaren eskalan zenbat eta gorago egin, emakumezko gutxiago egoten dira. Genero-arrakala areagotu egiten da, ikertzaile-ibilbidean aurrera egin ahala. Argi ikusten da Ikerbasquek 2018an, duela gutxi, argitaratu duen Zientzia Euskadin 2018 Txostenean. Azken sei ikasturte akademikoetan, euskal unibertsitateetan, emakumezko doktore berrien kopurua gizonezkoena baino handiagoa izan da. Hala ere, Euskadiko ikertzaileen kopurua handitzeak ez du genero-arrakala murrizten lagundu. BERC eta CIC-IKZen kasuan, genero-arrakala areagotu egiten da, ikertzaile-ibilbidean aurrera egin ahala. Argi ikusten da Ikerbasqueren Zientzia Txosteneko 12. irudian. BERC eta IKZetan dauden doktoregoko ikasleen kopurua oso antzekoa bada ere, gutxiago dira, doktoregoa lortu ondoren, zientzian jarraitzen duten emakumezkoak, eta galerarik handiena Senior eta lidergo postuetan gertatzen da. Horietan, apenas daude emakume zientzialariak zuzendaritza-postuetan (% 10).

 

Zer eskaintzen du Emakiker bekak?

Emakikerrek aukera ematen die polimeroetan eskarmentua duten emakume zientzialariei beraien ikerketa-proiektuen lidergoa hartzeko, beraien taldea zuzenduz. Polymatek beraien bost urtetako soldata estaltzen du, eta taldearentzako laguntza ekonomikoa eskaini. Prozesu horretan, gainera, mentore-sare bat izango du. Polymatek aurreikusita dauka 2019ko urtealdian ere deialdi hau egiteko; hartara, lidergo zientifiko femeninoa sustatzen duen ekimen honi jarraipena emango zaio.

Polymati, bestalde, denbora igaro ahala, aukera emango dio, taldeen lidergo posizioetan, gizonezkoak adina emakumezko egoteko, eta erakunde berdinzaleagoa izateko.

 

Zein da beka jasotzen dutenen profila?

Polimeroen ikerketaren alorrean esperientzia duen emakume zientzialaria.

 

Oraingoz, nork jaso du?

2018ko deialdian, bi emakume zientzialarik jaso zuten beka: Sandra Camarero eta Irune Villaluenga doktoreek. Biak Euskal Herrian jaioak dira, eta gaur egun bata AEBetan ari da lanean, eta bestea, Holandan. Oraingoan, helburu bikoitza lortu dugu: Euskadira itzuli dira bi emakume zientzialari, eta aukera eman zaie emakume zientzialariei beraien proiektua eta ikerketa-taldea zuzentzeko.

 

Ekimen hau, zalantzarik gabe, zientziaren esparruan lan egiten duten beste enpresa batzuetan ere aplika daiteke. Uste duzu balio dezakeela erakunde eta enpresek lidergo femeninoaren beharraz kontzientzia hartzeko?

Enpresa guztietan aplika daiteke neurri hau. Aurrekontuaren zati bat gorde dezakete emakumezkoei bakarrik zuzendutako deialdiak egiteko, horiek zuzendaritza-postuetan aritzeko aukera izan dezaten. Helburu nagusia hau da: enpresetan lidergo femeninoa praktikan jartzeko aukera eskaintzea.